Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
4158

AGINDUA, 2012ko irailaren 3koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean kusku biko moluskuak ekoizten diren eremuen sailkapena ezartzeko dena.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko 854/2004 (EE) Erregelamenduaren bidez, animalia-jatorriko produktuen kontrol ofizialak antolatzeko arau espezifikoak finkatu ziren. Bada, erregelamendu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, agintari eskudunak bere aplikazio-eremuan dauden espezieen ekoizpen- eta berezarpen-eremuak izendatu eta sailkatu beharko ditu, betiere erregelamendu horretan aurreikusitako hiru kategorien arabera.

Agindu honen helburua da, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldean moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea eta sailkatzea. Horretarako, kusku bikoak ekoizten diren eremuetan aldiro egindako analisiak eta laginketak hartu dira aintzat.

C multzoan sailkatutako eremuei dagokienez, ohartarazi beharra dago halakoetan debekatuta dagoela moluskuak ateratzea, berezarpen-eremurik ez dagoelako.

Gainera, aipatutako analisien ondorioz, agindu honek eutsi egiten dio muskuilu espeziea (Mytilus edulis eta Mytilus galloprovincialis) ateratzeko debekuari.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko itsas-eremuen sailkapena egitea, uraren kalitatea eta horrek akuikulturaren eta itsaski-bilketaren gainean duen eragina aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoan moluskuak ekoizten diren eremuak izendatzea.

Bigarrena.– Hondarribia (Bidasoa ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapenaren C eremua: ibai-ahotik aeroportuaren muturrera bitarteko eremu osoa; bertan, debekatuta dago moluskuak ateratzea eta itsaskiak biltzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Aeroportuaren muturretik barrualdera doan eremua.

– Hondarribiko arrantza-portua.

– Hondarribiko kirol-portua.

– Beteranoen dartsena.

Hirugarrena.– Mundaka (Oka ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko B eremua: Arketako azpieremua (ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren eskuinaldea) eta Kanalako azpieremua (Sandinderi uhartetik Muruetako Ontziolara bitarteko eremua). Moluskuak atera ondoren, arazketa-prozesu baten menpe jarriko dira, bizirik merkaturatu aurretik.

Sailkapeneko C eremua: ibai-ahotik Sandinderi uhartera bitarteko eremuaren ezkerraldea (Portuondo); bertan, debekatuta dago moluskuak ateratzea eta itsaskiak biltzea.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Itsasadarrean gora, Muruetako Ontziolatik Gernikara bitarteko eremua.

– Txatxarramendi uharteko zupibeko aldea.

– Mundakako portua.

Laugarrena.– Plentzia (Butroe ibaiaren estuarioa). Ikusi I. eta II. eranskinak:

Sailkapeneko B eremua: Ibai-ahotik Arrainolara bitarteko eremua, salbu eta Plentziako portua. Eremu horretan ateratako moluskuek arazketa-prozesu bat pasa beharko dute, bizirik merkaturatu aurretik.

Eremu itxiak: honako eremu hauetan ezin da moluskurik ekoitzi, eta halakoak ateratzea debekatuta dago:

– Plentziako portua.

– Estuarioaren barnealdea, hau da, Arrainolatik gorako urak.

Bosgarrena.– Agindu honetan ezarritako ekoizpen-eremuen sailkapena aintzat hartu beharko da, honako espezie hauek atera nahi izanez gero:

– Ostra (Ostrea edulis, Crassostrea angulata eta Crassostrea gigas).

– Datila (Pharus legumen, Solen marginatus, Ensis ensis eta Ensis siliqua).

– Berberetxoa (Cerastoderma edule edo Cardium edulis).

– Muxila (Venerupis pollastra, Ruditapes edo Tapes pullastra, Venerupis decussata, Ruditapes edo Tapes decussata, Venerupis semidecussata, Tapes semidecussata edo Ruditapes philippinarum, Venerupis aurea eta Venerupis rhomboides).

– Txirla (Venus striatula eta Chamelea gallina).

Seigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko uretan debekatuta dago muskuikuak ateratzea (Mytilus edulis eta Mytilus galloprovincialis).

Zazpigarrena.– Kirol-arrantzan aritzen direnei debekatu egiten zaie eremu itxietan eta C motako eremuetan, agindu honetako ebazpen-zatiko bosgarren eta seigarren paragrafoetan zehaztutako espezieak ateratzea.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Arrantza eta Akuikulturako sailburuordeari, agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko irailaren 3a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala