Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2013ko apirilaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1641

EBAZPENA, 2013ko martxoaren 18koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Aldezlearen Erakundearen Funtzionamenduari buruzko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.

UPV/EHUren Estatutuetan, 74.1 artikuluan, jasota dago Aldezlea erakunde burujabe eta inpartziala dela. Aldezleak bide alternatiboak bultzatuko ditu, aurkakoak izango ez direnak, unibertsitateko jarduera guztiekin zerikusia duten arazoak eta gatazkak ebazteko.

Horretarako, eta kontuan izanda UPV/EHUko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegian araudien garapenari buruz zehaztutakoa, organo honek, 2013ko otsailaren 27ko bileran, Aldezlearen Erakundearen Funtzionamenduari buruzko Arautegia onartu zuen, eranskinean jasota dagoen moduan.

Bestalde, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 10.2 artikuluan dio antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitateak emandako arauak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla eta ez direla indarrean jarriko harik eta testuak oso-osorik argitaratu arte.

Hori guztia kontuan hartuta, honakoa

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Agindua ematea Aldezlearen Erakundearen Funtzionamenduari buruzko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.– Arautegia argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Hirugarrena.– Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta haren kontra egiteko administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Leioa, 2013ko martxoaren 18a.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

JOSÉ LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ALDEZLEAREN ERAKUNDEAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ARAUTEGIA
ZIOEN AZALPENA

Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoak, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateko Defentsorearen erakundea aipatzen du, bere hamalaugarren xedapen gehigarrian. Xedapen hori garatzen duen otsailaren 25eko Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko 3/2004 Legearen 64. artikuluaren arabera, euskal unibertsitateek Unibertsitateko Defentsorearen erakundea sortu behar dute beren egituraren barnean, burujabetasun- eta autonomia-printzipioen arabera jardungo duena, eta haren zeregina izango da «irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eskubideen eta askatasunen alde lan egitea, eta unibertsitateko organo eta zerbitzuekin izan ditzaketen gorabeherak konpontzea». Agindu hori betez, otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuz onartutako UPV/EHUko Estatutuek «Aldezlea» izeneko erakundearen eginkizuna arautzen dute, 74.-77. artikuluen bitartez.

Horren osagarri, Aldezlearen Funtzionamenduari buruzko Arautegi hau aurkezten da, Aldezlearen proposamena entzun ondoren Unibertsitateko Klaustroak onartu behar duena, UPV/EHUko Unibertsitateko Klaustroaren Funtzionamenduaren Arautegiaren 2. artikuluak ezarritakoaren arabera.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Arautegi honen xedea da Aldezlea izeneko erakundearen funtzionamendua arautzea: haren eginkizunak eta ahalmenak, lan-prozedurak, Klaustroarekin dituen harremanak, Urteko Txostena eta arautegiaren erreforma.

2. artikulua.– Izaera.

Aldezlea UPV/EHUko erakunde bat da, eginkizuntzat duena unibertsitateko kideen eskubideak eta askatasunak babestea, eta unibertsitateko organo eta zerbitzuekin izan ditzaketen arazoak eta gorabeherak konpontzea. Era berean, unibertsitate-kideen arteko auzietarako artekaritza egiteko instantzia ere bada.

3. artikulua.– Araubide juridikoa.

Aldezleak lege eta araudi hauek ezarritakoaren arabera lan egingo du: Unibertsitateen Lege Organikoa, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea, UPV/EHUko Estatutuak, Arautegi hau, Klaustroaren Funtzionamenduaren Arautegia eta aplika daitezkeen gainerako lege eta araudiak.

4. artikulua.– Jardun-printzipioak.

1.– Aldezleak erabateko autonomiaz egingo du lan, irizpide-askatasun, inpartzialtasun, konfidentzialtasun, zuhurtasun, objektibitate eta ekuanimitate-senaz.

