Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

181. zk., 2012ko irailaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
4156

161/2012 DEKRETUA, abuztuaren 21ekoa, Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea sortzeko eta arautzeko dena.

Autonomia Estatutuaren 16. artikuluak euskal erakundeei esleitzen dizkien eskumenen esparruan onartzen da dekretu hau, eta lege hauek oinarri direla: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria; Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa eta lege hori aldatzen duen abenduaren 12ko 4/2007 Lege Organikoa, eta Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legea. Dekretua onartzea ez da eragozpen izango Konstituzioaren 27. artikuluan eta artikulu hori garatzen duten lege organikoetan ezarritakoa betetzeko, ezta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluan ezarritakoa betetzeko ere.

Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak ezartzen duenez (Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa aldatu du), ikasleen parte hartzea garatzea da unibertsitate-politikako printzipioetako bat, eta Ikaslearen Estatutua eta Unibertsitateko Ikaslearen Kontseilua dira horretarako tresna. Legearen 46.5 artikuluaren arabera, Unibertsitateko Ikaslearen Kontseiluan unibertsitate guztietako ikasleek izango dituzte ordezkariak, eta, hala behar denean, autonomia-erkidegoetako ikasleen kontseiluetako ordezkari-kopuru egoki batek hartuko du parte.

Aipatu den legearen 46. artikuluarekin bat, Unibertsitateko Ikaslearen Estatutua onartzen duen abenduaren 30eko 179/2010 Errege Dekretuak unibertsitateko ikasleen eskubide eta betebeharrak garatu ditu, eta Estatuko Ikasleen Unibertsitate Kontseilua sortu du.

Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea aholkularitza-organoa izango da, eta aplikatzekoak diren arauek Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei aitortzen dizkieten eskubide eta betebeharrak bermatzea izango du xede. Aldi berean, ikasle horiei aukera emango die bertako ordezkari baten bidez Estatuko Ikasleen Kontseiluan parte hartzeko.

Dekretu honen xedea organo horren oinarrizko alderdiak arautzea da. Dekretua onartzeko, aintzat hartu da orain arte azaldutako guztia, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak bere proposamena egin du, Euskadiko Unibertsitate Kontseiluak eta Unibertsitateko Irakaskuntza Publikoaren Koordinazio Kontseiluak txosten bana egin dute, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2012ko abuztuaren 21eko bilkuran, aztertu eta onartu egin du dekretuaren testua. Horiek horrela, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Sorrera.

1.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea sortzen da. Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza- eta kontsulta-organoa izango da unibertsitateko ikasleei dagozkien gaietan, bermatu egin nahi baitira, hala, aplikatzekoak diren arauek aitortzen dizkien eskubide eta betebeharrak.

2.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea, erakundeen eta gizartearen partaidetzarako organo den heinean, informazioa emateaz eta gaiak aztertzeaz arduratuko da. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeak unibertsitate-arloan eskumena duen sailaren edo Eusko Jaurlaritzaren gaiei buruz egiten dituen txostenak ez dira lotesleak izango. Gainerako erabakiak, aho batez hartzen direnean, kasuan kasu ematen zaien eraginkortasuna izango dute, baina inola ere ez dira lotesleak izango Jaurlaritzarentzat.

3.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea unibertsitate-arloan eskumena duen sailari atxikita geratuko da, eta haren aurrekontuen kontura finantzatuko da.

4.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea unibertsitate-arloan eskumena duen sailaren egoitza nagusian kokatuta egongo da, sail hari atxikitako organoa den heinean.

5.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea ez da sartuta egongo unibertsitate-arloan eskumena duen sailaren egitura hierarkikoan, eta organo horretako izateak ez du berekin ekarriko ordainsari bat jasotzeko eskubidea.

2. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Hauek izango dira Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen eginkizunak:

a) Lankidetzarako eremua izango da, hau da, Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleen ordezkaritza goreneko organoek lana elkarrekin egiteko eremua.

b) Eusko Jaurlaritzari eta unibertsitate-arloan eskumena duen sailari aholku emango die, Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleen eskubide, interes eta aldarrikapenei lotutako gaietan, eta iritzia eskatzen zaion gai guztietan.

c) Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei eragiten dien ekimen eta programak aztertu, eta txostenak egingo ditu.

d) Ikasleen ekimenak bideratuko ditu: Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen bilkuretara eramango ditu, azter daitezen.

e) Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei eragiten dien unibertsitate-politikako neurriak aztertuko ditu.

f) Berrikuntza, ikasketen kalitatea hobetzea eta ikasleen parte hartzea sustatzeko neurrien alde egingo du lan.

g) Entzun egin zaio Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen barruan, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzko otsailaren 25eko 3/2004 Legea garatzeko xedapen orokorren proiektuak egiten dituenean, betiere ikusten bada proiektu horiek Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleei eragiten dietela. Entzun egingo zaio, orobat, unibertsitateko tituluak lortzeko irakaskuntzen prezio publikoak ezartzen direnean, eta ikasketetarako beka eta laguntzen deialdiei buruzko erabakiak hartzen direnean.

h) Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleen artean aukera-berdintasunaren printzipioa errespetatzen eta sustatzen dela zainduko du.

i) Enpleguaren eta laneratzearen arloko neurri eta politika orokorrak sustatuko ditu, Euskal Unibertsitate Sistemako ikasleentzat.

j) Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako ikasleen artean informazio-trukea errazteko bideak jarriko ditu.

k) Unibertsitateek ikasleen mailan elkarrekin jardun dezaten, programa bateratuak sustatuko ditu.

l) Lan egingo du, modu aktiboan, ikasleen eskubideak aldezteko.

m) Unibertsitateetako estatutuetan ikasleei aitortzen zaizkien eskubide eta betebeharrei dagokienez, haietako gobernu-organoek behar bezala jardungo dutela zainduko du.

n) Jaso eta, hala behar denean, bideratu egingo ditu unibertsitateko ikasleek aurkezten dituzten kexak.

o) Eusko Jaurlaritzari proposamenak egingo dizkio bere eskumeneko gaietan.

p) Lege-xedapenek edo erregelamendu-xedapenek izendatutako beste edozein eginkizun beteko du, baita aholku-batzordean bertan ordezkatuta dauden erakunde eta organoek beren egitekoen arabera eskatutako beste edozein eginkizun ere.

3. artikulua.– Osaera.

1.– Hauek izango dira Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen kide:

a) Unibertsitate-arloan eskumena duen saileko burua edo hark izendatutako ordezkoa. Bera izango da aholku-batzordeko lehendakari.

b) Bokal bat, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ordezkari, sailburuak izendatuta.

c) Hiru bokal, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari, ikasleen ordezkaritza-organo goreneko kide diren ikasleek beren artean hautatu eta unibertsitateko errektoreak izendatuta.

d) Bokal bat, Deustuko Unibertsitatearen ordezkari, ikasleen ordezkaritza-organo goreneko kide diren ikasleek beren artean hautatu eta unibertsitateko errektoreak izendatuta.

e) Bokal bat, Mondragon Unibertsitatearen ordezkari, ikasleen ordezkaritza-organo goreneko kide diren ikasleek beren artean hautatu eta unibertsitateko errektoreak izendatuta.

f) Idazkaria, unibertsitate-arloan eskumena duen sailburuordetzako funtzionarioen artean lehendakariak hautatua, hizpideaz baina botorik gabe.

2.– Unibertsitateek bi pertsona izendatuko dituzte ikasleen ordezkaritza-organoek Euskadiko Unibertsitateko Aholku Batzorderako hautatu dituzten bokalen ordez jardun dezaten. Horretarako, ordea, lehendakaria jakinaren gainean jarri beharko da, idatziz, bilkura hasi aurretik.

3.– Bilkuretan, parte hartu ahal izango dute Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen eginkizunei dagozkien gaietan aditu direnek, baina ez dute izango botoa emateko eskubiderik. Lehendakariak gonbidatuta joango dira, edo, bestela, aholku-batzordeko gutxienez lau kidek proposatuta.

4. artikulua.– Aholku-batzordeko lehendakaria.

1.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko lehendakariari dagokio:

a) Aholku-batzordeko ordezkari jardutea eta haren bozeramailea izatea.

b) Aholku-batzordeko zuzendari jardutea eta haren funtzionamendua egokia dela ziurtatzea.

c) Legea beteko dela ziurtatzea.

d) Ohiko bilkuretarako eta bilkura berezietarako deialdia egitea eta gai-zerrenda zehaztea. Kontuan izango ditu, hala egokitzen denetan, aholku-batzordeko gainerako kideek behar besteko aurrerapenaz aurkezten dituzten eskaerak.

e) Bileretan buru izatea, eztabaidak bideratzea, eta eztabaida horiek etetea, bidezko arrazoirik badu.

f) Berdinketak ebaztea, erabakiak hartze aldera.

g) Ontzat ematea aholku-batzordeak hartutako erabakien aktak eta ziurtagiriak.

h) Kide anitzeko organoetako lehendakariek izan ohi dituzten gainerako eginkizun guztiak betetzea.

5. artikulua.– Ahoku-batzordeko idazkaria.

1.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko idazkariari dagokio:

a) Aholku-batzordearen bilkuretan parte hartzea, hizpidea duela baina botorik ez; bilkuren eta hartutako erabakien aktak egingo ditu, eta erabaki horiek ziurtatu eta jakinarazi egingo dizkie erakunde eskudunei edo prozeduran interesdun direnei.

b) Lehendakariren aginduz bilkuretarako deia egitea eta aholku-batzordeko kideei abisu ematea.

c) Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako errektoreek Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzorderako hautatu dituzten kideen izendapena jasotzea.

d) Aholku-batzordeko kideek egindako komunikazioak jasotzea, baita jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean egon behar duten bestelako idazkiak ere.

e) Gaiak bideratzeko prestatzea, bilkuretako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

f) Kontsulta, irizpen eta onartutako erabakien ziurtagiriak ematea.

g) Kide anitzeko organoetako idazkariek izan ohi dituzten gainerako guztiak.

2.– Idazkariaren kargua hutsik bada, idazkaria kanpoan edo gaixorik badago, edo legez aurreikusitako gorabeheraren bat gertatzen bada, aholku-batzordeko lehendakariak haren ordezkoa izendatuko du. Pertsona hori unibertsitate-arloan eskumena duen sailburuordetzako funtzionarioa izango da.

6. artikulua.– Aholku-batzordeko kideak.

Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko kideek eskubidea dute:

a) Deialdia behar beste denbora lehenago jasotzeko. Deialdiei bilkuretako aztergaien zerrenda eta bertan aipatzen diren gaiei buruzko informazioa erantsiko zaie.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzeko.

c) Botoa emateko eskubideaz baliatzeko, beren boto partikularra emateko eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzeko.

d) Galderak eta eskaerak egiteko.

e) Izendatzen zaizkien eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren argibideak eskuratzeko.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietako edozeinetan hitz egiteko.

7. artikulua.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko kideen agintaldia eta kargu-uztea.

1.– Kargua hartzen duen egunetik aurrera beteko ditu sailburuak bere eginkizunak, eta kargua uzten duenean utziko dio eginkizun horiek betetzeari.

2.– Unibertsitate-arloan eskumena duen saileko buruak izendatutako kideek eta unibertsitate bakoitzeko errektoreek izendatutako kideek lau urtetan beteko dituzte, izendapen-egunetik aurrera, beren eginkizunak. Kasu hauetan utziko diote eginkizun horiek betetzeari:

a) Agintaldia amaitzen denean.

b) Hiltzen direnean.

c) Karguari uko egiten diotenean. Ukoa onartzeko ardura haiek izendatu zituen organoari dagokio. Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko lehendakariak emango dio ukoaren berri izendapena egin zuen organoari eta hark, hala egokitzen bada, beste kide bat izendatuko du.

d) Haiek hautatzea edo izendatzea eragin zuen egoera desagertzen denean.

8. artikulua.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen funtzionamendua.

1.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea sei hilean behin bilduko da, gutxienez. Lehendakariak eskatuta edo aholku-batzordeko kide diren ikasleek proposatuta ere bildu ahal izango da. Ikasleek proposatuta biltzeko, ordea, proposamena gutxienez hiru ikaslek egina izan beharko du, eta ikasle horiek Euskal Unibertsitate Sistemako bi unibertsitate ordezkatu beharko dituzte, gutxienez. Halakoetan, hilabetekoa izango da aholku-batzordea deitzeko epea.

2.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen osoko bilkura balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, lehendakariak eta idazkariak bertan egon behar dute, edo, bestela, haiek ordezkoek, eta, gutxienez, aholku-batzordeko kideen erdiak.

3.– Erabakiak hartzeko, aski izango da bertaratutakoek emandako botoen gehiengo soila. Botoa bakarra da, eta ezin da ordezkotzan eman.

4.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordearen barruan, beste batzorde bat sortuko da, aholku-batzordeko kideen artean hautatutako lau kidek osatuta: Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko bi ordezkarik, eta Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariek. Batzorde horrek, bere eginkizunen artean, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako ikasleen ordezkaritza-organoak koordinatuko ditu, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateetako ikasleen ordezkari jardungo du, eta Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeari bere eskumeneko gaietan lantzen dituen proposamenak helaraziko dizkio.

5.– Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeak, egoki iritziz gero, lanerako beste batzorde batzuk ere sortu ahal izango ditu, berariaz, zer eskumen eta osaera izango duten zehaztuta.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainak.

Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko kideek eskubidea dute zerbitzuek sortutako kalteen ordainak jasotzeko, hala ezarrita baitago zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan eta dekretuak gerora izan dituen aldaketetan.

Kalte-ordain horiek jaso arren, kontzeptu berdinengatik ematen den beste edozein sari ere jaso ahal izango dute.

Bigarrena.– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko neurriak.

Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordeko kideak hautatu eta izendatzerakoan, ahaleginak egingo dira emakume eta gizonen presentzia orekatua izan dadin, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 23. artikuluak ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eraketa.

Lehendakariak, dekretu hau indarrean jartzen denetik bi hilabete naturaleko epean gehienez, Euskadiko Unibertsitateko Ikasleen Aholku Batzordea eratzeko bilkurarako deia egingo du.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa betetzeko, unibertsitateek hilabete izango dute, gehienez, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, beren ikasleen ordezkarien izendapena unibertsitate-arloan eskumena duen sailari helarazteko.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko abuztuaren 21ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LóPEZ áLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARíA ISABEL CELAÁ DIéGUEZ.


Azterketa dokumentala