Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRIZAINGO SAILA
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
KULTURA SAILA
4161

164/2012 DEKRETUA, abuztuaren 21ekoa, «Sartu – Álava» Birgizarteratzearen aldeko Elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen bultzatzen badituzte.

Lege horren babesean, «Sartu - Álava» Birgizarteratzearen aldeko Elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egiten duen lanagatik.

Eskaria egiten duen elkartea 1992an eratu zen, eta Justizia Saileko Kabinete Teknikoko Zuzendaritzaren 1992ko uztailaren 14ko Ebazpenaz inskribatu zen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago (erregistro-zenbakia: AS/A/03416/1992).

Elkarteak batik bat Arabako Lurralde Historikoaren eremuan garatzen du bere jarduera.

Eratu zenetik, «Sartu – Álava» Birgizarteratzearen aldeko Elkarteak bere helburua lortzeko behar diren ekintza guztiak egiten ditu. Hau du helburu nagusia: gizarte-bazterketa gertatzen den egoeretan esku hartzea eta halakoei aurre hartzea, eta, hartarako, laneratzeko, prestakuntza jasotzeko edo gizarteratzeko arazo nabarmenak dituzten kolektiboentzat lanean txertatzeko aukerak sustatzea.

Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Aipatu 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu baten bidez aitortuko du elkartea onura publikokoa dela. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek (gaiaren arabera) eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientearen instrukzioa egin da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, «Sartu – Álava» Birgizarteratzearen aldeko Elkartea onura publikokoa dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.

Ondorioz, Herrizaingoko sailburuaren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren eta Kulturako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko abuztuaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– «Sartu – Álava» Birgizarteratzearen aldeko Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/A/03416/1992 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abuztuaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.


Azterketa dokumentala