Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2012ko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
2041

AGINDUA, 2012ko maiatzaren 8koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena; honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen deialdia egiten da 2012. urtean.

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpetutako Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa, eta azken horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak gizarte-eragileek erabakitako eredua onartu eta aldeek onetsitako betekizunak banatu ziren.

Hiruko Akordioaren bitartez Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, EAEko langile landunen prestakuntzaren kudeaketa- eta zuzendaritza-lanak eta enpresen, langileen eta hezkuntza-zentroen artean etengabeko prestakuntzarako interesa pizteko eta jarduera hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko ardura bere gain hartzeko helburuarekin.

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeaz gain sail horien egitekoak eta jardun arloak finkatzen dituenak, uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuak emandako idazkuntzan, Enplegu eta Gizarte Gaietako Salari ematen dio, enplegu-politikari dagozkion eginkizunen barnean, enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren gaineko eskumen osoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak pertsonen bizitza osoan baitako etengabeko ikaskuntzari dagokionez dituen eskumenak aparte utzi gabe.

Bestalde, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikita dagoena, honako helburu hau betetzeko sortu zen: enplegu egonkor eta kalitatezkorako eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen modu eraginkorrean lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen premiak asetzea, baita gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea ere, betiere esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz, urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenaren arabera. 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarriz gero, Lanbidek hartu zuen bere gain Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruko lan-legeria egikaritzeko eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, baita ordura arte Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila garatzen ari zen enpleguko politika aktiboen esparruko eginkizunak kudeatzekoa ere.

Bere xedeak betetzeko, Lanbidek hainbat zeregin ditu esleituta, enplegurako, enplegurako prestakuntzarako eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea, besteak beste. Enplegurako prestakuntzaren barruan, eta lanerako eta etengabeko prestakuntza bereizi ondoren, pertsona landunei zuzendutako prestakuntza dago gaur egun, hala eskatu, enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak barne hartzen dituena, nola eskaintzen dena. Azken horrek, lehentasunez langile landunei zuzendutako prestakuntza-planak barne hartzen ditu.

Aipatu 3/2011 Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, Lanbideren Administrazio Kontseiluari dagokio enpleguaren eta prestakuntzaren alorreko laguntzen deialdiak egitea.

Langile landunei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizitza osoan baitako prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezagutza oinarrian duen gizartera egokitzeko eta Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean langileen gaitasun profesionalari eusteko.

Langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, prestakuntza aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan lehentasunezko balio bat da eta, hori dela eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Testuinguru horretan, prestakuntza-ekintzen bitartez –Agindu honen bitartez arautzen da horien finantzaketa– prestakuntza-eskaintza zabala egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko langileei. Halaber, enpresetan sustatu dituzten prestakuntza-planen edo, horiek ezean, prestakuntza-premiei erantzuteko landutako planen osagarri izatea bilatzen da.

Hori dela-eta, 2012ko apirilaren 27ko bilkuran hartutako Erabakiari jarraiki Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak proposatuta, honako hau

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntza-planak garatzeko laguntzak arautzea; prestakuntza-plan horiek hainbat prestakuntza-ekintza barne hartuko dituzte, horien bitartez langile horien gaitasuna eta kualifikazioa hobetu eta indibidualki berriro kualifika daitezen lortu nahi da.

2.– Deialdi hau finantzatzera bideratuko diren baliabide ekonomikoak 20.550.000 euro dira, eta horietatik 16.029.000 euro 2012ko ordainketa-kredituari dagozkio eta 4.521.000 euro 2013ko konpromiso-kredituari.

3.– Ez dute finantzaketarik jasoko enpresa bakar bateko lanpostuetara aplika daitekeen irakaskuntza eskaintzen duten eta beste enpresa batzuetan erabili ezin diren kualifikazioak eskaintzen dituzten prestakuntza-ekintzek eta Nagusiki prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) bilatzen ez duten ekintzek.

4.– Deialdi honetan barne hartzen diren laguntzak, ez dira bateragarriak izango prestakuntza-ekintza horiek berak egiteko onuradunek jaso ditzaketen beste mota bateko laguntzekin.

2. artikulua.– Aplikazio Eremua.

1.– Deialdi honetan agertzen diren laguntzen onuradun izan daitezke EAEn kokatuta dauden honako entitate hauek:

– Prestakuntza Erakundeak eta Unibertsitateak.

– EAEn Langileen Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Hitzarmena sinatu duten Enpresa Erakundeak eta Sindikatuak.

– Kooperatiba eta/edo Lan Sozietateen Konfederazioak eta Federazioak.

– Langile Autonomoen Elkarteak.

– Dagokion sektorean ordezkatzaileak diren Enpresa Erakundeak eta Erakunde Sindikalak, askatasun sindikalari buruzko 11/1985 Lege Organikoan eta Langileen Estatutuan aurreikusitakoaren arabera.

2.– EAEko langile guztiek parte hartu ahal izango dute diruz lagundutako ekintzetan. Mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, mendetasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin erlazioan finantzatzen den prestakuntza-eskaintzan parte hartu ahal izango dute, betiere Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeetan egiten badute.

Administrazio Publikoetan lan egiten duten langileek deialdi honen hirugarren artikuluko bigarren idatz-zatiko a) eta e) letretan aurreikusitako Planetan parte hartu ahal izango dute, gehienez ere plan bakoitzaren parte-hartzaileen ehuneko 10eko proportzioan.

Deialdi honetan aurreikusitako ekintzetan esku hartzen duten langabetuek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emana izan beharko dute, eta guztira, dagokion planaren eta horren barruan prestakuntza hasten duten pertsona guztien % 20 eta % 40 bitartean izango dira. Zentzu horretan, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoerak ezarriko du langile langabetua den ala ez. Era berean, aurre-inskripzioa aukeratutako prestakuntza-ekintzan esku hartzeko Orientabide Zerbitzuek egitea gomendatzen da.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakunde pribatuei ematen zaizkien laguntzak prestakuntza-premia bereziak dituzten edo lanbide-txertaketa edo birkualifikazioa lortzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako berariazko programak finantzatzeko erabiliko dira. Zentzu horretan, parte hartzen duten langileen % 70ek ondorengo talde batekoa izan beharko dute nahitaez: enpresa txiki eta ertainetako langileak, emakumeak, terrorismoaren biktimak, genero-indarkeriaren biktimak, 45 urtetik gorakoak, kualifikazio baxuko langileak, pertsona minusbaliatuak, langabetu gazteak, iraupen luzekoak edo gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskua dutenak.

3.– Finantzaketa jaso dezaketen ekimenak 2012ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira, eta gehienez ere 2013ko ekainaren 28an amaituko dira.

3. artikulua.– Prestakuntza Planak eta Erakunde Titularrak.

1.– Prestakuntza Plana esatean, prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa ulertu behar da, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren onuradunen gaitasunak nabarmenki hobetzen direla.

2.– Erantzun beharreko helburuen, prestakuntzaren esparruaren edo izaeraren eta entitate titularren arabera, ondoren adierazi dira prestakuntza-plan desberdinak:

a) Sektore arteko prestakuntza-planak, langileentzako jarduera ekonomikoaren hainbat sektoretako zeharkako gaitasunen eta gaitasun horizontalen prestakuntza eskaintzen dutenak.

Prestakuntza-plan horien titularrak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko prestakuntza-entitateak eta Unibertsitateak, baita Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketari buruzko Lanbide arteko Akordioa sinatu duten Enpresa eta Sindikatu Elkarteak ere.

Prestakuntza-entitateei dagokienez, beren Estatutuen helburuen artean prestakuntza barne hartu behar dute, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortuta egon behar dute prestakuntza-ekintza bilduta dagoen prestakuntza-espezialitateetan.

Era berean eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu ez baditu ere, deialdi honen helburuekin bat datorren prestakuntza-eskaintza bat egiten badute eta prestakuntza mota hori kudeatzeko nahikoa irakasle eta esperientzia egiaztatu badute. Adierazitako guztia justifikatzeko, eskaerarekin batera txosten bat aurkeztuko da, lortutako esperientzia justifikatuz eta eskura dauden baliabideen azalpena eginez. Txostenak hamaikagarren artikuluko a) letran aurreikusitakoaren arabera baloratuko dira, eta hiru ekitalditan egiten diren deialdietarako baliozkoak izango dira.

Era berean, mendetasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalengana zuzendutako prestakuntzari dagokionez, prestakuntza-erakunde titularrak Eusko Jaurlaritzak mota honetako prestakuntza eskaintzeko baimendu dituen erakundeak izango dira.

b) Sektoreko prestakuntza-planak, produkzio-sektore jakin bateko langileak gaitasun jakin batzuetan prestatzera bideratuak. Gaitasun espezifikotzat joko dira sektorekoak ez diren edo beste jarduera-sektore batzuetara eskualdatu ezin diren beste izaera bateko planetan eskuratu ezin direnak.

Plan horien titularrak izan daitezke, aurreko a) letran adierazitako erakundeez gain, dagokion sektoreko Enpresa Erakunde eta Erakunde Sindikal ordezkariak.

c) Produkzio-sektore berekoak izan gabe, kooperatiba, lan-sozietate eta ekonomia sozialeko enpresa eta erakunde bi edo gehiagoko langileak eta bazkide-langileak barne hartzen dituzten prestakuntza-planak, betiere horien izaera juridikotik ondorioztatutako edo zeharkako izaera duten beharretatik ondorioztatutako prestakuntza-eskaerei erantzuten dietenak; eta Euskal Autonomia Erkidegoan nahikoa finkatuta dauden Kooperatiben eta/edo Lan Sozietateen Konfederazioek eta Federazioek titularizatu ahal izango dituzte.

d) Langile autonomoei zuzendutako prestakuntza-planak; horien titularrak izan daitezke sektore arteko langile autonomoen elkarteak eta Langile Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legearen 21.5 artikuluan bildutako erakundeak, betiere EAEn egoitza iraunkorra eta operatiboa baldin badute. EAEn finkapen handiagoa duten autonomoak ordezkatzen dituzten elkarteek lehentasuna izango dute.

e) Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-planak, horien titularrak izanik Euskal Autonomia Erkidegoan Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan, Profesionaltasun Ziurtapenei lotutako prestakuntza partzial metagarria emateko egiaztatutako prestakuntza-zentro publiko edo pribatuak. Salbuespen gisa eta behin-behinekoz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak titular horiek egiaztatuko ditu Deialdi honetarako «Aitorpen Arduratsuaren» prozedura bidez, eta Zentroaren Lege Ordezkariak aitorpen hori sinatu eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko du.

4. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.

1.– Deialdi honen ondorioetarako, helburu, eduki eta iraupen propioak dituen irakatsi eta ikasteko prozesua da prestakuntza-ekintza, eta langileen gaitasuna eta kualifikazioak hobetzea bilatzen du, baita horien lanbide-eguneratzea eta –espezializazioa ere.

Ez dira finantzatuko nagusiki prestakuntza-prozesu (irakaskuntza-ikaskuntza) bat garatzea bilatzen ez duten ekintzak.

2.– Orokorrean, prestakuntza-planetan barne hartutako banakako zein taldeko prestakuntza-ekintzek gutxienez 6 ordu eta gehienez 270 iraungo dute parte-hartzaile bakoitzarentzat. Salbuespen gisa, beste muga batzuk ezarri daitezke eskarian behar bezala justifikatzen denean. Prestakuntzako jarduerek egunean gehienez 8 ordu iraungo dute.

3.– Prestakuntza-ekintzak ondorengo modalitate hauetako batean eman behar dira: presentziala, ez-presentziala edo mistoa.

a) Prestakuntza presentzialtzat jotzen da, ikasgela batean, irakasleek ikasle talde bati ezagutza berak eta aldi berean transmititzen dietenean, edozein motatako baliabide didaktiko erabilita.

b) Prestakuntza ez-presentzialtzat jotzen da parte-hartzaileak bere ikaskuntzaren erritmoak norberaren denborara egokitzen dituenean; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, bere zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan, erabilitako materialen edukiak osatu edo sendotuko ditu.

Prestakuntza ez-presentziala, ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoekin eman beharko da, eta nahitaez laguntza tutorialarekin osatuko da. Eskaerak egiten diren unean adierazi beharko dira materiala bidaltzeko prozedura, tutoretza presentzialak edo ez-presentzialak, jarraipen-kontrolak eta irakaskuntza programatuak eskatzen dituen probak. Teknologia berrien bidezko teleprestakuntza denean, prestakuntza gauzatzen dela egiaztatzeko, hori egikaritzeko erabiltzen diren plataforma informatikoetara sartzeko pasahitzak eskatuko dira.

Deialdi honen ondorioetarako, Baliabideetako Ikastetxeetan emandako prestakuntza, prestakuntza ez-presentziala balitz bezala ulertuko da. Baliabideetako Ikastetxe gisa ulertuko da, norberak erabil dezakeen ekipamendu didaktiko jakina duen instalazioa; parte-hartzaileak bertara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko eta, bertan, beren zalantzak argitzeko tutoretza-motaren bat edukiko dute.

Prestakuntza-ekintza ez-presentzialei dagokienez, ez badituzte informazio eta komunikazioko teknologiak on-line erabiltzen, onartu aurretik horretarako sortuko den batzorde batek aztertu eta balioztatu beharko ditu.

c) Prestakuntza mistotzat jotzen da, prestakuntzaren irakaskuntza modalitate presentzialaz eta ez-presentzialaz baliatuz ematen denean, kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen den orduen ehunekoan.

4.– Prestakuntza-ekintza presentzialak taldean antola daitezke, gehienez ere 20 parte-hartzailek osatutako taldeak osatu ahal direlarik; taldeko 25 ikasle onartuko dira, salbuespen moduan, behar den bezala justifikatzen bada. Prestakuntza-ekintza ez-presentzialetan, parte hartzen duten 70 ikasleko irakasle bat izan beharko da gutxienez. Ekintza mistoen kasuan, aipatu mugak errespetatuko dira, kasuan kasuko prestakuntza-modalitatearen arabera.

5. artikulua.– Eskarien aurkezpena.

1.– Eskaerak Hobetuz Fundazioaren egoitzetan aurkeztuko dira:

– Arabako Lurralde Egoitza, Dato, 14-16. zenbakiak, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia, 35. zenbakia - 6. solairua, 48009 Bilbao.

– Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola, 4. zenbakia, 1., 2008 Donostia-San Sebastián.

Bestalde, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.

Eskaera horiek paperean eta Hobetuzek www.hobetuz.com web-orrian deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira.

Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

2.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

6. artikulua.– Eskaerak egiteko baldintzak.

Eskaeretan honako hauek jasoko dira:

a) Eskatzailearen edo haren ordezkariaren izena, egoitza soziala, helbidea eta harremanetarako telefonoa.

b) Hala dagokionean, ordezkaritza hori egiaztatzen duen jatorrizko agiria, edo Hobetuzek edo fede-emaile publiko batek konpultsatutako kopia.

c) Eskatzailearen eta ordezkariaren, horrela denean, NANaren edo identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

d) Behar bezala legeztatutako estatutuen fotokopia.

e) Erakundea dagokion administrazio-erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.

f) Laguntzaren xedea den prestakuntza-plana, ondorengo oinarrian adierazitako baldintzekin.

g) Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak diru-laguntza eskatzen den Planaren kudeaketara egokitzen den gaitasun teknikoa duela ziurtatzen duen txostena, esperientzia handia duen prestakuntza-espezialitateak adieraziz, baita espezialitate horri lotutako giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak.

h) Diru-laguntzen bikoiztasuna eta prestakuntza-ekintzetarako gain finantzaketa saihestearren, eskatzaileak zinpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, beste diru-sarrera edo laguntza publiko osagarririk ez duela jasotzen adieraziz (4. eranskina).

i) Edozein Administrazio Publikok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozeduran murgilduta ez dagoela edo eskatu zaizkion zenbatekoak itzuli dituela adieraziko duen titularraren erantzukizun-aitorpena (4. eranskina).

j) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantza eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeari guztia ordainduta izanaren ziurtagiri eguneratuak.

k) Erakundeak zigor– eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik jaso ez duela egiaztatzen duen erantzukizun-aitorpena, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

l) Gizarte-ekonomiarekin eta langile autonomoekin erlazionatutako planei dagokienez edo ordezkaritza-erakundeek aurkeztutako sektoreko planei dagokienez, titularrak aurkeztutako planak xede duen eremuan duen hedapena edo ezarpena ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

e) Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Prestakuntza Zentro eta Erakundeen Estatuko Erregistroan ziurtatu gabeko prestakuntza-planen titularrek, profesionaltasun-ziurtapenetako prestakuntza-modulu eta -unitateak emateko beharrezko baldintzak betetzen dituztela dioen Aitorpen Arduratsua gaineratu beharko dute.

7. artikulua.– Prestakuntza-planei dagozkien betekizunak.

1.– Prestakuntza-planek honako hauek bildu behar dituzte:

a) Plana egiteko arrazoien adierazpena.

b) Zein esparrura bideratzen diren eta horien prestakuntza-eskaintzaren plana xede duen jarduera-eremuarekiko edo –sektorearekiko egokitasuna.

c) Prestakuntza Planaren helburuak eta edukiak.

d) Garatuko diren prestakuntza-ekintzak, espezialitateen arabera multzokatuta, xede horrekin landutako inprimaki eta aplikatiboetan adierazitako banakapena eginez.

e) Prestakuntza-ekintzen aurreikusitako kostua.

f) Prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurreikusitako egutegia.

g) Prestakuntza-ekintzak garatzeko aurreikusitako instalazioak eta bitartekoak. Titularra prestakuntza-erakunde bat edo unibertsitate bat bada, finantzatutako prestakuntza-ekintzak zentroko bertako langileek bakarrik emango dituzte eta xede horretarako eskura dauden ohiko ekipo propioekin eta erabakitako instalazioetan egingo dute. Salbuespenak onartuko dira, betiere behar den bezala justifikatzen badira eskaera-inprimakietan, eta salbuespen horiek prestakuntza-ekintzaren espezifikotasunak eta berau eskaintzeko irakasle propioak beti ezin edukitzeak eragindako egoerak izango dira bereziki.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-erakundeek, gainera, beren esperientzia ziurtatzen duen eta hirugarren artikuluaren 2. idatz-zatiko a) letran, laugarren paragrafoan adierazitako eskura dituzten bitartekoak adierazten dituen txostena aurkeztu beharko dute.

h) Programatutako prestakuntza-ekintzen garapenaren eta jarraipena egiteko moduaren eta prestakuntza-plan bakoitza ondoren ebaluatzeko erabiliko diren irizpide eta metodologien arduradunen identifikazioa.

i) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

2.– Prestakuntza Zentroek eta Unibertsitateek, horietako bakoitzak, bi Prestakuntza Planetarako diru-laguntzak bakarrik eskatu ahal izango dituzte: bat katalogo modularrarekin erlazionatutako prestakuntzarako eta bestea aipatu katalogoan barne hartzen ez den prestakuntzarako. Azken hori sektorekoa edo sektore artekoa izango da.

8. artikulua.– Parte-hartzaileei dagozkien betekizunak.

1.– Deialdi honen bigarren artikuluak deskribatutako langileek dagozkien erakunde titularrei onartutako prestakuntza-planetako prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko eskatu ahal diete; horretarako, deialdi honetarako eskaera-agiri gisa diseinatutako agiri normalizatua eta partaidetza-agiria (2.C eranskina) erabil daitezke.

Eskaera-agiriaren eta partaidetza-agiriaren kopia bat parte-hartzaileari emango zaio. Jatorrizko agiria erakunde titularrak gordeko du, Hobetuzek edo kontrola egiteko beste erakunde batek egiten dituzten egiaztapenetan aurkezteko.

Deialdi honen hamahirugarren artikuluko 3. idatz-zatian adierazitakoaren arabera, parte hartzeko eskaeretan/konpromisoetan adierazitako datuak Hobetuzi jakinarazi behar zaizkio ezarritako epeen barruan eta Hobetuzek xede horrekin utzitako baliabideak erabiliz.

Erakunde eskatzaileak edo prestakuntza-ekintzak eskaintzeko ardura duen pertsonak aukeratuko ditu langile parte-hartzaileak, betiere hautapen-mekanismoen gardentasuna eta objektibotasuna ziurtatuz. Era berean, Legeak gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren alorrean egindako eskakizunak betetzeko, hautespen-prozesuetan emakumeen parte-hartzeari lehentasuna emango zaio.

2.– Parte-hartzailea prestakuntza-ekintzatik kanpo geratuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25etik gorako ehunekoan bertaratzen ez bada.

3.– Langile batek ezingo du behin baino gehiagotan parte hartu prestakuntza-ekintza berean.

9. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Deialdi honetan onartu diren prestakuntza-ekimenetako bakoitzari eman beharreko finantzaketak gehieneko finantzaketa izaera izango du, eta honako era honetan zehaztuko da:

a) Ekintza bakoitzaren benetako garrantzira egokitutako ordu kopurua parte-hartzaile kopuruarekin eta hamargarren artikuluaren arabera dagokion moduluaren zenbatekoarekin biderkatuz.

b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, eta finantza daitekeen gehieneko zenbatekoaren ehunekoa zehaztuko du, aurkeztutako eskaerak eta eskura dauden funtsen zenbatekoa ikusita ezartzen diren tarteak kontuan izanik, hamaikagarren artikuluaren arabera.

c) Azken doikuntza, ekitaldirako eta ekimen mota bakoitzerako eskura dauden finantza-baliabideen arabera egingo da.

2.– Edozein modutan, erakunde bakoitzari gehienez emango zaion laguntza honako irizpide hauen arabera erabakiko da:

a) Kudeaketa-gaitasun ziurtatua. Deialdi honen aurreko bi ekitaldietan langileentzako etengabeko prestakuntza-planak kudeatu dituzten eskatzaileei dagokienez (Hobetuzek finantzatutako planak), esleituko zaien gehienezko laguntza erabakitzeko, erakunde eskatzaileak deialdi horietan emandako diru-laguntzari dagokionez lortu duen egikaritze-maila hartuko da kontuan. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu gabeko prestakuntza-entitateen kasuan, deialdi honen hirugarren artikuluko 2.a) idatz-zatiaren barnean hartuta badaude, memoria justifikatzailean egiaztatutako gaitasun teknikoari buruz egiten den balorazioaren arabera irakasteko baimentzen den gehieneko ordu kopuruaren arabera ezarriko da gehieneko laguntza.

b) Prestakuntza-erakundeek eta sektorean ordezkaritza duten enpresa-erakundeek eta sindikatuek titularizatzen dituzten eta hirugarren artikuluko bigarren idatz-zatiaren a) eta b) letretan barne hartuta prestakuntza-planek 4.077.500 euroko partida bat izango dute.

c) Hirugarren artikuluko 2. idatz-zatiko c) eta d) letretan barne hartutako prestakuntza-planetara 600.000 euroko partida bideratuko da. Kopuru hori banatu egingo da, aipatu artikuluko 2. idatz-zatian adierazitako irizpideen arabera onartzen diren eskaeren artean.

d) Hirugarren artikuluko 2. idatz-zatiko e) letran barne hartutako prestakuntza-planetara 7.572.500 euroko partida bideratuko da.

b) c) edo d) letretan aurreikusitako partidaren bat ez bada erabat agortzen, soberakinak aipatutako beste partidetan sartuko dira, eragindako partida bakoitzean eskatutako guztizko bolumenaren arabera.

10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.

1.– Diru-laguntzak zehazteko aplika daitezkeen gehienezko modulu ekonomikoak (parte-hartzaile bakoitzeko eta prestakuntza-ordu bakoitzeko) ondoren adierazitakoak izango dira, betiere prestakuntzaren modalitatea eta maila kontuan hartuko direlarik:

(Ikus .PDF)

Irakaskuntza presentzialeko modalitatearen kasuan, «Oinarrizko mailako» modulua zeharkako ikasgaien edo ikasgai generikoen prestakuntza denean aplikatuko da, hain zuzen oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko gaitasuna eskaintzen denean.

«Goi-mailako» modulua, prestakuntza espezializazioa eskatzen duten ikasgaietan edota programazio edo zuzendaritzako gaitasunak garatzeko gaitasuna ematen denean aplikatuko da.

2.– Modalitate presentzialaren goi-mailako modulu ekonomikoa ehuneko 50era bitartean areagotu daiteke prestakuntza-ekintza jakin batzuen kasuan, betiere euren espezialitatea eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta finantzaketa handiagoa behar bada.

Aurreko paragrafoan barne hartutako ekintzen guztizko kostuak ezingo du gainditu Deialdi hau finantzatzera zuzendutako funtsen guztizkoaren ehuneko 5.

3.– Aipatutako salbuespenak aplikatzeko, eskaeretan adierazi beharko dira ekintza bakoitzean dauden berezitasunak. Eskaerak ebatzi ondoren ezin izango da onartu salbuespen bakar bat ere.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Aurkeztutako planen balorazio teknikoa egiteko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Esperientzia eta baliabide materialak. Idatz-zati honetan, honako hauek hartuko dira kontutan:

– Erakunde titularrak langileak prestatzeko aurretik duen esperientzia.

– Erakundeak finantzaketaren xede diren prestakuntza-espezialitateetan aurretik duen esperientzia.

– Plana eta prestakuntza-espezialitate bakoitza garatzeko eta egikaritzeko bitarteko materialak eta pertsonalak, propioak edo besterenak.

– Plana osatzen duten elementuen kalitatea eta koherentzia eta bakoitzaren prestakuntza-ekintzak.

– Ezarritako kalitate-sistema (jarraipen-mekanismoak, ikaskuntzaren ebaluazioa eta kontrola eta prestakuntza-ekintzen ziurtapena).

Justifikazio hori egiteko, eskaera behar bezala betetzeaz gain, horretarako bidezkotzat jotzen diren agiri guztiak gaineratu daitezke.

Irizpide horrek 100 puntutik 40ko pisua edukiko du planaren guztizko balorazioa egiteko orduan. Hirugarren artikuluan barne hartutako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak aitortu ez dituen prestakuntza-erakundeek aurkeztutako eskaeren kasuan, gaitasun teknikoa justifikatzeko memoriaren balorazioa egin ondoren 20 puntura iristen ez direnak ez dira finantzatuko.

b) Prestakuntza-eskaintza eta xede duen eremuaren edo sektorearen beharren arteko egokitasuna. Idatz-zati honetan balioetsiko dira:

– Aurkeztutako prestakuntza-ekintzek lan-merkatuak dituen prestakuntza-premiekin duten egokitasuna.

– Behar hori justifikatzen duen azterlanen bat egotea.

– Aurkeztutako ekintzek ekintzen xede diren langileentzako lehentasunezkoak direlako justifikazioa.

Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari lotutako prestakuntza-planetan, aurkeztutako eskaintza partzial metagarria Gaitasuna Egiaztatzeko Egiturak hautemandako prestakuntza-premiekin bat datorren baloratuko da.

Justifikazio hori egiteko, eskaera behar bezala betetzeaz gain, horretarako bidezkotzat jotzen diren agiri guztiak gaineratu daitezke.

Irizpide horrek 100 puntutik 40ko pisua edukiko du planaren guztizko balorazioa egiteko orduan.

c) Planaren diseinuan prozesu integral bat barne hartzea. Horren bitartez langileei orientazioa eta aholkularitza emango zaie prestakuntza-ekintzaren aurretik, bitartean eta ondoren. Era berean, bereganatutako gaitasunen ebaluazioa eta alderaketa egingo da. Horretarako, idatz-zati honetan adierazitako pertsonak eta berariazko zereginak zehaztu beharko dira eskaeran.

Irizpide horrek 100 puntutik 20ko pisua edukiko du planaren guztizkoan.

d) Hobetuzek aurretik kudeatutako deialdien egikaritze-maila. Irizpide hori 10 puntu arte ponderatuko da, hala positiboki nola negatiboki, eta inoiz ere ez da zenbatuko guztizko 100 puntuak gainditzeko.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ez dute finantzaketarik lortuko.

12. artikulua.– Prozedura bideratu eta ebaztea.

1.– Behin eskaerak aurkeztu ondoren, aurkeztutakoa osatzeko informazioa eskatzeko aukera izango da. Interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala hutsunea edo aurkez dezala nahitaezko dokumentazioa; orobat, ohar hau egingo dio, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela joko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko du aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

2.– Hobetuzek aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, eta aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza ukatzeko edo guztiz edo partzialki onartzeko ebazpena emango du. Proposamen horiek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu dagozkion ebazpenak emateko.

3.– Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion Ebazpena emango du, eta enpresa onuradunen eta emandako zenbatekoen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Ebazpena aldekoa bada, diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak adieraziko dira, baita parte-hartzaile kopurua eta ordu kopurua eta finantzaketa ere.

Interesdunak 10 eguneko epea izango du emandako diru-laguntza onartzen duela adierazteko, zuzendari nagusiak ebazpena jakinarazten duen unetik zenbatzen hasita. Epe hori amaitzean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko da eta artxibatu egingo da.

4.– Zuzendari nagusiaren Ebazpenak administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, hilabeteko epean EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik.

5.– Ebazteko eta jakinarazteko gehienez 6 hilabeteko epea izango da, eta, epe hori amaitutakoan, eskaera atzera bota dela ulertuko da.

6.– Emakidaren ebazpena jaso ondoren, eta behar den aurrerapenarekin, laguntzaren onuradunak Hobetuzi eskatu ahal izango dio finantzatutako planean aldaketak sartzeko, finantzatutako ekintzen edukia, modua eta/edo egikaritzeko epeak ukitzen dituenean. Aldaketa-eskaera hori idatziz egingo da, eta behar bezala oinarritu beharko da. Aldaketa horiek Hobetuzek baimendu beharko ditu.

Parte-hartzaileen kopurua edo irakaskuntzaren modalitatea ukitzen duten aldaketak direnean, baimendu ahal izango dira ez badute murrizten hasierako eskaera kontuan izanez gero lortuko zen balorazio teknikoa.

13. artikulua.– Prestakuntza-plana egikaritzea.

1.– Ematen den diru-laguntza prestakuntza-planak egikaritzera destinatuko da.

2.– Deialdi honek finantzatzen dituen prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Talde edo ekintza bakoitza hasi aurretik, titularrak honako hau jakinaraziko dio Hobetuzi:

– Hasi baino 7 egun lehenago, gutxienez, prestakuntza emango den lekuari, prestakuntza emango duen erakundeari, eta ekintzaren data eta ordutegiari buruzko datuak.

– Era berean, gehienez ere prestakuntzaren bigarren egunean, prestakuntza-ekintzan parte hartzen duen pertsonak betetako eskaeraren/konpromisoaren datuak.

Betebehar horiek betetzeko, Hobetuzek, www.hobetuz.com web-orrian aplikazio bat jarriko du titularren esku. Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik zenbatzen hasi eta 30 egun igarotzen direnean, eta prestakuntza-planaren egikaritzea justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra izango da.

Betebehar horiek ez badira betetzen, Planaren egikaritzea justifikatzen denean ez egindakotzat hartuko da dagokion prestakuntza-ekintza.

4.– Titularrek ekintza presentzialetan eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Prestakuntza-ekintza ez-presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa landu beharko du titularrak.

Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio, Hobetuzek ezarritako ereduaren araberakoa, eta bertan gutxienez adierazi beharko dira ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, ekintza zer egunetan garatu den, eta jasotako prestakuntza-orduak, hala dagokionean ordu presentzialen eta ez-presentzialen kopurua adieraziz.

Lanbide Heziketako Euskal Modulu Katalogoari dagozkion prestakuntza-planetan eta –ekintzetan, deialdi honetako hirugarren artikuluko 2.e) idatz-zatian aurreikusitakoetan, eta prestakuntza-kreditua gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtapena, Hobetuzek eska dezakeena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera luzatuko da.

Parte hartzeko ziurtagiriak parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean.

Titularrak ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.

5.– Titularra etengabeko lanbide-heziketari buruzko euskal akordioa sinatu duen erakunde bat, Gizarte Ekonomiako edo autonomoen taldeko ordezkaritza-erakunde bat edo sektore jakin bateko ordezkaritza-erakunde bat denean, onuradunak deialdi honen kontura finantzatutako prestakuntza-ekintzen gauzatzea kontrata dezake, behin bakarrik, betiere azpikontratazioa merkatuko baldintza arrunten arabera egiten bada eta aurretik Hobetuzen baimena lortu bada, emakida-ebazpenean berariaz edo baimen-eskaera egin eta hurrengo hamabost egunetan emandako ebazpen bidez. Baimena eman dela ulertuko da, aipatu epea igarotzean Hobetuzek ez badu bestelakorik esaten.

Ez dira hirugarrenak azpikontratatuko, jardueraren kostua areagotuz, baldin eta jarduerari balio erantsirik gehitzen ez bazaio.

6.– Diru-laguntzaren onuradunak bitarteko propioak erabili beharko ditu finantzatzen den prestakuntza-planaren programazioa eta koordinazioa egiteko eta, edozein kasutan, bere gain hartuko du hura egikaritzeko erantzukizun osoa, betiere eskumena duten erakundeek jarraipen- eta kontrol-funtzioak gara ditzaten bermatuz.

14. artikulua.– Laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntza ordaintzeko, ordainketa bakoitzaren aurretik onuradunak aurkeztu beharko ditu Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko eta/edo kasuan kasuko gizarte aurreikuspeneko erakundearekiko betebeharrak bete dituelako ziurtagiri eguneratuak.

2.– Diru-laguntza bi ordainketetan ordainduko da, honako era honetan:

a) Lehen ordainketa, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 78koa, ebazpenaren unean. Lehen ordainketa hori 180.303,64 eurotik gorakoa bada, titularrak bankuko abala aurkeztu beharko du, ebazpenarekin batera adieraziko diren jarraibideak kontuan izanik, edo bestela plana egikaritzerakoan dagoeneko sortutako gastuen justifikazioa, justifikatu gabeko gainerakoak kopuru hori gainditzen ez badu.

b) Bigarren ordainketa bat, diru-laguntzaren gainerakoari dagokiona, Hobetuzen memoria justifikatzailea aurkezten denean eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikaziorako onartutako finantza daitezkeen kostuak eta egozpen-irizpideak.

1.– Honako hauek izango dira finantza daitezkeen kostuak eta egozpen-irizpideak:

A) Prestakuntza-jardueraren zuzeneko kostuak:

a) Barruko eta kanpoko prestatzaileen ordainketak. Horien barruan sartzen dira: soldatak, gizarte-aseguruak, dietak eta joan-etorriak egiteko gastuak.

Gastu horiek behar den bezala zehaztuta adierazi behar dira, kasuan kasuko jarduera bakoitzak hartutako orduak zehaztuz.

b) Ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak amortizatzeko gastuak. Horiek kalkulatzeko, kontabilitate-arauetan onartutako amortizazio-irizpideak jarraituko dira. Era berean, ekipo didaktikoak eta plataforma teknologikoak alokatzeko gastuak barne hartuko dira, interesak kanpo utziz.

Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.

c) Bitarteko eta material didaktikoen gastuak, baita planeko prestakuntza-ekintzak egiteko erabilitako ondasun kontsumigarrien gastuak ere, babes- eta segurtasun-materiala barne hartuta. Era berean, teleprestakuntzari dagokionez, prestatzaileek eta parte-hartzaileek erabilitako komunikabideei egotzi ahal zaizkien kostuak kontuan hartuko dira.

Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekipoei eta plataformei emandako erabilera indibidualaren arabera kalkulatuko dira; bestela, erabilera-orduak egotziko dira.

d) Prestakuntza-planaren garapenean erabilitako gelen, tailerren eta gainerako higiezinen alokairuko, finantza-errentamenduko (interesik gabe) edo amortizazioko gastuak. Gastu horiek prestakuntza-ekintza bakoitzaren kasuan behar den bezala zehaztuko dira eta ekintzak irauten duen denboragatik egotziko dira.

Amortizazio-gastuak kalkulatzeko, oro har onartuta dauden kontabilitate-arauak jarraituko dira; gainera, Sozietateen gainerako Zerga arautzen duen Araudiak onartutako taulen araberako amortizazio-metodoa aplikatuko da.

e) Parte-hartzaileen istripu-asegurua.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

f) Prestakuntza-ekintzen parte-hartzaileen garraio, mantenu eta ostatuaren gastuak, betiere Foru Araudian lokomozio eta dieten gastuei lotutako PFEZaren esparruan ezarritako mugak errespetatuz.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

g) Prestakuntza-ekintzak antolatzeko eta ezagutzera emateko publizitate-gastuak.

Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuak aurkeztu behar dira.

B) Prestakuntza-jarduerarekin erlazionatutako hainbat kostu:

a) Kanpoko zein barruko laguntza-langileen kostuak eta plana kudeatzeko eta egikaritzeko beharrezkoak diren kostu guztiak, langileei orientazioa eta aholkularitza ematekoak barne.

b) Hainbat kostu: argia, ura, berogailuak, mezularitza, posta, garbiketa, zaintza eta planaren egikaritzearekin erlazionatuta dauden eta lehen aipatu ez diren kostu gehiago.

Kostu horiek guztiak onuradunak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio, onartutako kontabilitateko arau eta printzipioetan adierazitako moduan eta, edozein kasutan, kostu horiek jarduera egin den aldikoak badira.

Kostu erlazionatuen baturak ezingo du gainditu prestakuntza-jardueraren kostuen ehuneko 20.

C) Diruz lagundu daitezkeen beste kostu batzuk:

Prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioak eta kontrolak eragindako kostuak. Onuradunak prestakuntza-jarduera gauzatzeko eman zaion diru-laguntzaren % 1etik 5era artean bideratuko du xede horretarako.

Edozein kasutan, diruz lagundu daitezkeen kostuak benetako kostuak izango dira, egin eta ordaindu diren eta fakturen edo pareko balioko kontabilitate-dokumentuen bitartez justifikatu diren kostuak alegia.

16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diruz lagundutako Prestakuntza Plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak garatzean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte onuradunek, aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera.

Kostuak, zuzenbidean baliozkoak diren froga-dokumentuen edo fakturen bidez justifikatuko dira, beti, funtsen aplikazio zuzena ziurtatzeko behar den xehetasunarekin, eta horren inguruan Hobetuzek emango dituen eta justifikazio-memoriaren eskuliburuan zehaztuko diren arauekin bat etorrita.

Kanpoko erakunde bat kontratatzen bada, erakunde horiek luzatuko dituzten fakturek, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak bereizteko modua izan behar dute.

2.– Laguntzen likidazioa, ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren arabera egingo da, deialdi honetan ezarritako eta onartutako modulu ekonomikoen arabera. Likidazioak ez du inola ere gaindituko hasiera batean onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa.

Prestakuntza gauzatu ondoren diru-laguntza zehaztu ahal izateko, ekintza presentzialetan pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada. Era berean, modalitate ez-presentzialean eskaintzen diren prestakuntza-ekintzei dagokienez, pertsona batek ekintza amaitu duela ulertuko da, gutxienez dagozkion ikaskuntza-jarraipeneko aldiroko kontrolen ehuneko 75 egin badu.

Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren lehen laurdenean langile batek prestakuntza-ekintza uzten badu, beste langile bat sartu ahal izango da bere ordez. Ekintzak hasi ondoren parte-hartzaileren batek ekintza uzten badu, ekintza bakoitzarengatik desbideratzeak onartuko dira ziurtapenetan, hain zuzen ere, prestakuntza-ekintza hasi duten parte-hartzaileen kopuruaren % 15era bitartean.

Langabezian dauden pertsonen kasuan, lana aurkitu dutela eta ekintza uzten badute, prestakuntza-ekintza amaitu dutela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-jardueraren ehuneko 25 gutxienez eginda badute.

3.– Dagokion azken likidazioa egiteko, 2013ko irailaren 13a baino lehen onuradunak inprimaki normalizatuak bete, eta Hobetuzera igorri beharko ditu, adieraziko diren inprimaki normalizatuetan, honako agiri hauek:

a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitzaren, eta bere garaian hasi zela jakinarazitako ekintzaren amaiera-ziurtagiria (egikaritzea).

b) Plana amaitu dela ziurtatzen duen agiria. Bertan zehaztuko dira burututako prestakuntza-ekintza guztiak.

c) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa.

4.– Aurkeztutako egikaritze-ziurtagirietan zuzen betetako informazioa duten, eta deialdi honetako hamahirugarren artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan sartu diren parte-hartzaileak bakarrik hartuko dituzte kontuan.

5.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, onuradunari jakinaraziko zaion azken likidazio-erabakia hartuko da.

Egindako likidazioa aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, onuradunak dagokion kopurua itzuli beharko du, erabakia hartzen den datatik hasi eta 20 egun naturaleko epean.

6.– Behin betiko likidazioaren ondorengo 20 eguneko epean, onuradunak jatorrizko agiriak aurkezteko prest egon beharko du edo, hala badagokio, emandako laguntzaren ondorioetarako kontuan hartutako ordainketei dagozkien ordainagirien fotokopia konpultsatuak aurkezteko.

7.– Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntzaren emakida oinarritzen duen jarduera garatzen dela ziurtatzen duten agiriak gorde behar ditu 4 urtez, diru-laguntzaren amaierako likidaziotik zenbatzen hasita, bai eta jasotako funtsen erabileraren ziurtagiriak ere.

Diru-laguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, aipatu dokumentazioaren kopia bidali beharko dute Hobetuzera desagertu baino lehen.

17. artikulua.– Laguntzarako eskubidea lortzeko eta eskubide horri eusteko baldintzak.

Laguntza jasotzeko eskubidea lortzeko eta horri eusteko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:

1.– Hala eskatuta, aurreko deialdietan jasotako kopurua itzuli edo ordaindu izana.

2.– Laguntza jaso duen prestakuntza-jarduera deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera egitea. Kontzeptu horrengatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.

3.– Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantzaketa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.

4.– Hemezortzigarren artikuluan ezarritako kontrol eta jarraipenerako jardunak onartzea.

5.– Onartutako ekimena jakinarazi eta hedatzeko argitalpen nahiz bestelako bideetan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako langileei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako diru-laguntzen 2012ko deialdiaren esparru barruan egin direla jaso beharko du diru-laguntzaren titularrak, eta gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logoak jarri beharko dira; hori guztia, erraz ikusteko moduko tokian.

18. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Diru-laguntzen onuradunek burutzen duten prestakuntzaren kalitatearen ebaluazioa eta kontrola egin beharko dute, eta horretarako diru-laguntzaren % 1etik % 5era bitarteko kopurua erabiliko dute. Ebaluazio- eta kontrol-jarduera horiek prestakuntza taldeen ehuneko 5ean egingo dira gutxienez.

2.– Laguntzen onuradunek honako hauek onartu behar dituzte: Hobetuzek, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Kontroleko Bulegoak, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dizkieten egiaztapen eta kontroleko jarduera guztiak, eta lokal eta instalazioetara sartzeko eta parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi duten beste pertsonekin harremana izateko aukera emango zaie.

Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:

1) Finantzatutako ekintzak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion dokumentazioa betetzea eta igortzea ere; dena dela, 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko.

2) Hobetuzi jakinaraztera beste erakunde batzuetatik eratorritako diru-laguntzak edo laguntzak –deialdi honek diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak– eskatu direla edo eskuratu direla.

3) Jarduera presentzialetan, bertaratuen eguneroko parte bat egitea eta hori Hobetuzen esku jartzea.

4) Prestakuntza-ekintza presentzialen kasuan, parte-hartzaile bakoitzari egindako jarraipen-kontrolei dagokien dokumentazioa gordetzea. Era berean, kontrola egiteko beharrezkoak diren informazioa eta bitartekoak eskainiko dira eta, dagokionean eta Hobetuzek eskatzen badu, gakoak emango dira, diruz lagundutako prestakuntzari buruzko informaziorako sarbide telematikoa ahalbidetzeko.

3.– Hobetuzek, Deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzera, eta diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko benetako baldintzak egiaztatzera zuzendutako Auditorien Urteko Plana ezarriko du. Plan horren barne sartuko dira, egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera Hobetuzek aukeratuko dituen espedienteak. Era berean, Ikuskapen Planean behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritutako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak bilduko dira.

19. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.

1.– Onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutza-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik, honako kasu hauetan:

– Laguntzaren helburua edo laguntza emateko agindutako baldintzak ez betetzea. Oro har, xedea bete ez dela ulertuko da, baldin eta aurkeztutako eta onartutako datuak kontuan hartuta, ez bada lortzen prestakuntza orduen eta prestakuntza jasotako pertsona kopuruaren biderketaren % 35eko burutzapena.

– Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.

– Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.

– Jarraipen– eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

– Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.

– Agindu honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Itzultzeko prozedurari Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia Hobetuzek bidaliko dio laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko hamabost eguneko epea duela ere jakinaraziko dio; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko du. Horretarako, Hobetuzek Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzura bideratuko ditu dagokion espedientea, errekerimendu-idazkia eta, hala badagokio, alegazioak, ebazpena emateko proposamenarekin. Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

4.– Epe boluntarioa amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-kopuruak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarrera publikotzat hartuko dira.

20. artikulua.– Datuen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatuta dagoena betetzeko, laguntza-eskabidea betetzean interesdunak datu horiek Hobetuzen eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategietan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean egikaritu daitezke (Kale Nagusia 35 – 6.a, 48009 Bilbao), baita Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan ere.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Erakunde laguntzailea izendatzea.

1.– Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da Agindu honetan arautzen diren laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Aipatutako 52. artikuluak dioenez, Agindu honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.

2.– Laguntza-deialdi hau finantzatzeko bideratuko diren funtsak, 2012ko ordainketa-kredituari dagozkionak, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundaziora (erakunde laguntzailea) transferituko ditu Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak, ordainketa bakar bat eginez, eta Agindu honek deitutako laguntzak ematen dituen dagokion ebazpena eman ondoren. Gainerakoa 2013ko ekitaldian transferituko da.

Bigarrena.– Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

Agindu honetan zehaztutakoez eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak honako betebehar hauek izango ditu:

– Funtsak azken enpresa onuradunen artean banatzea.

– Laguntzak aplikatu zaizkien prestakuntza-ekintzak egin izana justifikatzen duten agiriak eskatzea eta gordetzea, lau urtez.

– Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari, 2013ko abenduaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako laguntzak, egindako ordainketak eta, oro har, funts horiekin egindako prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.

– Funtsen kudeaketa dela-eta, Eusko Jaurlaritzak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bitartez egin ditzakeen egiaztatze-jardueren eraginpean jartzea.

– Deialdian aurreikusten den ez-betetze kasuren bat gertatuz gero, onuradunei laguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdian bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, behin dagozkien ebazpenak eman ondoren.

Hirugarrena.– Finantzaketa-soberakinen azken likidazioa.

Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzaketa-soberakinak eta Agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuliko dizkio Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak.

Laugarrena.– Betekizunak eskatzea.

Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Agindua argitaratu aurretik prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileek denbora-arrazoiak direla medio bete ezin izan dituzten betekizunak ez dira eskatuko.

Kasu horietan, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren administrazio-kontseiluak 2011ko uztailaren 14an (abuztuaren 4ko EHAA) hartutako Erabakian ezarritako irizpide orokorrak aplikatuko dira; Akordio horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako langileei zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoen 2011ko deialdia egin zen.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezar diezaiokete interesdunek Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuari, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– Indarrean hastea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko maiatzaren 8a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala