Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2012ko azaroaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
4965

AGINDUA, 2012ko azaroaren 8koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena. Agindu honen bidez, 2012ko azaroaren 14rako deitutako greba orokorrak dirauen Bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion Funtsezko Erbitzuak Justiziaren Esparruan beteko direla bermatzen da.

ESK, CC.OO., UGT, LSB-USO eta CGT erakunde sindikalek greba orokorrerako deialdia egin dute, 2012ko azaroaren 14rako. Deialdiak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremu geografikoaren barruko enpresa eta erakunde publiko guztietako langile eta enplegatu guztiek betetzen dituzten lan- eta funtzionario-jarduera guztiak hartzen ditu barne, alde batera utzita zein enpresa edo administrazioren mende dauden.

Deitutako lanuztea 2012ko azaroaren 14an egingo da, 00:00etatik 24:00etara. Txandakako lan-erregimenean aritzen diren enpresetan, lehenengo txandan hasiko da greba, 14an baino lehen hasi behar badu ere, eta 14ko azken txanda bukatutakoan amaituko, egun horretako 24:00ak baino beranduago luzatzen bada ere. Eguneroko prentsa idatziko enpresetan (erredakzioetan eta errotatibetan), azaroaren 13ko 06:00etatik azaroaren 14ko 06:00ak bitartean egingo da lanuztea; eta kaleak garbitzen eta zaborrak biltzen dituzten enpresetan, berriz, azaroaren 13ko 22:00etatik azaroaren 14ko 22:00ak arte. Era berean, azaroaren 13an egingo dute lanuztea lan- eta funtzionario-jarduera 2012ko azaroaren 14an berehalako ondorioak izan behar dituzten lanbidetan aritzen diren langileek eta funtzionarioek, produktuak egitearekin, zerbitzuak ematearekin eta hornidura ematearekin lotutakoek.

Hona grebaren helburuak, ESK sindikatuaren arabera: «1.– Espainiako Parlamentuak 2013rako aurkeztutako aurrekontu-proiektua atzera botatzea; 2.– Krisia dela-eta, gobernuek eta administrazioek hartutako neurriekiko eta politikekiko arbuioa adieraztea, eta haien eraginkortasunik eza eta izaera antisoziala salatzea; 3.– Ekonomia- eta enpresa-arloko zenbait botereek erraztu eta gauzatu duten enpleguaren suntsipen masiboa eta eskastasunaren gehikuntza arbuiatzea eta salatzea; 4.– Politika publikoak, ekonomia- zein gizarte- eta lan-arlokoak, errotik aldatzera behartzea. Lan Harremanen Eremu Autonomoa exijitzen dugu». Hona, laburbilduta, CC.OO., UGT eta LSB-USO sindikatuen helburuak greba-deialdia planteatzeko: «1.– Lan-merkatuaren erreforma arbuiatzea; aurrekaririk gabeko atzerapena ekarri baitu langileen eskubideei dagokienez, banaka zein taldeka; 2.– Hitzarmen kolektiboen negoziazio-prozesuen blokeoa arbuiatzea; eta aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriak ezartzen dituen uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretua arbuiatzea eta lehengoratzeko eskatzea; izan ere, horren ondorioz, berriz ere estutu egin dira sektore publikoko langileen lan-eskubideak, nahiz besteren konturako langileena nahiz funtzionarioena, eta bereziki zigortzen da krisiaren biktima eta bereziki ahula den gizartearen sektore bat: langabetuena; 3.– Politika sozialak arbuiatzea; izan ere, ongizate-estatuaren suntsipena areagotzeaz gain, dagoeneko ari dira Konstituzioan jasotako oinarrizko eskubideak ahultzen, zeinak Espainiako kontratu sozialaren eta bizikidetza demokratikoaren funtsa baitira; 4.– Ekonomia- eta zerga-politikak arbuiatzea, Europakoak zein Espainiakoak, ekonomia dinamizatu beharrean krisia areagotzen ari baitira, langabezia eta pobrezia areagotuz». CGT-k, bere aldetik, grebarako deialdia egin du «egungo Espainia Estatuko Gobernuaren politika ekonomiko eta sozialaren aurka».

Grebaren esparrua kontuan izanik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, bertako Gobernu Agintaritzari dagokio Euskal Administrazio Publikoak eta gainerako erakunde, entitate edo enpresek ematen dituzten ezinbesteko zerbitzuak ematen direla ziurtatzeko bermeak ezartzea zerbitzu publikoetan edo behar-beharrezkoak eta atzeraezinak direnetan, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10. artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz.

Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak langileen greba egiteko eskubidea onartzen du, langileek beren interesak defenda ditzaten, horixe baita egungo zuzenbide-estatu sozial eta demokratikoak oinarri dituen funtsezko eskubideetako bat. Konstituzioak, beraz, berdin babesten du greba-eskubidea eta beste zenbait eskubide garrantzitsu, hala nola bizia, osotasun fisikoa, osasuna, hezkuntza, joan-etorri askea, eta informazio-askatasuna, besteak beste. Hain zuzen, Konstituzioak bete-betean babesten ditu, bai eskubide horiek guztiak, baita greba egiteko eskubidea ere. Beraz, greba egiteko eskubidea herritarren gainerako funtsezko eskubideen kontrakoa izan daitekeenez, eta Konstituzioaren 28. eta 37. artikuluetan xedatuta dagoenaren arabera, Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak betetzeko neurriak hartu behar dira, auzitan dauden eskubideetako bat bera ere edukirik gabe gera ez dadin.

Hala ere, aurreko premisa gorabehera, begien bistakoa da funtsezko eskubideak mugatzeko edozein neurri proportzionaltasunaren printzipioa zorroztasunez aplikatuz hartu behar dela, eta horretarako hiru baldintza bete behar ditu neurri horrek: hori aplikatuz proposatutako helburua lortu ahal izatea, edo «egokitasun-judizioa»; egitatea aztertuta, ondorioztatu izana ez dagoela neurri apalagoren bat helburu hori eraginkortasun berarekin lortzeko, edo «beharrizan-judizioa»; eta, azkenik, neurria edo konponbidea orekatua edo neurtua izatea, haren aplikazioaren ondorioz guztion intereserako onura edo abantaila gehiago eragiten direlako auzian dauden beste ondasun edo balioetarako eragiten diren kalteak baino, hau da, «proportzionaltasun-judizioa, zehazki ulertuta». Gai horri buruz hainbat aldiz erabaki du Konstituzio Auzitegiak, honako epai hauen bitartez, besteak beste: 122/1990, 123/1990, 8/1992, eta 126/2003.

Erabaki horietatik ondorioztatu behar dugu erkidegoarentzat ezinbesteko zerbitzuak emango direla ziurtatzeak mugatu egiten duela grebarako eskubidea baliatzeko aukera, eta horretarako nahitaezkoa dela interes desberdinak kontuan hartuta zuhurtasunez jokatzea. Hori guztia dela-eta, ziurtatzeak berme gisa balio behar du, eskubide kontrajarrien ezinbesteko koordinaziotik abiatuta; betiere ulertuta grebalarien eskubidea mugatu beharko dela, –etsi, Konstituzio Auzitegiaren hitzetan– haien eskubideak grebaren bidez babesteak erkidegoari edo ezinbesteko zerbitzuaren hartzaileari zein zerbitzua jasotzeko eskubidearen titularrari eragiten dion edo eragin liezaiokeen kaltea larriagoa bada grebalarien errebindikazio edo eskakizunen arrakastarik ez izateak eragingo lukeena baino. Hori guztia dela-eta, greba-deialdi honen aurrean, haren garapenak dituen ezaugarri zehatzak hartu beharko dira kontuan; eta kasu honetan lanegun bateko lanaldia izango da.

Horregatik guztiagatik, Konstituzioaren 24. artikuluan bildutako tutoretza judizial eraginkorra izateko konstituzio-eskubideak ezin daitezke dagokien babesik gabe geratu, ezta greba egiteko eskubidea zilegi bada ere, eta herri-agintariei dagokie eskubide horiek bermatzea, prebentzio-neurriak ezarriz eta beharrezko zerbitzuak emango direla ziurtatuz. Horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Agintaritzak gutxieneko zerbitzuak ezarri behar ditu, agindu honetan zehaztu direnak, erkidegoan ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko, Erkidego honen eskumenekoa den Justizia Administrazioaren eremuan.

Organo Jurisdikzionalen jarduerak, konstituzioaren lehen mailakoak izaki, bermatu beharrekoak diren funtsezko eskubide garrantzitsu jakin batzuei eragiten die. Horren ondorioz, jarduera hori ezinbestekotzat jo behar da greba kasuetan, eta ez bakarrik funtsezko zenbait eskubideri –askatasun-eskubideari adibidez– eragiten dielako bereziki, baita Jurisdikziora biltzea eta tutoretza judizial eraginkorra lortzea ere kolokan jar dezakeelako ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren 2006ko urriaren 25eko 771. zenbakiko Epaiak ezarri duen bezala.

2006ko urriaren 25eko epai horrek greba izanez gero ezarri beharreko gutxieneko zerbitzuak –langile-hornidurarekin zerikusia dutenak barne– zehazteko irizpideak finkatzen ditu. Besteak beste, honako hauek dira: epaitegietan eta Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundean guardia-eginkizunetan diharduten langileen % 100 hornitzea; dokumentuak jaso eta erregistratzea; premiazkotzat jotako jardunak edo Legeak aldez aurretik ezarritako epemuga egun horretan dutenak, baldin eta ez-betetze horrek eskubideak galdu edo kaltetzea ekar badezake berekin; kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriei eragiten dietenak, baldin eta, ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal badezakete edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzera badezakete; eta greba-egunerako ezarritako epaiketa, agerraldi eta antzekoak, baldin eta, etenez gero, kalte larriak eragin baditzakete, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta, edota etenaldi horrek eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta. Hori guztia ikusita, Gobernuko Agintaritzak agindu honetan zehazten diren gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu, auzitan dauden eskubideen ezinbesteko edukia bateragarri egiten saiatzeko.

Zerbitzu jakin batzuk ezinbestekoak dira funtsezko eskubide batzuk betetzen dituztelako, eta zerbitzu horiek mantendu ahal izateko, greba-eskubideari muga batzuk jarri behar zaizkio. Eta alor horretan eskumen esklusiboa gobernu-agintaritzak edukitzeak zera bermatzen du, muga horiek zuzenbidearen arabera ezarriko direla, eta, ezarri ere, gobernatzeko erantzukizuna eta ahalmena duenak baino ez dituela ezarriko.

Izan ere, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Dekretu-legearen 10.2 artikuluak honako hau xedatzen du: «Greba egiten denean edozein zerbitzu publiko edo onartuta dagoen eta geroraezina den beharrizaneko edozein zerbitzu eskaintzeko enpresetan, eta larritasun bereziko egoerak daudenean, gobernu-agintaritzak beharrezko neurriak hartu ahal izango ditu zerbitzuen funtzionamendua ziurtatzeko» eta «Gobernuak, era berean, horretarako beharrezkoak diren esku-hartzeko neurriak har ditzake».

Arau horretan –zeina konstituzionala den (Konstituzio Auzitegiaren 11/1981 Epaia, apirilaren 8koa [RTC 1981\11])–, Konstituzioaren greba-eskubideari buruzko 28.2 artikuluarekin bat etorriz, bertan honako hau ezartzen baita: «Eskubide horren erabilera arautzen duen legeak beharrezko bermeak ezarriko ditu erkidegoarentzako funtsezko zerbitzuen mantentzea ziurtatzeko», azken batean, gobernu-agintaritzari ematen zaio edozein motatako berme-neurri hartzeko, greba kasuan ezinbesteko zerbitzuei eusteko, eta hori egiteko neurrietako bat administrazio-ebazpenaren bidez jarduerari eusteko ezinbesteko gutxieneko zerbitzuak ezartzea da, eta lan-prestazioa eskaini behar duten langileei horiek bete ditzaten eskatzea.

Horregatik, Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Legegintzako Errege Dekretuaren 10.2 artikuluan aipatzen den prozedura bideratu da, eta, horrenbestez, Jaurlaritzaren erabakia doakien zerbitzuei eta langileei buruzko proposamenak egin ditzaten, greba deitu duten sindikatuei, idatziz, entzunaldia eskaini diegu: grebarako deialdia egin duen sindikatu-konfederazioari, herri-administrazioei, Euskal Autonomia Erkidegoko titulartasun publikoko enpresa eta erakundeei eta Confebask-i.

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.c) artikuluak ezartzen du Gobernu Batzordearen eskumena izango dela: «Euskadiko Herri Administrazioen zerbitzupeko langileen greba-kasuetan gutxieneko zerbitzuak bermatzeko behar diren neurriak hartzea, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak proposatuta eta aldez aurretik dagokion Administrazioen eremuko sindikatu esanguratsuenei galdetuta».

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen martxoaren 25eko 42/2011 Dekretuaren 4.2 artikuluak eskumena eman dio Sail horren titularrari Autonomia Erkidegoko ezinbesteko zerbitzuak bermatzeko neurriak ezartzeko, zerbitzu publikoak edo premia biziko eta atzeraezineko zerbitzuak eskaintzeko ardura duten enpresa, entitate edo erakundeetan eragina duten greba-eskubidea gauzatzen denean, betiere Lan Harremanei buruzko martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraikiz. Eskumen hori Jaurlaritzaren Kontseiluak eskuordetuta baliatzen da, ekainaren 11ko 139/1996 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrei egin zaien deialdiaren arabera 2012ko azaroaren 14an Justizia Administrazioan baliatuko den grebarako eskubidearen erabilera ondoren adierazten diren funtsezko prestazioen eta horiei dagozkien gutxieneko zerbitzuen mantentzera baldintzatuta egongo da:

● Guardia Zerbitzuaren berezko jardunak.

● Dokumentuak jaso eta erregistratzea.

● Premiazko gaiak organo judizialen artean banatzea.

● Legeak aldez aurretik ezarritako epea amaitzen zaien jardun guztiak, baldin eta ez-betetzeak eskubideen galera edo eskubideak kaltetzea ekar badezake berekin.

● Ondorengo egunetarako utziz gero, eraginkortasuna gal dezaketen edo norbait espetxetik ateratzeko eguna atzeratzea ekar dezaketen kautelazko, behin-behineko eta betearazpeneko neurriak.

● Instrukzioko edo prozesua bultzatzeko jarduera, baldin eta aurreko idatz-zatian aipatutako inguruabarretakoren bat gertatzen bada.

● 2012ko azaroaren 14rako deitutako ekitaldiak (epaiketak, agerraldiak eta abar), baldin eta etenez gero kalte larriak ekar baditzakete berekin, ondorenean egiteko zailtasunak direla-eta edo etenaldiak eragin litzakeen neurrigabeko kalteak direla-eta, besteak beste:

○ Zigor arloan, epaiketak edo apelazio-ikustaldiak, baldin eta tartean askatasunik gabeko pertsonak badaude edo urtebetetik gorako espetxealdia eskatzen bada.

○ Arlo zibilean, hartzekodunen batzarrak konkurtso-prozeduretan, eta oso behin-behineko neurriak.

○ Arlo sozialean, kaleratzeengatiko epaiketak.

○ Arlo guztietan, funtsezko eskubideen tutoretza-prozesuetan deitutako ekitaldiak, baldin eta etenaldiak azken ebazpena berandutzen badu.

● Epea amaitzen zaien lurperatze-lizentziak eta erregistro-inskripzioak.

● Itsasontzi-matxurekin, itsas protestekin eta errekisitoria-pertsonen egoera legeztatzearekin zerikusia duten jarduerak.

● Pertsonak barneratzea.

Bigarrena.– Aipatutako zerbitzuek beteko dituzte, lehentasunez, greba-eskubidea baliatzen ez duten langileek, agindu honetako eranskinean zehazten den bezala.

Kasu horretan, idazkari judizialei, fiskalburuei edo dagokion erakundeko buruari dagokio ezinbesteko zerbitzuak bete behar dituztenak izendatzea, baita gutxieneko zerbitzuak bete behar dituen funtzionarioak zer kidegotakoa izan behar duen zehaztea ere, halakorik zehaztu ez den kasuetan, dagokion organoaren berezko zereginaren barnean bildutako ezinbesteko zerbitzuak betez.

Hirugarrena.– Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta haiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena.– Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

Bosgarrena.– Agindu hau grebarako deialdia egin duten sindikatuei eta Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazio Sailari jakinaraziko zaie, bete dezaten.

Seigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 8a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala