Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2013ko urtarrilaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
242

ERABAKIA, 2012ko abenduaren 20koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Sailen Oinarrizko Arautegiari xedapen gehigarria eransteko dena.

Gure unibertsitateko Estatutuetako 133.3 artikuluak eskumena ematen dio Gobernu Kontseiluari zehazteko saila sortzeko beharrezko izango den irakasle eta ikertzaile kopurua, kategoria eta arduraldia, baina, edozelan ere, gutxienez 18 kide arduraldi osoa izanik lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileen taldekoak edo parekoak izan behar dira eta horietako 12, gutxien dela, doktoreak. Hori Sailen Oinarrizko Arautegiko 5.4 artikuluan ere jasota dago.

Osasun Zientzien arloetako irakaskuntza neurri handi batean osasunari lotutako lanbideetan ziharduten irakasleengan zimendatu da historikoki, bereziki aproposa delakoan irakaskuntza teorikoa eta ospitaleko praktikak uztartzea. Nahikoa da osasun arloko legeriari edo Osasun Itunen Sistemari erreparatzea horretaz jabetzeko.

Bestalde, bateraezintasun legearen salbuespen bakanetako bat da, aukera ematen baitu lanpostu publikoak aldi berean betetzeko unibertsitate irakaskuntzan eta ospitaleko lanean.

Hortik abiatuta, haien jarduna arduraldi osokotzat hartzeko lehen erreferentzia oinarritzen da 2360/1984 Errege Dekretuko (unibertsitateko sailen oinarrizko arauak) xedapen gehigarri eta iragankor batzuetan, non arduraldi osokotzat hartzen zen itunpeko ospitalean lan egiten duten Osasun Zientzietako irakasleen jarduna.

Bigarren erreferentzia edo parekatzea da arduraldi partzialak pilatzea eta gero arduraldi osoari legokiokeen denboraren kalkulua egitea.

Beraz, Osasun Zientzietako arloen ezaugarri bereziak aintzat hartuta, beharrezkoa da UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegian xedapen gehigarri bat eranstea, arlo horietako sailei baino aplikatuko ez zaiena, arautegiko 5.4 artikuluan sailak sortu eta kentzeko aipatzen den arduraldia neurtzeari dagokionez.

Zuzenketa hau Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Horregatik guztiagatik, eta ikusita Idazkari Nagusiaren proposamena, Gobernu Kontseiluk honakoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Sailen Oinarrizko Arautegiari xedapen gehigarri hau eranstea:

«Xedapen gehigarria.

Arautegi honetako 5.4 artikuluan aipatzen den arduraldiaren neurketari dagokionez, Osasun Zientzien arloetako sailak sortu, aldatu eta kentzeko, plantillako plazak betetzen dauden eta aldi berean Osakidetzako ospitaleetan diharduten profesionalak arduraldi osoko irakasle eta ikertzailetzat hartuko dira.

Ezaugarri horiek betetzen ez dituzten langileen plazak arduraldi osokotzat joko dira horri dagokion ordu kopurua betetzen dutenean. Arduraldi partzialeko plazak batuko dira eta emaitza egingo da zati arduraldi osorako eskatzen den ordu kopurua.

Errektoreari eskumena ematen zaio honetarako behar diren erabakiak edo xedapenak emateko».

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Arautegi hau indarrean sartuko da EHAAn argitaratu eta biharamunean.

Leioa, 2012ko abenduaren 20a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.


Azterketa dokumentala