Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2013ko otsailaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
671

39/2013 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari gerente lanpostua betetzeko deialdi publikoa iragartzen duena.

Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari gerente lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdi publikoa egitea erabaki du zuzendaritza nagusi honek, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 27. artikuluan eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.– Ebazpen honen bitartez, Arabako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari gerentearen lanpostua betetzeko deialdia egiten da, eta bertara honako hauek aurkez daitezke: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu sanitarioen erakundeei atxikitako langile finkoak (funtzionarioak, estatutarioak nahiz lan-kontratuko langile finkoak), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko nahiz bere erakunde autonomoetako funtzionarioak eta baldintzak betetzen dituen beste edozein. Hona hemen bete beharreko baldintzak:

1.– Unibertsitate-titulua eduki beharko dute.

2.– Administrazio- eta kudeaketa-lanetan esperientzia izan beharko dute.

Bigarrena.– Interesdunek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Erakunde Zentraleko Giza Baliabideetako Zuzendaritzara igorri beharko dituzte eskabideak, 10 egun balioduneko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Horretaz gain, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez ditzakete (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Erkideari buruzkoa).

Hirugarrena.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek, eskabidearekin batera, honako hauek adierazten dituen curriculum vitaea aurkeztu beharko dute:

– Titulu akademikoak.

– Orain arte betetako lanpostuak.

– Lanbidean eta kudeaketa sanitarioan daukaten eskarmentua.

– Ikasketak, ikastaroak, ponentziak, argitalpenak, hizkuntzak eta egoki iritzitako beste edozein merezimendu.

Eskatzen diren betekizunen eta aurkeztutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera. Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.

Laugarrena.– Deialdi hau Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez ebatziko da. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Bosgarrena.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 10a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON ETXEBERRIA CRUZ.


Azterketa dokumentala