Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2011ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
5820

237/2011 DEKRETUA, azaroaren 22koa, Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena.

Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordea apirilaren 18ko 151/1989 Dekretuaren bitartez sortu eta arautu zen.

Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legeak 12. artikuluan, Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea izenekoan, ezartzen du lege horretako 2. artikuluaren 1. paragrafoan zehazten diren administrazio eta erakundeen publizitatearen eta komunikazioaren plangintzaz, laguntza teknikoaz, ebaluaketaz, koordinazioaz eta kontrolaz arduratzen den organoa dela batzorde hori, organo horren egitekoak ezartzen ditu eta agintzen du erregalamendu bidez erabakiko direla batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua.

Aipatutako legearen xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, apirilaren 18ko 151/1989 Dekretuan sortutako Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordeak gauzatuko ditu lege honetako 12. artikuluan aurreikusitako eginkizunak eta eskumenak, harik eta bertan aurreikusitako erregelamendu-garapena egiten den arte.

Bidezkoa da, beraz, abenduaren 23ko 6/2010 Legean aurreikusitako erregelamendugarapenari ekitea eta Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, beti ere, Administrazio Publikoak burutzen dituen publizitate ekintzak eraginkorragoak izateko, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua behar bezala erabiliz irudi bateratua zabaltzeko, eragindako erakunde guztiei modu irekian parte hartu eta lankidetzan aritzeko aukera emateko eta gastu publikoaren arrazionalizatzea eragiteko asmoz.

Horren guztiaren ondorioz, lehendakariaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera eta ezarritako prozedura burutu ondoren, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 22an egindako bilkura aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Dekretu honen helburua da Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko abenduaren 23ko 6/2010 Legearen 12.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. artikulua.- Osaera.

Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordea batzordeburuak, batzordekideek eta idazkariak osatuko dute.

3. artikulua.- Batzordeburua.

Batzordeburua Eusko Jaurlaritzaren Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiaren pertsona titularra edo berak eskuorde izendatzen duena izango da, eta honako egiteko hauek izango ditu:

a) Batzordearen ordezkari gorena izatea.

b) Ohiko eta ohiz kanpoko bilkuren deialdiak erabakitzea eta bilkura horietarako gaizerrenda finkatzea; gainerako kideek egiten dituzten eskaerak ere kontuan hartuko ditu, baldin eta behar besteko aurrerapenez egiten badituzte.

c) Bilkuren buru izatea, eztabaidak moderatu eta zuzentzea.

d) Bozketetako hainbanaketak ebaztea kalitateko botoaren bitartez.

e) Arauak betetzen direla zaintzea.

f) Batzordearen erabakien akta eta egiaztagiriei oniritzia ematea.

g) Batzordeburu izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

4. artikulua.- Batzordekideak.

1.- Sailen titularrek ordezkari bana aukeratuko dute, Publizitate Instituzionalari buruzko Sailarteko Batzordeko kide izateko. Halaber, ordezko bana aukeratuko zaie batzordekideei.

2.- Batzordekideek honako eginkizun hauek beteko dituzte:

a) Aldez aurretik bilkura deia jasotzea; dei horri bilkuraren gai-zerrenda eta behar diren dokumentuak erantsiko zaizkio.

b) Batzordearen ekimenetan eta bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.

c) Botoa emateko eskubideaz baliatzea, boto partikularra ematea eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaltzea.

d) Eskaerak eta galderak egitea.

e) Esleitutako eginkizunak betetzeko behar den informazioa eskuratzea.

f) Batzordekide izateari dagozkion beste eginkizun guztiak betetzea.

3.- Batzordekideak eta horien ordezkoak batzordeburuak izendatuko ditu. Aukeratutako pertsonek izendapena onartzen duten egunetik aurrera izango dute eragina izendapenek.

5. artikulua.- Idazkaria.

1.- Batzordeko idazkari izateko, Eusko Jaurlaritzaren Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiko tekniko bat aukeratuko du batzordeburuak.

2.- Idazkariak ez du boto eskubiderik izango batzordearen erabakiez eta honako eginkizunak beteko ditu:

a) Bilkuretara joatea.

b) Batzordeburuak aginduta, Batzordearen bilkuren deia egitea, baita batzordeko kideei dei egitea ere.

c) Batzordekideen komunikazioak jasotzea, baita jakinarazpenak, datu-eskabideak, zuzenketak edo ezagutu behar den beste edozein idazki ere.

d) Gaiak prestatzea, bilkuren aktak idatzi eta ziurtatzea.

e) Batzordearen kontsulta, erabaki eta jarduera orokorren ziurtagiriak egitea.

f) Batzordeari dagozkion gaiak sustatu eta horien jarraipena egitea.

g) Batzordeak burututako jarduerak jasotzen dituzten dokumentuak artxibatu eta zaintzea.

h) Batzordeburuak agintzen dizkion kudeaketa eta koordinazio ekintza guztiak egitea.

i) Idazkari izateari dagozkion beste eginkizun guztiak betetzea.

6. artikulua.- Karguaren iraupena.

1.- Batzordeko kideak -bere kargua dela-eta batzordekide ez badira- bi urterako aukeratuko dira, eta ez da eragozpenik izango behin eta berriro hautatzeko.

2.- Agintaldia amaitzearekin batera egingo da karguaren iraupena berritzea, kontrakorik aukeratu ezean.

7. artikulua.- Bestelako parte hartzaileak.

1.- Batzordearen bilkuretan honako hauek ere izango dira -hitz egiteko aukera izango dute, baina ez dute botoa emateko aukerarik izango-:

a) Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundearen ordezkari bat, komunikabideetan emakumeen ez bereizkeriazko irudia zabaltzeari buruzko aholkulari gisa, estereotipo sexistak saihesteko.

b) Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren ordezkari bat, hizkuntza-alorrean bete beharreko arau nagusiak betetzen direla zaintzeko eta publizitate kanpaina eta mezuak hizkuntzaren ikuspegitik egokiak direla egiaztatzeko.

2.- Beharrezkoa edo komenigarria irudituz gero, aztertu beharreko gaietan adituak diren pertsonak gonbidatu ahalko ditu batzordeburuak, horien iritzia eta aholkua eskatzeko.

3.- Sail bakoitzak kanpoko zein saileko bertako pertsona adituak gonbidatu ahalko ditu, publizitate ekintzak lantzen esku hartzen ari badira pertsona aditu horiek.

4.- Publizitate ekintzak erakunde edota sozietate publiko batek egin behar dituenean, erakunde edota sozietate horrek aukera izango du ordezkari bat gehitzeko Batzordeari.

5.- Halaber, erakunde edo sozietate publikoak Batzordean agertu beharko du, gainetik duen sailak edo batzordeburuak eskatzen dion guztietan.

8. artikulua.- Bilkuren araubidea eta funtzionamendua.

1.- Batzordeak gutxienez hilero egingo du ohiko bilkura; ez ohiko bilkurak egitea ere erabaki dezake batzordeburuak, beharrezkoa iruditzen zaionean, edota edozein batzordekidek hala eskatuta. Batzordekideek idatziz egin beharko dute eskaria eta aztertu beharreko gaien proposamen motibatua zehaztu beharko dute, gutxienez zazpi egun lehenago.

2.- Ohiko deialdiak nahiz ez ohikoak gutxienez 24 ordu lehenago egin beharko dira eta honako helburuak izango dituzte: publizitate ekintzen egutegia eguneratzea, kanpainak aurkeztea, ematen ari diren kanpainak edo emandakoak berriz aztertzea, txostenak egitea, burututako jardueren berri ematea, kanpainak onartzeari buruzko aktak eta dokumentuak ematea, baita esleitzen zaion beste edozein ere.

3.- Batzordeak osoko bilkuretan jardungo du; lan-taldeetan ere jardun dezake, hala behar duten gaiak aztertzeko eta proposatzeko.

4.- Lan-taldeak eratzea Batzordeak erabakiko du, eta batzordeburuak eta, gutxienez, bi batzordekidek osatu dituzte taldeok. Lan-taldeotan kanpoko pertsonek parte hartzea ere erabaki ahal da.

5.- Batzordea lehen deialdian legez eratzeko, batzordeburua edo haren ordezkoa ez ezik, gutxienez gainontzeko kideen erdiak ere agertu beharko dute bilkuran. Lehen deialdian ez balitz adierazitako pertsona kopurua agertuko, bigarren deialdian eratuko da Batzordea, bilkura hasteko ezarritako deialdia baino hamabost minutu beranduago; horretako, nahikoa izango da batzordekideen herena han izatea, batzordeburua edo haren ordezkoa barne delarik.

6.- Botoen gehiengo soilez hartuko dira erabakiak; berdinketa gertatuz gero, batzordeburuaren botoak erabakiko du. Batzordeko kideek boto bana izango dute, idazkariak izan ezik.

7.- Batzordeko kideek gehiengoaren erabakiaren aurkako boto partikularra aurkez dezakete, edo iragarri, betiere bilkura amaitutzat jo baino lehen. Norbaitek hori eginez gero, botoa idazki batean bidali behar dio batzordeburuari, hiru egun baliodun igaro baino lehen. Epe horretan boto partikularraren idazkia aurkeztu ezean, aurkezteari uko egin zaiola ulertuko da.

8.- Eguneko gai-zerrendan ez dauden gaiez ezin da baliozko erabakirik hartu, non eta batzordeko kide guztiak bertan ez dauden, eta gehiengoaren aldeko botoaren bidez gaia premiazkoa dela deklaratzen ez den. Erabakiak gehiengoaren botoen bidez hartuko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Araudi honek indarra hartzen duen egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordean ordezkaritza duten sailek Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordea eratzeko hautatu behar dituzten kideak hautatuko dituzte, baita, hala badagokie, horien ordezkoak izango direnak ere.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetu egin da Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordea sortzen duen apirilaren 18ko 151/1989 Dekretua.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honetan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 22. artikuluan eta hurrengoetan kide anitzeko organoei buruz ezarritakoa aplikatuko da.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.


Azterketa dokumentala