Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2012ko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA SAILA
5653

272/2012 DEKRETUA, abenduaren 4koa, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko adierazpenari Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean jasotako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak erantsi zitzaizkion Dekretua bigarren aldiz aldatzeko dena.

Azaroaren 9ko 3290/1972 Dekretuaren bidez (1972ko azaroaren 28ko BOE), Bilboko Hirigune Historikoa multzo historiko-artistiko nazionala deklaratu zen, Ondare historiko-artistiko nazionala zaindu, kontserbatu eta areagotzeko 1933ko maiatzaren 13ko Legean xedatutakoari jarraituz.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16. artikuluaren babesean eta Autonomia Estatutuko 10.19. artikuluaren arabera, kultura-ondareari buruzko eskumen osoa bereganatu zuen.

Horrenbestez, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legea onartzearekin bat, bertako lehenengo xedapen gehigarriak ezarri zuen aurretik ondasun historiko-artistiko deklaratutako ondasunak aurrerantzean kultura-interesa duten ondasuntzat joko zirela.

Euskadiko Autonomia Erkidegoak bereganatutako eskumena baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen. Bertako lehenengo xedapen gehigarriak dioenez, aurreko araudiaren arabera kultura-interesa duten ondasuntzat deklaratutakoak aurrerantzean sailkatutako kultura-ondasunak izango dira.

Bilboko hirigune historikoaren adierazpena indarrean dagoen legedira egokitzeko, abenduaren 29ko 543/1995 Dekretua onartu zen eta, horren arabera, adierazpenari Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak (1996ko urtarrilaren 16ko EHAA, 11. zk.) aipatzen dituen babes-araudia eta gainerako neurriak erantsi zitzaizkion. Horren ondorioz, Bilboko Erriberako Merkatua babes bereziko elementua da.

Bilboko udalak, SURBISA-Bilboko Berregokipenerako Hirigintza Elkartea SAren bitartez, aipaturiko higiezinaren babes-maila aldatzeko bidezko espedientea hasteko eskaera bidali zuen Euskal Kultura Ondarearen Zentrora.

Auzi hau aztertu ostean eta Bilboko udalak bideratutako jarduketak ikusi eta gero, Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeak erabaki zuen, 2009ko irailaren 29an eginiko bilkuran, Erriberako Merkatuko San Antoneko absidea kentzea Bilboko hirigune historiko sailkatuaren multzotik.

Horretaz gainera, kultura-ondasunaren ikuspuntutik egindako balorazio-txostenaren ondoren, Bilboko Erriberako Merkatuko San Antoneko absideak ez duela eman zaion mailako babes-neurririk merezi ondorioztatzen da.

Alabaina, Dekretu honek ez dio eragiten eraikinaren gainerako elementuek duten babesari.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2010eko urriaren 14ko Ebazpenaren bidez, abenduaren 29ko 543/1995 Dekretua bigarren aldiz aldatzeko espedientea hasi, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen. Dekretu horren bidez, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko adierazpenari Euskal Kultura Ondarearen Legean jasotako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak erantsi zitzaizkion.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.

Hori dela-eta, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen 11.1. eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, 2012ko abenduaren 4ko bilkuran Jaurlaritzaren Kontseiluak aztertu eta onetsita, eta Kulturako sailburuaren proposamena kontuan harturik, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Abenduaren 29ko 543/1995 Dekretua bigarren aldiz aldatzeko espedientea onartzea, dekretu honen eranskinean jasotako hasierako babes-araudiaren aldeketen arabera. Dekretu horren bidez, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko adierazpenari Euskal Kultura Ondarearen Legean jasotako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak erantsi zitzaizkion.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, interesdunei, Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Lehendakaritza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinaraziko zaie.

Bigarrena.– Kultura Sailak Bilboko Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentuaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentu multzoaren mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanek dagokien Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute. Baimen hori udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarri bezala.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, interesdunek, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, dekretu hau azkeneko aldiz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abenduaren 4an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

ABENDUAREN 4KO 272/2012 DEKRETUAREN ERANSKINA
BABES-ARAUBIDEAREN V. KAPITULUAREN 1. ZERRENDAREN IDAZKERA BERRIA

– San Nicolas eliza.

– Musika kioskoa (Arenaleko pasealekua).

– Arriaga Antzokia.

– Bidebarrieta Udal Liburutegia, 4.

– Euskal Herriko Arkeologia, Etnografia eta Historia Museoaren etxadia.

– Joan Doneen eliza.

– Plaza Berriaren esparrua (sarrerak, fatxadak eta ataripeak).

– Ribera kaleko ataripeak.

– Ribera merkatua (San Antoneko absidea ezik).

– San Anton eliza.

– San Anton zubia.

– Mugikako udal eskolak.

– Santiago Apostuluaren katedrala, atrioa eta klaustroa.

– Pareteko iturria (Santiagoko plaza).

– Txakurraren iturria.

– Bilbao Banketxea (San Nicolas plaza).

– Burtsa (Pelota kalea, 10).

– Aurrezki Kutxa Munizipala (Joan Doneen plaza z/g).

– Bilboko Udala.

– Belostikale, 1.


Azterketa dokumentala