Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2010eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia eta Herri Administrazio Saila
Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
3535

197/2010 DEKRETUA, uztailaren 13koa, Bizkaiko «Lagun Artean» Abegi Zentroa Elkartea herri-onurakoa dela aitortzeko dena.

Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak herri-onurakotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.

Lege horren babesean, Bizkaiko «Lagun Artean» Abegi Zentroa Elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakunde onuragarria dela aitortzea merezi duelako, gizarte-bazterketaren aurka egin duen lanagatik.

Eskaera egin duen elkartea 1984ko urtarrilaren 17an eratu zen, eta Bizkaiko Gobernu Zibilak 1984ko martxoaren 7an emandako Ebazpenaren indarrez inskribatu zen. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan inskribatuta dago, AS.R.P.B.01714 zenbakiarekin.

Elkarteak batik bat Bizkaiko Lurralde Historikoaren eremuan garatzen ditu bere jarduerak.

Eratu zenetik, «Lagun Artean» Abegi Zentroa Elkarteak beharrezko jarduerak egin izan ditu funtsezko helburu hau betetzeko: hainbat arrazoi direla medio (ekonomikoak, sozialak, kulturalak, pertsonalak eta abar) gizartearen ohiko dinamikan integratu gabe daudenei eta benetan gizarte-bazterketa jasaten dutenei laguntza integrala, ekonomikoa, humanitarioa eta solidarioa ematea. Gizarteak, benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.

Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, herri-onurako aitorpena Jaurlaritzaren Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da. Dekretu-proposamena kasuan kasuko sailek -gaiaren arabera- eta, betiere, justiziaren arloan eskuduna den sailak egingo dute, eta azken sail horrek izapidetuko ditu bai prozedura, bai bertan sor daitezkeen auzi guztiak. Agindu hori betez, dagokion espedientea instruitu da, eta, ondoren, sailei eta instituzioei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari. Txosten horietan, bestalde, «Lagun Artean» Abegi Zentroa Elkartea herri-onurakoa dela aitortzearen alde agertzen dira bai sailak, bai instituzioak.

Ondorioz, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuak eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposaturik, entitate eta erakunde interesatuek aurkeztutako txostenak ikusita, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko uztailaren 13an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Bizkaiko «Lagun Artean» Abegi Zentroa Elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS.R.P.B.01714 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, herri-onurakoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.

Horrekin batera, aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legeko 43. artikuluan jasota daudenak.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko uztailaren 13an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.


Azterketa dokumentala