Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2013ko uztailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3094

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 19koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko Hezibi programa 2013an finantzatzeko laguntzen deialdia argitaratzeko dena. Programa horren oinarri arautzaileak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko Aginduaren bidez ezarri ziren, eta laguntzak emateko deialdia Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2013ko ekainaren 17ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onartu da.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2013ko ekainaren 17ko bileran harturiko erabakiaren bidez, gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzeko Hezibi programa 2013an finantzatzeko laguntzen deialdia onartu du. Programa hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko Aginduaren bidez arautu zen, eta, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian ezarritakoaren arabera, erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzeko agintzea. Lanbideren Estatutuak maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartu zituen.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzea helburu duen Hezibi programa 2013an finantzatzeko laguntzen deialdia argitaratzea. Programa horren oinarri arautzaileak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko Aginduaren bidez ezarri ziren, eta laguntzak emateko deialdia Lanbideren Administrazio Kontseiluak 2013ko ekainaren 17ko bileran hartutako Erabakiaren bidez onartu da.

Bigarrena.– Jakinaraztea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Akordioak.

Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNANDEZ.

ERANSKINA
ERABAKIA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ADMINISTRAZIO KONTSEILUARENA, HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETAKO ETA ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILBURUEN 2012KO URRIAREN 3KO AGINDUAREN BIDEZ EZARRITAKO LAGUNTZEN 2013KO DEIALDIA ONARTZEKO DENA. AGINDU HORREN BIDEZ, GAZTEEK PRESTAKUNTZA LANAREKIN TXANDAKATZEA HELBURU DUEN HEZIBI PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK EZARRI ZIREN.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko Aginduak gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzea helburu duen Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezarri zituen. Agindu horren xedea txandakatzean oinarritutako eta lanbide-heziketako ikasleei eta langabezian dauden gazteei zuzendutako lanbide-heziketako eredu bat garatzea da, enpresako lan-jarduera ordainduarekin txandakatuta, profesionaltasun-ziurtagiri bat edo hasierako lanbide-heziketako titulu bat lortzearen bidez gazte horien lanbide-gaitasunak hobetzeko, era horretan, enpresen premiak eta langileek eskuratutako gaitasunak egokitzen laguntzeko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzeko eskumena du, baita diru-laguntzak emateko deialdiak onartzeko eta izapidetzeko eskumena ere, halaxe ezarrita baitago Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluan eta erakunde autonomo horren estatutuak onartzen dituen maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren 3.b) artikuluan.

2012ko urriaren 3ko Aginduaren indarraldia mugagabea da, eta beraren 13.5 artikuluan xedatutakoaren arabera, programa finantzatzeko zuzkidura ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontu-izaerako lege-mailako arauetan esleituko da. Era berean, programa honen esparruan egindako prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuetarako diru-laguntza eta Hezibi programaren barruan enpleguarekin txandakatuta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko proiektuen kostu gehigarria finantzatzera bideratutako urteko zuzkidura Lanbideren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez argitaratuko da, eta, ebazpen horretan, diru-laguntzak eskatzeko irekitako epea zehaztuko da. Aurrekontu-ekitaldian guztira emango diren laguntzen zenbatekoak ez du diru-esleipen hori gaindituko, eta, baldin eta, indarrean dauden legeen arabera, aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, ez du zenbateko hori eguneratuta sortzen den emaitza gaindituko.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2013ko ekainaren 17ko bileran gaia aztertu ondoren, honako erabaki hau hartu du:

ERABAKIA

Lehenengoa.– Gazteek prestakuntza lanarekin txandakatzea helburu duen Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuen 2012ko urriaren 3ko Aginduan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko 560.000 euro erabiliko dira, honako programa honen kontura: 3231 programa – Prestakuntza; 41. Atala – Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; diru-kopuru horretatik, 239.400 euro 2013ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 320.600 euro 2014ko konpromiso-kredituari.

Hala badagokio, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira, kopuru hori handitu egin daiteke. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri jakinaraziko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

Bigarrena.– 2013an eskabideak aurkezteko aldia honako hau izango da:

– Hezibi programaren barruan profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko heziketa-proiektuak eskatzeko epea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta 2013ko urriaren 15ean itxiko.

– Programa honen esparruan egindako kontratuei dagokien diru-laguntzaren eskaerak aurkezteko epea 2013ko urriaren 31n amaituko da, eta ezein kasutan ezin izango da gainditu hilabeteko epea, lan-harremanaren hasieratik aurrera kontatzen hasita.

Hirugarrena.– Laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar den beste aldiz, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/ 1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.

Laugarrena.– Zuzendari nagusiak erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.


Azterketa dokumentala