Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2013ko otsailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
650

EBAZPENA, 2012ko abenduaren 5ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Canteras Zubiondo, S.L. merkataritza-sozietateak sustatuta, Ereño udalerriko Zubiondo harrobia ustiatzeko proiektuak duen ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, I. eranskineko B) atalean agertzen diren proiektuak ingurumen-inpaktua banaka ebaluatzeko jardunbide baten mende egongo dira, eta jardunbide horri amaiera emateko ingurumen-inpaktuari buruzko deklarazioa egin beharko da, betiere proiektu horiek egiteko, edo, hala badagokie, baimentzeko hartzen den administrazio-ebazpenaren aurretik.

Ereño udalerriko Zubiondo harrobia ustiatzeko proiektua onartzeko prozedura hasita egonik (proiektu hori Canteras Zubiondo, S.L. merkataritza-sozietateak sustatu du), bi arau aplikatu behar dira: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta, bestetik, Proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko den urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Beraz, bi arau horiek betez, proiektu horrekin zerikusia duten eta jarraian jasotzeko diren izapideak gauzatu dira, besteak beste:

● Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitea. Energia eta Meategien Zuzendaritzak eskatuta, 2010eko abenduaren 22an, Zubiondo ustiapen-emakidan ustiatu beharreko gunea zabaltzeko Zubiondo harrobiaren ustiaketa-proiektuaren ingurugiro-eragina ebaluatu ala ez erabakitzeko, kontsulten izapideari hasiera eman zion ingurumen-organoak, betiere, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoa betez. Ingurumeneko sailburuordeak 2011ko apirilaren 11n emandako Ebazpenez bukatu zen izapide hori, zeinaren bidez proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura aplikatzea erabaki baitzen.

● Ingurumen-inpaktuaren azterketaren edukia ezartzea. Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 17.3 artikuluarekin eta aipatu ebazpenarekin bat etorriz, aipatu ebazpenarekin batera proiektua helarazi zitzaion sustatzaileari, eta Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meategietarako Zuzendaritzari, ingurumen-inpaktuaren detailezko azterlanari eta hedadurari buruzko txostena.

● Jendaurreko informazioko eta entzunaldiko izapideak. Energia eta Meategien Zuzendaritzak proiektua jendaurrean jartzea erabaki zuen, eta, orobat, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana. (2011ko urriaren 18ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 198. zk.). Aldi berean, Energia eta Meategien Zuzendaritzak kontsultagai jarri zuen proiektua eta proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana, eragindako administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat.

● Espedientea bidali eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena eskatzea. 2012ko otsailaren 29an, Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari igorri zion espedientea, 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuko 12.1 artikuluan ezarritakoa betetzeko (urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, Proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginari ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko dena). 2012ko urriaren 23an, ingurumen-organoak formulatutako betekizunekin bat, espedienteari dokumentazio osagarria erantsi zitzaion.

Erreferentziako proiektuaren espedientean dauden txostenak eta dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, eta aintzat hartuta ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusten diren alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Sailburuordetzak, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena emateko eskumena duen organoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren arabera, honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Ereñoko Zubiondo harrobia ustiatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko aldeko adierazpena egitea; Canteras Zubiondo, S.L. merkataritza-sozietateak sustatu du proiektu hori.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua burutzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.

2.A.– Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko espedienteari erantsitako dokumentazioarekin bat etorriz gauzatu beharko da proiektua, eta, bereziki, ebazpen honetan finkatutako zehaztapenen arabera.

2.B.– Proiektua aldatu edo handitu nahi izanez gero, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da, bere II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat. Dekretu horren bidez onartu zen proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina.

Proiektuan egingo diren aldaketa puntualak arrazoitu egin beharko dira ingurumenaren ikuspegitik, baldin eta aurreko idatzi-zatian adierazitako garrantzirik ez badute eta jarduerak egiten diren bitartean sortzen badira. Kasu horietan, neurri babesle eta zuzentzaileetan, eta ingurumena zaintzeko programan egin beharreko aldaketak egingo dira.

2.C.– Neurri babesleak eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira, betiere, egitasmoaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, ezarritako neurrien hedadurak eta kontrola gauzatzeko jarritako langileek bermatu behar dituzte azterlanean finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere. Ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

2.c.1.– Proiektuaren eremua.

Jardueraren eraginpeko gehienezko esparrua sustatzaileak ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduran aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitako mugekin bat etorriko da. Muga horiek «Zubiondo harrobiaren ingurumen-inpaktuaren azterlanari erantsitako dokumentuak: Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak 2012ko urriaren 23an egindako galderei emandako erantzunak» dokumentuko «Proiektuaren bukaerako konfigurazioa eta ingurunea» planoan datoz.

Ustiaketa-proiektuan aipatutako eraginpeko mugetatik kanpo dauden guneak ezin izango dira inolaz ere kaltetu, ez zuloen irekierarengatik edo ez pista berrien, sarbideen, zabortegien edo erauzketako bestelako jarduera lagungarriren beharrengatik.

Muga horien erreferentzia bat finkatzeko, proiektuak gehienez izango duen eragin-eremua zedarritu beharko da, tokian bertan mugarriztatuta.

2.c.2.– Ondare naturala babesteko neurriak.

Bertako hainbat baso-espezieren araubide bereziari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Aginduan xedatutakoa, eta Bizkaiko Foru Aldundian mendiak kudeatzeko arloan eskumena duen organoak xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, interes naturalistiko handiko guneetan (Quercus rotundifolia eta Quercus ilex-dun Basoak 9349 Habitata), zehazki, ustiategiarekin muga eginik erauzketa-jarduerak zuzenean eragingo ez dieten guneetan neurriak hartu beharko dira ez beharrezko eraginak saihesteko.

Horretarako, mugaketa zehatz bat egin beharko da, eta gune horien ustiapenaren fase bakoitza balizatu, kaltetu ditzakeen edozein ekintzatatik babesteko.

2.c.3.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Uren arloan legeriak xedatutakoren aurka egin gabe, eta, halaber, ibai-arroko erakundeak, bere eskumenpeko ekintzei dagokienez, ezartzen dituen baldintzen aurka egin gabe, honako neurri babesleak eta zuzentzaileak aplikatu beharko dira:

2.c.3.3.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko espedientean dauden agirien arabera, ustiategian sortzen diren isurketa-urak drainatzeko sare bat egingo da ustiategi-zuloko isurketa-ur guztia biltzeko, harrobiaren instalazioen eremuko ura eta sarbideko ura barne. Aipatutako drainatze-sarearen azken elementua dekantazio-baltsa bat izango da, solidoen atxikitze hoberena bermatzeko eta, edonola ere, isurketa lokalizatua eta indarrean dagoen legeriaren araberako uraren parametro fisiko-kimikoak betetzen dituena bermatzeko beharrezko kalkulu hidraulikoen araberakoa.

Drainatze-sare hori eta sare horren azken elementuak ustiategiaren egituraketari egokitu behar zaizkio, proiektuaren garapen-faseetan zehar.

2.c.3.2.– Ustiategiko hondakin-urak (isurketa direnak) tratatzeko sistema guztiek irteerako kutxeta bana izango dute laginak hartzeko. Edonola, ibai-ibilgura isurtzeko baldintzak saneamendu-sistemaren erakunde kudeatzaileak erabakitzen duen moduan gauzatuko dira.

2.c.3.3.– Aurreko epigrafeetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemak aldian-aldian garbitu behar dira, tratamendu-sistemaren etekinik onena bermatzeko eta uneoro erabilera gaitasun nahikoa eduki dezaten.

2.c.3.4.– Erregaien zama-lanak, olio aldaketak eta ibilgailuak mantentzeko eta konpontzeko lanak zola iragazgaitza eta isurketak biltzeko sistema dauzkan leku batean egingo dira, nahi gabe egiten diren isurketen ondorioak arintzeko.

2.c.3.5.– Ustiategian, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa (erroilu erakoa edo gai pikortatuzkoa, etab.) izango da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.

2.c.4.– Hauts-isurketak murrizteko neurriak.

Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren bitartez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen da eta hura aplikatzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira. Bada, dekretu horren eranskinean jasotzen da jarduera, eta azaroaren 15eko 34/2011 Legean eta azaroaren 27ko 278/2007 Dekretuan ezarritako obligazioei eta baimen-erregimenari egokitu beharko zaie (abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jarduerak gauzatzen diren instalazioak arautzen dituena; eta azaroaren 15eko 34/2007 Legea, atmosfera babesteari eta airearen kalitateari buruzkoa). Aurrekoaz gain, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:

2.c.4.1.– Partikuletarako immisioko muga-balioak –urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan ezarritakoak– gainditu gabe gauzatu beharko da jarduera.

2.c.4.2.– Zulaketa-lanetan, lan-talde guztiek hauts-kaptadoreak izan beharko dituzte.

2.c.4.3.– Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko bitartekoak izango dira, hautsa ahalik eta gutxien barreiatzeko. Instalazioen eremua nahiz harrobiko sarbideak mantendu eta garbitu beharko dira, hautsa ahalik eta gutxien barreia dadin.

2.c.4.4.– Kamioiak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat izango da, dekantazio-putzuari lotua, proiektuak ingurumenean duen eraginaren ebaluaziorako sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoarekin bat datorrena.

2.c.4.5.– Materiala garraiatzeko kamioiek zama estaltzeko olanak izango dituzte, airean barreiatu ez daitezen.

2.c.4.6.– Agregakinak birrindu, sailkatu eta biltegiratzeko instalazioetan partikulen isurketa murrizteko gailuak jarri beharko dira, hauts ugari sortzen den alde guztietan. Zinta garraiatzaileak estalita egongo dira; eta birrintze- eta sailkatze-instalazioek eta zinta garraiatzaileen arteko transferentzia-puntuek ixte-egiturak izango dituzte.

2.c.4.7.– Ustiategian hautsa murrizteko instalatutako sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jardunbide egokien kodea ezarri, eta harrobiko langileei sistema nola erabili erakutsi behar zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabiliko da.

2.c.5.– Zaraten eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.

2.c.5.1.– Zarata sortzen den lekuan praktika operatibo onak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makinariaren mantentze orokorra egiterakoan.

2.c.5.2.– Leherketen proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin behar dira; hortaz, proiektuaren eragin-eremuan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu. Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu –muturreko balioa–, eraikuntzen agerieneko fatxadan.

2.c.5.3.– Sustatzaileak banan-banako informazio-sistema antolatu behar du harrobitik hurbil bizi direnentzat. Horrela, auzokoek zehatz jakingo dute zer-nolako neurriak hartu behar dituzten leherketek eragiten dituzten dardaren eta aire-uhinaren ondorioak gutxitu eta kontrolatzeko.

2.c.5.4.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makinek kanpoaldean erabilitako makinen soinu-emisioei buruzko indarreko legedian ezarritako xedapenak bete beharko dituzte eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, kanpoaldean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakoa.

2.c.5.5.– Era berean, eta 1367/2007 Errege Dekretuaren 24. artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduerak beharrezko neurriak hartuko ditu, bere eremu akustikotik kanpoko ingurumenean III. eranskineko B1 taulako muga-balioetan ezarritako zarata-maila ez gainditzeko (IV. eranskineko prozedurei jarraituz ebaluatuko da maila hori).

Jardueraren zuzeneko edo zeharkako eraginez, aipatutako arauaren 14. eta 16. artikuluetan zaratari buruz ezarritako kalitate helburuak gainditzen badira, jarduera horrek neurriak hartu beharko ditu helburu horiek ez gainditzeko.

2.c.5.6.– Azkenik, aipatutako urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, beharrezko neurriak hartuko dira, etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko bibraziorik, kalitate akustikoari buruzko helburuak gainditzea eragiten duenik, aipatutako arauaren 16. artikuluari jarraikiz, IV. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera ebaluaturik.

2.c.6.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.c.6.1.– Jarduerak iraun bitartean sortutako hondakinak Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.

Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuak agintzen duenaren arabera kudeatuko dira meategiko hondakinak.

Debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro, lehentasunez, behar bezala baimendutako balorazio-prozesu batetik igaro beharko da. Alde horretatik, honako lehentasun-hurrenkera hau ezartzen da: berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; beste balorizazio mota bat, balorizazio energetikoa barne dela. Kasu honetan soilik ezabatu ahal izango dira hondakinak: aldez aurretik behar bezala egiaztatzen bada ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikaren, ekonomiaren edota ingurumen aldetik.

2.c.6.2.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, gainera, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira.

2.c.6.3.– Jardueraren soberakinak bideratu lekizkiekeen betegarriek otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan xedatutako baldintzak bete behar dituzte.

Betelaneko materialak eta lurzorua egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen I. eranskinean daude jasota.

2.c.6.4.– Proiektua gauzatzerakoan hondakinak sortzen badira eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz (onura-instalazio berriak egitea, instalazio zaharkituak eraistea eta abar), hondakin horiek otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eraikitze- eta eraiste-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen baititu.

2.c.6.5.– Hondakin arriskutsuentzako ontzien kasuan, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (833/1988 Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); ontziak itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du, aipatutako uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen arabera.

2.c.6.6.– Erabilitako olioei dagokienez, erabilitako industria-olioen kudeaketari buruzko ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretua aplikatuko dira.

Erabilitako olioa, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan bilduko da estalitako biltegi batean; andelok azpila edo atxikipen-sistemaren bat eduki beharko dute. Zola iragazgaitzaren gainean egon beharko dute, edozein ihes edo isuriri aurre egiteko prestatuta, elementu nagusia hautsiko balitz ere.

2.c.6.7.– Araudi hau errazago betetzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak edukiko dira. Sistema horiek zeregin bakoitzaren arduradunek kudeatuko dituzte, eta horiek arduratuko dira beharginek behar bezala erabiltzeaz. Bereziki, inolaz ere ez da eragingo kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzean eta makineria mantentzeko lanak egitean, ezta hondakinik erreko ere.

Eremu jakin bat egokituko da, instalazio estaliekin, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

2.c.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeko xedapenak gorabehera, lanak egin bitartean aurkikuntza arkeologikorik egin bada, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila jakinaren gainean jarri behar da berehala, azken horrek egoki diren neurriak ezar ditzan.

2.c.8.– Ustialekuaren eraginpeko paisaia eta eremua leheneratzeko neurriak.

Erauzketa-lanek aldatutako naturguneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta leheneratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoaren kontra egin gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioko proposamenaren arabera egingo dira leheneratze-lanak. Kontuan hartuko da, orobat, «Zubiondo harrobiaren ingurumen-inpaktuaren azterlanari erantsitako dokumentuak: Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak 2012ko ekainean egindako galderei emandako erantzunak» dokumentuan aurreikusitakoa; dokumentu hori Energia eta Meategien Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzari bidali zion, 2012ko ekainaren 22an. Gainera, babesteko eta zuzentzeko neurri hauek hartuko dira:

2.c.8.1.– Landare-berritzeak, bertako espezieak sartuta, landaretza-masa trinkoak eta jarraituak ezartzeko aukera eman behar du; habitat naturalak sortu behar dira, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotu.

2.c.8.2.– Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Alde horretatik, landare-estalkia leheneratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da bereziki, espezie horiekin kutsatutako lurrak ez erabiltzeko.

2.c.8.3.– Erauzketa-lanek erasandako alde guztiak leheneratuko dira; baita leheneratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.

2.c.8.4.– Harrobia zabaltzearen ondorioz, artadia eta baso mistoa kentzeak ingurumenean duen eragina arintzeko, proiektuaren sustatzaileak konpentsazio modura proposatu du udalerriaren jabetzakoa den 28 partzelan dagoen harrobi zaharra landareztatzea, hau da, leku horretan kantauriar artea landatzea (6.400 m2).

Konpentsazio-ekintzak honelaxe planifikatuko dira: konpentsatu nahi den inpaktuari aurrea hartzeko moduan, betiere delako inpaktua ekiditeko edo ahalik eta denbora gutxienean izateko konpentsaziorik gabe.

2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Jardueraren titularrak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa. Gainera, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek ere erantsi behar zaizkio.

2.d.1.– Uren kalitate-kontrola.

Dekantazio-baltsaren irteerako uren kalitatearen kontrolerako, parametro hauek barne hartu beharko ditu ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitako programak: pH-a, konduktibitatea, solido esekiak, olioak eta koipeak eta hidrokarburoak.

2.d.2.– Airearen kalitatea kontrolatzea.

Ingurumena zaintzeko programa, airearen kutsadurari dagokionez, bat etorri beharko da Airea kutsa dezaketen jarduerak egiten diren instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren IV. kapituluan xedatutakoarekin.

2.d.3.– Zarataren kontrola.

Leherketetatik ez datorren zarataren kontrola, sustatzaileak proposatutakoa, hiru hilabeterik behin egin behar da.

Neurketak egunez egingo dira, harrobian jardun gehien dagoen momentuetan.

Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta berau garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.

2.d.4.– Kontrol arkeologikoa.

Aldizkako jarraipena egingo zaie ustiaketaren ondorioz sortzen diren azalera berriei, kareharriaren azaleramenduko aurkikuntza arkeologikoak aurreikusteko.

2.d.5.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumen-inpaktuaren azterlanean eta ebazpen honetan proposatutako betekizunak biltzeko.

Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak.

2.d.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txosten eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetza honetara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan emaitzak analizatuko dira, eta, batez ere, epe horretan izandako gertakari nagusiak, gertakari horiek izatearen arrazoiak eta irtenbideak; eta aurretik zehaztu ez diren kasuetan lagin-hartzearen xehetasunak aztertuko dira.

Kasu bakoitzean aplika daitekeen arautegia kaltetu gabe, sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen esku egongo dira.

2.E.– Neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein osabidezkoak gutxiegizkoak direla egiaztatzen denean.

2.F.– Ebazpen honetako aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, sustatzaileak honako agiri hauek igorri beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, espedientean sar daitezen:

2.f.1.– Ebazpen hau jakinarazten denetik hiru hilabeteko epean, ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina, ebazpen honen 2.d.5 idatzi-zatian ezarritakoa.

2.f.2.– Urtean behin, ingurumena zaintzeko programaren emaitza, ebazpen honen 2.d.6 idatzi-zatian ezarritakoaren arabera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen du.

4.– Proiektuen ingurumen-inpaktuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari proiektuari dagozkion lanak zein egunetan hasiko diren.

5.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abenduaren 5a.

Ingurumeneko sailburuordea,

M.ª ARANZAZU LETURIONDO ARANZAMENDI.


Azterketa dokumentala