Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
4157

166/2012 DEKRETUA, abuztuaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Merkataritzako Aholku Batzordea sortzen duen Dekretua aldatzen duena.

Merkataritza-Jarduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legeak merkataritza-legearen inguruko kide anitzeko parte-hartze organo bat txertatzen du, organo horren bidez gizarte- eta ekonomia-eragileen arteko eztabaidaren bidetik dagokigun gaian politika irekiagoa eta adostuagoa gara dadin. Horrela, lege horren 51. artikuluan, Merkataritzako Kontsulta Batzordea sortzea aurreikusten da, eta haren funtzioak, osaera eta funtzionamendu-arauak erregelamendu-garapenaren xede izango direla ezartzen.

Euskadiko Merkataritzako Aholku Batzordea sortzen duen otsailaren 28ko 177/1995 Dekretuaren bidez, eta erregulazio horren arabera eta sektore horren garrantzi ekonomikoa kontuan hartuta, merkataritza-sektoreari lotutako erakunde publiko nahiz pribatuei parte hartzeko aukera emango dien ordezkaritza-organoa ezartzen da, merkataritzaren gaian eskumena duen Sailari har daitezkeen neurriei buruz aholkularitza emateko, eta gure Erkidegoaren merkataritza-egitura sustatzera eta hobetzera zuzendutako ekimenak eta proposamenak formulatzen ditu.

Euskadiko Merkataritzako Aholku Batzordea sortzen duen Dekretua indarrean jarri zenetik 15 urte baino gehiago igaro ondoren, hainbat inguruabarrek (erakunde parte-hartzaileen izen-aldaketez gain sektorearen egoera ekonomikoa, ekonomiaren globalizazioa, merkataritza-operadore handien bategite- eta elkartze-prozesuak, teknologia berriak sartzea eta batez ere, kontsumitzaileen portaerazko jarraibideak aldatzea) Batzorde horren berregituraketa komeni dela adierazten dute, merkataritzaren gaian eskumena duen Sailari aholkularitza hobeagoa emateko eta Batzordearen proposamenekin sektorea ekonomiaren egoera berrira azkar egokitzea ahalbidetzeko.

Izan ere, batzordekide berri hauek sartuko dira Batzordean: Euskadiko Merkataritza Banaketaren Behatokia, Ikusmer (erakunde horren helburua da gure Erkidegoko merkataritza-egituraren azterketa eta jarraipena egitea, dauden joerak atzematea, eta estatistika-informazioa baterabildu eta ebaluatzea, enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeari begira; Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Orkestra (erakunde horren xedea da, hain zuzen ere, merkataritzaren lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzea arlo horren modalitate bakoitzean); Kalitatearen Sustapenerako Euskal Iraskundea, Euskalit, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden saltokien modernizatze-prozesuei buruzko ikuspegia emateko helburuz, establezimendu horien kudeaketa-tresnen eta azpiegituren berrikuntzaren eta hobekuntzaren bidez, eta Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia, erakunde horrek enpresa eta merkatuen funtzionamenduan duen aholkularitza- eta tutoretza-eginkizuna dela eta.

Era berean, banaketa-sektorearen ordezkari izango diren batzordekideen berregituraketa berri bat ezartzen da, haien ordezkaritza-organoek izan duten bilakaera dela-eta, Batzordearen funtzionamendua eraginkorragoa izan dadin, eta, gutxienez, Merkataritza-Jarduerari buruzko Legean jasotzen diren erakundeen ordezkari bana ziurtatzen da.

Horren ondorioz, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenarekin bat etorriz, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2012ko abuztuaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Euskadiko Merkataritzako Aholku Batzordea sortzen duen otsailaren 28ko 177/1995 Dekretuaren 2. artikulua aldatzen da, eta aurrerantzean idazketa hauxe izango du artikulu horrek:

«Euskadiko Merkataritzako Aholku Batzordea merkataritzaren gaian eskumena duen Sailari atxikita geratuko da.»

Bigarren artikulua.– Euskadiko Merkataritzako Aholku Batzordea sortzen duen otsailaren 28ko 177/1995 Dekretuaren 4. artikulua aldatzen da, eta aurrerantzean idazketa hauxe izango du artikulu horrek:

«1.– Hauek izango dira Euskadiko Merkataritzako Aholku Batzordeko kideak:

– Merkataritzaren gaian eskumena duen Saileko titularra; batzordeburu gisa jardungo du.

– Merkataritzaren gaian eskumena duen Sailburuordetzako titularra; batzordeburu-orde gisa jardungo du.

– Merkataritzaren gaian eskumena duen Zuzendaritzako titularra; batzordekide gisa jardungo du.

Batzordekide bat lurralde historikoetako foru-aldundien ordezkari gisa, aldundiek bat etorriz izendatua.

– Hiru batzordekide Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa, merkataritzaren gaian eskumena duen Saileko titularrak izendatuak.

– Hiru batzordekide Eudel Euskadiko Udalerrien Elkartearen ordezkari gisa, elkarte horrek izendatuak.

– Zortzi batzordekide merkataritzako enpresaburuen elkarteen ordezkari gisa, elkarte horiek izendatuak.

– Bat Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuen Federazioaren izenean.

– Bat Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioaren izenean.

– Bat Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren izenean.

– Bat Bizkaidendak Bizkaiko Merkatari eta Ostalarien Elkarteen Federazioaren izenean.

– Bat Dendartean Gipuzkoako Merkataritzaren Bilkuraren izenean.

– Hiru Euskadiko Hiri Merkataritzako Plataformen izenean, bat Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetako hiru hiriburuetako bakoitzaren izenean.

– Bat Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten banaketa-enpresa handien ordezkari gisa, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzako ganbera ofizialek izendatua.

– Hiru batzordekide Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzako ganbera ofizialen ordezkari gisa, bat lurralde historiko bakoitzeko, ganbera horiek izendatua.

– Batzordekide bat Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten lau sindika-tuetako bakoitzaren ordezkari gisa, sindikatu horiek izendatuak.

– Batzordekide bat Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten bi kontsumitzaile-elkarteetako bakoitzaren ordezkari gisa, elkarte horiek izendatuak.

– Batzordekide bat Ikusmer Merkataritza Banaketaren Behatokiaren ordezkari gisa, behatoki horrek izendatua.

– Batzordekide bat Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren ordezkari gisa, auzitegi horrek izendatua.

– Batzordekide bat Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren ordezkari gisa, institutu horrek izendatua.

– Batzordekide bat Euskalit Kalitatearen Sustapenerako Euskal Iraskundearen ordezkari gisa, iraskunde horrek izendatua.

– Batzordekide bat Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren ordezkari gisa, agentzia horrek izendatua.

2.– Batzordeko idazkariak hitzarekin baina botorik gabe jardungo du Batzordean, eta batzordeburuak izendatuko du merkataritzaren gaian eskumena duen Sailari atxikitako funtzionarioen artean.»

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Dekretu honetan oraingo administrazio-organo batzuk aipatzen dira, eta aipamen horiek baliagarri izango dira organo horiek etorkizunean ordeztuko dituzten organoetarako eta antolaketa-arauei jarraikiz jasoko dituzten izendapenetarako.
AZKEN XEDAPENA.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abuztuaren 28an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.


Azterketa dokumentala