Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4163

AGINDUA, 2012ko irailaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko laguntza-bideetara dei egiten duena (EIMA 2.0).

Urteak daramatza Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak euskarazko ikasmaterialgintza bultzatzen. Hezkuntza eta Kultura Sailaren uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak bere seigarren artikuluan dioena garatuz, abuztuaren 1eko Aginduak (1983ko abuztuaren 19ko EHAAn) honela zioen bere 6. artikuluan: «Hezkuntza eta Kultura Sailak behar diren neurriak hartuko ditu ikasmateriala dela medio euskarazko ikasketek ikasleari gastu gehigarririk ekar ez diezaioten. Beharrezko baliabideak ezarriko ditu, ondorioz, irakasmaila eta jakintzagai desberdinetan geroz eta neurri beteagoan euskarazko ikasliburu eta gainerako ikasmaterialak sorrarazteko, eta berorien prezioa erdal ikasmaterialek dutenaren antzekoa izan dadin segurtatuko du».

Xede horren ildotik EIMA programa eratu zuen Sailak eta, urterik huts egin gabe, hainbat deialdiren bidez garatu du bere jarduna. Honela eratu ziren EIMA I, II, III eta IV deialdiak, zein bere eginkizunaz. EIMA II eta III deialdien bidez eman dira, hain zuzen ere, euskarazko materialak euskarri elektronikoan sortzeko diru-laguntzak.

Teknologia-berrikuntzak aurrera egin duelarik, oinarri digitaleko materialak indartuz eta zabalduz joan dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Eskola 2.0 proiektua jarri du martxan. Proiektuaren helburua ikastetxeetan IKTek ikas- eta irakas-prozesuetan eskaintzen dituzten aukerak garatzea da. Proiektuaren aurreikuspenen arabera, pausoz pausoko planaren bidetik ordenagailu eramangarriak eta arbel digitalak eskainiko zaizkie ikasleei eta ikasgelei, irakasleak IKTetan trebatuko dira eta eduki digitalak sortzea bultzatuko da. Jakinekoa da tresna digital berriak Europar Batasunean hezkuntza-erreferentzia diren oinarrizko gaitasunak garatzen lagun dezaketela.

Ikastetxeen eskura jarritako ikasmaterial digitalen eskaintza osatzeko eta horien beharra asebetetzeko, EIMA II eta EIMA III programak berregokitzea erabaki da, Eskola 2.0 proiektuaren helburuetan oinarrituta. EIMA 2.0 da berregokitze horren emaitza.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea zera da: euskarazko ikasmaterial digitalak, oinarrizkoak zein osagarriak, prestatzeko eta hezkuntza-komunitatearen eskura jartzeko diru-laguntzak arautzea eta horietarako dei egitea. Unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak hartzen ditu deialdi honek kontuan. Helburu nagusia arlo horretan irakaskuntzan dagoen hutsunea betetzea da eta ikasle-irakasleei beren jardunerako ikasmaterialak eskaintzeko bideak jartzea.

II. KAPITULUA
DIRU BALIABIDEAK

2. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honek berrehun eta hogeita bost mila (225.000) euroko diru-kopurua du: ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euro 2012ko aurrekontuan eta, ehun eta hamabi mila eta bostehun (112.500) euroko konpromiso-kreditua 2013an.

2.– Deialdira aurkezten diren proiektuak bi multzotan banatuko dira: batetik, Creative Commons Aitortu-Ez Komertziala-Partekatu Berdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0) lizentziapean egitekoak diren ikasmaterialak eta, bestetik, produkzio-etxeen jabetzakoak izango direnak. Aurrekontuaren % 30 Creative Commons lizentziapean egindako lanentzat izango da eta % 70 produkzio-etxeen jabetzako materialgintzarako.

Halere, multzo batean aurreikusitako diru-kopuru osoa esleitzen ez bada, soberakina beste multzora pasako da.

3. artikulua.– 1.– Deialdi honetako diru-laguntzak lehiaketa bidez erabakiko dira. Laguntzak esleitzeko prozedura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa orokorra izango da, eta beraz, laguntzak ematea aurkeztutako proiektuen arabera egingo da, II. eranskinean xedatutako balorazio-irizpideak aplikatuz horien arteko lehentasunak ezartzeko. Laguntzak puntuazioaren goitik beherako ordenan emango dira, 2. artikuluan aurreikusitako diru-dotazioa agortu arte haren 2. puntuko baldintza betearaziz.

2.– II. eranskinean ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak diru-laguntzarik gabe geratuko dira.

3.– Gutxieneko puntuazioa lortu baina dirua agortu delako diru-laguntzarik gabe geratu diren proiektuekin ordezko zerrenda egingo da, artikulu honetan zehazten den prozeduraren arabera. Ebazpena jakinarazi ondoren uko egindako diru-laguntzetatik etor litekeen dirua ordezko zerrendan geratu diren proiektuei esleituko zaie, hurrenkera zainduz.

III. KAPITULUA
DEIALDIAREN KUDEAKETA ORGANOA ETA JARRAIPEN BATZORDEA

4. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

2.– Berariazko Jarraipen-batzordea arduratuko da deialdi honen harian diru-laguntza aginduta duten proiektuen jarraipena egiteaz, laguntza agindu eta, proiektua burutu ondoren, ordainketa egin arte.

3.– Jarraipen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

– Euskara Zerbitzuaren burua.

– EIMA 2.0-ko teknikaria, idazkari.

4.– Jarraipen-lanaren inguruan sortutako gertakarien onarpena ere Jarraipen-batzordearen esku geratzen da.

5.– Berari dagokio, orobat, hasieran agindutako laguntzan kopuru-aldaketarik egiteko motiborik dagoen aztertzea eta, laguntza-onuradunari entzunaldia eskaini ondoren, Hezkuntza sailburuordeari hartarako proposamena egitea.

6.– Batzorde honen aholkulari gisa, jakitun beregain edo profesionalak kontuan hartu ahal izango dira.

IV. KAPITULUA
DEIALDIRA BIL DAITEZKEEN IKASMATERIALAK

5. artikulua.– 1.– Euskara hutsean prestaturik dauden ikasmaterial digitaletara mugatzen da laguntza-deialdi hau. Gaur egun indarrean dauden unibertsitate aurreko irakasmailetarako ikasmaterialak, oinarrizkoak zein osagarriak, hartuko ditu kontuan aurtengo deialdi honek.

2.– Produkzio bat euskal jatorrikotzat hartua izateko, testuak euskaraz prestatua eta idatzia egon behar du. Jabetza pribatuko ikasmaterialen kasuan, lehen argitalpena euskaraz bakarrik egingo da eta hurrengo 12 hilabeteetan ez da beste inolako hizkuntzatan argitaratuko.

3.– Deialdira aurkezten diren ikasmaterialak bi eratakoak izan daitezke: batetik, Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0) lizentziapean egitekoak diren ikasmaterialak eta, bestetik, produkzio-etxeen jabetzakoak izango direnak. Eskabide-orrian zehaztu beharko da zein eratako ikasmateriala izango den. Ezin da ikasmaterial bera bi eratara aurkeztu.

4.– Ikasmaterial digital berrietarako prestaturik dago laguntza-deialdi hau. Egokitu edota berritutako ikasmaterial zaharrak ez dira, beraz, deialdi honen bidez diruz lagunduko.

5.– Deialdi honetara bildu nahi duten norbanako zein produkzio-etxeek honako arlo eta etapa hauetakoren bati buruzko ikasmateriala egin beharko dute:

a) Haur eta Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Esparruko Heziketa Zikloak edota Batxilergoko jakintzagaiak (derrigorrezkoak nahiz aukerakoak) lantzekoak.

b) Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko ikasmaterialak. Ikasmaterialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoak neurtzeko eta diagnostikatzeko balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.

c) Helduen Hezkuntzarako ikasmaterialak.

d) Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak.

e) Musika-irakaskuntzan erabiltzeko ikasmaterialak.

f) Hezkuntza Berezirako ikasmaterialak.

6.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, indarrean dagoen curriculumera egokitu behar dute ikasmaterialek.

V. KAPITULUA
LAGUNTZA JASOTZAILEAK

6. artikulua.– Beharrezko lege-nortasuna duten norbanako edo enpresa moduko produktoreak izan daitezke laguntza-jasotzaile. Laguntza- deialdi honetara ezin bildu ahal izango dira, partez edo osoz, herri-aginteak, zuzenbide pribatuko herri-aginteak edota herri-aginteen parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuak.

7. artikulua.– Ikasmaterialaren alderdi didaktiko-pedagogikoa egingo duen lan-taldeko partaideek euskarazko C1 maila badutela ziurtatu beharko dute. Azaroaren 9ko 297/2010 Dekretuak finkatzen ditu euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluen eta ziurtagirien arteko baliokidetzak eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzen ditu.

8. artikulua.– 1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean eduki behar ditu laguntza-eskatzaile orok.

Deialdiaren kudeaketa-organoa arduratuko da eskatzailea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharretan egunean dagoela ziurtatzeaz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duenak, arautzen duen bezala. Kudeaketa-organoak ez du eskatzailearen baimenik beharko datu horiek ziurtatzeko eta behar beste alditan egingo du. Zergak Nafarroako Ogasunean ordaintzen dituzten produktoreen kasuan, ordea, aurkeztu egin beharko da zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria.

2.– Eskatzaileak aukera du eskabide-orriaren bidez berariazko baimena emateko laguntza kudeatzen duen organoari, gainontzeko datuak edota dokumentazioa lortu edo egiaztatu ditzan, eskabidea izapidetzeko erabilitako bidea edozein delarik ere, eta herri-administrazioei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak eragotzi gabe.

9. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Halaber, zigor-edo administrazio-arloko zigorra jaso duten eta, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren baten eraginpean dauden pertsonek edo entitateek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

10. artikulua.– 1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira beste zenbait erakunde publiko edo pribatuk emandakoekin eta bateraezinak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza batzuekin. Diru-laguntzaren kopuruak ez du, inola ere, bakarka edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, diruz lagundutako jardueraren kostua gaindituko. Kasu horretan, deialdi honen bidez emandako kopurua dagokion zenbatekora murriztuko da.

2.– Deialdi honetara biltzen diren produktoreek edota produkzio-etxeek ikasmateriala egiteko beste edozein herri-agintetatik edo erakunde pribatutatik laguntzarik eskatua badute edota halakorik jasoak badira, horren azalpena egin beharko dute, berariaz, eskabide-orrian.

11. artikulua.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei Buruzko Legearen Testu Bategina Onartzen duena, betetze aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez honako betebeharrak egiaztatu beharko ditu eskatzaileak eskabide-orrian:

a) Egunean dituela indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehaztu den bezala.

b) Ez daukala diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor-edo administrazio-arloko zigorrik eta ez dagoela laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege-debekuen eraginpean.

c) Helburu bererako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren diru-laguntzarik jaso ez izana.

d) Aurkeztutako proiektua aurrera eramateko beharrezko egile-eskubideak edota egile-baimenak dituela.

e) Eskabide-orrian eta eskabide-orriari erantsitako dokumentazioan emandako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen dituela.

f) Ebazpena hartzerakoan kontuan izandako ezaugarriren bat aldatuz gero, horren berri dagokion tokian emateko konpromisoa hartzen duela.

12. artikulua.– Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, baldin eta onuradun suertatzen bada. Alta emateko edota aurretik erregistratutako kontu-zenbakia aldatzeko, lotura honetan (https://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion /alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html)dagoen agiria bete beharko du eta aurrez aurre edo bide elektronikoz (https://www.euskadi.net) aurkeztu.

VI. KAPITULUA
ESKABIDEAK AURKEZTEKO MODUA ETA EPEA

13. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau indarrean jartzen den egunean hasi eta hamabost (15) egunekoa izango da.

14. artikulua.– Eskabide-orria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https//:www.euskadi.net) eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net) egongo da eskuragai.

15. artikulua.– Eskabide-orri bana aurkeztuko da proiektu bakoitzarengatik, nahiz eta proiektu horrek ikastunitate bat baino gehiago landu.

16. artikulua.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen produktore orok eskabide-orria eta agiriak zuzen eta osorik bete beharko ditu eta, deialdiaren oinarriekiko adostasuna izenpeturik, garaiz aurkeztu, honako modu hauetakoren batean:

a) Aurrez aurre Herritarrentzako Zuzenean Zerbitzuaren edozein bulegotan edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egoitza nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, EIMA 2.0 Programa, Euskara Zerbitzua) edota Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu daitezke.

b) Modu elektronikoan Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez aurkez daitezke (https://www.euskadi.net). Izapidetze elektronikoa honako arauek erregulatzen dute: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarenak, PLATEA plataforma, E-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

17. artikulua.– Tramiteak (aurrez aurre zein elektronikoki) egiteko azalpenak, eskabide-orriak eta gainontzeko agiriak Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net Egoitza Elektronikoan egongo dira eskuragai (https://www.euskadi.net).

18. artikulua.– Eskabide-orria eta horrekin batera entregatu beharreko dokumentazioa aurkezteko bide bat, aurrez aurrekoa edo elektronikoa, aukeratzeak ez du derrigortzen eskatzailea hortik aurrerako tramiteak hasieran aukeratutako bide horretatik egitera. Nahi duenean alda dezake bidez.

19. artikulua.– Eskaeraren ondorengo tramiteak (kontsultak, agiriak aurkeztea etab.) bide elektronikoz egin nahi izatekotan, helbide honetatik egin beharko dira: https://www.euskadi.net/nirekudeaketak

20. artikulua.– Eskabide-orriarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa deialdi honen 23. artikuluan zehaztutakoa da.

21. artikulua.– Eskabide bat behar bezala bete gabe aurkezten bada, berau osatzeko hamar (10) laneguneko epea emango du Hezkuntza Sailburuordetzak. Epe hori igaro ondoren, eta motibo sendorik gabe, eskatutako datuak ematen ez badira, atzera egiten dela ulertuko da, horretarako ebazpena emanez.

22. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoa betez, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarenak, arautzen du eta bere helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da batetik, eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea bestetik. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

23. artikulua.– Eskabide-orriarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa:

1.– Proiektuaren dokumentazioa.

a) Aurkeztu nahi den proiektu bakoitzeko inprimaki bat (Proiektuaren gaineko txostena) bete beharko da. Inprimaki horretan proiektuaren gaineko alderdi didaktikoen, teknikoen eta ekonomikoen datuak emango dira. Halaber, ikasmaterialaren demoa ere aurkeztuko da, URL helbide batean (inprimakian bertan zehaztu). Demorik gabe aurkezten den proiekturik ez da onartuko. Proiektuaren gaineko txostena egiteko kontuan izan II. eranskinak jasotzen dituen balorazio-irizpideak.

Inprimaki hori Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https//:www.euskadi.net) eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net) izango da eskuragai.

b) 7. artikuluak dioen bezala, proiektuaren alderdi didaktiko-pedagogikoa egingo dutenek euskarazko C1 maila dutela ziurtatu beharko dute. Proiektuaren gaineko txostenean, talde didaktiko-pedagogikoaren datuen atalean, zehaztu beharko da partaide bakoitzak zein titulazio duen. EGA, Irakasleen Bigarren Hizkuntza Eskakizuna eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako C1 agiria dituztenen kasuan, Administrazioa arduratuko da konprobazio-lanak egiteaz. Beste agiriren bat badute, kopia kotejatua aurkeztu beharko dute.

2.– Produkzio-etxearen eta norbanako produktorearen dokumentazioa. Aurkezten diren dokumentuak kopiak badira, kotejatuak edo egiaztatuak izango dira ezinbestean.

a) Eskatzailea pertsona fisikoa denean, NANaren kopia aurkeztu beharko du.Nolanahi ere, eskatzaileak baimena eman diezaioke Administrazioari bere identitatea egiaztatzeko, horretarako eskabide-orrian dagokion atala beteta. Kasu horretan, ez du NANa aurkeztu beharrik izango. Eskabidea egiteko bide elektronikoa erabiltzen badu, ez du NANaren kopiarik aurkeztu beharrik izango.

b) Eskatzailea enpresa bat denean, enpresa sortzearen akta edo eskritura, estatutuak, ordezkari legalaren izendapena eta NANaren kopia, eta IFZren (Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren) kopia aurkeztu beharko da. Eskabidea egiteko entitatearen txartela erabiltzen badu, ez du agiririk aurkeztu beharko.

c) Enpresa elkarte edo fundazio bat bada eta Euskal Autonomia Elkarteko Administrazio Orokorraren Erregistroan izena emanda badago, ez du agiririk aurkeztu beharko. Horretarako eskatzaileak berariazko baimena eman beharko du eskabide-orrian, Administrazioak konprobazio-lanak egin ditzan eta zehaztu noiz eman zuen izena Erregistroan.

d) Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar du laguntza-jasotzaileak, baldin eta onuradun suertatzen bada Alta emateko edota aurretik erregistratutako kontu-zenbakia aldatzeko, lotura honetan (https://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion /alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html) dagoen agiria bete beharko du eta aurrez aurre edo bide elektronikoz aurkeztu.

e) Zergak Nafarroako Ogasunean ordaintzen dituzten produktoreen kasuan, zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria aurkeztu beharko da.

3.– Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, 2. puntuko dokumentuak bakarrak izan daitezke fitxa guztientzat.

4.– Artikulu honetako 2. puntuan adierazitako agiriak, e) puntukoa salbu, lehendik bidaliak badira EAEko Administrazio orokorrera, eta bost urte baino gehiago igaro ez bada honen esku daudela, eskatzaileak ez ditu agiri horiek berriro aurkeztu behar izango, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. artikuluan agintzen duenari jarraituz. Aurkeztu ezean, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu beharko du eskatzaileak, eta dokumentu horiek noiz eta zer organo edo bulegotan aurkeztu zituen argi adierazi.

VII. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN KALKULUA ETA EBAZPENA

24. artikulua.– Deialdian zehar aipaturiko baldintzak betetzen dituzten proiektuen adostasun-neurketa egin eta eskatzaileak eskabide-orrian zehaztutako datuen inguruan beharrezko zuzenketak egin ostean, zeregin horretaz arduratuko den Ebazpen-batzordeak proiektu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren proposamena finkatu eta arrazoituko du eta, honen ondoren, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza sailburuordeari.

25. artikulua.– 1.– Aipatutako Ebazpen-batzordearen partaideak honako hauek dira:

– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

– Euskara Zerbitzuaren burua.

– Sailaren Laguntza-zerbitzuetako IKT-arduraduna.

– EIMA 2.0-ko teknikaria, batzordearen idazkari.

2.– Batzorde honen aholkulari gisa, alorrean alorreko adituak hartuko dira kontuan. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu horiek, eta Ebazpen-batzordearen aholkulari lanetan arituko dira.

26. artikulua.– EIMA 2.0 deialdi honetara aurkeztuko diren proiektuen balorazioa egiteko II. eranskinean azaldutako irizpideak hartuko dira kontuan. Halaber, produktore bakoitzak proiektuz proiektu aurkeztu duen aurrekontua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deialdi honetan ezarritako gehienezko prezio unitarioen (I. eranskina) argitan analizatu eta, proiektuaren oinarrizko ezaugarrien arabera, arrazoizko kostua determinatuko da.

27. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordearen proposamena ikusiz laguntza-deialdi honen ebazpena egingo du Hezkuntza sailburuordeak, proiektu bakoitzari dagokion laguntza zehatza esleituz.

2.– Agindua indarrean jarri eta, beranduenik, sei hilabeteko epean emango da Ebazpena. Laguntza-eskatzaile bakoitzari banan-banan jakinaraziko zaio eta ondoren EHAAn argitaratuko da.

3.– Ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hamabost (15) egun naturaleko epea izango du produktore bakoitzak, bere produkzioa egingo duen ala ez ziurtatzeko eta lan-egutegia idatziz aurkezteko. Ziurtapen hau egiten ez badu, diru-laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

4.– Laguntza-eskatzaileetariko bat edo gehiago hartutako Ebazpenarekin ados ez balego eta gora jo nahi balu, Ebazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita hilabeteko epean gorako errekurtsoa egiteko aukera izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean.

5.– Epe horretan hartu beharreko Ebazpenik hartzen ez bada, ezezko erantzuna bailitzan hartuko da isiltasuna.

VIII. KAPITULUA
LANAK AURKEZTEKO PROZEDURA ETA DIRU LAGUNTZEN ORDAINKETA

28. artikulua.– 1.– Laguntza esleitu, ebazpena EHAAn argitaratu eta jakinarazpena egin ondoren, proiektu bakoitzari agindutako laguntzaren lehen % 50 aurreratuko zaio diru-laguntza onartu duen produktore orori, laguntza-ebazpena eman eta handik bi hilabeteko epean beranduenik.

2.– 2013ko irailaren 14rako, beranduenik, ikasmaterialak bukatua egon behar du eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean onespen eske aurkeztua.

Onespen-azterketak egiteko, ikasmaterialaren kopia bat (gida didaktikoa barne) bidaliko da.doc edo.odt formatuan eta ikasmaterialaren onespena eskatzeko agiria, behar bezala beteta. Ikasmateriala dagoen interneteko helbidea (URL-a) onespena eskatzeko agirian zehaztu beharko da.

Onespena eskatzeko agiria Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https//:www.euskadi.net) eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net) egongo da eskuragai.

3.– Ikasmaterialak aurkezteko:

a) Aurrez aurre Herritarrentzako Zuzenean Zerbitzuaren edozein bulegotan edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egoitza nagusian (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, EIMA 2.0 Programa, Euskara Zerbitzua) edota Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan, Azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, bere 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu daitezke.

b) Modu elektronikoan Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez aurkez daitezke (https://www.euskadi.net). Izapidetze eletronikoa honako arauek erregulatzen dute: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazioen zuzendariarenak, PLATEA plataforma, E-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

29. artikulua.– 1.– Materialak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren onespen-azterketa gainditzen badu, behin betiko bertsioari ekin beharko dio produktoreak. Jabetza pribatuko ikasmaterialen kasuan, interneteko helbidea eta beharrezko klabeak jasotzen dituen idazki ziurtatuta bidali beharko du kasuan kasuko produktoreak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak azken bertsioaren azterketa egin dezan, onespena jaso eta gehienez 3 hilabeteko epean. Creative Commons lizentziapeko ikasmaterialen kasuan, ikasmateriala Hezkuntza Sailaren Agrega edo E-Learning plataformara igo beharko da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak azterketa egin diezaion, onespena jaso eta gehienez 3 hilabeteko epean.

Horrekin batera honako dokumentuok aurkeztu beharko dira, bi kasuetan:

a) Amaierako txostena.

b) Ikasmateriala gutxienez bost urtez interneten eskuragarri egongo dela ziurtatzen duen zinpeko aitormena, produktoreak izenpetuta (jabetza pribatua duten ikasmaterialen kasuan).

c) Arduradunaren zinpeko aitormena, diru-laguntza deialdi honen bidez jasotako diru-kopuru osoa eskabide-orrian zehaztutako proiektua produzitzeko erabili dela ziurtatuz, edota, bestela, kopuru hura zuzenduz eta benetakoa adieraziz. Euskara Zerbitzuaren EIMA programak faktura bidezko egiaztapena eska diezaioke produktoreari, hala iritziz gero.

d) Zergak egunean dituela ziurtatzen duen agiria, zergak Nafarroako Ogasunean ordaintzen dituzten produktoreen kasuan.

e) Legeen aldaketaren ondorioz dokumentazio gehigarririk behar izanez gero, laguntza-deialdiaren ebazpenean zehaztuko da.

2.– Ikasmaterialak onespena lortu eta 3 hilabeteko epean ikasmaterialaren behin betiko bertsioa eta deialdian eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.

30. artikulua.– Materialak onespenik jasoko ez balu, Euskara Zerbitzuak egin beharreko aldaketen proposamena egingo dio produktoreari. Zuzenketekin ados egon ez eta zuzenketen gaineko alegazioak egin nahiko balitu produktoreak, hamabost (15) lan-eguneko epea izango du horretarako. Bigarren saioan onespen- azterketak gainditzen baditu eta ikasmaterial horrek Hezkuntza Sailaren onespena jasotzen badu, 29. artikuluan adierazitako eran jokatuko da; baina materiala bigarren aldiko onespen-azterketara aurkezten ez baldin bada, edota gainditzen ez baldin badu, Hezkuntza Sailburuordetzak, interesatuari aurretik entzunez, ukatu egin ahal izango dio agindutako laguntza azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-2-7ko EHAAn) dioenaren arabera, eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan itzuli beharko du eskatzaileak.

31. artikulua.– 1.– Ikasmaterialak onespena jaso ondoren eta behin betiko bertsioa ere onartzen bada, agindutako laguntzaren 2. % 50 luzatuko zaio produktoreari.

2.– Behin betiko bertsioaren egiaztapenak egin ondoren Agindu honetan ezarritako baldintzen arabera ikasmateriala onartzen ez bada, egin beharreko aldaketak idatziz bidaliko ditu Hezkuntza Sailburuordetzak, epe jakin batean eta dagozkion aldaketak proposatuz. Azterketa gaindituz gero, artikulu honen 1. puntuan adierazitako eran jokatuko da. Gainditzen ez baldin badu, ordea, Hezkuntza Sailburuordetzak ukatu egingo du agindutako laguntza, 1/1997 Legegintza Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioenaren arabera, eta sarrera publiko moduan bueltatu beharko du hasieran jasotako diru-kopurua. eta agindutako diru-laguntzaren aurrerakina sarrera publiko moduan bueltatu beharko du eskatzaileak.

32. artikulua.– 1.– Laguntza agindu ondoren, laguntza-jasotzaileak material prestakuntza 2013ko irailaren 12a baino beranduago entregatuko duela aurreikusten badu, idatzi bat aurkeztu beharko du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan, atzerapen honen arrazoiak azalduz eta ikasmateriala entregatzeko aurreikusitako epea zehaztuz. Zuzendaritza honek, hartarako duen Jarraipen-batzordeaz, 28. artikuluan esandakoari salbuespenik egiteko arrazoizko motiborik dagoen ala ez aztertuko du, eta dagokion erantzuna emango du. Hilabete pasa ondoren Hezkuntza Sailburuordetzaren erantzunik ez balego, luzapen-eskabideak baimena duela ulertuko da.

2.– Luzapen-eskabidea ikasmateriala aurkezteko epea amaitu ondoren aurkezten bada, ez da onartuko.

33. artikulua.– Jarraipen-batzordearen gertakari-txosten teknikoa kontuan izanik, agindutako diru-kopurua ukatu, murriztu edo aldatu egin ahal izango du Hezkuntza sailburuordeak, benetan produzitutako ikasmateriala eskabide-orrian jasotako ezaugarrietatik aldentzen den neurrian.

34. artikulua.– Lana garaiz eta zuzen amaitzen ez duenak, lehenengo % 50 (eta legezko interesak) itzuli egin beharko du eta 2. % 50 kobratzeko eskubidea galdu egingo du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992-02-07ko EHAAn) dioen moduan.

IX. KAPITULUA
IKASMATERIALAREN LEGE BALDINTZAK

35. artikulua.– 1.– Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren onespena jaso beharko dute deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek. Onespena eskatzeko agiria bete behar du horretarako laguntza-eskatzaileak, eta Hezkuntza-administrazioan aurkeztu, ikasmaterialarekin batera.

2.– Bere ezaugarrien araberako onespen-azterketa desberdinak gainditu beharko ditu ikasmaterial batek Sailaren onespena jaso ahal izateko: trataera didaktikoaren onespen-azterketa, hizkuntzaren onespen-azterketa eta teknikazko onespen-azterketa.

3.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako ikasmaterialek kasuan kasuko onespen-azterketak gainditu izanaren berri ematen duen esaldi hau eramango dute gida didaktikoan: «Ikasmaterial honek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren onespena dauka», onespena jaso duen datarekin.

36. artikulua.– 1.– Ikasmaterialek indarrean dauden lege-eskakizunak bete behar dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari eta abarrei dagokienez. Proiektuaren lanketan erabiliko diren eta azken produktuaren zati izango diren irudi, soinu, testu edo beste edozein objektu multimedia eskaera egin duen produktorearenak izango dira, edota egile- edo banaketa-eskubideei buruz indarrean dagoen araudia beteko dute.

2.– Arau horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaz kanpoko erakundeen esparrukoak direla kontuan izanik, eskakizun horiek bete direla ziurtatzen duen dokumentazioa eskatzera mugatuko dira egingo diren zehaztapenak.

X. KAPITULUA
IKASMATERIALAREN PEDAGOGIA BALDINTZAK

37. artikulua.– Diru-laguntza jaso nahi duen ikasmaterial orok trataera didaktikoz egokia izan behar du. Hori egiaztatzeko, 35. artikuluan zehaztutako didaktikaren onespen-prozedurari jarraitu beharko dio.

38. artikulua.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, ikasmaterialak indarrean dagoen curriculumera egokitu behar du. Egokitasun horrek kontuan hartuko ditu curriculum-ezaugarri jeneralak eta curriculumaren euskal dimentsioari dagozkionak.

39. artikulua.– Aurkezten den ikasmaterial orok gida didaktikoa ekarri behar du; ez da, beraz, gida didaktikorik gabe datorren ikasmaterialik onartuko. Honako hauek dira, gutxienez, gida didaktikoak izan behar dituen ezaugarriak:

a) Helburuak: zer helburu lortu nahi diren ikasmaterial horrekin eta nori zuzendua dagoen, beti ere oinarrizko curriculum-diseinuei, curriculuma garatzeko dekretuei edota indarrean dauden ikasketa-planei erreferentzia eginez.

b) Oinarrizko curriculum-diseinuko, curriculuma garatzeko dekretuetako edota ikasketa-planetako zein edukirekin duen harremana, edota zein eduki landu nahi dituen.

c) Noiz eta nola erabili: ikasmaterialaren erabileraren inguruko metodologia kontuak.

d) Planteamendu didaktikoaren antolaketa (jarduerak, denboralizazioa eta baliabideak).

e) Bibliografia osagarria.

f) Lanaren egile(ar)en eta parte-hartzaile(ar)en zerrenda.

g) Onespena jaso izanaren adierazpena eta data.

40. artikulua.– Planteamendu didaktikoaren aldetik, produktoreek honako lehentasun ezauga-rriok izango dituzte kontuan ikasmateriala produzitzerakoan:

a) Proiektuaren ildo nagusiak etaparako edo ikasmailarako aurreikusitako helburuen, edukien eta jardueren arabera antolatzea, beti ere oinarrizko gaitasunen garapena kontuan harturik.

b) Ikaskuntza aktiboa bultzatzea. Horrenbestez, ikasleek helburu jakin bat lortzeko zerbait sortu beharko dute. Hots, zeregin esanguratsua burutuko beharko dute.

c) Planteamendu interaktiboa bultzatzea eta, horrez gain, ikasleen arteko lankidetza indartzea.

d) Materialak proposamen didaktikoak izatea (material itxiak ez izatea): irakasleek moldatzeko modukoak izatea, beren programazio eta unitate didaktikoetan.

e) Ebaluazioaren garrantzia agerikoa izatea eta beraz, ikaslea ebaluatzeko moduak proposatzea.

f) Planteamendu motibatzailea eta atsegina izatea: ikasleen adina, testuingurua, interesak, etab. kontuan hartzea.

g) Eguneroko eginkizunetan erabiltzen diren ikasmaterialekin integratuta egotea.

h) Multimedia elementuen arteko barne kohesio egokia izatea: integrazio- eta sinkronizazio- maila egokia izatea, mezu orokorra ondo ulertu eta bereganatu ahal izateko.

i) Online eskuragarri izango diren ikasmaterialak izatea.

j) Sareko doako tresnen erabilera bultzatzea (google maps, earth, cmaps, web albumak, bideo erremintak, material-bankuak, youtube, teachertube..., timelines, glogs, podcast, slideshare, slide, tresna kolaboratiboak...).

k) Ekoizleek materialetan eskubide irekiak (Creative Commons) dituzten elementuak erabiltzea.

41. artikulua.– Ikasmaterial bakoitzari gutxienezko maila eskatuko zaio, bere planteamendu didaktikoaren egokitasuna segurtatzeko. Eskakizun horren asmoa ez da planteamendu didaktiko konkretua epaitzea, gutxienezko egokitasun hori ziurtatzea baizik.

XI. KAPITULUA
IKASMATERIALAREN HIZKUNTZA BALDINTZAK

42. artikulua.– Diru-laguntza jaso nahi duen ikasmaterial orok hizkuntzaz egokia izan behar du. Hori egiaztatzeko, 35. artikuluan zehaztutako hizkuntzazko onespen-prozedurari jarraitu beharko dio.

43. artikulua.– Goiburuak, helbideak, grafikoak eta ingurugiroko erreferentziak euskaraz emango dira ikasmaterialetan zein bere metadatuetan.

XII. KAPITULUA
IKASMATERIALAREN BALDINTZA TEKNIKOAK

44. artikulua.– Diru-laguntza jaso nahi duen ikasmaterial orok teknikoki egokia dela ziurtatu eta frogatu beharko du. Ondorioz, 35. artikuluan zehaztutako teknikazko onespen-prozedurari jarraitu beharko dio.

45. artikulua.– 1.– Ikasmaterialak eramangarri edo mahai gaineko ordenagailuetan erabiltzeko modukoak izango dira, sistema eragilea eta web nabigatzailea edozein izanda ere. Arbel digitaletan erabiltzeko berariazko diseinua duten ikasmaterialak ere onartuko dira.

2.– Materialak web aplikazio batean (propio diseinatua edo komertziala den batean) txertaturik egon daitezke (ezinbestean Internetera konektaturik erabiltzeko) edo web zerbitzari baten beharrik ez izan (interneten bidez edo tokiko ordenagailuan erabilgarriak). Lehenengo kasuan web aplikazioa bera baloratuko da.

3.– Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 3.0 Espainia (CC BY-NC-SA 3.0) lizentziapean egindako ikasmaterialek eduki digitalen garapenerako nazioarteko estandarrak beteko dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko AGREGA plataforman edo E-Learning plataforman erabilgarri izan daitezen. AGREGArako LOM.ES bertsioan etiketatuta eta SCORM 1.4 estandarrean trinkotuta aurkeztuko dira; eta E-Learning plataformarako, berriz, Moodle 1.9 bertsioan berreskuratzeko moduan.

4.– Erabili eta bertaratu ahal izateko W3C irizpidea, A bikoitzaren bateragarritasunaz, bete behar dute ikasmaterialek.

XIII. KAPITULUA
LAGUNTZA JASOTZAILEEN BETEBEHARRAK

46. artikulua.– Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan Ekonomia Jarraipenerako Bulegoak edota Euskal Herriko Kontu Epaitegiak bere egitekoak betez eskatutako edozein informazio eskaintzera behartuta dago laguntza-jasotzailea.

47. artikulua.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako laguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera sarrera publiko moduan itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak arautzen duen bezala eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (92-2-7ko EHAAn) dioenaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

Bigarrena.– Administrazio-bidea amaitzen duen Agindu honen aurka, interesdunek, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, eta errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Interesdunek, bestela, zuzen-zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan; bigarren aukera horretaz baliatzeko epea, berriz, bi hilabetekoa izango da Agindua aldizkari ofizial horretan argitaratu eta biharamunetik hasita.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 12a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA
LAGUNTZA-PROPOSAMENA KALKULATZEKO IRIZPIDE EKONOMIKOAK

1.– Deialdi honetara bildu eta ontzat eman den ikasmaterial bakoitzari legokiokeen laguntza-proposamena kalkulatzeko, aurrekontuaren eta proiektuaren arteko adostasun-maila neurtuko da.

2.– Produkzio-etxeek aurrekontuan adierazitako gastu-estimazioa EIMA 2.0 deialdiko aditu talde ekonomikoak baloratutakoekin bat datorren ala ez ikusiko da. Bat ez datorren kasuetan, produkzio-etxeak adierazitako aurrekontua aditu talde ekonomikoak iritzitako kostuaren eredura egokituko da.

Honako parametro hauek, besteak beste, kontuan hartuz egingo du aditu taldeak aurrekontuaren azterketa: ostatatze zerbitzua, web aplikazioaren konplexutasuna, originaltasuna, jarduera elkarreragile kopurua, web orri kopurua, eduki multimediak (kopurua, iraupena, konplexutasuna), lan-ordu kopurua...

3.– Deialdi honetako ikasmaterialen kostu-kalkulua egiterakoan, honako gehienezko kostuak hartuko dira kontuan:

(Ikus .PDF)

4.– Aditu-talde ekonomikoak ontzat emandako produkzio-kostua izango da Ebazpen batzordeak diru-laguntza kalkulatzeko aintzat hartuko duena.

II. ERANSKINA
PROIEKTUAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

1.– Deialdi honetara bildu eta baldintzak betetzen dituzten ikasmaterialak ordenatzeko honako irizpide hauek finkatu dira:

– Proiektuaren egitura.

– Edukiaren egokitasuna.

1.1.– Proiekturaren egitura deritzon atalean gehienezko puntuazioa 20koa izanik, gutxieneko puntuazioa 10ekoa izango da. Gutxieneko maila hori lortu ezean, proiektua deialditik kanpo geldituko da. Proiektuaren egitura honela aztertu eta balioetsiko da:

1.1.1.– Proposamenaren plangintza: (0-4 puntu). Proposatutakoa aurrera eramateko plangintzaren egokitasun-maila neurtuko da.

1.1.2.– Gida didaktikoa: (0-8 puntu):

– Helburuak eta edukiak argi azalduta daude, eta EAEko curriculumarekin lotutakoak dira.

– Proposamen didaktikoaren bidez garatzen diren oinarrizko gaitasunak zehazten ditu.

– Ebaluazio-irizpideak eta adierazleak zehazten dira.

– Ikasleen aniztasuna kontuan hartu da.

– Orientabideak ematen ditu ikasleen aniztasunari erantzuteko.

– Proposatzen diren jarduerak gauzatzeko orientabide didaktikoak ematen ditu.

– Baliabide osagarriak proposatzen ditu.

– Denboraren zehaztapena egiten da.

1.1.3.– Ezaugarri teknikoak: (0-8 puntu):

– Nabigatzaile soil batekin (edozein delarik hori eta sistema eragile desberdinetatik) erabiltzen/eragiten da ikasmateriala, ohiko pluginak erabiliz, beste programarik eskatu gabe eta jabe-softwarea erabiltzera behartu gabe.

– Ikasmaterialak Interneteko zerbitzari batean egongo dira; jabedun zerbitzari batetik, publikoa nahiz ikastetxearena, eramateko aukera ematen du (inportatzeko).

– Konexiorik ez dagoenean erabiltzeko aukera emango balu, sinkronizatzeko modulu bat aurreikusiko da aplikazioarekin batera.

– Ikasmaterialak sare zabalera eramateko (esportatzeko) eta irekitzeko aukera eskainiko du, estandarrak beteaz, gaur egun dauden beste zerbitzuekin integratzeko: E-portfolioak, sare sozialak eta abar.

– Interneteko tresnen erabilera bideratzen du (Google Maps, Google Earth, CmapTools, Youtube, Teachertube, Podcast, Slideshare, Slide, web albumak, bideo erremintak, material-bankuak, timelineak, glogak, tresna kolaboratiboak...).

– Blog, Wiki edota Moodle zerbitzuetan txertatuz, irakasleek material egokituak izango dituzte egoera konkretuetarako.

– Baliabide ezberdinak (bideoak, irudiak, musika, etab.) egokiro txertatzen ditu modu interaktibo eta osagarrian.

– Ikasteko interakzioa ahalbidetzen dute ikasmaterialok: ikasleen arteko elkarrirakurketa, elkarren balorazioak egiteko, elkarrekin idazteko-ekoizteko bideak eskainiz.

1.2.– Edukiaren egokitasuna deritzon atalean gehienezko puntuazioa 22koa izanik, gutxieneko puntuazioa 14koa izango da. Gutxieneko maila hori lortu ezean, proiektua deialditik kanpora geldituko da. Edukiaren egokitasuna honela aztertu eta balioetsiko da:

1.2.1.– Proiektuaren bidez lortu nahi diren helburuei dagokionez (0-4 puntu):

– Proiektuak ikasleek ebatzi beharreko egoera-problemak planteatzen ditu, argudiatzeko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko.

– Helburu didaktikoak arloari eta etapari dagozkien helburu orokorrei lotuta daude.

– Oinarrizko Gaitasunak (ikasten ikasteko gaitasuna, norberaren ekimenerako eta autonomiarako gaitasuna, gaitasun digitala...) garatzea bultzatzen du.

– Proiektuaren gida didaktikoan zehaztu diren helburuak argi islatzen dira.

1.2.2.– Proiektuan jorratzen diren edukien inguruan (0-3 puntu):

– Hiru eduki mota (kontzeptualak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak) daude, eta maila berean garatzen dira.

– Proposatutako jarduerek elkarrekiko lotura dute eta barne-koherentzia agerikoa da.

– Jarduera errepikakorretan barik, ikasleak berak eraiki behar duen ikaskuntzan oinarrituta dago.

1.2.3.– Gaiaren inguruko informazioa (0-3 puntu):

– Proiektuan azaldu eta garatzen den informazioaren zientzia maila ona da: esanguratsua da eta gaurkoturik dago.

– Kultura, gizarte eta diziplinarteko gaiak jorratzen dira.

– Informazioa aurkitzea eta ikertzea bultzatzen da.

1.2.4.– Ikasleekiko hurbiltasuna (0-4 puntu):

– Ikasleen intereseko gaiak planteatzen ditu: planteamendua interesgarria eta motibagarria da.

– Proiektuak lotura zuzena du ikasleen testuinguruarekin.

– Edukiak egokiak dira ikasleen maila eta adina kontuan hartuta.

– Erabilitako hizkuntza maila egokia da.

1.2.5.– Metodologiari dagokionez (0-5 puntu):

– Talde-lana edota lan kooperatiboa bultzatzen du.

– Parte-hartze aktiboa eta interakzioa (ikasle/irakasle, ikasleen artekoa) sustatzen dira.

– Proiektuak irakaslearen rol aldaketa ahalbidetzen du: «gidari» baino, «orientatzaile» arituko da.

– Ikasleak berak burutu behar du jarduera intelektuala (ahalik eta sakonena).

– Ebaluazioaren aldiune desberdinak hartzen dira kontuan: hasierakoa, prozesuarena eta bukaerakoa.

1.2.6.– Web 2.0ren erabilerari dagokionez (0-3 puntu):

– Programak aukera ematen dio erabiltzaileari parte hartzeko (balorazioak eta iruzkinak egin, ikaskideekin konpartitu, edukiak beste toki batera- blog, wiki, site- eraman eta kapsulatu...).

– Irakasteko edo ikasteko egoerak sortzen edo irudikatzen dituzten inguruneak proposatzen dira.

– Ekoizpen irekiak (erabiltzeko eskubidearekin, CC-dunak) txertatzen/estekatzen ditu: podcastak, argazkiak, adierazpen grafikoak, aurkezpenak, bideoak...

2.– Proiektuen balorazioa egiterakoan parentesi artean adierazitako zenbakiez baliatuko da Ebazpen-batzordea, baloraziorik positiboenak puntuazio altuena izango duelarik eta baxuenak txarrena. Horrela, kopururik altuenetik baxuenera zerrendatuko dira aurkeztutako proiektuak.

3.– Balorazio-lan hori produktoreak aurkezturiko agiri idatzien gainean egingo da. Hala ere, produktoreek beren proiektuak Ebazpen-batzordearen aurrean aurkeztuko dituzte Ebazpen-batzordeak hala eskatuz gero.


Azterketa dokumentala