Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4162

AGINDUA, 2012ko irailaren 12koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialak sortzeko eta egokitzeko laguntzetara dei egiten duena (EIMA 4).

Hezkuntzaren etengabeko zaharberritzea sustatzeko eta irakas-sistema hobetzeko ardurari eutsiz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hainbat ekimen jarri du martxan azken urteotan. Horietako bat da, besteak beste, euskal ikasmaterialgintza sustatzeko asmoz EIMA programak eginikoa.

Egindakoak asko eta ugari badira ere, bada, gaur eta hemen, gordin-gordin nabarmentzen den hainbat beharrizan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bertatik bertara erantzun nahi dionik. Horien artekoa litzateke, inolako dudarik gabe, indarrean diren irakasmailetako curriculum-planteamendu berritzaileek euskarazko klase-emankizunean dakartzaten diseinu- eta aplikazio-lanen beharrizana.

Hori lortzeko asmotan, honako laguntza-deialdi honek, historikoki EIMA IV izenenekoak, eta aurrerantzean, EIMA programaren zenbait alderdiren eraberritzeari ekin eta gero, EIMA 4 izenarekin ezagutuko denak, euskarazko ikasmaterialen sorkuntzari eta egokitzapenari ekingo dioten lan-taldeen eraketa sustatu nahi du, landu ostean pasa beharreko egokitasun-azterketa pasa eta gero, ikasmaterial horiek argitara eman, merkaturako bidea hartu eta ikasmaterial-ondarea aberats dezaten.

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterialen sortze- eta egokitze-lanei zuzenduriko diru-laguntzak arautu eta horretarako dei egitea.

II. KAPITULUA
IZAERA

2. artikulua.– 1.– Honako deialdi honek ikasmaterialen, bai oinarrizkoen bai osagarrien, euskarazko testu idatziaren sorkuntza eta egokitzapena bakarrik hartuko ditu kontuan. Ondorioz, ez dira testu idatzi horien itzulpen-lanak aintzakotzat hartuko, ezta maketazio- eta ilustrazio-lanik ere.

2.– Ikasmaterialek euskaraz idatzita egon beharko dute. Hala ere, beren ezaugarriak eta, era berean, ikasmateriala erabiltzekoa den jakintzagaia gogoan izanik, partez euskaraz eta partez erdaraz egon dauden ikasmaterialak ere bildu ahal izango dute (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak...).

3.– Egokitze-lanei dagozkien ezaugarriak finkatu ahal izateko, honako muga hauek gogoan hartuko dira:

a) Euskara batutik euskalki literario batera zein alderantziz egindako testu-egokitzapenik ez da onartuko.

b) Aurretiaz sortu eta, aldi berean, argitara emandako ikasmaterial baten egokitzapenari curriculum-planteamendu berritzaileen argitan ekin nahi izanez gero, gutxienez bost (5) urte igaro behar izango dira esandako ikasmateriala argitaratu zen urtetik kontatzen hasita.

3. artikulua.– Ikasmaterial esaten denean, honako hau adieraz nahi da:

a) Eskola-curriculumaren garapenari eta inplementazioari zuzenduta dagoena;

b) Ikasleei eta irakasleei zuzenduta dagoena;

c) Euskarri inprimatuan edo digitalean (Internet, CD-ROM, liburu elektronikoa etab.) argitaratuta dagoena.

4. artikulua.– Ikasmaterial baten sorkuntzak edo egokitzapenak, batez ere irakasmaila jakinetan irakasgai zehatz bat jorratzeko beharrezkoak diren ikasmaterialena, ikasmateriala bere osotasunean hartuko du gogoan. Ondorioz, ikasmaterial horren kapitulu solteren bati bakarrik loturiko eskabideak kanpo utziko dira.

5. artikulua.– Honako deialdi hau, landu, argitaratu eta zabaldu ostean, 2013-2014 ikasturtean erabiliko diren ikasmaterialei zuzenduta dago.

III. KAPITULUA
DIRU KOPURUA

6. artikulua.– 1.– Honako Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzen xedeari aurre egiteko, berrehun eta berrogeita hamabost mila (255.000) euro erabiliko da.

2.– Diru-baliabideen % 30 euskarri digitalean zabaltzekoak diren ikasmaterialetarako gordeko da; gainontzekoa, berriz, euskarri inprimatuan zabaltzekoak direnetarako. Halere, oinarri elektronikoan argitaratzekoak diren ikasmaterial-proiektuekin % 30 hori osorik erabiliko ez balitz, soberakina % 70eko kupora pasako litzateke.

IV. KAPITULUA
KUDEAKETA ORGANOA

7. artikulua.– 1.– Laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saiaren baitako Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza dagokio.

2.– Laguntza-eskabideak jaso eta diru-laguntzen ordainketa egin artean gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko jarraipen-batzordea eratuko da. Honako pertsona hauek osatuko dute aipaturiko batzordea:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA 4 programako teknikaria, batzordearen idazkari.

V. KAPITULUA
LAGUNTZA HARTZAILEAK IZAN DAITEZKEEN NORBANAKO FISIKOAK ETA ENTITATEAK

8. artikulua.– Laguntza-deialdia honako hauei zuzenduta dago:

a) Euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten entitateei (enpresei, elkarteei edo fundazioei). Hots, legearen argitan eratuta egon eta dagokion agiri akademikoen jabe diren pertsonez osatutako lan-talde baten ordezkaritza duten entitateei.

b) Dagokion agiri akademikoaren jabe izanik, lan-taldea osatu eta euskarazko ikasmaterial bat sortu edo egokitu nahi duten pertsona fisikoei.

9. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Erakunde Autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradun diren pertsona fisiko eta entitateei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

2.– Halaber, zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

10. artikulua.– Diru-laguntzok bateraezinak dira Herri Aginteek edota erakunde pribatuek helburu bererako ezarria daukaten beste edozein laguntzarekin.

VI. KAPITULUA
BALDINTZAK

11. artikulua.– Laguntza-deialdi honen bidez sortu edo egokitu nahi diren ikasmaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateei eta pertsona fisikoei dagozkien baldintzak:

1.1.– Lan-talde bakoitzak bi (2) kide izango ditu gutxienez, eta gehienez hamar (10).

1.2.– Lan-taldearen osaerari dagokionez, lan-taldeko kideetako batek gutxienez klase-emankizunean ibili beharra du irakasle modura. Irakasle diren kideek ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko berariazko hizkuntza-prestakuntza jaso ahal izango dute IRALE programaren bidez.

1.3.– Lan-talde bakoitza osatzen duten pertsonak zehazte aldera, zera ulertuko da lan-taldeko kidetzat: ikasmaterialaren sorkuntzan edo eta egokitzapenean zuzen-zuzenean ari den pertsona, beti ere 2. artikuluan finkatutako mugen baitan.

1.4.– Lan-talde bakoitzeko kideek arduradun bat izendatuko dute, beren artetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin izan beharreko harremanetan solaskide gisa aritzeko. Nolanahi ere, lan-talde bateko kideak argitaletxe, elkargo edo fundazio batentzat ari direnean, delako argitaletxe, elkargo edo fundazio horretako ordezkari bat izan daiteke lan-taldearen arduradun.

1.5.– Lan-taldea osatzen duten pertsonetatik inork ere ez du deialdi honetara bildutako ikasmaterialaren garapenean aurre ikusitako denbora eta langintzaren ehuneko (% 70) hirurogeita hamar baino gehiago bereganatzerik.

1.6.– Ikasmateriala sortu edo egokitu nahi duen lan-taldeko kideek EGA agiriaren, irakasleen bigarren hizkuntza eskakizunaren (HE2) edo baliokideren baten jabe izan beharko dute, euskarazko ikasmateriala behar den garantiaz sortu edo eta egokitu ahal izateko.Deialdi honen helburuetarako, aurreko agirien baliokidetzat hartuko da unibertsitatean eskolak euskaraz emateko Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) luzatzen duen agiria edota Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) gutxienez bost (5) urtean eskolak euskaraz ematen aritu izana.

1.7.– Laguntza-deialdi honetara biltzen den enpresa, elkarte edo fundazio orok legearen argitan eratuta egon beharra dauka.

1.8.– Laguntza-deialdi honetara biltzen den entitateak edo lan-taldeak behar den bezala beteko du sortu edo egokitu nahi dituen ikasmaterialetako bakoitzari dagokion eskabidea eta 15. artikuluan zehaztutako epe-barrutian entregatu, eskatutako agiriekin batera.

1.9.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen erregistroan alta emanda egon behar dute. Alta eman gabe egonez gero edo esandako erregistro horretan jasotako banku-datuak aldatu nahi izanez gero, diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek Agindu honen 20.1.1.b) eta 20.1.2.e) artikuluan zehaztutako formularioa bete beharko dute.

1.10.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek zergarekiko betebeharretan eta, dagokionean, Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan egunean egon behar dute.

1.11.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikuluan zehaztutako betebeharrak gordeko dituzte.

2.– Euskarazko testuak sortu edo egokitzea xede duten proiektuei buruzko baldintzak:

2.1.– Sortzeko edo egokitzeko asmoz deialdi honetara biltzen diren ikasmaterialek aldez aurretik finkatutako egutegia izango dute. Honako haue dagokien egutegia hain zuzen ere: lanketari, hizkuntzaren egokitasun-azterketari, argitaratzeari eta zabalkundeari dagokien dagokiena.

Egutegi honi, Agindu honen 20.2.a) artikuluan aipatzen den formulario normalizatuan beste zenbait daturekin batera jasoko dena, honako denbora-mugapenen baitan egongo da edozein kasutan ere:

a) Landu eta gero, beti ere ikasmaterialaren hizkuntza-egokitasunari dagokionean, ikasmateriala aurkezteko aurre ikusitako eguna 2013ko apirilaren 27a baino lehenago izango da.

b) Argitaratzeari eta zabalkundeari dagokienez, aurre ikusitako data, beti ere, 2013ko irailaren 15 baino lehenago izango da.

2.2.– Ez dute biltzerik izango laguntza-deialdi honetara diruz lagundu nahi diren ikasmaterialak argitaratzeko eta merkaturatzeko konpromiso finkorik gabe lan-talde batek aurkezturiko eskabideak.

Konpromiso hori, Agindu honen 20.2.d) artikuluan aipatzen dena, idatzita eta sinatuta egongo da. Honako honek sinatuta: landutako ikasmaterial eskuratu eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hizkuntzaren ikuspegitik onartu ostean edizioak eta komertzializazioaz arduratze aldera lan-taldeko pertsona fisikoak harremanetan jarri diren enpresaren, elkartearen edo fundazioaren legezko ordezkariak hain zuzen ere. Eskatzailea enpresa, elkarte edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.

2.3.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren ikasmaterialen sorkuntza edo egokitze proiektuek indarrean dagoen curriculumera egokitu behar dute.

2.4.– Honako laguntza-deialdi honen bidez sortu edo egokitu nahi diren ikasmaterialek Unibertsitate aurreko irakasmailei, bai araubide orokor irakasmailei bai araubide berezikoei, zuzendurik egongo beharko dute.

2.5.– Honako laguntza-deialdi honetara biltzen diren proiektuek honako arlo hauetakoren bati lotuta beharko dute:

a) Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako prestakuntza zikloetako edota Batxilergoko jakintzagai bati (derrigorrezkoa nahiz aukerakoa) loturiko ikasmaterialaren edo jakintzagai desberdinei buruzko produktu globalizatu edo diziplinarteko baten sorkuntzari edo egokitzapenari dagokion proiektua.

b) Zehar-lerro bati buruzko ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektua.

c) Ebaluaziorako, orientabiderako eta aniztasunari erantzuteko ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektua. Ikasmaterialak ez ezik, ikasleen ezaugarri psikologikoen neurketa eta diagnosirako balio dezaketen bestelako materialak ere hartuko dira kontuan esparru horren barruan.

d) A ereduko ikasleentzat eta haien irakasleentzat euskara irakasteko ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektua.

e) Helduen Hezkuntzan erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektua.

f) Aukerako Hezkuntza Jarduera lantzeko ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektua.

g) Musika-irakaskuntzan erabiltzeko diren ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektua.

h) Hezkuntza Berezian erabiltzekoak diren ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektua.

i) Curriculumaren euskal dimentsioa lantzera datozen ikasmaterialak sortzeko edo eta egokitzeko proiektuak.

j) Berariazko hezkuntza-premiak dituzten ikasleei zuzendutako ikasmaterial sortzeko edo egokitzeko proiektuak.

2.6.– Ikasmaterialek 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

VII. KAPITULUA
BALDINTZEN EGIAZTATZEA

12. artikulua.– Aurreko kapituluan finkaturiko baldintzen egiaztatzea modu honetan egingo da:

1.– Diru-laguntza eskatu duen lan-talde jakineko pertsona fisikoen zergarekiko eta diru-laguntza eskatu duten entitateen zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren egiaztatzea era automatikoan egingo da, behar beste aldiz. Egiaztatze horri kudeaketa-organoak ekingo dio, diru-laguntza eskatzen duten entitateei baimena eskatu gabe. Aurreko hori, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua ezarriz egingo da. Hala ere, diru-laguntza eskatzen duen lan-talde bateko pertsona fisikoren batek edo entitateren batek zergak Nafarroan ordainduz gero, egiaztapena Agindu honen 20.1.1.a) eta 20.1.2.a) artikuluan zehaztutako ziurtagiria aurkeztuz egingo da.

2.– Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa)legezko eraketari dagokion egiaztatzea Agindu honen 20.1.2.b) artikuluan zehaztutako agiria aurkeztuz egingo da.

3.– Euskararen ezagutzaren eta menperatzearen egiaztapena honako agindu honetako 20.1.1.c) eta d), eta 20.1.2.f) eta g) artikuluan aipaturiko agiriak aurkeztuz egingo da.

4.– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adskribitutako unibertsitate aurreko irakasle ez unibertsitarioen kidegoko pertsonaren edo pertsonen irakasle-izaeraren egiaztapena, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioena ere, era automatikoan egingo da. Egiaztatze horri kudeaketa-organoak ekingo dio. Gainontzeko kasuetan, egiaztatze hori administrazio-ziurtagiri bat aurkeztuz egingo da. Eskabidea aurkezteko modua edozein delarik ere, euskarri elektronikoan aurkeztuko da(PDF formatuan eskaneatutako kopia).

5.– Landu eta behar den bezala onartu eta gero ikasmaterialaren edizioaz eta merkaturatzeaz arduratuko den enpresako, elkarteko edo fundazioko legezko ordezkariak behar den bezala sinatutako konpromiso idatziaren egiaztapena, honako Agindu honen 20.2.d) artikuluan zehaztutako agiria aurkeztuz egingo da.

13. artikulua.– Edozein delarik ere hartutako bidea, hau da aurrez aurrekoa edo elektronikoa, diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoek eta entitateek berariazko baimena ematen diote kudeaketa-organoari, honek, gainontzeko datuak eskura edo egiazta ditzan. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkideko Administrazio Orokorrak esleituak dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenei kalteri egin gabe egingo du. Honako agiri hauek hain zuzen ere:

1.– Pertsona fisikoei dagokionez:

a) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoen NAN.

b) Lan taldea osatu eta diru-laguntza eskatzen duten pertsonen Hirugarrenen erregistroko fitxa.

c) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatu duten pertsona fisikoen kidegoa: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoa edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidegoa. Kidegoaren berri izate horren bidez pertsona horiek irakas jardunean duten partaidetza, hizkuntza-gaitasuna eta gaitasun akademikoa ezagutuko da.

d) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatu duten pertsona fisikoen unibertsitate-agiriak, baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

e) Lan-taldea osatu eta diru-laguntza eskatu duten pertsona fisikoen hizkuntza-gaitasunaren egiaztatzea baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

2.– Entitateei dagokienez:

a) Diru-laguntza eskatzen duten entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa) legezko ordezkariaren NAN.

b) Diru-laguntza eskatzen duten entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa) Hirugarrenen erregistroko fitxa.

c) Laguntza-eskabidea egin duen entitatearen esanetara ikasmateriala sortu edo egokituko duten pertsona fisikoen kasuan, pertsona horien kidegoa: Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoa edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidegoa. Kidegoaren berri izate horren bidez pertsona horiek irakas jardunean duten partaidetza, hizkuntza-gaitasuna eta gaitasun akademikoa ezagutuko da.

d) Laguntza-eskabidea egin duen entitatearen esanetara ikasmateriala sortu edo egokituko duten pertsona fisikoen unibertsitate-agiriak, baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

e) Laguntza-eskabidea egin duen entitatearen esanetara ikasmateriala sortu edo egokituko duten pertsona fisikoen hizkuntza-gaitasunaren egiaztatzea baldin eta pertsona horiek irakaskuntzan ari ez badira edo, aritzekotan, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ari badira.

14. artikulua.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuta, diru-laguntza eskatzen duten lan-taldeek, pertsona fisikoz osatutakoek, eta entitateak eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez honako baldintza hauek egiaztatuko dituzte:

a) Administrazio Publiko edo entitate pribaturen batetik xede eta helburu berari zuzenduriko diru-laguntzarik jaso ez izana eta jasotzen ari ez dela.

b) Administrazio Publiko edo entitate pribaturen bati xede eta helburu berari zuzenduriko diru-laguntzarik eskatu ez izana.

c) Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez izatea, ezta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean egotea ere, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

d) Eskabidean zein eskabideari erantsitako agirietan bildutako datuak egiazkoak direla adieraztea.

e) Diru-laguntza eskatzen duen entitateak honako diru-laguntza hauen onuradun izateko indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak betetzen dituela adieraztea.

f) Diru-laguntza eskatzen duen entitatea legalki eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela adieraztea.

VIII. KAPITULUA
ESKABIDEAK: EPEA, AURKEZTEKO MODUA ETA HARREMAN HIZKUNTZA

15. artikulua.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak eskatzeko, Eranskinean jasotako eskabide-orria bere osotasunean bete, sinatu eta 22. artikuluan finkatutako epean aurkeztu behar da.

16. artikulua.– Eskabide-orri hori Hezkuntza Ordezkaritzetan eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net) eskura daiteke. Nahi izanez gero, Eranskinean jasotako ereduaren kopia erabil daiteke.

17. artikulua.– Aurkeztu beharreko eskabideen kopurua diru-laguntza eskatzen duen entitatearen izaeraren araberako izango da:

a) Diru-laguntza eskatzen duen entitatea pertsona fisikoz osatutako lan-taldea denean, gehienez hiri (3) eskabide egin ahal izango dira.

b) Diru-laguntza eskatzen duen entitatea legez eratutako enpresa bat, elkarte bat edo fundazio bat denean, gehienez hamabi (12) eskabide egin ahal izango dira.

18. artikulua.– 1.– Eskabideak, atalez atal behar den moduan beteak izan ondoren, honako modu hautakoren batean aurkeztuko eta tramitatuko dira:

a) Aurrez aurreko moduan, ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan -Zuzenean- edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 1 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/92 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

b) Modu elektronikoan, Euskadi.net atariko (https//:www.euskadi.net) Egoitza elektronikoan. Izapidetze elektronikoa honako hauek arautzen dute: 21/2012 Dekretuak, otsailaren 21ekoak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duenak.

2.– Eskabideak eta gainontzeko agiriak, bai aurrez aurreko kanaletik bai kanal elektronikotik nola izapidetu behar diren adieraziz prestatutako zehaztasunak Euskadi.net atariko (https//:www.euskadi.net) Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri.

3.– Eskabidea izapidetu eta agiriak emateko orduan kanal bat, aurrez aurrekoa edo elektronikoa, erabiltzeak, ez du prozedurari dagozkion hurrengo izapidetzetan aukeratutako kanala erabiltzera behartzen. Kanala edozein momentutan alda daiteke.

4.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena egin osteko izapidetzak (kontsultak, agiriak eman...) honako honetatik egingo dira: https://www.euskadi.net/niregestioak.

19. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsonek eta entitateek Euskal Autonomia Erkideko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, bere 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritako moduan.

IX. KAPITULUA
AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

20. artikulua.– Eskabide-orriarekin batera honako dokumentu hauek ere nahitaez aurkeztu beharko dira:

1.– Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisikoz osatutako lan-taldeei eta entitateei (enpresa, elkartea edo fundazioa) dagokien agiriak:

1.1.– Eskabidea lan-taldea osatzen duten pertsona fisikoek sinatuta datorrenean:

a) Diru-laguntza eskatu eta, aldi berean, zergak Nafarroan ordaintzen dituzten pertsona fisikoen kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Aipaturiko ziurtagiri horren aurkezpena eta bidalketa, edozein delarik ere eskabidea aurkezteko bidea, euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

b) Diru-laguntza eskatzen duten pertsona fisiko beste Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen erregistroko fitxa.

Hori egite aldera, diru-laguntza eskatzen duten entitateek behera kargatuko dute http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html helbidean eskuragarri dagoen formularioa.

Aipaturiko formulario horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

c) Lan-taldea osatzen duten pertsona fisiko guztien euskara-agiriaren kopia. Kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoko irakasleek edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidego irakasleek ez dute eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango.Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bost (5) urtez irakasten ibili arren euskara-agiririk ez duten irakasleek aipaturiko Unibertsitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Aipaturiko ziurtagiri horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

d) Lan-taldea osatzen duten pertsona fisiko guztien unibertsitate-agirien kopia, ikasmaterial lantzeko beharrezkoa den gaitasuna egiaztatzeko asmoz. Kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoko irakasleek edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidego irakasleek ez dute eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango.

1.2.– Eskabidea entitate batek (enpresa, elkartea edo fundazio batek) sinatuta datorrenean:

a) Zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Egiaztatu behar hori zergak Nafarroan ordaintzen dituzten entitateen kasuan baino ez aurkeztu behar da. Aipaturiko ziurtagiri horren aurkezpena eta bidalketa, edozein delarik ere eskabidea aurkezteko bidea, euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

b) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen eraketa-eskritura edo aktaren kopia, beti ere bere izaera juridikoaren arabera.

b.1.– Ez da aurkeztu behar izango aipaturiko kopia hori honako kasu hauetan:

b.1.1.– Diru-laguntza eskatzen duen entitatea legalki eratuta egon eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion Erregistroan izena emanda dagoen elkartea edo fundazioa denean. Horri horrela denean, nahikoa izango da eskabidean, erantzukizunpeko adierazpenei dagokien atalean, behar den bezala adieraztea, jarraian kudeaketa-organoak egiazta dezan.

b.1.2.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen txartelarekin sinatu bada.

b.2.– Aurkeztu beharra ezinbestekoa izango da honako kasu hauetan:

b.2.1.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariaren txartelarekin sinatu bada.Aipaturiko kopia euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

b.2.2.– Eskabidea aurrez aurreko kanaletik izapidetu denean. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

c) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkari den pertsona fisikoaren ahalmen-eskritura edo -erabakia.

c.1.– Ez da aurkeztu behar izango aipaturiko kopia hori honako kasu hauetan:

c.1.1.– Diru-laguntza eskatzen duen entitatea legalki eratuta egon eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion Erregistroan izena emanda dagoen elkartea edo fundazioa denean. Horri horrela denean, nahikoa izango da eskabidean, erantzukizunpeko adierazpenei dagokien atalean, behar den bezala adieraztea, jarraian kudeaketa-organoak egiazta dezan.

c.1.2.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariaren txartelarekin sinatu bada.

c.2.– Kopia hori aurkeztu beharra ezinbestekoa izango da eskabidea aurrez aurreko kanaletik izapidetu denean. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

d.1.– Ez da aurkeztu behar izango aipaturiko kopia hori eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen txartelarekin sinatu bada.

d.2.– Aurkeztu beharra ezinbestekoa izango da honako kasu hauetan:

d.2.1.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariaren txartelarekin sinatu bada.

Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

d.2.2.– Eskabidea aurrez aurreko kanaletik izapidetu denean. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Ogasuna Saileko Hirugarrenen Erregistroko fitxa, baldin eta diru-laguntza eskatzen duen entitatea aurretiaz erregistratu gabe badago edo Erregistroan dauden bere banku-datuak aldatu nahi baditu. Hori egite aldera, diru-laguntza eskatzen duten entitateek behera kargatuko dute http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html helbidean eskuragarri dagoen formularioa. Aipaturiko formulario horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

f) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa) esanetara egonik, ikasmateriala sortzen edo egokitzen arituko diren pertsona guztien euskara-agiriaren kopia.

Kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua. Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen esanetara egonik, ikasmateriala sortzen edo egokitzen arituko diren pertsonak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegokoak direnean edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidegokoak direnean, ez da eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) bost (5) urtez irakasten ibili arren euskara-agiririk ez duten irakasleek aipaturiko Unibertsitateak egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Aipaturiko ziurtagiri horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

g) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen (enpresa, elkartea edo fundazioa) esanetara egonik, ikasmateriala sortzen edo egokitzen arituko diren pertsona guztien unibertsitate-agirien kopia, ikasmaterial lantzeko beharrezkoa den gaitasuna egiaztatzeko asmoz. Kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari adskribitutako irakasle ez unibertsitarioen kidegoko irakasleek edo Euskal Autonomia Erkidegoan itundutako irakaskuntzan edo irakaskuntza pribatuan ari diren irakasle ez unibertsitarioen kidego irakasleek ez dute eskatutako agiriaren kopiarik aurkeztu beharrik izango.

2.– Laguntza-deialdira bildutako ikasmaterialari dagozkion agiriak:

a) Diru-laguntza eske aurkezten diren ikasmaterial bakoitzeko formulario bat, behar den bezala beteta. Formulario horretan diruz laguntzea nahi den ikasmaterialari buruzko datu tekniko eta ekonomikoak jasoko dira. Formulario hori Euskadi.net atariko (https//:www.euskadi.net) Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net).Formulario horren aurkezpena, diru-laguntza eskatzen duen entitateak aukeratutako bidetik egingo da. Aurrez aurrekoa izanez gero, formulario horren aurkezpena eta bidalketa, aldez aurretik behera kargatu, bete eta inprimatu eta gero, euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

b) Ikasmateriala sortzeko edo eta egokitzeko proiektua, bereziki ikasmaterialaren ezaugarriak eta eduki-segida adieraziz. Ikasmaterialak dagokion curriculum-dekretuarekin, diseinuarekin edota gainerako orientabideekin duen lotura azaldu beharko da. Horrezaz gain, ikasmaterialaren beraren xedea eta izaera, helburuak, metodologia, ebaluazioa, nori zuzentzen zaion, erabilera modua, proiektu orokorrago batean txertatzen ote den, zer euskarritan argitara emango den, lan-bolumena, etab. zehaztuko da. Era berean, lan-taldeak edo mintegiak bere jarduerari buruz eman nahi dituen gainerako argibideak ere bertan eman ditzake (lan-antolaketa, informazio-iturriak...). Aipaturiko proiektu horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

c) Sortu edo eta egokitu nahi den ikasmaterialaren beraren eredu edo erakusgarri bat, ahalik eta era zehatzenean aurkeztua. Aipaturiko proiektu horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

d) Diruz lagundu nahi den ikasmateriala argitaratzeko eta merkaturatzeko idatzizko konpromisoa. Konpromiso hori, formatu libreko agiri batean idatzia, Honako honek sinatuta etorriko da: landutako ikasmaterial eskuratu eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hizkuntzaren ikuspegitik onartu ostean edizioak eta komertzializazioaz arduratze aldera lan-taldeko pertsona fisikoak harremanetan jarri diren enpresaren, elkartearen edo fundazioaren legezko ordezkariak hain zuzen ere. Diru-laguntza eskatzen duena enpresa, elkartea edo fundazioa denean, argitaratze-konpromiso hori inplizitutzat joko da.

Aipaturiko proiektu horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

21. artikulua.– 1.– Pertosna fisikoz osatutako lan-talde batek edo entitate batek (enpresa, elkartea edo fundazioa) eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, 20. artikuluko 1.1 eta 1.2. puntuetan zehaztutako agiriak bakarrak izango dira eskabide guztientzat.

2.– Era berean, 20. artikuluko 1.1 eta 1.2 puntuetan aipatutako agirietako edozein orain baino lehen aurkeztua izan bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta aurkeztu zen unetik hona bost (5) urte igaro ez badira, diru-laguntza eskatzen duen entitateak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. atalean agindutakoari jarraituz, ez du nahitaez berriro aurkeztu behar izango aipaturiko agiriak. Nahikoa du eskabideko «Erantzukizunpeko adierazpenak» izeneko atalean hori behar den moduan adieraztea.

X. KAPITULUA
AKATSEN ETA HUTSEGITEEN ZUZENTZEA

22. artikulua.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar (10) eguneko epea emango dio diru-laguntza eskatzen duen entitate interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.

XI. KAPITULUA
IZAERA PERTSONALEKO DATUEN BABESA ETA AURKEZTUTAKO AGIRIEN EGIAZKOTASUNA

23. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «Subvenciones entidades asociativas» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea eta deialdihonetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

24. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, honek aurkeztutako agirien egiazkotasuna konproba dezan beste instantzia batzuetan.

VIII. KAPITULUA
EBALUAZIO BATZORDEA ETA EBALUAZIO BIDEA

25. artikulua.– 1.– Aurkeztutako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak behar bezala aztertzeko, eta 24. artikuluko 1. puntuan adierazitako irizpideekin zer neurritan bat datozen balioesteko, ebaluazio-batzorde bat eratu eta izendatuko du Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.

2.– Ebaluazio-batzordea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak berariaz izendatuko duena, ebaluatu behar diren proiektuek garatzen dituzten ezagutza-esparru beste kidez osatuta egongo da. Batzorde horren EIMA 4 teknikariaren laguntza izango du; hau idazkari gisa arituko da.

3.– Batzordea Berritzegune Nagusiko aholkulariez osatuta egongo da.

26. artikulua.– 1.– Ebaluazio-batzordeak, deialdiaren baldintzak zuzen betetzen dituzten eskabide guztiak aintzakotzat hartuz, horien balioespenari ekingo dio, zeregin horretan honako irizpideok eta balio hauek kontuan izanik:

a) Irizpide nagusien balioespena (gehienez ere 25 puntu)

– Proiektuaren zehaztasuna (0tik 5 puntura)

– Helburua garbi adieraztea (0tik 5 puntura)

– Norainoko sortze-lana (0tik 5 puntura)

– Lan-taldearen balioespena (0tik 10 puntura)

b) Curriculumaren araberako balioespena (gehienez ere 30 puntu)

– Indarrean dagoen curriculum-diseinurako egokia (0tik 5 puntura)

– Helburuak (0tik 5 puntura)

– Edukiak eta kontzeptuak (0tik 5 puntura)

– Ebaluazioa (0tik 5 puntura)

– Zehar-lerroen trataera (0tik 5 puntura)

– Aniztasunaren trataera (0tik 5 puntura)

c) Erakusgarriaren balioespena (gehienez ere 45 puntu)

– Azalpenaren zehaztasuna (informazio zehatza) (0tik 5 puntura)

– Metodologia (garbia, motibagarria, ondo eratua...) (0tik 10 puntura)

– Edukiak eta kontzeptuak (0tik 10 puntura)

– Ebaluazio-irizpideak eta tresnak (0tik 5 puntura)

– Ikaslearen inguruarekiko hurbiltasuna (0tik 5 puntura)

– Hizkuntzazko kalitatea eta egokitasuna (0tik 10 puntura)

2.– Puntu horiek denak behar bezala egiaztatu ahal izateko, Ebaluazio-batzordeak aurrez aurreko azalpen-bilera egin ahal izango du mintegien edo lan-taldeen arduradunekin.

3.– Proiektuen balioespena egiteko, Ebaluazio-batzordeak berariazko ebaluazio-fitxa beteko du.

4.– Prozeduran aurrera egin ahal izateko, proiektuek, gutxienez, berrogeita hamar (50) puntu lortu beharko dituzte. Hori dela eta, gutxieneko puntuazio hori lortzen ez duten egitasmoek, ez dute diru-laguntzen banaketa-prozesuan parte hartuko eta, ondorioz, ez dute inongo diru-laguntzarik jasoko.

XIII. KAPITULUA
EBAZPEN BATZORDEA ETA EBAZPEN JARDUNBIDEA

27. artikulua.– 1.– Berariazko eratutako ebazpen-batzorde bat arduratuko da Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuei eman beharreko diru-laguntza zehatza kalkulatzeaz, 26.1. eta 29. artikuluetan adierazitako lehentasunen eta irizpideen arabera.

2.– Ebazpen-batzordea honako kide hauek osatuko dute:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, batzordearen buru delarik.

b) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuaren buruak.

c) Ikasketen Antolamendurako Zerbitzuko teknikari batek, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak hartarako izendatuak.

d) Euskara Zerbitzuaren buruak.

e) Euskara Zerbitzuko EIMA 4 programaren teknikariak, batzordearen idazkari delarik.

28. artikulua.– Ebazpen-batzordeak banan-banan neurtuko ditu Ebaluazio-batzordeak balioetsitako proiektuak eta ikasmaterial-ereduak, baita finkatuko ere eman beharreko diru-laguntzen zenbatekoa, eta, ondoren, Hezkuntza sailburuordeari deialdiaren ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.

29. artikulua.– Aurreko artikuluan aipaturiko zenbatekoa, berriz, era honetara finkatuko da:

1.– Oinarri moduan, proiektu bakoitzari dagokionez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak begiz jotako kostua (BJK) hartuko da. Kostu hori finkatzeko honako datuok hartuko dira kontuan:

a) Lan-taldeak begiz jotako testu-orrialde estandarren kopurua. Kopuru hori zehazte aldera, pertsona fisikoz osatutako lan-taldeak edo entitateak honako erreferentzia hauek izango ditu gogoan: Time New Roman 12-ko 2.342 karaktere, tarte zuriak barne; DIN A4 formatua eta 1,5eko lerro-artea.

b) Berrogeita hamar (50) euro, testu-orrialde estandar bakoitzeko.

2.– Aurreko puntuan lortutako oinarriari Ebaluazio-batzordeak (EBP) 26.1 artikuluaren argitan emandako puntuak aplikatuko zaizkio. Puntuazioak 50etik 100era arteko oszilazioa izango du. Puntuazio horren eragin-indarra 0,5ekoa izango da.

3.– Jarraian, sortuko edo eta egokituko duen ikasmaterialaren ezarpen-eremua eta izaera hartuko dira kontuan. Horiek, hurrenez hurren 0,25eko eragin-indarra dutelarik, honako bi adierazgarri hauekin definituko dira:

a) Irakasmaila (A1)

– Batxilergoa 2 = 1

– Heziketa Zikloak = 1

– Helduen Hezkuntza = 1

– DBH 4 = 0,75

– Batxilergoa 2 = 0,75

– DBH 1, 2 eta 3 = 0,6

– Bestelakoak = 0,4

b) Ikasmaterial mota (A2)

– Oinarrizko ikasmateriala = 1

– Ikasmaterial osagarria = 0,5

Inprimatutako ikasmaterialen kasuan, ikasmaterialen tipologia EIMA 1 programan finkatutako sailkapenaren arabera zehaztuko da.

4.– Horren ondorioz, proiektu bakoitzari legokiokeen laguntzaren kopuru zatia (KZ)i honela kalkulatuko da:

(KZ)i = (BJK)i x [(EBP/100) x 0,5 + (A1 x 0,25 + A2 x 0,25)]i

5.– Eskabide-orria pertsona fisikoz osatutako lan-talde batek sinatutakoa denean, pertsona bakoitzari dagokion kopurua zehaztuko da. Pertsona bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoaren finkapena lan-taldeak berak eskabide-orrian zehaztutako ehunekoen arabera burutuko da.

6.– Diru-laguntza gisa proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoa (KZ)i ez da, inolaz ere, hemezortzi mila (18.000) euro baino gehiago izango. Hori dela eta, 4. puntuan zehaztutako formularen aplikazioz ondorioztatutako kopurua hemezortzi mila (18.000) euro baino handiagoa bada, kopuru hori txikitu egingo da eta finkatutako gehienezko mugara ekarriko.

7.– Baldin eta kopuru zati (KZ)i guztien batuketa Hezkuntza Sailburuordetzak langintza honetarako duen laguntza-partida baino handiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki banatuko da.

30. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordearen proposamena ikusirik, Hezkuntza sailburuordeak laguntza-deialdi hau ebatzi egingo du.

2.– Ebazpen horrek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako proiektuen zerrenda eta proiektu horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundu izan ez diren proiektuen zerrenda, ukatzearen zioa azalduz.

3.– Ebazpen hori laguntza-deialdira jo duten pertsona fisikoei eta entitate guztiei modu ofizialean jakinaraziko zaie, beranduenik, lau (4) hilabeteko epean. Epe hori 15. artikuluan eskabideen aurkezpenari buruz zehaztutako azken eguneko biharamunean hasiko da. Aurrekoari kalterik egin gabe, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

4.– Sei (6) hilabeteko epea amaitu eta diru-laguntza eskatuen duen pertsona fisikoak edo entitateak inongo jakinarazpenik hartu ez badu, egindako eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1. artikuluaren arabera.

31. artikulua.– 1.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote diru-laguntza eskatu duten entitateek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hartutako Ebazpenaren berri emanaz jasotako idatzizko jakinarazpena eskuratutako egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

2.– Esandako epean Ebazpenik hartu ezean, isiltasuna ezezko erantzuntzat hartuko da.

32. artikulua.– Onuradun diren pertsona fisikoek eta entitateek onartu egin beharko dute esleitutako diru-laguntza. Hori dela eta, diru-laguntza eman izana jakinarazten duen idazkiaren jasotzen den egunean hasi eta hamar (10) eguneko epean esleitutako diru-laguntzari berariazko ukoa, idatziz egindakoa hain zuzen ere, aurkezten ez badiote onuradun diren pertsona fisikoek eta entitateek kudeaketa-organoari, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.

XIV KAPITULUA
GERTAKIZUNAK

33. artikulua.– Diruz lagundutako ikasmaterial baten sorkuntza- edo egokitze-fasean 20.2.b) artikuluan aipatzen den proiektuari dagokionean aldaketa funtzional edo metodologikoren bat sartzea ezinbestekotzat jotzen bada, esleipenduna den lan-taldearen edo entitatearen, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren arteko harremanetan, besteak beste, solaskide-lanetan dabilen pertsonak, aldaketari ekin aurretik, idatziz eta modu arrazoituan eskatu beharko du. Eskabide hori aipatuko Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari zuzenduko zaio. Zuzendaritza horrek, eskabidearen nolakoa ikusita, baldin eta eskatutako aldaketa hasieran begiz jotakotik modu nabarmenean aldentzen ez bada, idatziz onartu ahal izango du aldaketa hori.

XV. KAPITULUA
ORDAINTZEKO MODUAK: ZATIKATEA ETA DIRU LAGUNTZAREN BIGARREN ZATIAREN ORDAINKETA

34. artikulua.– 1.– Ebazpena hartu eta 32. artikuluan esleitutako diru-laguntza onartzeko ezarritako epea amaitu ondoren, esleitutako diru-laguntzaren lehen zatiaren ordainketari ekingo zaio, hau da % 63,53 ordainduko da.

2.– Gainerako % 36,47a, berriz, dagokion ikasmateriala argitaratu eta XVI Kapituluan ezarritako baldintza guztiak bete direla konprobatu ondoren ordainduko da.

35. artikulua.– Esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatia jaso ahal izateko, onuradun gertatu diren pertsona fisikoen edo entitateek entitateak honako hau egin behar dute:

1.– Laguntza gai den proiektuaren sorkuntza- edo egokitzapen-lana bukatu eta, azaroaren 3ko 295/1998 Dekretuak, ikasmaterialen onarpenari buruzkoak, araututakoari jarraituz, 2013ko apirilaren 27a baino lehen, ikasmateriala argitaratuko duen argitaletxearen eskutik Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari aurkeztea, Sail horretan dagokion atalak, sortutako edo egokitutako ikasmaterialaren hizkuntza- egokitasunaren azterketari ekin diezaion.

2.– Ikasmateriala, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako hizkuntza-egokitasunaren aitorpenaren jabe denean, ez lehenago:

a) Ikasmaterialaren argitaratzeari eta merkaturatzeari ekingo zaio. Argitaratze-lanak 2013ko irailaren 15 baino lehen gauzatuko dira. Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpearen M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.

b) Argitara emandako ikasmaterialak argi eta garbi adieraziko ditu materialaren sortze- edo egokitze-lanetan ibilitako kide guztien izen-abizenak. Eskabide-orrian adierazitako kideak, ez beste inor, izango dira ikasmaterialaren sortzaile edo eta egokitzaile.

c) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onetsitakoa denez, ikasmaterialak honako esaldi hau eramango du, ongi ikus daitekeen tokian eta ale guztietan: «Ikasmaterial honek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren hizkuntzazko egokitasun-aitorpena jaso du (onespen-data)».

3.– Argitaratu eta berehala, betiere 11.2.1 artikuluan finkaturiko egutegiaren baitan, talde-arduradunak deialdi honen kudeaketa-organoan aurrez aurreko moduan aurkeztu eta sarrera emanik utziko ditu, 2013ko irailaren 30a baino lehen, honako hauek:

a) Argitara emandako ikasmaterialaren bi (2) ale.

b) Sortu edo egokitutako eta argitaratutako ikasmaterialari buruz beharrezkoak diren azalpenak eta argibideak emanaz lan-taldea osatzen duten pertsona guztiek kide guztiek izenpeturiko oroitidazkia.

4.– Honako artikulu honen 3. puntuan adierazitako agirien aurkezpena onuradun diren pertsona fisikoen edo entitateen borondatearekin zerikusirik izan gabe behar den bezala justifikatutako arrazoiak tarteko atzeratuko balitz, eta 2013ko irailaren 30a baino hamabost (15) egun lehenago luzapena eskatuko balitz, beti ere 2013ko urriaren 30a baino haratago joango ez dena, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskatutakoa baimendu ahal izango du. Administrazioren baimena edo ukatzea idatziz jakinaraziko zaio interesatuari, deialdi honen kudeaketa-organoak eskabidea hartzen duen unean kontatzen hasi eta hiru (3) egunetik gora egingo ez duen epean.

36. artikulua.– Ikasmateriala bera eta ikasmaterialari erantsi beharreko agiriak jaso eta Agindu honetan finkaturiko baldintzak bete direla ikusi ostean, esleitutako diru-laguntzaren bigarren zatiaren ordainketari ekingo zaio, hau da gainerako % 35aren ordainketari.

XVI. KAPITULUA
BALDINTZAK

37. artikulua.– Sortutako edo egokitutako ikasmaterialak bat etorri beharko du eskabidearekin batera aurkeztutako proiektuko alderdi curricularrekin. Salbuespen bakarra honako hau izango da: honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoak, 33. artikuluan xedatutakoaren aplikazioz, dagokion entitateak edo lan-taldeak eskatutako aldaketa idatziz onartu izana.

38. artikulua.– Behin betiko edizio-modua zein argitaletxea bat etorriko dira hasiera-hasieran begiz jotakoekin. Salbuespen bakarra honako hau izango da: honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoak, 33. artikuluan xedatutakoaren aplikazioz, dagokion entitateak edo lan-taldeak eskatutako aldaketa idatziz onartu izana.

39. artikulua.– Honako Agindu honetako 35.3 artikuluan zehaztutako agiriak aurkezteko azken eguna errespetatu egingo da. Salbuespen bakarra honako hau izango da: honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoak, 33. artikuluan xedatutakoaren aplikazioz, dagokion entitateak edo lan-taldeak eskatutako aldaketa idatziz onartu izana.

40. artikulua.– 1.– Behar den bezala inprimatu edo editatutako ikasmaterialaren testu-orrialde estandarren kopurua formularioan adierazi eta ikasmaterialari dagokion diru-laguntza finkatzeko orduan erabilitako datu operatiboren berdina edo antzerakoa izango da. Hartarako zera ulertuko da antzerakotasunaz: bere aldakuntza aldeak, goitik edo behetik, hasieran begiz jotako bolumena % 20an gainditzen ez duena.

2.– Aitzitik, baldin eta testu-orrialde estandarren kopurua formularioan adierazitakoa baino txikiagoa bada % 20tik gorako portzentajean, proportzio horren araberako kenketa egingo zaio ordaintzeke dagoen diru-laguntzatik eta, dagokionean, aurretiaz hartutako diru-kopurutik, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena eman ondoren.

41. artikulua.– 1.– Ikasmaterialak, ezinbestean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emaniko hizkuntzaren egokitasun-aitorpenaren jabe izan behar du.

2.– Aitzitik, baldin eta ikasmaterial hori beharrezkoa den hizkuntzaren egokitasun-aitorpenik gabe inprimatu edo editatu bada, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

42. artikulua.– 1.– honako laguntza-deialdi honen bidez sortutako edo egokitutako ikasmaterialei dagozkien euskarazko testuen egiletasuna bat etorriko da formularioan adierazitakoarekin. Egiletasun hori, ikasmateriala sortzen edo egokitzen ibili diren pertsona guztien izenen zerrenda batean jasota egongo dena, aipaturiko ikasmaterialean egongo da behar den moduan ikusgai.

2.– Hasieran begiz jotako lan-taldeari pertsona berri baten edo gehiagoren gehitzeak ez dakar pertsona horri edo horiei dagokionez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenenik.

3.– Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren baja, borondatezkoa edo derrigorrezkoa, kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

4.– Hasieran begiz jotako lan-taldeko pertsona baten edo gehiagoren bajak, borondatezkoa edo derrigorrezkoak, eta pertsona horren edo horien ordezkapenak ez dakar pertsona berri horri edo horiei dagokienez inongo diru-laguntza gehigarriren esleipenik.

XVII. KAPITULUA
BALDINTZAK EZ BETETZEA

43. artikulua.– 1.– Agindu honen XV. Kapituluan xedatutako baldintzak ez betetzeak kobratzeke dagoen kopurua jasotzeko eskubidearen galera, eta jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

44. artikulua.– Agindu honen 40. artikuluan jarritako baldintza ez betetzeak ordaintzeke dagoen diru-kopuruaren eta, dagokionean, aurretiaz jasotako diru-kopuruaren kenketa proportzionala ekarriko du, Hezkuntza sailburuordeak ebazpena eman ondoren. Kenketa proportzional hori testu-orrialde estandarren kopuruan izandako txikiagotze proportzionalaren parekoa izango da.

45. artikulua.– Euskal Autonomi Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontu dauden diru-laguntzen onuradun diren pertsona edo entitateei dagozkien betebeharrean ez betetzeak ordaintzeke dagoen diru-kopurua kobratzeko eskubidearen galera ekarriko du, eta aurretiaz jasotako diru-laguntza eta legezko interesak bueltatu beharra ekarriko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta 698/1991 Dekretuan, abenduaren 17koan, aurre ikusitako prozeduraren arabera.

XVIII KAPITULUA
ONURADUN DIREN PERTSONA ETA ENTITATEEN BETEBEHARRAK

46. artikulua.– Onuradun diren pertsonak eta entitateek honako betebeharrak dituzte:

a) Diru-laguntza esleitzea oinarri duen jarduera burutzea, aurreikusitako exekuzio-epeak betez.

b) Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza emateak eta disfrutatzeak dakartzaten betebeharrak eta baldintzak betetzea, eta, aldi berean, jardueraren gauzatzea justifikatzea.

c) Egiaztatze- jarduerei men egitea eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko. Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzei emandako erabileraren fiskalizazio-lanetan behar duten informazio guztia ematea.

d) Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari xede berberaz bestelako herri administrazioetatik edo entitate publiko zein pribatutik jasotako diru-laguntzen edo laguntzen, diru kopuruen edo bitartekoen berri ematea.

e) Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa-organoari diru-laguntza esleitzeko orduan kontuan izandako edozein egoeraren, bai objektiboa bai subjektiboa, aldaketa jakinaraztea.

XIX. KAPITULUA
ZIURTAPENA

47. artikulua.– 1.– Irakasle diren mintegikideen kasuan, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak haien parte-hartzea berariaz ziurtatuko du, baldin eta interesatuek idatziz hala eskatzen badute eta sortutako edo eta egokitutako ikasmaterialak onespena jasoa badu.

2.– Sortutako edo eta egokitutako ikasmaterial bakoitzeko, unean uneko ordu-balioztapena emango zaio mintegian edo lan-taldean aritutako irakasle bakoitzari.

Hala ere, lan-bolumen txikiko ikasmaterialen balioztapena egiterakoan sail bat osatzen badute, ikasmaterial bakartzat hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskal eta erdal idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Bere aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesatuek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestalde, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Administrazioarekiko Auzietako Salan, Agindua esandako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 12a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala