Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2012ko uztailaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
3390

AGINDUA, 2012ko ekainaren 4koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, «Eusko Lurra Fundazioa / Fundación Eusko Lurra» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Aztertu da «Eusko Lurra Fundazioa /Fundación Eusko Lurra» Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea, honako aurrekariak kontutan hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2011ko abenduaren 19an, Justizia eta Herri Administrazio Sailean eskari bat sartu zen, «Eusko Lurra Fundazioa / Fundación Eusko Lurra» delakoaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Juan Carlos Gonzalez Llorente jaunak, M.ª Soledad Elustondo Garcia andreak, Jose Alberto Mufioz Zufia jaunak, Antxon Gomez Lorente jaunak, Angel Garmendia Amutxastegi jaunak eta Ana M.ª Irastorza Lertxundi andreak sortu zuten fundazio hori. Eskabideari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak 2012ko urtarrilaren 25eko idazkiaren bidez, dokumentazioan ikusitako akatsak zuzentzeko eskatu zien interesdunei, eta 2012ko otsailaren 23an eta 2012ko apirilaren 4an espedientean ageri den dokumentazioa sartu zen Justizia eta Herri Administrazio Sailean.

Hirugarrena.– 2012ko otsailaren 6an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoa bildu zen fundazioaren helburuak zilegi eta guztiontzako onuragarri direla egiaztatzeko, eta fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman zuen.

Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera:

«Lan egiteko modu bat eskaintzeko beharrezko tresna gisa sortzen da, eta, aldi berean, egituratutako ingurune iraunkor batean ikerketa eta hausnarketa prozesuak sustatzeko; hori guztia Euskal Herriko gizartearen giza–, ekonomia–, eta lurralde garapenari buruz. Horren helburua da aipatu arloetan kontrol tresnen ezarpena eskaini eta gomendatzea; aldiari dagokionez, epe erdi-luzeko ikuspegiarekin jokatuko du.»

Bosgarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluetan jasotakoaren arabera, fundazioaren egoitza Orion (Gipuzkoa), Kale Nagusia 3, behean dago, eta, batik bat, Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.

Seigarrena.– Hasierako dotazioa 3.000 eurokoa da. Kopuru hori ordaindu dela –agiri bidez– jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluan.

Halaber, honako bi dokumentuak ere aurkeztu dituzte: sortzaileen konpromisoa fundazioaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, eta, 2012ko martxoaren 22an, Maria del Coro Hernandez Gimeno ekonomilari kolegiatuak egindako informea fundazioaren bideragarritasun ekonomikoari buruz.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.

Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, hasieran, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

Guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko baten arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokio Fundazioaren eraketa inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala agintzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartu zuen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan, eta Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 4, artikuluan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta, oro har, kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-327 erregistro-zenbakiarekin, Orioko (Gipuzkoa) «Eusko Lurra Fundazioa / Fundación Eusko Lurra» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere (patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira), 2011ko abenduaren 13an, Andres M.ª Urrutia Badiola notarioaren aurrean emandako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 1969) xedatu bezala (eskritura hori zuzendu egin zen 2012ko otsailaren 23an notario beraren aurrean emandako eskritura publikoaren bidez; protokolo-zenbakia: 263).

Bigarrena.– Fundazio hori, bere helburuak Kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari, hilabeteko epean; agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 4a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.


Azterketa dokumentala