Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2012ko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2036

AGINDUA, 2012ko apirilaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikastetxeetako Ulibarri programak 2012-2013 ikasturtean izango dituen gehienezko diru-baliabideak, programan sartzeko eta jarraitzeko baldintzak eta ikastetxe bakoitzak programarako izango dituen dedikazio-orduak zehaztuz.

Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuak (abenduaren 31ko EHAA) Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuen garapenean partaide diren eragileen elkarlanak osatzen du programa: Administrazioa, ikastetxeak eta bestelako instantziak.

Aipatu Dekretuaren 5.2.b) artikuluak, Hizkuntza Normalkuntzako ardura teknikoa hartzen duen irakaslearen dedikazioa estaltzeko, Ulibarri programan dauden ikastetxe kontzertatuek diru-laguntza jasoko dutela dio.

Bestalde, Dekretuak 12. artikuluaren lehen pasartean, programan sartzeko eskabideak baloratzeko irizpideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren Agindu bidez ezarriko direla dio.

Hortaz, Ulibarri programak eta 2012-2013 ikasturtean bertan arituko diren ikastetxeek izango dituzten baliabideak finkatu behar dira batetik eta, bestetik, programan sarbidea eskatu nahi duten ikastetxeentzat prozedura eta baloratzeko irizpideak ezarri behar dira Agindu bidez.

Horren guztiaren haritik

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ekitaldi ekonomiko honetan, ULIBARRI programan ari diren ikastetxe kontzertatuei diru-laguntzak esleitzeko ondoko zenbatekoak erabiliko ditu gehienez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak:

a) Ikastetxe berriak sartzeko 23.841 euro.

b) Lehendik daudenen jarraipenerako 1.176.159 euro.

Atal honetan zehaztutako gehienezko zenbatekoa gehitu egin daiteke, guztira eskatutakoa kontuan hartuz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren bestelako diru-laguntza programetan agortu gabe geratutako aurrekontuzko baliabideak eta beti ere berauen ebazpenak ebatzi aurretik. Horrelakoetan, jendaurrean agerian jarriko da aldakuntza Hezkuntzako sailburuordearen Ebazpenaren bidez.

2. artikulua.– 2012-2013 ikasturterako ulibarri programan sartu nahi duten ikastetxeek programa hau arautzen duen 323/2003 Dekretuaren 10. artikuluan zehazten diren baldintzak bete beharko dituzte, eta berariazko eskabidea egin 2012ko ekainaren 8a baino lehen.

3. artikulua.– Abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren 13.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, Ulibarri programan ari diren ikastetxeek, non eta programa uzteko berariazko eskaera egiten ez duten, 2012-2013 ikasturterako luzamendua izango dute. Hala ere, aurreko artikuluan zehaztutako epearen barnean, programan jarraitu nahi duten ikastetxe kontzertatuek berariazko diru-laguntza eskabidea aurkeztu beharko dute 2012-2013 ikasturterako.

4. artikulua.– Abenduaren 23ko, 323/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren ildotik, aholku-emaileek irizpena eman beharko dute proiektu berrien gainean. Hori egin ondoren, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako Balioespen-batzordeak irizpen hauek aztertu eta bateratuko ditu, eta dagokion taula Jarraipen-batzordeari helaraziko dio. Taula honek ondoko irizpideok erabiliz sailkatuko ditu izangaiak:

1.– Normalkuntza proiektua bera. Gehienez 0,60 puntu.

a) Proiektua Ikastetxearen errealitatera egokitua dago bete-betean. Diagnostiko sakonean onarritzen da. Eragin-esparru garrantzitsuenak hartu ditu aintzakotzat, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun nahikoa bermatzen du (0,60).

b) Proiektua ez da bete-betean ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa ez da hain sakona. Eragin-esparru gehienak aintzakotzat hartu baditu ere, gabeziak antzematen dira, eta erabakiak hartzeko jarraitu den prozedurak adostasun-arazoak ekar ditzake epe luzera (0,40).

c) Aurkeztutako proiektuak zuzendu beharreko gabezia larriak ditu. Ez da ikastetxearen errealitatera egokitzen. Diagnostikoa eskasa da, eta elaborazioak berak hutsune nabarmenak ditu (0,20).

2.– Proiektuaren garapen-maila. Gehienez 0,3 puntu.

a) Diagnostikoa burutu eta proiektua elaboratzeaz eta adosteaz gain, urteko normalkuntza-plana ezarria du ikastetxeak dagoeneko. Normalkuntzako Batzordea eta teknikaria izendaturik dituzte ikastetxean, eta euren funtzioak erabat eragingarriak dira. Diseinatutako jarduera normaltasunez ari da gauzatzen (0,30).

b) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa egoki burutu baditu ere ikastetxeak, proiektuaren ezarpena hasierako fasean dago. Plana garapenerako abiapuntuan dago (0,20).

c) Diagnostikoa egiteko fasea, proiektua elaboratzekoa eta adostasunak biltzekoa burutu baditu ere ikastetxeak, fase hau ezin dugu amaitutzat eman; dokumentu horiei osatu, berrikusi eta konpondu beharra sumatzen da oraindik (0,10).

3.– Proiektuak eraginpean dituen ikasleak. Gehienez 0,10 puntu.

Horretarako, ikastetxearen gela-kopurua 0,001 zenbakiaz biderkatuko da. 100 gela edo gehiago dituzten ikastetxeak gehienezko puntuazioarekin sailkatuko dira hortaz.

4.– Aurreko hiru irizpideetan izandako puntuazioaren batura, gutxienez 0,41 puntukoa izan beharko du, ikastetxea Ulibarri programan onartua izateko.

5.– Puntuazioan bat datozen ikastetxeen kasuan, ikasle-kopuruak finduko du hirugarren balorazio-irizpidea. Laugarren dezimal moduan ezarriko da hori, ikastetxeen hurrenkera eginez txikienetik handienera. Erabaki-proposamena egiteko garaian Sailaren estatistika ofizialean dauden azken matrikula-datuetan oinarrituko da gela- eta ikasle-kopurua.

Balioespen-batzordeak igorritako datuetan oinarrituz, dagokion puntuazioa esleituko dio Jarraipen-batzordeak eskabide bakoitzari eta, lortutako puntuazioaren arabera eta beheranzko hurrenkeran, izangaien zerrendak osatu eta onarpen-proposamenak egingo ditu. Honetarako desberdindu egingo dira publikoak diren eta ez diren ikastetxeak.

Aurrekontuak jarritako bitartekoak kontuan izanik, abenduaren 23ko 323/2003 Dekretuaren arabera Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko ditu eskabideak.

5. artikulua.– 323/2003 Dekretuaren V. eta VI. kapituluetan ezarritakoaren arabera, ikastetxe bakoitzari dagokion ordu-dedikazioa finkatuko da. Horretarako hiru izaera desberdin aztertuko dira:

– Hezkuntzako sailburuordearen 2010eko azaroaren 26ko Ebazpenak (Abenduaren 20ko EHAA) ezarritako ordu-dedikazioa da, 2012-2013 ikasturtean, bertan agertzen diren ikastetxeei esleituko zaiena.

– Aipatu Ebazpenean ebaluatu ez ziren eta 2011-2012 ikasturtean programara lehenengo aldiz bildu ziren ikastetxeen kasuan, ikastetxearen neurrian oinarritutako irizpidea erabiliko da 2012-2013 ikasturtean.

– Agindu honi bilduz, dagokion Ebazpenaren bidez, Ulibarrin sartzen diren ikastetxeen kasuan, ikastetxeei beren neurrian oinarritutako ordu-dedikazioa esleituko zaie.

Ordu-esleipen horretarako ondoko tramoak erabiliko dira:

– 3 ordu-liberazio 1-8 gela arteko ikastetxeentzat.

– 6 ordu-liberazio 9-19 gela arteko ikastetxeentzat.

– 9 ordu-liberazio 20 gelatik gorako ikastetxeentzat.

6. artikulua.– 323/2003 Dekretuaren lehen xedapen gehigarrian Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari datak egokitzeko ematen zaion ahalmena erabiliz, Agindu honi dagokion Ebazpena hartu eta EHAAn jakinaraziko du Hezkuntzako sailburuordeak, Agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita sei hilabeteko epean.

Aipaturiko epean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ez dela aintzakotzat hartu ulertuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Bide administratiboa agortzen duen dgindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion gelan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.– EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala