Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2012ko uztailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
3076

AGINDUA, 2012ko ekainaren 20koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena; honen bitartez, Enpresaburuen Elkarteei eta Erakunde Sindikalei diru-laguntzak –beren jarduera-eremuetako berezko gaiei dagokienez, giza baliabideen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-planak egitekoak– ematea arautzen duen uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2012. urterako deialdia egin da.

2003ko irailaren 1eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (169. zk.) argitaratutako uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuak enpresaburuen elkarteentzako eta erakunde sindikalentzako diru-laguntzak –beren jarduera eremuetako berezko gaiei dagokienez, giza baliabideen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-planak egitekoak– arautzen ditu eta enpresaburuen erakundeen eta erakunde sindikalen berezko helburuen barruan prestakuntzarako jarduerak egiteko laguntza-neurrien esparrua ezartzea du helburu. Dekretu horren bitartez, enpresaburuen elkarteen eta erakunde sindikalen prestakuntzako barne-programak indartzera, integratzera eta koherentzia ematera zuzendutako finantzaketa publikoko sistema bat ezartzen da, horiek beren koadroen eta langileen trebakuntzarako tresna egoki izan daitezen, modu horretan egoera soziolaboralari beharrezko laguntza emanez.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartu zen dekretu horren bidez), Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, diru-laguntzak arautzeko behar diren xedapenak emango dira, eta egon daudenak gaurkotu edo aldatu egingo dira; orobat, bere garaian indarraldi mugagabekotzat jo ziren diru-laguntzak iragarriko dira.

Gauzak horrela, arestian aipatutako 191/2003 Dekretuaren 9.3 artikuluan esanbidez ezartzen da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren agindu baten bitartez urtero egingo dela aipatutako dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia, horiek finantzatzeko erabiliko diren eskaerak eta gehieneko kopuru globala aurkezteko epea adieraziz, entitate onuradunen bi kategorien artean banatuta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 12. artikuluaren arabera, uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren idazkuntzari jarraikiz, enplegu-politikako eginkizunak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari dagozkio gaur egun, enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema osoa barne, betiere aparte utzi gabe pertsonek bizitza osoan jasoko duten etengabeko ikaskuntzari dagokionez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dituen eskumenak..

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta autoenpleguaren eta enpresen sorkuntzen sustapenerako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenez. 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarriz gero, Lanbidek hartu du bere gain Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, baita ordura arte Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila garatzen ari zen enpleguko politika aktiboen esparruko eginkizunak kudeatzekoa ere, eta eginkizun horietako bat da uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan araututako laguntza-programa kudeatzea.

3/2011 Legearen 8. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Lanbideren Administrazio Kontseiluari dagokio enplegu eta prestakuntzaren arloko laguntzetarako deialdiak egitea.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 6/2011 Legea onartuta dagoenez gero, dagokion deialdia egin behar da.

Era berean, laguntzak kudeatzen dituen organoa aldatu izanaren ondorioz, publikotasuneko eta segurtasun juridikoko printzipioak errespetatzearren, laguntzen hartzaile izan daitezkeenei informazio jakin batzuk ematea komeni da uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat ez datozen diru-laguntzak emateko prozedurari eta diru-laguntza horiek jasotzeko bete behar diren betebeharrei dagokienez.

Azaldutako guztiaren ondorioz, eta 2012ko maiatzaren 31ko bilkuran hartutako Erabakiari jarraiki Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak proposatuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Enpresaburuen elkarteei eta erakunde sindikalei diru-laguntzak –beren jarduera eremuetako berezko gaiei dagokienez, giza baliabideen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-planak egitekoak– ematea arautzen duen uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2012. urterako deialdia egitea, honako baldintza hauek kontuan hartuta:

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.

2.– Deialdi honetako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa 1.326.000 euro izango da gehienez ere; zenbateko horretatik 928.200 euro 2012ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 397.800 euro 2013ko konpromiso-kredituari, betiere Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokion 41. sekzioko 3231 – Prestakuntza programaren kargura.

2012ko ekitaldian emango diren laguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango du gainditu aipatutako zenbateko, ezta, indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuaren aldaketak onartzen badira, eguneratze horien ondorioz sortuko den zenbatekoa ere; dena dela, zirkunstantzia hori behar bezala iragarriko da.

Aipatutako gehieneko kopuru hori Entitate onuradunen bi kategorien artean banatuko da, banaketa egiteko honako formula honi jarraituz:

Enpresaburuen Elkarteei gehieneko kopuru globalaren % 40 emango zaie, hau da, 530.400 euro. Erakunde Sindikalei gainerako % 60a emango zaie, hau da, 795.600 euro.

3.– Aipatutako diru-laguntzak lortzeko eta emateko baldintzak adierazitako Dekretuan aurreikusitakoak izango dira.

Bigarrena.– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak laguntzak kudeatzearekin loturiko honako alderdi hauei buruzko informazioa ematea:

– Agindu honi dagozkion diru-laguntzak lortzeko eskaerak aurkezteko, eredu ofiziala beteko da, http://www.lanbide.net webgunean, Lanbideren Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz. PK: 01009) eta Lanbideren Lurraldeko Enplegu Bulegoetan eskuragarri dagoena.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan zehaztutako edozein baliabide erabiliz ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Enplegurako Prestakuntza Zuzendaritzak bere gain hartuko du eskaerak kudeatu eta izapidetzeko ardura, eta erakunde autonomo horren zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.

– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da organo horretan, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita; bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik hasita.

– Erakunde onuradunek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan jakinarazi beharko dute diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein jazoera; era berean, erakunde autonomo honekin elkarlanean jardun beharko dute jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

– Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jasotzen dela adierazi beharko da esanbidez, diru-laguntza jasotzen duten eta horien dibulgazioa, hedatzea, edo, hala badagokio, argitaratzea dakarten jarduera guztietan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko ekainaren 20a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala