Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

244. zk., 2012ko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
5651

275/2012 DEKRETUA, abenduaren 11koa, zeinen bidez urgentziako deklaratzen baita URA-Ur Agentziak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasun hauek okupatzea: Eturako ur-emaria neurtzeko estaziorako elektrizitate-linea eraikitzea burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

URA-Ur Agentziak, Eturako ur-emaria neurtzeko estaziorako elektrizitate-linea eraikuntza espedientea formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabiltzeko beharra adierazi zuen.

2012ko irailaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamendurako zuzendariak nahitaezko desjabetze espedientea hastea eta ondasunen eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, 15 eguneko epean, udaletxeko iragarki-oholean, 2012ko urriaren 15eko Arabako Aldizkari Ofizialean (118. zk.) eta URAren bulegoan. Era berean, 2012ko azaroaren 23an, URAk Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubideak eta ondasunak okupatzeko premiazkotasunaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik agertzen dira dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen egoki zenean, eta alegazio bat aurkeztu zen, administrazio-espedientean adierazten denez.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:

Uholdeak eta sortutako kalteak saihestea eta Ullibarri Ganboko presaren funtzionamendu hoberena lortzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko abenduaren 11ko bilkuran proposamena aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26an xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, Eturako ur-emaria neurtzeko estaziorako elektrizitate-linea eraikitzea burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak URA-Ur Agentziak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.


Azterketa dokumentala