Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2009ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
3001

EBAZPENA, 2009ko martxoaren 30ekoa, Energia eta Meategien zuzendariarena, zeinaren bitartez onartu eta herri-onurako deklaratzen baita ondoko linearen exekuzio-proiektua (Galdamesko udalerrian, Sopuerta-Galdames TEAko -2. zirkuitua- 28 eta 39 zenbakietako euskarrien artekoa eta 13,2 kV-koa), linea hori herri onurarakotzat deklaratzen baita, eta onartu egiten baita egungo linearen desguazea.

Erref.: L-7111 -AS-BMR.

Espedientea: ATH-2008/89.

AURREKARIAK

1.- 2008ko urriaren 29an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAk (Bilboko Gardoki kalea, 8) ondoko linea elektrikoari doakionez exekuzio-proiektua onartzea, herri-onurako deklaratzea eta administrazio-baimena eskatu zituen: Galdamesko udalerrian, Sopuerta-Galdames TEAko (2. zirkuitua) 28 eta 39 zenbakietako euskarrien artekoa eta 13,2 kV-koa. Hartarako, Iñigo Sánchez Negrete industria-ingeniariak sinatutako eta Bizkaiko Industri Ingeniarien Elkargo Ofizialak 2008ko urriaren 22an 7615 zenbakiz bisatutako proiektu teknikoa aurkeztu zuen eskabidearekin batera.

2.- Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuko 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica SAren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2008ko azaroaren 27an BAOn, 2008ko abenduaren 11n EHAAn eta 2008ko abenduaren 16an Deia egunkarian.

3.- 2008ko azaroaren 12an ofizio bat igorri zitzaion Galdamesko Udalari, aipaturiko iragarkia udaletxeko iragarki-oholean jar zezan, eta, aldi berean, instalazioaren herri-onuraren deklarazioa bidezkoa zen ala ez adierazteko txostena eta, hala bazegokion, egoki iritzako baldintza teknikoak aurkez zitzan.

4.- 2008ko urtarrilaren 21ean Galdamesko Udalari txostena berriz eskatu zitzaion, ezarritako epean ez baitzen erantzunik jaso.

5.- Jendaurreko informazio epearen barruan ez da partikularren batek eginako alegaziorik edo gai horri buruz baten batek egindako txosten negatiborik aurkeztu.

6.- Iberdrola Distribución Eléctrica SAri igorri zaizkio Galdamesko Udalak aurkeztutako baldintzak, eta onartu egiten ditu Iberdrolak.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

A) Espedientean arauzko izapideak bete dira, hau da, Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legean, argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta zuzkitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta gai horretan aplikagarriak diren gainerako legeetan ezarritakoak.

B) Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 52. artikuluak herri-onurakotzat deklaratzen ditu argindarra banatzeko instalazioak, horiek instalatzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta igarobide zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez berarekin dakar ondasun eta eskubide horien hartu beharra eta presaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 11ko 284/2005 Dekretuan (2005-10-27ko EHAA) aitortzen dizkion ahalmenen indarrez, Energia eta Meategien zuzendariak hau

EBATZI DU:

Iberdrola Distribución Eléctrica SAri baimena ematea eta Galdamesko udalerrian, Sopuerta-Galdames TEAko (2. zirkuitua) 28 eta 39 zenbakietako euskarrien arteko 13,2 kV-ko linearen exekuzio proiektua onartzea, zeinaren ezaugarririk nagusienak hauek baitira:

Airetiko linea elektrikoa.

- Zerbitzu-tentsioa: 13,2 kV.

- Eroaleak: 3 (1x154,6) mm² de AL-AC.

- Euskarriak: metalikoak.

- Luzera: 971 m.

- Hasiera: 2 Galdames lineako 28 zenbakiko euskarria.

- Amaiera: 39. euskarria, linea berekoa.

Baimentzen den instalazioa herri-onurakotzat deklaratzea eta deklarazioak, azaroaren 27ko 54/1997 Legeko 54. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu behar direla eta okupazioa, gainera, presaz egin behar dela. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro ondorioekin.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriaz eta ondoko baldintza orokorrekin ematen da ebazpen hau:

1.- Anizeto Onandia Usategui industria ingeniari teknikoak sinatutako eta Bizkaiko Industria Ingeniari Teknikoen Elkargo Ofizialak 2008-03-11n 1759 zenbakiarekin ikus-onetsitako proiektuari jarraiki eta aurkeztutako agirien arabera burutu beharko dira obrak.

2.- Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik hara.

3.- Instalazioen titularrak obrak amaitu direla jakinarazi beharko dio Bizkaiko Lurralde Bulegoari, betiere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta emateko.

4.- Obrak egiteko beharrezko diren udal edo probintzien eskumenpeko baimen edo lizentziak eta gainerakoenak errespetaturik, ematen da baimen hau, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik. Halaber, inoren eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubideari eutsiz ematen da.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Berrikuntza eta Energia sailburuaren aurrean, ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean, hala agintzen baita 4/1999 Legean (lege horrek Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen).

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 30a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

TXABER LEZAMIZ CONDE.


Azterketa dokumentala