Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2012ko azaroaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4978

EBAZPENA, 2012ko urriaren 4koa, Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordearena, aisialdirako ontziak gobernatzeko titulazioak lortzeko 2013ko azterketa arruntetarako deialdia egiteko dena.

Uretako eta urpeko kiroletako irakaskuntzako funtzio eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzearen inguruan Eskualdaketen Batzorde Mistoak 1994ko maiatzaren 31n hartu zuen erabakia onesten duen uztailaren 12ko 290/1994 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, zuzendaritza honek, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuaren 19. artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DU:

Jarraian adieraziko diren tituluak lortzeko 2013an egin beharreko teoriaren eta praktikaren azterketetarako deialdiak egitea:

Teoriaren azterketak:

1. deialdia.– 2013ko otsailaren 6tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

2. deialdia.– 2013ko maiatzaren 15etik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

e) Uretako motoko patroia.

3. deialdia.– 2013ko irailaren 16tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

4. deialdia.– 2013ko azaroaren 13tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

e) Uretako motoko patroia.

Praktikaren azterketak:

Deialdi bakarra.– 2013ko ekainaren 17tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:

a) Oinarrizko nabigazioko patroia.

b) Aisialdirako ontziko patroia.

c) Yateko patroia.

d) Yateko kapitaina.

Deialdiak honako hauen arabera egingo dira:

DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– 1.– Honelaxe egingo dira azterketak:

a) Azterketa teorikoen lehenengo eta hirugarren deialdiak Euskal Herriko Unibertsitateak Portugaleten (Bizkaian) daukan Nautika eta Itsasontzi Makinariaren Goi-eskola Teknikoan egingo dira, hortxe bakarrik.

b) Azterketa teorikoen bigarren eta laugarren deialdiak Pasaiako (Gipuzkoa) Arrantza Itsas Eskolan egingo dira, hortxe bakarrik.

Nolanahi, azterketa guztiak horretarako eratutako Epaimahaiak ebaluatuko ditu. Epaimahaia eratzeko, ebazpen honen 5. oinarriak xedatutakoa eta otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak zerbitzuko arrazoiak direla-eta eman beharreko kalte-ordainei buruz xedatutakoa hartu behar da kontuan.

2.– Azterketak indarrean dauden programei lotuko zaizkie, alor honetako arauekin bat etorriz.

3.– Titulazio bakoitzerako praktikaren azterketak bi zati izango ditu: nabigazioaren praktika eta segurtasunaren praktika.

4.– Eskabidea ebazpen honen eranskineko ereduan aurkeztu behar da.

5.– Eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

– Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia. Eskatzailea adingabea balitz (16 urteak beteta izanik betiere), guraso baten edo tutorearen baimena aurkeztu beharko du, idatziz.

– NANeko argazkiaren neurriko argazki bat (praktikaren azterketarako bakarrik).

– Euskadiko Kutxaren 3035 0010 81 0100051740 kontu-zenbakian azterketa egiteko eskubideak ordaindu izanaren jatorrizko ordainagiria. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera egingo da ordainketa, aurrekontuen araudian jasotako eguneratzea aintzat hartuz. Honako hauek dira prezioak:

(Ikus .PDF)

– Ziurtagiri medikoa (3200/2007 FOM Aginduaren 18. artikuluaren araberakoa). 2010eko urtarrilaren 11ko ebazpenak egiaztatuko du: Gaitasun psikofisikoa egiaztatzeko inprimaki ofizialean, gidabaimena luzatzeko eskatzen diren baldintzen arabera.

Aurreko paragrafoan aipatutako jatorrizko ziurtagiriaren ordez, ontziratzeko beharrezko diren azterketa medikuen fotokopia kautotua aurkezteko aukera izango da, Itsasoko Gizarte Institutuak emana, edo eskatzaile militarrak nabigatzeko gaitasuna baduela egiaztatzen duten egiaztagiri medikuak, mediku militarrek emanak.

– Azkena egindako azterketaren ziurtagiria, izangaiek beren burua aurkezten duten titulazioko programaren zati bat jada gainditu badute.

– Aisialdirako ontziko patroiaren titulua edo titulu hori eskatu izanaren gordekina, yateko patroirako azterketara aurkezteko.

– Yateko patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen gordekina, yateko kapitainerako azterketara aurkezteko.

6.– Halaber, izangaiek ondoren azaltzen diren dokumentu, material eta tresna eraman beharko dituzte azterketa teorikoetara, aurkezten diren azterketen arabera:

– Oinarrizko nabigaziorako patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta azterketa egiteko beharrezko den materiala.

– Aisialdirako ontzietarako patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-kartak erabiltzeko beharrezkoa den materiala; programatutako kalkulagailurik ez da onartuko.

– Yateko patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, eta nabigazio-kartak erabiltzeko beharrezkoa den materiala; programatutako kalkulagailurik ez da onartuko.

– Yateko kapitaina: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo pasaportea, eta zinematikari eta nabigazio ortodromikoari buruzko ariketak eta astronomiako kalkuluak egiteko beharrezkoa den materiala (2013ko almanakea barne); programatutako kalkulagailurik ez da onartuko. Halaber, ingeleseko azterketan ezingo da hiztegirik erabili.

7.– Eskabideak honako epe hauen barruan aurkeztuko dira:

Teoriaren azterketak:

– 1. deialdia, 2013ko otsailean: 2013ko urtarrilaren 7tik 14ra bitartean, biak barne.

– 2. deialdia, 2013ko maiatzean: 2013ko apirilaren 15etik 22ra bitartean, biak barne.

– 3. deialdia, 2013ko irailean: 2013ko abuztuaren 26tik 30era bitartean, biak barne.

– 4. deialdia, 2013ko azaroan: 2012ko urriaren 21etik 28ra bitartean, biak barne.

Praktikaren azterketak:

Deialdi bakarra, 2013ko ekainean: 2013ko ekainaren 17tik aurrera. Hona matrikula-eskaerak aurkezteko epea: 2013ko ekainaren 3tik 7ra bitartean.

8.– Azterketetan parte hartzeko eskabideak ondoko administrazio-bulego hauetan aurkeztu ahal izango dira:

a) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila. Eusko Jaurlaritza. Donostia kalea 1. Vitoria-Gasteiz.

b) Pasaiako Arrantza Itsas Eskola. Marinelen kalea 2. Pasai San Pedro (Gipuzkoa).

c) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza Antolamenduaren Zerbitzua. Eusko Jaurlaritza. Easo 10. Donostia.

d) Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza Egituren Zerbitzua. Eusko Jaurlaritza. Concha Jeneralaren kalea 23, 2. solairua. Bilbao.

9.– Eskabideak deialdi bakarrerako izango du balioa. Geroko deialdi batean parte hartzeko ezinbestekoa da eskabide berria aurkeztea, bigarren oinarriko 3. puntuan aipatutako dokumentazioarekin batera. Osasun-ziurtagiri hori ez zaie eskatuko titulu zaharragoa (edo aldez aurretiko azterketa-ziurtagiria) daukatela frogatzen duten pertsonei, deialdiko egunaren aurreko 2 urteen barruan eskuratu edo berriztatu badute.

10.– Azterketara aurkeztu ezean, matrikula ezin izango da hurrengo deialdi baterako aldatu, ezta azterketako eskubideak itzuli ere, tartean oso arrazoi larriak ez badira behintzat (eta horiek epaimahaiaren aurrean behar bezala frogatzen ez badira).

Bigarrena.– Azterketak baloratuko dituzten epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Arrantza eta Akuikultura zuzendariak izendatuko ditu.

Hirugarrena.– Epaimahaietako buruek zentro aztertzaile bakoitzeko iragarki oholean agerraraziko dituzte deialdi eta titulazio guztietako azterketen datak, deialdi honetan ezarritako epeetan, eta lehenengo oinarrian ezarritakoa ere betez. Era berean, behar den denborarekin, zentro bakoitzeko iragarki-oholean, titulazioetako bakoitzaren azterketa-orduak, epaimahai aztertzaileen osaera eta onartuen eta baztertuen zerrendak adieraziko dituzte.

Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ebazpen honetako bigarren oinarrian adierazitako administrazio-bulegoetako iragarki-oholean jarriko dira ikusgai lortutako kalifikazioen zerrendak.

Izangaiek egokitzat hartzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko buruari, aipaturiko zerrenda horiek jendaurrean jarri eta 5 eguneko epearen barruan. Erreklamazioak behar bezala arrazoitu beharko dira, eta epaimahaiko idazkariari bidali beharko zaizkio, NANaren fotokopiarekin batera. Datu pertsonalak, helbidea eta posta-kodea azaldu beharko dira, idatziz erantzun ahal izateko.

Azterketak 2 urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen diren unetik aurrera. Salbuespenez, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.

Epaimahaietako idazkariek, interesdunek hala eskatuz gero eta epaimahaiko buruak ontzat emanez gero, ziurtagiri indibidualak emango dituzte yateko patroi eta yateko kapitain tituluetako probak gainditu dituzten izangaientzat, azterketekin beste autonomia-erkidego batean jarraitu nahi badute.

Bosgarrena.– Deialdi honen aurka eta beraren ondoriozko egintza administratibo guztien aurka jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako modu eta kasuetan, 4/1999 Legeak emandako idazkuntzaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 4a.

Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordea,

JOKIN DÍAZ ARSUAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala