Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2012ko abuztuaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
3869

ERABAKIA, 2012ko uztailaren 19koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegia onartzeko dena.

Estatutuetako lehenengo xedapen iragankorraren hirugarren atalean esaten zen Estatutuak indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Gobernu Kontseiluak garapen arautegia berrikusteko 2011ko ekainaren 23an onartutako egutegia betez, orain aurkezten diogu kontseilu honi 2012ko ekainaren 21ean aurkeztutako ikas-tegien oinarrizko arautegia, egokitzat joz gero, onar dezan.

Institutuen oinarrizko arautegiari egindako zuzenketak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeak diktaminatu ditu eta, irizpen horien arabera moldatutako testua aurkezten diogu orain Gobernu Kontseiluari.

Oinarrizko arautegi hau aurrekoa baino nabarmen sinpleagoa da artikulu kopuruari begira. Izan ere, institutu guztiek bete beharreko gutxieneko arauak baino ez ditu biltzen, gero institutuek, beren autonomia erabiliz, nahi duten moduan arautu ditzaten beren eskumeneko gai guztiak.

Hala ere, barne arautegian zenbait gai arautzeko gaitasuna badute ere, arautegi osagarrien bidez ahalik eta gehien erraztu nahi zaie lana institutuei. Hortaz, arautegi honetan jasotakoak institutuaren premiak asetzen baditu, nahikoa izango du testua dagoen-dagoenean bere egitea, besterik gabe.

Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak ondokoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– UPV/EHUko Ikerketa Institutuen Oinarrizko Arautegia onartzea, honi erantsitako dokumentuan dagoen bezala.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Leioa, 2012ko uztailaren 4a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCIA.

LEHENENGO TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Definizioa.

Unibertsitateko ikerketa institutuek zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorreko ikerketan eta arte sorkuntzan dihardute; gainera, ikasketa espezializatuetako eta graduondoko ikastaroetako irakaskuntza lanak egin daitezke institutuotan. Halaber, institutuek aholkularitza teknikoa emango dute beren eskumeneko esparruan.

2. artikulua.– Unibertsitateko ikerketa institutuak: motak.

Unibertsitateko ikerketa institutuak hiru motatakoak izan daitezke:

a) UPV/EHUrenak berarenak. UPV/EHUk berak bultzatuak. Institutu hauek guztiz txertatuta daude UPV/EHUren egituran.

b) Atxikiak. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuen mendekoak dira, baina UPV/EHUrekin lankidetza hitzarmena sinatua dute. Hitzarmenean jasota egon behar da nola gauzatuko den lankidetza.

c) Mistoak. Hitzarmen bidez beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan sortutakoak. Hitzarmenean jasota ageriko da institutua erakunde bien mende dagoela, eta institutuaren arautegia ere jaso behar da.

BIGARREN TITULUA
UNIBERTSITATEAREN BERAREN IKERKETA INSTITUTUAK
I. KAPITULUA
EGINKIZUNAK, PRINTZIPIOAK, ARAUBIDEA ETA EGOITZA

3. artikulua.– Eginkizunak.

Honako hauek dira unibertsitatearen beraren ikerketa institutuen eginkizunak:

a) Ikerketa eta zientziaren arloko berrikuntza bultzatzea.

b) Graduondoko ikasketak antolatu eta garatzea, bai eta berezko tituluetara edo espezializaziora bideratutako beste ikasketa batzuk ere.

c) Estatutuetako 97. artikuluan jasotako jarduerak garatzea.

d) Beren artean edo UPV/EHUko eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuetako ikastegiekin eta sailekin lankidetzan jardutea, irakaskuntza eta ikerlanak egiteko.

e) UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

f) Berezko tituluak eta unibertsitateko beste ikasketa batzuk ezartzeko ekimena izatea, bai eta espezializazio programak eta bizitza osoko prestakuntza ere.

g) Jardueren memoria egitea urtero, unibertsitateko ikerketa institutuko irakasleek eta ikertzaileek egindako ikerlana ebaluatu ahal izateko modu horretara.

4. artikulua.– Printzipioak eta araubidea.

1.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuek honako printzipio hauetara egokitu behar dituzte egitura eta funtzionamendua:

a) Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorrei men egitea.

b) Kide anitzeko organoak kide bakarrekoen aldean nagusi izatea institutuan.

c) Antolatzeko ahalmena eta funtzionatzeko autonomia izatea, indarrean dagoen legeriaren esparruan.

2.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak honako hauei jarraiki arautuko dira: indarreko legeria, Estatutuak eta oinarrizko arautegi honetako xedapenak. Oinarrizko arautegi honek gutxieneko arauak jasotzen ditu eta UPV/EHUren beraren ikerketa institutu guztiei aplikatuko zaie.

3.–?Aipatutako arautegietan jasotakoez gain, unibertsitatearen beraren ikerketa institutuek osatu egin ahalko dituzte arautegi honetako xedapenak, bertan adierazitako kasuetan eta moduan, institutu bakoitzaren arautegiaren bitartez.

4.– Gobernu Kontseiluak onartuko du, behin betiko, horietako bakoitzaren arautegia, legeak agintzen duen legezkotasun txostena egin eta gero. Idazkari nagusiak, eskumenak eskuordetuta, arautegi horiek onartuko ditu, betiere txosten guztiak aldekoak badira eta inork eskatu ez badu Gobernu Kontseiluan aurkezteko. Honako hauek dute hori eskatzeko eskubidea: Gobernu Kontseiluko kideek; arautegiak eragin egiten diela uste duten sailetako edo institutuetako kontseiluek; eta kasuan kasuko institutuko kideen % 15ek, gutxienez. Edozelan ere, onespen horren berri eman beharko zaio Gobernu Kontseiluari.

5. artikulua.– Institutuaren egoitza.

1.– ?Arautegian zehaztuko da unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak non daukan egoitza. Egoitza horrek bakarra izan behar du, baldin eta Gobernu Kontseiluak bestelakorik baimentzen ez badu.

2.– Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da egoitza aldatzeko. Aldaketa Institutuko Kontseiluak proposatu beharko du, institutuko arautegian adierazitako moduan.

II. KAPITULUA
INSTITUTUAK SORTU, ALDATU ETA KENTZEA

6. artikulua.– Sorrera.

1.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak indarreko legerian adierazitako moduan sortuko dira, Gobernu Kontseiluak iritzia eman ondoren.

2.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutua sortzeko proposamenarekin batera horretarako arrazoiak agertzen dituen memoria aurkeztuko da. Aplikatu beharreko legeriak xedatutako baldintzez gain, honako alderdi hauek zehaztu beharko dira gutxienez:

a) Institutuaren helburuak, premia zientifikoa eta garrantzi soziala.

b) Institutuko ikerketa ildoak eta irakaskuntza lanak, lortu nahi diren helburu zientifikoak UPV/EHUn dagoeneko sortuta dagoen egituraren baten bidez zergatik ezin diren lortu azalduta.

c) Beharrezkoak diren langileen eta baliabideen ebaluazio ekonomikoa, eta diru sarreren eta funtzionamendu gastuen kalkulua.

d) Hasiera batean unibertsitateko ikerketa institutuari atxikiko zaizkion irakasleak eta ikertzaileak eta bakoitzaren ikerketa merezimenduak, institutua sortu beharra arrazoitzen dutenak.

e) Unibertsitateko ikerketa institutuaren behin-behineko arautegia.

3.– Honako baldintza hauek bete behar dira institutua sortzeko:

a) Ikertzaile gaitasun eta ikerketa ildo egiaztatuak dauzkaten ikertaldeak egotea lehendik.

b) Unibertsitatetik kanpoko ebaluazio batean ekimenak kalitate bikaina egiaztatuta izatea.

c) Institutuak izango duen aztergaiak interes estrategikoa izatea.

d) Ohiko diru laguntzaz gain, baliabide ekonomikoak izatea, erakunde publikoekin zein pribatuekin sinatutako kontratuei eta ikerketa proiektuei esker.

e) Sortu nahi den institutuaren bidez lortu nahi diren helburu zientifikoak unibertsitateko sailen baten bidez zergatik ezin diren lortu azaltzea.

4.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak sortzeko proposamenak Gobernu Kontseiluak onartu behar ditu lehenik eta behin, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak aldeko txostena egin ostean.

5.– Gobernu Kontseiluak erabakia hartu aurretik, argitara emango da unibertsitateko ikerketa institutua sortzeko proposamena eta hilabete egongo da ikusgai, ikastegiek, sailek, institutuek eta unibertsitateko gainerako egiturek iradokizunak egin ditzaten.

Institutuaren sustatzaileek iradokizun horiei emandako erantzunak sorrera espedienteari gehituko zaizkio.

6.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutua sortzeko proposamenaren hasierako onespenarekin batera, hasierako oinarrizko funtzionamendua finantzatzeko konpromisoa hartu beharko da, dela kanpoko diruaz dela UPV/EHUren aurrekontuez.

7. artikulua.– Institutua aldatu edo kentzea.

1.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak aldatu edo kentzeko erabakia aplikatu beharreko legeriari jarraituz hartuko da, eta Gobernu Kontseiluak iritzia eman ondoren. Institutuaren iritzia ere izan beharko da kontuan institutua aldatu edo kentzeko erabakia hartzean.

2.– Institutua kendu edo aldatzeko proposamenarekin batera horretarako arrazoiak azaltzen dituen memoria aurkeztuko da. Era berean, neurri horrek eragingo liekeen ikasketa edo ikerketa jarduerak nora aldatuko liratekeen zehaztuko da, eta zeri atxikita geratuko liratekeen kasuan kasuko langile eta baliabideak.

3.– Institutu bat kentzeko espedienteari gobernu taldeak ekingo dio bere kabuz, UPV/EHUko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak ebaluazio negatiboa egin badu institutuaren urteko memoriaz, eta halakoetan nahitaez egin beharreko kanpoko txostenak hori egitea aholkatzen badu, dela institutuak jardunik izan ez duelako, institutua sortzea justifikatu zuten arrazoi zientifikoak desagertu egin direlako, edota institutua sortzeko behar izan zen kide kopurua nabarmen jaitsi delako bi ikasturtean baino gehiagotan.

4.– Aurreko atalean adierazitakoa gertatzen bada, arloan eskumenak dituen gobernu taldeko organoak institutuari entzun behar dio, bai eta hura kentzeak eragingo dien ikastegiei eta sailei ere, halakorik badago. Ondoren, institutua kentzea arrazoitzen duen memoria egin beharko du, eta honako hauek azaldu bertan:

a) Institutua kentzeko arrazoia.

b) Institutua kentzeak ekarriko lituzkeen ondorioen azterketa.

c) Kendu beharreko institutuko langileak eta baliabideak berriro atxikitzeko programa, beharrezkoa izanez gero.

5.– Institutuak berak eskatzen badu institutua kentzeko espedienteari ekitea, aurreko atalean aipatutako memoria egin beharko du, bai eta azken bost urteetako balantze ekonomiko osoa ere.

6.– Organo eskudunak ikerketa institutua kentzeko eskaria egitea erabakitzen badu, bertako jarduna eten egingo da, kautelazko neurri moduan, institutua behin betiko desagertu artean.

8. artikulua.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak sortzeko gutxienez behar diren irakasle eta ikertzaileak.

1.– Unibertsitatearen beraren unibertsitate institutuek, sortu ahal izateko, gutxienez 15 kide doktore izan beharko dituzte, UPV/EHUko irakasle edo ikertzaile iraunkorrak izan beharko direnak.

2.–?Unibertsitateko ikerketa institutuek, behin sortuta, ez badituzte betetzen xedatutako baldintzak unean unekoak ez diren bat-bateko arrazoien ondorioz, hiru urteko epea izango dute egoera zuzentzeko. Epe hori hasiko da arloan eskumenak dituen gobernu taldeko kideak institutuari bere egoera jakinarazten dion unean bertan. Epea amaitu ondoren, Gobernu Kontseiluak beharrezko neurriak hartu beharko ditu. Horretarako, institutuari eta bertan parte hartzen duten sailei entzun beharko die aldez aurretik.

III. KAPITULUA
UNIBERTSITATEAREN BERAREN IKERKETA INSTITUTUETAKO KIDEAK

9. artikulua.– Definizioa.

1.– Honako hauek dira unibertsitatearen beraren ikerketa institutuetako kideak:

a) Institutuan ari diren irakasle eta ikertzaile doktoreak.

b) Institutuan prestatze bidean dauden ikertzaileak.

c) Institutuaren diruaz ordaindutako ikertzaileak.

d) Institutuari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak edo bere diruaz kontratatutakoak.

e) Institutuak irakasten dituen graduondoko ikastaroetan edo espezializaziora bideratutako ikasketetan ari diren ikasleen ordezkari bat. Institutu bakoitzaren arautegian zehaztuko da ordezkarien kopurua, gehiago izan ahalko baitira.

10. artikulua.–?UPV/EHUko irakasleak eta ikertzaileak unibertsitatearen beraren ikerketa institu-turen batean sartzea.

1.– UPV/EHUko irakasle edota ikertzaile doktoreek unibertsitatearen beraren ikerketa institutu batean sartzeko eskaria aurkeztu ahal izango dute, baldin eta parte hartzen badute zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorreko ikerketa proiektuetan nahiz arte sorkuntzaren alorrekoetan, edo institutuko ikastaro eta ikasketen antolakuntza eta burutze lanetan.

2.– Errektoreak edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak eman beharko du baimena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile doktoreak unibertsitatearen beraren ikerketa institutuetan sar daitezen, jasota kasuan kasuko Institutuko Kontseiluaren proposamena eta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak aldez aurretik egindako txostena. Era berean, kontuan hartu beharko du irakaslea edo ikertzailea atxikita dagoen sailaren txostena, loteslea izango ez den arren. Ikerketa institutu batean sartzen diren irakasleen irakats betebeharrak ez dira aldatuko, salbu eta kasuan kasuko sailak horren aldeko txostena egiten badu eta bermatzen badu du irakaslan hori sailak berak beteko duela, behar den kalitateari eutsita.

3.– Inola ere ez da emango baimenik UPV/EHUko irakasle edo ikertzaile doktore bat unibertsitateko ikerketa institutu batean baino gehiagoan sartzeko.

4.– Unibertsitateko ikerketa institutuek bost urtean behin eguneratu beharko dute institutuan dauden UPV/EHUko kideen zerrenda, institutuaren arautegia indarrean sartzen denetik hasita. Horretarako, institutuan lanean jarraitzen duten UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen berri eman beharko dio Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari. Egoki ikusiz gero, institutuan kide berriak sartzeko eskaria ere egin diezaioke.

11. artikulua.– Institutuari atxikitako lanpostuetako irakasle eta ikertzaile doktoreak.

1.– Ikerketa programak direla eta institutuari atxikitako lanpostu iraunkorretan jardungo duten irakasle eta ikertzaile doktoreak dagokien jakintza eremuan sartuko dira beti. Gainera, irakasle eta ikertzaile funtzionarioak sailetan sartu beharko dira, lan guztia unibertsitateko ikerketa institutuan egin arren.

2.– Lanpostu horietan dihardutenei kasuan kasuko programaren kargura ordainduko zaie, eta diru kopurua unibertsitatearen aurrekontuetan agertuko da.

12. artikulua.– Aldi baterako kontratatutako ikertzaileak.

1.– Unibertsitateak ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu, unibertsitatearen beraren ikerketa institutuaren diruaz nahiz laguntzak jasoko dituzten proiektuetako diruaz, institutuaren zereginak bete ditzaten. Ikertzaile horiek dagokien jakintza eremuan jardungo dute.

2.– Halako kontratuak egiteko UPV/EHUk xedatuta dituen baldintzei eta jarraituko zaie.

13. artikulua.– Administrazio eta zerbitzuetako langileak.

1.– Bere eginkizunak aurrera eramateko, unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak unibertsitateko lanpostuen zerrendan zehaztutako administrazio eta zerbitzuetako langileak izango ditu.

2.– Unibertsitateak administrazio eta zerbitzuetako langileak kontratatu ahal izango ditu aldi baterako, institutuaren zereginak aurrera eraman ditzaten, unibertsitateko ikerketa institutuaren diruaz nahiz laguntzak jasoko dituzten proiektuetako diruaz.

3.– Halako kontratuak egiteko UPV/EHUk xedatuta dituen baldintzei eta prozedurei jarraituko zaie.

IV. KAPITULUA
UNIBERTSITATEAREN BERAREN IKERKETA INSTITUTUEN EGITURA

14. artikulua.– Gobernu eta ordezkaritza organoak.

1.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuen gobernua Institutuko Kontseiluari eta zuzen-dariari dagokie.

2.– Unibertsitateko ikerketa institutuko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoa Institutuko Kontseilua da.

3.– Institutuko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

1. ATALA
INSTITUTUKO KONTSEILUA

15. artikulua.– Kontseiluaren osaera.

1.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutu bakoitzaren arautegiak zehaztuko du zelan osatuko den Institutuko Kontseilua eta zein eskumen izango dituen. Edozelan ere, zuzendaria eta idazkaria berezko kideak izango dira eta bermatuko da 9.1 artikuluan aipatutako kidego guztiek ordezkariak izango dituztela.

2.– Besterik adierazi ezean, honako hauek izango dira Institutuko Kontseiluko kide:

a) Zuzendaria eta idazkaria.

b) Institutuan ari diren irakasle eta ikertzaile doktore guztiak.

b) Institutuan prestatze bidean dauden ikertzaileen ordezkari bat.

c) Institutuaren diruaz kontratatutako ikertzaileen ordezkari bat.

e) Institutuari atxikitako edo institutuaren diruaz kontratatutako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

f) Institutuko ikasleen ordezkari bat.

3.– Ordezkariak Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari jarraituta aukeratuko dira.

4.– Institutuak irakasten dituen graduondoko ikastaroetako edo espezializaziora bideratutako ikasketetako ikasleen ordezkariak urtero aukeratuko dira, zuzendariak deituta abenduan horretarako egingo diren bileretan. Errolda ofizialetan agertzen diren ikasleak izango dira deituak bilera horietara.

5.– Irakasleen eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa izango da. Ikasleen ordezkarien agintaldia, berriz, bi urtekoa izango da.

6.– Institutuaren arautegian zehaztuko da zeintzuk izango diren prozedura eta epeak kide anitzeko organoko kideek beren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak izan ditzaketen dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskura ditzaten. Besterik zehaztu ezean, kideek idatziz eskatu beharko dute nahi duten dokumentazioa. Eskarian adierazi beharko dute horretarako eskubidea dutela kide anitzeko organoko kideak direlako, eta labur azalduko dute zergatik behar duten dokumentazio hori beren eginkizunak bete ahal izateko. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, institutuak haren esku jarriko du dokumentazioa institutuko idazkaritzan, gehienez ere hamabost (15) eguneko epean.

16. artikulua.– Ordezkari izateari uztea.

Ordezkaria izatea norberari dagokion ezaugarria da eta ezin da beste inorengan utzi. Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi:

a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.

b) Hauteskundeak baliogabetzea.

c) Agintaldia amaitzea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) UPV/EHUko kidea izateari uztea, edo hautatua izan zen kidegoko kidea izateari uztea.

f) Bileretara behin eta berriro huts egitea, kasuan kasuko arautegiaren arabera. Arautegiak bestelakorik xedatu ezean, organoaren hiru bilerara segidan edo bost bilera soltera huts egitea justifikatu gabe.

2.– Organoa behin eratuta, hutsik geratzen diren plazak kasuan kasuko zerrendako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa bada, edo organoko kideen % 30 baino handiagoa, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte.

17. artikulua.– Institutuko kontseiluaren eginkizunak.

1.– Institutuko Kontseiluak eginkizun hauek izango ditu, bere barne arautegian zehaztutakoez gain:

a) Institutuko zuzendaria aukeratzea, beharrezkoa denean.

b) Institutuaren urteko txosten ekonomikoa, urteko memoria eta eginkizunen plana onartzea.

c) Berezko tituluak eta unibertsitateko beste ikasketa batzuk proposatzea, bai eta espezializazio programak eta bizitza osoko prestakuntza ere.

d) Bitartekoak sortu eta ekimenak abian jartzea, institutuaren jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita kudeaketa eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan.

e) Irakasleen eta ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.

f) Institutuko kideen eta gainerako langileen jardunari buruzko txosten arrazoitua egitea.

g) Lankide akademikoak eta ohorezkoak izendatzeko proposamenak egitea, indarreko arau-tegiari jarraiki.

h) Institutuaren eskumenen esparruan, eta Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiarekin bat etorrita, Estatutuetako 97. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko lanak egiteko.

2.– Orobat, honako eginkizun hauek ditu Institutuko Kontseiluak:

a) Institutuaren arautegiaren proiektua edo arautegia aldatzeko proiektua onartzea eta, ondoren, Gobernu Kontseilura bidaltzea, hark (edo idazkari nagusiak eskuordetzaz), behin betiko onespena eman diezaion.

b) Bere eginkizunak hobeto betetzeko egoki ikusten dituen lankidetza hitzarmenak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari.

c) Institutuaren jarduerak ikastegiekin, sailekin eta UPV/EHUko beste institutuekin koordinatzeko programak onartzea.

d) Institutuari izendatutako gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea, beharrezkoa izanez gero.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileei buruzko politikaren berri ematea. Politika hori Gobernu Kontseiluak onartuko du, errektorearen proposamenari jarraiki.

f) Indarrean dagoen legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatzeko arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkion gainerakoak ere.

18. artikulua.– Institutuko Kontseiluaren funtzionamendua.

Institutuko Kontseiluaren funtzionamendua institutuaren arautegian zehaztutakoa izango da. Bertan jasota ez dagoen guztirako, Sailen Oinarrizko Arautegiko IV. tituluko I. kapituluko hirugarren atalak dioena hartuko da kontuan («Kide anitzeko organoen funtzionamendua» izenekoa).

2. ATALA
KIDE BAKARREKO ORGANOEI BURUZKOAK

19. artikulua.– Xedapen orokorra.

1.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuetako gobernu eta ordezkaritzarako kide bakarreko organoak honakoak dira: unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak eta idazkariak.

2.– Institutuko zuzendari eta idazkari karguetan aritzeko, arduraldi osoko kontratua izan behar da, legeetan xedatutako salbuespenetan izan ezik.

3.– Unibertsitateko ikerketa institutu batean pertsona bakarreko ordezkaritza eta gobernu organoan jarduteagatik kredituak aitortuko dira, jardun akademikoari buruzko arautegian zehazten den kopuruan.

20. artikulua.– Zuzendaria.

1.– Unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak institutuen ordezkariak dira eta institutuen zuzendaritza eta kudeaketa arruntaz arduratzen dira.

2.– Zuzendaria Institutuko Kontseiluak aukeratuko du, institutuko irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta errektoreak izendatuko du.

3.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da. Institutuaren arautegiak segidako agintaldi kopurua mugatu ahal izango du, edo gehiengo kualifikatua ezarri hirugarren eta hurrengo agintaldietarako.

4.– Zuzendariak Estatutuetako 180.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua. Estatutuetako 172. artikuluan zentsura mozioaz hitz egitean Unibertsitateko Klaustroaz egiten diren aipamenak Institutuko Kontseiluari dagozkiola ulertuko da.

21. artikulua.– Institutuko zuzendaritzaren eginkizunak.

1.– Honako eginkizun hauek ditu institutuko zuzendaritzak:

a) Unibertsitateko ikerketa institutuaren ordezkari izatea.

b) Institutuko Kontseiluko buru izatea.

c) Institutuko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

d) Institutuko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

e) Institutuaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

f) Kontseiluak hartutako erabakiak betetzea eta institutuaren eta bertako kideen eginkizun akademikoak behar bezala betetzen direla bermatzea.

g) Zientzia, teknika, giza zientzia edo artearen arloko ikerlanak aurrera eramateko institutuak egiten dituen kontratuak sinatzea.

h) Isilpeko informazioa irekitzeko agintzea eta diziplina espedienteak zabaltzea proposatzea.

i) Institutuko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak, eta Estatutuek edo indarrean dagoen legeriak zehaztutako gainerako guztiak.

2.– Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

22. artikulua.– Idazkaria.

1.– Errektoreak izendatuko du idazkaria, institutuko zuzendariaren proposamenari jarraiki. Jardunean dauden irakasleak eta ikertzaileak izan daitezke idazkari.

2.– Idazkariak Estatutuetako 180.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua eta, zuzendariaren proposamenari jarraiki, errektoreak hala erabakitzen badu.

3.– Idazkariari dagokio institutuko idazkaritzak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, bai eta bertako zuzendariari laguntzea ere.

4.– Idazkariak institutuko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede emango du, akta liburuak egin eta zaintzeaz arduratuko da, eta ziurtagiriak egingo ditu, hala erabakienak nola unibertsitateko ikerketa institutuko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.

5.– Idazkariak memoria aurkeztuko dio urtero, ikasturtearen amaieran, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari, batzordeak berak emandako ereduaren arabera egina. Memorian idazkariak azalduko ditu ikerketaren arloan eta ikertzaileak trebatzeko arloan urtean zehar egindako jarduerak eta lortutako emaitzak. Batzordeari aurkeztu aurretik, Institutuko Kontseiluak onartu beharko du memoria.

V. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA

23. artikulua.– Finantzaketa.

1.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuak, oro har, institutuek eurek sortutako baliabideez finantzatu daitezela bermatu beharko da. UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak izango dituzte, eta institutu bakoitzak autonomiaz kudeatuko du berea.

2.– UPV/EHUk aurrekontu saila izango du ikerketa gastuei aurre egiteko, langileen gastuetarako kapituluaz eta hainbat urtetarako inbertsio programaz gain. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleituko dira, Estatutuetako 95.2 artikuluari jarraiki eta kontuan hartuta kanpoko ebaluatzaileek eskaerez emandako iritzia.

3.– UPV/EHUko aurrekontu orokorrean agertuko dira, era berean, unibertsitatearen beraren ikerketa institutuen oinarrizko funtzionamendua bermatuko duten diru sailak, bereziki UPV/EHUren programazio orokorrean sartuta dauden irakats jarduerak bermatuko dituztenak, betiere aurrekontuen mugen barruan.

24. artikulua.– Aurrekontua.

Institutuaren aurrekontu orokorra bere kontseiluak zehaztutako moduan banatu eta kudeatuko da.

25. artikulua.– Gestio ekonomiko eta administratiboa. Institutuaren jardun ekonomikoak bat etorri behar du UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuak xedatutakoarekin eta unibertsitatearen aurrekontua gauzatzeko arauekin.

HIRUGARREN TITULUA
INSTITUTU MISTOAK EDO ATXIKIAK

26. artikulua.– Eraketa.

1.– Gobernu Kontseiluak lehendabizi erabakia hartuko du unibertsitateko ikerketa institutu misto edo atxikiak eratzeko egin behar diren hitzarmenak sinatzeko.

a) Institutu atxikiak. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuen mendekoak dira, baina UPV/EHUrekin lankidetza hitzarmena sinatua dute. Hitzarmenean jasota egon behar da nola gauzatuko den lankidetza.

b) Institutu mistoak. Hitzarmen bidez beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan sortutakoak. Hitzarmenean jasota ageriko da institutua erakunde bien mende dagoela, eta institutuaren arautegia ere jaso behar da.

2.– Institutuak unibertsitateari atxikitzeko, Estatutuetako 145.2 artikuluan aipatutako baldintzak bete beharko dira.

27. artikulua.– Araubide juridikoa.

1.– Institutu mistoa edo atxikia, entitate juridikoa dena aldetik (UPV/EHUren menpekoa izan ala ez), arautuko da institutua sortu edo atxikitzeko hitzarmenaren eta hitzarmena garatzeko arauen bidez. Bertan jasota ez dagoen guztirako arautegi honek dioena hartuko da kontuan.

2.– Institutu mistoak edo atxikiak UPV/EHUren begiradapean egongo dira uneoro, eta unibertsitateak eskatzen dien informazio guztia eman beharko diote.

3.– Institutuen jarduera guztietan UPV/EHUko institutu misto edo atxiki direla azaldu beharko da, eta UPV/EHUren irudi korporatiboa errespetatu.

28. artikulua.– Institutu misto edo atxikiak sortzeko hitzarmenak eta arautegiak.

1.– Institutu mistoak edo atxikiak sortu edo atxikitzeko hitzarmenek bete egin behar dituzte eskatutako formalitateak. Hitzarmenak institutuaren gobernua eta funtzionamendua arautuko ditu, alde bakoitzak egin dezakeen kontrol eta egiaztatze lana eragotzi barik.

2.– Hitzarmenek azalpen memoriako gutxieneko edukitzat xedatutako puntu guztiak, oinarrizko arautegi honetako 6.2 artikuluan jasotakoak, bildu beharko dituzte, eta, gainera, honako hauek:

a) Institutuaren izaera eta nortasun juridikoa.

b) Arlo ekonomikoan eta teknikoan elkarrekin nahiz beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzeko moduak, bai eta zuzendaritza, koordinazio eta ebaluaziorako egitura mistoak ere.

c) Aurrekontuari lotutako alderdiak, honako hauek batik bat: finantziazio araubidea, gastuen banaketa eta institutuak lor litzakeen etekinen erabilera. Era berean, eta dagokionean, unibertsitateak ekonomia eta finantza arloko kudeaketaren jarraipena egin eta hura kontrolatzeko bideak aipatuko dira.

d) Kontrolerako bitarteko administratiboak eta prozedurak, institutuaren baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean kudeatu eta administratzeko era emango dutenak.

e) Institutuaren kokalekua, azpiegitura materiala eta langileak.

f) Unibertsitateko langileak institutuan sartzeko moduak eta irakasleak, ikertzaileak eta laguntzaileak trukatzeko araubidea.

g) Hitzarmenaren iraupena eta hitzarmena deuseztatzeko baldintzak.

3.– Irakats jarduerarik egin behar izanez gero, ikasketen gestiorako arautegia oso-osorik beteko dela bermatuko du hitzarmenak, eta Estatutuetan ikasleei aitortzen zaizkien eskubideak errespetatu egingo direla. Era berean, UPV/EHUk institutuaren jarduna ikuskatzeko ahalmena izango duela bermatuko du hitzarmenak, eta aldezleak erabateko eskumena izango duela egitura horietan ikasten duten ikasleen kexak bideratzeko.

4.– Unibertsitateko ikerketa institutu mistoek edo atxikiek arautegien bitartez garatu ditzakete sorrera hitzarmenetako xedapenak. Arautegiok indarrean sartu edo aldatzeko, beharrezkoa izango da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren onespena. Arautegiek errespetatu egin beharko dute UPV/EHUko Estatutuetan, oinarrizko arautegi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan institutu misto edo atxikietarako xedatutakoa.

29. artikulua.– Gobernu organoak.

1.– Institutua sortzeko edo atxikitzeko hitzarmenean xedatutako kide anitzeko eta kide bakarreko organoak izango ditu institutu mistoak edo atxikiak bere gobernu, ordezkaritza eta administraziorako.

2.– Nolanahi ere, Gobernu Kontseiluak beren-beregi emandako baimena beharko da unibertsi-tateko kideek parte har dezaten unibertsitateko ikerketa institutu misto edo atxikietako kontseiluetan zein gobernu organoetan.

30. artikulua.– Bizitza akademikoan parte hartzea.

1.– Institutu mistoek edo atxikiek irakaskuntzaren, ikerketaren, kulturaren eta unibertsitate hedakuntzaren alorretan aurrera daramatzaten jarduerak institutua sortu edo atxikitzeko hitzarmenean xedatutakoari jarraiki arautuko dira.

2.– UPV/EHUko irakasleak eta ikertzaileak institutu misto edo atxikietan sartzeko, bete egin beharko da oinarrizko arautegi honetan unibertsitatearen beraren ikerketa institutuetarako adierazitako prozedura.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Unibertsitatearen beraren ikerketa institutuek sei hilabeteko epea izango dute, oinarrizko arautegi hau indarrean sartzen denetik hasita, beren arautegiak honetara egokitzeko. Idazkaritza Nagusiak eredu arautua prestatuko du egokitzapen hori errazteko.

Epe hori igarota, ezingo dira erabili aurreko arautegiak, salbu eta izenari eta egoitzari dagozkien pasarteak, baldin eta arautegi honetan ezarritakoari kontra egiten ez badiote.

Bigarrena.– Estatutuak indarrean sartu zirenean unibertsitatearen beraren ikerketa institutuei atxikita zeuden irakasle eta ikertzaile ez-doktoreek hala egoten eta zeregin berak betetzen jarraitu ahal izango dute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Gobernu Kontseiluak arautuko du Estatutuetako 144. artikuluan aipatzen den unibertsitate institutuen oinarrizko funtzionamenduaren edukia eta finantziazio sistema.

Horretarako, institutu interesatuek aldizkako kanpo ebaluazioa gainditu beharko dute eta oinarrizko funtzionamendurako beharrak aurkeztu, kasuan kasuko aldirako zehaztutako jarduerei egokituta.

Bigarrena.– Jarduerarik ez duten institutuak kentzea.

1.– Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak unibertsitatearen beraren ikerketa institutuei buruzko proposamena aurkeztuko dio zuzendaritza taldeari urtebeteko epean, kanpoko ebaluazioaz ere osatua egon ahal izango dena, arautegi honetako 7.3 artikuluari jarraiki. Instituturen batek ebaluazio txarra izanez gero, institutu hori kentzeko hasierako proposamena onar dezala eskatuko dio Gobernu Kontseiluari, horretarako tramiteak egin ahal izateko indarreko legeriari jarraiki.

2.– Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak UPV/EHUren institutu misto edo atxikien egoerari buruzko azterketa aurkeztuko dio zuzendaritza taldeari epe berean eta prozedura berarekin. Azterketa horretan azalduko da beharrezkoa den ala ez instituturen bat kentzeko espedientea bideratzea, kontuan hartuta kasuan kasuko institutua sortzeko hitzarmenean edo erabakian institutua kentzeko zehaztutako balizko arrazoiak edo, halakorik egon ezean, kontuan hartuta arautegi honetako 7.3 artikuluan emandako irizpideak.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da UPV/EHUko ikerketa institutuen oinarrizko aurreko arautegia, 2005eko abenduaren 15ean argitaratu zena EHAAn (237. zk). Era berean, indargabetuta geratzen dira arautegi honetan xedatutakoari kontra egiten dioten gainontzeko arautegi guztiak. Oinarrizko arautegi honetara egokitutako institutuen arautegiak indarrean sartu bezain laster, institutuen oraingo arautegiak indargabetuta geratuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Oinarrizko arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala