Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2013ko uztailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3093

AGINDUA, 2013ko maiatzaren 29koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, zeinen bidez jakinarazten baita aurrekontuan zenbateko diru-hornidura dagoen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) idatzi-zatietan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsitakoak, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kentzeko eta lanak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatuz, bai lana eskuratzeko eta lanean irauteko arloan, bai seme-alabak zaintzeko buru belarri aritzeko dituzten posibilitateen arloan. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutua betez, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako diru-laguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta gero, Enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua onartu zen. 329/2003 Dekretuaren VI. Kapituluan berriro antolatu ziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, bateragarritasun-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela-eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean, bateragarritasuna lerro estrategikotzat jo zuen (Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, emakume eta gizonen arteko etxeko ardura-banaketa sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea.

Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua onartu zen, gaur egun indarrean dagoena.

EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Planak –Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartutakoak– helburu nagusitzat du zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko familia-politika bultzatzea. Plan horren beste helburuetako bat da familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horri esker, eragotzi egingo da bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzukidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo familia horiek zeregin horretan amore ematea.

Ikuspegi horretatik, EAEko Familiei Laguntzeko III. Erakunde arteko Planak bere neurrien artean sartzen du familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko laguntza-programa mantentzea, aipatutako 177/2010 Dekretuan ezarritako moduan.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publikotasuna ematea. Hori dela-eta, 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan aurreikusten da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sailburuaren agindu bidez urtero jakinaraziko duela aurrekontuko zenbateko hornidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, hornidura horren eguneratzearen ondoriozko diru-kopurua finantzatzeko.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dira eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen. Bada, dekretu horrek, 8.1 artikuluan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari egozten dizkio familiak babesteko eginkizunak, eta, halaber, laugarren xedapen gehigarrian, ezartzen du sail hori lehengo Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren organo eta atal guztiek osatuko dutela.

Horregatik, 177/2010 Dekretuan jasotzen den Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari buruzko aipamena Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari egindako erreferentziatzat hartu behar da gaur egun, eta azken sail horretako sailburuari dagokio agindu hori ematea.

Kontuan hartuta aurreko aurrekontuak luzatu egin direla, agindu honi aplikagarri zaio maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren Testu Bategineko IX. Tituluan ezarritakoa (maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretua, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duena).

Horrenbestez, agindu hau EHAAn argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek diru-laguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) idatzi-zatietan aurreikusitako diru-laguntza lerroak betetzeko, 17.322.786,00 euro bideratuko dira, 2013an, honela banakaturik:

– 16.893.382,78 euro, seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileen laguntzetarako.

– 268.609,62 euro, mendetasun egoeran edo oso larri dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileen laguntzetarako.

– 160.793,60 euro, hiru urtetik beherako seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzeko laguntzetarako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-horniduran eguneraketarik gertatzen bada, horren berri emango da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko maiatzaren 29a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.


Azterketa dokumentala