Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2009ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
2990

EBAZPENA, 2009ko apirilaren 24koa, UPV/EHUko idazkari nagusiarena, UPV/EHUko Klaustroa Hautatzeari eta haren Funtzionamenduari buruzko Arautegia eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emateko dena.

Unibertsitateko kide anitzeko organoen artetik Unibertsitateko Klaustroa eta Gobernu Kontseilua dira garrantzitsuenetakoak. Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Legeak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldaraziak) emandako definizioaren arabera, Unibertsitateko Klaustroa da unibertsitatearen ordezkaritza-organo gorena, eta Gobernu Kontseilua unibertsitatea gobernatzeko ardura daukana.

Estatutuetako 229. artikuluan jasota dago Unibertsitateko Klaustroak eskumena daukala bere kideen hauteskundeetarako arauak onartu eta aldatzeko, eta 236. artikuluan, bestalde, Unibertsitateko Klaustroaren eskumena dela Klaustroaren Funtzionamendurako Arautegia onartzea.

Arautegiaren testua osatzeko prozesua behin bukatuta, Klaustroari dagokion Estatutuak Garatzeko Batzordeak arautegirako proposamena aurkeztu zuen 2008ko abenduan, eta Unibertsitateko Klaustroak 2009ko otsailaren 26an onartu zuen.

Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegiak ere pareko ibilbidea egin du apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak, Unibertsitateei buruzko Legea aldaraztekoak, zehaztutakora egokitzeko. Horrela, bada, 2009ko apirilaren 23an, Gobernu Kontseiluak arautegia onartu zuen Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen irizpena izan ondoren.

Bukatzeko, otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, 10. artikuluan dio Antolaketaren eta jarduteko moduaren gainean unibertsitate publikoko gobernu organoek emandako estatutuak eta arauak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko direla, eta argitaratzen direnean jarriko direla indarrean. Bestalde, UPV/EHUko Estatutuetako 258.1.d) artikuluaren arabera, idazkari nagusiak bermatu behar du UPV/EHUko erabakiak era horretan argitaratzen direla.

Hori guztia kontuan hartuta, UPV/EHUko idazkari nagusiak honakoa

EBATZI DU:

Artikulu bakarra.- Agindua ematea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko UPV/EHUko Klaustroa Hautatzeari eta haren Funtzionamenduari buruzko Arautegia, I. eranskinean jasotakoa, eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendurako Arautegia, II. eranskinean jasotakoa.

Leioa, 2009ko apirilaren 24a.

UPV/EHUko idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

I. ERANSKINA

UPV/EHUko KLAUSTROA HAUTATZEARI ETA HAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ARAUTEGIA

ATARIKOA

UPV/EHUko klaustroa hautatzeari eta haren funtzionamenduari buruzko arautegi hau prestatua da 233. artikulutik 239. artikulura bitartekoetan zehaztutakoak eta Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuak onartutako estatutuetan aipatutako aurreko artikuluekin zerikusia duten arauak betez.

Arautegia prestatzeko inspiratu duten antolamendu- eta funtzionamendu-printzipioen asmo nagusia izan da UPV/EHUren ordezkaritza duen goreneko organoaren izaera azpimarratu eta bermatzea. Horrek eskatzen du klaustroaren egitura organiko eta operatiboari ahalik eta dinamismorik handiena eranstea, ideien erkatze askea eta ideiei buruzko eztabaiden erabateko hedapena ahalbidetze aldera. Xedea da, horrenbestez, klaustroa benetako unibertsitate-eztabaidarako tokia izatea, eta unibertsitateko kide guztiak harekin identifikatu eta hark ordezkatuak senti daitezen.

LEHENENGO TITULUA

UNIBERTSITATEKO KLAUSTROA, ESKUMENAK ETA OSAERA

1. artikulua.- Unibertsitateko Klaustroa da, UPV/EHUren politika globalaz eztabaidatzeko eta orientatzeko organoa, unibertsitateko kideak ordezkatzen dituen gobernu-organo gorena.

Haren eskumenen eremuan hartzen dituen erabakiek kide anitzeko eta pertsona bakarreko beste organo guztiak behartzeko indarra dute.

2. artikulua.- 1.- Hauek dira Unibertsitateko Klaustroari dagozkion eginkizunak:

a) UPV/EHUren estatutuak prestatu eta onartzea, bai eta horien aldaketak ere.

b) Klaustroaren funtzionamenduari buruzko arautegia onartzea, eta, hala badagokio, berori aldatzea, baita kideak hautatzeko arauak ere.

c) UPV/EHUren plangintza estrategikorako eta hizkuntza-plangintzarako oinarriez iritzia ematea, bai eta errektoreak, Gobernu Kontseiluak eta klaustrokideen laurden batek aurkezten dizkioten gai guztiez ere.

2.- Unibertsitateko Klaustroaren eskumenak dira, baita ere:

a) Errektorea aukeratzeko hauteskundeetara deitzea estatutuen 237. artikuluak jasotako kasuetan.

b) Gobernu Kontseiluko kideak hautatzea, euren karguagatik edo errektoreak nahiz Gizarte Kontseiluak izendaturik Gobernu Kontseiluko kide direnak kenduta.

c) Aldezlea aukeratzea, haren funtzionamenduari buruzko arautegia onartzea eta errektoreari proposatzea, hala badagokio, hura edo haren ondokoak kargutik kentzeko, estatutuen 109.3. artikuluak xedatutako kasuetan.

d) Estatutu-batzordeetako kideak hautatzea batzorde horiek aukeratzeko arautegiek diotena betez.

e) Campusak sortu, aldatu edo kentzea, Gobernu Kontseiluak proposatuta.

f) Gura dituen batzordeak sortzea, klaustroak berak emango dizkien helburu eta eskumenekin.

g) UPV/EHUren diziplina-erregelamenduko arau-hausteak eta zehapenak onartzea.

h) Estatutuek eta, oro har, legeriak ematen dizkioten gainerako eskumen guztiak.

3. artikulua.- 1.- Honakoak dira Unibertsitateko Klaustroko kide:

- errektorea (Klaustroko burua izango da)

- idazkari nagusia (Klaustroko idazkaria izango da),

- gerentea, eta

- hirurehun kide gehiago era honetara banatuta:

a) unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak: 153 (% 51)

b) bestelako irakasle eta ikertzaileak: 54 (% 18).

c) ikasleak: 60 (% 20).

d) administrazio eta zerbitzuetako langileak: 33 (% 11).

2.- Hauek dira lehenago aipatutako hauteskunde talde bakoitza osatzen duten kideak:

a) UPV/EHUrekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak, hau da: unibertsitateko katedradunen kidegoetakoak; unibertsitate eskoletako katedradunen kidegoetakoak; unibertsitateko irakasle titularrak; eta unibertsitate eskoletako irakasle titularrak, baldin eta doktore titulua badute. Era berean, talde honetan sartuko dira UPV/EHUrekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaile doktoreen taldeko kideak.

b) Gainerako irakasle eta ikerlariak, aurreko taldean sartzen ez direnak.

c) Ikasketa ofizialetan matrikulatutako ikasleak. Talde horretakoak izango dira berezko tituluetan eta Giza Zientzien unibertsitate tituluan matrikulatutako ikasleak. Hirugarren zikloko ikasletzat honakoak hartuko dira: doktoregoko programaren batean matrikula egina dutenak; ikertzeko gaitasuna aitortuta izanik eta tesi proiekturako tutoretza-matrikula egina izanik, ez dutenak tesiaren defentsa egin.

d) Administrazio eta zerbitzuetako langileak: UPV/EHUko funtzionarioak, bitarteko funtzionarioak, lan-kontratuko langile finkoak eta aldi baterakoak, beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioak -baldin eta, indarreko legeria beterik, UPV/EHUn lan egiten badute-, eta konfiantzazko langileak -baldin eta lanpostuen zerrendan izaera horrekin agertzen badira-.

3.- Ahalegina egingo da bi sexuen ordezkaritza parekatua izateko, betiere, hori posible bada. Posible ez denean, arrazoi sendoak aurkeztu beharko dira, behar bezala egiaztatuak. Ordezkaritza parekatutzat hartuko da kide anitzeko organoan sexu bietako jendea dagoenean ordezkatuta gutxienez % 40an.

BIGARREN TITULUA

KLAUSTROKIDEEN HAUTATZEA ETA ESTATUTUA

I. KAPITULUA

KLAUSTROKIDEAK HAUTATZEKO ARAUAK

4. artikulua.- 1.- Hauteskunde Batzorde Nagusiak egingo du irakasle eta ikertzaileek Klaustroan izango dituzten ordezkarien banaketa, kontuan hartuta ikastegietan duten kide kopuruaren proportzio erlatiboa eta arduraldiaren haztapena. Era berean, ikastegiek ordezkari bana izango dute klaustroan, ikastegian nagusi den irakasleen kidegokoa.

2.- Ikastegi bakoitzak gutxienez ikasleen ordezkari bat izango du Klaustroan. Gainontzeko ordezkarien banaketa ikastegi bakoitzean guztira dagoen ikasle kopuruaren zuzenki proportzionala izango da.

3.- Administrazio eta zerbitzuetako langileek Klaustroan izango dituzten ordezkariak banatuko dira talde horrek campus bakoitzean duen kide kopuruaren proportzio erlatiboaren arabera.

4.- Arduraldiaren eta mailen haztapena honela egingo da:

a) Arduraldi osoko irakasle eta ikertzaileak: puntu bat.

b) Arduraldi partzialeko eta bost eta sei orduko kontratua duten irakasle eta ikertzaileak: 0,75 puntu.

c) Arduraldi murriztua eta lau eta hiru orduko kontratua duten irakasle eta ikertzaileak: 0,37 puntu.

5. artikulua.- 1.- Talde bakoitzaren ordezkariak taldeko kideek beren artean eta artetik aukeratuko dituzte.

2.- Hautesle eta hautagarri izango dira matrikula indarrean duten ikasleak eta izendapenaren bidez edo indarreko kontratu baten bidez Euskal Herriko Unibertsitatean zerbitzuak betetzen dituzten guztiek, betiere, errolda ixteko egunean jardunean badaude eta 1.2 artikuluan jasotako hautesle taldeetako erroldaren batean agertzen badira.

3.- Hauteskundeetan botoa emateko edo hautagai izateko baldintzak hauteskundeetarako deian hautesle erroldak ixteko adierazitako egunean bete behar dira.

4.- Ezin izango da errolda batean baino gehiagotan egon, eta kideren bat batean baino gehiagotan ageri bada, jarduera nagusia zein taldetan betetzen duen izango da kontuan; ikastegietako erroldetan, kontratuen arabera zeinetan daukan antzinatasun handiena izango da kontuan.

5.- Ikastegi atxikietako ikasleak, administrazioko langileak eta irakasleak ez dira ez hautesle ez hautagarri izango.

6. artikulua.- 1.- Hautesleak kasuan kasuko hauteskunde mahaian emango du botoa; dena dela, botoa aldez aurretik emateko eskubideari buruz zehaztutakoa ere izan beharko da kontuan.

2.- Hautesle errolda eta, beraz, hauteskunde taldeen banaketa (hautagarri edo hautesle izan zaitezkeen jakin ahal izateko), hauteskunde eguna baino hilabete bat lehenago itxiko da, betiere Gobernu Kontseiluak hauteskundeetarako onartzen duen egutegiari jarraituta.

3.- Hautesle errolda itxi eta, gehien jota, bost eguneko epean argitaratuko da.

4.- Ikastegiko hauteskunde batzordeak txostena egingo du, hautesle errolden kontra egindako inpugnazioei buruzkoa, eta erabaki proposamenarekin batera Hauteskunde Batzorde Nagusira bidaliko du. Hauteskunde Batzorde Nagusiak egiaztatu egingo ditu erroldetan egindako zuzenketak, eta okerrik edo hutsik antzemanez gero, zuzendu egingo ditu.

7. artikulua.- 1.- Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagokio emaitzak antolatu, kontrolatu eta aldarrikatzea, baita Unibertsitateko Klaustroko kideak hautatzeko prozesuaren aurkako inpugnazioak ebaztea ere (Hauteskunde Batzorde Nagusiak Idazkaritza Nagusian dauka egoitza).

2.- Hauteskunde Batzorde Nagusiko buruari zuzendutako idazki eta agiri guztiak nahitaez aurkeztu beharko dira unibertsitatearen erregistro orokorrean, ordutegia kontuan hartuta.

8. artikulua.- 1.- Unibertsitateko Klaustroko ordezkariak aukeratzeko hauteskundeetan, irakasle eta ikertzaileentzat (a eta b hauteskunde taldeak) ikastegia izango da hauteskunde barrutia.

2.- Ikasleen kasuan, hauteskunde barrutia ikastegia izango da. Doktoregoko, master ofizialetako eta berezko tituluetako ikasleen kasuan, honakoetako bat izango da barrutia: ikasketak ematen diren ikastegia edo ikastegi baten baino gehiagotan ematen badira, programaren ardura daukan sailaren edo institutuaren egoitzari dagokion ikastegia. Hori posible ez bada, programako zuzendariaren ikastegia izango da barrutia. Giza Zientzietako ikasleen kasuan, berriz, eskolak emateko erabiltzen den lekua.

3.- Administrazio eta zerbitzuetako langileen hauteskunde barrutia UPV/EHU osatzen duten hiru campusetako bakoitza da.

9. artikulua.- 1.- Ordezkariak aukeratzeko hauteskunde eguna behin zehaztuta, hauteskunde batzorde bana eratuko da hauteskunde barrutietan. Batzorde hori barrutiko hauteskunde talde bakoitzeko kide batez osatuta egongo da, ikastegiko batzarreko kideen artetik aukeratuta. Batzordeburua dekano edo zuzendaria izango da, edo hark eskuordetutako kideren bat, eta idazkaria, berriz, idazkari akademikoa. Ikastegiko hauteskunde batzordeak indarreko agintaldia badauka, bera izango da arituko dena.

2.- Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalak (AZP) campus bakoitzean izango duen hauteskunde batzordeko burua gerentea edo horrek eskuordetutako pertsona izango da, eta horrez gain, beste bi kide izango ditu campuseko talde horretako kideen artetik zozketaz aukeratuak.

10. artikulua.- 1.- Barruti bakoitzeko gorabeherak kontuan hartuta, batez ere ikastegiak edo lan lekuak bata bestearengandik urruti daudenean, hauteskunde batzordeek hauteskunde mahai bat baino gehiago eratzea erabaki dezakete.

2.- Hauteskunde mahai bakoitzak mahaiburu bat eta hiru mahaikide izango ditu. Edozelan ere, bi mahaiburu (titularra eta ordezkoa) eta sei mahaikide (3 titular eta 3 ordezko) izendatuko dira, behar bezala ordenatuta. Guztiak ados jarrita, aukera izango dute eginkizunak banatzeko eta aktan jasota ageri beharko da. Horiek guztiak barrutiko hautesleen artetik, eta, egoki denean, kasuan kasuko hauteskunde taldeetako kideen artetik, aukeratuko dira barrutiko hauteskunde batzordeak egindako zozketaren bidez. Ez da zozketan sartuko hautagai izateko onartutakorik.

3.- Iraupena eta garrantzia kontuan hartuta Gobernu Kontseiluak titulazio ofizial eta berezko tituluen pareko hartuko dituen ikasketen kasuan, Klaustrorako hauteskundeetarako mahaietako kideak Hauteskunde Batzorde Nagusiak egindako zozketaren bidez aukeratuko dira.

4.- Hauteskunde mahaiko kide izatea egokituz gero, nahitaezkoa da eginkizun hori betetzea, behar bezala egiaztatutako bidezko arrazoirik izan ezean. Horrelakoetan, idatzi bidez egin beharko zaio uko izendapenari, idatzia hauteskunde batzordeko idazkariari zuzenduta eta izendapenerako jakinarazpenean zehaztutako epearen barruan.

5.- Mahaia eratzean ez bertaratzeak erantzukizunak eskatzea ekar dezake, eta horrelako egoeratan, hauteskunde mahaiko buruak edo, hala egokituz gero, kasuan kasuko hauteskunde batzordeak, hautesleen artetik berak nahi duena aukeratuko du.

6.- Mahaia eratzeko akta mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskariek bete behar dute bozketa hasi aurretik, Hauteskunde Batzorde Nagusiak onartutako ereduari jarraituz.

7.- Hauteskunde prozesuan gorabehera larririk gertatuz gero, mahaiburuak Hauteskunde Batzorde Nagusiari jakinaraziko dio lehenbailehen, eta gainera horren berri jaso beharko du aktan.

11. artikulua.- 1.- Klaustroko ordezkariak hautatzeko hautagai zerrendak kolektiboak, itxiak eta ordenatuak izango dira, eta kasuan kasuko barrutiko hauteskunde batzordeari aurkeztu behar zaizkio hautagai guztien sinadurarekin. Hautagai zerrendan jasotako gutxieneko hautagai kopurua ikastegi eta talde bakoitzerako zehaztutako kideen erdia izan behar da, eta gauza bera campus bakoitzeko administrazio eta zerbitzuetako langileen talderako. Horrez gain, sexuen arteko oreka gorde behar da eta zerrendan, bata emakumezkoa, bestea gizonezkoa, bata emakumezkoa, bestea gizonezkoa... izan behar dira.

2.- Hautagai zerrendak aurkezteko idatzia UPV/EHUko Erregistro Orokorreko bulegoetan aurkeztu beharko da, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiari jarraiki, eta, betiere, bozketa eguna baino hamar egun baliodun baino lehenago.

3.- Hauteskunde barruti bakoitzeko hauteskunde batzordeak egiaztatu egin behar du hautagai bakoitzak baldintzak betetzen dituela, egon daitezkeen inpugnazioak ebatziko ditu eta, gehienez ere hiru eguneko epean, hautagaiak aldarrikatuko ditu.

4.- Hauteskunde batzordeek toki egokietan argitaratuko dituzte hauteskundeetarako hautagaien zerrendak.

5.- Hautagaiak behin-behinekoz aldarrikatuta, inpugnazioak aurkeztu ahal izango dira unibertsitateko erregistro orokorretan, hauteskundeen egutegian horretarako zehaztukotako epean. Hauteskunde batzordeak inpugnazioak ebatzi, hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatu eta agindua emango du ikastegi bakoitzeko iragarki oholean, eta administrazio eta zerbitzuetako langileenak campuseko iragarki oholean argitaratzeko.

6.- Aldarrikatutako hautagai zerrendak jendaurrean egongo dira bozketaren hurrengo egunera arte.

12. artikulua.- 1.- Hala nahi duten hautagaiek ikuskari bat eta haren ordezkoa proposatu ahalko dute mahai bakoitzeko. Ikuskaria eta ordezkoa kasuan kasuko mahaiko hauteslea izan beharko dira.

2.- Ikuskariak eta ordezkoak izendatzeko eskariak Hauteskunde Batzorde Nagusiari bidali beharko zaizkio, hautagaiak behin betiko aldarrikatu eta hurrengo bi egunen barruan. Eskarian zehaztuta egon beharko dira proposatu nahi diren ikuskarien izen-deiturak, helbidea eta telefonoa, eta horrekin batera interesatuek sinatutako onarpen idatziak aurkeztu.

3.- Hauteskunde Batzorde Nagusiak, baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, bakoitzaren izendapena egingo du, bi kopiatan. Ikuskariak aleetako bat mahaiko buruari emango dio eta hark mahaia eratzeko aktari erantsi.

13. artikulua.- 1.- Hautagai zerrendak behin betiko aldarrikatzen direnetik botaziorako 24 ordu falta diren arte, hautagaiek hauteskunde kanpaina egin ahal izango dute.

2.- Hautagaiek propagandarako jardueren egutegia antolatuko dute hauteskunde batzordearekin ados jarrita.

3.- Ikasleen zerrenda bakoitzak eskolako ordubete izango du ikastegi bakoitzean programa azaltzeko. Ordu horretan eten egingo dira eskolak, eta leku egokia utziko zaio zeregin hori betetzeko. Irakasleek ere eten bera izango dute hauteskunde kanpainako jarduerak egiteko.

4.- Administrazio eta zerbitzuetako hautagai zerrendek guztira ordubete izango dute ikastegi, zerbitzu eta atal bakoitzeko. Ordubete hori lanaldiaren barruan hartuko da, ordaindutakoa izango da eta ez da berreskuratu behar.

14. artikulua.- 1.- Botoa emateko txartel ofizialak barrutiko hauteskunde batzordeak egingo ditu.

2.- Hauteskundeak eskola-ordutegiaren barruan egingo dira, eskola orduetan, eta bai goizez, bai arratsaldez, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegiari jarraituz. Ikastegiak behar bezala egiaztatuta eskaria eginez gero, Hauteskunde Batzorde Nagusiak baimena eman dezake ordutegi berezia zehazteko.

3.- Mahaiburuak boto emaileari nortasun agiriren bat eskatu eta identifikatu egingo du eta, ondoren, erroldan dagoela egiaztatu. Boto emaileak, orduan, boto txartela emango dio mahaiburuari edo mahaikide bati, eta hark unean bertan hautestontzian sartu du.

4.- Mahaiko kide batek markatu egingo du kasuan kasuko zerrendan botoa nork eman duen, mahaiburuak edo mahaikideak txartela boto kutxan sartu ahala.

5.- Botazioa amaitzeko ordua heltzean, mahaiburuak botazioa amaitzera doala iragarriko du ozen, eta ez dio beste inori gelan sartzen utziko. Dena dela, barruan dagoen norbaitek artean botorik eman ez badu, utzi egingo dio botoa ematen. Hurren, ikuskariek eta mahaikideek emango dute botoa, nahi izanez gero.

6.- Boto txartela aukeratzeko edo mahaiko buruari emateko ezintasunen bat daukatenek konfiantzako pertsona baten bidez egin ahalko dute.

15. artikulua.- Botazio egunean bere hauteskunde barrutian egoterik ez dutenei bozketan parte hartzea errazteko asmoz, ikastegietako dekanoek edo zuzendariek eta campusetako errektoreordetzek ikastegiko idazkaritzan edo atalekoan botoa aldez aurretik ematea onartuko dute botazio eguna baino lehenagoko hiru egun baliodunetan eta Hauteskunde Arautegi Orokorraren babesean. Botoa ematera hauteslea bera joan behar da eta ziurtagiria hartuko du. Ikastegietan lan egiten duten administrazio eta zerbitzuetako langileek ikastegian bertan eman ahal izango dute botoa aldez aurretik, AZPkoen Hauteskunde Batzordeak onartuko duen prozedurari jarraiki.

16. artikulua.- 1.- Botazioa behin amaituta, botoak zenbatuko dira ekitaldi publikoan eta Hauteskunde Arautegi Orokorrean xedatutakoaren arabera; betiere, hauteskunde barrutian, gutxien dela, taldeko % 5ek parte hartu badu.

2.- Botoak hondar handienaren sistema proportzionala erabiliz zenbatutakoan, eta aurkeztutako inpugnazioak ebatzita, mahaiburuak emaitzak emango ditu, eta bozketa-prestakuntzaren eta bilkuraren nondik norakoen akta ikuskatuko du. Akta hori mahaikide guztiek sinatuko dute, eta, behar izanez gero, baita ikuskariek ere.

3.- Aktak behin sinaturik, suntsitu egingo dira boto kutxetatik ateratako boto txartelak (ingurugirorako jasangarria den prozeduraren bat erabilita), baliogabeko botoak edo erreklamazioren bat izan dutenak izan ezik. Horiek aktari erantsiko zaizkio, eta mahaikideek akta behin sinatuta, Idazkaritza Nagusira bidaliko dira.

4.- Mahaiek argitara emango dituzte emaitzak aktak sinatu bezain laster. Horretarako, aktak fotokopiatu eta ikastegietako eta errektoreordetzetako hauteskunde oholetan eskegiko dituzte. Bestalde, berehala helaraziko diote Hauteskunde Batzorde Nagusiari bozketaren eta berorren gorabeheren akten kopia, faxez edo beste bide telematiko egoki baten bitartez. Akta horiek behar bezala sinaturik egongo dira.

5.- Prozedura bukatutakoan, barrutiko hauteskunde batzordeko buruak jatorrizko espedientea bidaliko dio Hauteskunde Batzorde Nagusiari, gehien jota, bi eguneko epean. Bestalde, batzorde horri inpugnazioak eta erreklamazioak aurkezteko epea zabalduko da.

17. artikulua.- 1.- Hauteskunde Batzorde Nagusiari dagokio aurkeztutako inpugnazioen inguruko erabakia hartzea eta behin betiko emaitzak aldarrikatzea.

2.- Inpugnazioak ebazteko bost eguneko epe luzaezina egongo da.

3.- Hauteskunde barruti batean izandako gorabeherak kontuan izanda, Hauteskunde Batzorde Nagusiak barruti horretarako beste hauteskunde prozesua bat irekitzea erabaki dezake.

4.- Inpugnazioak ebatzi ondoren eta, behar izanez gero, behin-behineko emaitzak aldatu ondoren, Hauteskunde Batzorde Nagusiak akta prestatuko eta ikastegi guztietara bidaliko du astebeteko epean, jende guztiak jakitun egon dadin.

18. artikulua.- 1.- Idazkari nagusiak agiria emango die hautetsiei behin betiko emaitzak aldarrikatu eta hamabost eguneko epean.

2.- Hautetsiek uko egin ahal izango dute Klaustroaren buruari aurkeztutako idatzi bidez. Hala ere, Unibertsitateko Klaustroaren bilera baino 10 egun lehenago aurkeztutako ukoak ez du eraginik izango Klaustroaren bilera bukatu arte. Horrelakoetan, zerrenda bereko lehengo kide ez hautetsia izendatuko da eta agiria emango zaio. Ordezkari izendatu berriaren ikastegiari izendapenaren berri emango zaio.

3.- Izendapena baliogabe geratuko da, egiaztatuz gero hautetsiak ez dituela betetzen beharrezko diren baldintza guztiak.

II. KAPITULUA

KLAUSTROKIDE BIHURTZEA ETA KLAUSTROKIDE IZATEARI UZTEA

19. artikulua.- Klaustrokide bihurtzen da Hauteskunde Batzorde Nagusiak behin betiko aldarrikatu eta Idazkaritza Nagusiak izendapena ematen duenean.

20. artikulua.- Sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretuaz hautatuko dira Unibertsitateko Klaustroan ordezkariak izango dituzten sektoreetako ordezkariak, estatutuen 235. artikuluak xedatzen duenez, eta titulu honetako I. kapituluan jasotako hautespenerako arautegia errespetatuz.

Hautatzeko sistemak gutxiengoak errespetatuko ditu.

21. artikulua.- 1.- Klaustroan ordezkari izatea pertsonala eta besterenganaezina da, eta hona noiz uzten zaion ordezkari izateari:

a) Hil edo ezintasunen bat izanez gero.

b) Hauteskundeak baliogabetuz gero.

c) Agintaldia amaituz gero.

d) Dimitituz gero.

e) UPV/EHUko kidea edo hautatua izan zen ikastegiko edo kidegoko kidea izateari utziz gero.

f) Ikasturte bateko ohiko bilkura guztietara justifikatu gabe agertu ezean, bilkura bat baino gehiago izan direnean, edo, bi urteko epean, bi ohiko nahiz ezohiko bilkuratara joan ezean.

2.- Klaustrokideei aurreko zenbakiko e) atalean jasotako inguruabarretako bat gertatuz gero, idazkari nagusiari jakinarazi beharko diote. Dena dela, Idazkaritza Nagusiak ofizioz jokatuko du, aipatutako inguruabar horietako bat gertatzen ari dela dakienean.

III. KAPITULUA

KLAUSTROKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

22. artikulua.- Klaustrokideek klaustroaren eta kideak diren batzordeen bilkuretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta parte hartuko dute lanen helburua lor dadin.

Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

23. artikulua.- Gobernu Kontseiluko kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan dezaketen unibertsitateko dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Informazioa idatziz edo bide telematikoaren bitartez eskatuko diote Idazkaritza Nagusiari, eta horrek zazpi eguneko epean emango die informazioa, eskaera jasotzen duenetik kontatzen hasita, edo, informazio hori ematerik izan ezean, horren arrazoiak adierari beharko ditu.

Idazkaritzak dokumentazio hori bere esku izan ezean, ahalik eta azkarren lortu beharko du, eskaera kasuan kasuko organoari eginda. Organo horrek lehenbailehen eman beharko du informazioa, edo zergatik ezin duen eman azaldu.

24. artikulua.- 1.- Arautegi honek jasotako moduan, ondorengoetarako eskubidea ere badute:

a) Klaustroko mahaiari bilkuretako aztergaietan gaiak sar ditzaten eskatzeko.

b) Klaustroaren eztabaidetan eta erabakietan esku hartzeko eta, behar izanez gero, beren boto partikularrak jaso ditzaten eskatzeko.

c) Osoko bilkurari erabakiak hartzeko proposamenak aurkezteko.

d) Batzordekideak hautatzeko eta batzordekide gisa hautatuak izateko.

2.- Legeriak eta UPV/EHUren estatutuek aitortzen dizkioten eskubideak ere izango dituzte klaustrokideek.

25. artikulua.- Hauek dira klaustrokideen betebeharrak:

a) UPV/EHUren erakunde-helburuak lor daitezen laguntzea.

b) Estatutuetan eta arautegi honetan jasotakoa errespetatzea.

c) Klaustroak edo batzordeek behar duten ikerketa-, txosten-, inkesta-prestakuntzan edo erabaki-proposamenetan laguntzea.

d) Beren lanak egiterakoan lortutako informazioen inguruan behar bezalako zuhurtzia izatea.

e) Legeriak eta UPV/EHUren estatutuek xedatutako beste eskubideak.

HIRUGARREN TITULUA

KLAUSTROAREN ORGANOAK

I. KAPITULUA

PRESIDENTZIA ETA IDAZKARITZA

26. artikulua.- 1.- Unibertsitateko Klaustroak errektorea izango du buru. Errektoreak klaustroaren bilkurara joaterik ez badu, klaustroak legez ordezkatzen duena izango du buru.

2.- Errektoreak klaustroko edozein kideren esku utz dezake eztabaiden zuzentzea eta mintzatzeko txandaren ematea.

27. artikulua.- Klaustroko presidentziari dagokio:

a) Klaustroaren bilkurara deitzea, mahaiarekin batera adostutako aztergaiak erabakita.

b) Bilkura hastea eta amaitzea mahaiarekin ados jarrita.

c) Eztabaidak moderatzea eta justifikatutako arrazoiengatik bertan behera uztea.

d) Klaustroaren erabakiak betearaztea eta erabakien aktei eta ziurtapenei oniritzia ematea.

e) Arautegi honek ematen dizkion beste eginkizun batzuk edo, beste erakunde bati emanda ez daudelako, klaustroaren funtzionamendu onerako beharrezkoak direnak.

28. artikulua.- 1.- Klaustroko Idazkaritza unibertsitateko idazkari nagusiari dagokio, edo, hori ezinezkoa bada, legez ordezkatzen duenari.

2.- Hauek dira Klaustroko Idazkaritzaren eginkizunak:

a) Klaustro-bilkuren deialdia egitea presidentziak aginduta, baita deialdiaren zabalkundea bermatzea ere.

b) Bilkuraren nondik norakoak prestatzea mahaiak onar dezan.

c) Bozketetako emaitzak aldarrikatzea.

d) Bilkuren eta horietan hartutako erabakien akta jasotzea.

e) Behar diren ziurtagiriak egitea.

f) Arautegi honek ematen dizkion gainerako eginkizunak.

II. KAPITULUA

KLAUSTROKO MAHAIA

29. artikulua.- 1.- Klaustroko Mahaia klaustroaren kide anitzeko zuzentze-organoa da. Presidentziaren zuzendaritzapean jokatzen du eta hala egitea eskatzen duten ekitaldietan ordezkatzen du klaustroa.

2.- Klaustroko Mahaiak errektorea du buru, edo legez ordezkatzen duena. Klaustroko Mahaiko kideak dira, halaber, idazkari nagusia eta klaustro-atal bakoitzaren ordezkari bat, kide hautatuek beren artetik aukeratua.

30. artikulua.- Klaustroa guztiz berritutakoan, behin-behineko mahai bat eratuko da, eta mahai horretarako klaustro-ataletako ordezkariak Idazkaritza Nagusiak antolatutako zozketa bidez izendatuko ditu. Idazkaritza Nagusiak horren berri emango du deialdiaz informatzearekin batera. Berdin gertatuko da mahaian dagoen klaustro-atal bati ordezkari guztiak bukatzen zaizkionean. Dena dela, hurrengo bilkuran berriro izenda ditzakete.

31. artikulua.- 1.- Klaustroko Mahaiko hautagai-zerrendak (titularrak eta ordezkoak zehaztuta), mahaian aurkeztuko dira kasuan kasuko ataletako klaustrokideen % 10ek babesturik. Zerrendak osatzean sexuen arteko oreka gorde behar da eta bata emakumezkoa, besta gizonezkoa, bata emakumezkoa, bestea gizonezkoa (edo alderantziz).... izan behar dira, betiere, hori ez betetzeko behar bezala arrazoitutako arrazoi sendo eta objektiborik ez badago.

Boto gehien jasotzen dituzten zerrendak aukeratuko dira. Berdinduta egonez gero, zozketa bat egingo da berdinketa apurtzeko.

2.- Ordezko gisa aukeratutako pertsonak titularra ez dagoenean hartuko du parte. Mahaian postu bat behin betiko hutsik geratuz gero, kasuan kasuko ataletako klaustrokide hautatuek aukeratuko dute mahaian izango duten ordezkaria.

3.- Mahaiko kide hautatuek halakoak izateari utziko diote dimititu, agintaldia amaitu, klaustrokide izateari utzi edo mahaiko berezko kideak bihurtzen direnean.

4.- Mahaiko edozein kide hautatu ken daiteke, baldin eta mahaian proposamen arrazoitu bat aurkezten bada, beste kandidatura bat dagoelarik, eta % 25ek sostengatu eta ordezkatzen duten klaustro-ataleko kide hautatuen bi herenek onartzen badute.

32. artikulua.- Mahaikideek, eztabaidetan parte hartzekotan, mahaia utzi beharko dute, eta ez dira bertara itzuliko harik eta eztabaidak bukatu edo gaiari buruzko erabakia hartu den arte. Kasu horretan, ordezkariek beteko dute mahaikide horien postua edo, berezko kideen kasuan, legez ordezkatzen dituztenek.

33. artikulua.- 1.- Mahaia presidentziak erabakita edo bi mahaikidek eskatuta bilduko da. Azken kasu horretan, mahaia biltzeko deialdia bost laneguneko epean egingo da.

2.- Mahaia halako egun, ordu eta tokitan biltzeko deialdia bildu baino 48 ordu lehenago egingo da, premiazko egoeretan izan ezik. Premiazko kasuetan, 24 ordu lehenago ere egin daiteke deialdia.

3.- Klaustroko Mahaia balioz eratuko da bertan mahaiburua, edo legez ordezkatzen duena, idazkaria, edo legez ordezkatzen duena, eta bi kide daudenean.

4.- Klaustroko Mahaiko erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira. Bigarren bozketan berdinketa gertatuz gero, mahaiburuaren kalitate-botoak erabakiko du.

5.- Idazkariak Klaustroko Mahaiaren bilkura guztietan hartutako erabaki guztien akta jasoko du.

34. artikulua.- 1.- Hauek egitea dagokio Klaustroko Mahaiari:

a) Klaustroaren jarduera antolatzea eta presidentziarekin batera adostea haren bilkuretako aztergaiak.

b) Eztabaidak zuzentzeko arauak onartzea, bozketak eta botoen zenbaketa antolatzea.

c) Bilkura zuzentzen presidentziari laguntzea, sortzen diren inpugnazioez eta ordenarekin zerikusia duten gaiez erabakiz.

d) Arautegia interpretatzea.

e) Bilkuraren behin betiko akta onartzea, baldin eta akta argitaratu eta hurrengo hamar egunetan aktaren edukiei buruzko erreklamaziorik izan bada. Kasu horretan, bi herenen aldeko botoa beharko da onartzeko. Horrelakorik ezean, hurrengo klaustro-bilkuran sartuko da, lehen aztergai gisa, akta onartzea.

f) Arautegi honetako 21.f) artikuluan ezarritakoa aplikatzea.

g) Ebaztea, eskumenak eskuordetuta, klaustroak hartutako erabakien aurka berraztertzeko errekurtsoak.

h) Eta, oro har, bilkurak behar bezala garatzeko beharrezkoak diren zenbait gairi buruzko erabakiak hartzea.

2.- Halaber, Klaustroko Mahaiak hauteskunde-batzorde gisa jokatuko du klaustroaren hauteskunde-prozesu guztietan.

III. KAPITULUA

KLAUSTROKO BATZORDEAK

35. artikulua.- 1.- UPV/EHUren estatutuen 236.e) artikuluak ezartzen duenez, klaustroak egoki deritzon nahi beste batzorde sor ditzake.

2.- Batzorde horiek aldi baterako edo iraunkorrak izan daitezke. Batzordeen osaera eta eginkizunak eurak eratzeko akordioan jasoko dira. Edonola ere, batzorde iraunkor gisa eratuko dira Plangintza Estrategiko eta Linguistikoen Oinarrietarako Batzordea eta Klaustroaren Estatutuak Garatzeko Batzordea.

3.- Dena dela, beren-beregi bestelakorik erabaki ezean, dagokion batzordeak erabakiak hartzeko ahalmenaz baliatzerakoan, estatutuek klaustroarentzat jasotzen dituzten ordezkarien ehunekoak errespetatu beharko dira.

36. artikulua.- 1.- Berariaz bestelako erabakirik hartu ezean, batzorde guztiek izango dute buru errektorea edo hori ordezkatzen duena. Errektoreak batzorde bateko presidentzia Zuzendaritza Kontseiluaz kanpoko kide batzuei eskuordetzen dienean, Zuzendaritza Gobernuaren Funtzionamendurako Arautegiaren 31.1. artikuluak ezarritakoaz balia daiteke.

2.- Bestelako berariazko arautegirik ezean, batzordeko kideetako bat ariko da idazkari-lanetan, batzordeak berak aukeratua kideen artetik.

3.- Klaustro-batzordeetako kideak dagokion sektoreko klaustrokide hautetsiek aukeratuko dituzte hautagai kolektibo itxi eta ordenatuen bitartez, eta botoen zenbaketa hondar handienaren sistema proportzionala erabiliz egingo da.

37. artikulua.- 1.- Klaustroko Plangintza Estrategiko eta Linguistikoen Oinarrietarako Batzordeak errektorea izango du buru, edo errektoreak eskuordetzen duena, eta bi ordezkari izango ditu klaustroan dagoen atal bakoitzeko. Batzordeko kideak izango dira, orobat, plangintza estrategikoan eta linguistikoan eskumenak dituzten Zuzendaritza Kontseiluko kideak, eta horietako bat izango da batzordeko idazkari.

2.- Klaustroak eskuordetzen dizkion eskumenak baliatuko ditu Plangintza Estrategiko eta Linguistikoen Oinarrietarako Batzordeak, eta urtero informatuko du klaustroa UPV/EHUren plangintza estrategiko eta linguistikoen oinarriez.

38. artikulua.- 1.- Klaustroko Estatuak Garatzeko Batzordeak errektorea izango du buru, edo errektoreak eskuordetzen duena, eta bi ordezkari izango ditu klaustroan dagoen atal bakoitzeko. Batzordekidea izango da, baita ere, UPV/EHUko idazkari nagusia.

2.- Batzorde honen eskumena izango da klaustroari estatutuak garatzeko emandako eginkizuna, hala nola arautegi honen eta estatutuen erreforma-proiektuei buruzko irizpena ematea.

3.- Halaber, Batzordeari dagokio klaustroa informatzea aldiro-aldiro estatutuen garapenaren egoeraz eta, behar izanez gero, horien erreforma-beharrez.

LAUGARREN TITULUA

KLAUSTROKO BILKUREN ARAUBIDEA

I. KAPITULUA

KLAUSTROAREN ERAKETA ETA DEIALDIA

39. artikulua.- Klaustroaren lehen bilkurak, klaustrorako aukeratutako kideak aldarrikatutakoan, lehen aztergai izango du errektoreak klaustroaren eraketa aldarrikatzea, eta, horren ondoren, mahaikideak aukeratuko dira.

40. artikulua.- Klaustroa urtean behin bilduko da, gutxienez, eskolaldian.

41. artikulua.- 1.- Errektoreak egingo du, bere ekimenez, klaustroaren ohiko bilerarako deia.

2.- Klaustroaren ezohiko bilerarako deia ere egin dezakete errektoreak, Gobernu Kontseiluko kideen gehiengoak, klaustroko kide hautetsien laurden batek edo kolektibo bateko ordezkarien gehiengo osoak.

42. artikulua.- 1.- Presidentziari dagokio ohiko bilerarako deia egitea, eta deialdiak biltzeko tokia, eguna eta ordua jaso beharko ditu, baita aztergaiak eta mahaiarekin adostutako bilkuraren nondik norakoen zehaztapenak ere. Deialdiak bilkura zenbait tokitan batera izan dadin jaso dezake, baldin eta organoaren funtzionamendu zuzena eta klaustrokideen eskubideak eta betebeharrak ziurtatzeko bermeak badaude.

2.- Dei-egunaren eta bilkura-egunaren artean ez da izango zazpi egun baino gutxiago, ez hilabete bat baino gehiago, premiazko kasuetan izan ezik. Azken horietan, bi arteen arteko epea 72 ordukoa izan liteke. Mahaiari dagokio premiazkoa den ala ez erabakitzea.

43. artikulua.- 1.- Presidentziak egin beharko du ezohiko deialdia, 72 orduko epean, gehienez, eskaera jaso denetik hasita, Gobernu Kontseiluko kideen gehiengoaren, klaustroko kide hautetsien laurden baten edo atal bateko ordezkarien gehiengo osoaren ekimenez denean. Une horretatik klaustroa ezin daiteke 10 egun baino gehiago atzeratu.

2.- Eskaera Idazkaritza Nagusira bidaliko da, beharrezkoak diren sinadurak eta aztergaien proposamena barne. Idazkaritza Nagusiak berehala emango dio jaso izanaren adierazpena eskaerari, eta lehen sinatzaileari horren berri eman bere helbide elektronikora bidaliz.

44. artikulua.- 1.- Estatutuen 238. artikuluan jasota dagoen klaustroa biltzeko deialdia bilkura egin baino bi aste lehenago egingo da. Deialdiarekin batera, gestioaren urteko memoria eta errektoreak aurkeztutako jardueren programazioa ere joango da, eta jarduerok unibertsitatearen web gunean ere ageriko dira, jende guztiak jakin dezan.

2.- Klaustroa bildu baino astebete lehenago, klaustrokideek memoriaz eta jarduerez programazioaz galdetu edo argibideak eska ditzakete, horretarako irekitako foro publikoa erabiliz, eta unibertsitateko kide guztiek jarrai ditzakete foroan esaten direnak. Zuzendaritza Kontseilua erantzun beharrean egongo da bide berbera erabiliz, klaustroa bildu baino berrogeita zortzi ordu lehenago. Errektoreak aurkeztutako memoriari eta jarduerei dagokienez, klaustroa bigarren deialdian eratu daiteke bertan dauden kideekin bakarrik. Galderak egin edo argibideak eskatu dituzten klaustrokideek zehaztapen osagarriak eska ditzakete jasotako erantzunen gainean, betiere mahaiak horretarako adierazitako unean.

3.- Klaustro-bilkuran, mahaiak ezartzen duen unean, idatziz eska daitezke errektorearen parte hartzeak sortutako gai berrien inguruko azalpenak. Horretarako, 15 klaustrokidek, gutxienez, babestu beharko dituzte eskaerok. Errektoreak erantzun egin beharko die azalpenei, ahal bada, bilkura amaitu baino lehen. Ezinezkoa bada, errektorearen erantzuna 15 egun balioduneko epean emango da.

4.- Klaustroko Mahaiak 15 minutuko bi txanda zabalduko ditu Kudeaketa Txostenaz eta Jardueren Egitarauaz mintzatzeko, batean alde eta bestean kontra hitz egiteko.

45. artikulua.- 1.- Klaustro-bilkura balioz eratuko da, gutxienez, kideen erdia agertu dela egiaztatzen denean, errektorea eta idazkari nagusia barne, edo legez horiek ordezkatzen dituztenak, lehen deialdian, eta, 30 minutu igarotakoan, lehen deialdirako beharrezkoa den quoruma bildu ez bada, kideen heren bat biltzen denean bigarren deialdian, eta bilduta jarraituko du aztergaiak bukatu arte.

2.- Presidentziari dagokio, mahaiarekin ados jarrita, bilkura bertan behera uztea eta berrabiatzeko ordua jartzea.

3.- Presidentziak, mahaiarekin ados jarrita, aztergai guztiak bilduko dituen beste bilkura batera deituko du, gehien jota, hilabeteko epean egingo dena, errektoreak gestioaren urteko memoria, hala jardueren programa nola Aldezlearen urteko memoria aurkezteaz eta errektorea hautatzeko ezohiko klaustroaz beren-beregi ezarritakoa eragotzi gabe, baldin eta bigarren deialdian jarritako ordutik ordubete igaro eta beharrezko quorumik ez badago.

II. KAPITULUA

BILKURAREN NONDIK NORAKOAK

46. artikulua.- 1.- Presidentziak jarriko ditu aztergaiak, mahaiarekin ados jarrita.

2.- Besteren ekimenez deitutako bilkuretan, biltzeko eskatu dutenek proposatutako gaiak jarri beharko dira aztergaietan.

3.- Mahaiari aztergaiak gehitzeko proposamena egin diezaiokete bilkura izan baino bost egun lehenago errektoreak, Gobernu Kontseiluak, klaustrokideen % 25ek edo klaustroko atal baten gehiengo osoak. Mahaiak erabakitako aztergaiak gehitu badira, klaustrokideei jakinaraziko zaie bilkura hasi baino 72 ordu lehenago.

47. artikulua.- 1.- Presidentziak, mahaiarekin ados jarrita, eztabaidak ordenatu eta zuzenduko ditu, eta horien denbora osoa ezarriko du. Halaber, mintzatzeko txanda emango du eta hitz egiteko eskainitako denbora igarotakoan kendu.

2.- Txostenik egonez gero, klaustrokideek mahaiari eskatu beharko diote mintzatzeko txanda azalpenetarako, eta, ondoren, hamar minutu izango ditu horietako bakoitzak defentsa egiteko. Hori egindakoan, alde eta kontra hitz egiteko txanda bati ekingo zaio.

3.- Mahaiak bukatutzat eman dezake eztabaida, gehiengo osoaz, eztabaida agortutzat joz gero.

48. artikulua.- Eztabaidetan klaustrokide bati buruz guztiz zuzenak ez diren gauzak edo balio-judizioak eman gero, klaustroburuak aipamenengatiko txanda emango dio, arrazoiz, halakorik eskatzen duenari.

49. artikulua.- 1.- Klaustrokideek ordena-arazoak plantea ditzakete honako hauetarako: aztergaien zerrenda betearazteko, arautegia egokiro aplikatuko dela bermatzeko, eztabaida amaitzea eskatzeko, bilkura behin-behinekoz bertan behera uztea eskatzeko, eta eztabaida atzeratzea nahiz harekin jarraitzea eskatzeko.

2.- Mahaiak erabakiko du horren bidezkotasunaz.

50. artikulua.- Presidentziak mintzatzeko txanda eman dion pertsonari ezin zaio hizketaldia moztu. Klaustroburuak, aitzitik, bai, denbora bukatu zaiola jakinarazteko, gaiari berriro heltzea eskatzeko, portaera-aldatzea erregutzeko, mintzatzeko txanda kentzeko edo klaustroa edo bertan daudenetako kideren baten portaera aldatzea eskatzeko.

51. artikulua.- Arautegi honetan berariaz jasotako kasuetan izan ezik, errektoreari edo kasuan kasuko aztergaiaren txostengileari galdera bat edo argibide-eskaerarik aurkezteak berriro erantzuteko txanda bakarra emango du.

52. artikulua.- 1.- Klaustrokideek aztergaiekin lotutako txostenak aurkez ditzakete, 20 sinadurak babestuta eta klaustroa egin baino 48 ordu lehenago.

2.- Klaustrokideek aurkeztutako txostenen kopia bana izango dute bilkura hasi baino lehen.

3.- Txostenak mozioen bidez zuzendu daitezke, eta txostenean sartuko dira, txostengileak edo klaustroak onartuz gero.

4.- Eztabaida bukatutakoan eta bozketaren aurretik, horrelakorik balego, txostengileek azken aukera izango dute mintzatzeko. Ordura arte, txostengileak aurkeztutako txosteneko testua ken dezake, baldin eta bere garaian, gutxienez, aurkeztutako sinaduren erdia baino bat gehiagoren babesa badu. Txosten bat kentzeak ez du eragotziko hartaz berriro mintzatzeko edo hura berriro kontuan hartzeko moziorik aurkeztea.

53. artikulua.- 1.- Eztabaidatu bitartean edo eztabaiden amaieran, 20 klaustrokidek babestutako mozioak aurkez daitezke, eta horiek denak bozka daitezke. Nolanahi ere, bozketaren aurretik, mahaiak txanda bat emango du mozio bakoitza defendatzeko.

2.- Mozioek helburu hauetakoren bat izan behar dute.

a) Klaustroak bere eskumen-eremuko gai bati buruzko aldarrikapen bat egitea edo erabakitzea eta aldarrikatzea.

b) Errektorea, Zuzendaritza Kontseilua edo Gobernu Kontseilua bere eskumen-eremuko gai bat aztertzeaz eta erabakitzeaz arduratu daitezela.

c) Aurkeztutako txostenei, horrelakorik izan bada, zuzenketak egiteko proposatzea.

d) Eztabaida baten ondorioz sortzen diren gorabeherak izapidetu edo, behar izanez gero, horiek onartzea.

III. KAPITULUA

BOZKETAK

54. artikulua.- Akordioak adostasunez, bozketa publiko edo sekretuaz hartzen dira. Edonola ere, pertsonei buruzko bozketak beti izango dira sekretuak. Bozketa publikoak egin daitezke, bozketa proposatu duenak hala eskatuta, mahaiak egoki jotzen duenean.

55. artikulua.- Botoa pertsonala eta eskuordeezina da.

56. artikulua.- 1.- Akordioek balioa izateko, bozketan, gutxienez, klaustrokideen heren batek parte hartu eta gehiengo soilak onartu beharko du, estatutuetan edo arautegi honetan jasotako kasuetarako eskatutako gehiengoak oztopatu gabe.

Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da, baldin eta aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago izanez gero, emandako aldeko boto gehiengo osoa lortzen duena onartuko da, edo, bigarren bozketan, lehen bozketan bi bozkatuenen artean aldeko boto gehien lortzen duena.

2.- Mahaiak bozketak pilatzea erabakiz gero, iragarri egingo du, ahal bada, bilkura nondik nora joango den zehazterakoan eta, nolanahi ere, bilkuraren hasieran.

3.- Berdinketa edo esku hartze eskasa izanez gero, mahaiak erabakiko du noiz eta nola egingo den beste bozketa bat. Berdinketak edo esku hartze eskasak iraunez gero, proposamena baztertu egin dela ulertuko da.

IV. KAPITULUA

AKTAK ETA AKORDIOEN BETEARAZPENA

57. artikulua.- 1.- Idazkariak jasoko du klaustro-bilkuren akta, eta behin betiko onartuko mahaiak. Aktak onartutakoan, idazkariak sinatuko ditu eta klaustroburuak ontzat emango.

2.- Aktan jasoko dira, nahitaez, bilerara agertutako kideen zerrenda, eta berariaz aipatuko dira aurrez bilerara ez zirela joango adierazi dutenak, bilkura non eta noiz egin den eta bilerarako jarritako aztergai-zerrenda, bilkuran hizpide izandako gaiak, bozkatzeko modua eta izandako emaitzak eta hartutako akordioen edukia. Bi hizkuntza ofizialetan egingo den aktan errespetatu egingo da solasaldi bakoitzean erabilitako hizkuntza.

3.- Aktan boto partikularrak jasoko dira, klaustrokideek horrela eskatuz gero. Klaustrokideek beren solasaldia edo proposamena aktan jasotzeko eska dezakete, baldin eta berehala idatziz agertzen badu, edo, bestela, mahaiak zehaztutako moduan.

4.- Behin-behineko aktak Idazkaritza Nagusian eta campusetako errektoreordetzetan utziko dira klaustrokideek erabiltzeko, eta ikastegietara bidaliko dira, gehienez, klaustroa amaitu eta hilabeteko epean. Argitaratu ondorengo hamar egunetan erreklamaziorik izan ezean, onartutzat emango dira. Eta, bestela gertatuz gero, mahaira igorriko dira, behin betiko onar daitezen, betiere 34.1.e) artikuluan ezarritakoa beteta.

5.- Onartutako aktak Gizarte Kontseilura, campusetako errektoreordetzetara, ikastegietara, atal sindikaletara eta UPV/EHUko Ikasleen Kontseilura bidaliko dira, unibertsitateko kideen eskura egon daitezen. Eta horretarako jarritako webgunean argitaratzen direnean ere emango da horren berri, jende guztiak jakin dezan.

58. artikulua.- 1.- Aktak iragarri eta izapidetzeko, klaustroak hartutako akordioen fede emango du Idazkaritza Nagusiak, eta ziurtagiriak egingo dizkie proposamenak aurkeztu dituztenei, eta, behar izanez gero, Zuzendaritza Kontseiluan arloan eskumena duen organoari.

2.- Aurrekoa egindakoan, idazkari nagusiak webgunean argitaratuko du, pertsonen intimitatea behar bezala babestuta, akordioen testu osoa. Modu horretara, unibertsitateko kide guztiek izango dute erabakien berri. Errekurtsoak aurkezteko epea, aipatutako webgunean argitaratuz geroztik jarriko da abian.

59. artikulua.- 1.- Klaustroak hartutako erabakiek onartzen direnetik izango dute eragina, erabakietan bertan kontrakorik adierazi ezean.

2.- Errektoreari dagokio klaustroak hartutako erabakien betearazpenaz arduratzea.

3.- Klaustroak hartutako erabakien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke klaustroari berari, hilabeteko epean.

BOSGARREN TITULUA

KLAUSTROAREN ESKUMENEI BURUZKO ARAUZKO PROZEDURA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

60. artikulua.- 1.- Klaustroaren arauzko gaitasuna titulu honetan ezarritako prozeduraren arabera gauzatuko da.

2.- Klaustroak onartu behar ditu arauzko testu hauek:

a) UPV/EHUren estatutuak.

b) Aldezlearen funtzionamenduari buruzko arautegia, titularraren proposamenez, edo, bestela, titularra entzunda.

c) Klaustroaren funtzionamenduari eta klaustrokideak hautatzeko arauei buruzko arautegia.

d) Diziplinaren arau-hausteak eta zigorrak.

II. KAPITULUA

ESTATUEN PRESTAKUNTZA ETA ERREFORMA

61. artikulua.- 1.- Hauek dira estatutuak prestatzeko edota erreformatzeko ekimena izan dezaketenak:

a) errektorea,

b) Gobernu Kontseilua,

c) klaustrokideen heren bat.

2.- Egoki jotzen denean, proposamen-egileen ekimenez, Gobernu Kontseiluak agindu diezaioke organo tekniko bati, lehen erreforma-proposamena presta dezan.

62. artikulua.- 1.- Erreforma proposatzeko, errektoreari txosten arrazoitu bat aurkeztu beharko zaio. Txostenak erreforma eskatzen duten pertsonen izen-abizenak eta proposatzen duten ordezko testua jasoko ditu, eta bozeramaile bat ere izendatuko da.

2.- Errektoreak Klaustroko Mahaiari bidaliko dio erreforma-proposamena, eta Unibertsitateko Klaustroari egingo dio deia, ekimena aurkezten denetik, gehienez, hilabete biko epean, hartaz erabaki dezan.

63. artikulua.- 1.- Proposatutako testua klaustrokide guztiei igorriko zaie eta, gutxienez, hamabost eguneko epea zabalduko da Klaustroko Mahaiari zuzenketak aurkezte aldera.

2.- Osoko zuzenketarik izanez gero, ordezko testua eduki eta bozeramaile bat izan beharko dute, klaustroari egingo zaio biltzeko deia, zuzenketa horietaz eztabaidatu eta, behar izanez gero, onartzeko. Azken kasu horretan, albo batera geldituko dira aurkeztutako zuzenketa partzialak, eta, gutxienez, hamabost eguneko epea zabalduko da Klaustroko Mahaian testu berriari buruzko zuzenketa partzialak aurkezteko.

3.- Zuzenketa partzialek lotura zuzena izango dute erreforma-proposamenaren edukiarekin. Gehitu, kendu edo aldatzeko zuzenketak izan daitezke, eta 20 klaustrokideren sinaduren babesa izan beharko dute.

4.- 61. artikuluak ezarritako edozein bide erabilita, proposamenak biltzen ez dituen gaiei buruzko erreforma-prozesu bat aldi berean zabaltzeko eska daiteke. Kasu horretan, zuzenketak aurkezteko, gehienez, hamabost eguneko beste epe bat zabalduko da.

5.- Erreforma-prozesuez balia daiteke, halaber, hobekuntza teknikoak sartzeko, betiere Klaustroko Estatutuak Garatzeko Batzordearen gehiengo osoak hala iritzita.

64. artikulua.- 1.- Klaustroko Mahaiak Estatutuak Garatzeko Batzordeari igorriko dizkio zuzenketa partzialak, hilabeteko epean, gehienez, prestatuta egon behar duen irizpena eman dezan. Horretarako, beharrezkoak diren erabakiak hartuko dira.

2.- Klaustroko Estatutuak Garatzeko Batzordeak zuzenketei buruzko irizpena emanda, Klaustroko Mahaiak irizpen-testua banatu eta klaustroa biltzeko eguna jarriko du. Klaustro-bilkura, gehienez, bi hilabeteko tartean egingo da, ekimena aurkezten denetik kontatzen hasita.

3.- Izapidetzeko onartu diren zuzenketek, aurrera egin ahal izateko, Klaustroko Estatutuak Garatzeko Batzordeko kideen gehiengo osoaren sostengua beharko dute.

4.- Edonola ere, batzordeak erabaki dezake, presente dauden kideen aho batez, zuzenketetako edozein klaustroari zuzenean aurkeztea.

65. artikulua.- 1.- Errektoreak edo berorrek izendatzen duenak, Gobernu Kontseiluak izendatutako kideak edo, hala dagokionean, proposamen-egileek izendatutako eledunak, estatutuen erreforma-testua aurkeztu eta defendatuko du, eta klaustroak bozkatuko du prozedura hau jarraituz:

a) Batzordeak antolatuko du artikulu bakoitzari egindako zuzenketei buruzko eztabaida, aurreko irizpideen arabera.

b) Hurbiltze-testuak eta aldaketa teknikoak edo estilokoak proposa daitezke eztabaidan, eta zuzenketak proposatu dituztenek horiek bertan behera utzi edo aldatzeko aukera izango dute.

c) Lehenengo eta behin, interesdunek mantentzen dituzten zuzenketa partzialez eztabaidatuko da, eta horiek testuaren artikuluetan jarri den hurrenkera korrelatiboan bozkatuko dira.

d) Artikulu berari eginiko zuzenketen eztabaida aurkeztutako testuarekiko eduki-desberdintasuna kontuan hartuz egingo da. Lehenik, testutik gehien aldentzen den zuzenketa bozkatuko da, eta irizpide horri helduta beste guztiak. Kontraesanean dauden zuzenketetako bat onartuz gero, horren aurkako guztiak bertan behera geldituko dira.

e) Bilkuran egondako kideen gehiengo osoak onartutako zuzenketak estatutuetan sartuko dira.

2.- Erreforma-proiektuak aurrera egingo du, baldin eta klaustroan aldeko botoen gehiengo osoa lortzen badu.

3.- Erreforma-proiektu bat arbuiatuta, eskatzaileek ezin dezakete gai berari buruzko erreforma-ekimena aurkeztu bi urteko epean, erreforma-eskakizuna goragoko erreforma batetik etorri ezean.

66. artikulua.- 1.- Onartutako aldaketak eta estatutu berrien testua Euskal Autonomia Erkidegoko agintari eskudunei aurkeztuko zaizkie, legezkoak diren aztertu eta, gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ditzaten.

2.- Aldaketak onartutzat joko dira, baldin eta indarreko legeriak horretarako ezartzen duen epean Euskal Autonomia Erkidegoak beren-beregi horien kontrako erabakirik argitaratzen ez badu.

3.- Halaber, estatutuak Estatuko Buletin Ofizialean argitaratuko dira.

III. KAPITULUA

KLAUSTROA HAUTATZEARI ETA HAREN FUNTZIONAMENDUARI BURUZKO ARAUTEGIA ALDATZEA

67. artikulua.- Arautegi hau aldatzeko proposamenak Klaustroko Mahaiari aurkeztuko zaizkio errektorearen ekimenez, klaustrokideen % 25en edo atal bateko kideen gehiengo osoaren ekimenez, edo Klaustroko Estatutuak Garatzeko Batzordearen ekimenez. Azken kasu horretan, gehiengo osoa beharko da.

68. artikulua.- 1.- Klaustroko Mahaiak Klaustroko Estatutuak Garatzeko Batzordeari bidaliko dio testua, aldaketa-proposamenari buruzko lehen txostena egiteko.

2.- Batzordearen txostena jasotakoan, Klaustroko Mahaiak hauek ezarriko ditu: zuzenketak aurkezteko prozedura, Klaustroko Estatutuak Garatzeko Batzordeak horiei buruz emandako irizpena, eztabaida eta bozketa.

3.- Aldaketa onartu egingo da, boto baliodunen bi herenak aldekoak baldin badira.

SEIGARREN TITULUA

KLAUSTROAK GOBERNU KONTSEILUAN IZANGO DITUEN ORDEZKARIEN HAUTATZEA

69. artikulua.- 1.- Estatutuen 241. artikuluak ezartzen duenez, Unibertsitateko Klaustroari dagokio Gobernu Kontseiluko kideak hautatzea modu honetara:

- 18 kide era honetara banatuta: 7 unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen ordezkariak izango dira; 4, gainerako irakasle eta ikerlarien ordezkariak; 4, ikasleen ordezkariak; eta 3, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak.

- 6 fakultateko dekano edo ikastegietako zuzendari, sailetako 3 zuzendari eta ikerketa institutuko zuzendari bat.

70. artikulua.- 1.- Irakasle funtzionario, gainerako irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ataletako ordezkariak atal bakoitzeko hautetsiek berek eta beren artetik aukeratuko dituzte.

2.- Ikasleen ordezkariak campus bakoitzeko ikasle-ordezkariek berek eta beren artetik aukeratuko dituzte.

71. artikulua.- Klaustrokide guztiak izango dira hautesle, Gobernu Kontseiluan egongo diren dekano, zuzendari, sailetako eta unibertsitate-institutuetako zuzendarien ordezkariak hautatzeko.

72. artikulua.- 1.- Hauteskundeetara mahiaren erabakiaz deituko da, eta hauteskundeetarako egutegia eta beharrezkoak diren arauak ezarriko ditu.

2.- Aurrez kandidatura kolektibo, itxi eta ordenatuak aurkeztuta hautatuko da, eta gizon eta emakumeen arteko presentzia orekatua gordeko da, 11. artikuluan jasotzen den moduan.

3.- Mahaiak emango du hautagaiek programa azaldu eta defendatzeko izango duten denbora.

4.- Hondar handienaren sistema proportzionala jarraituz zenbatuko dira botoak.

ZAZPIGARREN TITULUA

ALDEZLEAREN HAUTATZEA, URTEKO TXOSTENA ETA ALDEZLEAREN ETA HAREN ONDOKOEN KONTROLA

73. artikulua.- 1.- UPV/EHUren estatutuen 105.2. artikuluak xedatzen duenez, klaustroari dagokio aldezlea aukeratzea, UPV/EHUko Aholkularien Batzordeak proposatuta.

2.- Aldezlea UPV/EHUko arduraldi osoz diharduten irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen artetik aukeratuko da.

3.- Proposamenean berariaz aipatu beharko da zein diren hautagai izateko merezimenduak.

74. artikulua.- 1.- Klaustroko Mahaiak aukeratuko du proposamena bozkatzeko sistema.

2.- Klaustrokideek idatziz aurkez ditzakete galderak, proposatu den hautagaiak bilkuran erantzun ditzan.

3.- Proposamena onartzeko, aldezle izateko proposamena klaustrokideen % 60k eta kolektibo guztien gehiengo soilak eman beharko diote sostengua.

75. artikulua.- Klaustroak funtzionamendu-arautegia onartuko du, aldezlearen proposamena kontuan hartuta edo aldezlea bera entzunda.

76. artikulua.- 1.- Aldezleak urtero aurkeztuko dio berak izandako jardueren txostena klaustroari.

2.- Aldezlearen txostena, gutxienez, klaustroa bildu baino bi aste lehenago bidaliko da, eta, bidaltzearekin batera, unibertsitatearen webgunean jarriko da, jende guztia jakinaren gainean egon dadin.

3.- Klaustroa bildu baino astebete lehenago, klaustrokideek galderak egin eta argibideak eska ditzakete jardueren txostenaz, horretarako irekitako foro publikoa erabiliz. Eta horren jarraipena egin dezakete unibertsitateko kide guztiek.

4.- Aldezleak bide berberak erabiliz erantzun ditzake galderak, klaustroa bildu baino 48 ordu lehenago, edo klaustro-bilkuran bertan. Aldezlearen txostenari dagokionez, klaustroa bertaratu diren kideez eratu daiteke, bigarren deialdian. Galderak egin eta argibideak eskatu dituzten klaustrokideek jasotako erantzunari buruzko azalpen gehigarriak eska ditzakete, horretarako mahaiak eskainitako unean. Aldezlearen parte hartzea dela-eta sortutako gai berriei buruz egingo diren argibide-eskaerek, gutxienez, 15 klaustrokideren babesa beharko dute.

5.- Galderak erantzundakoan, mozioak aurkez daitezke, betiere 53. artikuluaren arabera. Edonola ere, erabakiak hartzeko, quorumari buruz ezarritako arauak bete beharko dira.

6.- Aldezleak klaustroari txosten bereziren bat aurkeztu nahi dionean, txostenean jasota dauden gertaerak larriak edo premiazkoak direlako, Klaustroko Mahaira joko du. Klaustroko Mahaiak klaustroa berehalakoan biltzeari desegoki iritziz gero, errektoreak Gobernu Kontseilua biltzeko deia egingo du edo hurrengo bilkuraren aztergaietan sartuko du gaia.

77. artikulua.- 1.- Aldezlea edo horren ondokoetako bat kargutik kentzeko eska diezaioke Unibertsitateko Klaustroak errektoreari, eginkizunak ez betetzeagatik edo eskubideak urratu dituzten jarduerengatik, baldin eta klaustroko kideen herenak, eta % 60ko gehiengo kualifikatuaz, aldeko botoa ematen badu.

2.- Erabakia hartzerakoan, errektorea kentzeari buruzko arauak hartu beharko dira kontuan.

ZORTZIGARREN TITULUA

ERREKTOREA HAUTATZEA ETA KENTZEA

I. KAPITULUA

ERREKTOREA HAUTATZEKO KLAUSTROAREN PRESTATZEA

78. artikulua.- 1.- UPV/EHUrren estatutuen 249.2. artikulua betez, Gobernu Kontseiluak onartutako egutegian Unibertsitateko Klaustroa behin ezohiko deialdian bilduko dela jasoko da, hautagaiek beren programak aurkeztu eta klaustroarekin beren programez eztabaidatu dezaten.

2.- Klaustroa biltzeko deialdiarekin batera, hautagaiek emandako hauteskunde-programen laburpena joango da. Programa horiek horretarako irekitako webgunean eskegiko dira, jende guztiak horren berri izan dezan.

3.- Klaustrokideek programei buruzko galderak egin edo argibideak eska ditzakete, horretarako irekitako foro publikoa erabiliz, eta unibertsitateko kide guztiek egin dezakete horren jarraipena.

4.- Zenbat hautagai dagoen ikusita, Klaustroko Mahaiak klaustro-bilkura egiteko aginduko du; bigarren deialdian bertan dauden kideez eratu daiteke klaustroa, eta kandidatura guztiei bermatuko die bere programak defendatu eta zabaltzeko aukera-berdintasuna.

5.- Bermatu egingo da, halaber, unibertsitateko kide guztiek klaustro-bilkura gertatu bitartean jarraitu ahal dezaten UPV/EHUko webgunearen bidez.

II. KAPITULUA

ERREKTOREA HAUTATZEKO HAUTESKUNDEETARAKO EZOHIKO DEIALDIA

79. artikulua.- 1.- Estatutuen 237. artikuluak aipatzen duen klaustroaren ezohiko deialdia, klaustrokideen gutxienez heren batek proposatu beharko dio Klaustroko Mahaiari.

2.- Eskaerak beharrezko baldintzak betetzen dituela ikusi ondoren, mahaiak horren berri emango die errektoreari eta klaustrokideei. Errektoreak 72 orduko epean egingo du klaustroa biltzeko ezohiko deialdia, eta, gehien jota, eskaera aurkeztu eta bi asteko epean bildu beharko du klaustroak.

80. artikulua.- 1.- Bilkuraburu izango da klaustrokideen artetik antzinatasun handiena duen unibertsitateko katedraduna.

2.- Eztabaidari hasiera emango zaio eskaera sinatutako klaustrokideetako batek defentsa eginez.

3.- Horren ondoren, errektoreak hitz egin dezake.

4.- Aurrekoaren jarraian, mintzatzeko txanda eskatzen duten klaustrokideek hitz egin dezakete, alde eta kontrakoek.

5.- Errektoreak amaituko du eztabaida.

81. artikulua.- 1.- Hautetsien bi herenen aldeko botoa beharko da eskaera onartzeko.

2.- Ekimena onartuz gero, klaustroaren deuseztatzea eragingo duena, zentsura-moziotzat joko da eta errektorea kargutik kentzea ekarriko du. Dena dela, ohiko jarduerekin jarraituko du, errektore berria karguaz jabetu arte.

82. artikulua.- Aipatutako gaiari buruz eztabaidatzeko ezohiko deialdian deitutako klaustroak biltzerik izan ezean, quorum faltagatik edo ekimena ez onartzeagatik, sinatzaileek ezin dezakete aurkeztu berriz horrelako ekimenik, bozkatuz geroztik urtebete pasatu arte.

BEDERATZIGARREN TITULUA

KLAUSTROAREN EGINTZEN ETA ERABAKIEN KONTROLA

83. artikulua.- 1.- Unibertsitateko Klaustroaren eta mahaiaren erabakiek administrazio-bidea agortzen dute eta zuzenean inpugna daitezke administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

2.- Dena dela, aurrez aurkez daitezke nahi adina errekurtso indarreko legeriaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Klaustroa osatzeko hauteskundeetan era subsidiarioan aplikatuko da Hauteskunde Arautegi Orokorra.

Bigarrena.- Aldezlearen izendapena dela-eta UPV/EHUren Estatutuek Aholkulari Batzordeari esleitutako eginkizunak Gobernu Kontseiluak beteko ditu.

Hirugarrena.- Arautegi hau onartzean, unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzailetzat hartuko dira: irakasle osoak, irakasle agregatuak, irakasle lankide iraunkor doktoreak, ikerketa-irakasleak eta doktore ikertzaileak.

Laugarrena.- Unibertsitateko Klaustroak 2009ko otsailaren 26an hartutako erabakiari jarraituz, Ikasleek Gobernu Kontseiluan izango dituzten lau ordezkariak honela banatuko dira: campus bakoitzetik ordezkari bat (guztira, 3), campus bakoitzeko ikasle klaustrokideek euren artetik aukeratua; laugarren ordezkaria ikasle gehien dituen campusekoa izango da. Laugarren hori campus horretako ikasleek Klaustroan dauzkaten ordezkarien artean eta artetik aukeratuko da.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- 11.1 artikuluan zehaztutakoa ezarriko da, baldin eta kasuan kasuko taldean kide gutxien dituen sexukoak talde osoaren gutxienez % 25a badira. Hori bete ezean, hautagai zerrendan gizon eta emakumezkoek duten ehunekoa, gutxien dela, ikastegian edo campusean hauteskunde talde berak kide gutxien dituen sexurako daukan ehuneko bera izan behar da, eta zerrendan, edonola ere, emakumezko bat, gizonezko bat, emakumezko bat, gizonezko bat.... hurrenkera bete behar da.

Bigarrena.- Arautegi hau indarrean sartu eta urtebeteko epean, Estatutuak Garatzeko Klaustroko Batzordeak Estatutuak aldatzeko proiektua aurkeztuko du Estatutuak unibertsitateko araudi berrira egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Klaustroaren funtzionamenduari buruzko arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta gelditzen dira 1984ko otsailaren 23ko Klaustroaren Funtzionamendurako Arautegia, Klaustroko kideak hautatzeko hauteskundeei buruzko arauak (behin-behineko Gobernu Kontseiluak 2004ko otsailaren 25ean onartuak) eta Klaustrokideei buruzko behin-behineko arautegia (2008ko urtarrilaren 30ean Unibertsitateko Klaustroak hartuta erabakia).

ERANSKINA

Haien iraupen eta garrantziagatik Gobernu Kontseiluak titulazio ofizial eta berezko tituluen pareko jarri dituen ikasketak klaustro-hauteskundeetarako

Giza Zientzietako Unibertsitate Titulua (Gobernu Batzarrak 1999ko apirilaren 27an onartua).

II. ERANSKINA

UPV/EHUko GOBERNU KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDU ARAUTEGIA

HITZAURREA

Gobernu Kontseiluak, 2008ko maiatzaren 10ean egindako bileran, Estatutuetako 241. artikulurako idazkera berria onartu zuen 4/2007 Lege Organikoak, Unibertsitateen Legea aldatzekoak, xedapen gehigarrietatik zortzigarrenean zehaztutakori jarraituz. Estatutuetako aldaketa horrek, era berean, Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Arautegia egokitzea dakar.

Arautegian asko dira biltzen diren arloak: kideen eskubide eta betebeharrak, bileretarako deiak, bileren nondik norakoak, Gobernu Kontseiluak arautegiak edo erabakiak hartzeko prozedurak, batzorde eskuordetuak eratzea, horien osaera eta kideak aukeratzeko prozedura, Batzorde Iraunkorra (osoko bilkurarekin eskumenak banatuta dituena administrazioaren eraginkortasunaren mesedetan), Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordea, Ekonomia Batzordea eta kontseiluaren ustez egoki izan daitezkeen gainerako batzordeak.

AURRETIKO TITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Gobernu Kontseiluko burua.

1.- Gobernu Kontseiluko burua errektorea da.

2.- Errektorea bileratik irtenez gero, hark bere ordez izendatuko duena jarriko da buru edo, bestela, Estatutuetako 245. artikuluan aipatutako erabakiari jarraituz legez dagokion errektoreordea.

2. artikulua.- Gobernu Kontseiluko idazkaria.

1.- Gobernu Kontseiluko idazkaria UPV/EHUko idazkari nagusia izango da.

2.- Idazkari nagusia bileratik irtenez gero, gerenteak ordezkatuko du edo, bestela, idazkari nagusiaren legezko ordezkoak.

3.- Idazkari nagusia hil, kargua utzi, gaixotu edo kanpoan badago, Estatutuetako 245. artikuluan aipatutako erabakian zehaztutakoari jarraituz legez idazkari nagusiaren ordezko dena izango da kontseiluko idazkari.

3. artikulua.- Gerentea.

1.- UPV/EHUko gerentea Gobernu Kontseiluko kide da.

2.- Gerentea hil, kargua utzi, gaixotu edo kanpoan badago, Estatutuetako 245. artikuluan aipatutako erabakian zehaztutakoari jarraituko zaio ordezkoa izendatzeko.

4. artikulua.- Kide izatea eta leku hutsak betetzea.

1.- Gobernu Kontseiluko kide izatea norberaren ezaugarria da eta ezin zaio beste inori utzi. Estatutuetako 228. artikuluan aipatutako egoeretan utziko dio ordezkari batek ordezkari izateari, edo kontseiluaren elkarren segidako hiru bileratara edo txandakako bost bileratara justifikatu gabe egiten badu huts.

2.- Organoa behin eratuta, hutsik geratzen diren lekuak kasuan kasuko zerrendetako ordezkoek beteko dituzte. Aipatutako irizpideari jarraitu ondoren bete gabe geratzen den plaza-kopurua talde bateko kideen % 50 baino handiagoa edo organoko kideen % 30 baino handiagoa bada, hauteskunde partzialak egingo dira. Modu horretan hautatutakoak kide izango dira agintaldia amaitu arte.

3.- Ordezkariek lau urteko agintaldia izango dute, ikasleen ordezkariak izan ezik, horiena Unibertsitateko Estatutuetan jasotakoaren araberakoa izango baita.

4.- Gizarte Kontseiluko ordezkarien kasuan organo horren arautegiak dioena beteko da edo, halakorik zehazten ez badu, osoko bilkurak dioena.

5. artikulua.- Gobernu Kontseiluko kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.- Gobernu Kontseiluko kideek kontseiluko bileretara eta partaide diren batzordeetako bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute. Gainera, unibertsitateko legeriak eta arautegi honek esleitzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte.

2.- Bileretara joateak unibertsitateko gainerako betebeharrak betetzetik salbuetsiko ditu organoetako kideak, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua eman egiten dela bermatzeko.

3.- Ikasleen ordezkarien kasuan, Idazkaritza Nagusiak jakinaren gainean jarriko ditu kasuan kasuko ikastegi eta sailetako kide bakarreko organoak, eman diezaieten horren berri irakasgaien arduradunei. Modu horretara, Gobernu Kontseiluko kide izateagatik joan beharreko bileretara joateak sortaraz ditzakeen arazoei eta gatazkei aurrea hartu ahal izateko eta konponbideren bat emateko, eta hartara, ikasleontzat bateragarri izan daitezen ikasketetako betebeharrak eta ordezkari legez dituztenak.

4.- Gobernu Kontseiluko kideek eskubidea dute euren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoa izan dezaketen unibertsitateko dokumentazioa eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Informazioa idatziz edo bide telematikoaren bitartez eskatuko diote Idazkaritza Nagusiari, eta idazkaritzak zazpi eguneko epean emango die, eskaera jasotzen duenetik kontatzen hasita. Idazkaritzak ez badauka eskura eskatu zaion informazioa, ahalik eta azkarren lortu beharko du, eskaera eginda kasuan kasuko organoari. Organo horrek aipatutako epea izango du informazioa emateko, edo zergatik ezin duen eman azaltzeko.

5.- Bileretara joateaz gain, Gobernu Kontseiluko kideen betebeharrak dira:

a) UPV/EHUren erakunde-helburuak lortzen laguntzea.

b) Estatutuetan eta arautegi honetan jasotakoa betetzea.

c) Beren lanak egiterakoan izandako eztabaiden eta lortutako informazioen inguruan behar bezalako zuhurtzia izatea.

d) UPV/EHUko Estatutuetan eta legeetan jasotako gainerakoak.

I. TITULUA

GOBERNU KONTSEILUAREN ARAUBIDEA

6. artikulua.- Bilerak eta bileretarako deiak.

1.- Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.- Bileretarako deiak, oro har, ohikoak izango dira, eta seihileko bakoitzean gutxien dela 3 bilera egingo dira.

3.- Gobernu Kontseiluak ezohiko bilera egingo du aztertu beharreko gaiak direla-eta hala egin behar denean, baita aplikatu beharreko arautegiak xedatutako kasuetan ere. Ezohiko bileretako aztergaien zerrendan ez dira agertuko gai hauek: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

4.- Premiazko bilerak ezohikoak izango dira. Bilera egiteko organoko kideen bi heren egon beharko dira bertan eta bilera premiazkoa dela berretsi beharko dute bertaratuen gehiengo osoaren aldeko botoarekin.

7. artikulua.- Bilerarako dei egitea.

1.- Gobernu Kontseiluko buruak egin behar ditu organoaren bileretarako deiak, berak hala erabakitzen duenean edo kideen % 25ek eskatzen duenean. Azken kasu horretan ezohiko bilera egingo da, eskaera aurkeztu eta gehienez ere zazpi egun balioduneko epean.

2.- Organoko burua hil, kargua utzi, gaixotu edo kanpoan badago, errektorearen legezko ordezkoak egin dezake Gobernu Kontseilurako deia. Ordezkorik ez badago, Gobernu Kontseiluan denbora gehien daraman dekanoak edo zuzendariak egingo du deia, unibertsitatearen gobernagarritasuna bermatzeko.

3.- Bilerarako deia organoko idazkariak bideratuko du, behar bezala, bileraren data baino gutxienez lau egun lehenago. Deialdian adieraziko da bilera non egingo den, zein egun eta ordutan, eta deiari aztergaien zerrenda erantsiko zaio.

Aztergaiei buruzko dokumentazio osoa Unibertsitateko Idazkaritza Nagusian izango dute eskura organoko kideek, gutxien dela bilera baino 48 ordu lehenago, eta deia egin den egun berean egongo da jarrita web orrian.

4.- Estatutuetako 242. artikuluak dioena betetzeko, bileretako deiak honako lekuetara ere bidaliko dira: errektoreordetzetara, ikastegietako dekanotza eta zuzendaritzetara, sailetako zuzendaritzetara, ikerketa institutuetako zuzendaritzetara, UPV/EHUn ordezkaritza daukaten sindikatuetara eta UPV/EHUko Ikasleen Kontseilura.

5.- Unibertsitateko gainerako kideei ere deialdiaren berri eman ahalko zaie, horretarako jarriko den web orriaren bitartez.

8. artikulua.- Aztergaiak.

1.- Gobernu Kontseiluaren bileretako lehenengo aztergaia aurreko bileretako aktak onartzea izango da eta azkena, galde-eskeak. Kontseiluko kideen % 20k, gutxienez, edo Kontseiluan ordezkaritza daukaten taldeetako kideen % 100k aztergaien zerrendan punturen bat sartzea proposatzen badu Kontseiluko buruari zuzendutako idatzi baten bidez, puntu hori ere jaso egin behar da zerrendan. Idatzi hori UPV/EHUko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da bilerarako deia egin baino lehenago, beharrezko dokumentazioarekin batera.

2.- Aztergaien zerrendan errektoreak informazioa emateko puntua agertzen bada, Gobernu Kontseiluko kideek hitz egiteko eskubidea izango dute, errektoreak informazioa eman ondoren, baina behin baino ezin izango dute hitz egin.

3.- Ezingo da hartu aztergaien zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko erabakirik; hala ere, bileran organoko kideen bi heren baino gehiago badaude, eta botazioa eginda gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, erabakia hartu ahal izango da.

9. artikulua.- Kide anitzeko organoa eratzea.

1.- Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen heren bat egotea, gutxienez, bigarren deialdian (lehengo deialdia baino 15 minutu beranduago). Edonola ere, organoko burua eta idazkaria beti egon beharko dira edo, bestela, haien legezko ordezkoak.

2.- Organoa bigarren deialdian eratzeko beharrezko quoruma bozketa guztietan izango da beharrezkoa.

3.- Presazko bilerak lehenengo deialdian egingo dira beti.

10. artikulua.- Bileren nondik norakoak.

1.- Kide anitzeko organoko buruak bilera behar bezala antolatuko du eta, horretarako arrazoirik egonez gero, bertan behera utzi ahal izango du. Horrelakoetan, une horretan bertan adierazi beharko du zein egun, ordu eta lekutan jarraituko du bilerak eta horixe izango da bertaratuak jakitun jartzeko bidea. Bilerari berriz ekiteko epea hurrengo bi egun baliodunak izango dira.

2.- Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake, organoko buruak proposamena egin ondoren.

3.- Egoki deritzonean, kide anitzeko organoko buruak organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ahalko ditu bileretara, aztergaien zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazioa eman dezaten. Aktan jaso egingo da bileran gonbidatuak izan direla eta gonbidatuek ez dute botoa emateko eskubiderik izango.

4.- Unibertsitateko kideak Gobernu Kontseiluaren bileretara joan ahal izango dira, betiere, leku nahikoa badago. Edonola ere, kontseiluko buruak, egoera kontuan hartuta, bilera itxia egitea erabaki dezake, hala bilera osoa nola gairen bat aztertzeko tartea. Erabaki horren berri deialdia egitean edo bileraren hasieran eman dezake, bai eta bileran zehar ere.

5.- Artikulu honetako 3. eta 4. puntuetan aipatutako kide guztiek zuhurtziaz gorde beharko dute Gobernu Kontseiluaren bileran emandako informazioa eta bileran adierazitakoa; horrela egin ezean, diziplina arloko edo bestelako erantzukizuna izan dezakete.

11. artikulua.- Bileretan hitz egitea.

1.- Gobernu Kontseiluko eta Zuzendaritza Kontseiluko kideek hitz egiteko eta proposamenak aurkezteko eskubidea izango dute aztergaien zerrendako puntu bakoitzean, arautegiak onartzeko puntuetan izan ezik. Dena dela, arautegi honetan jasotakoa eta kontseiluko buruak agindutakoa bete beharko dute.

Kideek, oro har, hiru aldiz hartu ahal izango dute parte puntu bakoitzean. Lehenengo parte hartzea bost minutukoa izango da eta beste biak hirukoak, salbuespenak salbuespen.

2.- Ikastegietako dekano eta zuzendariek, sailetako zuzendariek, ikerketa institutuetako zuzendariek, sindikatuetako ordezkariek eta campusetako, ikastegietako eta UPV/EHUko ikasleen Kontseiluetako buruek ere hitz egiteko eskubidea izango dute aztergaien zerrendako puntu bakoitzean, baldin eta aztergaiak euren arlokoarekin lotura zuzena badauka eta kontseiluko buruak horretarako baimena ematen badie.

Bilerako buruak ahalegina egingo du hitza emateko unibertsitateko gainerako kideei ere, baldin eta erabaki proposamenak zuzenean eragiten badie; edozelan ere, txanda bakarra izango dute hitz egiteko.

3.- Bilerako buruak alusioengatik hitz egiteko txanda eman ahal izango du eztabaidan, beharrezkotzat jotzen duenean.

4.- Kontseiluko kideek ordena arazoak planteatu ahal izango dituzte, honako hauetarako: aztergaien zerrenda betearazteko, arautegia egokiro aplikatzea bermatzeko, eztabaida amaitzea eskatzeko, bilera behin-behinekoz bertan behera uztea eskatzeko, eta eztabaida atzeratzea nahiz harekin jarraitzea eskatzeko.

Bestalde, bilerako buruak eskaria egin diezaieke kideei gaiari lotzeko, baldin eta beste gai bati buruz ari badira edo gai horri buruzko eztabaida bukatuta badago edo bozketa egina.

5.- Gobernu Kontseiluko kideek aztergaien zerrendan jasotako puntuen inguruko proposamenak egin ahal izango dituzte baina, hala ere, arautegiak direnean bete egin beharko da horiek onartzeko prozedura.

12. artikulua.- Interpelazioak eta galderak.

1.- Gobernu Kontseiluko kideek, beren izenean edo unibertsitateko kideen izenean, unibertsitatearen gobernuari buruzko interpelazioak eta galderak egin ahal izango dituzte, gaiaren arloan eskumena daukan karguak erantzun ditzan.

2.- Galderak ahoz egin ahal izango dira «Galde-eskeak» puntuan. Erantzuna ahoz edo idatziz eman ahal izango da, betiere, organoaren hurrengo ohiko bilera amaitu baino lehen.

3.- Interpelazioak idatziz aurkeztuz gero Idazkaritza Nagusian Gobernu Kontseiluaren ohiko bilera baino 48 ordu lehenago, erantzuna bileran bertan eman beharko da.

13. artikulua.- Botazioa.

1.- Erabakiak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila behar izango da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege-xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da aldeko botoak kontrakoak baino gehiago badira. Bi proposamen daudenean, aldeko boto gehien lortzen duena onartuko da. Proposamenak bi baino gehiago direnean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da; edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenak hartuta, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena.

2.- Berdinketa izanez gero, berriro egingo da botazioa; hala ere berdinketa izanez gero, organoko buruaren kalitate botoak erabakiko du.

3.- Botazioak isilpekoak izango dira, kide anitzeko organoko kideren batek eskatzen badu. Dena dela, botazioa beti izango da isilpekoa pertsonei buruzkoa bada.

4.- Kideek beren botoa eta horretarako arrazoia jasota geratzea eska dezakete; idatzi bidez egingo dute kontseiluko buruak adierazitako eran. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto partikularrak beti agerrarazi behar dira proposamenekin batera.

5.- Aurkako botoa ematen dutenek horretarako arrazoia emanda edo jendaurrean abstenitu egingo direla adierazten dutenek ez dute hartutako erabakien ondoriozko erantzukizunik izango.

14. artikulua.- Bilerako akta.

1.- Idazkariak bilerako akta egingo du, eta akta hori, oro har, hiru hilabeteko epean onartuko da. Akta bi hizkuntza ofizialetan emango da argitara baina, edonola ere, parte hartze bakoitzean erabili den hizkuntza errespetatuta.

2.- Aktetan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta bilera amaitu aurretik joan beharra adierazi dutenena; gai zerrenda; bilera tokia eta ordua; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren ea emaitzak; hartutako erabakien edukia eta, egoki joz gero, arrazoiaren azalpen laburra.

3.- Aktetan boto partikularrak ere jaso behar dira, eskaria berariaz egin bada. Kide anitzeko organoko edozein kidek eskatu ahal izango du bere parte hartzea edo proposamena jasotzeko aktan. Horretarako, idatziz aurkeztu beharko du testua eskaera egin eta segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako moduan.

4.- Kide anitzeko organoko kideek aktan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin beharko ditu proposatutako aldaketak, eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egingo dira.

5.- Kide anitzeko organoa aldatu baino lehen, bilera egin beharko da onartzeke dauden akta guztiak onartzeko. Bilera hori egitea ezinezkoa bada, akten zirriborroak bidaliko zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar eguneko epea emango zaie erreklamazioak egiteko. Epe horretan ez bada erreklamaziorik egiten, aktak onartutzat emango dira. Hala ez bada, organo berriaren hurrengo bileran onartu beharko dira.

6.- Onartutako aktak Gizarte Kontseilura, campusetako errektoreordetzetara, ikastegietara, atal sindikaletara eta UPV/EHUko Ikasleen Kontseilura bidaliko dira, unibertsitateko kideek eskura izan ditzaten.

15. artikulua.- Erabakiak argitaratzea.

1.- Idazkaritza Nagusiak, ondoren, kide anitzeko organoak hartutako erabakien testu osoa emango du argitara web orrian, datu pertsonalei buruzko legean zehaztutakoari jarraituz. Hartara, unibertsitateko kide guztiek izan ahalko dute erabakien berri.

2.- Aipatutakoa gorabehera, pertsonei buruzko erabakiak interesatuei jakinarazi beharko dizkie kide anitzeko organoari proposamena egin zion organoak. Pertsona horiek erabakiaren aurka egin ahal izango dute legeak xedatutako moduan eta erabakia jakinarazten denean hasiko da horretarako epea kontatzen.

16. artikulua.- Erabakiak betearaztea eta errekurtsoak jartzea administrazio bidean.

1.- Kide anitzeko organoak hartutako erabakiek onartzen direnetik aurrera dute eragina, erabakian bertan kontrakorik adierazi ezean. Zuzendaritza Kontseiluaren kasuan kasuko organoak izango du Gobernu Kontseiluaren erabakiak betearazteko ardura.

2.- Hilabeteko epea egongo da aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzeko Gobernu Kontseiluaren, Batzorde Iraunkorraren eta batzorde ordezkarien erabakien kontra. Errekurtsoa erabakia eman zuen organoari aurkeztu beharko zaio. Kautela neurrietarako eskariaren inguruko erabakia hartzeko zehaztuta dagoen epean ezinezkoa bada organoaren bilera egitea, errektoreak, edo Estatutuetako 245. artikuluan aipatutako errektorearen erabakian zehaztutakoari jarraituz haren ordezko denak, izango ditu erabakia hartzeko eskumenak eskuordetuta.

II. TITULUA

PROZEDURAK

I. KAPITULUA

GOBERNU KONTSEILUARENTZAKO PROPOSAMENAK ETA ERABAKIAK TRAMITATZEKO PROZEDURA

17. artikulua.- Prozeduraren hasiera.

1.- Gobernu Kontseilurako edo Batzorde Iraunkorrerako proposamena edo erabakia aurkeztu nahi duten unibertsitateko organoek, kasuan-kasuan eskumenak dauzkan Zuzendaritza Kontseiluko kidearen bitartez emango diote hasiera prozedurari.

2.- Hori dela eta, kide anitzeko organoaren bilera-eguna baino hilabete lehenago bidaliko da Gizarte Kontseiluarentzako proposamena kasuan kasuko errektoreordetzara, Idazkaritza Nagusira edo Gerentziara. Erabaki proposamenari buruzko dokumentuak bi hizkuntzetan egongo dira; eta, ahal den neurrian, proposamen horien eranskinak ere bi hizkuntzetan egongo dira.

18. artikulua.- Espedientea osatzea eta aztergaien zerrenda prestatzea.

1.- Zuzendaritza Kontseiluko kasuan kasuko kideak, beharrezkoa izanez gero, txostenak bildu eta Idazkaritza Nagusira bidaliko du espediente osoa (ahal izanez gero euskarri informatikoan), organoaren bilera eguna baino hamabost egun lehenago. Gauza bera egin beharko da arautegi honetako 8.1 artikuluan adierazitako eskarietarako.

2.- Idazkaritza Nagusiak, errektorearen aginduz, kide anitzeko organoak aztertuko dituen gaien zerrenda egingo du. Bertan bilduko beharko dira epearen barruan bidalitako erabaki proposamenak eta gainerako gaiak.

3.- Aparteko kasuetan, eta behar bezala justifikatuta, errektoreak aztergaien zerrenda zabaltzea erabaki dezake, betiere, arautegi honetako 7. artikuluan zehaztutako epeei jarraituz.

II. KAPITULUA

ARAUTEGIAK EGITEKO PROZEDURA

19. artikulua.- Proposamenen tramitazioa.

1.- Arautegien proposamenak unibertsitateko Idazkaritza Nagusian aurkeztuko dira eta idazkaritzak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordera bidaliko ditu, txostenarekin batera.

2.- Batzorde horrek Idazkaritza Nagusiak bidalitako proposamena aztertuko du eta, beharrezkoa izanez gero, aldaketak egingo ditu.

3.- Testuaren lehen bertsio osoa Gobernu Kontseiluan aurkeztuko da, eta zuzenketak egiteko epea irekiko.

20. artikulua.- Zuzenketak egiteko prozedura.

1.- Gobernu Kontseiluko kide guztiek egin ahal izango dituzte zuzenketak horretarako egongo den epearen barruan, batzordeko buruari bidaliko dioten idatzi arrazoituaren bitartez. Unibertsitateko kideek ere zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, baina Gobernu Kontseiluko kideren batek babesa eman beharko die zuzenketa horiei bere sinadurarekin, eta kide hori izango da zuzenketak aurkezteko arduraduna.

2.- Batzordeko buruak erabakiko du aurkeztutako zuzenketak onartuko diren ala ez. Zuzenketaren bat ez onartzea erabakiz gero, azaldu egin beharko du arrazoia.

3.- Batzordeak, proposamenak tramitatzean, beharrezkotzat hartzen dituen egokitzapenak egin ahal izango ditu testuan, ikusitako akatsak zuzentzeko eta kontraesanak saihesteko. Egokitzapen horiek egin ahal izateko beharrezkoa izango da bertaratutako kide guztien adostasuna.

21. artikulua.- Osoko zuzenketak.

1.- Osoko zuzenketa aurkeztu ahal izateko, Gobernu Kontseiluko kideen heren baten babesa izan beharko da, gutxienez, eta zuzenketarekin batera ordezko testu arrazoitua proposatu beharko da.

2.- Batzordeak osoko zuzenketa horiek aztertuko ditu eta, ondoren, bere iritzia bidaliko dio Gobernu Kontseiluari.

3.- Osoko zuzenketa onartzen den Gobernu Kontseiluaren bileran bertan epe bat irekiko da zuzenketak egiteko ordezko testuari. Dena dela, testu horri ezin izango zaio egin osoko zuzenketarik.

22. artikulua.- Artikuluei egindako zuzenketak.

1.- Artikuluei egindako zuzenketak, testua gehitu, aldatu edo kentzeko izango dira.

2.- Tramiterako onartu diren zuzenketekin aurrera egin ahal izateko, batzordearen bileran bertaratutako batzordeko kideen bi herenen aldeko botoa beharko da. Berdinketarik egonez gero, Gobernu Kontseiluaren osoko bilkuraren iritzia eskatuko da.

23. artikulua.- Gobernu Kontseiluak zuzenketak eztabaidatu eta onartzea.

1.- Zuzenketak aztertzen hasi baino lehenago, batzordeko buruak jakinarazi egingo dio Gobernu Kontseiluari zeintzuk diren 20.3 artikuluari jarraiki testuan egin diren egokitzapenak.

2.- Batzordearen bilerara bertaratutako kideen bi herenak baino gutxiago direnean ezezkoa eman diotenak zuzenketari, zuzenketarako proposamena egin duenak aukera izango du proposamen hori Gobernu Kontseiluari aurkezteko.

III. KAPITULUA

HITZARMENAK TRAMITATZEA ETA ONARTZEA

24. artikulua.- Helburua.

1.- Kapitulu honetan xedatutakoa nahitaez ezarri beharko da UPV/EHUk erakunde publikoekin eta pertsona fisiko edo juridikoekin egingo dituen lankidetza hitzarmenetan, hau da, hitzarmen horien xedea alde guztien intereseko helburuetara iristea bada euren eskumeneko alorretan edota kontratu administratibo edo pribatuen helburuak ez direnak betetzea.

2.- Edukiaren arabera, lankidetza hitzarmena hauxe izango da: hitzarmeneko aldeen arteko konpromisoa, alde horien guztien intereseko gaia aurrera eraman ahal izateko.

3.- Tramiteak erraztea aldera, Idazkaritza Nagusiak hitzarmenak egiteko prozedura ereduak eta hitzarmen ereduak zehaztuko ditu, horretarako aukera ematen duten esparru guztietan.

4.- UPV/EHUko Idazkaritza Nagusian hitzarmenen erregistroa egongo da.

25. artikulua.- Lankidetza hitzarmentzat hartuko ez diren itunak.

Lankidetza hitzarmentzat hartu ahal diren arren, ondoren aipatzen diren itunei ez zaie aplikatuko kapitulu honetan xedatutakoa:

a) Osasun erakundeekin egindako itunak (ekainaren 28ko 1558/1986 Errege Dekretua, unibertsitateen eta osasun erakundeen arteko itunak egiteko oinarri orokorrak xedatzen dituena).

b) Unibertsitateko ikasketak irakasten dituzten ikastegiak atxikitzeko hitzarmenak (UPV/EHUren Estatutuetako 216. artikulua).

c) Unibertsitateko ikerketa institutuak eratu, aldatu edo kentzeko egindako hitzarmenak (Estatutuetako 210. artikulua).

d) Ikastetxe nagusiak eta unibertsitateko kideentzako egoitzak sortzeko egindako hitzarmenak (UPV/EHUren Estatutuetako 299. artikulua).

e) Enpresekin egindako heziketarako lankidetza programak (uztailaren 19ko 1497/1981 Errege Dekretua eta irailaren 9ko 1845/1994 Errege Dekretua).

f) Arautegi berezia duen beste edozein hitzarmen, bai unibertsitateari buruzkoa bai orokorra.

26. artikulua.- Hitzarmenen proposamenetan gutxienez jaso beharrekoak.

Hitzarmenek, gutxienez, honakoak zehaztu beharko dituzte:

a) Hitzarmena zein organok sinatzen duten, zein ahalmen juridiko duten, eta alde bakoitza zein eskumenez baliatzen den. Era berean, berariaz jasoko da alde biek elkarri aitortzen diotela hitzarmenean egiteko ahalmena, eta alde bakoitzak bere erakundea behartzeko gaitasuna daukala.

b) Hitzarmena finantzatzeko era eta, beharrezkoak izango badira, giza baliabideak eta baliabide materialak.

c) Hitzarmena betetzeko adostuko diren jarduerak.

d) Hitzarmena gestionatzeko erakunde bat sortu behar den ala ez. Erakunde horrek, besteak beste, hitzarmenaren inguruan sor litezkeen interpretazio eta betetze arazoak konpondu beharko lituzke.

e) Hitzarmena noiztik noiz arte egongo den indarrean eta zelako luzapena izango duen, sinatzaileek halakorik adostuko balute.

f) Hitzarmena amaitzeko arrazoiak, aurreko atalean esandakoaz gainera, bai eta kontratua amaituko balitz, aurrera eramaten ari diren zereginei bukaera emateko modua ere.

27. artikulua.- Tramitazioa.

1.- Hitzarmenen bat egin nahi bada Zuzendaritza Kontseiluaren berearen ekimenez edo unibertsitateko ikastegi, sail, ikerketa institutu, zerbitzu edo beste egituraren baten proposamenari jarraituz, hitzarmena egiteko proposamena Zuzendaritza Kontseiluko kideren batek bidez bideratu beharko da eta, zalantzarik izanez gero, Zuzendaritza Kontseiluak berak erabakiko du.

2.- Errektoreordetza eskudunak espediente administratiboa tramitatuko du, eta bertan jasoko dira hitzarmena izenpetzeko beharrezkoak diren aurrekari guztiak. Hain zuzen ere, dokumentu hauek erantsi beharko zaizkio espedienteari:

a) Hitzarmena egiteko arrazoiak agertzen dituen memoria. Bertan jasoko dira, besteak beste, hitzarmena sinatzeko beharra edo abantailak, aurrera eramango diren jarduerak (iraupena eta egutegia zehaztuta, bai eta onuradunak ere, nortzuk izango diren jakiterik badago), aldeek euren gain hartzen dituzten konpromisoak, beharrezkoa izango den azpiegitura, eta hitzarmenean xedatutako helburuak betetzeko dauden langileak eta bitartekoak, besteak beste.

b) Gerentziaren txostena, hitzarmenean jasotako eragiketak aurrekontuan sartzeari buruzkoa, bai eta hitzarmenean jasotako gainerakoei buruzkoa ere, horiek Gerentziaren eskumena den alorrekoak badira.

c) Hitzarmenarekin zerikusia daukaten arloetako errektoreordetza guztien txostena edo, bestela, kasuan kasuko campuseko errektoreordetzarena.

d) Hitzarmena abian jartzeak zuzenean eragiten dien gainerako ikastegi, sail, institutu eta zerbitzuen txostena.

e) Lege Aholkularitzaren txostena.

f) Hitzarmeneko testuaren zirriborroa, gutxienez 26. artikuluan zehaztutakoak jaso beharko dituena.

28. artikulua.- Hitzarmenak onartzea.

1.- Hitzarmena campuseko batzordeak onartu beharko du, baldin eta hitzarmenaren helburuak kontuan hartuta campuseko organoei badagokie hitzarmena garatzea.

2.- Hitzarmenaren aplikazio eremua campusa baino haratago doanean, edo langileak kontratatu behar direnean, Batzorde Iraunkorrak edo Gobernu Kontseiluak onartu beharko du hitzarmena.

3.- Edonola ere, honako hauek Gobernu Kontseiluan aurkeztuko dira, ontzat eman ditzan:

a) Hitzarmena egitearen alde ez dagoen txostenen bat daukaten espedienteak.

b) Ondareari buruzko hitzarmenak, hitzarmenaren gaia honako hau denean salbu: ondasunaren erabilera lagatzea Euskal Herriko Unibertsitateari.

c) 300.000 euro baino gehiagoko konpromisoa dakarten hitzarmenak, langileen gastuak barne.

d) Unibertsitateari 300.000 euro baino gehiagoko diru sarrera ekarriko dioten hitzarmenak.

Edozelan ere, campusetako batzarrek eta Batzorde Iraunkorrak ontzat emandako hitzarmenen berri izan beharko du Gobernu Kontseiluak eta, horrexegatik, hitzarmenen zerrenda igorriko da organo horren bileretara.

4.- Ez ditu Gobernu Kontseiluak ontzat eman beharko Kontseiluak berak emandako eredu edo irizpideekin bat datozen hitzarmenak.

Hitzarmena sinatu eta hurrengo bileran emango zaio berri Gobernu Kontseiluari.

Arautegi honen eranskinean jasoko dira Gobernu Kontseiluak hitzarmenetarako onartuta eredu eta irizpideak.

5.- Esandakoa gorabehera, hitzarmenaren iraupena luzatu ahal izango da txosten guztiak aldekoak badira edo aldaketak ez badira asko.

29. artikulua.- Hitzarmenak izenpetu eta betearaztea.

1.- Hitzarmenaren testuan jasota egon behar da erakundeko zein ordezkarik sinatu behar duen.

2.- Dena dela, errektoreak hitzarmen guztiak izenpetu ahal izango ditu, aldeetako ordezkarien izena eta izana ikusita.

3.- Arautegian jasota badago, organo eskudunak zuzenean izenpetu ahal izango du hitzarmena, Campuseko Batzarrari, Batzorde Iraunkorrari edo Gobernu Kontseiluari aurkezteke.

4.- Oro har, hitzarmenaren tramitazioaz arduratu den Zuzendaritza Kontseiluko kideak betearaziko du hitzarmena; dena dela, proposamena egin zuen organoari eman ahal izango dio eginkizun hori.

III. TITULUA

GOBERNU KONTSEILUKO BATZORDEAK

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

30. artikulua.- 1.- Arautegi honetan aipatzen diren batzordeez gain, Gobernu Kontseiluak beste batzorde batzuk eratu ahal izango ditu, gaiak lantzeko hala egitea komenigarria dela iruditzen bazaio.

2.- Batzorde horiek aldi baterako izan daitezke, edo iraunkorrak. Batzordeen osaera eta eginkizunak eurak eratzeko akordioan jasoko dira.

3.- Dena dela, eta ez bada bestelakorik erabakitzen beren-beregi, erabakiak hartzeko ahalmena izango duten batzordeen kasuan errespetatu egin beharko dira Estatutuek Gobernu Kontseilurako ezartzen dituzten ehunekoak ordezkaritzetan. Halakoetarako, unibertsitateko ikerketa institutuen ordezkaria sailetako zuzendarien taldean sartuko da.

4.- Gobernu Kontseiluak funtzionamendu arautegi espezifikoak onartu ahal izango ditu batzordeetarako baina, oro har, arautegi honetako I. tituluan jasotako xedapenak aplikatuko dira.

31. artikulua.- Batzordeetako buruak eta idazkariak.

1.- Batzorde guztietako burua errektorea izango da, eta hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Burua ez bada Zuzendaritza Kontseiluko kidea, zehaztu egin beharko da irakaslanetik zein heinean egongo den salbuetsita, bai eta beste gorabehera batzuk ere, eta horren berri eman Gobernu Kontseiluari.

2.- Bestelakorik zehazten ez bada, batzordeko idazkaria batzordeko kideetako bat izango da, batzordeak berak aukeratuko duena kideen artetik.

32. artikulua.- Kideak hautatzeko prozedura.

1.- Batzordeetako kideak lau urterik behin hautatuko dira Gobernu Kontseiluko kideen artetik, ikasleen ordezkariak izan ezik, ordezkari horiek Unibertsitateko Estatutuetan jasotakoari jarraituz hautatuko baitira.

2.- Gobernu Kontseiluko batzordeak hautatzeko deialdian zehaztuko da zein izango den talde bakoitzaren hautagai zerrenda kolektibo, itxi eta ordenatuak aurkezteko epea eta prozedura.

3.- Honako talde hauek osatzen dute Gobernu Kontseilua:

- Ikastegietako dekano eta zuzendariak

- Sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendariak

- Ikasleen ordezkariak

- Lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreen ordezkariak

- Bestelako irakasle eta ikertzaileen ordezkariak

- Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak

- Gizarte Kontseiluak izendatutako kideak

- Errektoreak aukeratutako errektoreordeak

4.- Hautagai zerrenda bik edo gehiagok boto kopuru bera lortzen badute, beste botazio bat egingo da zerrenda horiek hartuta. Orduan ere berdinketa izanez gero, zozketa egingo da.

5.- Aipatutakoa gorabehera, Gobernu Kontseiluko kideek organo horien osaera osoa proposatu dezakete beren artean ados jarrita. Proposamen hori berretsi egin beharko da adostasunez.

II. KAPITULUA

BATZORDE IRAUNKORRA

33. artikulua.- Osaera.

1.- Gobernu Kontseiluko Batzorde Iraunkorra honako hauek osatuko dute: batzordeko buru izango den errektoreak, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsonak; idazkari nagusiak, batzordeko idazkari ere izango dena; gerenteak; eta beste 11 kidek, Gobernu Kontseiluko taldeetako kideek hautatuak euren artetik. Hamabi kide horiek honela banatuko dira:

- lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreen 2 ordezkari

- gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat

- ikasleen ordezkari bat

- administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat

- ikastegietako dekano eta zuzendarien bi ordezkari

- sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendarien ordezkari bat.

Horiez gain, Batzorde Iraunkorreko kide izango dira errektoreak aukeratutako bi errektoreorde, eta Gizarte Kontseiluak aukeratutako Gobernu Kontseiluko kide bat.

34. artikulua.- Eginkizunak.

1.- Osoko Bilkurak zein batzordeak berak onartu ahal izango ditu Batzorde Iraunkorraren beraren eskumenekoak.

2.- Ondokoak dira Batzorde Iraunkorraren eskumenak:

a) Ikastegien arautegiak onartzea, legeak agintzen duen legezkotasun txostena aldekoa bada.

b) Batzordearen eskumenekoak diren hitzarmenak sinatzea onartzea.

c) Irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrendetako edo administrazio eta zerbitzuetako lanpostuen zerrendetako aldaketak onartzea, legeak agintzen dituen txosten guztiak aldekoak badira, eta sindikatuen ordezkarien gehiengoa ez badago gai horiek Batzorde Iraunkorrean eztabaidatzearen aurka.

d) Ohorezko lankideen izendapenak onartzea.

e) Gizarte Kontseiluaren onespena behar ez duten aurrekontuko transferentziak onartzea, baldin eta Batzorde Ekonomikoak horien aldeko iritzia eman badu.

f) Kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontuaren luzapena egokitzeko irizpideak onartzea, beharrezkoa izanez gero.

g) Kasuan kasuko batzordean aldeko iritzia izan duten proposamenak onartzeko erabakia hartzea, baldin eta gaia premiazkoa izanik ezinezkoa bada hurrengo Osoko Bilkurara arte itxarotea; edozelan ere, ondokoak salbuespen dira:

1) Unibertsitatearen aurrekontuen aurreproiektua eta urte anitzerako programazioaren proiektua onartzea.

2) 1.200.000 eurotik gorako balioa duten ondasun higiezinekin zer egin onartzea.

3) Arautegiak onartzea, oinarrizko arautegiaren garapena denean izan ezik.

h) Gobernu Kontseiluak adierazitako gainontzeko guztiak, kontseiluko kideen gehiengo osoak hala erabakita.

3.- Gobernu Kontseiluari Batzorde Iraunkorrak hartutako erabaki guztien berri emango zaio.

4.- Batzordeak hartutako erabakiak ez dira berriro aztertuko Osoko Bilkuran, eta alderantziz.

35. artikulua.- Bilerak eta araubidea.

1.- Arautegi honetako I. tituluan xedatutako guztia aplikatuko zaio Batzorde Iraunkorrari.

2.- Batzorde Iraunkorra balioz eratzeko, gutxienez kideen erdiak egon beharko du bertan.

3.- Batzorde Iraunkorrean, kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da erabakiak hartzeko.

4.- Batzorde Iraunkorraren bilerarako deia Gobernu Kontseiluko kide guztiei bidaliko zaie eta arautegi honetako 8.1 artikuluan zehaztutako gehiengorik izanez gero, aztergaien zerrendako gaiak zerrendatik kentzeko eskaria egin dezakete bilera baino, gutxien dela, 24 ordu lehenago. Horrelakoetan, Gobernu Kontseiluaren hurrengo bilerara bidaliko da gaia.

III. KAPITULUA

EKONOMIA BATZORDEA

36. artikulua.- Osaera.

1.- Ekonomia Batzordeko burua errektorea edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona izango da, eta honako hauek osatuko dute:

a) gerenteak.

b) ikastegietako dekano eta zuzendarien bi ordezkarik.

c) sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendarien ordezkari batek.

d) lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreen bi ordezkarik.

e) gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari batek.

f) ikasleen ordezkari batek.

g) administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari batek.

h) Gizarte Kontseiluak izendatutako kideen ordezkari batek.

i) errektoreak aukeratutako errektoreorde batek.

2.- Batzordeko idazkari teknikoa aurrekontuen arloko gerenteordea izango da, eta hitz egin ahal izango du baina ez botoa eman.

37. artikulua.- Eginkizunak.

Hauek dira Ekonomia Batzordearen eginkizunak:

a) Urteko premien memoria, urte anitzerako programazioaren proiektua eta unibertsitatearen aurrekontuen proiektua prestatzeko zereginetan parte hartzea, eta dokumentu horiei buruzko iritzia ematea Gobernu Kontseiluan aurkeztu baino lehen.

b) Aurrekonturako epez aurkeztutako zuzenketei buruzko txostena egitea; zuzenketa tramitera onartzeko ezinbestekoa izango da zuzenketak aurrekontuaren oreka gordetzea.

c) Kreditu transferentziak eta aurrekontua banatzeko irizpideak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari edo, behar izanez gero, Batzorde Iraunkorrari.

d) Aurrekontua betearazteko arauei buruz egin beharreko txostena egitea. Arauok Gerentziak proposatuko ditu, eta Gobernu Kontseiluak onartuko.

e) Kasuan kasuko ekitaldiko aurrekontua luzatzeko irizpideei buruzko iritzia ematea, Gerentziak hala proposatzen badio.

f) Gastua gainbegiratzea eta txostena egitea kontu orokorrez eta ekitaldiaren kitapenaz, bai eta urteko txosten ekonomikoa ere, Gobernu Kontseiluari eta Gizarte Kontseiluari aurkeztu aurretik eta beti ere urteko lehenengo seihilabetearen barruan.

g) Hiru hilabeterik behin 300.000 eurotik gorako kontratazioen berri ematea.

h) Txostena egitea balio handiko ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak saldu edo beste batzuen esku uzteko proposamenez.

i) Inbentarioan jasotako ondasunak desafektatzeko prozedura onartzea, Gerentziak hala proposatzen badio.

j) UPV/EHUren administrazio baldintza orokorren orriak onartzea, kontratazio administratiboan aplikatu beharreko legeriak arautzen dituen obra, hornigai eta zerbitzu kontratuetarako, Gerentziak hala proposatzen badio eta legezkotasun txostena jaso ondoren.

k) Gobernu Kontseiluak ekonomia eta aurrekontu gaietan bere gain uzten dituen gainerako guztiak.

IV. KAPITULUA

ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK GARATZEKO BATZORDEA

38. artikulua.- Osaera.

1.- Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordeko burua errektorea izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Idazkaria idazkari nagusia izango da, edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona. Idazkariak hitza eta botoa izango du.

2.- Aipatutakoez gain, ondoren adierazten diren Gobernu Kontseiluko taldeek ordezkari bana izango dute Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordean:

- Lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreek

- gainerako irakasle eta ikertzaileek

- ikasleek

- administrazio eta zerbitzuetako langileek

- ikastegietako dekano eta zuzendariek

- sailetako eta ikerketa institutuetako zuzendariek

- Gizarte Kontseilua

3.- Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordea hautatzerakoan, errektoreak aukeratutako errektoreordeak kasuan kasuko taldeetan sartuko dira.

39. artikulua.- Eginkizunak.

Hauek dira Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen eginkizunak: Estatutuak garatzeko arautegiak prestatzea eta arautegiei buruzko txostenak egitea, bai eta Estatutuetan zehaztutako batzordeek edo Gobernu Kontseiluaren batzorde ordezkariek tramitatu behar ez dituzten arautegi orokorrak ere.

IV. TITULUA

ARAUTEGIA ALDATZEA

40. artikulua.- Ekimenak eta prozedura.

1.- Arautegi hau aldatzeko ekimena errektoreari dagokio, edo Gobernu Kontseiluko kideen heren bati.

2.- Arautegia aldatzeko proposamena aurkeztu eta hilabeteko epean, errektoreak Estatutuak eta Arautegiak Garatzeko Batzordearen bilerarako deia egingo du, aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

3.- Arautegi honetako II. tituluko II. kapituluan jasotako moduan tramitatuko da arautegia aldatzeko proposamena.

4.- Proposamenak aurrera egingo du emandako boto baliodunen gehiengo osoa lortzen baldin badu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Arautegi honetarako eranskinak onartzea ez da arautegiaren aldaketatzat hartuko.

Bigarrena.- Arautegi honetan zehaztu ez den guztirako Herri Administrazioen Araubide Publikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea ezarriko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratuko dira: Gobernu Kontseiluaren Funtzionamenduari buruzko arautegia, Gobernu Kontseiluak 2005eko irailaren 29an onartua (2005eko abenduaren 5eko EHAA); Gobernu Kontseiluak 2007ko otsailaren 8an hartutako erabakia, Batzorde Iraunkorrari ahalmena emateko premiazko gaiak edo kasuan kasuko batzordearen aldeko iritzia duten gaiak ebazteko (2007ko martxoaren 30eko EHAA); 2007ko maiatzaren 17an Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia, Gobernu Kontseiluaren Funtzionamendu Arautegiko 34.1.e) artikulua aldaraztekoa (2007ko ekainaren 29ko EHAA).

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean.


Azterketa dokumentala