Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2013ko otsailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
648

EBAZPENA, 2013ko otsailaren 4koa, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita iraungi egin dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Irungo Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak Irungo udal erregistroetan aurkezteko izenpetua.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4.b) artikuluan 8/2011 Errege Lege Dekretuak eragindako aldaketa egin aurretik xedatutakoaren arabera (8/2011 Errege Lege Dekretua, uztailaren 1ekoa, hipoteka-zordunak laguntzeko, gastu publikoa kontrolatzeko eta toki-erakundeek enpresekin eta autonomoekin dituzten zorrak bertan behera uzteko, enpresa-jarduera sustatzeko eta administrazioa eraberritzea indartu eta soiltzeko neurriena), hauek dira herritarrek administrazio publikoetako organoei helarazi nahi dizkieten eskaerak, idatziak eta jakinarazpenak aurkezteko tokiak, besteak beste: «Edozein administrazio-organotako erregistroa, dela estatuko administrazio orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administraziokoa, dela, honi buruzko hitzarmena izenpetuz gero, toki-administrazioko erakunderen batekoa».

Hori oinarritzat hartuta, 2004ko azaroaren 27an, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ordezkari– eta Irungo Udaleko alkate-udalburuak –Irungo Udalaren ordezkari– lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, herritarrek aukera izan zezaten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko edozein organo edo erakunderi helarazi nahi zizkieten dokumentuak Irungo Udaleko erregistroan aurkezteko; hori guztia, aipatutako 38.4.b) artikuluan xedatutakoaren arabera. Hitzarmen hori 2005eko otsailaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen (24. zenbakia).

Hitzarmeneko seigarren klausulan hitzarmenaren indarraldia ezarri da, eta azaldu egin da lau urtez egongo dela indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; eta, Administrazio sinatzaileetako batek, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmena, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko dela.

Era berean, aipatutako klausulak aurreikusten du hitzarmen horren iraungipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Irungo Udalaren iragarki taulan argitaratuko dela.

Horregatik guztiagatik, eta kontuan hartuta, batetik, Hitzarmeneko seigarren klausula; eta bestetik, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 26. artikulua –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan jasotakoari jarraituz–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko helburuz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta Irungo Udalak elkarrekin sinatutako 2004ko azaroaren 27ko Hitzarmenaren seigarren klausularekin bat etorriz (2005eko otsailaren 4ko EHAA), eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4.b artikuluari jarraituz, aurreikusitako epea amaitu delako aipaturiko hitzarmena iraungi egin dela argitaratzen da.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko otsailaren 4a.

Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendaria,

ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.


Azterketa dokumentala