Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
4164

162/2012 DEKRETUA, abuztuaren 21ekoa, «Ibarratik Misio Taldea ONGD» elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Ibarratik Misio Taldea ONGD» elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.

«Ibarratik Misio Taldea ONGD» elkartea 2005eko maiatzaren 26an eratu zen, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Araubide Juridikoaren zuzendariaren 2005eko ekainaren 29ko Ebazpenaz inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/G/12011/2005).

Elkarteak batik bat Ibarrako udalerrian (Gipuzkoa) garatzen du bere jarduera.

Eratu zenetik, «Ibarratik Misio Taldea ONGD» elkarteak bere helburua lortzeko behar diren ekintza guztiak egiten ditu. Hau du helburu nagusia: garapen bidean dauden herrialdeetan gizarte-eraldaketa gertatzen dela zaintzea, eta, hartarako, gizartea eraldatzeko lankidetza-proiektuak gauzatzea.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Aipatu 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu baten bidez aitortuko du elkartea onura publikokoa dela. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek (gaiaren arabera) eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientearen instrukzioa egin da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko abuztuaren 21ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Ibarratik Misio Taldea ONGD» elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/12011/2005 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abuztuaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala