Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2012ko azaroaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
4976

EBAZPENA, 2012ko irailaren 24koa, Energia eta Meategien zuzendariarena. Honen bidez, Ezkio-Zumarraga 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) eta haren deribazioek eragindako zortasun-zerrenda zabaltzea onura publikokoa dela deklaratzen da, eta hori guztia Zumarraga eta Ezkio-Itsasoko udalerrietan. Erref.: RI 24080/AT-H-2011-101.

AURREKARIAK

Bat.– 2011ko abuztuaren 17an, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak (helbidea: Mikeletegi pasealekua 1-3, Donostia) arestian adierazitako linea onura publikokoa dela deklaratzeko eskatu zuen, haren zortasun-zerrendaren zabalkuntzak eraginpean hartutako ondasunak eta eskubideak premiaz okupatzeko; horretaz gain, zabalkuntza horren proiektua eta haren separatak erantsi zituen.

Bi.– Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2012-03-29ko EHAAn, 2012-03-14ko GAOn, eta 2012-03-08ko El Diario Vasco egunkarian, enpresak desjabetu beharrekotzat jotzen dituen eskubide eta ondasunen zerrendarekin batera.

Hiru.– 2012ko martxoaren 7an, Zumarragako eta Ezkio-Itsasoko Udalei bidali zitzaien iragarkia, udaletxeetako ediktu-oholetan jartzeko.

Lau.– 2012ko martxoaren 1ean, aurkeztutako proiektuaren separata igorri zitzaien Zumarragako eta Ezkio-Itsasoko Udalei, eskariarekin ados ote zeuden, edo, aitzitik, kontra ote zeuden adierazteko eta, hala bazegokien, bidezko baldintza teknikoak ezartzeko eskatuz; 2012ko apirilaren 30ean berriz ere igorri zen eskari hori Ezkio-Itsasoko Udalari.

Bost.– 2012ko martxoaren 1ean, Uraren Euskal Agentziari aurkeztutako proiektuaren separata bidali zen, eta eskabidearekiko adostasuna edo eragozpenak adierazteko eskatu zen, bai eta, hala egokituz gero, baldintza teknikoak ezartzeko. Eskakizun hori berriz ere egin zitzaion Uraren Euskal Agentziari, 2012ko apirilaren 30ean.

Sei.– Ez Ezkio-Itsasoko Udalak, ez eta Uraren Euskal Agentziak ez zioten erantzun proiektuarekiko adostasun edo kontrakotasuna adierazteko eskakizunari; Zumarragako Udalak, aitzitik, proiektuarekiko adostasuna adierazi zuen eta dagozkion lanak bukatutakoan itzuliko den berme bat eskatu zuen.

Zazpi.– 2012ko ekainaren 7an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresari helarazi zitzaion Zumarragako Udalak aurkezturiko baldintza. Enpresak, 2012ko ekainaren 26an, erantzun zuen Zumarragako Udalak eskatutako bermea jartzearekin ados zegoela. Berme hori Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri itzuliko zaio obrak amaitutakoan, herri-bidea ondo dagoela egiaztatu eta gero.

Zortzi.– Jendaurrean iragarkia jartzeko epearen barruan ez zen alegazio-idazkirik aurkeztu.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, Nahitaezko desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legean, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan, Goi-tentsioko linea elektrikoak zuhaiztietatik igarotzeko berariazko baldintzak ezartzen dituen Energia eta Meategien zuzendariaren 2011ko martxoaren 8ko Ebazpenean eta bat datozen gainerako legeetan agindutako erregelamendu-izapideak bete dira espedientean.

Bi.– Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan (2009-09-24ko EHAA) emandako esleipenei jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DU:

Zumarraga eta Ezkio-Itsaso udalerrietan, Ezkio-Zumarraga 13,2 kV-ko aireko linea elektrikoak (zirkuitu bakuna) eta haren deribazioek eragindako zortasun-zerrendaren zabalkuntza onura publikokoa deklaratzea. Zabalkuntza horren ezaugarri nagusiak aurkezturiko proiektuan deskribatzen dira.

Deklarazio horrek berekin ekarriko du, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan ezarritakoaren arabera, ondasunak okupatu beharra edo eraginpeko eskubideez jabetzea, horien premiazko okupazioa inplikatuta, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak xedatzen duen Premiazko Okupazioko Deklaraziorako ondorioak zehaztuta, lege horren 53. artikuluak erregistroari begira dituen ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Industria eta Energiako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 24a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JORGE juan LETAMENDIA BELZUNCE.


Azterketa dokumentala