Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2009ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
3002

AGINDUA, 2009ko maiatzaren 4koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituena.

Azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuaren helburua honako hau da: gizarte-bazterketaren aurkako eta gizarteratu eta laneratzeko politika publikoen esparruan, laneratzeko enpresen erregimen juridikoa arautzea, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratu eta laneratzeko agente aktibo gisa.

Laneratzeko enpresek gizarte-laguntzako, jarraipeneko eta laguntasuneko esku-hartze jakin batzuk eskaintzen dituzte. Esku-hartze horien bidez, gizarte-arloko eta lan-arloko ohiturak lortzea errazten da, eta horien bidez parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetzen denez, ezinbestekoak dira lan-merkatuan sartzeko.

2007-2009ko Gizarteratzeko Erakunde arteko II. Planean enpleguko politika aktiboak garatzearen aldeko apustu sendoa egin da, bereziki Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdiko Laguntzaren moduko prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten eta laneratu daitezkeen pertsonetara bideratuak.

Duela gutxi, Eusko Legebiltzarrak Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Legea onartu zuen; lege horren xedea Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema arautzea da, eta, esparru horren barruan, prestazio ekonomikoak eta beharrezko diren bitartekoak jasotzeko eskubidea finkatzea, herritar izateak dakartzan eskubide sozialak benetan gauzatzeko orduan behar beste baliabide pertsonal, sozial eta ekonomikorik ez dutenei laguntzeko, bai bazterketa-arriskuari aurre egiten, bai bazterketa pertsonala, soziala eta laborala dakartzaten egoerak arintzen, bai gizarteratzeko zeregina bideratzen.

Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruan, hauexek dira gizarteratzen eta laneratzen laguntzeko bitartekoak:

a) Gizarteratzeko hitzarmena, gizarteratzeko nahiz laneratzeko beharrezko ekintzen multzoa antolatzeko oinarrizko tresna da, eta laneratzeko prestakuntzan eta gaikuntzan oinarrituko da bereziki.

b) Esku-hartzeko neurri bereziak. Gizarte-babeseko hainbat alorretako programa, zerbitzu edo zentro izan daitezke, bereziki, gizarte-zerbitzuek, enplegu-zerbitzuek, osasun-zerbitzuek eta etxebizitza-zerbitzuek antolatutakoak, eta, konbinatuta, gizarteratzeko eta laneratzeko hitzarmenean aplika daitezke.

Diru-Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko 18/2008 Lege horretan adierazten da euskal administrazio publikoek, prestakuntza eta enplegu-arloetan dituzten eskumenen esparruan, laneratzen laguntzeko neurriak arbitratu beharko dituztela pertsona edo talde jakin batzuentzat, hain zuzen ere, haien ezaugarriak direla-eta lan-merkatuan sartzerik ez dutenentzat edo sartzeko zailtasunak dituztenentzat. Neurri horietan esanbidez biltzen da laneratzeko enpresa horiek sortzen eta mantentzen laguntzea.

Agindu honen xedea hain zuzen ere, honako hau da: enpresa mota horri laguntza-formula batzuk, enpresen ezaugarri eta premia berezietara egokitutakoak, ematea, bereziki enpresa horietarako diseinatutako laguntza ekonomiko batzuen oinarri arautzaileak ezarriz. Horien barruan diru-laguntzak aurreikusten dira, gizarteratze-enpresak sortzen dituzten erakunde sustatzaileentzat eta gizarteratze-enpresentzat, iraun ahal izateko.

Bitarteko horiekin, Gizarteratze eta Familia Sailburuordetzak gizarteratzeko eta laneratzeko modalitate berezi horren hedadura sustatu nahi du. Modalitate horretan, pertsona bat (besteren konturako langile gisa nahiz bazkide langile gisa edo lan-bazkide gisa) lan-kontratu bidez laneratzen da. Kontratu hori laneratzeko hitzarmen bat sinatzearen ondoriozkoa da.

Horretaz gain, sail honek honako helburu hau ere badu: gizarteratzeko eta laneratzeko politika honen diseinuari gaur egun dituen egiturazko elementuekin mantentzea ondorengo urteetan ere; horregatik, iruditu zaigu eraginkorragoa dela agindu honen indarraldia mugagabea izatea.

Arau hau, diru-laguntzak emateko dena, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.12 artikuluak, gizarte-laguntzaren alorrean, Euskal Autonomia Erkidegoari esleitzen dion eskumen esklusiboaren babesean eman da.

Hori guztia dela-eta, Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak eta Gizarteratzeko Euskal Kontseiluak esateko dutena entzun ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea eta helburua.

Agindu honen xedea honako hau da: Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ondoren azalduko diren helburuekin emango dituen laguntzak arautzea. Adierazitako helburuak honako hauek dira:

a) Laneratzeko enpresak sortzeko aukera sustatzea.

b) Laneratzeko enpresen iraunkortasuna babestea.

2. artikulua.- Eremua.

Agindu honetan ezarritako laguntzak lortu ahal izateko, diruz lagun daitezkeen jardunak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietakoak izango dira, kontuan hartu gabe laguntzen onuradunak diren irabazi-asmorik gabeko erakunde sustatzaile pribatuen eta/edo gizarteratzeko enpresen egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen edo ez.

II. KAPITULUA

LANERATZEKO ENPRESAK SORTZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZAK

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

Honako hauek eskuratu ahal izango dituzte laneratzeko enpresak sortzeko laguntzak:

a) laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen, enpresa horietan sartzeko prozedura ezartzen duen eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzen duen azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuaren 7. artikuluan azaltzen diren irabazi-asmorik gabeko erakunde sustatzaile pribatuek.

b) tokiko erakundeek.

c) tokiko edo eskualdeko garapen-agentziek.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jardunak.

1.- Laneratzeko enpresak sortzeko laguntzak merkatu-azterlanak egiteko izango dira, eta azterlan horiei esker jakin ahal izango da enpresa horiek sortzea bideragarria den ala ez. Diru-laguntza horrek azterlanen ehuneko berrogeita hamar (% 50) finantzatuko du, sei mila (6.000) euro gehienez ere.

2.- Diru-laguntza hori ematen bada, erakunde onuradunak merkatu-azterlana egin beharko du diru-laguntza ematen den aurrekontu-ekitaldiaren barruan, eta, proiektua egokitzat hartzen bada, laneratzeko enpresa sortu beharko du urtebeteko epean, merkatu-azterlana amaitzen denetik zenbatzen hasita.

III. KAPITULUA

LANERATZEKO ENPRESAK MANTENTZERA BIDERATUTAKO LAGUNTZAK

5. artikulua.- Erakunde onuradunak.

Laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen, enpresa horietan sartzeko prozedura ezartzen duen eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzen duen azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuaren 4. artikuluan definitzen diren laneratzeko enpresek baliatu ahal izango dituzte kapitulu honetan arautzen diren laguntzak.

6. artikulua.- Diruz laguntzekoak diren jardunak.

Honako jardun hauek izan daitezke laneratzeko enpresen iraunkortasunera bideratutako laguntzen xede:

1.- Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzera edo mantentzera bideratutako aktibo finkoetan egindako inbertsioak.

2.- Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.

3.- Produkzioari laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.

4.- Laneratzen laguntzeko ekintzetan espezializatutako teknikarientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.

5.- Laguntza teknikoa:

a) Merkatu-azterlanak egitea, merkatu berriak irekitzeko edo enpresa-jarduera berriz bideratzeko.

b) Kontabilitate-auditoretzak eta kudeaketa-auditoretzak egitea.

6.- Prestakuntza.

7. artikulua.- Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzera edo mantentzera bideratutako aktibo finkoetan egindako inbertsioak.

1.- Aktibo finkoetan egindako inbertsioak, laneratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzera edo mantentzera bideratuak. Inbertsio horien guztizko kostuaren ehuneko laurogeita bost (% 85) diruz lagundu ahal izango da gehienez, eta sortutako edo mantendutako lanpostu bakoitzeko gehieneko kopurua hamabi mila (12.000) eurokoa izango da.

2.- Nolanahi ere, aktibo finkoek zuzeneko lotura izan beharko dute laneratzeko enpresak egiten duen jarduera nagusiarekin. Era berean, aktibo finko horiek hiru urteko gutxieneko amortizazioaldia ezarrita eduki beharko dute, eta gutxienez denbora horretan enpresaren aktiboan egon beharko dute.

3.- Diru-laguntza hori ematen bada, laneratzeko enpresek diru-laguntza jaso duten aurrekontu-ekitaldian egin beharko dituzte diruz lagundutako inbertsioak.

8. artikulua.- Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.

1.- Laneratzeko enpresek sortutako edo mantendutako lanpostu bakoitzeko diru-laguntza bat eskuratu ahal izango dute eta diru-laguntza horren urteko zenbatekoa hamabi mila eta hirurehun (12.300) eurokoa izango da. Enpresak garatutako jardueren izaera dela-eta sortu edo mantendutako lanpostuak denbora partzialekoak badira, diru-laguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

2.- Diru-laguntza horren zenbatekoa ehuneko bost (% 5) igoko da honako kasu hauetan:

a) Lanpostua betetzen duen langilea emakumea bada.

b) Lanpostua beteko duen langileak aurreko hiru hilabeteetan bukatu badu Auzolan programan izandako partaidetza. Programa hori uztailaren 30eko 199/2002 Dekretuan araututa dago.

3.- Diru-laguntza ematen bada, laneratzeko enpresak honako betebehar hauek izango ditu:

a) Sortutako lanpostuak Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik enpresara igorritako pertsonek beteko dituzte, gizarteratze-hitzarmen indibidualen esparruan eta azken hitzarmen honetan aurreikusitako aldian, eta laneratzeko enpresen kalifikazioa arautu, enpresotan sartzeko prozedura ezarri eta laneratzeko enpresen erregistroa sortzen duen azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuaren 17. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Trebetasun soziolaboralen eskuratzea eta lan-ingurune erabat normalizatu batera bideratzea errazteko, gizarteratzeko hitzarmen bakoitzean aurreikusitako aldia ez da urtebetetik beherakoa eta hiru urtetik gorakoa izango.

b) Lanpostuko iraunaldia dagokion laneratzeko hitzarmenean aurreikusitako aldia bukatu aurretik amaitzen bada, gizarteratze-prozesuan dagoen emakume langileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla medio, enpresak Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek bidalitako langile batekin bete beharko du lanpostua; nolanahi ere, zirkunstantzia horren berri eman beharko dio Gizarteratzeko Zuzendaritzari.

c) Lanpostuko iraunaldia dagokion laneratzeko hitzarmenean aurreikusitako aldia bukatu aurretik amaitzen bada, enpresari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla medio, eta arrazoi objektiboak edo produkzio-arrazoiak direla medio, enpresak diru-laguntzaren zati bat itzuli behar du, kontratua betetzeko geratzen den denborarekin proportzionala den zatia.

9. artikulua.- Produkzioari laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.

1.- Laneratzeko enpresek produkzioari laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortu eta mantentzeko diru-laguntza bat eskuratu ahal izango dute. Diru-laguntza horren urteko zenbatekoa sortu eta mantendutako lanpostu bakoitzeko mila eta zortziehun (1.800) eurokoa izango da.

2.- Enpresak garatutako jardueren izaera dela-eta sortu edo mantendutako lanpostuak denbora partzialekoak badira, diru-laguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

10. artikulua.- Laneratzen laguntzeko ekintzetan espezializatutako teknikarientzako lanpostuak sortzea eta mantentzea.

1.- Laneratzeko enpresek produkzioari laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortu eta mantentzeko diru-laguntza bat eskuratu ahal izango dute. Diru-laguntza horren urteko zenbatekoa sortu eta mantendutako lanpostu bakoitzeko mila eta ehun (1.100) eurokoa izango da.

2.- Enpresak garatutako jardueren izaera dela-eta sortu edo mantendutako lanpostuak denbora partzialekoak badira, diru-laguntzaren zenbatekoa proportzio berean murriztuko da.

11. artikulua.- Laguntza teknikoa.

Laneratzeko enpresek honako diru-laguntza hauek eskuratu ahal izango dituzte laguntza teknikoaren kontzeptupean:

a) Merkatu-azterlanak egitea, merkatu berriak irekitzeko edo enpresa-jarduera berriz bideratzeko. Diru-laguntza horrek azterlanen ehuneko berrogeita hamar (% 50) finantzatuko du, sei mila (6.000) euro gehienez ere.

Diru-laguntza hori ematen bada, enpresak merkatu-azterlana egin beharko du diru-laguntza hori ematen den aurrekontu-ekitaldian.

b) Kontabilitate-auditoretzak eta kudeaketa-auditoretzak egiteko diru-laguntza. Diru-laguntza hori mila berrehun eta berrogeita hamar (1.250) euroko gehieneko mugarekin emango da eta bere helburua laneratzeko enpresen finantza-kudeaketaren gardentasuna sustatzea eta azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuari jarraiki kontuen auditoretza urtero egiteko betebeharra ez duten enpresak gutxienez hiru urtetik behin egitera bultzatzea da. Aipatutako dekretuaren 10.m) artikuluari jarraiki urtero auditoretza bat egiteko betebeharra duten enpresak ezin izango dira diru-laguntza modalitate honen onuradunak izan.

Diru-laguntza hori ematen bada, laneratzeko enpresak kontabilitate- eta kudeaketa-auditoretzak egin beharko ditu diru-laguntza hori ematen den aurrekontu-ekitaldian.

12. artikulua.- Prestakuntza.

1.- Prestakuntza gisa ematen diren diru-laguntzek gizarteratze-prozesuan dagoen langileak egiten duen ikastaroaren matrikula-gastuen ehuneko laurogei (% 80) estaliko dute gehienez.

2.- Diru-laguntza horiek, halaber, gizarteratze-prozesuan dauden eta ikastaroan parte hartzen duten pertsonen bizilekua dagoen herritik ikastaroa ematen den lekurainoko lekualdatzeak eragindako desplazamendu-dietak estaliko dituzte, betiere bi lekuen arteko distantzia (joan-etorrikoa) 10 kilometrotik gorakoa bada. Era berean, garraio publikoa erabiltzeagatik sortutako gastuak ordainduko dira eta, garraio publikoa erabili ezin bada eta ibilgailu propioa erabiltzen bada, kilometro bakoitzeko gehienez ere 0,15 euro eta autopista-gastuak ordainduko dira, betiere gastua justifikatzen bada.

3.- Diru-laguntza hori ematen bada, laneratzeko enpresa behartuta dago diruz lagundutako prestakuntza-ikastaroetan parte hartu duela bermatzera diru-laguntza ematen zaioneko aurrekontu-ekitaldiaren barruan.

IV. KAPITULUA

XEDAPEN ERKIDEAK

13. artikulua.- Kopurua finkatzeko irizpideak eta ponderazioa.

Diru-laguntzak emateko eta kopurua finkatzeko irizpideak honako hauek izango dira, gehieneko puntuazioen honako baremo honi jarraiki:

1.- Laneratzeko enpresak sortzeko laguntzen kasuan honako balorazio-irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Diru-laguntzaren xede den merkatu-azterlana eskatzen duen proiektuaren kalitatea enpresa-ikuspuntutik: gehieneko puntuazioaren % 55 gehienez ere.

b) Azterlanaren erakunde sustatzaileek bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonen gizarteratzean duten ibilbidea: gehieneko puntuazioaren % 25 gehienez ere.

c) Proiektatutako laneratzeko enpresaren egokitasuna gizarte-bazterketaren egoeran edo arriskuan dauden taldeak gizarteratzeari eta laneratzeari dagokienez: gehieneko puntuazioaren % 20 gehienez ere.

2.- Laneratzeko enpresak mantentzeko laguntzen kasuan, honako balorazio-irizpide hauek aplikatuko dira agindu honen 6. artikuluaren 1., 5. eta 6. ataletan ezarritako diru-laguntza lineei dagokienez:

a) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzera edo mantentzera bideratutako aktibo finkoetan egindako inbertsioak.

1) Inbertsio-proiektuaren kalitatea enpresa-ikuspuntutik eta gizarteratze-helburuekiko egokitzapenaren ikuspuntutik: gehieneko puntuazioaren % 45 gehienez ere.

2) Enpresa-proiektuaren inbertsio-maila enpresaren finantza-ahalmenarekiko: gehieneko puntuazioaren % 15 gehienez ere.

3) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostu kopurua: gehieneko puntuazioaren % 20 gehienez ere.

4) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonek laneratzeko duten zailtasun-maila: gehieneko puntuazioaren % 20 gehienez ere.

b) Laguntza teknikoa:

1) Merkatu-azterlanak egitea, merkatu berriak irekitzeko edo enpresa-jarduera berriz bideratzeko.

- Diru-laguntzaren xede den merkatu-azterlana eskatzen duen proiektuaren kalitatea enpresa-ikuspuntutik: gehieneko puntuazioaren % 50 gehienez ere.

- Enpresa-proiektuaren inbertsio-maila enpresaren finantza-ahalmenarekiko: gehieneko puntuazioaren % 25 gehienez ere.

- Enpresaren jardueraren orientabide berriaren edota merkatu berrien irekieraren egokitasuna gizarte-bazterketaren egoeran edo arriskuan dauden taldeen gizarteratzeari eta laneratzeari dagokienez: gehieneko puntuazioaren % 25 gehienez ere.

2) Kontabilitate-auditoretzak eta kudeaketa-auditoretzak egitea.

- Diru-laguntzaren xede den kontabilitate- eta kudeaketa-auditoretzaren proiektuaren kalitatea: gehieneko puntuazioaren % 50 gehienez ere.

- Kudeaketaren gardentasuna eta hobekuntza sustatzeko kontabilitate- eta kudeaketa-auditoretza egitearen komenigarritasuna balioestea: gehieneko puntuazioaren % 50 gehienez ere.

c) Prestakuntza:

1) Ikastaroa enpresaren eta gizarteratze-prozesuan dagoen langilearen beharrei egokitzea: gehieneko puntuazioaren % 50 gehienez ere.

2) Ikastaroa eskaintzen duen prestakuntza-erakundeak gizarteratzeko eta laneratzeko prestakuntzan duen ibilbidea: gehieneko puntuazioaren % 25 gehienez ere.

3) Ikastaroaren kalitatea: gehieneko puntuazioaren % 25 gehienez ere.

14. artikulua.- Zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta diru-laguntza publikoei dagozkienak betetzea.

1.- Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak ematea eta ordaintzea erakunde eskatzaileek zergen eta Gizarte Segurantzaren inguruko betebeharrak betetzearen menpe dago, Ogasun eta Finantza sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduak xedatzen duenaren arabera.

2.- Erakunde onuradunei laguntzak ematea eta, hala badagokio, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik tramiteak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

3.- Erakunde onuradunek ez dute diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzeko zigor- edo administrazio-arloko zehapenik izango, ezta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekurik ere, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoari jarraiki sexu-diskriminazioa dela-eta gertatutakoak barne.

15. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak, aplika daitezkeenak, eta agindu honetan araututako diru-laguntza linea bakoitzean berariaz ezarritakoa alde batera utzi gabe, laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundutako jardueren xedea edo izaera nabarmen aldatzen dituzten gorabeheren berri ematea, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari lankidetza eskaintzea, jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

b) Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren laguntza jaso dutela esanbidez jasota utzi beharko da, baldin eta laguntzaren xede izan diren jarduerak zabaldu, hedatu edo argitaratu behar badira.

c) Diru-laguntzen zertarakoa eta aplikazioa ziurtatu behar dute konpromisozko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko lehenengo tituluan aurreikusitakoaren arabera (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ziren).

16. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.- Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du gainditu diru-laguntza jasotzen duen jardueraren guztizko kostua.

2.- Erakunde onuradunak agindu honetako laguntzekin batera beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek xede eta helburu berarekin emandako beste edozein laguntza jasotzen duenean, laguntza guztien baturak diruz lagundu beharreko jardueraren guztizko kostua gaindituz gero, soberakin horren bateraezintasuna adieraziko da eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

17. artikulua.- Diru-laguntzen publizitatea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, bere sailburuaren aginduaren bidez, urtero egingo du aginduan aurreikusitako laguntzak emateko deialdia, dagokion aurrekontu-esleipena eta eskabideak aurkezteko epea jasotzen duena.

18. artikulua.- Eskabideen aurkezpena.

1.- Eskabideak eskari normalizatu bidez aurkeztuko dira eta eskari hori Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan edo Gizarteratze Zuzendaritzan jaso eta aurkeztu ahal izango da dagokion dokumentazioarekin batera. Edonola ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko da.

2.- Aurreko atalean aipatzen diren eskari normalizatuak Justizia, Ekonomia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lurralde Ordezkaritzetan lortuko dituzte erakunde interesdunek.

19. artikulua.- Derrigorrezko dokumentazioa.

1.- Laneratzeko enpresak sortzeko laguntzen kasuan, erakunde interesdunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskabide normalizatuarekin batera:

a) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

b) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Lurralde Zuzendaritzaren edo, Kooperatiba Sozietateen kasuan, dagokion erakundearen ziurtagiria -eguneratua eta bi aletan-, laguntza eskatu duen erakundeak Zergak eta Gizarte Segurantza ordainduta dituela ziurtatzen duena. Ziurtagiriaren ordez, idazki bat aurkeztu ahal izango da, behar bezala zigilatuta, ziurtagiria eskatu izana frogatzeko, baina idazki horrek eskabidea aurkezteko baino ez du balio izango. Zor bat atzeratzea lortzen duen erakundeak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

c) Erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpena, administrazio honi edo beste Administrazio Publiko batzuei edota beste erakunde publiko batzuei xede eta helburu bererako eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta edo bideratzen) jakinarazteko.

d) Erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz zehapen-prozedurei buruz, prozedura horiek oraindik izapidetzealdian badaude, behintzat.

e) Merkatu-azterlanera jarri nahi den laneratzeko enpresa sortzeko proiektua, aurrekontu ekonomikoarekin batera.

f) Erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpena, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela adierazita; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

2.- Laneratzeko enpresak mantentzera bideratutako laguntzen kasuan, enpresa interesdunek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute eskabide normalizatuarekin batera:

a) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

b) Ekitaldi bakoitzaren amaierako urteko kontuak eta kudeaketa-txostena.

c) Hurrengo urterako jarduera-plana eta aurrekontua, eskatzen den laguntzari dagozkion diru-laguntza lineei dagokienez.

d) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Lurralde Zuzendaritzaren edo, Kooperatiba Sozietateen kasuan, dagokion erakundearen ziurtagiria -eguneratua eta bi aletan-, laguntza eskatu duen erakundeak Zergak eta Gizarte Segurantza ordainduta dituela ziurtatzen duena. Ziurtagiriaren ordez, idazki bat aurkeztu ahal izango da, behar bezala zigilaturik, ziurtagiria eskatu izana frogatzeko, baina idazki horrek eskaera aurkezteko baino ez du balio izango. Zor bat atzeratzea lortzen duen erakundeak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztia.

e) Erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpena, administrazio honi edo beste Administrazio Publiko batzuei edota beste erakunde publiko batzuei xede eta helburu bererako eskatutako beste edozein laguntza zein egoeratan dagoen (emanda, eskatuta edo bideratzen) jakinarazteko.

f) Erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren Erakunde Autonomoek emandako -eta izaera bereko diren- laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedurei nahiz zehapen-prozedurei buruz, prozedura horiek oraindik izapidetzealdian badaude, behintzat.

g) Aktibo finkoetako inbertsioetarako diru-laguntzen kasuan, inbertsio-proiektua.

h) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortu eta mantentzeko diru-laguntzen kasuan, sor daitezkeen lanpostuen kopuruaren aurreikuspena, lanpostuak sortzeko aurreikusitako programazio osoa adierazita.

i) Laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortu eta mantentzeko diru-laguntzen kasuan, sor daitezkeen lanpostuen kopuruaren aurreikuspena.

j) Merkatu-azterlanak egiteko diru-laguntzen kasuan, merkatuak irekitzeko edo azterlanaren xede den enpresa-jarduera bideratzeko proiektua, aurrekontu ekonomikoarekin batera.

k) Kontabilitate- eta kudeaketa-auditoretzak egiteko diru-laguntzen kasuan, auditoretza-proiektua.

l) Prestakuntza-ikastaroetarako diru-laguntzen kasuan, enpresaren prestakuntza-plana; bertan, gutxienez, ikastaroen zerrenda, ikastaroak jaso ditzaketen ikasleen kopurua eta ikastaroak emango dituzten erakundeen zerrenda adieraziko dira.

m) Erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpena, zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta ez dagoela eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ez dagoela adierazita; Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

20. artikulua.- Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo aurreko artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar egunetan akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Administrazioak, ordea, espresuki erabaki eta jakinarazi behar du ebazpena, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera (Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea).

21. artikulua.- Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak eta publizitate-prozedura.

1.- Gizarte Ongizateko Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.- Gizarteratze zuzendariak esanbidez emandako Ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Prozesu hori modu jarraituan egingo da, eskabideak jaso ahala.

3.- Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Gizarteratze sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

4.- Eskabidea aurkeztu eta hiru hilabete igaro ondoren ez bada esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ukatutzat joko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako; hala ere, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman behar du.

5.- Publizitate-printzipioa betetzeko, Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zein erakundek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein erakunderi emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, emateko ebazpenak esanbidez eta banan-banan jakinaraziko da.

22. artikulua.- Diru-laguntzak ordaintzeko eta justifikatzeko modua.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak honela ordainduko dira:

1.- Laneratzeko enpresak sortzeko laguntzak.

Diru-laguntza horren ordainketa honako prozedura honen bidez egingo da:

a) Lehen ordainketan diru-laguntzaren guztizkoaren % 70, diru-laguntza ematen den unean.

b) Bigarren ordainketan % 20, azterlana eta egindako gastuen jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

c) Hirugarren ordainketan gainerako % 10a, laneratzeko enpresen erregistroan inskripzioa egiteko eskaera gauzatu ondoren, betiere proiektua bideragarria bada. Proiektua bideragarria ez bada, hirugarren ordainketa hau azterlana aurkezteko unera aurreratuko da.

2.- Laneratzeko enpresen iraunkortasunerako laguntzak.

a) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzera edo mantentzera bideratutako aktibo finkoetan egindako inbertsioetarako diru-laguntzak.

Diru-laguntza horren ordainketa honako prozedura honen bidez egingo da:

1) Lehen ordainketan diru-laguntzaren guztizkoaren % 70, diru-laguntza ematen den unean.

2) Bigarren ordainketan, gainerako % 30a, egindako inbertsioen jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu ondoren, eta gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak bete ondoren.

b) Gizarteratze-prozesuan dauden pertsonentzako lanpostuak sortzeko eta mantentzeko diru-laguntzak.

Diru-laguntza horren ordainketa honako prozedura honen bidez egingo da:

1) Diru-laguntza ematen den lehen urtean:

- Lehen ordainketan lehen urteari dagokion diru-laguntzaren guztizkoaren % 50, diru-laguntza ematen den unean.

- Bigarren ordainketan gainerako % 50a, lehen ordainketaren datatik sei hilabetera.

2) Diru-laguntza ematen deneko bitarteko aldian:

- Diruz lagundutako kopuruaren urteko zenbatekoaren % 50aren seihilekoko ordainketak.

- Ondoren egin beharreko laguntza hauen urteko ordainketetan, lehen eta bigarren ordainketa egiteko beharrezkoa izango da laneratzeko enpresak lanpostu horiek gizarteratze-prozesuan dauden pertsonek betetzen dituztela egiaztatuko duen dokumentazioa aurkeztea eta Kudeaketa Zuzendaritzak egiaztatzea.

3) Diru-laguntza ematen den hirugarren aldian:

- Diru-laguntza ematen deneko aldiaren azken urtean, urte horretan bertan diruz lagundutako zenbatekoaren % 50aren lehen ordainketa egingo da.

- Bigarren ordainketa, % 40arena, diruz lagundutako aldiaren azken seihilekoari dagokio.

- Azken ordainketan gainerako % 10a ordainduko da, prozesuaren amaiera bete izana justifikatu ondoren.

c) Produkzioari laguntzeko teknikarientzako lanpostuak sortu eta mantentzeko diru-laguntzak.

Diru-laguntzaren ordainketa aurreko atalean adierazitako prozedurari jarraiki egingo da.

d) Laneratzen laguntzeko ekintzetan espezializatutako teknikarientzako lanpostuak sortu eta mantentzeko diru-laguntzak.

Diru-laguntzaren ordainketa aurreko bi ataletan adierazitako prozedurari jarraiki egingo da.

e) Laguntza teknikoa.

1) Merkatu-azterlanak egitea, merkatu berriak irekitzeko edo enpresa-jarduera berriz bideratzeko.

Emandako diru-laguntzaren ordainketa honako prozedura honen bidez egingo da:

- Lehen ordainketan diru-laguntzaren guztizkoaren % 50, diru-laguntza ematen den unean.

- Bigarren ordainketan % 50, aldez aurretik azterlana eta egindako gastuen jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2) Kontabilitate-auditoretzak eta kudeaketa-auditoretzak egiteko diru-laguntza.

Emandako diru-laguntzaren ordainketa honako prozedura honen bidez egingo da:

- Lehen ordainketan diru-laguntzaren guztizkoaren % 50, diru-laguntza ematen den unean.

- Bigarren ordainketan % 50, kontabilitate- eta kudeaketa-auditoretza eta egindako gastuen jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

f) Prestakuntzarako diru-laguntzak.

Emandako diru-laguntzaren ordainketa honako prozedura honen bidez egingo da:

1) Lehen ordainketan diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza ematen den unean.

2) Bigarren ordainketan % 40, egindako gastuen jatorrizko egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

23. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Agindu honen xedeetarako behar diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrean, edo aurrekontu izaerako lege mailako arauetan, horretarako propio ezartzen diren aurrekontuko kredituetatik aterako dira. Ezin izango da ekitaldiko aurrekontuetan onartutako diru-laguntzetarako kopuru osoa baino diru gehiago eman, ez eta, baldin eta, indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontuak aldatzea onartuta, halakorik gertatzen bada, aurrekontuak eguneratzean onartzen diren aurrekontu-kredituetan onartutakoa baino gehiago ere. Aldaketa horiek egon baleude, gertaera hori argitara emango litzateke, Gizarteratze eta Familia sailburuordearen ebazpen baten bidez. Laguntzak dagozkien ordainketa eta konpromisozko kredituei egotziko zaizkie zatikako ordainketei aurre egineko, hau guztia delako ekitaldian aplikagarria gerta dadin aurrekontu-itxierari buruzko arautegiaren kalterik gabe.

2.- Aurrekontuan helburua betetzeko behar besteko kreditu ez badago, laguntzak ez dira onartuko, eta, hartara, agindu honek eta garapen-arauek beste laguntza batzuk emateko duten eraginkortasuna baliogabetuta geratuko da. Horregatik guztiagatik, Agindu hau indarrean dagoen bitartean ekitaldi ekonomiko batean laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, Gizarteratze eta Familia sailburuordeak egoera horren berri emango du, ebazpen administratiboaren bidez, eta, ebazpen horretan kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.- Aurrekontu-ekitaldi batean diruz lagun daitezkeen egoerei dagozkien laguntza-eskabideei erantzuterik ez badago ekitaldi horren aurrekontu-kredituak kontuan hartuta, eskabide horiek hurrengo ekitaldiko aurrekontu-kredituei esleitu ahal izango zaizkie, beste eskabide bat aurkeztu ondoren, betiere egoera horiek agindu honetan laguntzak lortzeko ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

24. artikulua.- Europako Gizarte Funtsaren finantziazioa.

Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpenean Europako Gizarte Funtsak ere finantzatzen dituela ageri beharko da.

25. artikulua.- Diru-laguntzen aldaketa eta amaiera.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek edo ente publiko edo pribatu batzuek emandako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere erakunde onuradun izateko aginduan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Gizarteratze Zuzendaritzak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak (zenbateko horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuta eman dira) egokituko dira, eta erakunde onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

2.- Ezarritako epea betetzen denean edo diru-laguntza ematerakoan zeuden baldintzak jadanik betetzen ez direnean iraungiko dira laguntzak.

26. artikulua.- Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntzaren erakunde onuraduna Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluak adierazitako kasuren batean biltzen bada, azaroaren 11ko 182/2008 Dekretuaren 11. artikuluan ezarritakoari jarraiki laneratzeko enpresaren kalifikazioa galtzen badu edo Agindu honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta emakidari buruzko ebazpenean ezarritako edozein baldintza betetzen ez badu, Gizarteratze zuzendariak, ebazpen baten bidez, jasotzeko geratzen diren kopuruak hartzeko eskubidearen galera eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak gehi diru-laguntza ordaintzen denetik bidezkoak diren legezko interesak itzultzeko betebeharra deklaratuko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki bidezkoak diren gainerako ekintzak alde batera utzi gabe. Aipatutako kopuruak sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorioetarako eta erantzukizunen erregimena Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da. Diru-kopuru horiek herri-dirutzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da erantzukizunen erregimena.

27. artikulua.- Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako arauak betetzen ez badira, honako hau izango da jasotako diru-laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Gizarteratze zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio erakunde interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzan. Prozedura hasteak, edonola ere, eten egingo ditu oraindik egin ez diren ordainketak.

b) Alegazioak jaso ondoren edo epe hori alegaziorik aurkeztu gabe igaroz gero, Gizarteratze zuzendariaren ebazpenaz amaiera emango zaio itzultze-prozedurari.

Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela joz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita bi hilabeteko epean dagozkion diru-kopuruak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra deklaratuko da. Borondatezko aldiko epe gisa kontuan hartuko da epe hori.

c) Borondatezko aldian dirua itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplika daitekeen legezko araudiak dioenaren arabera jardun dezan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Laneratzeko enpresak sortzeko eta mantentzeko agindu honetan aurreikusitako laguntzetarako 2009rako deialdiak egin dira. Aurten eskabideak aurkezteko epea agindu hau indarrean sartzen denean hasiko da, eta 2009ko urriaren 31n amaituko da.

Bigarrena.- Agindu honetako helburua betetze aldera bideratutako baliabide ekonomikoei dagokienez, 2009rako gehienez 9.396.290 euro bideratuko dira, honela banatuta: 2009ko ekitaldirako 3.775.242 euroko ordainketa-kreditu baten bidez, 2010erako 2.426.708 euroko konpromiso-kreditu baten bidez, 2011rako 2.370.340 euroko konpromiso-kreditu baten bidez; eta 2012rako 824.000 euroko konpromiso-kreditu baten bidez.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.- Arau indargabetzea.

Esanbidez indarrik gabe utzi dira ondorengo agindu hauek:

- 2002ko abenduaren 11ko Agindua, laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituena.

- 2007ko maiatzaren 3ko Agindua, 2002ko abenduaren 11ko Agindua aldatzen duena eta laneratzeko enpresak sortu eta mantentzeko laguntzak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ordezko araubidea.

Administrazio-prozedurari buruz agindu honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Bigarrena.- Arauaren garapena.

Gizarteratze eta Familia sailburuordeari ematen zaio agindu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak hartzeko aginpidea.

Hirugarrena.- Errekurtsoak.

Agindu honen aurka badago administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztea Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoa betez (Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen du lege horrek).

Laugarrena.- Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko maiatzaren 4a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala