Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2010eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
3536

EBAZPENA, 2010eko uztailaren 1ekoa, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariarena, Durangoko Udalaren idazkari alboko lankidetza-lanpostua hirugarren mailan sailkatzeko dena.

Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritza honetan jaso dugu, 2010eko ekainaren 3ko datarekin, Durangoko Udalaren Udalbatzak 2010eko martxoaren 9an hartutako Erabakiaren egiaztagiria. Bertan, Estatuko gaikuntza duen toki-administrazioko funtzionario batek betetzekoa den idazkari alboko lankidetza-lanpostua sortzea proposatzen da, bere eginkizunak zehazten dira, eta hirugarren mailan sailkatzeko eskatzen da, Udalaren irizpidea baita lanpostua Idazkaritza-kontuhartzailetzako azpieskalako funtzionario batekin betetzea.

Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriaren arabera, Estatu osorako gaikuntza duten funtzionarioentzat erreserbatuta dauden lanpostuak sortu, sailkatu edo kentzeko eskumena autonomia-erkidegoetako bakoitzari dagokio, betiere, legez ezarrita dauden oinarrizko irizpideei jarraituz. Estatuko gaikuntza duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen betetzeari buruzkoa den uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluak, bere aldetik, funtzionarioen maila honi dagozkion arauen artean, ezartzen du lankidetza-lanpostuak direla toki-erakundeek beraiek berez duten eskumenetaz baliatuz sor ditzaketenak idazkaritza, kontuhartzailetza edo diruzaintzaren eginkizunei berehalako lankidetza emateko eta, dagokionean, beste eginkizunen artean, horien titularrak ordezkatzeko; arauzko manu horrek gehitzen du lanpostu horiek, Udalbatzaren proposamenez, Autonomia Erkidegoak sailkatuko dituela eta Estatuko gaikuntza duten dagozkion azpieskala eta mailako funtzionarioek betetzeko gordeta egongo direla.

Aipatu diren arauetatik ondorioztatzen denez, Estatuko gaikuntza dutenentzat gordetako lankidetza-lanpostuak sortu eta horiek sailkatzeak Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta doakion Udalbatzaren iritzi bereko borondatea behar du eta hori adierazten da, kasu honetan, Durangoko Udalak egin duen eskaeraren bitartez eta bertan adierazitako arrazoiak, bidalketaren bidezko arrazoiketa bezala, ebazpen honetan onartuz. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiak Durangoko Udalaren eskaerari buruzko txostena eman du, eta bertan dioenez, bidezkoa da sortu beharreko lankidetza-lanpostua Estatuko gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioarentzat gordetako Idazkaritza-kontuhartzailetza azpieskalako hirugarren mailako Idazkaritza bezala sailkatzea.

Adierazitako guztiaren arabera, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzioanala ezartzen dituen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretuaren 26. artikuluak ematen dizkidan eskumenetaz baliatuz, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Durangoko idazkari alboko lankidetza-lanpostua hirugarren mailako Idazkaritza bezala sailkatzea. Lanpostua Idazkaritza-Kontuhartzailetza azpieskalako Estatuko gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da. Durangoko Udalak lanpostu hori bere lanpostuen zerrendan gehitu beharko du lanpostua bete baino lehen.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen honek ez dio administrazio bideari amaierarik ematen, eta haren aurka gorako errekurtsoa Araubide Juridikoaren sailburuordearen aurrean ipini ahal da, hura Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hilabeteko epe barruan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 1a.

Administrazio Erregistroen

eta Toki Araubidearen zuzendaria,

JOSÉ IGNACIO PARIENTE DE PRADA.


Azterketa dokumentala