Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2012ko abenduaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
5591

AGINDUA, 2012ko azaroaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, zuzendariak hautatzeko merezimendu-lehiaketarako deialdia egiten duena. Zuzendari horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendean dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan jardungo dute, 2013ko ekainaren 30ean hutsik geratzen diren zuzendari-postuetan.

Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuaren bitartez, maiatzaren 8ko 61/2012 Dekretuak xedatutako aldaketekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoetan arduraduna izendatzeko eta kargutik kentzeko prozedura arautzen da.

Dekretu horren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak zehaztutako ikasturteetan, sailburuaren agindu bidez, merezimendu-lehiaketa deituko da, sail horren mendeko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko. Horretarako, ikastetxe horietako zuzendari-postuak hutsik geratu behar du ikasturte horretan.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendean dauden unibertsitatez kanpoko ikas­tetxe askotan, 2013ko ekainaren 30ean zuzendaritza-taldeen agintaritza amaitu egingo denez, egokitzat jotzen da ikastetxe horietarako zuzendariak hautatzeko prozesua eta ondoriozko izendapenak egitea, eta, halaber, dagokien ikastetxeetako gainerako pertsona bakarreko gobernu-organoak izendatzea. Hori guztia indarrean dagoen araudia betez.

Horiek horrela, eta eman zaizkidan eskuduntzez baliatuz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

2013ko ekainaren 30ean amaituko da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mende dauden Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hainbat ikastetxe publikotako zuzendaritza-taldeen agintaldia. Hortaz, ikastetxe publiko horietako zuzendariak aukeratzeko prozesurako dei egiten da. Deialditik kanpo geratuko dira Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak eta Erreferentzia Nazionaleko Lanbide Heziketako Ikastetxeak.

2. artikulua.– Araudi aplikagarria.

Hautatze-prozesua Agindu honetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoetan arduraduna izendatzeko eta kargutik kentzeko prozedura arautzen duen otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera egingo da. Dekretu hori maiatzaren 8ko 61/2012 Dekretuak aldatu du.

3. artikulua.– Hautaketaprozesuaren garapena.

Hautaketa-prozesua agindu honen I. eranskinean xedatutako egutegiaren eta prozeduraren arabera gauzatuko da.

4. artikulua.– Alegatutako merituak egiaztatzeko dokumentazioa.

Agindu honen II. eranskinean daude zehaztuta eskatzaileek zein agiri aurkeztu behar dituzten merituak egiaztatzeko.

5. artikulua.– Konbokatutako ikastetxeak.

Agindu honen III. eranskinean ageri diren ikastetxeetan deitzen da prozesua. Zuzendaria hautatzeko prozesua aurrera doala, ikastetxeren bat Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratu edo Erreferentzia Nazionaleko Lanbide Heziketako Ikastetxe izendatzen bada, ikastetxe horretan bertan behera geratuko da zuzendaria hautatzeko prozesu hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Hezkuntzako sailburuordeari eskumena ematen zaio agindu honetan ezarritakoa bete eta aplika dadin beharrezkoak diren jarraibideak emateko eta, behar izanez gero, agindu honen III. eranskinean jasotako ikastetxe-zerrenda aldatzeko.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala