Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2010eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
3542

IRAGARKIA, Industria, merkataritza eta turismo sektoreetan diharduten enpresei gaikuntza eta finantza-zaintza eremuetan laguntzeko Programari buruzkoa.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren Administrazio Kontseiluak, 2010eko ekainaren 7an egindako bileran, Industria, merkataritza eta turismo sektoreetan diharduten enpresei gaikuntza eta finantza-zaintza eremuetan laguntzeko Programa onartzea erabaki zuen. Testua osorik zehazten da jarraian:

Bizi dugun finantza-krisiak, eta zenbait enpresa txikik eta autonomok finantza-kudeaketan duten esperientzia urriak eragina izan dute horrelako enpresetan, kreditu berririk eskuratu ezina eta kapital zirkulatzailearen ildoak galtzea ekarri baitie, bai eta, azken batean, faktore horiek guztiak merkatuen krisiari batuz gero, finantza-entitateekiko betebeharrei erantzun ezin izatea ere.

Enpresa eta autonomo horien behar horri erantzuteko, programak laguntza-sistema bat ezartzen du, enpresa horiei prestakuntza eman eta finkatzen laguntzeko, enpresa horien kudeaketa hobetu eta horretan esperientzia gehiago izatea helburutzat hartuta. Horrela, etorkizunean prestakuntza, tresnak eta baliabideak izango dituzte finantza-kudeaketa ondo egiteko; horrela, orobat, errazago izango dute kreditu bat eskuratzea, lan hori gero eta nekezagoa den arren.

Horregatik, SPRI SAk jarraian adieraziko den araudia onartu du. Hona hemen araudi horren klausulak:

1. artikulua.- Xedea.

Laguntza-programa honen bidez, laguntzak eman nahi zaizkie Euskadin helbide soziala duten enpresa eta autonomoei, prestakuntza eta oinarriak lor ditzaten, beren finantza-kudeaketan duten prestakuntza eta esperientzia hobetzeko. Horretarako, finantza-aholkularitzako enpresak kontratatu beharko dituzte. Horrela, laster prestakuntza, tresnak eta baliabideak izango dituzte, finantza-kudeaketa ondo egiteko.

Programa hiru sektore hauetako enpresa eta autonomoei aplikatuko zaie:

- Industria.

- Merkataritza.

- Turismoa.

Jarduera ekonomikoen gaineko Zergan duen epigrafea kontuan izanik, delako enpresa edo autonomoa programaren sektore batekoa edo bestekoa izango da (industria, merkataritza edo turismokoa, alegia).

Programaren helburuak hiru dira:

- Prestakuntza teorikoa.

- Prestakuntza praktikoa, prestakuntza teorikoan ikasitakoa gauzatzen laguntzen duten tresnei buruzkoa.

- Aholkulari/tutoreen laguntza, enpresei egunez eguneko finantza-kudeaketan aholku emateko dena.

2. artikulua.- Laguntzen izaera.

Programa honen barruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

3. artikulua.- Entitate onuradunak.

1.- Gehienez ere 50 langile dituzten enpresek eta autonomoek jaso ahal izango dituzte laguntzak. Enpresa horiek, gainera, industrian, merkataritza edo turismoan jardun behar dute, 1. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, eta helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izan behar dute.

Programaren onuradun izateko, zehaztuta geratzen da zer den autonomoa: alegia, autonomoa da arlo subjektiboaren definizioa betetzen duena, definizio hori lan autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean ezarrita baitago; horren arabera, langile autonomoak dira modu pertsonalean, zuzenean, bere kasa, eta beste pertsona baten zuzendaritza eta antolakuntza eremutik kanpo, irabazpidez jarduera ekonomiko edo lan-jarduera bat egin ohi dutenak, besteren kontura ari diren langileei lanik eman edo ez; horren barruan sartzen dira, baita ere, lan autonomoaren Estatutuari buruzko Legearen 1. artikuluan jasotako gainerako kasuak ere.

2.- Entitate onuradunek laguntza publikoak jasotzeko beharrezko baldintzak bete beharko dituzte, legearekin bat etorriz, eta, era berean, beren egoera legeztatuta egon beharko da, bai zerga-betebeharren aldetik, bai Gizarte Segurantzaren aldetik, eta egunean egon beharko dute SPRIren edozein sozietaterekin dituzten betekizunetan ere.

3.- Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, programaren entitate onuradunek ez dute egon behar berreskuratzeko agindu baten menpe.

4.- Entitate onuraduna izateko baldintzak ezin dira aldatu harik eta laguntzaren azken ordainketa egin arte.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Finantza-aholkularitzari buruzko kanpoko aholkularitzaren zerbitzuaren kostuek jaso dezakete diru-laguntza, baldin eta zerbitzu hori aholkulari homologatu batekin kontratatu bada, Finantza Aholkularien Erregistroan sartuta dagoena, eta arautegi honetan zehaztutako baldintza eta zenbatekoak baditu.

Kontratatutako zerbitzuek finantza-kudeaketari buruzko prestakuntza teorikoarekin, kudeaketa-tresnei buruzko prestakuntza praktikoarekin eta entitate onuradunak jasotako finantza-tutoretzarekin lotura izan behar dute, eta programa arautzen duen arautegi honetan ezarrita egon behar dira edukiak.

5. artikulua.- Homologazioa eta erregistroa.

Programa honen ondorioetarako, Finantza-aholkularien Erregistroa eratzen da.

Erregistro horretan finantza-aholkulari bat homologatu eta sartzeko, araudi honen eranskinean ezarritako prozedura bete beharko da, eta publizitate-, objektibotasun-eta norgehiagoka-irizpideei jarraitu.

6. artikulua.- Programaren metodologia eta garapena.

Laguntza eskatzen duen enpresak edo autonomoak zein sektoretan diharduen, era batekoak edo bestekoak izango dira programaren garapena eta metodologia.

6.1.- Industria.

6.1.1.- Hartzaileak. Industria sektorean, laguntza-programak bereizketak egiten ditu diruz lagundutako aholkularitza-orduen kopuruan, kontuan harturik zenbateko fakturazioa duten laguntzak jaso dituzten enpresek edo autonomoek.

Bi talde daude:

- 2008an eta 2009an, urtean 2 milioi eurotik beherako negozioa izan zuten enpresak eta autonomoak (Industriako 1. taldea).

- 2008an eta 2009an, urtean 2 milioi eurotik gorako negozioa izan zuten enpresak eta autonomoak (Industriako 2. taldea).

Prestakuntza teorikoa nahiz praktikoa banaka emango dute aholkularitza-enpresak.

6.1.2.- Faseak eta edukiak. Enpresa edo autonomo onuraduna zein taldetakoa den, halakoxea izango da programaren fase bakoitzerako ordu-kopurua.

Industriako 1. taldea (80 ordu).

- Banakako prestakuntza teorikoa: 8 ordu.

- Banakako prestakuntza praktikoa kudeaketa-tresnetan: 8 ordu.

- Banakako finantza-tutoretza, barruan jarduera hauek dituena:

• Enpresaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 20 ordu.

• Enpresak loturarik gabe aholkulariaren zaintza/aholkularitza lortzea: 36 ordu.

• Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak enpresari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat: 8 ordu.

Industriako 2. taldea (120 ordu).

- Banakako prestakuntza teorikoa: 12 ordu.

- Banakako prestakuntza praktikoa kudeaketa-tresnetan: 8 ordu.

- Banakako finantza-tutoretza, barruan jarduera hauek dituena:

• Enpresaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 30 ordu.

• Enpresak loturarik gabe aholkulariaren zaintza/aholkularitza lortzea: 62 ordu.

• Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak enpresari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat: 8 ordu.

6.2.- Merkataritza.

6.2.1.- Hartzaileak. Merkataritza sektorean, programa etengabeko hobekuntzaren eta kalitate-prozesuen aldeko apustua egina duten saltokiei zuzenduta dago, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren «Merkataritza Bikaina» proiektuaren garapenarekin eta aplikazio-eremuarekin bat etorriz.

«Merkataritza Bikaina» proiektuak merkataritza-jarduerak zenbait eremutan hobetzea du helburutzat, besteak beste, finantza-kudeaketan. Programaren metodologia hauxe da: saltokiek hasierako autodiagnostiko bat egiten dute, aldagai esanguratsu batzuen arabera, aholkulari baten laguntzarekin, eta kontuan harturik diagnostikoaren zein arlotan dagoen okerren, arlo horretaraxe bideratzen dute prestakuntza.

Beraz, araudi honen programa hau, alegia merkataritza sektoreko programa hau, «Merkataritza Bikaina» programan parte hartzen duten merkataritza-establezimenduei zuzenduta dago batez ere, eta programa hori egikaritzean erabaki da finantza-kudeaketan dagoela premiarik handiena.

«Merkataritza Bikaina» proiektuak aurreikusten duen prestakuntza-planak 20 ordu irauten du: 10 ordu taldekako prestakuntzarenak, eta beste 10ak, ordea, establezimenduan bertan aholkularitza ematekoak. Araudi honen programak areagotzen du entitate onuradunen prestakuntza-orduen kopurua: 40 ordu gehiago emango dira, hurrengo atalean zehazten diren faseetan banatuak.

6.2.2.- Entitate bultzatzaileekin batera kudeaketa egitea. «Merkataritza Bikaina» proiektuaren kudeaketa zenbait entitate bultzatzailerekin batera egiten da. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmenak sinatuta dauzka entitate horiekin. Hauek dira entitate bultzatzaileak:

1.- Euskomer:

a) Gipuzkoako Merkataritza Federazioa.

b) Bizkaiko Merkataritza Enpresaburuen Kontseilua.

c) Arabako Merkataritza Federazioa.

2.- Euskadiko merkataritza-ganberak:

a) Bilboko Merkataritza Ganbera.

b) Gipuzkoako Merkataritza Ganbera.

c) Arabako Merkataritza Ganbera.

SPRI SAk entitate bultzatzaile horien bitartez zabalduko du programaren berri, erraztuko du programaren onuradunak lortzea, eta lagunduko du, orobat, taldekako prestakuntza antolatzen, finantza-aholkulariaren hautaketa-lana barne.

6.2.3.- Faseak eta edukiak. Programak merkataritza sektorean dituen faseen harian, 40 ordu iraungo dute guztira, honela banaturik:

- 10-12 saltokien taldekako prestakuntza teorikoa: 4 ordu.

- Taldekako prestakuntza praktikoa kudeaketa-tresnetan: 4 ordu.

- Saltoki bakoitzean banakako finantza-tutoretza, barruan jarduera hauek dituena:

• Saltokiaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 4 ordu.

• Saltokiak loturarik gabe aholkulariaren zaintza/aholkularitza lortzea: 24 ordu.

• Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak saltokiari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat: 4 ordu.

6.3.- Turismoa.

6.3.1.- Hartzaileak. Araudi honen programa turismo sektorean «Turismoaren Kalitatearekiko Konpromisoa» izeneko programaren osagarria da, programa hori Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bultzatzen baitu. Beraz, programa hori turismo sektoreko kalitate programaren batean parte hartu duten edo parte hartzen ari diren establezimenduei zuzenduta dago, programa horiek akreditazio hauek lortzeko baitira:

- Turismo-kalitatearekiko Konpromiso Diploma (3. zikloa eta goragokoak).

- ISO 9000/ Q Turismo Kalitatea.

- EFQM (Zilarrezko Q / Urrezko Q) programan parte hartutakoak.

«Turismo-kalitatearekiko Konpromisoa» izeneko programaren bitartez, enpresek zenbait sektoretan dituzten jarduerak hobetu nahi dira, besteak beste, finantza-kudeaketan. Asmo hori bateragarria da araudi honen programarekin, 1. artikuluan zehaztutako enpresei eta autonomoei dagokienez. Helburu horrekin, eta kontuan harturik «Turismo-kalitatearekiko Konpromisoa» programaren prestakuntza-planak 6 orduko iraupena duela, araudi honen programak areagotu egiten du entitate onuradunen prestakuntza-orduen kopurua, 40 ordu gehiago emanez. Ordu horiek, faseei eta edukiei buruzko 6.3.3 atalean zehaztutako faseetan banatuta daude.

6.3.2.- Kudeaketa entitate bultzatzaileekin batera. «Turismo-kalitatearekiko Konpromisoa» programa kudeatzeko, Eusko Jaurlaritzak zenbait entitate bultzatzaileren laguntza du, entitate horiekin lankidetza-hitzarmenak sinatuta baitauzka. Hauek dira entitate bultzatzaile horiek:

1.- Garapen-agentziak.

2.- Ostalarien elkarteak.

a) Bizkaiko Ostalarien Elkartea.

b) Gipuzkoako Ostalarien Elkartea.

c) Arabako Ostalarien Elkartea.

3.- Karma, Alojamientos con Encanto del País Vasco elkartea.

4.- Aspagi Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresen elkartea.

5.- Euskadiko Kanpinen Federazioa.

6.- Aktiba Euskadiko Turismo Aktiboaren Enpresen elkartea.

7.- Nekatur Euskadiko Nekazalturismo eta Landa-etxeen elkartea.

8.- Álava Incoming.

9.- Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidearen elkartea.

SPRI SAk entitate bultzatzaile horien bitartez jakinaraziko du nortzuk izan diren programaren onuradunak, bai eta entitate horiek lortzen lagunduko ere.

6.3.3.- Faseak eta edukiak. Programak turismo sektorean dituen faseen harian, 40 ordu iraungo dute guztira, honela banaturik:

- Banakako prestakuntza teorikoa, 10-15 establezimendurena: 4 ordu.

- Banakako prestakuntza praktikoa, kudeaketa-tresnetan: 4 ordu.

- Establezimendu bakoitzerako banakako finantza-tutoretza, honako jarduera hauek hartzen dituena.

• Establezimenduaren Negozio Plana prestatzea, jasotako prestakuntza eta aholkulariak eman eta ikuskatutako tresna oinarritzat harturik: 4 ordu.

• Establezimenduak loturarik gabe aholkulariaren zaintza/aholkularitza lortzea: 24 ordu.

• Lortutako emaitza ikuskatzea eta aholkulariak saltokiari ematea administrazio, finantza eta negozio gaietarako gomendioak biltzen dituen eskuliburu bat: 4 ordu.

6.4.- Enpresa-jarduerari dagokion prestakuntza-plana aldatzea. Salbuespenez, merkataritza- eta turismo-arloko enpresek industria-jarduerarako laguntzak, erregelamendu honetan araututakoak, eskatu ahal izango dituzte, baldin eta haien fakturazio-mailagatik edo finantza-kudeaketako konplexutasun-graduagatik beharrezkoa bada.

SPRI SAren zuzendari nagusiak edo hark izendatzen duen beste batek ebatziko du jarduerari dagokion prestakuntza-plana aldatzeko eskatzen duten enpresek jatorrizko baldintzak betetzen dituzten ala ez; ebazpenak arrazoitua izan beharko du.

7. artikulua.- Finantza-aholkularien zerbitzu-sariak eta laguntzen zenbatekoa.

Enpresa onuradunek finantza-aholkularia kontratatuko dute Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatutakoen artean; zerbitzu-sariak, bestalde, enpresek eurek ordainduko dituzte.

Finantza-aholkulariek zerbitzu-sariak jasotzeko eskubidea izango dute, honako kalkulu honen arabera: araudi honetan ezarritako finantza-prestakuntzako eta -tutoretzako ordu-kopurua bider lan-ordu bakoitzeko kostua.

Merkataritza-sektorean, Programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileek -hau da, 6.2.2 artikuluan zehaztu eta Euskomer eta Euskadiko Merkataritza Ganberak izendapenen barruan sartutakoek- kontratatuko dituzte finantza-aholkulariak, Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatutako aholkularien artean aukeratu ere; aholkulari horien zerbitzu-sariak, berriz, enpresa onuradunek ordainduko dituzte.

Enpresa onuradunek finantza-aholkulariei emandako zerbitzu-sariak osorik ordainduko ditu SPRI SAk diru-laguntzen bidez, araudi honetan ezarritako zenbatekoen arabera; jasanarazitako BEZa, ordea, enpresen kontura izango da.

Finantza-aholkulariek orduko 60 euro jasoko dituzte gehienez, kontzeptu guztiengatik, eta horren arabera egingo da diru-laguntzaren kalkulua.

8. artikulua.- Laguntzen metaketa eta mugak.

Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzia txikikoak edo de minimis laguntzak izango dira, 1998/2006 Erregelamenduari (EE) jarraiki.

1998/2006 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, de minimis laguntza dela-eta enpresa onuradun batek guztira jaso dezakeen zenbatekoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa (edo 100.000 eurotik gorakoa, errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan), aurreko hiru ekitaldi fiskaletan jasotako laguntzak zenbatuta. Hori dela-eta, erregimen honetan ezarritako laguntzarik ez da emango baldin eta eskatutako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste «de minimis» laguntza batzuei gehituta, eta edozein dela ere laguntza eman duen administrazioa, muga horretatik gorakoa bada.

Gainera, programa honetan zehaztutako laguntzak ezin izango dira estatuko beste inolako laguntzarekin batera pilatu, baldin estatuko laguntza horiek programa honetan diru-laguntza jaso dezaketen gastu berberak estaltzen badituzte, eta baldin pilaketa horren bidez gainditu egiten badira kategorien arabera salbuesteko erregelamenduren batean edo Europako Batzordeak hartutako erabakiren batean beste laguntzarentzat aurreikusitako inguruabar jakinetarako ezarri diren laguntza-mugak.

Laguntza eman aurretik ezarritako metatze-mugak gainditzen ez direla egiaztatzeko, onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan jasotako beste edozein «de minimis» laguntzaren gaineko aitorpena aurkeztu beharko dio idatziz SPRI SAri (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuari).

Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten entitateek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere metaketa horren bidez ez badira gainditzen kategorien arabera salbuesteko jarraibideetan edo erregelamenduetan adierazitako gehienezko laguntza-mugak.

Laguntza-mota honetatik kanpo geratzen diren sektoreei buruzko xedapenak, aipatutako erregelamenduetan ezarritakoak, bete beharko dira.

Proiektu bati emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, edota xede berbererako erabilitako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera hartuta, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa, eta onuradunak laguntza edo diru-laguntza horien berri eman behar dio SPRI SAri nahitaez.

Muga hori, edo programa honek zehazten dituen beste batzuk, gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.

9. artikulua.- Laguntzak eskatzea.

Diru-laguntza lortu nahi duen enpresak edo autonomoak aurkeztu beharko du programa honen diru-laguntzak eskuratzeko eskabidea.

Eskabideak aurkezteko epea Laguntza Programa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den unean hasiko da, eta amaitu, 2010eko abenduaren 1ean, edo horretara bideratutako aurrekontu-funtsak agortzen direnean.

Finantza-kudeaketarako prestakuntza- eta aholkularitza-plana abian jarri aurretik aurkeztu beharko dira eskabideak; plan hori programa honi atxikitzeko, dagokion laguntza jaso ondoren garatu beharko da.

Laguntza-eskabideak, eskatutako gainerako dokumentazioarekin batera, SPRI SAn aurkeztu behar dira (Urkixo zumarkalea, 36-4. solairua - 48011 Bilbao), bai paperezko euskarrian, bai CDan edo SPRIk habilitatutako bestelako euskarri digital edo telematiko batean.

SPRI SAn aurkeztu beharreko agiriak desberdinak izango dira laguntza eskatu duen enpresaren jarduera-arloaren arabera, betiere Programan zehaztukoari jarraiki; hona hemen agiriok:

Laguntza-eskabidea behar bezala bete eta izenpetu behar du enpresa ordezkatzeko legezko eskumen nahikoa duenak; eskabide horrekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

- Zerbitzu profesionalen eskaintza eta aurrekontua, SPRI SAk homologatutako finantza-aholkulariren batek finantza-kudeaketarako prestakuntza eta aholkularitza emateko; araudi honetako 5. artikuluan araututako Finantza Aholkularien Erregistroan sartuta egon behar dira aholkulariak. Aurrekontuan, aipatutako zerbitzu profesionalak emateagatik sortutako ordain-sariak zehaztuko dira.

- (i) Legezko ordezkariaren IFZ, NAN edo AIZren fotokopia, (ii) ahalordea duela egiaztatzen duen agiriaren kopia eskuetsia, eta (iii) Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren azken ordainagiriaren fotokopia edo, hala badagokio, zerga horretan alta emanda dagoela dioen agiriaren fotokopia, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduela dioena.

- Ogasun-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duen agiria, gehienez diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egindakoa.

- Kontu-korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria.

- Merkataritza-sektorekoa izanez gero: «Merkataritza Bikaina» Programan sartuta egotea egiaztatzen duen agiria.

- Turismo-sektorekoa izanez gero: programan honen 6.3.1 atalean zehaztutako turismoko kalitate-programaren batean sartuta egotea egiaztatzen duen agiria.

- Kalitateko Turismoarekiko Konpromisoaren Diploma (Destinoak programako enpresaburuen kasuan).

- Q Kalitateko Turismoa/ISO edo, halakorik izan ezean, dagokion kalitate-kudeaketako sistema (Q/ISO) ezartzen hasiak direla egiaztatzen duen agiria.

- Bikaintasunarekiko Konpromiso Diploma/Zilarrezko Q edo, halakorik izan ezean, dagokion kalitate-kudeaketako sistema ezartzen hasiak direla egiaztatzen duen agiria.

- Erantzukizunpeko aitorpena, ondoko hauei buruzkoa:

• Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik eskatu eta/edo jaso dituzten laguntzak.

• Enpresa eskatzaileak zehapen administratibo edo penalik ez duela jaso eta diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dion legezko debekurik ez duela.

• Enpresak, aurtengo ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bietan, estatu-laguntzaren izaera duen laguntza-erregimenaren babesean jaso dituen zenbateko guztien zerrenda, edozein dela ere laguntza eman duen entitatea. Aitorpen horretan, ondoko kontzeptuak zehaztu behar dira laguntza bakoitzeko:

+ Jasotako laguntza publikoaren izena.

+ Administrazio erantzulea: laguntza zein erakundek ematen duen adieraziko da.

+ Laguntza noiz eskatu den.

+ Laguntza noiz jaso den.

+ Zenbateko gordina.

+ Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela aurretiaz erabaki ondoren, enpresa onuraduna berreskuratze-agindu baten menpe ez dagoela adieraziko da.

• Industria-arloan, 2008 eta 2009 ekitaldietako negozio-zenbatekoak.

Eskabideak eta aurkeztutako gainerako dokumentazioak adierazitako baldintzak betetzen ez badituzte edo hutsuneak badituzte, SPRI SAk interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

Nolanahi ere, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta tramitatzeko, SPRI SAk beharrezkotzat jotzen dituen agiri eta/edo argibide osagarriak eskatu ahal izango dizkie enpresa eskatzaileei.

10. artikulua.- Laguntza-eskabideak tramitatzea.

Laguntzak eskatzeko espedienteak aurkeztu diren hurrenkeraren arabera tramitatu eta ebatziko dira, betiere dokumentazioa osorik dagoela egiaztatu ondoren.

11. artikulua.- Eskabideen analisia.- Ebazpena.

SPRI SAk banan-banan aztertu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskabide guztiak.

SPRI SAren zuzendari nagusia edo hark izendatzen duen beste bat izango da laguntza eman ala ez ebazteko organo eskuduna.

Eskabidea aurkeztu zenetik hasita, gehienez bi hilabeteko epean jakinaraziko zaie ebazpena interesdunei, posta elektronikoz.

12. artikulua.- Laguntzaren justifikazioa, likidazio-eskabidea eta ordainketa.

1.- Behin laguntza ematea ebatzi dela jakinarazita, aholkularitza-lanak aurkeztutako eskabidearen arabera gauzatu beharko ditu bertan aukeratutako finantza-aholkulariak.

2.- Diru-laguntza ordaintzeko, bi likidazio partzial onartuko dira, betiere lana burutu dela justifikatu ondoren; horretarako, enpresa edo autonomo onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte SPRI SAn:

- Finantza-aholkulariaren faktura, zerbitzu-sarien zatiari dagokiona, onartutako eskaintzan ezarritakoaren araberakoa.

- Faktura hori finantza-aholkulariari ordaindu izanaren banku-egiaztagiria.

- Erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa adieraziko duena: enpresak edo autonomoak, likidazio-eskabidea aurkezten den ekitaldi ekonomikoan eta aurreko bietan, estatu-laguntzaren izaera duen laguntza-erregimenaren babesean jaso dituen zenbateko guztien zerrenda eguneratua, edozein delarik ere laguntza eman duen erakundea. Helburua: likidazioaren egunean, 8. artikuluan ezarritako gehienezko muga ez dela gainditu egiaztatzea.

- Memoria bat, Programaren barruan egindako jarduera jasoko duena.

3.- SPRI SAk laguntzen zenbatekoa ordainduko du hilabeteko gehienezko epean, likidazioa onartzen duenetik hasita.

4.- Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela, artikulu honek adierazten duen likidazio-egunean berreskuratzeko agindu bat oraindik betetzeko duten enpresei ez zaie erregimen honetan ezarritako laguntzarik emango.

13. artikulua.- Informazio betebeharra.

1.- SPRI SAk eskubidea du egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskatze eta gainontzeko kontrol neurriak gauzatzeko, laguntza-programa honen garapena eta aplikazioa bermatze aldera eta baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla egiaztatze aldera.

2.- Merkataritza-arloan, programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileek, prestakuntza-planaren antolamenduaren arduradun diren aldetik, egiaztatu beharko dute prestakuntza eta tutoretza-ikastaroak gauzatu egin direla.

3.- Enpresa onuradunek aurkeztutako fakturak 5 urtez egongo dira artxibatuta eta SPRI SAren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura.

4.- Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak betez eskatzen dieten informazio oro eman behar dute nahitaez enpresa onuradunek eta entitate bultzatzaileek.

14. artikulua.- Ez-betetzeak.

Egiaztatze-lanen bidez ikusiko balitz diru-laguntzaren onuradunak ez duela programa honetan ezarritako baldintzaren bat bete, kobratu dituen diru-kopuruak itzul ditzala eskatuko dio SPRI SAk eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori egiteko behar diren legezko jarduerak martxan jarriko ditu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Programa hau 2010eko abenduaren 1a arte egongo da indarrean, betiere aurrekontu-kreditu nahikoa baldin badago. Aurrekontu-kreditua amaitzen denean, horren berri emango da Interneteko www.spri.es helbidean, eta une horretatik aurrera ez da beste eskabiderik onartuko. Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

Bigarrena.- Emandako diru-laguntzek zabalkunde egokia izango dutela bermatze aldera, enpresa onuradunen zerrenda SPRI SAri hala eskatzen dioten interesdunen eskura egongo da.

SPRI SAk erakutsiko duen onuradunen eta proiektuen zerrenda isilpekoak ez diren alderdietara mugatuko da. Era berean, onuradunak proiektuen emaitzak jakinarazten laguntzeko konpromisoa hartuko du.

Hirugarrena.- Programa honetan aurreikusita ez dauden puntuetan, honako hauetan xedatutakoa beteko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean, eta gainerako araudi aplikagarrian.

Laugarrena.- Eskatzaileak ematen dituen datu pertsonalak «Laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. Helburua: SPRI SAk diseinatu eta kudeatu dituen laguntzen eta diru-laguntzen espedienteei buruzko informazioa kudeatzea. SPRI SA izango da fitxategi horren erantzulea (Urkixo zumarkalea 36, 4.a, Bizkaia Plaza Eraikina, 49011 Bilbao). Informazio hori eman ahal izango zaie -beharrezkoa izanez gero-: SPRI taldeko beste enpresa batzuei, Eusko Jaurlaritzari eta laguntza-programa hori kudeatzeko eta aurkeztutako eskabideen jarraipena egiteko entitate laguntzaileei. Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien aurka egiteko eskubideaz baliatu nahi izanez gero, bidali idatzi bat lopd@spri.es helbidera.

Bilbao, 2010eko ekainaren 7a.

Zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.

ERANSKINA:

FINANTZA-AHOLKULARIAK HOMOLOGATZEKO PROZEDURA

Enpresa eta autonomoei finantza-prestakuntza eta -aholkularitza emateko zerbitzua -programa honen bidez lagunduko dena- norbanako beregainek eta profesionalek eskaintzen dutela bermatu nahi da. Horretarako, SPRI SAk finantza-aholkulariak homologatzeko prozedurarako deia egin du, eranskin honetan zehazten diren baldintzak betez.

Homologazio-prozedurarako deia egiten duen entitatea.

SPRI SAk deitu eta izapidetu du finantza-aholkulariak homologatzeko prozedura. SPRI SAren helbidea: Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Plaza Bizkaia eraikina. Telefonoa: 94 403 70 00. web-orria: www.spri.es.

Finantza-aholkulariak homologatzeko prozeduraren helburua.

1.- Prozeduraren helburua da homologatuak eta Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuak izango diren aholkulariak hautatzea. SPRI SAk berariaz sortuko du erregistro hori, Programaren araudiko 5. artikuluari jarraiki.

2.- SPRI SAk homologatutako aholkularien artean hautaketa egiteko prozedura modu batekoa edo bestekoa izango da, Programaren onuradun den enpresa edo autonomoari dagokion jarduera-sektorearen arabera.

Industria.

Industriako jarduera-sektorekoak izanik, Programaren onuradun diren enpresa eta autonomoek hautatu egin behar dute Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuta dauden aholkularien artean; hain zuzen ere, finantza-kudeaketa optimizatzeko prozesuaren eremuan, diruz lagunduko den aholkularitzaren barruan, finantza-prestakuntzako eta -tutoretzako zerbitzuak emango dituen aholkularia hautatu behar dute.

Merkataritza.

Programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileek -Programaren araudiko 6.2.2 artikuluan adierazitakoek-, hautatu egin behar dute Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuta dauden aholkularien artean; hain zuzen ere, diruz lagunduko den aholkularitzaren barruan -finantza-kudeaketa optimizatzeko prozesuaren baitan-, finantza-prestakuntzako eta -tutoretza zerbitzuak emango dituen aholkularia hautatu behar dute.

Turismoa.

Turismoko jarduera-sektorekoak izanik, Programaren onuradun diren enpresa eta autonomoek hautatu egin behar dute Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuta dauden aholkularien artean; hain zuzen ere, diruz lagunduko den aholkularitzaren barruan -finantza-kudeaketa optimizatzeko prozesuaren baitan-, finantza-prestakuntzako eta -tutoretzako zerbitzuak emango dituen aholkularia hautatu behar dute.

3.- Finantza Aholkularien Erregistroaren helburu bakarra izango da enpresa eta autonomo onuradunei, bai eta programa kudeatzen laguntzen duten entitate bultzatzaileei ere, Programan parte hartzeko konpromisoa hartzen duten finantza-aholkularien berri ematea; hartara, aholkulariak hautatzea eta prestakuntza-planak antolatzea erraztuko du; azken finean, finantza-kudeaketan enpresa-eskarmentua areagotzeko helburua lortzen lagunduko du.

4.- Homologazioak eta Erregistroko inskribaketak onartzeko hurrenkerak ez du esan nahi lehentasunik, lehiarako abantailik edo puntuazio handiagorik lortuko denik, finantza-prestakuntza eta -tutoretzako lanak egiteko hautatua izaterakoan.

5.- Programaren enpresa onuradunak edo Programa kudeatzen laguntzen duen entitate bultzatzaileak homologatutako eta Erregistroan inskribatutako aditu bati bere aukeraren berri eman ondoren, alegia, aholkularitza-zerbitzuak berak ematea nahi duela jakinarazi ondoren, aditu horrek idatziz adierazi beharko du ea enkargua onartzen duen ala uko egiten dion. Onartuko balu, Programan ezarritako baldintzak onartu beharko lituzke.

Finantza-aholkularien zerbitzu-sariak.

1.- Finantza-aholkulariek -euren eskubidearen arabera- jaso behar dituzten zerbitzu-sariak zuzenean ordainduko dituzte finantza-prestakuntza eta -tutoretzako zerbitzu horiek hartu dituzten enpresek.

2.- Jarduera-sektore bakoitzean, diru-laguntzaren zenbatekoa izango da emandako prestakuntza- eta tutoretza-orduen ondoriozkoa -ordu bakoitzerako ezarritako zenbatekoa kontuan hartuta-, eta betiere, Programaren araudiko 7. artikuluko 1., 2., eta 3. paragrafoetan adierazitako kopuruen araberakoa (diru-kopuruak eta prestakuntza-ordutegiari dagozkionak).

Mugak.

Finantza Aholkularien Erregistroko enpresetako batekoa den aholkulari bakoitzak, gehienez ere, 900 orduko aholkularitza eman ahal izango du Programa honen baitan, betiere, gutxieneko baldintzak betetzen baditu, eskarmentuari eta titulazioari dagokienez.

Homologaziorako gutxienezko baldintzak.

Homologatzeko eta Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatzeko -horixe baita Programa honen xedea-, beharrezkoa izango da honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatzea:

Finantza-aholkularitzako enpresak egiaztatu behar du behar besteko giza-baliabideak dituela Laguntza Programaren xede diren prozesuei -finantza-prestakuntza eta -aholkularitzakoei- ekiteko.

Horretarako, gutxienez 5 aholkulari izan behar ditu: Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako, Ekonomia Zientzietako edo Zuzenbide Ekonomikoko titulazioa izan behar dute, eta 2 urteko eskarmentua, enpresen finantza-aholkularitza eta -kudeaketan.

Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

Eskabideak aurkezteko epea eta modua hau izango da:

- Programan parte hartu nahi duten finantza-aholkularitzako enpresek SPRI SAren bulegoetan aurkeztuko dituzte homologatzeko eta inskribatzeko eskabideak, 15 egun balioduneko epean, Laguntza Programaren araudia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

- Gutunazal itxian aurkeztuko dira eskabideak, zeina lakratuta eta prezintatuta egon baitaiteke, eta homologazioa eta inskribaketa eskatzen duen enpresaren legezko ordezkariak izenpetu beharko du. Honako datu hauek jaso beharko ditu:

a) Enpresa eskatzailearen eta hura ordezkatzen duen pertsonaren izena.

b) Jakinarazpenetarako helbidea.

c) Helbide elektronikoa.

d) Telefono eta fax zenbakiak.

Homologazio-eskabideekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1.- Homologazio- eta inskribaketa-eskabideekin batera, ondoko agiriak aurkeztu behar dira:

1) Enpresaren legezko ordezkariak izenpetutako homologazio-eskabidea, non sozietatearen datuak zehaztuko baitira: izena, IFZ, helbidea, posta elektronikoa -jakinarazpenetarako- eta telefonoa).

2) Erantzukizunpeko aitorpena, sozietate eskatzaileak aurreko V. atalean eskatutako baliabide materialak badituela adierazten duena (I. eranskina). Aitorpen horrekin batera aurkeztu behar da Programan zehaztutako aholkularitza-lanak egingo dituen ekipo osoaren curriculum vitaea.

3) Gizarte Segurantzako kotizazio-orria, langileen zerrenda izendun eta guzti.

2.- SPRI SAk beretzat gordetzen du aurkeztu diren datuak benetakoak direla frogatzeko behar dituen agiriak enpresa eskatzaileei eskatzeko ahalmena, eta bai horretarako beharrezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egitekoa ere.

SPRI SAk eskabideak ireki eta baloratzeari buruzko jarduerak.

1.- Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa SAk, SPRI SAren entitate laguntzaile den aldetik, Programa honen baitan eskatzaileek aurkezten dituzten agiriak aztertu eta kalifikatuko ditu, bilera pribatu batean.

2.- Gutunazalak ireki eta gero, zuzendu daitezkeen akatsak edo omisioak atzematen badira, edo aurkeztutako agiriei buruzko argibideren bat beharrezkoa dela uste bada, hiru egun balioduneko epea emango da akats edo omisio horiek egin dituzten eskatzaileek bidezkoak diren zuzenketak egiteko edo argibideak emateko. Hala ere, eskabideren batek akats nabarmenak edo zuzendu ezineko hutsune materialak balitu, baztertu egingo litzateke, ebazpen arrazoitu baten bidez.

Akta egin eta gertaera guztiak jasota utziko dira.

3.- Aurkeztutako agirietan zuzendu beharreko akatsik edo hutsik ez badago, edo behin okerrak zuzenduta edo horretarako epea igarota, SPRI SAk homologatzeko eta Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatzeko ezarritako baldintzak betetzen diren ala ez baloratuko du, Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa SAk egindako ebaluazio-txostena aurrean duela.

Homologazioaren ebazpena.

1.- SPRI SAko zuzendariak, edo hark eskuordetzen duenak, ebazpena emango du, eskatutako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileak homologatzeko eta Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatzeko.

2.- Homologazioaren ebazpenak arrazoitua izan behar du, eskatzaileei jakinaraziko zaie, eta SPRI SAren web-orrian (www.spri.es) jarriko da. Eta Finantza Aholkularien Erregistroan inskribatuko dira homologatuak izan diren enpresak; halaber, Erregistroan jasoko dira enpresa horiek dituzten langileen izenak, baldin eta langile horien curriculum vitaeak baliozkotuak izan badira.

Homologatutako aholkularien betebeharrak.

1.- Programa indarrean dagoen bitartean, homologatu diren finantza-aholkularitzako enpresek obligazioa izango dute onuradunei finantza-aholkularitza emateko, Programaren araudian ezarritako edukiari jarraiki.

2.- Behin finantza-aholkularitzako enpresa hautatuta, enpresak enkarguari uko egiten badio, SPRI SAk enpresaren homologazioa eta Erregistroko inskribaketa ezeztatu ahal izango ditu.

Homologazioak berraztertzea.

SPRI SAk noiznahi berrazter dezake laguntzak eskuratzen dituzten enpresek kontratatutako aholkulari homologatuen jarduera, horrela egiaztatu ahal izango baitu jarduera hori bat datorrela kalitate eta arrakastako gutxieneko estandar batzuekin.

SPRI SAk, ildo horretatik, burututako jardueren gaineko informazioa eskatuko die aholkulariei, eta, arrazoitutako ebazpen baten bidez, indargabetu egin dezake aholkularien homologazioa, baldin eta SPRI SAren ustez ez badute ondo betetzen euren eginkizuna.

Datuen tratamendua.

Eskatutako datu pertsonalak «Aholkulariak» izeneko fitxategian sartuko dira. Helburua: SPRI SArekin batera zerbitzuak/laguntzak eskaintzen parte hartzen eta/edo laguntzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. SPRI SA izango da fitxategi horren erantzulea (Urkixo zumarkalea 36, 4.a, Bizkaia Plaza Eraikina, 49011 Bilbao). Informazio hori eman ahal izango zaie -beharrezkoa izanez gero-: SPRI taldeko beste enpresa batzuei, Eusko Jaurlaritzari eta laguntza-programa hori kudeatzeko eta aurkeztutako eskabideen jarraipena egiteko entitate laguntzaileei. Datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien aurka egiteko eskubideaz baliatu nahi izanez gero, bidali idatzi bat lopd@spri.es helbidera.

1. ERANSKINA

ESKATZAILEAREN ERANTZUKIZUNPEKO AITORPENA, AHOLKULARIEN ERREGISTROAN INSKRIBATZEKO GUTXIENEKO BALDINTZA MATERIALAK BETETZEARI BURUZKOA ETA PROPOSATUTAKO TALDEAREN KIDEEN CURRICULUM VITAEARI BURUZKOA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala