Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4166

AGINDUA, 2012ko irailaren 3koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bitartez, batetik, kudeaketa-plan bat ezartzen da, saiakuntza gisa, Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko Anarri Tontorraren artean kokatzen den eremuan lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko, eta, bestetik, zenbait debeku ezartzen da lanpernak biltzeko.

Itsas arrantzari buruzko martxoaren 13ko 6/1998 Legeko 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, itsas jarduna antolatu eta arautzeko finkatzen diren neurriek, jasagarritasuna oinarri dutela, itsas baliabideak babestera eta kontserbatzera joko dute, eta itsasaldeko komunitateak garatzera. Halaber, lege horretako 6. artikuluaren arabera, itsas baliabideen ustiapena egokia eta arrazoizkoa izateko, baliabideok legez baimendutako bitartekoak eta aparailuak erabiliz ustiatu behar dira, eta oreka jasagangarria bermatu behar da jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babes eta kontserbazioaren artean.

Premisa horietatik abiatuz, eta kontuan izanik lanpernak (Pollicipes pollicipes) Euskal Autonomia Erkidegoko kostan bizi duen egoera zaila dela, Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak aintzat hartu zuen baliabide hori ustiatzeko kudeaketa-planak erabiliz ezarriko zen sistema baten komenigarritasuna.

Ekimen horri erantzunez, Azti-Tecnalia Fundazioak zera aurkeztu zuen: «Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko planen aplikazioan bideragarritasuna aztertzeko saiakuntza-proiektua». Bertan, saiakuntza-esperientzia egiteko eremu gisa Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertza finkatu zen.

Lanperna ustiatzeko kudeaketa-planen bidez, arrantza-jarduna dibertsifikatzeko aukerak zabaldu nahi dira Euskal Autonomia Erkidegoan artisau-arrantzan diharduten ontzientzat, eta, hala, bateragarri egin errentagarritasun ekonomikoa eta itsasoko baliabide eta ekosistemen kontserbazioa. Kudeaketa-planak egiterakoan, kontuan izan da beste autonomia-erkidego batzuen esperientzia.

Proiektuan gomendatzen zenez, hautatu den eremua lanperna-bilketarako itxita eduki beharra zegoen, gutxienez bi urtean, ustiapen-planari ekin aurretik, behar-beharrezkoa baitzen, neurriz gaineko ustiapena zela eta, lanpernaren biomasa berreskuratzea. Horretarako, beharrezko arauak eman ziren, eta, eremu horretan, areagotu egin zen zaintza eta kontrola, ezkutuko arrantza eragozteko.

Eremua itxi zenetik 16 hilabete igaro ondoren, proiektuaren helburua baliabidea ebaluatzea izan zen, eta, lortutako emaitzen arabera, argi geratu zen baliabidea nabarmen berreskuratu zela, eta bazegoela 2012ko urrian berriro ere lanperna-bilketari ekiterik, hartarako kudeaketa-plan landu ondoren.

Lehen aipatutako saiakuntza-proiektuari jarraituz, agindu honen xedea da kudeaketa-plan bat onartzea, saiakuntza-esperientzia gisa eta behin-behinekoz (2 urte), Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko Anarri Tontorraren arteko eremuan lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko. Planean, bere horretan eusten zaio lanpernak biltzeko debekuari, bai kirol-arrantzan aritzen direnen kasuan, bai kudeaketa-planean aurreikusitako lizentziarik ez duten arrantzale nahiz itsaskilari profesionalen kasuan.

102/1997 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren bidez, itsaski-espezieen debekualdiak eta gutxieneko neurriak biltzen dituen taula orokorra finkatzen da, eta, gainera, eskumena ematen zaio arrantzako eskumena duen sailburuari debekualdien eta neurrien taula orokorra aldatzeko, espezieen kopurua handitzeko edo txikitzeko, eta bilketarako denbora, modua eta tokia finkatzeko, betiere kasuan kasuko txosten eta irizpen teknikoen ondotik. Ahalmena ematen zaio, halaber, beharrezko xedapen eta arauak onartzeko.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko Anarri Tontorraren artean kokatzen den eremuan lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko kudeaketa-plana onartzea, saiakuntza-esperientzia gisa eta behin-behinekoz. Agindu honen I. eranskinean jasota dago kudeaketa-plan hori.

Bigarrena.– Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko Anarri Tontorraren artean kokatzen den itsasertzean lanpernak (Pollicipes pollicipes) biltzeko debekua ezartzea bai kirol-arrantzan aritzen direnentzat, bai I. eranskineko kudeaketa-planean arautzen den lizentziarik ez duten itsaskilari eta arrantzale profesionalentzat. Debekuak kudeaketa-planaren indarraldi osoa iraungo du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena. – Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan ezarritakoa betetzeko behar diren neurriak har ditzan.

Bigarrena. – Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahal izango dute interesdunek Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 3a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

ERANSKINA
lanpernaREN ustiaPENA KUDEATZEKO saiakuntza-plana: DONOSTIAKO IGELDOKO ITSASARGIAREN ETA ORIOKO ANARRI TONTORRAREN ARTEAN KOKATZEN DEN ITSASERTZA

1.– Ustiatu daitekeen espeziea.

Lanperna da (Pollicipes pollicipes) ustiatu daitekeen espeziea.

2.– Ustiapen-eremuak.

Ustiapen-eremua Donostiako Igeldoko itsasargiaren eta Oriko Anarri Tontorraren arteko itsasertza da.

3.– Jardueraren baldintzak.

3.1.– Lizentzia.

Plan honetan zehazten den eremuan lanpernak biltzeko, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak aldez aurretik emandako lizentzia behar da.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, egiten diren azterketen arabera baliabideak zer egoera duen kontuan izanda, muga bat ezarriko dio kanpaina bakoitzean gehienez eman daitekeen lizentzia-kopuruari.

Lizentzia arrantza-ontziari emango zaio, eta hartan izena emanda daudenak baino ezin ibili ahal izango dira lanpernetan; gehienez ere 3 lagun izango dira. Horregatik, jakinarazi egin beharko dira haien izenak, baita lanpernak biltzeko gaituta daudenen zerrendak izaten dituen aldaketak ere.

Lizentziak kanpaina bakoitzeko emango dira, azaroaren 1etik martxoaren 31ra, eta haien indarraldia bilketa-kanpainak iraun artekoa izango da, edo, bestela, urteko bilketa-kuotara iritsitakoan amaituko da.

3.2.– Lizentzia lortzeko bete beharrekoak:

a) Eskaera Gipuzkoako Arrantzaleen Kofradien Federazioaren bitartez egingo da, interesdunek hala erabaki ondoren.

b) Arrantza-ontziak inskribatuta egon beharko du lehorreratzea edo lehenengo salmenta egingo duen arrantzale-kofradian, aparailu txikiko arrantzaren erroldan.

c) Arrantza-ontziak sartuta egon beharko du egokitzen den urteko ustiapen-planean.

d) Eskifaiko kideek izena emanda egon beharko dute lanpernak biltzeko lizentzia eskuratu nahi duen arrantza-ontzian.

4.– Gehieneko ustiapen-kuota.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, bildutakoaren eta baliabidearen jarraipena egiteko kanpainan lortzen diren emaitzen arabera, urteko gehieneko ustiapen-kuota bat eta eguneko gehieneko ustiapen-kuota bat ezarriko ditu, lizentzia bakoitzerako.

Urteko gehieneko ustiapen-kuotara heldutakoan, ustiapen-eremua itxi egingo da lanperna-bilketarako, eta debekatuta geratuko da han lanpernatan ibiltzea.

Lizentzien titularrek, orobat, ezin izango dute eguneko bilketa-kuota gainditu, eta lanpernak biltzeari utzi egin beharko diote kuota horretara iritsitakoan.

5.– Debekualdia eta biltzeko aldia.

Debekualdia: hautatu den ustiapen-eremurako, honako hau izango da, etenik gabe, debekualdia: apirilaren 1etik urriaren 31 arte.

Biltzeko aldian urteko gehieneko kuotara iritsiz gero ere hasi egingo da debekualdia.

Biltzeko aldia: Biltzeko aldia azaroaren 1etik martxoaren 31 arte izango da. Gehieneko bilketa-kuotara iritsitakoan, hasi egingo da debekualdia, eta debekatuta geratuko da ustiapen-eremuan lanpernatan ibiltzea.

6.– Gutxieneko neurria.

Lanpernak (Pollicipes pollicipes) bildu ahal izateko, 40 mm izan behar ditu, gutxienez, ale bakoitzak. Horretarako, kontuan hartuko da lanpernak, tenkatu gabe dela, zer luzera duen guztira (L) kapituluaren ertzetik pedunkuluaren oinarrira.

Biltzerakoan lanpernak «multzoan» ateratzen badira, gutxieneko neurri horretara heldu beharko dute, gutxienez, multzo bakoitzaren pisuaren %60 osatzen duten aleek.

7.– Bilketarako metodoak eta baldintzak.

Bilketa itsasgora eta itsabeheraren arteko eremuan egingo da, arrantza-ontzi bidez.

Arrantza-ontzi bidezko itsaski-bilketa egunez bakarrik egin ahal izango da, itsasgora eta itsasbeheren mailaren arabera: eguneko itsasbehera baino bi ordu eta erdi lehenago hasiko da, eta itsasbehera izan eta ordu eta erdira bukatuko da.

Debekatuta dago lanpernak larunbateko 14:00etatik igandeko 24:00etara biltzea, baita jaiegunetan biltzea ere.

Lanpernak biltzeko, arraspak erabiliko dira, eta debekatuta dago, berariaz, murgilean egiteko tresneria edo sistemak erabiltzea edo edukitzea.

Arrantza-ontzi bakoitzak ezarri den kontrol-puntu ofizialera eraman beharko du bildu duena. Han, pisatu egingo da, eranskin honen 9. puntuan zehazten den moduan.

Bildutakoa puntu baimenduetan pisatuko da, bilketa egin den eguneko itsasbeheraren ondorengo lau orduetan.

8.– Aldi berean biltzea.

Lizentzia indarrean den bitartean, kudeaketa-planean sartutako arrantza-ontziek, lanpernak biltzeaz batera, beste espezie batzuk ere harrapatu ahal izango dituzte, aparailu txikiak erabilita.

9.– Bildutakoaren jarraipena.

Biltzen denaren jarraipena zuzen egite aldera, bi puntu izendatuko dira bildutakoaren berri emateko. Arrantza-ontzi bakoitzak horietakoren batera eraman beharko du, pisatu dezaten, bildutakoa. Atera diren lanperna guztiak pisatuko dira.

Puntu horietako bat Getariako Arrantzaleen Kofradian kokatuko da, eta bestea, berriz, Donostiako Arrantzaleen Kofradian.

Egunean bildu dena pisatu ondoren baino ezin izango dira lanperna txikiak garbitu eta lanperna-multzoak tamaina txikiagotan banatu. Bilketa egin den eguneko itsasbeheraren ondorengo lau orduetan pisatuko da bildutakoa.

Bildutakoa pisatuta lortzen den emaitza arrantzako egunkari batean jasota utzi beharko da. Egunkaria kontrol-puntuan zigilatuko da, eta, kanpaina amaitutakoan, AZTI Tecnaliara bidaliko da.

Egunkarian, jasota utziko da, gainera, Donostiako Igeldoko Itsasargiaren eta Orioko Anarri Tontorraren arteko itsasertzean zer tokitan bildu diren, egunean egunean, lanpernak.

Aldi berean, bildutakoaren laginketa biologikoa egingo da, lanpernen neurri eta pisuari buruzko informazioa jasota uzteko.

10.– Baliabidearen jarraipena.

Biltzeko aldia amaituta, baliabidearen egoeraren jarraipena egingo da, AZTI Tecnaliak ezartzen duen metodologiari jarraituz. Horretarako, baliabidearen populazioari dagozkion parametro batzuk neurtuko dira (dentsitatea, biomasa, neurrien egitura, eta abar) aztergai den itsasertzeko hainbat puntutan, eta lortutako emaitzak alderatu egingo dira bai aztergai den eremuan baliabidearen jarraipena egiteko aurreko kanpainetan lortu ziren emaitzekin eta bai Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzean AZTI-Tecnaliak jarraipena egiten duen beste puntu batzuetan lortzen diren emaitzekin.

Baliabidearen eta bildutakoaren jarraipena eginda zer emaitza lortzen den ikusi, eta adierazleek horretarako aukera badela erakusten badute, kudeaketa-plan bat egingo da, berariaz, hurrengo bilketa-kanpainarako.

11.– Arau-hausteak.

Kudeaketa-plan honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak lizentzietan edo kudeaketa-plana garatzeko ebazpenetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, zehapenak ezarriko dira, aplikatzekoa den arrantza-araudiaren arabera.

12.– Lizentzia ezeztatzea eta etetea.

Lizentzia ezeztatu egingo da titularrak eman zitzaionean bete behar zituen baldintzak betetzeari uzten badio.

Lizentzia ezeztatu egingo da, orobat, aurreko artikuluan zehaztutako bi arau-hauste edo gehiago eginez gero.

Kasu horretan, titularrak ezin izango du hurrengo kanpainetarako lizentziarik lortu, ez lizentzia jaso zuen arrantza-ontzirako ez jabetzan duen beste edozein arrantza-ontziren baterako.

Era berean, lizentzia 11. artikuluan zehaztutako arau-hausteak egin direlako ezeztatzen bada, kanpaina horretan ez zaio inongo arrantza-ontziri beste lizentziarik emango ezeztatuta edo etenda gelditu den lizentziaren ordez.

Lizentzia ezeztatzeko espedienteen izapideak egin bitartean, lizentzia etenda uzteko kautela-neurria hartu ahal izango da.

13.– Kudeaketa-plana etetea.

Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, arrazoitutako ebazpen bidez, kudeaketa-plana eten, eta planaren ustiapen-eremuan lanpernak biltzea debekatu ahal izango du, hala egitea komeni dela irizten bada espezieen kontserbazio-egoerari eta jasangarritasunari eragiten dioten inguruabarrak zein diren kontuan izanda.

14.– Habilitazioa.

Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari lanpernak ustiatzeko plan hau aplikatzeko eta garatzeko behar diren neurriak har ditzan.


Azterketa dokumentala