2.– Aldezlea ez da inolako aginduzko mandaturen pean egongo, ezta unibertsitateko ezein agintariren mende arituko ere, eta erabateko autonomiaz eta burujabetzaz jardungo du, libre edozein unibertsitate-organotatik. Aldezlea ezin izango da espedientatu, ez bere iritziengatik ezta bere karguari dagozkion zereginetan eginiko ekintzengatik ere.

3.– Aldezleak konfidentzialtasuna gordeko du, bere zereginetan lorturiko datu eta informazio pertsonal edo erreserbatuetan.

4.– Ikerketak egitean, bai eta bere bulegoak eginiko izapideetan ere, aintzat hartuko ditu beti erreserba eta konfidentzialtasun-printzipioak eta datu pertsonalen babeserako legeria, klaustroari aurkeztu beharreko txostenetan aipatu beharrekoen kalterik gabe. Gainera, aldezlearen ikerketa eta zereginen berri duten pertsona, organo eta zerbitzu guztiek ere gorde beharreko konfidentzialtasunaz jokatuko dute, horien berri eman gabe.

5. artikulua.– Aldezleari laguntzeko betebeharra.

1.– Unibertsitateko gobernu, ordezkaritza eta administrazio-organoak, eta, oro har, unibertsitateko kide guztiak, behartuta daude aldezleari bere zereginetan laguntzera, atzerapen edo luzamendurik gabe. Hori horrela, ezingo diote uko egin ikerketarekin zerikusia duten espediente edo dokumentu administratiboak entregatzeari, pertsonen intimitaterako eskubidea bermatuta betiere, legeriak dokumentu sekretu eta erreserbatuei buruz dioenaren kalterik gabe, zein bere izaeraren arabera.

2.– Unibertsitateko kide guztiek laguntzeko duten betebehar hori behin baino gehiagotan betetzen ez bada, horren berri eman beharko zaio hierarkian gorago dagoen pertsonari eta errektoreari berari. Aldezlearen ikerketa-lanari jarritako trabak bere horretan jarraitzen badu, txosten berezi bat egingo da, eta horren berri eman ahal izango zaio ere Unibertsitateko Klaustroari, urtero aurkezten zaion txostenean.

6. artikulua.– Bateraezintasunak.

Aldezlea ezin izango da izan unibertsitateko gobernu-, administrazio- edo beste ordezkaritza-organoetako kide, eta ez du edukiko ordaindutako kargu publiko edo pribaturik.

7. artikulua.– Batzorde Aholkularia.

1.– Aldezleak libreki izendatu ahal izango ditu bere zereginetarako behar dituen aholkulariak, aholku-batzordea osatuko dutelarik.

2.– Aldezlearen batzorde aholkulariak, gehienera, bederatzi kide izango ditu. Batzorde horretan, irakasle eta ikertzaileen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bana ordezkari egongo da campus bakoitzeko.

3.– Aldezlearen aholku-batzordeak, hark eskaturik, bere eginkizunetarako aholkularitza, orientabide eta laguntza egiteko eskumena du. Oro harturik, honako eginkizun hauek:

a) Aholkuak eman eta proposamenak egin, aldezlearen bulegoa hobeto funtziona dadin.

b) Erakundeak gauzatu beharreko politika orokorra diseinatzen lagundu.

c) Laguntza berezia eskatuko luketen esku hartzeko eskarietan lagundu.

d) Urteroko oroitidazkia egiten lagundu.

8. artikulua.– Aldezlearen Bulegoa.

1.– Aldezleak bere Bulegoa izango du, lanerako behar dituen baliabide material eta giza baliabideekin.

2.– Gainera, Aldezlea Erakundeak diru-izendapen propio bat izango du, Unibertsitatearen aurrekontu orokorren barnean, gastu-unitate autonomo baten bidez kudeatua.

II. TITULUA
ALDEZLEAREN EGINKIZUNAK ETA AHALMENAK

9. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Aldezlearen eginkizun nagusia da unibertsitate-jardueraren maila guztietan sortzen diren arazo eta gatazkak prebenitu eta konpontzea, aurkakotasuna indargabetzea helburu duten bide alternatiboak erabilita.

2.– Bere zereginetan, unibertsitate-kalitatea bilatzen ahaleginduko da beti, alor guztietan, eta UPV/EHUren funtzionamendua hobetzen.

3.– Bere eginkizunei dagokienez, honako hauek izango dira Aldezlearen zereginak:

a) Edozein unibertsitate-organoren egitateei eta edozein unibertsitate-gairi buruz aurkeztuko kexak, erreklamazioak, kontsultak eta bitartekaritza eta adiskidetze-eskaerak jasotzea eta izapidetzea, eta egokiak iruditzen zaizkion proposamenak, iradokizunak edo aholkuak ematea aztergai dituen kasuak konpontzeko.

b) UPV/EHUko zerbitzuen funtzionamenduari buruz egiten zaizkion ohar eta iradokizunak aztertzea, hobetu egin daitezkeela iruditzen bazaio.

c) Ofizioz jardutea egoki iruditzen zaionean.

d) UPV/EHUren edozein gune edo instalaziotara hurbiltzea, datuak egiaztatzeko, elkarrizketa pertsonalak egitea eta espedienteak eta dokumentazioa aztertzea, indarrean dagoen legedia errespetatuta.

e) Bere Bulegoa zuzentzea eta ondo funtzionatzen duela segurtatzea.

f) Harremanak eta informazio-trukeak ezartzea beste unibertsitateetako defentsoreekin eta arartekoarekin, gai komunei buruz.

g) Bere jardueren Urteko Txostena aurkeztea Klaustroari, eta egokiak iruditzen zaizkion iradokizunak eta aholkuak proposatzea unibertsitatearen funtzionamendua hobetzeko.

h) Aldaketak proposatzea Arautegi honetan.

i) Legeak, UPV/EHUko Estatutuek, Arautegi honek edo aplika daitezkeen beste araudiek ezartzen dizkioten beste eginkizun guztiak betetzea.

10. artikulua.– Ahalmenak.

1.– Aldezleari dagokio:

a) Bere lanerako behar duen informazioa eskatzea unibertsitateko organoei eta, oro har, edozein kideri. Informazio hori hamabost egun balioduneko epean eman beharko zaio, ezinbesteko kasuetan izan ezik (atzerapenaren arrazoiak azalduko zaizkio kasu horietan).

b) Azalpenak eskatzea aztergai duen gaiarekin zerikusi zuzena edo zeharkakoa duten unibertsitateko organo, zerbitzu edo kideei, bere zereginerako beharrezkoa bada betiere.

c) Unibertsitate-klaustroaren, gobernu-kontseiluaren eta UPV/EHUren campuseko batzarren bileretara joatea, ahotsaz baina botorik gabe, hauetako bakoitzaren eguneko aztergaien zerrenda garaiz jasoko dituelarik. Era berean, interesgarri iritziko litzaizkiokeen gainontzeko organo bilduen saioetara ere joango ahal da ahotsaz baina botorik gabe, eguneko aztergaien zerrendaren kopia aldez aurretik igortzea eskatuta.

d) Egokiak iruditzen zaizkion txostenak egitea, aztergai dituen gaien inguruan.

e) Egoki leritzekeen aholkuak ematea, aztergai dituen gaien inguruan ebazteko nola unibertsitate-kalitatearen hobe beharrez.

f) Legeak, UPV/EHUko Estatutuek, Arautegi honek edo aplika daitezkeen beste araudiek ezartzen dizkioten beste eginkizun guztiak betetzea.

III. TITULUA
JARDUN PROZEDURAK ALDEZLEAREN AURREAN

11. artikulua.– Jardun-prozedurak.

1.– Aldezleak prozedura arruntez jardungo du unibertsitateko kideen eskubideak eta askatasunak babesteko, alderdiek eskatuta, unibertsitateko edozein pertsonak aurkeztutako kexa edo eskaeretatik abiatuta, edo interes legitimoarekin, edota ofizioz.

