Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2011ko urriaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Euskal Herriko Unibertsitatea
4912

EBAZPENA, 2011ko irailaren 29koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.

Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez (2011ko otsailaren 24ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 38. zk.), Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak onartu ziren.

Estatutuetako 171. artikuluak Unibertsitateko Klaustroari ematen dio Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia onartzeko eskumena.

Ebazpen honen eranskin gisa argitaratuko den Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegian jasotzen dira, funtsean, kide anitzeko edozein organoren barne funtzionamendurako arauak: deialdiak, quoruma, bileren garapena, bozketak, aktak. Horretaz gain, bere kideak hautatzeko arau espezifikoak ere ematen dira, Estatutuetako 169. artikuluaren xehetasun berriei egokituak. Izan ere, hauteskunde taldeen banaketa berria dago, aldezlea aukeratzeko prozedura berria -hartara, organo hori azkenean eratu ahal izan dadin UPV/EHUn- eta, azkenik, Gobernu Kontseilua hautatzeko era ere zehazten da, organo horrek ere osaera berria baitu, Estatutuetako 175. artikuluan ezartzen denez.

Azkenik, testu osoa orraztu da, prozedura guztiak arinago eta eraginkorrago egite aldera.

Hori guztia aintzat hartuta, UPV/EHUko Klaustroak, 2011ko ekainaren 3ko bileran, Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia onartzea erabaki zuen, eranskinean jasotako moduan.

Bestalde, UPV/EHUko Estatutuetako 187.1 artikuluaren d) atalak idazkari nagusiari ematen dio UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzeko agindua.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Agindua ematea Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, erabaki honen eranskinean ageri den moduan.

Bigarrena.- Arautegi hau argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2011ko irailaren 29a.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

Eranskina

UPV/EHUko KLAUSTROAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ARAUTEGIA

ATARIKOA

UPV/EHUko Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia UPV/EHUko Estatutuetako 171. artikuluan zehaztutakoari jarraituz osatu da (Estatutuak Eusko Jaurlaritzaren otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuaren bidez onartu ziren). Proiektua Klaustroko Estatutuen Batzordeak osatu du 245.2 artikuluari jarraiki, eta Klaustroa berak onartu behar du, Klaustroa baita horretarako eskumena daukan organoa 171.b) artikuluaren babesean.

Hain organo garrantzitsua izanik, ordezkaritzarako eta parte hartzerako irizpideak egoki zehaztu behar dira eta operatiboak izan behar dira, organoa eztabaidarako eta ideiak adierazteko gune egoki eta dinamiko bilakatu dadin, gure unibertsitateari buruzko hausnarketa zorrotza ahalbidetuko duena, inor baztertu gabe.

I. TITULUA

UNIBERTSITATEKO KLAUSTROA, ESKUMENAK ETA OSAERA

1. artikulua.- Klaustroaren izaera.

Unibertsitateko Klaustroa unibertsitateko kideen ordezkaritzako organo gorena da. Bere eskumenen eremuan hartzen dituen erabakiak lotesleak dira UPV/EHUko gainerako organo guztientzat.

2. artikulua.- Klaustroaren eskumenak.

Unibertsitateko Klaustroaren eskumenak dira:

a) UPV/EHUko Estatutuak egitea.

b) Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia onartzea.

c) Errektorea aukeratzeko hauteskundeetara deia egitea Estatutuetako 172. artikuluak jasotako kasuetan.

d) Aldezlea aukeratzea, Estatutuetako 74. artikuluari jarraituz, eta Estatutuetako 77.3. artikuluaren babesean errektoreari aldezlea kargutik kentzeko proposamena egitea; errektoreak bete egin beharko du Klaustroaren proposamena. Klaustroak onartuko du aldezlearen funtzionamenduari buruzko arautegia, aldezlearen proposamenari jarraituz edo aldezlearen iritzia entzun ondoren.

e) Gobernu Kontseilurako ordezkariak aukeratzea, Estatutuetako 175. artikuluari jarraituz.

f) Campusak sortu, aldatu edo kentzea, Gobernu Kontseiluak proposatuta.

g) Egoki deritzen batzordeak sortzea, Klaustroak berak zehaztutako helburu eta eskumenekin.

h) Batzordeetan Klaustroari dagozkion kideak aukeratzea.

i) UPV/EHUren plangintza estrategikorako eta hizkuntza plangintzarako oinarriez iritzia ematea, bai eta errektoreak, Gobernu Kontseiluak edo klaustrokideen laurden batek aurkezten dizkion gai guztiez ere.

j) Estatutuek eta legeria orokorrak ematen dizkion gainerako eskumen guztiak.

3. artikulua.- Klaustroaren osaera.

Hauek dira Unibertsitateko Klaustroaren osakideak: errektorea (bera izango da burua), idazkari nagusia (Klaustroko idazkaria izango da), gerentea eta 240 kide gehiago, honetara banatuak:

- 135 (% 56,25): irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreak.

- 18 (% 7,50): irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreak.

- 5 (% 2,09): gainerako irakasle eta ikertzaileak

- 53 (% 22,08): ikasleak

- 29 (% 12,08): administrazio eta zerbitzuetako langileak

II. TITULUA

KLAUSTROKO KIDEAK HAUTATZEARI BURUZKO XEDAPEN BEREZIAK

4. artikulua.- Klaustroko kideen banaketa.

1.- Klaustroko kideak Hauteskunde Batzorde Nagusiak banatuko ditu ondoko irizpideen arabera:

a) Irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreek gutxienez ordezkari bat izango dute ikastegi bakoitzeko. Kidego honetako gainontzeko ordezkarien banaketa kidego honek ikastegietan daukan proportzio erlatiboaren araberakoa izango da, betiere, arduraldiaren araberako haztapena eginda.

b) Irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen banaketa kidego honek campus bakoitzean daukan proportzio erlatiboaren araberakoa izango da, betiere, arduraldiaren araberako haztapena eginda.

c) Gainerako irakasle eta ikertzaileen banaketa kidego honek campus bakoitzean daukan proportzio erlatiboaren araberakoa izango da, betiere, arduraldiaren araberako haztapena eginda.

d) Ikasleek gutxienez ordezkari bat izango dute ikastegi eta doktoregoko eskola bakoitzeko. Gainontzeko ordezkariak ikastegien artean banatuko dira, kidego honek ikastegi bakoitzean daukan proportzio erlatiboaren arabera.

e) Administrazio eta zerbitzuetako langileek Klaustroan izango dituzten ordezkarien banaketa kidego honek campus bakoitzean daukan proportzio erlatiboaren araberakoa izango da.

2.- Irakasle eta ikertzaileen kidegoan ondoko irizpidearen arabera haztatuko da arduraldia: arduraldi osoa: 1 puntu: beste era bateko arduraldia: 0,5.

5. artikulua.- Klaustroko kideak hautatzeko prozedura.

1.- Gobernu Kontseiluak onartuko du Klaustroko hauteskundeetarako deia, egutegia zehaztuta; epeetarako, baina, ez dio zertan jarraitu Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari. Ahal dela, hauteskunde kanpaina eta bozketa ez dira azterketa garaian izango. Hala ere, errolda ixten denetik hauteskunde egunera arte gutxienez hilabeteko epea gorde beharko da, eta gehienez ere bost egunekoa erroldak itxi eta behin-behineko erroldak argitaratu arte

2.- Klaustroan unibertsitatea osatzen duten kidegoek izango dituzten ordezkariak hautatzeko, sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretua erabiliko da, Estatutuetako 163. artikuluaren babesean eta arautegi honetan zehaztutako hauteskunde arauei jarraituz. Hauteskunde sistemak gutxiengoen errespetua bermatuko du.

3.- Kidego bakoitzaren ordezkariak kidegoko kideek beren artetik aukeratuko dituzte.

4.- Hautesle eta hautagarri dira Hauteskunde Arautegi Orokorreko 3. artikuluari jarraiki erroldan ageri direnak. Hauteskundeetarako deian errolda ixteko eguna ere zehaztuko da.

6. artikulua.- Hauteskunde Batzorde Nagusia.

1.- Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagokio emaitzak antolatu, kontrolatu eta aldarrikatzea, baita Unibertsitateko Klaustroko ordezkariak hautatzeko prozesuaren kontra jarritako inpugnazioak ebaztea ere.

2.- Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruari bidaltzen zaizkion idazki eta agiri guztiak nahitaez aurkeztu beharko dira unibertsitatearen erregistro orokorrean, erregistroa irekita dagoen ordutegian.

3.- Hauteskunde Batzorde Nagusiak erroldetan egindako zuzenketak egiaztatuko ditu, eta okerrik edo hutsik antzemanez gero, zuzendu egingo ditu eta inpugnazioei buruzko erabakia hartuko du. Horretarako, ikastegiko eta campuseko hauteskunde batzordeek inpugnazioei buruzko txostena egin eta, erabaki proposamenarekin batera, Hauteskunde Batzorde Nagusiari igorriko dio, hark behin betiko erroldak aldarrika ditzan.

4.- Hauteskunde Batzorde Nagusiak eskumena dauka ikuskatzaileak izendatzeko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutakoari jarraituz. Bestalde, ordutegi berezietarako baimena emango du, behar bezala arrazoituta horretarako eskaria egin duten ikastegietan.

7. artikulua.- Hauteskunde barrutiak.

1.- Unibertsitateko Klaustroko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan, ikastegia izango da hauteskunde barrutia ondoko kidegoetarako:

a) Irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen kidegorako.

b) Ikasleen kidegorako.

2.- Unibertsitateko Klaustroko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan, campusa izango da hauteskunde barrutia ondoko kidegoetarako:

a) Irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen kidegorako.

b) Gainerako irakasle eta ikertzaileen kidegorako.

c) Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen kidegorako

8. artikulua.- Hauteskunde barrutiko hauteskunde batzordea.

1.- Hauteskunde eguna behin zehaztuta, hauteskunde batzorde bat eratuko da ikastegiko hauteskunde barruti bakoitzean, eta Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 9.3 artikuluan zehaztutakoaren arabera osatuko da.

2.- Irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen, gainerako irakasle eta ikertzaileen eta AZPkoen campuseko hauteskunde batzordearen burua campuseko errektoreordea izango da edo hark eskuordetutako pertsona, eta horrez gain, beste bi kide izango ditu campuseko talde horretako kideen artetik zozketaz aukeratuak.

9. artikulua.- Hauteskunde-mahaiak.

1.- Barruti bakoitzeko gorabeherak kontuan hartuta, batez ere ikastegiak edo lan lekuak bata bestearengandik urruti daudenean, hauteskunde batzordeek hauteskunde mahai bat baino gehiago eratzea erabaki dezakete.

2.- Hauteskunde mahai bakoitzak mahaiburu bat eta hiru mahaikide izango ditu. Hala ere, mahaiburu bat eta hiru mahaikide izendatuko dira txanda bakoitzerako, eta beren artean ados jarrita antolatuko dute lana, betiere, bakoitzak dituen eginkizunak kontuan hartuta; banaketaren inguruan erabakitakoa aktan jaso beharko da. Mahaiko kide guztiak barrutiko hautesleen artetik, eta, egoki denean, kasuan kasuko hauteskunde kidegoetako kideen artetik, aukeratuko dira barrutiko hauteskunde batzordeak egindako zozketaren bidez. Ez da zozketan sartuko hautagai izateko onartutakorik.

3.- Iraupena eta garrantzia kontuan hartuta Gobernu Kontseiluak titulazio ofizial eta berezko tituluen parekotzat hartu dituen ikasketen kasuan, Klaustrorako hauteskundeetarako mahaietako kideak Hauteskunde Batzorde Nagusiak egindako zozketaren bidez aukeratuko dira.

4.- Hauteskunde mahaiko kide izatea egokituz gero, nahitaezkoa da eginkizun hori betetzea, behar bezala egiaztatutako bidezko arrazoirik izan ezean. Horrelakoetan, idatzi bidez egin beharko zaio uko izendapenari, idatzia hauteskunde batzordeko idazkariari zuzenduta eta izendapenerako jakinarazpenean zehaztutako epearen barruan.

5.- Mahaia eratzean ez bertaratzeak erantzukizunak eskatzea ekar dezake, eta horrelako egoeratan, hauteskunde mahaiko buruak edo, hala egokituz gero, kasuan kasuko hauteskunde barrutiko buruak, hautesleen artetik berak nahi duena aukeratuko du.

6.- Mahaia eratzeko akta mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskariek bete behar dute bozketa hasi aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak onartutako ereduari jarraituz.

7.- Hauteskunde prozesuan gorabehera larririk gertatuz gero, mahaiko buruak Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio lehenbailehen, eta horren berri jasoko du aktan.

10. artikulua.- Hautagai zerrendak aurkeztea eta aldarrikatzea.

1.- Klaustroko ordezkariak hautatzeko hautagai zerrendak kolektiboak, itxiak eta ordenatuak izango dira, eta kasuan kasuko barrutiko hauteskunde batzordeari aurkeztu behar zaizkio hautagai guztien sinadurarekin. Hautagai zerrendan jasotako gutxieneko hautagai kopurua ikastegi eta kidego bakoitzerako zehaztutako kideen laurdena izan behar da, eta gauza bera campus bakoitzeko irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen kidegorako, gainerako irakasle eta ikertzaileen kidegorako eta administrazio eta zerbitzuetako langileen kidegorako. Horrez gain, sexuen arteko oreka gorde behar da eta zerrendan, bata emakumezkoa, bestea gizonezkoa, bata emakumezkoa, bestea gizonezkoa... izan behar dira, guztia Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutakoari jarraituz.

2.- Hautagai zerrendak aurkezteko idatzia UPV/EHUko erregistro orokorreko bulegoetan aurkeztu beharko da, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiari jarraiki, eta, betiere, bozketa eguna baino hamar egun baliodun baino lehenago.

3.- Hauteskunde barruti bakoitzeko hauteskunde batzordeak hautagaiek baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu eta, hiru eguneko epean, behin-behineko hautagai zerrendak aldarrikatu eta argitaratuko ditu.

4.- Hautagaiak behin-behinekoz aldarrikatuta, inpugnazioak aurkeztu ahal izango dira unibertsitateko erregistro orokorretan, hauteskundeen egutegian horretarako zehaztukotako epean. Hauteskunde Batzorde Nagusiak inpugnazioak ebatzi, eta behin betiko hautagai zerrendak aldarrikatu eta argitaratzeko agindua emango du.

5.- Aldarrikatutako hautagai zerrendak jendaurrean egongo dira bozketaren hurrengo egunera arte.

11. artikulua.- Hauteskunde kanpaina.

1.- Hautagaiek hauteskunde kanpaina egin ahal izango dute, hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatzen direnetik botaziorako 24 ordu falta diren arte. Hautagaiek jardueren egutegia aurkeztuko diote kasuan kasuko hauteskunde batzordeari, organo horrek baitauka egutegi hori onartzeko eskumena.

2.- Ikasleen zerrenda bakoitzak eskolako ordubete izango du ikastegi bakoitzean programa azaltzeko. Ordu horretan eten egingo dira eskolak, eta leku egokia utziko zaio zeregin hori betetzeko. Irakasle eta ikertzaileen kidegorako hautagaiek ere eten bera izango dute hauteskunde kanpainako jarduerak egiteko.

3.- Administrazio eta zerbitzuetako langileen hautagai zerrendek guztira ordubete izango dute ikastegi, zerbitzu eta atal bakoitzeko. Ordubete hori lanaldiaren barruan hartuko da, ordaindutakoa izango da eta ez da berreskuratu beharko.

12. artikulua.- Botoa aldez aurretik ematea.

Botoa aldez aurretik emateko, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari jarraituko zaio; hala ere, ikastegiei atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileek, irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreek eta gainerako irakasle eta ikertzaileek, ikastegian bertan eman ahal izango dute aldez aurretik botoa, horretarako kasuan kasuko hauteskunde batzordeak ezarritako prozedurari jarraituz.

13. artikulua.- Botoak zenbatzea.

1.- Botazioa behin amaituta, botoak zenbatuko dira ekitaldi publikoan eta Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoaren arabera.

2.- Botoak hondar handienaren sistema proportzionala oinarri hartuta zenbatu ondoren, eta aurkeztutako inpugnazioak behin ebatzita, mahaiburuak emaitzak emango ditu, eta boto zenbaketaren akta eta hauteskunde egunaren akta gainbegiratuko ditu. Mahaikide guztiek sinatuko dute akta, bai eta ikuskariek ere, ikuskaririk egonez gero.

3.- Aktak behin sinaturik, suntsitu egingo dira boto kutxetatik ateratako boto txartelak (ingurugirorako jasangarria den prozeduraren bat erabilita), baliogabeko botoak edo erreklamazioren bat izan dutenak izan ezik. Horiek aktari erantsiko zaizkio, mahaikideek akta behin sinatuta.

4.- Jarraian, mahaiak argitara emango ditu emaitzak; horretarako, aktak fotokopiatu eta ikastegietako eta errektoreordetzetako iragarki oholetan eskegiko dituzte. Bestalde, berehala helaraziko dizkiote Hauteskunde Batzorde Nagusiari hauteskunde eguneko aktaren eta emaitzen aktaren kopiak, faxez edo beste bide elektroniko egoki baten bitartez. Akta horiek behar bezala sinaturik egongo dira.

5.- Prozedura bukatutakoan, barrutiko hauteskunde batzordeko buruak jatorrizko espedientea bidaliko dio Hauteskunde Batzorde Nagusiari, gehien jota, bi eguneko epean. Bestalde, batzorde horri inpugnazioak eta erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da.

14. artikulua.- Inpugnazioak eta behin betiko emaitzak.

1.- Prozedura bukatutakoan, barrutiko hauteskunde batzordeko buruak jatorrizko espedientea bidaliko dio Hauteskunde Batzorde Nagusiari, gehien jota, bi eguneko epean. Bestalde, batzorde horri inpugnazioak eta erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da, eta batzordeak 5 eguneko epean ebatzi eta behin betiko emaitzak aldarrikatuko ditu.

2.- Hauteskunde barrutiren batean gorabeherak izan badira, Hauteskunde Batzorde Nagusiak, egoera kontuan izanda, barruti horretarako beste hauteskunde prozesua bat irekitzea erabaki dezake.

3.- Inpugnazioak ebatzi ondoren eta, behar izanez gero, behin-behineko emaitzak aldatu ondoren, Hauteskunde Batzorde Nagusiak akta prestatu eta ikastegi guztietara bidaliko du astebeteko epean, jende guztia jakitun egon dadin.

15. artikulua.- Hautetsiei agiria ematea eta hautetsi izateari uko egitea.

1.- Idazkari nagusiak agiria emango die hautetsiei behin betiko emaitzak aldarrikatu eta hamabost eguneko epean.

2.- Hautetsiek uko egin ahal izango diote hautetsi izateari Klaustroko buruari aurkeztutako idatzi bidez. Uko egiteak Klaustroaren hurrengo bileran izan ditzan ondorioak, bilera baino gutxien dela 10 lehenago aurkeztu beharko da.

16. artikulua.- Klaustrokide izatea.

1.- Hautetsiak klaustrokide izango dira Idazkaritza Nagusiak izendapena egiten duenean.

2.- Ordezkari eginkizunak pertsonalak dira, eta ordezkari izateari utziko zaio Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean jasotako arrazoiren baten ondorioz, nahiz eta bilerara behar bezala arrazoitu gabe huts egitearen kasuan, jarraituko bi bileretara edo txandaka hiru bileretara huts eginez gero utziko zaion ordezkari izateari.

3.- Ezustekoen ondorioz Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.1.e) artikuluan jasotako egoeraren batera helduz gero, Idazkaritza Nagusiari jakinarazi beharko zaio. Idazkaritza Nagusiak, edozelan ere, ofizioz jardungo du horrelako egoeren berri duenean.

4.- Behin betiko ordezkapenak Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrean zehaztutakoari jarraituz egingo dira.

5.- Klaustroko kide titularra lizentzia edo baimenen batekin edo gaixorik egonez gero egoera behar bezala egiaztatuta, ordezkoa eska dakioke Klaustroko Mahaiko buruari; eskaria bilera bakoitzerako egin beharko zaio eta, egin ere, bilera baino 15 egun lehenago egin beharko da.

6.- Klaustrokide hautetsiren bat berezko kide izatera igaroz gero, ordezkari izateari uko ahal izango dio, eta horrelakoen, behin betiko ordezkoa izendatzeko arauak ezarriko dira.

Ez badio ukorik egiten, quorumerako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko xedapen gehigarrietatik hirugarrenean jasotakoa ezarriko da.

III. TITULUA

KLAUSTROKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

17. artikulua.- Klaustrokideen eskubideak eta betebeharrak.

1.- Klaustrokideek Klaustroaren eta kide diren batzordeen bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta parte hartuko dute lanen helburua lortze aldera.

2.- Klaustrokideek beren eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazioa eta informazioa, unibertsitateari buruzkoa, eskatu eta eskuratu ahal izango dute.

3.- Klaustroko kideek eztabaidetan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko eskubidea dute.

4.- Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu.

5.- Ikasleen ordezkariek organo honetan dituzten betebeharrak betetzearen ondorioz ezinezkoa badute jarduera akademikoa betetzea, ez dute izango ezelango kalterik ebaluazioan, ez ebaluazio jarraituan ez bestelakoan. Betebehar horien ondorioz ordezkariak ezin badira gainontzeko ikasleen baldintza berberetan aurkeztu ebaluazio probetara, eskubidea izango dute beste egun eta ordu batean egiteko proba edo aurkezteko lana. Horrela, bada, Klaustroko kide izateak dakartzan betebeharrak ikasketen gestiorako araudian jasotako «ustekabeko ezintasuntzat» hartuko dira eta, beraz, ebaluazio probetarako programazioa aldatzeko aukera emango dio ikasleari. Edozelan ere, Klaustroko organoek ardura hartuko dute azterketa garaian bilerarik ez egiteko.

IV.TITULUA

KLAUSTROKO ORGANOAK

18. artikulua.- Klaustroko burua.

1.- Unibertsitateko Klaustroak errektorea izango du buru. Errektoreak Klaustroaren bilerara joaterik ez badu, legez dagokiona izango da errektorearen ordezkoa eta Klaustroko burua.

2.- Errektoreak Klaustroko edozein kideren esku utz dezake eztabaida zuzentzeko eta hitz egiteko txandak banatzeko eginkizuna.

3.- Klaustroko buruaren eginkizunak dira:

a) Klaustroa bilerara deitzea, mahaiarekin batera adostutako aztergaiak zehaztuta.

b) Bilerari hasiera eta amaiera ematea, mahaiarekin ados jarrita.

c) Eztabaidak zuzentzea eta justifikatutako arrazoiengatik bertan behera uztea.

d) Klaustroaren erabakiak betearaztea eta erabakien aktei eta ziurtagiriei oniritzia ematea.

e) Arautegi honek ematen dizkion beste eginkizun batzuk edo, beste organo bati emanda ez daudelako, Klaustroaren funtzionamendu onerako beharrezkoak direnak.

19. artikulua.- Idazkaria.

1.- Klaustroko idazkaria unibertsitateko idazkari nagusia izango da edo, hark ezinezkoa badu, legez dagokion ordezkoa.

2.- Hauek dira Klaustroko idazkariaren eginkizunak:

a) Klaustroko bileretarako deia egitea Klaustroko buruaren aginduari jarraituz, eta deia behar bezala zabaltzen dela bermatzea.

b) Bileraren nondik norakoak prestatzea mahaiak onar ditzan.

c) Bozketetako emaitzak aldarrikatzea.

d) Bilerako akta eta bileran hartutako erabakien akta egitea.

e) Behar diren ziurtagiriak egitea.

f) Arautegi honek ematen dizkion gainerako eginkizunak.

20. artikulua.- Klaustroko Mahaia.

1.- Klaustroko Mahaia Klaustroaren kide anitzeko zuzendaritza organoa da. Mahaiko buruaren agindupean jardungo du eta Klaustroaren ordezkari izango da hala behar den ekitaldietan.

2.- Klaustroko mahaiko burua errektorea izango da, edo haren legezko ordezkoa. Errektoreaz gain, ondokoak izango dira Klaustroko Mahaiko kideak: idazkari nagusia eta Klaustroko kidego bakoitzaren ordezkari bat, kide hautetsiek beren artetik aukeratua.

3.- Klaustroa guztiz berritzen den bakoitzean, behin-behineko mahaia eratuko da, eta mahaia osatuko duten kideak aukeratzeko, Idazkaritza Nagusiak zozketa antolatuko du Klaustroko kidegoetako kideen artean. Idazkari nagusiak horren berri emango du bilerarako deia egitean. Prozedura berari jarraituko zaio Klaustroko kidegoren baten ordezkari zerrenda agortzen denean, nahiz eta hurrengo bilera batean berriro izendatu ahal izango diren arren.

4.- Mahaia mahaiko buruak hala erabakitzen duen bakoitzean edo mahaiko hiru kidek, arrazoiak azalduta, eskatzen duten bakoitzean bilduko da. Bilerarako eskaria mahaiko hiru kidek egiten dutenean, gehienez ere 5 eguneko epean egin beharko da bilera.

21. artikulua.- Klaustroko Mahairako hautagai zerrendak.

1.- Klaustroko Mahairako hautagai zerrendetan titularra eta ordezkoa zehaztuko dira, eta mahaiari aurkeztuko zaizkio Klaustroko kasuan kasuko kidegoko kideen % 10aren babesarekin. Zerrendan, edonola ere, emakumezko bat, gizonezko bat, emakumezko bat, gizonezko bat... txandakako hurrenkera bete behar da, eta hori posible ez bada, arrazoi sendoak, behar bezala egiaztatuak, aurkeztu beharko dira.

2.- Boto gehien dituen zerrenda aukeratuko da. Berdinketarik egonez gero, zozketa egingo da emaitza ebazteko.

3.- Titularra ez dagoenean, ordezko aukeratutakoak jardungo du haren ordez. Mahaian lekuren bat behin betiko geratuz gero hutsik, kasuan kasuko kidegoko kide hautetsiek aukeratuko dute leku hutsa beteko duen ordezkaria.

4.- Mahaiko kide hautetsiek mahaikide izateari utziko diote dimititu, agintaldia amaitu, klaustrokide izateari utzi edo mahaiko berezko kide bihurtzen direnean.

5.- Mahaiko edozein kide hautetsiren izendapena baliogabetu egin daiteke, baldin eta mahaiari proposamen arrazoitua aurkezten bazaio. Proposamenarekin batera beste hautagai bat aurkeztu behar da, kasuan kasuko kidegoko kideen % 25aren babesarekin eta bi herenek onartua.

22. artikulua.- Klaustroko Mahaiaren eginkizunak.

1.- Klaustroko Mahaiaren eginkizunak dira:

a) Klaustroaren jarduera antolatzea eta Klaustroko buruarekin batera bileretako aztergaien zerrenda erabakitzea.

b) Eztabaidak zuzentzeko arauak onartzea, eta bozketak eta botoen zenbaketa antolatzea.

c) Klaustroko buruari bilerak zuzentzen laguntzea, inpugnazioak ebaztea eta ordenarekin zerikusia duten gaiei buruzko erabakiak hartzea.

d) Arautegia interpretatzea.

e) Bilerako akta behin betiko onartzea, baldin eta akta argitaratu eta hurrengo hamar egunetan aktaren edukiei buruzko erreklamaziorik izan bada.

f) Ebaztea, eskumenak eskuordetuta, Klaustroak hartutako erabakien kontra aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoak.

g) Eta, oro har, bilera behar bezala egiteko beharrezko diren erabakiak hartzea.

2.- Horrez gain, Klaustroko Mahaia izango da Klaustroan egiten diren hauteskunde prozesuetako hauteskunde batzordea.

23. artikulua.- Klaustroko Estatutuen Batzordea.

1.- Klaustroko Estatutuen Batzordeko burua errektorea izango da, edo hark eskuordetutako pertsona. Batzordeko kide izango dira: idazkari nagusia (bera izango da batzordeko idazkaria); irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen lau ordezkari; irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen ordezkari bat; gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat; ikasleen bi ordezkari; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari; guztiak bakoitza bere kidegoko kideen artetik aukeratua.

2.- Hautagai zerrendak Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 5.4 artikuluari jarraituz osatu beharko dira.

3.- Batzorde honen eginkizunak dira: Estatutuak aldatzeko proiektuak osatzea edo horiei buruzko irizpena ematea; Klaustroaren Funtzionamendurako Arautegia osatzea edo arautegi hori aldatzeko proposamena egitea; Aldezlearen Funtzionamenduari buruzko Arautegirako proiektua osatzea edo hari buruzko iritzia ematea; Klaustroak edo errektorea agindutako gainontzekoak.

V. TITULUA

KLAUSTROKO BILEREN ARAUBIDEA

24. artikulua.- Hauteskundeen ondoren Klaustroa osatzea.

Klaustroko kide hautetsiak aldarrikatu ondoren Klaustroak egingo duen lehen bileran, lehenengo aztergaia Klaustroa eratzeko errektorearen adierazpena izango da eta, ondoren, mahaikideak aukeratuko dira.

25. artikulua.- Bilerarako ohiko eta ezohikoak deialdiak.

1.- Errektoreak egingo du, bere ekimenez, Klaustroaren ohiko bilerarako deia.

2.- Klaustroa gutxienez urtean behin bilduko da, eskolaldian.

3.- Klaustroaren ezohiko bilerarako deia, berriz, honako hauek egin dezakete: Gobernu Kontseiluak, erabaki bidez; Klaustroko kide hautetsien laurden batek; edo kidego bateko ordezkarien gehiengo osoak.

26. artikulua.- Ohiko deialdirako baldintzak.

1.- Klaustroko buruak egingo du bilerarako deia honakoak zehaztuta: tokia; eguna eta ordua; aztergai zerrenda; mahaiak bilerarako adostutako zehaztapenak. Deialdian bilera aldi berean zenbait tokitan egitea jaso ahal izango da, betiere, Klaustroak behar bezala jardungo duela bermatuta badago eta klaustrokideen betebehar eta eskubideak bermatzerik badago.

2.- Deia egiten denetik bilera egunera arte gutxien dela zazpi eguneko tartea eta gehienez hilabetekoa egongo da; behar bezala egiaztatutako premiazko egoeretan baina, gutxieneko epea 3 egunekoa izango da. Egoera premiazkoa den edo ez erabakitzea mahaiari dagokio.

27. artikulua.- Ezohiko deialdirako baldintzak.

1.- Ezohiko bilerarako eskaria Gobernu Kontseiluak, Klaustroko kide hautetsien laurden batek edo kidego bateko kideen gehiengo osoak egiten duenean, bilerarako deia Klaustroko buruak egingo du, eskaria hartu eta 5 eguneko epean. Klaustroaren bilera 8 eguneko epean egin beharko da, bilerarako deia egiten denetik kontatzen hasita.

2.- Eskaria UPV/EHUko erregistro orokorrean aurkeztu behar da idazkari nagusiari zuzenduta, eta eskaria babesten dutenen sinaduraz gain, aztergaien proposamena ere erantsi beharko zaio. Idazkari nagusiak, eskaria hartu eta berehala, mezua igorriko dio posta elektronikoz lehen sinatzaileari, eskaria hartu duenaren egiaztagiri.

28. artikulua.- Klaustroaren Urteko Kudeaketa Memoria eta Eginkizunen Programa.

1.- Estatutuetako 173.4 artikuluan jasotako bilerarako deia bilera baino gutxien dela hamar egun lehenago egin beharko da, eta bilerako deiarekin batera Urteko Kudeaketa Memoria eta Eginkizunen Programa ere bidali beharko dira, errektorearen aurkezpenarekin. Bi dokumentu horiek unibertsitatearen web gunean ere jarriko dira, jende guztiak izan dezan berri.

2.- Klaustroko bilera eguna baino zazpi egun lehenago bukatuko den epearen barruan, klaustrokideek galderak egin eta argibideak eska ditzakete kudeaketa memoriaz eta eginkizunen programaz. Horretarako, foro publikoa irekiko da eta unibertsitateko kide guztiek izango dute horren jarraipena egiteko aukera. Errektoreak bide bera erabilita erantzungo die galderoi, eta erantzun ere, Klaustroa baino gutxien dela berrogeita zortzi ordu lehenago erantzungo die. Galdera egin duten klaustrokideek edo argibideren bat eskatu dutenek erantzuna gehiago zehazteko eska dezakete, Klaustroko Mahaiak horretarako adierazitako unean.

3.- Klaustroaren bileran bertan, mahaiak adierazitako unean, idatziz eskatu ahal izango dira errektorearen parte hartzeak sortutako gai berrien inguruko azalpenak. Horretarako, 12 klaustrokidek, gutxienez, babestu beharko dute eskaria. Errektoreak, posible baldin bada, bilera amaitu baino lehen emango ditu eskatutako azalpenak; ezinezkoa bada, bileran bertan ematea argibideak, 15 eguneko epea izango du zabalkundea emateko argibideoi.

4.- Klaustroko Mahaiak 15 minutuko bi txanda zabalduko ditu Kudeaketa Memoriaz eta Eginkizunen Programaz hitz egiteko, batean alde eta bestean kontra hitz egiteko.

29. artikulua.- Quoruma.

1.- Klaustroa balioz eratzeko lehen deialdian, gutxien dela kideen erdia bertaratu dela egiaztatu beharko da, errektorea eta idazkari nagusia barne, edo legez horiek ordezkatzen dituztenak; lehenengo deialdian quorumik ez badago, bigarren deialdia 30 minutu beranduago izango da eta Klaustroa balioz eratuko da kideen heren bat bertaratu dela egiaztatuz gero. Klaustroaren bilera ez da amaituko harik eta aztergai guztiak aztertu arte.

2.- Klaustroko buruaren eskumena da, mahaiarekin ados jarrita, bilera etetea eta zein ordutan jarraituko duten erabakitzea.

3.- Bigarren deialdirako zehaztutako ordua heldu eta ordubete igarota ez bada quorumik lortu, Klaustroko buruak, mahaiarekin ados jarrita, Klaustroaren beste bilera baterako deia egingo du aztergai berberekin, eta gehien dela hilabeteko epean egingo da.

4.- Errektoreak Urteko Kudeaketa Memoria eta Eginkizunen Programa aurkezteko egingo den Klaustroaren bileran, aldezlearen urteko memoria aurkezteko bileran eta errektorea aukeratzeko hauteskundeetako ezohiko bileran, Klaustroa bertaratu dauden kideekin eratu ahal izango da bigarren deialdian.

30. artikulua.- Aztergaien zerrenda.

1.- Klaustroko buruak zehaztuko ditu aztergaiak, mahaiarekin ados jarrita.

2.- Bilerarako deia ez bada errektorearen ekimenez egin, bilerarako eskaria egin dutenek proposatutako gaiak erantsi beharko zaizkio aztergai zerrendari.

3.- Mahaiari aztergai zerrenda zabaltzeko proposamena egin diezaiokete, bilera izan baino bost egun lehenago, errektoreak, Gobernu Kontseiluak, klaustrokideen % 25ek edo klaustroko kidego baten gehiengo osoak. Mahaiak zerrenda zabaltzea erabakiz gero, klaustrokideei bilera baino 72 ordu lehenago eman beharko die horren berri.

31. artikulua.- Bilerak zuzentzea.

1.- Klaustroko buruak antolatu eta zuzenduko ditu eztabaidak, mahaiarekin ados jarrita, eta berak zehaztuko du prozedura eta parte hartzeko bakoitzerako denbora tartea.

2.- Edozein klaustrokidek planteatu ahal izango du ordena arazoa, baldin eta helburua honakoren bat da: aztergaien zerrenda betetzea; araudia behar bezala betetzen dela bermatzea; eztabaida amaitzeko eskaria egitea; bilera amaitzeko edo behin-behinekoz eteteko eskaria egitea; eztabaida geroratzea edo jarraitzeko eskaria egitea. Mahaiak erabakiko du planteatutakoa egokia den edo ez.

32. artikulua.- Hitzaldia egitea eta mozioa aurkeztea.

1.- Klaustrokideek aztergai zerrendako gaiei buruz hitz egiteko eskaria egin dezakete 15 kideren sinadurarekin. Eskaria Klaustroko bilera baino 48 ordu lehenago aurkeztu beharko da. Bilera hasi aurretik hitzaldien kopia banatuko zaie klaustrokideei.

2.- Aztergaien zerrendako gaien inguruko mozioak aurkeztu daitezke 15 kideren sinadurarekin, eta bozketa egingo da mozio guztietarako. Bozketa egin aurretik mahaiak hitz egiteko txanda emango die mozioa aurkeztu dutenei.

33. artikulua.- Bozketa.

1.- Botoa pertsonala da eta ezin da eskuordetu.

2.- Erabakiak baiespenez onartuko dira edo botazio bidez -publikoa edo isilpekoa-. Pertsonei buruzko botazioak beti izango dira isilpekoak. Botazioa publikoa izango da botazioa proposatu duenak horrela egitea eskatu eta mahaiaren ustez egokia bada.

34. artikulua.- Erabakiak hartzeko gehiengoa.

1.- Erabakiak balioz hartzeko, bertaratuen gehiengo soila behar da, Estatutuetan edo arautegi honetan jasotako aparteko kasuetarako behar diren gehiengo berezien kasuan izan ezik.

2.- Beraz, proposamen bakarra dagoenean, onartua izango da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengo osoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

35. artikulua.- Aktak.

1.- Klaustroko bileran akta idazkariak egingo du eta Klaustroko buruak oniritzia emango dio.

2.- Behin-behineko aktak Idazkaritza Nagusian eta campusetako errektoreordetzetan egongo dira klaustrokide guztien eskura, eta ikastegi guztietara bidaliko dira gehienez ere hilabeteko epean, Klaustroko bilera egin denetik kontatzen hasita. Akta argitaratu eta hamar eguneko epean ez bada erreklamaziorik jaso, akta onartutzat emango da; erreklamaziorik egon bada, mahaiari igorriko zaio 22.1.e) artikuluan zehaztutakoari jarraituz behin betiko onar dezan.

SEIGARREN TITULUA

KLAUSTROAREN ESKUMENAK ARAUTEGIEN ARLOAN

36. artikulua.- Klaustroaren eskumenak arautegien arloan.

1.- Unibertsitateko Klaustroak arautegien arloan dituen eskumenak titulu honetan zehaztutakoaren araberakoak izango dira.

2.- Klaustroaren eskumena da ondoak onartzea:

a) UPV/EHUko Estatutuak.

b) Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia eta klaustrokideak aukeratzeko arauak.

c) Aldezlearen funtzionamenduari buruzko arautegia, aldezlearen proposamenari jarraituz edo aldezlearen iritzia entzun ondoren.

d) Diziplina arloko arau-hauste eta zigorren zerrenda zabaltzea.

37. artikulua.- Estatutuak aldatzea.

1.- Honakoek egin dezakete proposamena Estatutuak aldatzeko:

a) Errektoreak.

b) Gobernu Kontseiluak.

c) Klaustroaren heren batek.

2.- Errektoreak proposatzen duenean Estatutuak aldatzea, aukera hauek izango ditu:

a) Klaustroko Mahaira zuzenean bidaltzea proposatzen duen testu berria eta aldaketarako arrazoien azalpena, horrek tramita dezan.

b) Klaustroko Estatutuen Batzordera jo eta adieraztea zein puntu proposatzen duen aldatzea, batzordeak testua idatz dezan. Errektoreak ontzat jotzen badu testu berria, Klaustroko Mahaiari bidaliko dio, tramita dezan.

3.- Estatutuak aldatzeko proposamena Gobernu Kontseiluak egiten duenean, testu berria proposatu beharko du eta aldaketarako arrazoiak eman. Testua gehiengo osoz onartua izan beharko da Gobernu Kontseiluan. Gero errektoreak Klaustroko Mahaira bidaliko du testua, tramita dezan.

4.- Estatutuak aldatzeko proposamena klaustrokideen heren batek egiten duenean, testu berria proposatu beharko dute eta aldaketarako arrazoiak eman. Gero errektoreak Klaustroko Mahaiari bidaliko dio testua, tramita dezan.

38. artikulua.- Estatutuak aldatzeko prozedura.

1.- Proposatutako testua legezkoa den aztertu ondoren, Klaustroko kide guztiei bidaliko zaie eta gutxien dela hamabost eguneko epea irekiko da zuzenketak aurkezteko Klaustroko Mahaiari.

2.- Testu osorako zuzenketarik aurkeztuz gero, beste testu bat proposatu beharko da eta bozemailea izendatu. Zuzenean, Klaustroaren bilerarako deia egingo da, bileran zuzenketaren inguruko eztabaida egiteko eta, egoki izanez gero, proposatutako testua onartzeko. Azken kasu horretan, bertan behera geratuko dira testuaren zati baterako aurkeztutako zuzenketak, eta gutxien dela hamabost eguneko epea irekiko da proposatutako testu berrirako zuzenketak aurkezteko Klaustroko Mahaiari.

3.- Zuzenketek lotura zuzena izango dute proposatutako aldaketekin: testua gehitzeko, kentzeko edo aldatzeko proposa daitezke zuzenketak, eta 12 klaustrokideren sinadura izan beharko dute.

39. artikulua.- Zuzenketak.

1.- Klaustroko Mahaiak Klaustroko Estatutuen Batzordeari igorriko dizkio testuaren zati baterako aurkeztutako zuzenketak, batzordeak bere irizpena eman dezan. Horretarako, hilabeteko epea izango du, eta beharrezko neurriak ezarriko dira epe hori betetze aldera.

2.- Klaustroko Estatutuen Batzordeak zuzenketei buruzko irizpena eman ondoren, Klaustroko Mahaiak testua eta irizpena banatuko ditu eta Klaustroaren bilerarako eguna zehaztuko du. Bilera ekimena aurkeztu eta gehienez ere bi hilabeteko epean egingo da.

3.- Izapideekin aurrera egiteko onartutako zuzenketetarako, bai eta testurako proposatutako hobekuntza teknikoetarako ere, Klaustroko Estatutuen Batzordeko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da aurrera egin ahal izateko.

4.- Edonola ere, bertaratutako batzordekideek aho batez onartuz gero, batzordeak zuzenketa zuzenean Klaustrora bidaltzea erabaki dezake.

40. artikulua.- Estatutuen aldaketari buruzko eztabaida eta aldaketak onartzea.

1.- Errektoreak, edo hark eskuordetutako pertsonak, Gobernu Kontseiluak aukeratutako kideak edo zuzenketak proposatu dutenek aukeratutako bozemaileak Estatutuetarako testu berria aurkeztu eta defendatuko du eta, ondoren, Klaustroak bozketa egingo du prozedura honi jarraituz:

a) Batzordeak antolatuko du artikulu bakoitzari egindako zuzenketei buruzko eztabaida, aurreko irizpideen arabera.

b) Hurbiltze testuak eta zuzenketa teknikoak edo estilokoak proposatu ahal izango dira eztabaidan zehar, eta zuzenketak proposatu dituztenek horiek bertan behera utzi edo aldatzeko aukera izango dute.

c) Bertan behera geratu ez diren zuzenketei buruzko eztabaida egingo da lehenengo eta behin, eta, ondoren, bozketa testuko artikuluen ordenari jarraiki.

d) Artikulu berari egindako zuzenketa bat baino gehiago eztabaidatzerakoan, kontuan hartuko da zenbat aldentzen den zuzenketa bakoitza testutik. Hau da, lehendabizi testutik gehien aldentzen den zuzenketa bozkatuko da, eta irizpide horri jarraiki beste guztiak. Aurkeztutako zuzenketak beren artean baztergarriak baldin badira, horietako ba onartzeak besteak ez onartzea ekarriko du.

e) Gehiengo osoaren aldeko botoarekin onartutako zuzenketak Estatutuen testuen sartuko dira.

2.- Estatutuak aldatzeko proiektuak aurrera egiteko beharrezkoa izango da bileran dauden klaustrokideen gehiengo osoak alde bozkatzea.

41. artikulua.- Legezko kontrola eta argitara ematea.

1.- Onartutako aldaketak eta Estatutu berrien testua Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuari aurkeztuko zaizkio, legezkoak diren azter dezan eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ditzan.

2.- Aldaketak onartutzat joko dira, baldin eta indarreko legeriak horretarako ezartzen duen epean Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak horien kontra berariazko erabakirik eman ez badu.

42. artikulua.- Klaustroaren Funtzionamenduari buruzko Arautegia aldatzea.

1.- Arautegi hau aldatzeko proposamena Klaustroaren Mahaiari aurkeztuko zaio, eta proposamena errektoreak, klaustrokideen % 25ek edo kidego bateko gehiengo osoak aurkeztu ahal izango du. Horrez gain, Klaustroko Estatutuen Batzordeak ere aurkeztu ahal izango du aldaketarako proposamena batzordekideen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

2.- Klaustroko Mahaiak Klaustroko Estatutuen Batzordeari bidaliko dio testua (proposamena batzordeak berak aurkeztu ez badu), batzordeak proposamenari buruzko txostena egin dezan.

3.- Batzordearen txostena jasotakoan, Klaustroko Mahaiak prozedura ezarriko du zuzenketak aurkezteko, Klaustroko Estatutuen Batzordeak horiei buruzko irizpena egin dezan, eta eztabaida eta bozketa egiteko.

ZAZPIGARREN TITULUA

KLAUSTROAK GOBERNU KONTSEILUAN DITUEN ORDEZKARIAK HAUTATZEA

43. artikulua.- Klaustroak Gobernu Kontseiluan dituen ordezkariak.

Estatutuetako 175. artikuluan zehaztutakoaren babesean, Unibertsitateko Klaustroari dagokio Gobernu Kontseiluko kideak hautatzea honi jarraituz:

a) 20 kide era honetara banatuta: 8, irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen ordezkariak izango dira; 2, irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen ordezkariak; 1, gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkaria; 5, ikasleen ordezkariak, haietako bat gutxienez, graduondoko ikaslea; eta 4, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak.

b) 7 kide fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendariak, horietako 4 Bizkaiko Campusekoak, 2 Gipuzkoakoak eta 1 Arabakoa.

c) Sailetako 4 zuzendari, jakintzaren adar desberdinetakoak, institutuetako zuzendari 1 eta doktorego eskoletako 2 zuzendari.

44. artikulua.- Klaustroan ordezkariak hautatzea.

1.- Irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen ordezkariak, irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreenak, gainerako irakasle eta ikertzaileenak eta administrazio eta zerbitzuetako langileenak kidego bakoitzak hautatuko ditu bere kide hautetsien artetik.

2.- Ikasleek Gobernu Kontseiluan izango dituzten bost ordezkarietatik lau campuska banatuko dira: ordezkari bat egongo da campus bakoitzeko, eta ikasle gehien dituen campusak bat gehiago izango du. Lau ordezkariok Klaustroko ikasleek hautatuko dituzte: campus bakoitzeko ikasleek beren campusari dagokiona. Bosgarren ordezkaria graduondoko ikaslea izango da, eta graduondoko klaustrokideek hautatuko dute beren artetik.

3.- Gobernu Kontseiluan fakultateetako dekanoek, eskoletako zuzendariek eta sailetako, unibertsitate institutuetako eta doktorego eskoletako zuzendariek izango dituzten ordezkariak hautatzeko, klaustrokide guztiak izango dira hautesle.

45. artikulua.- Ordezkariak hautatzeko prozedura.

1.- Hauteskundeetarako deia mahiaren erabakiaren bidez egingo da, eta hauteskundeetarako egutegia eta beharrezkoak diren arauak ezarriko ditu.

2.- Hauteskundeetarako, hautagai zerrenda kolektibo, itxi eta ordenatuak aurkeztuko dira eta ahalegina egingo da gizonezkoen eta emakumezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen, aratuegi honetako 10. artikuluan jasotakoari jarraituz.

3.- Hautagaiek programa azaldu eta defendatzeko aukera izango dute mahaiak horretarako zehaztutako denbora tartean.

4.- Botoak hondar handienaren sistema proportzionala jarraituz zenbatuko dira.

ZORTZIGARREN TITULUA

ALDEZLEA

46. artikulua.- Aldezlea hautatzeko prozedura.

1.- Estatutuetako 74. artikuluan jasotakoari jarraituz, Klaustroari dagokio aldezlea aukeratzea Gobernu Kontseiluak, gehiengo osoz, egindako proposamenari jarraituz.

2.- UPV/EHUn gutxienez 10 urte lanean daramatzan edozein pertsona izan daiteke aldezle, eta errektoreordeen pareko estatusa izango du.

3.- Proposamenean berariaz aipatu beharko da zein diren hautagai izateko merezimenduak.

4.- Aldezlea aukeratzeko egingo den bileran, klaustrokideek galderak aurkez ditzakete, idatziz, proposatutako hautagaiak bileran erantzun ditzan.

5.- Aukeratua izateko, beharrezkoa izango da Klaustroko bileran dauden klaustrokideen bi herenek aldeko botoa ematea.

47. artikulua.- Memoria.

1.- Aldezleak jardueren memoria aurkeztuko dio urtero Unibertsitateko Klaustroari. Egoki deritzonean, nahi dituen kasuak azaldu ahal izango ditu; halaber, kasuan kasuko zerbitzuen eta langileen aipamena egin ahal izango du.

2.- Aldezlearen memoria Klaustroa bildu baino gutxienez bi aste lehenago bidaliko da, eta, bidaltzearekin batera, unibertsitatearen webgunean jarriko da, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

3.- Klaustroa bildu baino zazpi egun lehenago, klaustrokideek galderak egin eta argibideak eska ditzakete jardueren memoriaz, horretarako irekitako foro publikoa erabiliz, eta unibertsitateko kide guztiek izango dute jarraipena egiteko aukera.

4.- Aldezleak bide berberak erabiliz erantzun ditzake galderak, Klaustroa bildu baino 48 ordu lehenago, edo Klaustroaren bileran bertan. Aldezlearen memoriari dagokionez, Klaustroa bigarren deialdian eratzeko nahikoa izango dira bertaratuko kideak. Galderak egin eta argibideak eskatu dituzten klaustrokideek erantzunari buruzko azalpen gehigarriak eska ditzakete, horretarako mahaiak eskainitako unean. Aldezlearen parte hartzea dela-eta sortutako gai berriei buruz egingo diren argibide-eskaerek gutxienez 12 klaustrokideren babesa beharko dute.

5.- Erantzunak entzun ondoren, mozioak aurkeztu ahal izango dira 32.2 artikuluan zehaztutakoari jarraituz. Erabakiak hartzeko quorumari buruz oro har zehaztutakoa bete beharko da.

6.- Aldezleak gertaeren larritasunagatik edo premiak eraginda aparteko txostena aurkeztu nahi badio Klaustroari, Klaustroko Mahaiari egingo dio eskaria. Mahaiaren ustez egoki ez bada Klaustroa berehala deitzea, errektoreak Gobernu Kontseiluaren bilerarako deia egingo du edo Klaustroaren hurrengo bilerako aztergaien zerrendari erantsiko zaio.

48. artikulua.- Klaustroak aldezlea kargutik kentzea.

1.- Aldezlea kargutik kentzeko eska diezaioke Unibertsitateko Klaustroak errektoreari, eginkizunak ez betetzeagatik edo eskubideak urratu dituzten jarduerengatik. Errektoreak hala egin beharko du, eskaera Klaustroko kideen herenak egin badu eta klaustrokideen bi herenek aldeko botoa eman badu.

2.- Erabakia hartzerakoan, errektorea kargutik kentzeari buruzko arauak hartu beharko dira kontuan.

BEDERATZIGARREN TITULUA

KLAUSTROAREN EGINKIZUNAK ERREKTOREA HAUTATZEKO ETA KARGUTIK KENTZEKO PROZESUETAN

49. artikulua.- Klaustroaren ezohiko bilera hauteskundeetan.

1.- UP/EHUko Estatutuetako 179.2 artikuluan zehaztutakoaren babesean, Gobernu Kontseiluak hauteskundeetarako onartutako egutegian jasota egongo da Klaustroaren ezohiko bilerarako deia, hautagaiek programak aurkeztu eta Klaustroarekin eztabaida ditzaten.

2.- Klaustroaren bilerarako deiari hautagaiek emandako hauteskunde programen laburpenak eta gobernu taldearen osaera erantsiko zaizkio, eta, era berean, hauteskundeetarako irekitako webgunean eskegiko dira, jende guztiak horren berri izan dezan.

3.- Klaustrokideek programei buruzko galderak egin edo argibideak eska ditzakete horretarako irekitako foro publikoa erabiliz, eta unibertsitateko kide guztiek egin ahal izango dute jarraipena.

4.- Hautagai kopurua kontuan hartuta antolatuko du Klaustroko Mahaiak bilera, eta hautagai guztiei bermatuko die programa defendatu eta zabaltzeko aukera berdintasuna. Klaustroaren bilera hau bigarren deialdian balioz eratzeko, nahikoa izango dira bertaratutakoak.

5.- Klaustroaren bilera UPV/EHUko web gunearen bidez ikusi ahal izango da.

50. artikulua.- Errektorea hautatzeko hauteskundeetarako ezohiko deialdia.

1.- Estatutuetako 172. artikuluan jasotako Klaustroaren ezohiko bilerarako deia egiteko proposamena Klaustroaren Mahaiari aurkeztuko zaio; eskariak klaustrokideen heren baten babesa izan behar du.

2.- Eskariak baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, mahaiak proposamenaren berri emango dio errektoreari, bai eta klaustrokideei ere. Errektoreak 72 orduko epea izango du Klaustroaren ezohiko bilerarako deia egiteko, eta bilera 10 eguneko epean egin beharko da, deia egin den egunetik kontatzen hasita.

51. artikulua.- Errektorea kargutik kentzeko prozedura.

1.- Bilerako burua klaustrokideen artetik antzinatasun handiena duen unibertsitateko katedraduna izango da.

2.- Eztabaidari hasiera emango dio errektorea kargutik kentzeko eskaera sinatu duen klaustrokideetako batek, eta eskaeraren aldeko hitzaldia egingo du. Ondoren, errektoreak izango du hitz egiteko aukera. Jarraian, hitza eskatu duten klaustrokideek hitz egingo dute, txandaka, behin aldekoek, behin kontrakoek. Errektore izango da eztabaidan azkena hitz egiten.

3.- Ekimena onartzeko klaustrokide hautetsien bi herenen aldeko botoa beharko da, eta, onartuz gero, Klaustroa desegin egingo da, zentsura moziotzat hartuko da erabakia eta errektoreak kargua utziko du; hala ere, errektoreak jardunean jarraituko du harik eta errektore berriak kargua hartu arte.

4.- Horretarako deitutako Klaustroaren ezohiko bilera egin ezin balitz quorum nahikoa ez dagoelako, edo proposamena onartuko ez balitz, sinatzaileetako betek ere ezin izango du halako proposamenik aurkeztu bozketa egiten denetik urtebete igaro arte.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Klaustroko kideak hautatzeko hauteskundeetan araudi osagarri izango da Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra.

Bigarrena.- Giza Zientzietako ikasleek ordezkari bakarra izango dute Klaustroan, titulazio horretako ikasleek berek beren artetik aukeratua.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- Doktoregoko eskolak sortu bitartean, Klaustroko kideak aukeratzeko hauteskundeetan, masterretako eta doktoregoko ikasleak Graduondoko Ikasketen eta Etengabeko Prestakuntzaren Atalari atxikita egongo dira. Irizpide hori hauteskunde horietan baino ez da ezarriko.

Doktorego eskola bakarra badago, arautegi honetako 43.c) artikuluan jasotzen den ordezkaritza honako hau izango da: sailetako bost zuzendari, unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendari bat eta doktorego eskolako zuzendaria.

Bigarrena.- Arautegi hau indarrean sartu eta 6 hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak hauteskundeetarako deia egingo du Unibertsitateko Klaustroa oso-osorik berritzeko; ordura arte, egungo osaera izango du.

AZKEN XEDAPENA

Klaustroaren funtzionamenduari buruzko arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratu da UPV/EHUko Klaustroa Hautatzeari eta Haren Funtzionamenduari buruzko Arautegia, 2009ko otsailaren 26koa.


Azterketa dokumentala