Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2012ko azaroaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4966

AGINDUA, 2012ko azaroaren 8koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko azaroaren 14rako deitutako greba orokorrak dirauen bitartean erkideari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzen da.

ESK, CC.OO., UGT, LSB-USO eta CGT erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute, 2012ko azaroaren 14rako. Deialdiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoaren barruko enpresa eta erakunde publiko guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak hartzen ditu barne, alde batera utzita zein enpresa edo administrazioren mende dauden.

Deitutako lanuztea 2012ko azaroaren 14an egingo da, 00:00etatik 24:00etara. Txandakako lan-erregimenean aritzen diren enpresetan, lehenengo txandan hasiko da greba, 14an baino lehen hasi behar badu ere, eta 14ko azken txanda bukatutakoan amaituko, egun horretako 24:00ak baino beranduago luzatzen bada ere. Eguneroko prentsa idatziko enpresetan (erredakzioetan eta errotatibetan), azaroaren 13ko 06:00etatik azaroaren 14ko 06:00ak bitartean egingo da lanuztea; eta kaleak garbitzen eta zaborrak biltzen dituzten enpresetan, berriz, azaroaren 13ko 22:00etatik azaroaren 14ko 22:00ak arte. Era berean, azaroaren 13an egingo dute lanuztea lan- eta funtzionario-jarduera 2012ko azaroaren 14an berehalako ondorioak izan behar dituzten lanbidetan aritzen diren langileek eta funtzionarioek, produktuak egitearekin, zerbitzuak ematearekin eta hornidura ematearekin lotutakoek.

Hona grebaren helburuak, ESK sindikatuaren arabera: «1) Espainiako Parlamentuak 2013rako aurkeztutako aurrekontu-proiektua atzera botatzea; 2) Krisia dela-eta, gobernuek eta administrazioek hartutako neurriekiko eta politikekiko arbuioa adieraztea, eta haien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea; 3) Ekonomia- eta enpresa-arloko zenbait botereek erraztu eta gauzatu duten enpleguaren suntsipen masiboa eta eskastasunaren gehikuntza arbuiatzea eta salatzea; 4) Politika publikoak, ekonomia- zein gizarte- eta lan-arlokoak, errotik aldatzera behartzea. Lan Harremanen Eremu Autonomoa exijitzen dugu». Hona, laburbilduta, CC.OO., UGT eta LSB-USO sindikatuen helburuak greba-deialdia planteatzeko: «1) Lan-merkatuaren erreforma arbuiatzea; aurrekaririk gabeko atzerapena ekarri baitu langileen eskubideei dagokienez, banaka zein taldeka; 2) Hitzarmen kolektiboen negoziazio-prozesuen blokeoa arbuiatzea; eta aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriak ezartzen dituen uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua arbuiatzea eta lehengoratzeko eskatzea; izan ere, horren ondorioz, berriz ere estutu egin dira sektore publikoko langileen lan-eskubideak, nahiz besteren konturako langileena nahiz funtzionarioena, eta bereziki zigortzen da krisiaren biktima eta bereziki ahula den gizartearen sektore bat: langabetuena; 3) Politika sozialak arbuiatzea; izan ere, ongizate-estatuaren suntsipena areagotzeaz gain, dagoeneko ari dira Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideak ahultzen, zeinak Espainiako kontratu sozialaren eta bizikidetza demokratikoaren funtsa baitira; 4) Ekonomia- eta zerga-politikak arbuiatzea, Europakoak zein Espainiakoak, ekonomia dinamizatu beharrean krisia areagotzen ari baitira, langabezia eta pobrezia areagotuz». CGT-k, bere aldetik, grebarako deialdia egin du «egungo Espainia Estatuko Gobernuaren politika ekonomiko eta sozialaren aurka».

Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako Gobernu Agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak langileen greba egiteko eskubidea onartzen du, langileek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola bizia, osotasun fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, eta informazio-askatasuna, besteak beste; hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere.

Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin.

Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa», eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Konstituzio Auzitegiak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992, eta 126/2003.

Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, –etsi, Konstituzio Auzitegiaren hitzetan– haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari edo ezinbesteko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; egun bateko lanaldia izango da ondorio guztietarako.

Adierazitakoa dela-eta, Konstituzioaren 15., eta 43.1, 19., 20., 27. eta 35. artikuluetan, bizia, osotasun fisikoa eta morala, osasuna, hezkuntza, lurraldeko joan-etorri askea eta informazioa babesten dira. Hain zuzen ere, herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eskubide horiek guztiak ezin daitezke babesik gabe geratu. Horren ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, ondoren adierazten diren eta Agindu honetan zehaztuta geratzen diren sektoreetan.

Zerbitzu sanitario publiko nahiz pribatuek pertsonen osasuna eta bizia zaindu behar dute. Horren ondorioz, eta greba-deialdiari dagokionez, ez da argudiorik behar edo argudio gutxi behar da larrialdiko zerbitzuak bete-betean mantentzea behar-beharrezkoa dela adierazteko; izan ere, zerbitzu horietan berehala esku hartu ezean, gerta baitaiteke norbaiten bizia arrisku larrian egotea. Orobat, «ospitaleratutako pazientea behar bezala artatu ahal izateko», ospitaleratutako paziente bakoitzari behar bezala eman behar zaizkio agindutako botikak, higiene-egoera egokia bermatu behar zaio, eta jateko eman behar zaio, otorduak errespetatuz; esan nahi baita, beharrezko asistentzia eman behar zaio, bere osotasun fisiko eta morala honda ez dadin.

Osasun-arloko lehen mailako arretari dagokionez, zentzuzkoa da funtsezko zerbitzutzat jotzea, bereziki ospitalez kanpoko larrialdiak estaltzen dituen aldetik. Gutxieneko zerbitzuak ezartzeari dagokionez, esan behar da aurretik egin diren mota honetako greba-deialdietan larunbateko zerbitzuak ezarri zirela gutxieneko zerbitzu gisa, astegun horri dagozkion ohiko langileekin eta lanaldi horretako ohiko ordutegiarekin. Dena den, eta 2010eko ekainean izandako Lehen Mailako Arreta Zerbitzuaren berrantolaketa aztertuta, irizpide hori aplikaezina bihurtu zen nahikoa ez zelako, eta hori horrela, 2011ko urtarrilaren 27rako greba orokorrerako deialdia zela-eta, gobernu-agintaritza honen 2011ko urtarrilaren 21eko Agindu bidez erabaki zen kategoria bakoitzeko langileen % 20 ehunekoa ezartzea Lehen Mailako Arretako Zentroetan. Dena den, puntu jakin hori zuzenbidearen kontrakotzat deklaratu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak 2011ko uztailaren 13ko epaian, nahikoa arrazoibiderik ez zuelako. Horregatik guztiarengatik, sektore publikoan 2012ko otsailaren 9rako deitutako lanuzte partzialen aurrean, otsailaren 3ko Aginduaren bidez, langileen grebarako eskubideak eta erabiltzaileen eskubidea bermatzeko modua aukeratu zen; Lehen Mailako Arretako unitateetako bakoitzaren «buruetan» gutxieneko zerbitzuak ezartzea, hain zuzen ere. Izan ere, uste izan genuen horrela bermatuta geratuko zela greba-deialdiaren ordutegietan gerta daitezkeen ospitalez kanpoko larrialdien estaldura. Ezkerraldea-Enkarterri eskualdean, dena den, geografiarekin eta bideekin loturiko berezitasunak direla-eta, ezin zen estaldura egokirik bermatu, eta, irizpide bera betetze aldera, bestelako erabaki bat hartu behar zen, hau da, eskualde hartan «buru» gisa hartzea Balmasedako eta Karrantzako Osasun Zentroak. Izandako esperientziaren argitan, 2012ko martxoaren 29ko deialdia 24 ordukoa zela kontuan izanik, gutxieneko zerbitzu berberei eustea aukeratu zen, zonako buru bakoitzean pediatra batekin gehituta, haurren ospitalez kanpoko larrialdiak estaltzeko, berehalako laguntza eskatzen duten egoerei erantzute aldera, zentro horietan larrialdi-zerbitzua ere badagoela kontuan izanik. Gutxieneko zerbitzu horiek errekurritu baziren ere, 2012ko maiatzaren 31rako sektore publikoan egin zen greba-deialdirako eta 2012ko irailaren 26rako greba orokorrerako (24 ordukoa ere bai), egokitzat jo zen gutxieneko zerbitzu horiei eustea, bide jurisdikzionalean horren kontrako erabakirik ez dagoen bitartean.

Hala, bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak 2012ko urriaren 3an emandako epaiaren bidez, aipatutako gutxieneko zerbitzuen deuseztasuna deklaratu zen, zeintzuk izan beharko liratekeen zehaztu gabe. Dena den, epaiaren seigarren zuzenbide-oinarriaren 3. atalean, aipatu salak argudiatu zuen ezin dela onartu «24 orduko greba-egoera batean, inposatu ahal denik astebururako –zehazki, larunbaterako– ezarritako zerbitzuak baino zerbitzu handiagorik», eta, hori dela-eta, hau adierazi zuen: «errekurritutako aginduaren 1.b) erabakian ezarritako gutxieneko zerbitzuak ez datoz bat greba egiteko funtsezko eskubidearekin, lehen mailako asistentziari dagokionez. Egun bateko greba baten aurrean gaude, 24 ordukoa, alde batera utzita laneguna den; izan ere, ez dago arrazoirik ondorioztatzeko ezen, larrialdi-egoerak egonez gero, osasun-laguntza, baita lehenengo mailako asistentziaren eremuan ere, ez zela bermatuta geratu 2010 ekainaz geroztik asteburuetarako –zehazki larunbaterako– aurreikusitako zerbitzu-diseinuarekin, alde batera utzita lanegun bateko ordutegi-esparruarekin lotuta dagoen, zeinean ez baitago aurreikusita atentzio iraunkorreko guneen jarduera.» Erabaki horretan oinarrituta, gobernu-agintariek erabaki dute, lehen mailako asistentziaren eremuari dagokionez, gutxieneko zerbitzutzat jotzea larunbat bateko lanaldiari dagozkionak, astegun horretan lan egin ohi duten langileekin eta ohiko ordutegiarekin.

Dena den, epai beraren bidez, Salak atzera bota zuen errekurtso-egilearen nahia larrialdi-zerbitzuetarako eta atentzio iraunkorreko gunetarako ezarritako gutxieneko zerbitzuei dagokienez, honako hau argudiatuz: «larrialdi-zerbitzuen izaerak berak eta atentzio iraunkorreko guneen helburuak justifikatzen dute, gauden eremuan, osasun-eremuan, osotasun fisikoa eta bizitza-eskubidea atzetik daudela, errekurritutako aginduan jasotako gutxieneko zerbitzuak inposatzea...», eta, horrenbestez, eutsi egin zaie zerbitzu horiei.

Arlo sanitarioan kontuan hartu behar da ezen, 2011ko uztailaz geroztik, aldaketa nabarmen bat gertatu dela erabiltzaileei kasu egiteko zerbitzuan, Call Center sistema dela eta.. Sistema horrek berez ez du laguntza sanitariorik ematen, baina laguntza hori jasotzea ahalbidetzen du, izan ere, horixe delako erabiltzaileak laguntza hori jasotzeko aurreneko kontaktua. Ezaugarri hori oso garrantzitsua da Osasun Kontseiluari dagokionez. Telefono bidezko zerbitzu horretan, Lehen Mailako Arretako Erizaintzako langileak ari dira. Bertan, arretara horretara jotzen duten erabiltzaileen premiak baloratzen dira, eta, zein egoeratan dauden ikusi ostean, behar den lekura bidaltzen dituzte. Horrela, Larrialdietara bidal ditzakete, anbulantzia bat etxera igorriz, Etengabeko Arretako Gunera, deia etxean zuzenean kudeatuz. Argi dago, beraz, osasun-larrialdia eragin dezaketen deien iragazkia dela Call Centerra, eta Osasun Kontseilua gelditzea eragozten duela eta osasun-larrialdiko deiak ohiko deien multzo berean sartzen dituela. Gainera, beste zerbitzu batzuk egiten ditu, hala nola, aurretiazko hitzordua hartzeko deiei erantzutea, IVR sistema telefonokoa duen operatzaile birtuala, zenbaki generikoetatik datozen aurretiazko hitzordurako deiei kasu egitea, zerbitzuei buruzko informazio orokorra, eta abar. Azkenik, erkidego honetako zentro guztietako O-Sarean izeneko zerbitzu eta aplikazioen funtzionamenduarekin lotutako barneko gorabehera teknikoak kudeatzeaz arduratzen da. Sistemaren funtzionamendu teknikoaren berme hori eta, batez ere, Osasun Kontseilua zerbitzua, funtsezkotzat jo ditu gobernu-agintaritzak, bizitza eta osasuna izateko eskubidearekin lotuta baitaude. Ildo horretatik, erkidego honetako 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrerako deialdian ez zen kontuan hartu zerbitzu hori, abian jarri berria zelako; hori dela eta, sekulako kolapsoa gertatu zen sisteman, eta horren ondorioak larriak izan zitezkeen. Horregatik, bai maiatzaren 31rako sektore publikoko greba-deialdia eta bai 2012ko irailaren 26ko greba orokorrerako deialdia zirela-eta, funtsezkotzat jo zen, eta, ondorioz, gutxieneko zerbitzu batzuk ezarri ziren. Gutxieneko zerbitzu horiek, dena dela, nahiz eta oraingo honetan aurkaratuak izan diren, ez zuten izan inolako kautelazko neurririk; hori dela eta, hari eta horri buruzko ebazpen judizialik ematen ez de arte, zerbitzu horiei eutsiko zaie.

Bestalde, garraio sanitarioko enpresek egiten dituzten zerbitzuak kontuan izan behar dira, zerbitzu horiek erabat egin ezean arreta sanitarioa behar duten herritar asko ezin izango liratekeelako lekualdatu, eta horrek lehendik aipatu dugun osasunerako edo bizitzeko eskubideari erasotzen dio, izan ere, gaixorik dauden pertsonen lekualdaketan behar bezain azkar ez bada jarduten pertsona horien heriotza ere gerta baitaiteke, beharrezko arreta sanitarioa ez jasotzeagatik, eta arrazoi horiek guztiak kontuan izanik, sektore horretan egiten den zerbitzua erkidegoarentzat ezinbestekotzat jo behar da, eta haren prestazioa, onartu beharreko eta geroratu ezin den premiakoa.

Osasunaren alorrean, era berean, udal-hilerrietan egiten den hilobiratze- eta/edo errausketa-jarduera kontuan izan behar da, osasun eta osasungarritasun publikoa bermatzen laguntzen baitute hildako pertsonen bilketa, gordailatze eta zaintza edo errausketarekin.

Gizarteak larrialdiei aurre egiteko eta bide-segurtasuneko zerbitzuetarako (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen eta larrialdien mantentzea aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa eta abar) duen eskubideari eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren komunikazio- eta informatika-arloari dagokienez, jendearentzako ezinbestekotzat hartzen dira, larrialdia ezbehar bihur ez dadin egiten baitira zerbitzu horiek. Beraz, horiek mantendu egin behar dira horretarako beharrezkoak diren langileekin.

Gizarte-zerbitzuak, bestalde, babes-neurrien multzo gisa daude eratuta, mendetasun-egoeran dagoen pertsonari bizitzeko gutxienezko baldintza duinak eta kalitatezkoak bermatzeko. Geriatrikoetan eta eguneko zentroetan egiten den lanak –minusbaliatu fisikoak eta psikikoak zainduz–, adingabekoen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, eskuhartze sozialeko zentroetan eta etxez etxeko laguntza publikoa emanez egiten denak erabateko garrantzia du gizartearentzat. Zerbitzu horien beharra duten pertsonek ezin dute beren kabuz jardun, haien egoera subjektibo eta pertsonala dela-eta. Beraz, sektore horretan gutxieneko zerbitzuak finkatu ezean (nahiz eta greba hogeita lau ordukoa izan), baliteke kalte larriak eragitea, eta, hartara, grebaren helburuak lausotuta geratzea; izan ere, pertsona batzuen osasuna arrisku bizian egongo bailitzateke.

Hala eta guztiz ere, zerbitzu horien prestazioan garatzen diren eginkizun guztiak ez dira ezinbestekoak. Ezinbesteko zerbitzutzat hartu beharko dira «zuzeneko arretakoak» direnak; hau da, artatzen diren pertsonen oinarrizko zaintza pertsonalen (garbitzea, ohetik altxatzea eta oheratzea, pixoihalak aldatzea, ezarreraz aldatzea, mugitzen laguntzea eta abar) mantentzea bermatzen dutenak, baita elikagaien eta sendagaien hornidura ere. Era berean, eremu biopsikosozialaren mantentze eta kontserbaziotzat hartzen dena ere bermatu beharko da.

Eguneko zentroetan ezinbesteko zerbitzutzat hartu behar da, baita ere, mendetasun-egoeran dauden pertsonen garraioa, horien desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira mugikortasunahalmenera egokitutako bestelako garraiobideen bitartez egin. Bestela, pertsona horiek ezin izango lituzkete jaso prebentziorako, mantentzerako eta «eguneroko bizitzarako oinarrizko jarduerak» izenekoak hobetzeko beharrezkoak diren arreta eta zerbitzu asistentzialak, terapeutikoak eta sanitarioak (Autonomia Pertsonala Sustatzeari eta Mendetasun Egoeran dauden Pertsonak Zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko 24. artikuluan bermatzen diren moduan).

Hala ere, zentro horien ohiko funtzionamenduak intentsitate-maila desberdinak ditu egunean zehar, pertsonen jarduera funtzionalaren eta ziklo biologikoaren arabera, eta jarduera handiagoa dago goizeko lehenengo orduan (jaiki, higiene pertsonala, jantzi, medikazioa eta abar), eguerdiko otorduan eta eguneko azken orduetan (afaria, oheratu, pixoihala aldatu, medikazioa eta abar); beraz, ordu horietan arreta pertsonalizatu handiagoa behar da zaintzaileen aldetik. Horren ondorioz, ordu horietan beharrezkoa da langile horietako gehiago egotea, egoitzetako bezeroen beharrizanei erantzuteko jarduera txikiagoa den gainerako orduetarako ezarritako oinarrizko langileei laguntzeko.

Horri dagokionez, aipatu behar da Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko maiatzaren 25eko Aginduan eta 2012ko irailaren 19ko Aginduan –sektore publikoaren maiatzaren 31ko grebarako eta irailaren 26ko greba orokorrerako emanda, hurrenez hurren– irizpidea aldatzearen alde egin zela, eta jaiegun bati dagozkionak jo zirela gutxieneko zerbitzutzat, horixe bera izanik Estatuan darabilten irizpidea, eta arlo horretan parte hartzen duten aldeen oniritzia duena. Irizpidea aldatu zen, hain zuzen, egoitza geriatrikoetako elkarteek azaldutakoaren arabera sektore horretan gertatzen ziren disfuntzioengatik. Dena den, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salak emandako autoaren bidez, kautelazko neurrien prozeduran, aldaketa hori bertan behera utzi zen, aipatutako azken aginduari dagokionez. Dena den, epaia egon arte, martxoaren 29rako greba orokorrerako 2012ko martxoaren 23ko Aginduan ezarritako gutxieneko zerbitzuak ezartzen dira.

Era berean, adingabekoen egoitzei eta etxebizitza komunitarioei dagokienez, auto berak, aipatu irailaren 19ko Aginduan, ezarritako jaiegun bati dagozkion gutxieneko zerbitzuen ordez, lanegun bati dagozkionak ezarri zituen, nahiz eta sala berak deklaratzen zuen, 2011ko uztailaren 13an emandako 518/2011 epaian, urtarrilaren 27rako grebarako emandako 2011ko urtarrilaren 21eko Aginduari buruzkoan, zuzenbidearekin bat datozela arlo horretarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak, bertan behera utzitakoen berdin-berdinak zirenak. Nolanahi ere, eta bide jurisdikzionalean beste erabaki bat eman arte, lanegun bati dagozkionak jotzen dira gutxieneko zerbitzutzat.

Hezkuntzaren arloari dagokionez, premisa gisa hartu behar da hezkuntzarako eskubidea Konstituzioaren 27. artikuluan onartutako oinarrizko eskubidea dela, zentzu zabalean hartuta, unibertsitate-hezkuntza barne, Konstituzio Auzitegiak 26/1987, FJ 4.a) epaian adierazi zuen bezala: «hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen tratamendua, unibertsitate-arloan, ez da geratzen ezinbesteko zerbitzuen zehaztapenetik kanpo ikastetxe horietan lan egiten duten langileak greba-eskubideaz baliatzen diren kasuan. Horren ondorioz, ezin da baieztatu ezinbesteko zerbitzu horiek zehaztea Espainiako Konstituzioaren 28. artikuluaren (Grebarako eskubideari buruzkoa) kontrakoa dela».

Bermatu beharreko oinarrizko zerbitzuak zeintzuk diren zehazteko, eta, horrenbestez, hezkuntza-eremuan gutxieneko zerbitzuak ezartzeko, hain zuzen ere greba-deialdiak hezkuntza-zentro guztietan eta hezkuntza-arloko funtzioak eta eskumenak garatzen dituzten langile guztiengan –funtzionarioak nahiz langile arruntak– eragina duelako, horren eraginpeko eremua, eremu publikoan, honako hau dela aurkitu dugu:

a) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza: eraginpekoak, 611 zentro, eta sektorean zerbitzuak ematen dituzten 32.161 pertsona, hainbat kolektibotakoak –irakasleak, langileak, eta abar–.

b) Haurreskolak Partzuergoa: eraginpekoak, 226 zentro eta 1.150 pertsona.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea: eraginpeko zentroak: Unibertsitate Kampusak, 3; Fakultateak, Goi-mailako Eskola Teknikoak, Unibertsitate Eskolak eta Unibertsitate Eskola Teknikoak, 31; Atxikitako Zentroen kopurua, 3; eta, deitutako langileak (irakasleak, ikertzaileak, administrariak eta zerbitzuetakoak, eta abar): 7.309 pertsona.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene: irakasten den zentroen kopurua: 3 administrazio eta zerbitzuetako langileak: 23; eta eraginpeko langileak: 164 pertsona.

Deitutako grebaren eremua kontuan izanik, hezkuntza-zerbitzuaren esparruaren barruan, sektore publikoko enplegatu publiko eta lan-kontratuko langile ez publiko guztiak barne hartzen ditu horrek, hezkuntza egitekoak eta eskumenak garatzen baldin badituzte, baita besteren konturako eta beren konturako langileak ere, hezkuntzari lotutako egitekoak eta lanak egiten baldin badituzte. Zehazkiago, eragin-esparrua ondokoa litzateke: Unibertsitatez kanpoko hezkuntza arautua; ikastetxe publikoetan eta itunpeko eta pribatuean; Haurreskolak Partzuergoa eta udaltitulartasuneko haurtzaindegiak; Euskal Herriko Unibertsitatea eta Musikene, Goi Mailako Musika Ikastegia.

Egun bateko jardunaldiko greba dela kontuan izanda ere, nahitaezkoa eta beharrezkoa da zentroak irekitzea greba egiten ez duten langileek lanerako eskubidea –Konstituzioaren 35. artikuluan onartua– gauzatu ahal izan dezaten. Horregatik, gobernu-agintaritzak gutxieneko zerbitzutzat jotzen du ikastetxeetarako eta lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzea, gutxienez grebarako eskubidea ez baliatzea erabakitzen duten langileen sarrera bermatze aldera, baita ikasleen sarrera ere, hain zuzen ere zentroak irekiko ez balira, lanerako eta hezkuntzarako eskubide korrelatiboa guztiz eta bidegabeki saihestuko litzatekeelako.

Unibertsitatez kanpoko ikastetxeak irekitzeko beharrizan bakarra ez da «ikastetxea irekitzea» jarduera material gisa; aitzitik, irakaskuntza-egitekoaren edo jardueraren ezinbesteko «funtzionamendu-errutinak» gauzatu behar dira (gutxieneko zerbitzuen izaera murriztaileagatik eskatzen direnak), ikastetxe horietan instalazioak edo materialak zaintzeko eta ikasleak zaintzeko egiten direnen artean; izan ere, ikastetxe haietara ikasle adingabeak joaten direnez –Adingabeei ezin zaie helduei eskatzen zaien heldutasun-maila bera eskatu haien jardunean, eta horren ondorioz, ikastetxearen erantzukizuna ezin da guztiz baztertu (Auzitegi Gorenaren 2002ko apirilaren 14ko Epaia)–, berebiziko arreta eskatzen da ekiditeko modukoak diren arriskuak ezabatzeko edo murrizteko, instalazioak behar bezala edukiz eta mantenduz, baita zaintzeko eta kontrolatzeko lanan eginez –irakaskuntza- edo prestakuntza-jarduerak garatzen diren egoitza batean adingabeak edo ezinduak zaintzeko ardura hartzen badira [ ...] arreta berezia jarri behar da haien nozitu lezaketen edozein lesio edo kalte saihesteko. Valentziako Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren urriaren 23ko Epaia, 1526/2009 zenbakikoa (Administrazioarekiko Auziak, 1. sek.)–. Horren ondorioz, ikastetxe horietan, gutxieneko zerbitzu gehigarri gisa, aginte- eta/edo zuzendaritza-ahalmena duten pertsonak egotea ezarri beharko da, prebentzio eta segurtasunerako arreta ikastetxe haietara joaten diren adingabeentzat ikuspuntu objektibo batetik arriskutsuak izan litezkeen guneetara zuzentzeko ardura beren gain hartu dezaten.

Haurreskolak Partzuergoa osatzen duten zentroak eta udal-haurtzaindegiak zabaldu beharrari dagokionez, grebarekin bat egiten ez duten langileen lanerako eskubidea babesteaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2009ko urriaren 28ko Epaian adierazitakoari jarraikiz, oinarrizko zerbitzua da, bai Konstituzioaren 27. artikuluak aitortzen duen hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ikuspegitik, bai lanbizitza eta familia-bizitza uztartzeko zailtasunaren ikuspegitik. Gainera, zerbitzua lan egiteko eskubidearekin lotuta dago, gizarte-harremanen bilakaera-izaera dela-eta.

Konstituzioan aitortutako eskubide eta bermeez modu askean baliatzearen oinarri legetxe ulertzen da segurtasuna. Funtsezkoa da eta balore behinena du elkarbizitzarako, eta bere bermea –ezelango zalantza barik– Estatuari dagokio. Babes horri begira, segurtasun pribatuko enpresak parte hartzea aurreikusi da osaketaren eta laguntzaren bidetik, zertarako eta, herritarren zenbait funtsezko eskubide eta Konstituzioak babestutako ondasunak zaindu eta babesteko, batik bat, euren integritate fisikoa mehatxatuta ikusten duten pertsonen segurtasuna bermatze aldera (Konstituzioaren 17.1 artikulua).

Era berean, zirkulazio-askatasuna bermatu behar da, beste funtsezko eskubide batzuk ahalbidetzeko oinarri gisa, adibidez: osasun-zerbitzuetara iritsi ahal izatea, edo greba egitea edo lan egitea hautatzeko askatasuna, baita ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak emateko izendatutako pertsonei dagokien betebeharra betetzeko ere. Arrazoi horrengatik, aintzat hartu behar da bidaiarien garraioa erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzua dela, zerbitzu horiek guztiz gelditzeak leku batetik bestera mugitzeko erabateko ezintasuna eragingo lukeelako herritar askorentzat, eta horrek adierazitako zirkulazio-askatasunerako eskubidea urratuko luke.

Horrez gain, kontuan hartu behar da bidaiarien garraio-linea batzuk bakarrak direla eta bestelako garraio-aukerarik ez dutela, hala nola Lurreko Garraioaren Antolamenduari buruzko uztailaren 30eko 16/1987 Legearen 72. artikuluan xedaturikoaren arabera ezarritakoak. Halaber, kontuan hartu behar da linea horien erabiltzailearen profila honako hau dela: ibilgailu partikularrik ez duen pertsona, adineko pertsona edo ezindua, edo zonalde isolatuetan bizi dena eta bestelako garraiobideetara iristeko baliabide gutxi dituena.

Bestalde, herri-administrazioek bidaiak egiteko garraio publikoaren erabilera sustatu dute herritarren artean, horretarako sektorea baliabide berriekin hornituz (metroa, tranbia, eta abar) eta jada ezarritako baliabideen (trena eta autobusa, nagusiki) lineak eta zerbitzuak sustatuz, horrela garapen egokiagoa eta iraunkorragoa lortzeko, eta hiriarteko trafikoaren kolapsoa saihesteko, batez ere eguneko trafikoaren kasuan, eta hori saihesteko aukera bakarra garraiobide pribatuaren erabilera izan ez zedin. Jardun horrek lagundu egin dio zerbitzu publiko horien erabilera-eskaria modu nabarmenean handitu izanari.

Zirkunstantzia horrek, beste faktore batzuekin batera, ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak % 30ean finkatzea ekartzen du. Hona hemen faktore horietako batzuk: hiru Lurralde Historikoetako hiriburuen eta udalerri mugakideen (horiek guztiak biztanle askorekin) arteko komunikazioa bermatzea, udalerri mugakideen arteko lotura modu esklusiboan eta lanerako, hezkuntzarako, osasunerako eta abarrerako elkarrekiko mendetasun sozioekonomiko handiarekin, eta bidaiarien garraio-zerbitzu edo garraio-linea batzuk herritarren bidaietarako ezinbestekoak edo bakarrak –bestelako aukerarik ez izateagatik, edo kudeatzen dituen beste garraiobide batekiko aukera izateagatik– izatea. Era berean, oinarrizkotzat jo behar dira garraiobideen koordinazioko eta kontroleko zerbitzuak, horien segurtasun-arloko zereginak, instalazioenak nahiz bertan dauden pertsonenak, eta larrialdi-egoeretan jarduteak greba-egoera batean bermatu behar diren funtsezko eskubideekin lotura dutelako. Zerbitzu horiek gutxieneko langile kopuru batekin eman beharko dira.

Hortaz aparte, greba hasi orduko zenbait zerbitzu hasita egongo dira, eta horrek –gutxieneko zerbitzuak jarri ezean– erabiltzaileak zein garraiobideak bertan behera uztea erakarriko luke. Halaber, lanuztea bukatzen denean, hau da, zerbitzua berrabiarazterakoan, aipatu egoerak zailago bihurtuko luke garraiobideen maiztasuna berreskuratzea eta, ondorioz, grebaren eragina luzeagoa izan liteke.

Era berean, bide-zirkulazioa bermatu behar da ordainpeko autobide eta tuneletan, eta horretarako, ordainlekuetako igarobidea bermatu behar da, bide automatikoen nahiz eskuzko bideen elementu erregulatzaile gisa, langileen gutxieneko presentziarekin, joan-etorrien ondorioz sor daitezkeen arrisku-egoeren intentsitatearen arabera modulatzeko, eta zuzenean segurtasunari lotuta daudenez egon daitezkeen gorabeherak kontrolatu eta mantentzeko, laguntzeko eta seinaleztatzeko; hori dela medio, horiek guztiak ezinbestekotzat hartu behar dira.

Bestalde, ibilgailuentzako erregaia hornitzea gaur egun ezinbestekoa da pertsonen eta salgaien zirkulazio askea ahalbidetzeko, baita erkidegoan beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzeko, hala nola: anbulantziak, suhiltzaileak, babes zibila eta Larrialdikotzat jotzen diren zerbitzu guztiekin erlazionatutakoak, izan ere, pertsonen bizia, osasuna eta integritate fisikoa nahiz morala bermatzen eta zaintzen baitute.

Halaber, energia elektrikoa eta gasa produzitu eta banatzen eta ura arazten eta banatzen duten enpresak eta erakundeak funtsezkotzat jo behar dira, oinarrizko eta/edo premia larriko ondasunak eta zerbitzuak sortzen dituzten azpiegiturei eta produkzio-prozesuei ekarpen erabakigarria egiten dietelako. Bada, enpresa horietako langileek greba eginez gero, baliteke pertsonen osasunari ezin konponduzko kalteak eragitea; hortaz, hain beharrezkoak ditugun ondasun horien banatzeak grebaldian bermatuta egon beharko du.

Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten telekomunikazio-enpresei dagokienez, ematen duten zerbitzuaren zati baten ezinbestekotasuna Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorrean ezarrita dago, zerbitzu horrek komunikazio pertsonal, profesional eta komertzialetan duen eraginean oinarrituta. Era berean, Interneterako sarbide funtzionala bermatu behar da, Europar Batasunaren Zerbitzu Unibertsalari buruzko Zuzentarauan ezarritakoari jarraikiz (2002ko otsailaren 22an onartutako zuzentarau hori Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorreko 22. artikuluaren bitartez txertatu zen gure ordenamendu juridikoan).

Horrez gain, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) ente publikoak eskaintzen duen zerbitzuak, ente publiko hori sortzeari buruzko maiatzaren 20ko 5/1982 legearen arabera, ezinbesteko zerbitzu publikoaren izaera du. Aztergai dugun kasuan, eta EITBk edozein hedabideren bitartez egiazko informazioa komunikatu eta emititzeko funtsezko eskubideen erabilera azpimarratzen duenez, Konstituzioaren 20.1.d) artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, eduki instituzionala, politikoa edo soziala duten albistegiak ez badira emititzen, herritarren eskubide eta askatasunen erabilera mugatuko litzateke.

Herritarren eta administrazioaren arteko harremanei dagokienez, kontuan izan behar da horietako asko araututa daudela. Arau horietan ezarritako epeak oso garrantzizkoak dira herritarrek euren interesak defenda ditzaten, baita babes judizial eragingarrirako eskubidea ere. Hain zuzen ere, idazki, dokumentu nahiz espediente jakin bat administrazioan dagokion epearen barruan sartu dela egiaztatzen dute administrazioaren erregistroek, zeren, bestela, gerta baitaiteke herritarren eskubide batzuk urratzea. Horrela, bada, Autonomia Erkidegoan 24 orduko greba orokorra deklaratzeak ez du esan nahi egun hori jaieguna denik. Hortaz, Administrazio Publikoak gutxienez dokumentuak erregistratzeko zerbitzua irekita eduki beharko du, herritarren oinarrizko eskubideak bete ahal izateko.

Ildo beretik, kontuan izan behar da EJIE Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak bere informatika-zerbitzuak ematen dizkiela Eusko Jaurlaritzari eta erakunde guztiei, eta zerbitzu horietako batzuk funtsezkoak direla. Horrela bada, Ustiapen Zerbitzua funtsezkotzat jotzen da haren jarduerak Jaurlaritzaren informazio-sistemak erabilgarri daudela bermatzen duelako, urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan, eta erabiltzaileei aukera ematen dielako edozein lekutatik edozein sistema informatikotara sartzeko. Horrez gain, azpiegituren eta aplikatiboen etengabeko monitorizazio-lanak egiten ditu. Gutxieneko zerbitzuak ezarri ezean, zerbitzu orokorra galdu liteke, eta horren ondorioz ezinezkoa izan liteke bai informatika-tresnak bai datu-biltegiratzea erabiltzea, baita Platea plataforma ere, zeinaren bidez bideratzen baitira gobernuak Interneten duen presentzia, izapidetze elektronikoa, dokumentuen kudeaketa eta gobernuaren eta kanpo-erakundeen arteko integrazioprozesuak. Halaber, gorabeheraren bat izanez gero, informatika-sistema batek bermatzen du gobernuaren eraikinetarako sarbidea, bai funtzionarioena bai herritarrena; eta gai horri buruz azpimarratu behar da sistemak huts eginez gero, erregistrorako ezarritako gutxieneko zerbitzuak eraginik gabe geratu litezkeela, aurreko paragrafoan azaldu den bezala. Azkenik, funtsezkoa da, jakina, babeskopia egitea, egunean zehar landutako informazioa geroago inolako galerarik gabe berreskuratu ahal izateko.

Hori guztia ikusita, Gobernuko Agintaritzak Agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, auzitan dauden eskubideen ezinbesteko edukia bateragarri egiten saiatzeko.

Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.

Horregatik, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuko 10.2 artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren erabakia doakien zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten, greba deitu duten sindikatuei, idatziz, entzunaldia eskaini diegu: grebarako deialdia egin duen sindikatu-konfederazioari, herri-administrazioei, Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko enpresa eta erakundeei eta Confebask-i.

Deitutakoaren antzeko iraupena duten greba orokorren kasuetan, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren aginduak eman dira, hala nola 2009ko maiatzaren 18koa (2009ko maiatzaren 19ko EHAA, 93. zenbakikoa), 2010eko ekainaren 24koa (2010eko ekainaren 26ko EHAA, 121. zenbakikoa), 2010eko irailaren 24koa (2010eko irailaren 27ko EHAA, 121 zenbakikoa), 2011ko urtarrilaren 21ekoa (2011ko urtarrilaren 25eko EHAA, 186 zenbakikoa) eta 2012ko irailaren 19koa (2012ko irailaren 24ko 186 zenbakikoa). Agindu horiek ez dira aurrekari lotesleak, baina, aplikazioan izandako gorabeherak eta akatsak kontuan hartuta, aurrekari garrantzitsuak dira.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 25eko 42/2011 Dekretuaren 4.2 artikuluak eskumena eman dio Sail horren titularrari Autonomia Erkidegoko funtsezko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzeko, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan eragina duten greba-eskubidea egikaritzen denean, betiere Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz. Eskumen hori Jaurlaritzaren Kontseiluak eskuordetuta baliatzen da, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera 2012ko azaroaren 14an egingo den grebarako eskubidea baliatu ahal izateko baldintza izango da, hain zuzen, ondoren adierazten diren ezinbesteko prestazioei eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuei eustea; greba-deialdiak egun horri dagozkion lan-txandetan, aurreko egunean hasten eta hurrengo egunean amaitzen direnetan, eta 13ko zenbait zerbitzutan eragingo duela.

1.– Osasun-zerbitzu publikoak nahiz pribatuak ematen dituzten enpresek eta erakundeek honako zerbitzu hauek mantendu beharko dituzte:

a) Ospitaleak: alta medikoak, larrialdiak, sukaldea, janari-banaketa eta ospitaleratutako gaixoak behar bezala zaintzea. Aurrez zehaztu diren eta geroraezinak diren tratamendu onkologikoak eta dialisi-prozesuak ere mantenduko dira. Horretarako, jaiegunetan lan egin ohi duten langileek jardungo dute. Horrez gain, aurrez zehaztutako eta atzeratu ezin diren dialisi-prozesuak eta tratamendu onkologikoak emango dira.

b) Lehen mailako asistentzia: 2012ko azaroaren 14rako aurreikusitako langileak, lanaldi bati dagozkion zerbitzuak eta larunbat bateko ohiko ordutegia.

c) Larrialdi-zerbitzuak eta atentzio iraunkorreko guneak (AIG/PAC): % 100.

d) Call Center zerbitzuan, langileen % 50, hau da, 7 administrari laguntzaile goizeko txandan eta 3 arratsaldekoan.

e) Gutxieneko zerbitzu horiek nahitaez bete beharko dira, deialdiarekin bat, bezperako gaueko txanda hasten denetik, hau da, azaroaren 13ko 22:00etatik.

2.– Garraio sanitarioaren sektoreko enpresek honako hauek beteko dituzte:

a) Larrialdi-zerbitzuak. Larritzat hartuko da, Koordinazio Zentro batek eskatzen duen edo mediku-ziurtagiri baten bitartez egiaztatzen den garraio sanitarioa.

b) Hemodialisi- eta onkologia-tratamenduetarako eta eguneko ospitalerako programatutako garraioa, baita ospitale arteko larrialdiko garraioa eta Basurtuko ospitalean gertatzen diren larrialdi-garraioak ere, baldin eta: a) mediku-ziurtagiriaren bitartez egiaztatzen bada, b) ospitalean zerbitzu hori egiteko langilerik ez badago, eta c) ohatila erabili behar bada. Era berean, ohatila erabiltzea eskatzen duten ospitaleko altek eragindako eta mediku-ziurtagiriarekin egiaztatzen den garraioa.

c) Odolaren eta hemoderibatuen garraioa.

d) Telefonia-zerbitzua, zerbitzu hori normalki egiten duten langileen % 25ek egin beharko dute.

3.– Udal-hilerrietan, horretarako ezinbestekoak diren langileekin, hilobiratze- eta/edo errausketa-zerbitzua mantenduko da, soilik hori egitea ezinbestekoa denean eta horretarako alternatiba bideragarririk ez dagoenean.

4.– Herri Administrazioetako bide-segurtasuneko zerbitzuak eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak (SOS Deiak, suhiltzaileak, larrialdietako igorleak eta komunikazioak, errepideen mantentzea eta larrialdiak aintzira, ibai eta mendietan, Babes Zibila, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa, eta abar) eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren komunikazio- eta informatika-arloa, jaiegun batean izan ohi dituzten langileekin egingo dira.

5.– Egoitza geriatrikoetan eta eguneko zentroetan, baita mendetasun- edo ezintasun-mailaren bat duten pertsonak barnean hartzen dituzten bestelakoetan ere, zuzeneko arretako zerbitzuak mantenduko dira, zuzeneko arreta hori gauzatzen duten langileen % 50arekin, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarte eta 20:00etatik 22:00etara bitarte izan ezik, eta janaria emateko ohiko ordutegian izan ezik; azken kasu horietan, ehuneko hori % 10 handituko da. Era berean, gutxieneko zerbitzu gisa ezartzen da langile sanitarioen eta sukaldeko langileen % 50. % 50 hori pertsona bat baino gutxiago bada, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu. Gaueko txandan, hori betetzeko pertsona bat baino gehiago duten zentroetan, 2 pertsonek lan egingo dute gutxienez. Era berean, eguneko zentroetara joaten diren mendekoen garraio berezia bermatuko da, zentro horietara joateko desplazamenduak (aurreko paragrafoan aipatutako ezinbesteko zerbitzuak jaso ahal izateko) ezin badira bestelako garraiobideen bitartez egin, eta/edo horiek ez badaude haien mugikortasunahalmenera egokituta.

6.– Adingabeen egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, esku-hartze sozialerako zentroetan eta Ibaiondo Ikastetxean, lanegunetako zerbitzuak mantenduko dira. Era berean, Etxez Etxeko Laguntza eta Telelaguntza Sektoreetan, erabiltzaileen zuzeneko arretako oinarrizko premiak estaltzeko zerbitzuak mantenduko dira, lanegun batean bezala.

7.– Irakaskuntza-zentroetan ondoren adieraziko diren zerbitzuak emango dira, honako langile hauekin:

a) Unibertsitatez kanpoko hezkuntza arautua, publikoa, itunpekoa eta pribatua: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro Publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta mendekoen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal-titulartasuneko haurtzaindegiak: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, Zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1.

c) Euskal Herriko Unibertsitatea: zentroetarako eta horiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsaldekorako.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, Musikene, eta udal-titulartasuneko musika-eskolak: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako hiru eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

8.– Osotasun fisikoa mehatxupean dutenen segurtasun pertsonala bermatuko du zerbitzu horiei atxikitako pertsonalaren % 50, baldin eta beharrezkoa bada mehatxatuen oinarrizko eskubideetarako.

9.– Bidaiarien errepideko garraio erregularreko, trenbide-garraioko eta kable eta ur bidezko garraioko enpresek, lanegunetako ohiko zerbitzuaren % 30aren baliokideak diren zerbitzuak eta maiztasunak mantenduko dituzte, arreta berezia eskainiz lanera sartzeko eta handik ateratzeko ordutegiei. Greba hasi aurreko orduetan hasi diren zerbitzuek, horrelakorik egonez gero, ohiko ibilbidea amaitu arte jarraitu beharko dute. Era berean, aginteko, koordinazioko, kontroleko eta segurtasuneko zerbitzuak mantendu behar dira garraiobideetan, zerbitzu horietako lanpostu bakoitzeko eta txanda bakoitzeko pertsona batekin.

10.– Ordainpeko autobide eta tuneletan, azpiegitura segurtasun-baldintza egokitan eta jaiegunetako langileekin funtzionamenduan egongo dela bermatuko da. Ordainketa-zerbitzua langileen % 30ekin artatuko da puntako orduetan (06:30etik 09:30era eta 17:30etik 20:30era) eta langileen % 15ekin gainerako orduetan. Ehuneko horiek kasuren batean pertsona bat baino gutxiago badira, pertsona horrek zerbitzu horiek egin beharko ditu.

11.– Errepideen mantentzea jaiegun bati dagozkion langile eta zerbitzuekin mantenduko da.

12.– EAEko gasolina-zerbitzuguneen % 20an funtzionamendua bermatuko da. Lurralde bakoitzeko sektoreko patronalak erabakiko du zeintzuk izango diren, Greba Batzordeari nahitaez entzun ondoren.

13.– Energia elektrikoa produzitu eta hornitzeaz, gasa produzitu eta hornitzeaz eta ura araztu eta hornitzeaz arduratzen diren enpresek eta organismoek, zerbitzuaren mantentzea bermatuko dute, jaiegun bati dagokion langile kopuruarekin.

14.– Telekomunikazio-enpresetan, mantentze-lanak egiteko, jaiegunetan langile-talde horretan lan egingo luketen langileek lan egingo dute.

15.– Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB) enpresan, bermatu beharreko zerbitzuak soilik eguneroko albistegiak dira, haien ohiko ordutegian.

16.– Administrazio publikoak. Hiru Lurralde Historikoetako hiriburuetan dokumentuak erregistratzeko zerbitzuek ere zerbitzua eman beharko dute, Zuzenean zerbitzuaren bidez, ondoko egoitzetan: Araban: Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea 1, Gasteiz; eta Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzak dituen Lurralde ordezkaritzetan: On Diego Lopez Haroko Kale Nagusia 85, Bilbao, eta Andia kalea 13, Donostia. Gutxienez langile batek lan egingo du egoitzako eta txandako.

17.– Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, EJIE. Jaiegunetako pertsonala egongo da, hau da, operadore bat txandako.

Bigarrena.– Ahal dela zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ezarritako gutxieneko zerbitzuak langile horiekin bete ezin direnean izan ezik.

Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresetako nahiz administrazio publikoetako zuzendaritzak izendatuko ditu langileek bete beharreko eginkizunak. Nolanahi ere, agindu honetan eta indarrean dauden legeetan ezarritako mugak errespetatu beharko ditu.

Hirugarrena.– Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta horiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena.– Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

Bosgarrena.– Grebaren deialdia egin duten erakunde sindikalei, Confebask konfederazioari eta Administrazio Publikoei jakinarazi behar zaie Agindu hau, bete dezaten, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidali behar da, bertan argitaratzeko.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 8a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA Gemma ARÁNZAZU Zabaleta Areta.


Azterketa dokumentala