2.– Alderdi batek eskatuta, kontsultak, kexak, erreklamazioak eta bitartekaritza-adiskidetze prozesuak izapidetu ahal izango ditu.

3.– Ofizioz, ikerketak hasi edo jarraitu ahal izango ditu, unibertsitateko kideen eskubide eta askatasunetan eragina izan dezaketen unibertsitateko arazoak aztertzeko. Gainera, proposamenak eta iradokizunak egin ahal izango ditu unibertsitate-kalitatea hobetzeko, alor guztietan, eta bitartekaritza-prozesuak abiarazi gatazkan dauden alderdien artean.

12. artikulua.– Kontsultak.

1.– Edozein pertsonak jo ahal izango du aldezlearengana, zein diren bere eskubideak eta zein unibertsitateko organo eta zerbitzuen jardun-eremuak jakiteko, eta aldezlearen beraren lan-prozeduraz eta eginkizunez galdetzeko.

2.– Pertsona horri erantzunez, bere eskubide eta interes legitimoak defendatzeko erabil ditzakeen bideei buruzko informazioa emango dio Aldezleak.

13. artikulua.– Kexak eta erreklamazioak.

1.– UPV/EHUko organo, zerbitzu, agintari edo ordezkari akademikoen erabakiek, edo haren administrazioaren jardunak edo jardunik ezak, bere eskubide eta interes legitimoak kaltetu dituztela uste duen unibertsitateko edozein kidek kexa edo erreklamazioa aurkeztu ahal izango du Aldezlearen aurrean, eta haren esku-hartzea eskatu.

2.– Aldezleak ofizioz ere esku hartu ahal izango du, aurreko atalean aipatutakoa gertatzen ari dela pentsarazten dion kasuren baten berri iristen bazaio.

14. artikulua.– Kexak eta erreklamazioak aurkeztea.

1.– Kexak eta erreklamazioak pertsona interesdunak edo haren ordezkariak aurkeztuko ditu, honako hauek jasoko dituen idatzi arrazoitu baten bidez: erreklamaziogilearen datu pertsonalak, zein unibertsitate-sektoretakoa den, harremanetarako helbidea edo helbide elektronikoa, telefonoa, data, eguna eta sinadura. Argi azalduko dira kexa edo erreklamazioa eragin duten gertaerak, defentsa-eskaerarako argudioak, ordura arte eginiko urratsak eta Aldezleari egiten zaion eskaera zehatza, eta zehatz-mehatz adieraziko da zein den helburua: unibertsitateko organo, zerbitzu edo agintari akademikoek gai jakin baten inguruan jada hartutako erabakiren bat aldatzea, edo unibertsitateko zerbitzu eta administrazioaren balizko funtzionamendu desegoki bati buruz ohartaraztea, arazoa konpontzeko. Idatzi horri, nahi izanez gero, kasua hobeto ulertzen lagun dezakeen dokumentazioa erantsiko zaio.

2.– Edozein formatu erabili ahal izango da idatzia aurkezteko, nahitaezko edukiak jasoz gero, betiere. Bulegoak eredu arautua eta minusbaliotasunik duten pertsonei egokiturikoa jarriko du interesatuen eskura, zeinek bere kexa edo erreklamazioa egin dezan, bai online tramitatzeko nola ohiko bideetatik izapidetzeko, interesatuak bere idazki propioa ere aurkeztuko ahal duelarik.

3.– Kexak eta erreklamazioak Bulegoan bertan aurkeztu ahal izango dira, webguneko inprimakia erabilita, edo posta ziurtatu bidez, posta elektronikoz edota Unibertsitatearen Erregistro Orokorrean (aurrez aurre edo posta elektronikoz azken kasu horretan). Bulegoak telefonoz ere erantzungo du, horretarako ezarritako ordutegian. Dena dela, kasu horretan, kexa edo erreklamazioa idatziz ere aurkeztu beharko da ondoren, aipatutako edozein bide erabilita.

4.– Kasu guztietan, erreklamaziogilearen anonimotasuna eta kexaren konfidentzialtasuna babestuko dira, Arautegi honen 4.3 artikuluak ezarritakoaren arabera. Kexa edo erreklamazioaren datuak eta informazioak erabiltzean, datu pertsonalei buruzko araudiak ezarritakoa beteko da.

5.– Kexa edo erreklamazioa aurkezteak ez ditu inolaz ere etengo ez legeek erabakia edo ekintza errekurritzeko ezartzen dituzten epeak (administrazio bidez edo jurisdikzio bidez), ezta haren exekuzioa ere.

15. artikulua.– Kexak eta erreklamazioak onartzea.

1.– Kexa edo erreklamazio bat jasotzean, Aldezleak hartu izanaren agiria egin eta espediente-zenbaki bat esleituko dio.

2.– Aldezleak kexa edo erreklamazioa onartzen duen ala ez jakinaraziko du, idatziz, hamabost egun balioduneko epean, kexa jasotzen duen egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

3.– Kexa edo erreklamazioa onartzen ez bada, horren arrazoiak azalduko dituen idatzi bat bidaliko dio Aldezleak erreklamaziogileari, eta artxibatu egingo du espedientea. Gainera, bere ekinbidean jarraitzeko zer aukera dituen jakinaraziko dio.

4.– Nolanahi ere, Aldezleak uste badu kexa- edo erreklamazio-idatzian argudioak falta direla edo eskaerak ez duela behar besteko zehaztasunik, hamar eguneko epea emango dio pertsona interesdunari idatzia zuzendu edo hobetzeko. Epe horretan erantzunik ez badago, erreklamaziogileak bere asmoan atzera egin duela ulertu eta espedientea artxibatu egingo da.

5.– Aldezleak ez du kexa edo erreklamaziorik onartuko kasu hauetan:

a) Anonimoak direnean edo datuak falta direnean erreklamaziogilea behar bezala identifikatzeko.

b) Asmo zehatzik gabeko kexak direnean edo arrazoizko argudiorik ez dutenean, fede gaiztoa dagoenean, Unibertsitatearen Estatutuek jasotako helburuen aurkakoak direnean.

c) Eskaerak zerikusirik ez duenean UPV/EHUko organo edo zerbitzuen funtzionamenduarekin, edo unibertsitateko kideen ekintzekin.

d) Pertsona partikularren arteko gatazkak direnean, unibertsitate-jarduerarekin zerikusirik ez dutenak.

e) Erreklamazioak ebazpen administratibo edo judizialaren zain edo diziplinazko espediente baten pean dauden gaiei buruzkoak direnean.

f) Ebazpen judizial bidez edo diziplinazko espediente bidez jada ebatzitako gaiak direnean.

g) Unibertsitate-araudi edo -protokoloetan ezarritako urrats eta errekurtso guztiak agortu gabe daudenean. Aldezleak azken buruan soilik esku hartuko du, bide arautu guztiak amaituta inolako erantzunik izan ez denean, edo erantzuna desegokitzat hartzen denean eskubide edo interes legitimoak urratzeagatik. Salbuespen gisa, prozedura arrunta oraindik amaitu ez denean esku hartu ahal izango du Aldezleak.

h) Urtebete baino gehiago igaro denean kexa edo erreklamazioa eragin duen gertakizunetik.

i) Erreklamazioak hauteskunde-prozedurei buruzkoak direnean.

6.– Aldezleak, behin kexa edo erreklamazio baten izapidetzea hasita, honako kasu hauetan eten ahal izango du erreklamazioa, edo espedientea artxibatzea erabaki, gaiari buruzko ebazpenik eman gabe, alderdiei jakinarazita:

a) Gerora sortutako arrazoi batek kexa ez onartzera bultzatzen duenean.

b) Administrazio-espedientea irekitzen denean edo pertsona interesdunak demanda edo errekurtsoa aurkezten duenean epaitegietan.

c) Erreklamaziogileak ontzat jotzen duenean kexaren helburu den organo edo zerbitzuaren erantzuna, azken horrek hutsegitea konpontzen duenean, edo, hori ezinezkoa izanez gero, etorkizunean akats berbera ez egiteko konpromisoa hartzen duenean.

d) Erreklamaziogileak atzera egiten duenean bere kexa edo erreklamazioan. Nolanahi ere, Aldezleak ofizioz jarraitu ahal izango du kasua aztertzen, uste baldin badu jokoan dagoela interes publiko garrantzitsuren bat.

16. artikulua.– Kexak eta erreklamazioak izapidetzea.

1.– Kexa edo erreklamazioa onartu ondoren, egoerak hala eskatzen duenean, Aldezleak dagokion ikerketa abiaraziko du gertakizunak argitzeko, eta horren berri emango dio berehala kexaren jatorrian dagoen organo, zerbitzu edo pertsonari. Honek hamabost egun balioduneko epea izango du egokiak iruditzen zaizkion alegazioak egin, dokumentazioa aurkeztu eta dagozkion txostenak egiteko. Gainera, Aldezleak ikerketaren berri emango die ere kasuak uki ditzakeen pertsona guztiei. Alegazioak aurkezteko epea luzatu ahal izango da, egoerak hala eskatuz gero.

2.– Kexa edo erreklamazio bat egiaztatu edo ikertzeko, Arautegi honen 10. artikuluan aipatutako ahalmenak erabili ahal izango ditu Aldezleak.

3.– Aldezleak premiaren eta eskura dituen baliabideen arabera aztertuko ditu kexak, eta kontuan izango du aurkezpen-ordena, ahal duen neurrian. Arreta berezia eskainiko die defentsa-gabezia edo kalte konponezina eragin ditzaketen kasuei.

17. artikulua.– Kexak eta erreklamazioak ebaztea.

Ebazpenaren edukia:

1.– Aldezlearen egitekoa justizia-printzipioan oinarrituko da, ordenamendu juridikoak ahalbidetzen dituen aukeren barnean betiere, eta egiteko horren emaitza izan daitezke iradokizunak, gomendioak, oroitarazpenak, ohartarazpenak edo unibertsitate-zerbitzuak ondo aritu direlako egiaztapenak.

2.– Ikerketatik ondorioztatzen bada kexa edo erreklamazioaren jatorrian unibertsitateko organo, zerbitzu edo pertsona baten abusu, arbitrariotasun, diskriminazio, hutsegite, zabarkeria edo ez-egite bat dagoela, Aldezleak txosten bat bidaliko dio organo edo pertsona horri, eta, hala dagokionean, baita agintariei eta Errektoreari berari ere.

3.– Ebazpenetan, txosten edo gomendio modura argitaratuak, honako hauek adieraziko dira: kasuan zerikusia izan duten unibertsitateko organo edo zerbitzuak, alegatutako eta egiaztatutako gertakizunak, eta ebazpenaren oinarrian dauden irizpideak. Txosten horietan, ikuskatzeko eta zehatzeko beren ahalak erabiltzea eskatu ahal izango die Aldezleak unibertsitateko agintariei.

Ebazpenaren izaera:

4.– Aldezleak ez du ahalmen exekutiborik. Beraz, haren erabaki eta ebazpenak ez dira administrazio-egintzatzat hartzen, eta ezin daiteke haien aurka errekurtsorik ipini. Gainera, ez dira juridikoki lotesleak, eta ezin dute beren kabuz unibertsitateko organoen erabaki edo ebazpenik aldatu. Hala ere, erabaki horietan erabilitako irizpideen aldaketa eta arautegi-aldaketak ere eskatu ahal izango ditu.

Ebazpena jakinaraztea:

5.– Espedienteak hiru hilabeteko epean ebatziko dira, kexaren onarpen-datatik kontatzen hasita, gaia bereziki korapilatsua denean izan ezik (arrazoitu egingo da kasu horretan).

6.– Aldezleak kexaren ebazpenaren berri emango die erreklamaziogileari eta haren edukiarekin zerikusi zuzena duten alderdi guztiei. Kexak edo erreklamazioak kolektiboak direnean, kolektiboaren ordezkariari jakinaraziko zaio ebazpena; ordezkaririk ezean, idatzian lehen agertzen den pertsonari.

7.– Aldezleak egokiak iruditzen zaizkion gomendioak argitaratuko ditu UPV/EHUren edozein hedabide orokor edo publikotan, aintzat harturik konfidentzialtasun-bermea eta datu pertsonalen babeserako araudia.

Aldezleari erantzutea:

8.– Kasu guztietan, unibertsitateko organo, zerbitzu edo agintariek, baita unibertsitateko kideek ere, derrigorrez erantzun beharko diote idatziz Aldezlearen ebazpenari.

9.– Ebazpena jakinarazi ondorengo hilabeteko epean, unibertsitateko organo, zerbitzu, agintari edo kideek ez badute neurri egokirik hartzen, edo neurririk ez hartzeko arrazoirik ematen ez badute, horren berri emango dio Aldezleak dagokion agintariari, eta Urteko Txostenean jasoko du gertakizun hori, egoki iritziz gero.

10.– Aldezleak kasuan zeresana duten alderdiei jakinaraziko die beroriek jaso eta 15 egunen epean nola erantzun duten bere gomendio, iradokizun eta ohartarazpenen xede izan diren pertsonek.

18. artikulua.– Adiskidetzea eta bitartekaritza.

1.– Unibertsitatean sortutako gatazka batean nahasiak dauden unibertsitateko kideek Aldezlearengana jo ahal izango dute adiskidetze edo bitartekaritza eske, eta gatazkaren konponketan esku hartzeko eskatuko diote.

2.– Bitartekaritza alderdietako batek edo denek proposatu ahal izango dute, Aldezleak berak edota unibertsitateko organo edo zerbitzu batek. Edonola ere, bitartekaritzari ekiteko, ezinbestekoa izango da alderdi guztien adostasuna, eta amaierako ebazpena loteslea izango da denentzat.

3.– Bitartekaritza-eskaerak idatziz aurkeztuko zaizkio Aldezleari, eta argi eta garbi adieraziko dira: eskaeraren arrazoia eta xedea, eskatzaileen identifikazio-datuak, harremanetarako helbidea (helbide elektronikoa izan daiteke) eta eskatzaileak unibertsitateko zein sektoretakoak diren. Idatzia bitartekaritza eskatu duten pertsona guztiek izenpetuko dute, eta amaierako erabakiaren izaera loteslea onartzen dutela adieraziko dute espresuki.

4.– Bitartekaritza-eskaera jasotzean, Aldezleak hartu izanaren agiria egin eta espediente-zenbaki bat esleituko dio. Ondoren, hamabost egun balioduneko epean, harremanetan jarriko da alderdi guztiekin, kasuaz hitz egiteko, eta erantzun idatzi bat eskatuko die, bitartekaritza eta haren izaera loteslea onartzen duten adieraz dezaten.

5.– Hamabost egun balioduneko epean ez bada baiezko erantzunik jasotzen, bitartekaritza onartu ez dela ulertuko da.

6.– Behin bitartekaritza onartuta, Aldezleak idatziz jakinaraziko die alderdi guztiei zabalik dutela epea beren asmoen berri idatziz eman eta egokia iruditzen zaien dokumentazioa aurkezteko.

7.– Aldezlea kasuan zeresana duten alderdiekin bilduko da, bilera batean edo gehiagotan, banaka edo denak batera, eta gatazka konpontzeko bere proposamenak aurkeztuko dizkie.

8.– Bitartekaritza-saioetan adostutako akordioak akta batean jasoko dira, denek izenpetuko dutena. Bitartekaritza ez bada akordio batean gauzatzen, Aldezleak, alderdi guztiei entzun ondoren, justizia-printzipioari gehien hurbiltzen zaion erabakia hartuko du, legearen barnean betiere, eta erabaki hori derrigorrez bete beharrekoa izango da.

9.– Aldezleak egokia iruditzen zaion jarraipena egingo du, ebazpen edo erabakien betetze-maila egiaztatzeko.

IV. TITULUA
HARREMANAK UNIBERTSITATEKO KLAUSTROAREKIN ETA URTEKO TXOSTENA

19. artikulua.– Aldezleak Klaustroaren bileretan parte hartu ahal izango du, hitzarekin baina botorik gabe.

20. artikulua.– Aldezlearen esku-hartzea Unibertsitateko Klaustroaren eskariz.

Unibertsitateko Klaustroak, idatziz, unibertsitateko kideen eskubide eta askatasunetan eragina izan duten gertakizunei buruzko txostenak egitea eskatu ahal izango dio Aldezleari.

21. artikulua.– Aldezlearen esku-hartzea bere kabuz.

Aldezleak aparteko txosten bat aurkeztu nahi dionean Klaustroari, gertakizunek eragindako premia edo larritasunagatik, Klaustroko Mahaiarengana joko du. Klaustroko Mahaiak ez badu beharrezkotzat jotzen Klaustroaren bilera berehala egitea, Errektoreak Gobernu Kontseilurako deia egingo du, edo haren hurrengo bilkuraren aztergaien zerrendan sartuko du gaia.

22. artikulua.– Urteko Txostena aurkeztea.

1.– Klaustroaren funtzionamenduaren arautegiak ezarri moduan, aldezleak bere jardueraren urteko txostena aurkeztuko dio unibertsitateko klaustroari urteko lehendabiziko bi hiletan. Oroitidazkia jaso egingo dira eginkizunen gauzapenen sortutako arazo nagusiak. Arazook ikusita, aldezleak egoki leritzekeen hobekuntza-proposamenak egingo ditu, Klaustroak eta unibertsitateko gobernu-organoek kontuan har ditzaten.

2.– Urteko Txostenak honako hauek ere jasoko ditu: eskaera eta erreklamazioen kopuruak eta motak; onartu direnak eta atzera bota direnak; gomendio eta iradokizun nagusiak; unibertsitateko organo, zerbitzu edo kideek gomendioak bete dituzten ala ez. Gainera, atal berezi batean, organoen erantzunik izan ez duten gaiak aipatuko dira.

3.– Txostenak ez du abian jarritako prozeduran (adiskidetzea, kexak eta erreklamazioak, edo ikerketa) zeresana duten pertsonen identifikazio publikoa ahalbidetu dezakeen datu edo erreferentzia pertsonalik emango, Arautegi honen 5. artikuluan aipatzen den txosten bereziaren kalterik gabe.

4.– Klaustroan aurkeztu ondoren, argitaratu egingo da Urteko Txostena, eta unibertsitateko kide guztiek eskuratu ahal izango dute Aldezlearen webgunean.

V. TITULUA
ARAUTEGIA ALDATZEA

23. artikulua.– Arautegi hau osorik edo zati batean aldatzeko ekimena Aldezleari eta Unibertsitateko Klaustroari dagokie, eta aldaketa hori egiteko, kontuan hartuko da Klaustroaren Funtzionamenduaren Arautegiak ezarritakoa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Eskolarik gabeko egunek (Aste Santua, Gabonak eta uda), indarrean dagoen egutegi akademikoaren arabera, ez dute baliorik izango hirugarrenek egin beharreko ekintzen eraginetarako, ez eta 15.2 eta 18.4 artikuluetan ezarritako tramiteetarako eta aAdezlearen erabakietarako ere.

Bigarrena.– Aldezlea elkarlanean arituko da beste erakundeekin herritarren eskubideen defentsan, eta beharrezkoak iruditzen zaizkion hitzarmenak izenpetzeko proposatuko dio Errektoreari, erakunde guztien arteko koordinazioa errazteko.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala