Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2011ko urriaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
4917

AGINDUA, 2011ko irailaren 27koa, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuarena, 2011ko azaroaren 20an egingo diren Gorte Nagusietarako hauteskundeetan langileek, beren ordainsariak jasota, parte hartu ahal izateko arauak ematen dituena.

Irailaren 26ko 1329/2011 Errege Dekretuaren bidez, 2011ko azaroaren 20an Gorte Nagusietarako hauteskundeak deitu dira; horrenbestez, ezinbestekoa da Sailak beharrezko neurriak ezartzea langileek kontsulta horretan parte har dezaten, beren ordainsariak jasota. Horretarako, eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.3.d) artikuluak zehazten duena aintzat hartuta, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedaturikoaren arabera indarrean dagoen legedia gauzatuko da.

Horri jarraiki, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Baimena, hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten langileentzat.

1.- 2011ko azaroaren 20an hautesleak, hauteskunde-mahaiko kideak, kontu-hartzaileak edo ahaldunak izanik, egun horretan 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren -martxoaren 4koa, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duena- 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedena baliatzen ez dutenek egun horretan dagokien lanaldian ordainduriko baimen bat baliatzeko eskubidea izango dute, deitutako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea baliatu ahal izateko, hurrengo artikuluetan ezartzen diren terminoetan.

2.- Adierazitako baimena ezin da berreskuratu, hauteskunde-kolegioak irekiak dauden orduen barruan baliatu behar da, eta zerbitzuak normaltasunez eman izango balitu jasoko lukeen soldatarekin ordaintzen du enpresak.

3.- Berreskuratu ezin den ordainduriko baimena jasotzeko eskubidea duten langileek jaso behar duten soldataren zati bat prima edo pizgarri batekin dago osatua; aipatutako zatia aurreko azken sei hilabeteetan adierazitako kontzeptuagatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera kalkulatu behar da.

2. artikulua.- Bozkatzeko eskubidea balia dezaketen langileentzako baimenaren iraupena.

1.- 2011ko azaroaren 20an bozkatzeko eskubidea baliatu nahi dutenek, egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiarekin lau ordu edo gehiago uztartzen bada, lau orduko ordainduriko baimena izango dute, hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko dutena.

2.- Ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko da.

3.- Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute.

3. artikulua.- Baimena erabiltzeko unea zehaztea eta haren erabilera justifikatzea.

1.- Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritza izango da, lanaren antolamenduaren arabera, bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia zehaztuko duena, nolanahi ere hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan.

2.- Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bere langileei eskatzeko bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.

4. artikulua.- Hauteskunde-mahaietako kideen eta kontu-hartzaile funtzioak betetzen dituztenen baimena hauteskundeen egunean.

1.- 2011ko azaroaren 20an, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kideak direla edo bertan kontu-hartzaile funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei, adierazitako egunaren lanaldi osoko baimena emango zaie; baita hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.

2.- Aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kideak edo kontu-hartzaileak direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie, adierazitako paragrafoak ezartzen dituen baldintza berberetan.

3.- Baimen horiek, berreskuratu ezin direnak, enpresak ordaindu behar ditu hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.

5. artikulua.- Hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten ahaldunen baimena.

Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren -Langileen Estatutuaren Legearen Testu bategina onartzen du- 37.1 artikuluak aurreikusten duen asteko atsedena baliatzen ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du justifikatu ondoren.

6. artikulua.- Txanda-aldaketa.

Agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek hauteskunde-egunaren aurreko egunean gaueko txandan lan egin behar badu, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, betiere interesdunak eskatzen badu.

7. artikulua.- Posta bidezko botoa emateko ziurtagiriaren eskaera egiteko baimena.

1.- Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun garatzen dutenei edo 2011ko azaroaren 20an botoa emateko eskubidea gauzatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako baldintza batzuetan lan egiten dutenei, beren botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.

2.- Adierazitako baimena posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatzeko legez gaitzen diren egunetan baliatu ahal izango da; kasu horretan, Agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatzen da; eta, hauteskunde-kolegioei edo hauteskunde-mahaiei egindako erreferentzia guztiak Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo Posta bulegoei egindakotzat hartu behar dira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 27a.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala