Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2012ko azaroaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4968

EBAZPENA, 2012ko urriaren 16koa, Euskal Herriko Unibertsitateko Akademia Antolakuntzako errektoreordearena, honako hau argitaratzekoa: Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudia, 2012ko irailaren 27ko Gobernu Kontseiluan onartua.

2011ko azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituenak, lege esparru berri bat ezarri du unibertsitateko praktiken arloan. Dekretuak indarrik gabe uzten ditu 1981eko ekainaren 19ko 1497/1981 Errege Dekretua, Hezkuntza Lankidetzarako Programak arautzen zituena, eta haren geroko bertsioak, ez baitzen egokia praktika mota hauen egungo arazoei egokiro erantzuteko.

UPV/EHUk hainbat araudi eduki ditu kanpoko praktika akademikoen arlo honetan. Banan-banan arautu izan dira ikasleek unibertsitatetik kanpo eta unibertsitatearen barruan egiten dituzten praktika mota desberdinak (curriculumaren barrukoak edo kanpokoak). Zehazkiago, curriculumaren barruko praktikak arautu izan dira ikasturtero berritzen den Graduko eta lehenengo eta bigarren zikloko ikasketen gestiorako arautdiaren bidez, eta curriculumetik kanpoko praktikak, berriz, Hezkuntzarako Lankidetza Programen arautegiaren bidez.

Gaur egun beharrezkoa da praktika akademikoen gaineko araudi horiek 2011ko azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretura moldatzea. Dekretuak garatu, zehaztu eta argitzen ditu praktiken helburuak, praktiketan parte hartzen dutenen –erakunde laguntzaileen, unibertsitatearen eta ikasleen– eskubide eta betebeharrak, eta hezkuntza lankidetzarako hitzarmenen edukia.

Beraz, eguneratzeko premia hori aprobetxaturik, UPV/EHUk erabaki du testu bakar batean biltzea kanpoko praktika akademikoen arautegi guztiak, hau da, praktika mota guztienak (curriculumaren barrukoak eta kanpokoak) eta ikasketa maila guztienak (graduko, master ofizialetako eta berezko tituluetako praktikenak).

Helburu nagusia da unibertsitateko ikasleek prestakuntza osoago bat lortzea ikasten ari diren bitartean egiten dituzten praktika hauen bidez, baina, horretaz gain, lagundu nahi diegu administrazio publikoetan eta enpresa pribatuetan sartzen, eta ugaritu nahi ditugu etorkizuneko profesional hauek lana aurkitzeko posibilitateak; haien ekimena, sormena eta berritzeko gaitasuna sustatu nahi ditugu, eta bete gura dugu gure konpromisoa jakintzaren gizartean oinarritutako transformazio ekonomikoan parte hartzeko.

1393/2007 Errege Dekretuaren ondoko ikasketa berrietan, prestakuntza teorikoa ez ezik ikasleek eskuratu beharreko prestakuntza praktikoa ere jasotzen da, tartean kanpoko praktikak. Gainera, kanpokoak izate horrek aukera ematen digu lankidetza estuagoan jarduteko unibertsitatearen inguruneko enpresa eta erakundeekin.

Proposamen hau 2012-07-19ko Gobernu Kontseiluan aurkeztu zen, eta bertan irailaren 13ra bitarteko epea zabaldu zen iradokizunak egiteko. Jasotako proposamenak aztertu dira beren bultzatzaileekin; gero, Akademia Antolakuntzako eta Doktoregoko Batzordeak 2012-09-20ko bileran ontzat jo ditu eta erabaki du testuan sartzea. Beraz, testu berriak batzordearen onespena dauka.

Horregatik guztiagatik, Estatutuetako 177.1.b) artikulua betetzeko, proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztu zitzaion eta horrek, 2012 ko irailaren 27 ko bileran onartu zuen.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, eta Euskal Unibertsitate Sistemari Buruzko otsailaren 25 eko 3/2004 Legeko 10.2 artikuluak dioena betetzeko, honakoa

EBAZTEN DUT:

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudia, 2012ko irailaren 27ko Gobernu kontseiluan onartua.

Leioa, 2012ko urriaren 16a.

Errektorea.
EE (2011ko otsailaren 25eko Ebazpena, 2011-03-17ko EHAA).

Akademia Antolakuntzako Errektoreordea,

JAVIER GIL GOIKOURIA.

IKASLEEN KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOEN ARAUDIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua eta definizioak.

1.– Araudi honen helburua da ikasleen kanpoko praktika akademikoak, hala gradukoak nola master ofizial eta berezko ikasketei dagozkienak, arautzea, aplikatu beharko litzatekeen beste ezein araudiri horregatik bidea eragotzi gabe.

2.– Araudi honen ondorioei begira, honako hauek ulertuko ditugu:

a) Tutorea da erakunde laguntzaile batean kanpoko praktika akademikoak egiten ari den ikaslearen jarraipenaz eta laguntzaz arduratuko den irakaslea eta ikertzailea, eta UPV/EHUko kidea. Ikasle bakoitzari egokituko zaio bere tutorea.

b) Instruktorea da kanpoko praktika akademikoak bururatuko diren erakunde laguntzaileko kidea, formaziorako jarduerak Unibertsitatearekin bat eginik antolatzeko ardura duena.

c) Praktiken Programaren Arduraduna (PPA, aurrerantzean) da kanpoko praktika akademikoen programaren antolakuntza, koordinazio eta kudeaketaren ardura duen Ikastegiko edo Unibertsitateko egituran diharduen pertsona.

d) Erakunde laguntzailea da UPV/EHUrekin kanpoko praktika akademikoak bururatzeko akordiora iristeko gaitasuna duen enpresa edo erakundea.

Araudi honen ondorioei begira, «erakunde laguntzailea» terminoak hartuko ditu, halaber, beharrezkoa den prozedura bete eta gero, ikasleen kanpoko praktika akademikoak eskaintzeko onartuko diren UPV/EHUren antolakuntza-unitateak.

2. artikulua.– Kanpoko praktiken kontzeptua, izaera eta ezaugarriak.

1.– Ikasleek gauzatzen eta Unibertsitateak gainbegiratzen dituzten prestakuntza-jarduerak dira kanpoko praktika akademikoak, eta ikasleei prestakuntza akademikoan jaso dituzten ezagutzak garatzeko eta osatzeko bidean laguntzea da haien helburua, jarduera profesionalerako prestatzen, lan-merkatuan egokitzen eta ekimenerako gaitasuna sustatzen lagunduko dieten gaitasunez ahalik eta errazkien jabe daitezen.

2.– Unibertsitatean berean edo erakunde laguntzaileen egoitzetan, hala nola nazio edo nazioarte mailako enpresa, instituzio eta erakunde publiko eta pribatuetan, burutu ahal izango dira kanpoko praktika akademikoak.

3.– Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza izaera dela eta, haien bururatze-prozesuan inolaz ere ez da lan-harreman bati dagozkion betebeharrak ondorioztatu ahal izango, eta haren edukian inolaz ere ez da lanpostu bati dagozkion betebeharrak ordezka litzakeen egitekorik onartuko.

4.– Era berean, ikasketak bukatutakoan ikaslea erakunde laguntzaileko langile bilakatzen bada, praktiketan eginiko denbora ez da antzinatasunari begira aintzat hartu ahal izango eta langile berria ez da horregatik proba-epea igaro beharrik gabe gertatuko, baldin eta aplikatu beharreko lan-hitzarmenean ez bada horrelakorik zehazten.

3. artikulua.– Helburuak.

Honako helburu hauek lortu nahi dira kanpoko praktika akademikoen bitartez:

a) Ikasleen prestakuntza integrala bultzatu, haren ikaskuntza-prozesu teorikoa eta praktikoa osatuz.

b) Ikasleak jardun beharko duen errealitate profesionalaren araberako metodologiaren ezagutza erraztu, jasoriko ezagutzak kontrastatuz eta bideratuz.

c) Teknologia, metodologia, norbera eta besteekiko parte-hartzearen gaineko gaitasunen garapena erraztu.

d) Lan-merkatuan sartu, eta etorkizuneko laneratze aukerak erraztuko dituen esperientzia praktikoa lortu.

e) Berrikuntza-, sormen- eta ekimen-balioak sustatu.

4. artikulua.– Kanpoko praktika akademiko motak.

Curriculum barrukoak eta kanpokoak izan daitezke kanpoko praktika akademikoak.

a) Dagokien Ikasketa Planen araberako jarduera akademikoak dira curriculum barruko praktikak.

b) Curriculumetik kanpoko praktikak dira ikasleek, dagokien Ikasketa Planetik kanpo daudela jakinik, prestakuntza garaian beren nahiaz egin ahal izango dituzten praktikak, baldin eta haien helburuak curriculum barruko praktikenak eta berak badira. Hala eta guztiz ere, Tituluaren Gehigarri Europarrean hartuko dira aintzat praktika hauek. Ondorio akademikoei begira, dagozkien ikasketa-plan eta -araudietan erabaki bezala hartuko dira praktika mota hauek aintzat.

5. artikulua.– Praktiken iraupena eta ordutegiak.

1.– Honenbestekoa izango da praktiken iraupena:

a) Dagokien ikasketa planak zehaztu adina iraungo dute curriculumaren araberako kanpoko praktikek.

b) Curriculumetik kanpoko praktiken iraupenak ez du gaindituko, ahal bada, ikasturtearen % 50. Haien iraupena zehaztearren, ikaslea matrikulaturik dagoen kreditu kopurua hartuko du aintzat PPAk, eta une oro zaindu eta begiratuko du ikaslea jarduera akademikoak egoki garatzen eta jarraitzen ari dela.

2.– Ikasketen eta dagokien planaren arabera zehaztuko dira 8. artikuluak aipagai duen hitzarmenean ikasturte akademiko bakoitzean bideratuko diren praktikak hasteko eta amaitzeko egunak.

3.– Haietako bakoitzaren ezaugarrien eta erakunde laguntzailearen aukeren arabera zehaztuko dira praktiken ordutegiak. Nolanahi ere, bateragarriak izango dira ordutegi horiek ikasleak unibertsitatean garatu beharreko prestakuntza eta jarduera akademikoekin, baita haren ordezkaritza- eta partaidetza-betebeharrekin ere. Ikasketen bukaerak praktikena ere ekarriko du, ezinbestez. Ikasketak amaitu ondoren, soilik aldez aurretik baimendutako praktikak amaitu ahal izango dira, eta ez dira luzatuko sinatutako hitzarmenaren indarraldia amaitzean; horrelakoetan, ikasleak eskola-asegurua, CUM LAUDE poliza edo antzeko zerbait izan beharko du.

6. artikulua.– Praktiken Programaren arduradunaren (PPA) funtzioak.

Kanpoko praktika akademikoen programaren antolakuntzan, koordinazioan eta kudeaketan, honako funtzio hauek ditu, besteak beste:

1.– Hitzarmenen tramitazioa bultzatu, eta haien edukia hitzartuko du erakunde laguntzailearekin. Bideratu beharreko hitzarmena eta dagokion eranskina bestelakoak izanez gero, PPAk egiaztatu beharko du haren edukia araudi honetara egokitzen dela.

2.– Adostasuna adieraziko dio erakunde laguntzaileak hautaturiko instruktoreari. Adostasun horrekin batera, «venia docendi» aitortuko zaio. Araudi honen 13.3 artikuluan adierazitako prozeduraz gauzatuko da «venia docendi» delakoa.

3.– Araudi honen 19. artikuluan aintzat harturiko irizpideei jarraiki, erakunde laguntzailea eskatu duten ikasleen zerrenda prestatuko du.

4.– Erakunde laguntzailean egindako praktiken emaitzen berri jakinaraziko die Campuseko Errektoreordetzen kanpoko praktika akademikoen zuzendari arduradunei. Berezko Ikasketei dagokienez, Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzaren praktikako arduradunari emango zaio informazio hori.

7. artikulua.– Prestakuntza Proiektua.

1.– Kanpoko praktika akademiko bakoitza prestakuntza-proiektuan zehazten da, eta proiektu horretan finkatzen dira, halaber, hezkuntza-helburuak eta bideratu beharreko jarduerak. Ikasleek berenganatu behar dituzten oinarrizko gaitasunak, orokorrak nahiz bereziak, kontuan harturik zehaztuko dira helburuak. Era berean, praktikaren edukiak definituko dira eginiko ikasketetan eskuratu beharreko gaitasunekin lotura zuzena dutela ziurtatuta.

2.– Nolanahi ere, inklusioa, aukera-berdintasuna, bereizkeriarik eza eta irisgarritasun unibertsala izango dira betiere prestakuntza-proiektuaren oinarriak.

3.– Dagokion ikasketa-planean ezarritakoa abiapuntua izanik, tutorearen ardura izango da kanpoko praktika akademikoen prestakuntza-proiektua egitea. Era berean, erakunde laguntzailearen instruktoreak hala proposatuta, prestakuntza-proiektu horretan nahitaezko egokitzapenak egingo ditu, praktika normaltasunez gauzatzearren.

8. artikulua.– Hezkuntza Lankidetzarako Proiektuak.

1.– Kanpoko praktika akademikoak bideratu ahal izateko, Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmenak sinatuko ditu Unibertsitateak araudi honen 2.2 artikuluan aurreikusten diren erakunde laguntzaileekin eta bereziki sustatuko du erakunde horietarako irisgarritasuna, ikasle ezinduek ere praktikak egin ahal izan ditzaten. Xede horri begira, behar diren giza baliabide eta baliabide material eta teknologiko guztiak bideratuko ditu aukera-berdintasuna berma dadin.

2.– Hitzarmenetan zehaztuko dira ikaslearen, erakunde laguntzailearen eta Unibertsitatearen arteko harremanak arautuko dituen markoa. Araudi honen II. eta III. eranskinetan jaso dira praktika mota bakoitzerako aintzat hartu beharreko hitzarmen-ereduak.

3.– Ikasleen praktikak jasoko dituzten Unibertsitate antolakuntza-unitateen kasuan, guztiz beteko da praktiken gaineko araudi honen 21. artikuluak xedaturikoa. Dagokien eranskinetan jaso dira Unibertsitatearen eta bere antolakuntza-unitateen artean aintzat hartu beharreko hitzarmen ereduak, kontuan harturik praktikak curriculumaren araberakoak diren edo ez.

9. artikulua.– Praktiken hartzaileak eta haietan esku hartu ahal izateko betekizunak.

1.– Kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte:

a) Unibertsitatean irakasten den zeinahi ikasketatan matrikulaturiko ikasleek.

b) Espainiako edo atzerriko beste unibertsitateetako ikasleek, baldin eta, mugikortasun akademikorako programen edo unibertsitateen arteko hitzarmenen bidez, UPV/EHUn ikasten ari badira.

2.– Praktikak egin ahal izateko, honako betekizun hauek bete beharko dituzte ikasleek:

a) Ikasleek praktika bitartean jaso eta landu behar dituzten oinarrizko gaitasun orokor nahiz bereziekin loturiko unibertsitate-ikasketetan matrikulaturik egotea.

b) Curriculumaren araberako kanpoko praktiken kasuan, haiei loturiko ikasgaian matrikulaturik egotea, dagokion Ikasketa Planaren arabera.

c) Praktikak bideratuko diren enpresa, instituzio edo erakunde publiko edo pribatuarekin, edo Unibertsitatearekin berarekin, inolako kontratu-loturarik ez edukitzea, Akademia Antolakuntzako errektoreordeak zehaztuko dituen organoek horretarako baimena berariaz ematen duten kasuetan izan ezik.

d) Araudi honek, praktika mota bakoitzerako eta dagokion Ikasketa Planaren arabera, II. Kapituluan praktikak egin ahal izateko zehaztu dituen gainerako betebehar bereziak betetzea.

10. artikulua.– Praktiketan ari diren ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoetan ari diren bitartean, honako eskubide hauek izango dituzte ikasleek:

a) Praktikek irauten duten bitartean, Unibertsitateko irakasle baten edo praktika bideratzen ari den enpresa, instituzio edo erakundean jardunean ari den profesional baten tutoretzarako eskubidea.

b) Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.

c) Praktiken ondoko txostena jasotzeko eskubidea. Praktikak eskaini dituen erakunde laguntzaileak emango du, eta berariaz zehaztuko dira hartan bideraturiko jarduera, haren iraupena eta, hala behar badu, errendimendua. Txostena araudi honen IV. eranskinaren araberako ereduari jarraiki egingo da.

d) Hala zehaztu den kasuetan, erakunde laguntzaileak, ikasketetarako laguntza gisa, zehaztu duen ekarpen ekonomikoa jasotzeko eskubidea.

e) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, arloan arloko legediak arautzen dituen terminoetan, ikasleek eskubide horren zesio edo transmisiorako dokumentua sinatu duten kasuetan izan ezik.

f) Segurtasun eta lan-arriskuen prebentziorako araudiaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea, erakunde laguntzaileak eman beharko duena.

g) Bere jarduera akademikoa, prestakuntza-lana eta ordezkaritza- nahiz partaidetza-betebeharrak betetzeko eskubidea, aldez aurretik erakunde laguntzaileari jakinarazita.

h) Ikasle ezinduen kasuetan, praktikak besteen baldintza berdinetan egiteko eta tutoretza, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eskubidea. Beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira ikasle ezinduen esku, eskubide hori bermatzearren.

i) Ikasle ezinduen kasuetan, praktiken garapena ezintasunaren ondorioz eratorririko edo harekin loturiko jarduera eta egoera pertsonaletara egokitzeko eskubidea.

j) Indarrean dauden araudietan eta/edo Unibertsitateak erakunde laguntzailearekin Hezkuntza Lankidetzarako izenpeturiko Hitzarmenetan aurreikusi diren beste eskubideak.

2.– Era berean, honako betebehar hauek izango dituzte ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin bitartean:

a) Kanpoko praktiken arloan indarrean dagoen araudia, Unibertsitateak zehaztu zuena, beteko dute.

b) Praktiken gaineko Prestakuntza Proiektua ezagutu eta beteko dute, erakunde laguntzaileak izendaturiko instruktorearen oharrei jarraiki eta unibertsitateko tutorearen begiradapean.

c) Praktikak dirauten bitartean, Unibertsitateko tutorearekin harremanetan egon behar dute, eta haietan sor litekeen zeinahi gorabeheraren berri emango diote. Aurkeztu ere egingo ditu eskatuko zaizkion dokumentuak, txostenak eta amaierako memoria.

d) Hitzarturiko egunean hasiko dira lanean erakunde laguntzailean; hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia beteko dute, eta erakundearen jarduerarako, segurtasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako arauak errespetatuko dituzte.

e) Hezkuntza Proiektua garatuko dute, eta prestasunez beteko dituzte erakunde laguntzailearekin aintzat harturiko jarduerak, hitzarmenean zehazturiko lan-lerro nagusien arabera.

f) Praktiken tarteko txostena eta amaierako memoria prestatuko dituzte, araudi honen 15. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

g) Hartan egon bitartean eta egonaldiaren ondoren ere, isilpekotasunari eutsiko diote erakunde laguntzailearen barne-informazioaren inguruan, eta sekretu profesionala zainduko dute haren jardueren aurrean.

h) Errespetuzko jarrera erakutsiko dute une orotan erakunde laguntzailearen politikaren aurrean, partaide den Unibertsitatearen izen ona zainduz.

i) Indarrean dauden araudietan eta/edo Unibertsitateak erakunde laguntzailearekin Hezkuntza Lankidetzarako izenpeturiko Hitzarmenetan aurreikusi diren beste zeinahi betebehar.

3.– Aurreko atalean aurreikusi diren betebeharrak konplitu ezean, bukatu aurretik utzi ahal izango da praktika bertan behera. Horretarako, beste aldeari jakinaraziko dio UPV/EHUk edo erakunde laguntzaileak arau-hauste horren berri, eta aldeen artean izenpeturiko lankidetza-hitzarmenean aurreikusi bezala trenkatu beharko da auzia.

4.– Betebeharrak konplitzen ez badituzte edo praktika uzten badute, zigortu eta praktika berrietarako baimena esleitzerakoan lehentasunerako aukerarik gabe gertatuko dira ikasleak.

11. artikulua.– Ikasleen gainbegiratzea UPV/EHUn eta erakunde laguntzailean.

1.– Kanpoko praktikak egiteko, ikasleak Unibertsitateko tutorea eta erakunde laguntzaileko instruktorea izango ditu ondoan.

2.– Araudi honetan irakaskuntza mota bakoitzari zehaztu zaizkion xedapen berezien arabera izendatuko da Unibertsitatearen tutorea.

3.– Egiteko horri begira beharrezkoak diren informazioa eta prestakuntza emango dizkie Unibertsitateak ikasle ezinduen tutoreei.

4.– Erakunde laguntzaileak izendatuko duen instruktorea erakunde horri berari loturiko pertsona bat izango da eta, eskarmentu profesionalaz gainera, tutoretza eraginkor bideratzeko behar diren ezagutzen jabe izango da. Instruktorea eta Unibertsitatearen tutoretza-lanak beteko dituen pertsona ez dira bat eta bera izango. Instruktoreak PPAren adostasuna izan beharko du, eta «venia docendi» aitortuko zaio, araudi honen 13.3. artikuluan zehaztutako prozeduraren arabera.

12. artikulua.– Unibertsitateko tutorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Honako eskubide hauek izango ditu Unibertsitateko tutoreak:

a) Bere jarduera akademikoaren ezagutza eraginkorrerako eskubidea, Unibertsitateak, dagokion unibertsitate-araudian eta Lehenengo Xedapen Iragankorrean aurreikusirikoari jarraiki, xedatuko dituen terminoetan.

b) Kanpoko praktikak eta Prestakuntza Proiektua arautzen dituen araudia eta tutoretzapean eduki beharreko ikaslearen egonaldiaren baldintzak ezagutzeko eskubidea.

c) Erakundean sarrera izateko eskubidea, bere eginkizunak bete ahal izateko.

2.– Era berean, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Prestakuntza Proiektua gorabeherarik gabe gauza dadin zaintzea, eta praktiketako ordutegia eta ikaslearen betebehar akademikoak, prestakuntza-lana eta ordezkaritzako nahiz partaidetzako betebeharrak bateragarriak izan daitezen bermatzea.

b) Praktiken jarraipen eraginkorra bideratzea. Horretarako, erakunde laguntzailearen instruktorearekin koordinatuko da, eta aztertu egingo ditu, hala behar badu, jarraipen-txostenak.

c) Prestakuntza Proiektuan bidera litezkeen aldaketak baimentzea.

d) Tutoretzapeko ikaslearen praktiken ebaluazio-prozesua gauzatzea, Araudi honen 16. artikuluak xedaturikoaren arabera.

e) Tutore-lanaren bidez lorturiko edo ezaguturiko zeinahi informazio isilpean gordetzea.

f) Unibertsitateko PPAri sor litekeen zeinahi gorabeherari buruzko informazioa ematea.

g) Ikasle ezinduek praktikak aukera-berdintasunean, bereizkeriarik jasan gabe eta irisgarritasun unibertsala xedatzen duen printzipioaren arabera egiteko, laguntzarako behar dituzten baliabideak egoki bideratu direla begiratzea eta, hala behar bada, hala egin dadila bermatzea.

13. artikulua.– Erakunde laguntzaileko instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Honako eskubide hauek izango ditu erakundea laguntzaileko instruktoreak:

a) Bere laguntzaile jarduera aitortzeko eskubidea, artikulu honen 3. zenbakian jaso diren terminoen arabera.

b) Kanpoko praktikak eta Prestakuntza Proiektua arautzen dituen araudia eta haien garapenaren baldintzak ezagutzeko eskubidea.

c) Unibertsitatean sarrera izateko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta babesa eskuratzeko.

d) Instruktoreek euren etengabeko prestakuntzari lagun diezaioketen unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak (liburutegiak, mintegiak, eta abar) erabiltzeko eskubidea.

e) Unibertsitateak aintzat hartu ahal izango dituen beste kontsiderazio berezi guztiak.

2.– Era berean, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egin eta garatu beharreko jarduera Prestakuntza Proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, praktikaren garapena orientatzea eta kontrolatzea, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarrituriko harremanean.

c) Ikasleari erakundearen antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta intereseko araudia ezagutaraztea, segurtasun eta lan-arriskuen arlokoa batez ere.

d) Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenean zehazturiko jardueren garapena Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea, aintzat harturik aldi berean praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza-proiektuan beharrezkotzat jo litezkeen aldaketak, eta bitarte horretan gerta litezkeen gorabeherak jakinaraztea eta soluziobidean jartzea. Haren ardurapeko egitekoa izango da, halaber, azterketak egiteko baimenen kontrola.

e) Tarteko eta amaierako txostena, Araudi honen 14. artikuluak aipagai duena, prestatzea.

f) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar duten prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar dituzten bitarteko materialak ematea.

h) Ikasleei erraztasunak eta bultzada ematea, berritzaileak eta ekintzaileak izan daitezen eta hobetzeko proposamenak egin ditzaten.

i) Unibertsitateko tutoreari erakunderako sarrera zabaltzea, bere eginkizunaren araberako helburuak bete ahal izan ditzan.

j) Instruktore lanaren bidez ikasleari buruzko informazioa eskuratzen badu, informazio hori isilpean gordetzea.

k) Erakundean ari den bitartean, ikasleari beharreko laguntza ematea, eginkizun dituen jardueretan suerta litezkeen lan izaerako arazoen konponbideari begira.

l) Guztiz bermatuko du bere instalazio eta baliabideen erabilera, praktiken garapenari begira, eta berak zehaztuko du, halaber, hartu ahal izango dituen ikasleen kopurua, bere eskura dauden baliabideen eta lortu nahi diren helburuen arabera.

3.– X. eranskinak dioenari jarraiki, UPV/EHUk venia docendi aitortuko die, lankidetzarako hitzarmenean arauturikoaren ondorioei begira, erakunde laguntzaileko instruktoreei, Campuseko Errektoreordeak, Unibertsitate Ikastegiak eta Campuseko praktika akademikoen zuzendari arduradunak hala eskatuta, xede horretan eta banan-banan egingo dituen izendapenen bitartez.

14. artikulua.– Erakunde laguntzaileko instruktorearen tarteko eta amaierako txostena.

1.– Erakunde laguntzaileko instruktoreak amaierako txostena prestatu eta igorriko die Unibertsitateko tutoreari eta ikasleari. Txosten hori praktikak bukatutakoan idatziko da, eta IV. eranskineko ereduan aintzat harturiko puntuak bilduko ditu.

2.– Hitzarmenean hala finkatuz gero, praktiken erdialdea igaro ondoren, tarteko jarraipen-txosten bat egin ahal izango da.

15. artikulua.– Ikaslearen praktiken erdialdeko jarraipen-txostena eta amaierako memoria.

1.– Ikasleak amaierako memoria prestatu eta igorriko dio Unibertsitateko tutoreari. Memoria hori praktikak bukatutakoan idatziko da eta V. eranskineko ereduan aintzat harturiko puntuak bilduko dira hartara.

2.– Ikasleak praktiken jarraipen-txosten bat prestatu beharko du, praktika-epearen erdia igaro denean ahal izanez gero, tutoreak hala egiteko eskatzen badio. Prestakuntza Proiektuaren garapenaren balorazioa egingo du ikasleak txosten horretan.

16. artikulua.– Praktiken ebaluazioa eta egiaztatzea.

1.– Unibertsitateko tutoreak praktikak ebaluatuko ditu, instruktorearen txostena eta ikaslearen txostenak eta memoria oinarritzat hartuta. Horretarako, amaierako ebaluazio-txostena beteko du, VI. eranskinean aurreikusitako alderdiak bertan jasota, eta dokumentu hori erabiliko da praktikak egiaztatzeko.

2.– Tituluaren Europar Gehigarrian jasoko dira bururatu diren kanpoko praktikak, dokumentu horren gaineko araudiak zehaztu bezala.

17. artikulua.– Istripuen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguruak

1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat hitzartua du, ikasleek praktikak egitean egin litzaketen kalteak estaltzeko.

2.– Erakundeko instruktoreak praktiken jarduera programan zehaztu ez duen agindu edo jarraibideren baten ondorioz kalteak gertatzen badira, haien erantzukizuna inola ere ez da Unibertsitatearena izango, ez eta praktiketan ari den ikaslearena ere.

3.– Ikasketa ofizialetan, ikasleak 28 urte baino gehiago edukiz gero, ezinbestekoa izango da ikasle bakoitzak aseguru bat izatea, eskola-aseguruaren osagarri gisa. Aseguru osagarri hori UPV/EHUk izenpetutako «CUM LAUDE» istripu-poliza kolektiboa izan daiteke, edo beste erakunde batek eskaintzen duen beste asegururen bat, baldin eta, gutxienez, UPV/EHUren bidez eskaintzen diren kontzeptuak («CUM LAUDE») aintzat hartzen baditu. Curriculumetik kanpoko praktikei dagokienez, egokia irudituz gero, modu osagarrian kontratatu ahal izango da aseguru hori aipatutako adina bete aurretik.

4.– Berezko Ikasketetan, eskola-aseguruak ez ditu ikasleak aintzat hartzen; hortaz, Berezko Tituluaren zuzendari akademikoak polizak sinatu beharko ditu gerta daitezkeen halabeharrak aseguratzeko.

5.– UPV/EHUrekin hitzarmena duten unibertsitate atzerritarretako ikasleek gutxieneko estaldura «CUM LAUDE» polizarenaren antzekoa duen istripu-poliza bat kontratatu beharko dute, praktikak bertan bururatu behar badituzte.

18. artikulua.– Betebehar fiskalak ikasketetarako burtsan edo laguntzan.

Kanpoko praktika bururatzeagatik ikasleari ikasketetarako burtsa edo laguntza bat abonatu behar bazaio, erakundeak indarrean dagoen legeriak ezarritako zerga-obligazioak bete beharko ditu.

19. artikulua.– Kanpoko praktiken eskaintza, zabalkundea eta esleipena.

1.– Ikastegiek eta Berezko ikasketen arduradunek zehaztuko dituzte kanpoko praktika akademikoen eskaintza, zabalkundea, eskaria eta esleipena, aurrez finkaturiko irizpide objektibo batzuen arabera eta gardentasun, jendaurreko publizitate, irisgarritasun unibertsal eta aukera-berdintasunerako printzipioak inolaz ere bermatuz.

2.– Honako datu hauek edukiko ditu, ahal den neurrian, kanpoko praktika akademikoetarako eskaintzak:

a) Praktika bideratuko den erakunde laguntzailearen izena.

b) Praktikak bideratuko diren gunea, hiria eta helbidea.

c) Praktiken hasiera eta bukaera egunak, eta iraungo duten ordu kopurua.

d) Egunean eskainiko zaien ordu kopurua eta ordutegia.

e) Prestakuntza-proiektua, jarduerak eta landu beharreko gaitasunak.

3.– Lehentasuna izango dute curriculum barruko praktiketarako eskaerak curriculumetik kanpoko praktiketarakoen aldean.

4.– Praktika mota bakoitzaren esleipenari begira, irizpide objektiboak finkatuko dira ikasle hautagaiak ordenatzeko. Besteak beste, honako hauek izan daitezke: espedientearen batez bestekoa, gaindituriko kredituak, edo praktikak egiteko izena eman zen eguna, prozeduran izena aurrez emateko epea zabaldu bazen. Nolanahi ere, praktikak hautatzerakoan eta esleitzerakoan, lehentasuna izango dute ikasle ezinduek, irisgarritasun unibertsalerako neurri guztiak egiaztatzen dituzten enpresetara joateko aukera izan dezaten. Irisgarritasunerako neurri horien artekoak ditugu garraioari dagozkionak, lekualdatzeei begira, eta instalazioetan sartzeko erraztasunak.

5.– PPAk prestatuko ditu kanpoko praktika akademikoak egin nahi dituzten ikasle hautagaien zerrendak, aurreko atalean adierazi den prozedurari jarraiki.

6.– Praktiken antolakuntzan eta garapenean bereziki hartuko da kontuan ikasleek praktika horiek egiterakoan ahalegin ekonomiko txikiena egin behar izatea.

20. artikulua.– Kanpoko praktika akademikoen kalitatearen bermea.

Kanpoko praktika akademikoak ikasleak helburu duen titulazioaren kalitatea bermatzen duten sistema eta prozedurei atxikiko dira, zabalik utzirik beti ere berezko ezaugarrien arabera egin litezkeen egokitzapenetarako bidea.

21. artikulua.– Praktikak Unibertsitateko antolakuntza-unitate batean.

Araudi honen ondorioei begira, UPV/EHUren Estatutuetako 10. eta 93. artikuluetan aurreikusiriko edozein unibertsitate-egitura edo -organo izan daiteke ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzten erakunde laguntzailea, honako berezitasun hauek gogoan hartuta:

a) Kanpoko praktika akademikoetarako programak bururatzeko aukera eskaintzen duen antolakuntza-unitatea UPV/EHUren «zerbitzua» bada, guztiz kontuan hartu beharko da zerbitzu horrek A edo B taldeetako funtzionarioak, edo administrazioko I. edo II. taldeetako langileak dituela eta aukeraturiko instruktoreak talde horietako lanposturen batean ari behar duela eta horretarako proposamena espresuki onartu beharra daukala.

b) Dagokion Campuseko Errektoreordetzak onartu behar du Antolakuntza Unitatearen Arduradunak kanpoko praktika akademikoetarako programan parte hartzeko bultzaturiko ekimena, praktika Campus bakar batean garatu behar bada. Hala ez bada, Akademia Antolakuntzako errektoreordeak onartu beharko du, VII. eranskineko ereduari jarraiki.

c) Izenpetu beharreko dokumentuak VIII. eta IX. eranskin gisa ageri dira curriculumaren barruko eta curriculumetik kanpoko praktikei begira, dagozkien egokitzapenekin batera, eta Antolakuntza Unitatearen arduradunak sinatuko ditu, beharrezko diren beste sinadurekin batera.

d) Hala behar badu, VII. eranskinean zehaztuko da praktikaren ordainetan ikasleei ikasketetarako emango zaien burtsa edo laguntza. Ordainketa bakar batean egingo da haren abonua, edo bitan, praktika luzatuko den epea sei hilabetetik gorakoa bada.

e) Ekimena bideratuko duen antolakuntza-unitateak kreditu aski eduki beharko du bere aurrekontuan, ikasketetarako burtsa eta laguntzak eta unitateko praktika akademikoei begira onartu den programan ariko den ikasle bakoitzak kontratatu beharko duen cum laude aseguru-polizaren kuota abonatu ahal izateko.

22. artikulua.– Koordinazioa eta jarduerarako lerroen garapena.

1.– Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzak eta hiru Campusetako Errektoreordetzek zehaztuko dituzte gradu eta master praktiketarako jarduera-lerro nagusiak.

2.– Campuseko Errektoreordetzaren ardura izango da dagokion Campuseko jarduera-lerroak garatzea.

3.– Campus bakoitzeko kanpoko praktika akademikoen zuzendari arduradunak zehaztuko du PPA guztiengandik, ikasleek Ikastegian egingo dituzten praktiken emaitzari buruz, jaso behar duten informazioaren nolakotasuna, metodoa, maiztasuna eta mota. Informazio horren erabilera mugatua izango da betiere eta UPV/EHUren memorian islatuko diren datu globalak baizik ezin erabiliko dira publikoki edo jendaurrean.

4.– Berezko Tituluen kasuan, Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzaren praktiken zuzendari ardunari informatuko zaio.

23. artikulua.– Aholkularitza-batzordea.

1.– Araudi honen aplikazioan gerta litezkeen arazo teknikoak ebaztearren, Aholkularitza Batzorde bat sortuko da, honako kide hauek osatua: Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzako zuzendaria, praktiken arduraduna den aldetik izendatua, eta Campusetako Errektoreordetzetan kanpoko praktika akademikoen ardura duten zuzendariak. Batzorde horren burua Akademia Antolakuntzako eskumena duen errektoreordea izango da, eta Errektoreordetza horren zuzendaria, berriz, idazkaria.

2.– Batzorde hori urtean behin bilduko da ohiko deialdian, eta behar bezainbeste bilkura berezi egin ahal izango ditu.

3.– Aholkularitza Batzordeak diseinatu eta eguneratuko ditu araudi honetan aintzat hartu diren Eranskinak.

II. KAPITULUA
XEDAPEN BEREZIAK IRAKASKUNTZA MOTAREN ARABERA
I. SEKZIOA
GRADUKO CURRICULUMEKO KANPO-PRAKTIKA AKADEMIKOAK

24. artikulua.– Definizioa.

1.– Graduko ikasketen curriculumetik kanpoko praktika akademikoak unibertsitateko ikastegietan edo unibertsitateari hitzarmen edo itunen bitartez loturiko zentroetan egiten dira, ikasleak jarduera profesionalaren errealitatearekin erlaziona daitezen. Derrigorrezko ikasgaiekin lotzen direnez, derrigorrez bete behar dira dagozkion titulua lortu ahal izateko eta, beraz, Unibertsitateak bermatu behar du ikasle guztiek egin ahal izatea.

Praktika hauek Ikasketa Planaren barruan sartzen dira eta Graduko eta Lehen eta Bigarren Zikloetako Irakaskuntzen Kudeaketarako Araudiak xedaturikoaren arabera arautuko dira, araudi honetan aurreikusitakoa oztopatu gabe.

25. artikulua.– Antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa.

1.– Dekanotzak eta Ikastegietako Zuzendaritzak dira curriculumeko kanpoko praktiken antolakuntza, koordinazio eta kudeaketaren arduradunak, eta praktikei dagozkien sailaren laguntza jasoko dute egiteko horretan. Edonola ere, kontsulta egingo zaie sailei beti.

2.– Dekanoak edo zuzendariak hala eskatuta, jarduera hauek eta ukituriko sailekin lan egiteko era arautuko dituzten arau orokorrak onartuko dituzte Ikastegiko Batzarrek.

3.– Ukituriko Ikastegiek Praktiken Programaren arduraduna aukeratuko dute, beren barne-prozeduraren arabera. Dekanoak edo zuzendariak eskuordetuta, pertsona honen ardurapean egongo dira ikastegiko curriculumeko praktiken antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa. Hala behar izanez gero, Ikastegiko Praktiken Batzordearen edo, horrelakorik ezean, horietaz arduratzen den Batzordearen laguntza ere jaso ahal izango du.

26. artikulua.– Tutoreak izendatzea.

Tutorea Unibertsitateko irakaslea izango da, ahal neurrian ikaslea matrikulaturik dagoen unibertsitate-ikastegikoa, praktikarekin loturiko irakaskuntzan ari dena eta Ikastegiak zehaztuko duen prozeduraren arabera izendatutakoa.

27. artikulua.– Hitzarmenen tramitazioa eta izenpetzea.

1.– Jarduerak unibertsitatetik kanpo garatu behar direnean, dagozkien hitzarmenak tramitatu eta izenpetuko dituzte Ikastegiek. Haietan jasoko dira betebeharrak eta eskubideak, hala erakunde laguntzailearenak nola Ikastegiarenak berarenak. Hitzarmen horiek harrera egingo diete, gutxienez, araudi honen II. eranskinean zehazten den Hitzarmeneko klausulei.

2.– Praktikak Espainiako Estatutik kanpoko enpresa edo erakundeetan garatu behar direnean, Nazioarteko Hedakuntzako Errektoreordetzari jakinaraziko zaio. Ondoko atalean adierazten denaren arabera izenpetu ondoren, hitzarmenaren kopia bat igorriko zaio Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzari eta beste bat Idazkaritza Nagusiari.

3.– PPA hitzarmenak tramitatzen hasi, eta haien edukia adostuko du erakunde laguntzailearekin. Bideratu beharreko hitzarmena eta dagokion eranskina bestelakoak izanez gero, PPAk berariazko erabaki batez egiaztatuko du haren edukia araudi honetara egokitzen dela.

4.– Hitzarmenak dekanoek eta zuzendariek sinatuko dituzte Ikastegi bateko ikasleei eragiten badiete. Campus bereko hainbat ikastegiri eraginez gero, Campuseko errektoreordeak sinatu beharko ditu, edo errektoreordeak eta ikastegietako dekano eta zuzendari guztiek. Hitzarmenak aintzat hartzen baditu Campus bat baino gehiago, Akademia Antolakuntzako Errektoreordetzari dagokio tramitazioa, ukituriko Ikastegiek hala eskatuta, eta errektoreordeak, errektorearen ordez, eta ukituriko Ikastegietako dekanoek edo zuzendariek sinatuko dute.

28. artikulua.– Irakaslana banatzea.

Ukituriko sailetako zuzendariek dekanoei eta zuzendariei, edo hauek izendatzen dituztenei, proposatuko diete, Ikastegi bakoitzak onartuko duen prozedurari jarraiki, praktika-orduak sailetako irakasleen artean nola banatu, matrikulatu diren ikasleen kopuruaren arabera.

II. SEKZIOA
GRADUKO KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK CURRICULUMETIK KANPO

29. artikulua.– Praktiketarako aukera.

Curriculumetik kanpoko praktikak egin ahal izateko, ikasleak bere tituluaren 120 kreditu eduki beharko ditu gaindituta.

30. artikulua.– Antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa.

Praktika hauen antolakuntza, koordinazio eta kudeaketarako 25. artikuluak xedaturiko guztia aplikatuko da.

31. artikulua.– Tutoreak izendatzea.

1.– Ikastegi bakoitzak zehatuko du curriculumetik kanpoko praktika akademikoen programetan parte hartzen duten ikasleei tutorea esleitzeko prozedura. Programarako eskola-orduak banatuta dituzten Sailetara atxikitako irakasleen artean aukeratuko dira tutoreak.

2.– Ikastegiko idazkariak tutore bakoitzak ikasturtean tutoretzapean izandako praktikak egiaztatuko ditu, meritu edo aitortza gisa balioa izan dezaten.

32. artikulua.– Hitzarmenen tramitazioa eta izenpetzea

1.– PPA hitzarmenak tramitatzen hasi, eta haien edukia adostuko du erakunde laguntzailearekin. Bideratu beharreko hitzarmena eta III. eranskinaren eredua bestelakoak izanez gero, PPAk berariazko erabaki batez egiaztatuko du haren edukia araudi honetara egokitzen dela.

2.– Erakunde laguntzailearen ordezkari eskudunak, horretarako ahalmena duen zuzendaritza- edo dekanotza-taldeko pertsona batek eta praktika egingo duen ikasleak hitzarmena sinatuko dute, horrekin ados daudela adierazita.

33. artikulua.– ECTS kredituak ikasleei aitortzea.

Araudi honen 4.b) artikuluak aurreikusi duenari jarraiki, ikasleak UPV/EHUn ikasten ari diren titulazioaren Ikasketa Planean hala aurreikusi duenean, hautazko kredituak onartu ahal izango zaizkie curriculumetik kanpo egindako praktiken ordainetan.

Nolanahi ere, Araudiak Graduko ikasketetako kredituen aitortze eta transferentziaren gainean xedaturikoari jarraiki arautuko da praktika hauen maila horretako onarpena.

Curriculumetik kanpoko praktika akademikoen kredituak aitortzekotan, ECTS kreditu bat emango da 25 praktika-orduren truke.

1393/2007 Errege Dekretuaren aurreko antolamenduaren arabera araututako irakaskuntzei dagokienez, horiek erabat agortu arte, curriculumetik kanpoko praktikak egitearen truke eskura daitezkeen aukera askeko kredituak amortizatuko dira, dagokion ikasturtean indarrean dagoen Graduko, Lehenengo eta Bigarren Zikloko Irakaskuntzetarako Kudeaketa Arautegiak ezarritakoaren arabera.

34. artikulua.– Arauetara igortzea.

II. sekzio honetan graduko curriculumetik kanpoko praktiketarako xedatu dena kaltetu gabe, Graduko curriculum barruko praktikei begira aurreikusi diren arauak aplikatuko dira, haren berezitasunari egokituko zaion guztian.

III. SEKZIOA
KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK UNIBERTSITATE-MASTERRETAN

35. artikulua.– Praktiketarako aukera.

Unibertsitate-masterretako ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte, dagokien ikasketa-planean eginiko aurreikuspenen arabera edo, hala bada, titulazioaren arduradunak prestaturiko plangintzari jarraiki.

36. artikulua.– Antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa.

1.– Ikastegiak eta, hala behar izanez gero, unibertsitate-institutuak dira kanpoko curriculum-praktiken antolakuntza, koordinazio eta kudeaketaren arduradunak eta, dekanoaren edo zuzendariaren proposamenari jarraiki, jarduera hauek eta Unibertsitate Masterretako Batzorde Akademikoekin lan egiteko era arautuko dituzten barne-arau orokorrak onartuko dituzte.

2.– Masterreko Batzorde Akademikoak izendatuko du, bere kideen artean, Praktiken Programa Arduraduna (PPA), aurreko atalean aipaturiko barne-arau orokorretan beste prozedura bat zehazten denean izan ezik.

37. artikulua.– Tutoreak izendatzea.

Tutorea Masterrari atxikiriko UPV/EHUko irakaslea izango da, eta aurreko atalean aipaturiko barne-arau orokorren edo, halakorik ez badago, Masterreko Batzorde Akademikoak zehazturiko irizpideen arabera hautatuko da.

38. artikulua.– Hitzarmena tramitatzea eta izenpetzea.

1.– Unibertsitate Masterren onarpen eta kudeaketarako arau berezietan eginiko aurreikuspenen arabera izapidetu eta izenpetuko dira irakaskuntza hauetako hitzarmenak. Haien edukia II. eranskinaren ereduaren arabera egokituko da.

2.– Praktika egingo duen ikasleak agiri bat izenpetuko du, bere adostasunaren froga gisa, XI. eranskinaren ereduaren arabera.

39. artikulua.– ECTS kredituak ikasleei aitortzea.

Araudi honen 4.b) artikuluak aurreikusi duenari jarraiki, ikasleak UPV/EHUn ikasten ari diren titulazioaren Ikasketa Planean hala aurreikusi duenean, hautazko kredituak onartu ahal izango zaizkie curriculumetik kanpo egindako praktiken ordainetan.

Nolanahi ere, Araudiak Master-ikasketetako kredituen aitortze eta transferentziaren gainean xedaturikoari jarraiki arautuko da praktika hauen maila horretako onarpena.

Curriculumetik kanpoko praktika akademikoen kredituak aitortzekotan, ECTS kreditu bat emango da 25 praktika-orduren truke.

40. artikulua.– Jarduera profesionalerako gaitasuna ematen duten masterrak.

Jarduera profesional arautuak egiteko gaitasuna ematen duten unibertsitate-masterren kanpoko praktika akademikoei araudi honen II. sekzioko artikuluak aplikatuko zaizkie.

41. artikulua.– Arauetara igortzea.

III. sekzio honetan unibertsitate-masterren curriculumetik kanpoko praktiketarako xedatu dena kaltetu gabe, Graduko praktiketarako aurreikusitako arauak aplikatuko dira haren berezitasunerako egokia dena aintzat hartuta.

IV. SEKZIOA
KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK BEREZKO IKASKETETAN

42. artikulua.– Praktiketarako aukera.

Berezko ikasketetako ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte, dagokien ikasketa-planean eginiko aurreikuspenen arabera edo, hala bada, titulazioaren arduradunak prestaturiko plangintzari jarraiki.

43. artikulua.– Antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa.

Berezko ikasketetako zuzendari akademikoak dira praktika mota hauen antolakuntza, koordinazio eta kudeaketaren arduradunak. Hau da, Praktiken Programa Arduraduna (PPA), Batzorde Akademikoak egiteko horri begira beste pertsona bat ez badu berariaz izendatu.

44. artikulua.– Tutoreak izendatzea.

Berezko ikasketa bakoitzeko zuzendari akademikoak zehaztuko du curriculumetik kanpoko praktika akademikoetako programa batean esku hartuko duten ikasleen tutorea izendatzeko prozedura, bertako irakasleen artean.

45. artikulua.– Hitzarmenak tramitatzea eta izenpetzea.

1.– Berezko ikasketaren araudi berezian eginiko aurreikuspenen arabera tramitatu eta izenpetuko dira irakaskuntza hauetako hitzarmenak. II. eranskinaren ereduan egokituko da haien edukia.

2.– Erakunde laguntzailearen ordezkari ahaldun baten eta ikasketak proposatu dituen unibertsitate-organo edo -egituraren ordezkariaren artean izenpetuko da hitzarmena. Salbuespen gisa, dagokion batzordeak hitzarmena sinatzeko baimena eman ahal izango dio tituluaz arduratzen den irakasleari.

3.– Praktika egingo duen ikasleak agiri bat izenpetuko du, bere adostasunaren froga gisa, XI. eranskineko ereduaren arabera.

46. artikulua.– ECTS kredituak ikasleei aitortzea.

Araudi honen 4.b) artikuluak aurreikusi duenari jarraiki, ikasleak UPV/EHUn ikasten ari diren titulazioaren Ikasketa Planean hala aurreikusi duenean, hautazko kredituak onartu ahal izango zaizkie curriculumetik kanpo egindako praktiken ordainetan.

Nolanahi ere, Berezko ikasketetako kredituen aitortze eta transferentziaren gainean xedaturikoari jarraiki arautuko da praktika hauen maila horretako onarpena.

Curriculumetik kanpoko praktika akademikoen kredituak aitortzekotan, ECTS kreditu bat emango da 25 praktika-orduren truke.

XEDAPEN OSAGARRIA

Praktika akademikoak Doktoretzan. Dagokien lankidetza-hitzarmenean zehaztuko diren aurreikuspenen arabera arautuko dira Doktoretzarako ikasketekin lotu ahal izango diren kanpoko praktika akademikoak.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Lehenengoa.– Honako bi faktore hauen baturaren emaitza izango da curriculumetik kanpoko praktiken irakasle tutorearen irakats-betebeharren aitorpena: Tutoretzapean harturiko ikasleen kopurua bata, eta tutoretza-orduen guztizko kopurua bestea.

1.– Honako hauek izango dira haztatze-faktoreak: 0,05, ikasle kopururako, eta 0,01, tutoretza-orduen guztizko kopururako, zati 25.

2.– Hiru kreditu aitortuko zaizkio gehienez tutore bakoitzari ikasturte batean.

3.– Aitortze hau bigarren ikasturtean gauzatuko da, hau da, jarduera gauzatu denaren ondokoan.

Bigarrena.– Desagertzear dauden irakaskuntzen kasuan, graduko praktiketarako zehaztapen arau-emaileak bideratuko dira, haien berezitasunari egokituko zaion guztian.

Hirugarrena.– Araudi honen aurretik sinaturiko hitzarmenek indarrean iraungo dute, haietan aurreikusitakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da, honenbestez, Hezkuntza Lankidetza Programen Araudia, Akademia Antolakuntzako errektoreordeak 2007ko irailaren 13ko ebazpena bitartez argitaratua (2007ko urriaren 18ko EHAA, 201. zk.).

AZKEN XEDAPENA

Araudi hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak onartu ondoren.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala