Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2011ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Kultura Saila
5829

241/2011 DEKRETUA, azaroaren 22koa, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) Gallartako Bodovalleko aire zabaleko meategia Monumentu-multzo izendapenaz, Kultura Ondasun gisa deklaratzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babespean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, 2010eko ekainaren 24an emandako ebazpen bidez (EHAAren 135. zenbakian argitaratu zen, uztailaren 15ean), Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako (Bizkaia) Gallartako Bodovalleko aire zabaleko meategia, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapideak abiarazi zituen.

Izapide horiek zabaldutakoan, alegazio-idatziak aurkeztu zituzten A.I. Abra Industrial SA eta Agruminsa SA. enpresek; Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak; Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako eta Ortuellako udalen industria- eta zerbitzu-arloko egikaritzapen-unitateko konpentsazio batzordeak; eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren Fundazioak.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Euskal Kultur Ondarearen Zentroaren txosten teknikoen bitartez erantzun zaie, eta txosten horiek espedientean bildu dira. Txosten horien ondorioak oinarri hartuta burutu da dekretu honetan xedatutako Babes Erregimena.

Hori dela-eta, zati batean onartzen dira aurkeztutako alegazioak, eta I. (mugaketa), II. (deskribapena) eta III. (babes erregimena) eranskinetako zenbait alderdi aldatzen dira, kultur ondasun sailkatu aitortzeko, monumentu-multzo kategorian, Bodovalleko aire zabaleko meategia, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) dagoena.

Ondorioz, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan araututakoarekin bat, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako txostena ikusirik, Kultura sailburuaren proposamenari jarraituz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) dagoen Gallartako Bodovalleko aire zabaleko meategia, Monumentu-multzo izendapenaz, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzea.

2. artikulua.- I. eranskinean azaltzen diren arrazoiak direla eta, ondasunaren mugaketa Dekretu honen eranskin berean agertzen dena hartzea.

3. artikulua.- Indarrean dagoen Kultura Ondareari buruzko legeak aurreikusten dituen ondorioetarako ondasunaren deskripzio formala egitea, Dekretu honen II. eranskinean agertzen den moduan.

4. artikulua.- Dekretu honen III. eranskinean agertzen den babes-araubidea onestea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Kultura Sailak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan (Bizkaia) dagoen Gallartako Bodovalleko aire zabaleko meategia Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erroldan inskribatuko du.

Bigarrena.- Kultura Sailak Jabego Erregistroari Dekretu honen berri emango dio, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Era berean, interesdunei, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Lehendakaritza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari ere jakinaraziko zaie.

Hirugarrena.- Kultura Sailak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalari eskatuko dio udaleko hirigintza-araudia Monumentu-multzoaren babes-araubideari egokitzeko, horrela Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluan ezarritakoa betez.

Laugarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentu-multzo mugaketak barne hartu duen eremu batean egin behar diren lanetarako Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko da. Baimen hori, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluan ezarritakoa betez, udal baimena eskuratu aurretik lortu beharko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen Dekretu honen aurka, interesdunek, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, Dekretu hau azkenengoz argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Kulturako sailburua,

MARÍA BLANCA URGELL LÁZARO.

I. ERANSKINA, AZAROAREN 22KO 241/2011 DEKRETUARENA

MUGAKETA

Mugaketaren deskribapena.

Monumentu-multzo honen mugaketa etena da, haren ezaugarriak, elementuen egungo sakabanaketa eta inguruko meatze-paisaiak izandako aldaketak direla medio. Batetik, aire zabaleko meategia bera eta ikuspegia estaltzen duen lur-banda bat, lurrari egokitzen zaiona eta zabalera aldakorra daukana, daude. Mugaketa Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren eraikin berritik hasten da. Iparraldean eta mendebaldean BI-3756 errepideak (Gallarta-Ortuella) eta BI-2757 errepideak (Gallarta-Zugaztieta) mugatzen dute, 10 m-ko bereizketarekin. Gero, ekialderantz, gailurren lerroari jarraitzen dio, Jarrillako gainaren kotetatik (mendebaldetik hego-ekialderantz, 224 m, 219 m eta 225 m), eta gero ekialderantz doa, Concha 1.a meatzeko mailen goialdetik +220 metroko kotan, koordenada hauetaraino: X:494404, Y:4794887. Hortik aurrera, eskonbrotegien zonan, eremu babestua mugatzen duen lerroa Abra Industrial enpresa-parkearen espazio librearen mugarekin bat egiten du, lerro zuzenean, X: 494664, Y: 4795115 kotara bitarte. X: 494550, Y: 4795298, X: 494484, Y: 4795305 kotetan jarraitzen du. Aurrerantzean Abra Industrialeko poligonoaren urbanizazioarekin bat egiten du X: 494350, Y:4795550 puntuan. Azken gune horretatik poligonoaren urbanizazioaren bidea inguratzen du, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoraino.

Gaztelutxoarentzat mugaketa independentea zehaztu da, haren alboetako bakoitzean 10 metroko espazioa okupatzen duena.

Meatzari-etxeek eta Meatzaritzaren Museoak okupatutako babes-espazioa udalerriko Hiri Antolamenduko Plan Nagusiak definitutako espazio libreen lur-sailak definitzen du, dokumentu honi erantsita doan planoan adierazten den moduan.

Plano inklinatuaren sarreraren mugaketa independente bat definitu da, sarrerako espazio karratua soilik okupatzen duena: X: 494504 Y: 4796159.

Mugaketaren justifikazioa

Mugaketa honekin, eta industri ondarearen ikuspegitik dauzkan balio kultural garrantzitsuak kontuan izanik, Bodovalleko aire zabaleko meategiaz gain, adierazpen honetan berariaz aipatutako elementuak ere babestu behar dira, lekua eta meatzaritza eta industri paisaia interpretatu ahal izateko moduan.

II. ERANSKINA, AZAROAREN 22KO 241/2011 DEKRETUARENA

DESKRIBAPENA

Bodovalleko aire zabaleko meategia ebakidura geologiko handi bat da. 700 metro luze, 350 metro zabal eta 150 metro sakon da (itsas mailatik -37 m-ra). Bizkaiko meatzaritzan aire zabalean egon ziren ustiategi guztietatik azkena eta handiena da. Koten arteko aldea 254 metro ingurukoa da eta batez besteko diametroa 500 metrokoa da. Harmailadi ikaragarria dauka. Haren +50 kotan barruko meatzearen sarrera dago.

Concha 2.a, Manuelita, San Miguel, San Benito eta Ser meatzeen emakidetan dago, Ortuella eta Abanto herrietan. Meatze horiek XIX. mendearen amaieratik aurrera ustiatu ziren. Ybarra anaiek 120 hektareako azalerako zortzi ondasun erregistratu zituzten Abanto-Zierbena herrian, 1868ko azaroaren 20an, Concha izen orokorrarekin. Concha 2.a ondasun horietako bat da.

Aire zabaleko meategi honetan sartzeko pista bat dago. Lehenengo ekialdeko ezpondan zehar doa eta gero meategiaren hondo mailakatura iristen da. Altuera ezberdinetatik zehar ibili ahal izateko, bide bihurgunetsu bat egitea beharrezkoa suertatu zen.

Gaur egun, alderantziz jarritako kono baten forma daukan zulo bat dago. Harmailadi izugarria dauka, maila bihurriekin, 5-10 metro zabal eta 10-20 metro altu direnak. Beheko mailak, karbonatu eremuen daudenak, altuenak eta egonkorrenak dira, ez direlako kareharria eta marga bezain hauskorrak. Meategia amaierako posizioan dagoenez, leku batzuetan bermen zabalera gutxieneko zabalerara murriztu da eta, kasu batzuekin, hiru banku elkartzera iritsi da. Bermak, zati batean, gai xehe antzuz estalita daude, Aguminsaren kontzentrazio planta zaharretik datozenak. Goiko bankuetatik ateratako higakin solteez ere estalita daude. Higakinen maldak baimentzen duenean edo bermak higakinik gabe gordetzen direnean, belarkiak jaiotzen dira modu naturalean. Goiko bankuetan landaretza sortu da, modu naturalean.

Balkoira ematen duen angelua handia da, askotan ia bertikala. Horrek galarazi du haren ezpondak landaretzaz estal daitezela. Minerala eta gai antzua azaleratu dira. Beste fenomeno geologiko batzuk ere ikus daitezke gaur egun: failak, diaklasak, buzamenduak, akuinamenduak, aldaketa litologikoak eta abar. Meategiaren zona batzuk, hegoaldean, iraganean isurkinez bete ziren. Isurkin horiek, bankuetan banatuta, modu artifizialetan landaretzaz estali dira. Kanpoko eskonbrotegi zaharreko bi banku ere badaude.

Meategiaren hondoa ere mailakatua da, iparrera sakontzen delarik. Iparraldean, hain zuzen ere, dauka kotarik sakonena: 38 metro itsasoaren mailaren azpitik.

Gaur egun hondoak ur-lamina bat dauka, -24 metrotara. Artifizialki kontserbatzen da, lurpeko meatzearen barruan dagoen ponpaketa zentralari esker. Ur-laminaren batez besteko lodiera, beraz, 14 metro ingurukoa da. +48 metroko kotan ere galeria bat dago (Franco-Belga trenbide zaharra), goiko ura kanal baten bidez biltzen duena. Kanalera meategiaren hondotik ponpatutako ura ere iristen da. Kanal hori, lurpetik ibilbide bat egin ondoren, Granada errekara doa, eta ura ibai sarera isurtzen da.

Goiko mailetako bat, hego-ekialdean, Orconerako trenbidearen kutxan dago. Oraindik badagoen tunel baten bidez, San Migelgo geltokirako sarbidea zen. Han, Orconerak Campoamarren garbitutako mineralak zamatzen zituen eta Zugaztieta-Campomar aireko tranbia famatuan garraiatzen zituen. Langintza, 1968. urtea aldera, leherketa sistema handi baten bidez egiten zen. Takeoa edo itsasketa sekundarioa, berriz, batzuetan baino ez zen egiten. Leherketetarako zulaketak Drill-Masterrekin egiten ziren, eta 150 mm-rainoko diametroa zeukaten lehergailuekin. Horrela egiten zituzten leherketa handiak, inguruko bizilagunak haserre eta gogaituta zeuden arren. Halere, enpresa kexatu egiten zen, enpresako arduradunen ustez leherketa bakoitzean eskonbro gutxi ateratzen zelako, haiek askozaz ere gehiago espero baitzuten. Inguruko biztanleengan leherketek zeukan ondorio psikologikoak ezarritako mugengatik ateratzen zen hain eskonbro gutxi beraz.

Leherketetan erauzten ziren gai antzuak palekin biltzen ziren, 8 m3-ko ontzia zeukatenak. 70 tonako kamioietan sartzen ziren eta meategiaren inguruan zeuden eskonbrotegietara bidaltzen zituzten: Campillo, Cirinal eta Zarzal.

Karbonatoa zamatzeko eta garraiatzeko Bucyrus-Eire hondeatzeko pala elektrikoak, 4,5 m3-ko ontzia zeukatenak, erabiltzen ziren. Haien bidez dumperrak zamatzen ziren. Dumperrek minerala birringailu primarioraino, lurrean josita zegoeneraino, eramaten zuten. Makinaren oinarritik minerala 150 mm-ra txikitzen zen. Gero, kalapatxa baten bidez, lekuan bertan Franco-Belgaren galeria zaharrean zehar zihoan trena zamatu ohi zen. Trenak Cadegaleko kiskalketa labeetaraino (Ortuella) eramaten zuen zama. Hirurogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, Agruminsak eta Bizkaiko Labe Garaiak erakundeak (AHV) sinterizazio eta kontzentrazio plantak eraiki zituztenez gero, aldez aurretik kiskaltzea ez zen beharrezkoa. Beraz, minerala galeria beraren bidez itzultzen zen, zinta baten bidez, meategiraino. Han, minerala kamioietan zamatzen zen eta Bodovalleko kontzentrazio plantara eraman ohi zen. Planta hori meategiaren ondoan zegoen eta kiskaltze prozesuan alferrik galtzen zen karbonatoaren pisuaren % 32raino aurrezten zuen.

Meategiaren barruan lurpeko meatzerako sarrera bat dago. Hirurogeiko hamarkadatik, itxi zen arte (1993an), 50 kilometro galeria baino gehiago zulatu zen. XX. mendeko hirurogeita hamarreko hamarkadan, Europako bigarren burdin ustiategirik handiena izan zen, 500 langileko plantillarekin. Ustiatzeko metodoa ganbera eta zutabeena izan zen, azpimaila etzanekin. Horretarako, funtsean, ganbera handiak sortzen dira, lehergailu luzeen bidez zulatuta (25 metro), galeria edo azpimaila jakin batzuetatik. Meatzeak 60 ganbera dauzka, neurri ezberdinekin hobiaren potentziaren arabera. 25-30 metroko altuera, 100 metrorainoko hondoa, zutabeekin, eta 25 metroko zabalerako zuloak dauzkate. Galerien eta ganberen gaitasuna 8 milioi m3-koa da. Hauxe izan zen Bizkaian martxan egon zen azken burdin meatzea, 1993an betirako itxi zen arte.

Bestalde, Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoaren ondoko meategia (museoaren zabalpena meategiaren ertzean eraikitzen ari da), Bizkaiko meatzaritzari buruzko erakusketa-multzo interesgarri baten barruan sartuko da, ondare higigarria eta Bizkaiko meatzaritza arroaren berezko paisai eta kultur ondarea uztartzen dituena.

Monumentu-multzoan dauden elementu eta eraikinak.

Babes bereziko elementuak:

- Bodovalleko aire zabaleko meategia eta elementu geologikoak

- Orconerako trenbidearen lur-berdinketako obra eta tunelak; tren horrek eramaten zuen San Migelen erauzitako mea Lutxanako portura.

- Galeriaren ahoa +48 inguruko kotan dago; bertatik sartzen da Kontxa 2.etik Cadegaleko kiskalketa labeetaraino joaten den trenera.

- Plano inklinatua, jardinera eta beraiekin lotutako elementuak

- Ezequiela meatzeko gaztelutxoa

Oinarrizko babeseko elementuak:

- Gallarta zaharreko meatzarien etxeak.

- Hiltegiaren jatorrizko eraikina (gaur egun Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa dena).

Meategian elementu geologiko interesgarriak ikus ditzakegu. Faila nagusian, mineral ebakidurak, burdinazko karbonato oxidatuak, marga eta kareharriekin, failako mugimendu tektonikoak (lur-jausiak), bere jauziekin, eta mineral haztegiaren buzamenduak horma oxidatuen kontaktuekin.

Oraindik kontserbatzen dira Franco-Belga trenbide zaharraren sarrera eta lur-berdinketaren obra, eta Orconeraren trenbidearen lur-berdinketaren obra hego-ekialdeko goialdeko mailetako batean, oraindik badagoen tunel baten bidez, San Migelgo geltokirako sarbidea zena. Han, Orconerak Campoamarren garbitutako mineralak zamatzen zituen eta aireko tranbian garraiatzen.

Beste elementu bat tailerra eta irteerako goiko aldea, Abra Industrialeko bulegoen ondokoa, komunikatzen dituen plano inklinatua da. Planoak 4,50 metroko zabalera, 3,2 metroko altuera eta 800 metroko luzera ditu, % 25eko maldarekin. Planoan jardineraren errailak eta garraiozinta zeuden.

Ezequiela meatzeko gaztelutxoa ez zen eraiki meatzariak lurpeko ganberara iritsi ahal izateko, baizik eta lan guztiak aireztatzeko tximinia gisa. Metalezko egitura txarrantxatua dauka. Goiko aldean etxola bat zeukan, eta bertan 80 metroko tximinia eraikitzeko erabili zen baina egun ez dagoen kableari eragiten dioten gurpilak zeuden gordeta. Bertan haizagailuak jarri ziren, meatzeko aire zikina ateratzeko.

Meategitik oso hurbil eta meatzaritzaren museotik metro gutxira bi meatzari etxe zahar daude zutik. Zaldi ukuilu bat ere badago, Concha 5. meatzean bagonetak arrastatzeko erabiltzen ziren zaldientzat. Guztiak eraikuntza soilak dira. Etxeetako batek bi solairu dauzka. 11 x 8 metro dauzka, lau isurkiko teilatuarekin. Harlangaitzez eraikita dago eta zurezko egitura dauka, teila lauekin eta bao dintelduekin. Bigarren etxea lehenengotik metro gutxitara dago. 12 x 9 metro dauzka. Bi isurkiko teilatua dauka, eta atzealdean eranskin itsusgarriak dauzka. Bao angeluzuzenak dauzka. Bigarren etxebizitzan sartzeko eskailera du albo batean.

III. ERANSKINA, AZAROAREN 22KO 241/2011 DEKRETUARENA

BABES ARAUBIDEA

1. artikulua.- Xedea.

Bodovalleko aire zabaleko meategia, Bizkaiko Lurralde Historikoko Abanto-Zierbena herriko Gallarta auzoan dagoena, kalifikatutako monumentu-multzo izendatzen duen adierazpenaren barruan sartzen da babes araubide hau. Araubide honen mende jarri beharko dira monumentu-multzo horri lotutako espazioetan, eraikinetan, instalazioetan eta ondasun higigarrietan egiten diren kontserbazio jardunak eta esku-hartzeak.

2. artikulua.- Aplikazio eremua.

Babes araubide honetako preskripzioak Bodovalleko aire zabaleko meategiaren mugapenaren barruan dauden ondasun eta espazio guztietan aplikatu beharko dira.

3. artikulua.- Garrantzi bereziko elementuak.

Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.1.e) artikuluan ezarritakoa betetze aldera, garrantzi bereziko elementutzat hartuko dira babes bereziko elementutzat jotzen diren ondasun guztiak.

4. artikulua.- Babes mailak.

1.- Bi babes maila ezarriko dira: babes bereziko maila eta oinarrizko babeseko maila. Babes bereziko elementutzat hartuko dira araubide honetan estaldura zabalagoa merezi dutenak, izaera berezia eta aparteko kultur balioak dituztelako, eta haien kontserbazio egoerak beren jatorrizko ezaugarriak lehengoratzea ahalbideratzen dielako. Bestalde, oinarrizko babes maila jasoko dute tipologiaren edo ingurumenaren ikuspegitik eta meatze-multzoarekin duten harreman historikoagatik kultur ondarearen zati interesgarri gisa finkatu behar diren eraikinak, arkitekturako, historiako edo arteko balio esanguratsurik eduki ez arren.

2.- Ondoko elementuek babes berezia jasoko dute: Bodovalleko aire zabaleko meategia eta elementu geologikoak; Orconerako trenbidearen lur-berdinketaren obra eta tunelak -tren horrek eramaten zuen San Migelen erauzitako mea Lutxanako portura-; galeriaren ahoa +48 inguruko kotan dago, bertatik sartzen da Kontxa 2.etik Cadegaleko kiskalketa labeetaraino joaten den trenera; Franco-Belga trenbidearen lur-berdinketaren obra; plano inklinatua eta jardinera, eta Ezequiela meatzeko gaztelutxoa.

3.- Monumentu-multzoan dauden gainerako elementu eta eraikinak, zehazki, meatzarien etxeak eta hiltegi zaharraren eraikina (gaur egun Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa dena) oinarrizko babeseko mailaren preskripzioen pean daude.

5. artikulua.- Babes bereziko elementuetan eta haien babes eremuan baimentzen diren esku-hartzeak.

1.- Bakarrik baimenduko dira espazioa bera babesteko egiten diren erabilera eta jarduerak, eta kultur ikerkuntzarako edota zabalkunderako erabiltzen diren eta horretarako beharrezkotzat jotzen diren instalazioak.

2.- Baimendutako erabilera eta jarduerak egiteko, beharrezko segurtasun neurriak hartzen direla bermatu behar da.

3.- Babestutako egiturak finkatzeko, lehengoratzeko eta museo bihurtzeko jardunak egin ahalko dira. Meategia eta gainerako elementuak dauden ingurunean txertatzeko behar diren neurriak sustatuko dira.

4.- Babestutako eremuak kultur ibilbideak eduki ditzake; zona hartara egokitu ahalko da. Ibilbideak bide edo sarbideen gainean trazatu beharko dira. Haiek hobetzeko obrak egin ahalko dira, baldin eta horretarako ez bada beharrezkoa meategiaren ezaugarriak eta profila aldatzea. Debekatuta dago obra berriak egitea edo meategian instalaziorik ipintzea.

5.- Egiten diren kultur jarduerek zonan dagoen ondarea kontserbatzearekin bateragarriak direla bermatu behar dute.

6.- Zona seinaleztatzea eta argiztatzea baimenduko da, zona hobeto ezagutu ahal izateko, baldin eta argiaren eta seinaleen ondorioz meatzeen paisaia eta haren osagaiak ez badira aldatzen edo txikiagotzen.

7.- Gaur egun paisaia osatzen duten baina iraganean ekoizpen prozesuaren barruan zeuden osagaien presentzia ezkutatzen, txikiagotzen edo murrizten duten kanpo esku-hartzeak galarazi beharko dituzte jardun horiek. Osagai horietako batzuk zainak, bermak, Franco-Belga trenbidearen lur-berdinketaren obra eta Orconerako trenbidearen lur-berdinketaren obra dira, besteak beste. Beste hainbeste estali gabe dauden geologi eta meatze formazioei buruz; horrela, degradazio prozesuetatik babestuko eta mantenduko direla bermatzen da.

8.- Bermen higakinak beren eboluzio naturala jarraitzeko moduan mantenduko dira, jatorriz Orconera Iron Ore meatzaritzako enpresaren trenbidearen lur-berdinketako obra zaharra zen bankua izan ezik. Hemen, narriadura naturala geldiaraziko da, eta arraste-bidearen irudia ez dadin txikiagotu eta bere interpretazio gaitasuna manten dezan beharrezkoak diren obrak egingo dira.

9.- Espezie inbaditzaileetako landareak kendu beharko dira, eta zuhaitzek ezpondak kaltetzea, arroka haustea eta beheragoko mailetara erortzea galarazi beharko da. Horrela, landaretzak bermak kaltetzea galarazi nahi da.

10.- Meategia ezerekin ere betetzea debekatzen da, meategiak bere egungo egoera gorde dezan, hondo lehorrarekin edo ur-lamina batekin -24 kotan. Horretarako sistema tekniko egokiak asmatuko dira, ura meategitik ateratzeko edo ponpatzeko (bai galerien barrutik datorrena bai isurketakoa).

11.- Ez da baimenduko meategiaren espaziora sarbide berririk egiterik. Dagoeneko daudenak hobetzea soilik onartuko da, baldin eta bisita kontrolatua egiten laguntzen badute. Meategia babesteko area hiritartzea baimenduko da, baldin eta ez badie eremuko ondare-balioei eragiten edo horiek monumentu-multzo gisa interpretatzeko eragozpenik eragiten ez badu. Hiritartzea, egitekotan, meategia eta horren babes-eremuari balioa emateko programen baitan burutuko da.

12.- Ex novo eraikuntzak debekatuta daude. Egiturak lehengoratzeko obrak eta zonaren balioa handitzeko programak garatzeko ezinbestekoak diren obrak bakarrik baimendu ahal izango dira.

13.- Meategiaren barruan edo okupatzen duen espazioan bide berriak irekitzea debekatzen da. Dauden bideak mantentzea soilik onartzen da, zabalpenik egin gabe, eta kultur erabilerarako egokiak eta beharrezkoak badira soilik.

14.- Ezequiela meatzeko gaztelutxoan baimentzen diren esku-hartzeak instalazioa finkatzeko beharrezko direnak izango dira. Gaztelutxoa instalazio finkoa denez, ezin da lekuz aldatu, eta orain dagoen kokalekuan mantendu eta kontserbatu beharko da.

6. artikulua.- Babes bereziko elementuetan eta haien babes eremuan baimentzen diren esku-hartzeak.

Oinarrizko babesa daukaten elementuetan baimentzen diren esku-hartzeak eraikuntzak finkatzeko beharrezko direnak izango dira. Baimendutako esku-hartzeen xedea etxebizitzako eta meatzaritzako eraikinak interpretatzen laguntzea izango da. Egun Meatzaritzaren Museoa den hiltegi zaharra zabaltzea soilik baimenduko da, beheko solairuan eta sotoan, museoaren artxiboa hartzeko.

7. artikulua.- Ondasun higigarrietan esku hartzeko araubidea.

1.- Bodovalleko aire zabaleko meategiarekin lotutako objektu higigarriak eta makinak kontserbatuta eta lehengoratuta babestu behar dira, beharrezkoa denean.

2.- Lotutako ondasun higigarriak ezin daitezke aldatu, konpondu edo zaharberritu Bizkaiko Foru Aldundiak aldez aurretik baimentzen ez badu, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 38.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.- Meategiarekin lotutako ondasun higigarriak monumentu-multzotik bereizezintzat jotzen dira eta in situ kontserbatuko dira. Salbuespen gisa, justifikatzen duen arrazoirik badago eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak aldez aurretik baimentzen badu, bereiztea baimenduko da, arrazoiak azalduta, eta Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 37.2 artikuluan xedatutakoa beteta.

4.- Aurrekoa errespetatuz, Bizkaiko Foru Aldundiak ondasunak behin-behinean beste leku batean gordetzeko agindu ahalko du, ondasunen kokalekuak ez baldin baditu betetzen haiek kontserbatzeko behar diren baldintzak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 39.2 artikuluan aurreikusitakoa dela bide.

8. artikulua.- Onartzen diren erabilera eta jarduerak.

1.- Monumentu-multzo honen ezaugarriei egokitzen zaizkien erabilera eta jarduerak soilik onartuko dira, baldin eta meatzaritza paisaia eta gaur egun dauden instalazioak behar bezala kontserbatzea eta elementu horiek eta paisaia antzinako industri jarduera ekonomikoaren barruan interpretatzea ahalbidetzen badute. Babes eremu honetan dauden egituren eta elementuen egoera aldatu ahal duen giza jarduera oro ahalik eta gehien murriztuko da. Estali gabe dauden aztarnak eta etorkizuneko azterlan eta lanetan ager daitezkeen aztarnak suntsi ditzaketen erabilera eta jarduera guztiak galarazi behar dira.

2.- Kultur jarduerekin zerikusia duten erabilerak eta lekua eta bere ondare balioak ezagutzeko eta jakitera emateko jarduerak onartuko dira.

3.- Zientzia izaerako jarduerak garatzea eta sustatzea onartuko da, baldin eta gaur egun dauden eta etorkizunean aurki daitezkeen meatzaritza-aztarnak kontserbatzearekin bateragarriak badira. Eremuaren barruan egiten diren zientzia izaerako jarduerek (arkeologiako indusketak, geomorfologi analisiak, geologi analisiak, geologi eta meatze analisiak, hidrogeologi analisiak eta azterlan espeleologikoak) zona hobeto ezagutzen lagundu behar dute, ondarearen balioa handitzea errazteko. Bertan egiten den jarduera orok exijituko du aurkitutako meatzaritzako aztarna eta formazioak agertu diren lekuan bertan gera daitezela.

4.- Meatzaritzako paisaia jagoteko ahalegina egingo da, paisaiaren ingurumen balioekiko oreka gordeta.

9. artikulua.- Debekatutako erabilera eta jarduerak.

1.- Ez da baimenduko babestutako ondasunaren egungo egoera aldatzen edo itxuraldatzen duen jarduerarik. Egiten diren jardun guztiek elementuen interpretazioa eta haien arteko elkarreragina hobetu behar dituzte; multzoaren osotasuna bermatu behar da.

2.- Basogintza eta nekazaritza erabilerak berariaz debekatzen dira.

10. artikulua.- Preskripzio orokorrak.

1.- Babes araubide honi lotutako ondasuna Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legean aurreikusitakoaren mende egongo da, baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, urraketa eta gainerako alderdiei dagokienez.

2.- Babes araubide honi lotutako ondasunaren jabeek kontserbazio, zaintza eta jagote betebeharrak bete behar dituzte, Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legean ezarri zen bezala.

3.- Ondasuna osorik edo zati batez eraisteko, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoa edo azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuan (kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa) xedatutakoa bete beharko da nahitaez.

11. artikulua.- Izaera loteslea.

Babes araubide honen preskripzioak lotesleak dira. Monumentu-multzoa berari lotuta kontserbatu behar da beraz. Era berean, araubide honetako preskripzioak hiri plangintzako tresnentzat lotesleak dira; beraz, tresna horiek araubideari egokitu beharko zaizkio, Euskal Kultur Ondarearen 7/1990 Legearen 28.1 artikuluan azaltzen denez. Aipatutako legezko manu hori betetze aldera, babes araubide honen xedea den multzoari aplikatu behar zaion hiri plangintzak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena beharko du.


Azterketa dokumentala