Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4756

AGINDUA, 2012ko urriaren 9koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, irakasleak aldi baterako ordezkatzeko beharrak informatikoki estaltzeko prozedura arautzen da. Prozedura horretan, aldi baterako ordezkapenak esleitzen zaizkie irakasleen ordezkogaiei.

Ikasturtean zehar, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskadiko hezkuntza-sistema publikoko maila eta esparru guztietan sortzen diren irakasle-beharrak ase behar ditu.

Behar horiek askotarikoak izan daitezke, eta iraupen desberdina izan dezakete. Batez ere, ikasturte hasieran aurreikusitako eta esleitutako lanpostuetako pertsona titularrak ordezkatu behar direlako sortzen dira.

Orain arte, lurralde-ordezkaritzetako langileen sailen ardura izan da behar ziren lanpostuak betetzea. Horretarako, telefonoz deitzen zitzaien irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonei, libre zeudenak aurkitu arte.

Dena den, agindu honetan araututako prozeduraren bidez, partaidetza- eta esleipen-tresna informatikoak erabiltzen hasi nahi da. Antzera egin da langileak lehiatzeko beste prozesu batzuetan, eta, horietan bezala, teknologia-maila aurreratua duen gizarte baten eskaerei azkar eta egoki erantzuteko borondateari eutsi zaio. Gainera, horrelako tresnak erabiliz, gardentasun- eta publikotasun-berme guztiak daude.

Ondorioz, hemendik aurrera eta orain arte bezala, lurralde-ordezkaritzek gainbegiratuko dute langile-beharren arretaren kudeaketa. Hala ere, kudeaketa hori modu zentralizatuan egingo da, prozedura bakar baten bitartez. Prozedura horretan, lanpostu guztiak aldi berean esleituko dira, aldian behin; izan ere, egunero ere esleituko dira, behar izanez gero.

Arau honen oinarria Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa da. Akordio hori 185/2010 Dekretuak, uztailaren 6koak (uztailaren 16ko EHAA), onartu zuen, eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuko (7/2007 Legea, apirilaren 12koa) 37. artikuluan aurreikusitako negoziazio kolektiboaren ondorioz sortu zen.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia ere hartu da kontuan. Araudi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen (2012ko irailaren 11ko EHAA).

Kontuan hartu dira, gainera, Administrazio elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoak (martxoaren 9ko EHAA).

Prozeduraren oinarrizko elementua Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetako irakasleen ordezkogaien zerrenda da, oraindik ere.

Hain zuzen ere, birbaremazio-prozesua amaitutakoan hezkuntza-administrazioak argitaratzen duen zerrendak –bai eta, dagokionean, gerora ireki ostekoa ere– adieraziko du pertsona parte-hartzaileak zer ordenatan egongo diren, eta zer lanpostutan aritu daitezkeen ere bai; besteak beste, espezialitateen, hizkuntza-eskakizunaren, irakasgaien eta lanaldi-moten arabera.

Araudi honek zenbait bereizgarri ditu aurrekoarekin alderatuta. Esaterako, borondatezkotasun-printzipioa hartu da kontuan. Horrenbestez, sistemari esker, zerrendako pertsonek zer postu nahi dituzten aukera dezakete, beren interesen arabera, eta nahi duten ordenan jar ditzakete postuak. Hala ere, ez daude hasieratik behartuta eska ditzaketen postu guztiak eskatzera, nahiz eta haietarako baldintzak bete.

Eskakizun hori kasu hauetan egingo da: postu bat inork eskatzen ez duenean edo postu bat pertsona eskatzaile bati ere esleitzen ez zaionean. Kontuan izanda postu guztiak bete behar direla, arauak ezartzen du bete gabe geratzen diren postuak derrigorrez bete behar direla baldintzak bete dituzten pertsonen artean.

Parte hartzeko eskabidea formulario elektroniko baten bidez egiten da. Eskaera egin nahi duten pertsonek irakaslegunea ingurunetik egin behar dute. Ingurune horrek lanpostuak banaka grabatzeko aukera ematen du.

Lanpostuak bi modutan eska daitezke: lanpostu bakoitza zehatz-mehatz identifikatuz edo lanpostu bat baino gehiago multzokatuz, haien bereizgarri batzuk edo guztiak aukeratuta. Sistemak ezaugarri horiek dituzten lanpostuak taldekatuko ditu.

Edonola ere, eta pertsonek eskabide bat esleipen bakoitzeko bete ez dezaten, beren lehentasunak behin betikoak izatea aukera dezakete. Horrenbestez, aukera hori aktibo dagoen bitartean, esleipen-zerrendan argitaratzen diren eta adierazitako lehentasunen barruan sartzen diren postu guztiak eskatuko dituzte etengabe.

Arau honetan, iragarki-taula bateratuak azaltzen dira lehen aldiz. Irakaslegunea ingurunean daude. Iragarki-taula horiek prozeduraren tresna nagusietako bat izango dira. Izan ere, esleitu beharreko lanpostu-beharrak argitaratuko dira haietan, bai eta postu horiek zer pertsonari esleitu zaizkien ere.

Agindu honek biltzen dituen neurriak direla eta, beharrezkoa da protokolo bat ezartzea, ikastetxeen, hezkuntza-administrazioaren eta zerrendako pertsonen artean informazioa arintzeko. Horri esker, baliabide informatikoek prozeduran izan ditzaketen aukera guztiak erabil daitezke.

Azkenik, azpimarratu behar da, agindu honen bidez araututako prozedura berria ezartze aldera eta behar bezala erabil dadin, beharrezkoa dela aldi iragankor edo aldi pilotu bat ezartzea. Aldi hori beren-beregi arautuko da, ikastetxeen, ordezkapen-zerrendetako pertsonen eta hezkuntza-administrazioaren arteko interakzioa ahalik onena izan dadin alderdi guztientzat. Aldi hori gerora arautuko da; hain zuzen, elementu guztiak behar bezala zehazten direnean.

Eta horren ondorioz, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen xedea da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan irakasleen aldi baterako ordezkapen-beharrak estaltzeko prozedura informatikoa ezartzea. Prozedura horretan, aldi baterako ordezkapenak esleituko zaizkie irakasleen ordezkogaien zerrendetan dauden pertsonei.

Agindu honetan araututako prozedura ikasturtearen hasierako esleipen-prozesuan parte hartzen duten pertsonei soilik aplikatuko zaie, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2011ko uztailaren 15ean emandako Aginduan jasotako prozesua amaitu ondoren geratzen diren aldi baterako irakasle-beharrak asetzeko. Agindu horren bidez, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautu zen, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktikaldia egin behar duten lagunentzat eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideentzat.

2. artikulua.– Prozeduraren etengabeko izaera.

Prozedura hau etengabe erabiliko da, irakasleen aldi baterako beharrak dauden bitartean. Prozedura egunero egingo da, gutxienez ere.

3. artikulua.– Lanpostuak.

1.– Prozedura honen bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan irakasleen aldi baterako ordezkapen-beharrak estaliko dira, bai titularrik gabeko lanpostuak betetzeko, bai lanpostuen titularrak ordezkatzeko.

2.– Prozedura hau ez da aplikatuko zerrendaren funtzionamendu orokorretik salbuetsita dauden esleipenetan. Salbuespen horiek Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudiaren 36. artikuluan daude jasota. Araudi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen (2012ko irailaren 11ko EHAA).

Zirkunstantzia horietako bat egonez gero, ikastetxeak lurralde-ordezkaritzari jakinaraziko dio, eta handik, izendapenaren berri emango zaio pertsona interesdunari, telefonoz. Egun berean ezin bazaio jakinarazi, saioak egin direla idatziz jaso, eta lanpostua sistema orokorraren bidez beteko da.

3.– Halaber, prozedura hau ez da zenbait lanpostu esleitzeko erabiliko; hain zuzen, edukia edo berezitasunak direla medio deialdi publiko espezifiko baten bidez esleitu behar direnak esleitzeko.

4.– Lanpostu bereziak, argitaratutako zerrendan espresuki horrela deituak, eskaera zehatz gisa eskatzen direnean baino ez dira kontuan izango, eta ondorioz, ez dira kontuan izango eskaera generikoak garatzean eta nahitaezko eskaerak sortzean.

4. artikulua.– Parte-hartzaileak.

1.– Esleipen bakoitzean, irakasleen ordezkogaien zerrendan dauden pertsonek hartuko dute parte, baldin eta eskaera-aldia irekitzen denean libre badaude.

Agindu honen xedeetarako, pertsona hauek sartuko dira zerrendan: urteko birbaremazio-prozesua amaitutakoan zerrendan dauden pertsonak, baita zerrenda ordezkatzaileetan daudenak ere; eta gerora irekitako prozesuetan osatutako zerrendetan dauden pertsonak.

2.– Salbuespen gisa, lanpostua esleitzen den egunean libre egongo diren pertsonek ere esleipen-prozesuan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, beharrezkoa da egoera hori egiaztatzea eta lurralde-ordezkaritzari espresuki jakinaraztea, esleipenerako eskabideak egiteko epea hasi aurretik. Gainera, lurralde-ordezkaritzak ontzat eman beharko du egoera hori.

5. artikulua.– Lanpostuetan sartzeko baldintzak.

1.– Irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonek, lanpostu batean sartzeko, hartan jarduteko baldintza guztiak bete beharko dituzte, zerrenda horretan adierazitako aukeren arabera (espezialitatea, hizkuntza-eskakizuna, esparru geografikoa, lanaldi-mota, gor-mutuen hizkuntza, hirueletasuna eta lanpostuaren gainerako ezaugarriak).

Espezialitatearen arabera sartzeko, espezialitate bakoitzerako zehaztutako zerrendan edo zerrendetan egon beharko dute pertsonek, bai eta, dagokionean, adierazitako baldintzak bete ere. Espezialitateen zerrenda horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2011ko uztailaren 15ean emandako Aginduaren III. eranskinean daude jasota. Agindu horren bidez, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautu zen, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktikaldia egin behar duten lagunentzat eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideentzat.

2.– Hizkuntza-eskakizuna edo, beharrezkoa izan arren, prestakuntza pedagogikoa edo didaktikoa egiaztatu ez duten pertsonak lanpostuetan sartu ahal izango dira, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudian ezarritako baldintzak betetzen badira. Araudi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen.

3.– Atzerriko bi hizkuntza ematea eskatzen duen lanpostu bat betetzeko, lanpostuari dagozkion baldintza orokorrak betetzeaz gain, gutxienez hizkuntzen erreferentziako esparru komun euro­parraren B2 maila gainditu izana egiaztatu beharko da, ordu kopuru txikiena duen hizkuntzari dagokionez.

4.– Irakasleen ordezkogaien zerrendaren urteko birbaremazio-prozesuaren ondoriozko datu eta aukera pertsonalak hartuko dira kontuan. Datu eta aukera horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak argitaratuko ditu, eta behin betikoak izango dira. Zerrenda irekitzen den bakoitzean sartzen diren pertsonen datuak eta aukerak ere izango dira kontuan.

Ordezkogai batek birbaremazio-prozesua egin ondoren hizkuntza-eskakizuna eguneratzen badu, datu hori zerrendan eguneratzea eskatu ahal izango du. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudian ezarritako baldintzak eta epeak bete beharko ditu. Araudi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez onartu zen.

Araudian uko egiteko ezarritako ziorik egongo balitz, sortzen den unean bertan jakinarazi beharko litzateke. Edonola ere, esleipenerako eskabideak egiteko epea hasi aurretik jakinarazi behar dira. Salbuespen gisa, une horretatik lanpostuaz jabetzeko egunera bitartean aurreikusi ezin den egoeraren bat gertatzen bada –hau da, borondatezko ekintza baten ondorio ez bada–, ez da beharrezkoa izango baldintza hori betetzea.

6. artikulua.– Irakasle-beharren berri ematea.

Irakasle-behar bat estaltzeko, ikastetxeko zuzendaritza-taldeak behar hori jakinarazi behar dio dagokion lurralde-ordezkaritzako Langile Zerbitzuari.

Langileriaren Kudeaketa zuzendariak komunikazio-protokolo bat ezarriko du. Horretarako, ebazpen bat egingo du. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean argitaratuko da ebazpen hori, eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan ere bai.

Lurralde-ordezkaritzak ikastetxeetatik jasotako informazioa egiaztatuko du. Ondoren, lanpostuak zer egunetan esleituko diren zehaztuko du, aplika daitekeen araudian jasotako irizpideak kontuan hartuta.

7. artikulua.– Lanpostuak argitaratzea.

Egun jakin batean bete behar diren lanpostuak aurreko egun baliodunean argitaratuko dira iragarki-taula elektroniko bateratuan. Iragarki-taula hori irakaslegunea ingurunean dago.

Lanpostuen zerrendan, Euskal Autonomia Erkidegoko lanpostu guztiak adieraziko dira, or­denan. Lanpostu bakoitzaren elementu bereizgarriak jasoko dira, bai eta, dagokionean, lanpostu bereziaren izaera ere.

8. artikulua.– Eskabideak.

1.– Prozesuan parte hartzeko, irakaslegunea inguruneko eskabide elektronikoa bete behar da. Eskabide hori http://www.irakasle.net webgunean egin behar da.

Irakaslegunean sartzeko, parte-hartzaileek erabiltzailearen izena eta irakasleen posta elek­tronikoko pasahitza sartu behar dituzte. Posta elektroniko hori ez dutenek NAN zenbakia eta irakaslegunean sartzeko pasahitza sartu beharko dituzte. Sartzeko pasahitza ahaztuz gero, aipatu helbidean hori berreskuratzeko bidea aurki daiteke.

Administrazio elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuan, otsailaren 21ekoan, xedatutakoa betez, parte-hartzaileei eskabide elektronikoa egiteko aukera emate aldera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskabidea egiteko zenbait gune prestatuko ditu. Haietan, ordenagailu jarriko ditu, parte-hartzaileek erabil ditzaten.

Parte-hartzaileak aplikazioan lehen aldiz sartzen direnean, egun horretarako eskabidearen alta egingo dute.

Esleipen-egun bakoitzerako, pertsona bakoitzak eskabide bat egin dezake. Eskabide horretan, nahi dituen lanpostuak aukera ditzake, eta egokitzat jotzen duen ordenan, lanpostuak edozein hezkuntza-mailatakoak direla ere.

2.– Eskabidean, datuak sartzeko, 500 lerro erabil daitezke, gehienez ere, I. eranskinean azaltzen den formatuan. Lerro horietako bakoitzean, zein lanpostutarako aukera izan nahi den idatziko da, bi era hauetako bati jarraikiz idatzi ere:

a) Eskaera zehatza, argitaratutako zerrendan lanpostuak zer ordena-zenbaki duen adierazten bada. Lanpostu bakarra da.

b) Eskaera generikoa, lanpostuen ezaugarri definitzaileei buruzko eremu bat edo batzuk betetzen badira (lurralde historikoa, bilgunea, udalerria, ikastetxea, taldea, espezialitatea, hiz­kuntza-eskakizuna, derrigorrezkotasuna, lanaldi mota, ibiltaritza, berezia). Eskaera hauen bidez, erabilitako eremuari edo eremuei dagozkien lanpostu guztiak eskatzen dira, eskatzaileak horiek eskuratzeko baldintzak betetzen baditu.

Ordezkogaiek eskaera zehatzak zein generikoak egin ditzakete beren eskabidean.

3.– Lerro bakoitzaren hasieran agertzen den eskaera-zenbakiak zehazten du lerro horietako bakoitzak aipatzen duen lanpostuaren edo lanpostuak zer ordenatan hartuko diren kontuan.

4.– Eskabideak egiteko epea Langileriaren Kudeaketa zuzendariak zehaztuko du, 6. artikuluan aipatutako Ebazpenean.

5.– Eskabidearen alta eman ondoren, irekita egongo da eta edozein unetan alda daiteke, aurkezteko epea zabalik den artean. Sartutako datuak zirriborro-formatuan inprima daitezke.

6.– Eskabidea automatikoki itxiko da eskabideak egiteko epea amaitzean. Hots, ordura arte grabatutakoa hartuko da kontuan. Eskabidea itxi ondoren, ezingo da inolako aldaketarik egin, eta parte-hartzaile bakoitzak inprimaki bat eskuratu ahal izango du erregistratutako aukera eta eskaerekin.

9. artikulua.– Eskabide iraunkorra.

Irakasleen ordezkogaien zerrendako pertsonek beren lehentasunak modu iraunkorrean adierazteko aukera izango dute. Horretarako, eskabide zehatz bat egin beharko dute irakaslegunean.

Aukera hori aktibatu ondoren, eta aktibatuta dagoen bitartean, pertsonak egiten diren esleipen guztietan hartuko du parte, bere eskabidean adierazitako baldintzetan.

Eskabide iraunkorra edozein unetan desaktiba daiteke.

10. artikulua.– Baliozkotzeak.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, sartutako datuak egiaztatuko ditu sistemak, eta, hala badagokio, ez ditu onartuko lanpostuak lortzeko baldintzaren bat betetzen parte-hartzaileen eskaerak.

Elementu inkoherenteak dituzten eskaerak, edo deitu ez diren lanpostuei buruzkoak ere ez dira onartuko.

Eskabidea ezingo da aldatu eskaerak baliogabetu izanaren ondorioz.

11. artikulua.– Eskaera generikoak garatzea.

Eskaera generikoak modu informatikoan garatuko dira barne hartzen duten lanpostu-multzoan, eta, hortaz, horiek guztiak hartuko ditu eskabideak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2011ko uztailaren 15ean emandako Agin­duaren 13. artikuluan ezarritako irizpideak hartuko dira aintzat. Agindu horrek ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzen du, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktikaldia egin behar duten lagunentzat eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideentzat.

12. artikulua.– Lanpostuak esleitzea.

1.– Lanpostuak esleitzeko ordena zehazteko, esleitu beharreko postuaren zona edo lurraldea aukeratu duten ordezkogaien artean erreferentzia den ikasturteari dagokion zerrendan ordezkogaiek duten posizioari begiratuko zaio.

Espezialitate batean zerrenda bat baino gehiago baleude, zerrenda horiek ordenatu beharko lirateke. Zerrendak ordenatzeko irizpideak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudian ezarrita daude, oro har.

Pertsona bakoitzari bere eskabideko lehen postu librea eta balioduna emango zaio. Eskaera zehatzak eta eskaera generikoak hartuko dira kontuan.

2.– Hala ere posturen bat bete gabe geratuko balitz, nahitaez esleituko luke sistemak. Hain zuzen, ordezkagaien zerrendan beren aukeren artean esleitu beharreko postuaren zona edo lurraldea duten ordezkagaien artean esleituko du, nahiz eta postu horretarako eskabidea egin ez, eta, betiere, postu horretan aritzeko baldintzak betetzen badituzte.

Esleipen-ordena zerrenden lehentasunaren arabera zehaztuko da. Lehentasuna Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 5. artikuluan dago ezarrita. Agindu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartu zuen. 1. kidetasuna duten pertsonei esleituko zaie lehenik, azkenetik lehenera, eta ondoren, 2. kidetasuna dutenei, ordena berean.

Postu bat baino gehiago geratzen badira betetzeke, argitalpen-zerrendan zuten ordenan esleituko dira.

Borondatezko eskabideen bidez bete gabe geratzen diren lanpostu bereziak ez dira nahitaez esleituko. Lanpostu horiek hurrengo eguneko zerrendan sartuko dira eta, orduan ere betetzen ez badira, lurralde-ordezkaritzak esleituko ditu derrigorrez, telefonoz, zerrendako ordenari jarraituz.

13. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Lanpostuen esleipenaren emaitza irakasleguneako iragarki-taula elektroniko bateratuan argitaratuko da.

Gainera, onartu ez diren eskabideen zerrenda ere argitaratuko da. Eskabideak ez onartzeko arrazoia pertsona interesdunek parte hartzeko edo lanpostuetan aritzeko baldintza orokorrak ez betetzea da.

Behin-behineko ebazpena argitaratzen den unetik aurrera, parte hartzeko benetako baldintzak jasotzen dituen inprimaki bat eskuratu ahal izango da; hots, zer eskaera eta aukera onartu diren eta zein baztertu diren.

2.– Lanpostu bakoitza esleitu ostean, pertsona interesdunari zein ikastetxeari jakinaraziko zaie, telefono-mezu baten bidez (SMS) edo posta elektronikoz.

3.– Prozesuaren ebazpenaren kontra, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzu sailburuordeari, hilabeteko epean.

14. artikulua.– Ondorioak/Ukaezintasuna.

1.– Ordezkoa lanpostua esleitu eta hurrengo egunean hasiko da lanpostuan, eta behar-egoera amaitzean, pertsona titularra lanean berriro hastean edo, edozein kasutan, ikasturtea amaitzean amaituko da.

Izendapena baliozkoa izan dadin, ordezkoak lanpostuaz jabetu beharko du.

2.– Salbuespenak salbuespen, ezin zaie esleitutako lanpostuei uko egin. Salbuespenak zerrenda kudeatzeko arauetan jasotako uko egiteko zioak dira. Hala ere, zio horiek aurreikusi ezin diren egoeren ondorio izan behar dute, eta ez dira izango alegatzen dituen pertsonak nahita egindako ekintzaren baten ondorio. Gainera, esleipen-egun bakoitzeko eskabidea egiteko epearen hasiera-egunetik lanpostuaz jabetzeko egunera bitartean sortu behar dute zio horiek.

3.– Aurreko atalean aipatutako egoeran ez dauden pertsonak, lanpostuari uko egiten diotenak eta esleitutako lanpostuan hasten ez direnak zerrendatik kanpo geratuko dira. Horren ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak berriro esleituko dira.

4.– Pertsona interesdunak zein ikastetxeko zuzendaritzak egiaztatzen badute esleipendunak ez duela esleitutako funtzioa egiteko gaitasuna, kasu horretarako aurreikusita dagoen protokoloa jarriko da martxan. Protokolo hori jasota dago Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako irakasleen ordezkogaien zerrenda kudeatzeko arauetan.

15. artikulua.– Datu pertsonalen erabilera.

Parte-hartzaileen datu pertsonalak agindu honetan araututako prozesua kudeatzeko bakar-bakarrik erabiliko dira, eta, horretarako, datu pertsonalen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa zuzendaria da fitxategi honen arduraduna, eta beraren aurrean atzitzeko, aldatzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dira (Donostia 1, 01010 Gasteiz).

Parte-hartzaileek onartzen dute izaera pertsonaleko norberaren datuak agindu honetan zehaztutako eran eta helbururako tratatuak izan daitezen, baita Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian, irakaslegunean eta Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako iragarki-oholetan argitaratzea ere, baina prozesua honi dagozkion izapideei dagokienez soilik betiere. Halaber, baimena ematen diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari haren artxiboetan beraiei buruzko bestelako informazioa ere erabiltzeko, baldin eta prozesurako aproposa bada.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak izapidetze osoan zehar zainduko du Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Izaera Per­tsonaleko Datuen Fitxategien eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoa.

XEDAPEN IRAGANKORRA.- Prozedura ezartzea.

Gaitasuna ematen zaio Langileriaren Kudeaketa zuzendariari Ebazpen baten bidez Agindu honetan araututakoa ezartzeko prozedura eta egutegia jartzeko. Plangintza Batzorde Teknikoak aztertu eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren webgunean argitaratuko du Ebazpen hori.

Prozedura ezartzeko epea Agindu hau argitaratu ondoren hasi eta urtebetekoa izango da, gehienez ere.

Edonola ere, aldi baterako beharrak estaltzeari dagokionez, lurralde historikoa baino txikiagoak diren zona geografikoak ez dira oraindik ezarriko. Izan ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Agindua (2012ko irailaren 11ko EHAA) argitaratu ondoren, birbaremazio-prozesua ebatzi behar da. Eta ondorioak 2012-2013 ikasturterako esleitutako lanpostuetarako izango dira.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urriaren 9a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala