Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2007ko urriaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Indargabetutako xedapena

Xedapen Orokorrak

Osasun Saila
5412

139/2007 DEKRETUA, irailaren 11koa, Euskadiko Bioetika Batzordeari buruzkoa.

Zientzia eta teknologia-aurrerapenek aukera berriak eskaintzen dizkiote medikuntza-jardunari, eta guztiek ere herritarrarentzako hobekuntzak ekartzen dituzte. Baina aurrerapen horiek zalantzak eta eztabaidak sortzen dituzte sarritan, giza-duintasuna errespetatzeko printzipio etikoekin bat etortzen ez direlako edo elkarren aurkakoak direlako.

Bioetika honako helburua duen diziplina da: gizakiari —ikuspegi sozial eta juridikotik, eta ingurumenaren ikuspegitik— aplikatu behar zaizkion osasunaren arloko teknologia- eta zientzia-aurrerapenak modu etiko batean bideratzea eta mugatzea.

Osasun-zientzietan dauden aurrerapen teknologikoak garatu eta gizakiari aplikatzerakoan, bai eta hainbat osasun-arazo —gizakiaren existentziaren ingurukoak— sanitatearen ikuspegitik ebazterakoan ere, inplikazio etiko batzuk sortzen dira. Inplikazio horietaz arduratzea nazioarteko hainbat eragilek agindu zuten, eta horien artean bat nagusitzen da: 2005eko urriaren 19an Uneskok onartutako Bioetika eta Giza Eskubideei buruzko Adierazpen Unibertsala.

Adierazpen horrek Estatuei agintzen die beharrezkoak diren xedapen guztiak —legegintza- edo administrazio-izaerakoak edo beste mota batekoak— eman ditzaten, adierazitako printzipioak praktikan jarri ahal izateko, giza eskubideei buruzko nazioarteko zuzenbidearen arabera. Neurri horien artean berariaz aipatu behar da Etika Batzorde independenteak, diziplina-anitzekoak eta pluralistak sortzeari dagokiona. Batzorde horien zeregina izango da medikuntza eta osasun-zientzien alorrean dauden berrikuntzak gizakian nola txertatzen, garatzen eta aplikatzen diren ebaluatzea ikuspegi etiko batetik; hori guztia etika unibertsalaren printzipioetan eta giza-duintasunarekiko errespetuan oinarritzen den jarduera bat sustatzeko egingo da.

Adierazpen hori gehitu behar zaie Uneskok, giza-genomari eta giza-eskubideei buruz, 1997an egindako Adierazpen Unibertsalei eta Gizakiaren 2003ko Datu genetikoei; izan ere, giza-duintasunari eduki behar zaion errespetuarekiko ardura sumatzen da jada horietan guztietan.

Halaber, giza-duintasunarekiko errespetuan oinarritutako bioetika-printzipioak indar loteslea duten tresna juridikoetan islatzen dira: batetik, Giza Eskubideen eta Biomedikuntzaren Hitzarmenean (Europar Kontseilua); bestetik, Oviedoko Hitzarmenean, alegia, giza-eskubideak eta giza-duintasuna Biologiaren eta Medikuntzaren aplikazioetatik babesteko egin zen Hitzarmenean.

Printzipio horiek guztiak garatzeak gure inguruan Ikerketako Batzorde Etikoak eta Laguntza Etikoko Batzordeak sortzea ekarri du. Helburua: botikekin egindako entsegu klinikoen ebaluazioa, biomedikuntzako ikerketa-proiektuak eta osasunaren arloko jarduera asistentzialaren ebaluazio etikoa.

Horregatik guztiagatik, Etika Batzorde bat sortu beharra dago; honako hauek izango dira, besteak beste, batzorde horren egitekoak: zientzia eta teknologiaren aurrerapenak baloratzea, aholkuak eman eta orientabideak prestatzen laguntzea, euskal gizartean bioetikaren inguruko eztabaida, heziketa eta sentsibilizazioa sustatzea —baita euskal gizartearen parte-hartzea ere—. Egiteko horiek guztiek izaera aholku-emailea izango duen kide anitzeko organo bat sortu beharra justifikatzen dute. Organo horrek ordezkari instituzionalak eta sozialak izango ditu, Biomedikuntzaren eta Osasun Zientzien alorreko jarduera profesionalean aipatutako bioetika-printzipioak garatzeko eta aplikatzeko adituak diren ordezkariak, hain zuzen ere.

Azkenik, Bioetika Batzordearen sorrera Euskadiko Osasun Antolamenduari buruko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen postulatuetan kokatu behar da. Izan ere, lege hori da herritarrak osasun-babeserako duen eskubidea dagokion lurralde-eremuan gauzatzea posible egiten duten jarduerak arautzen dituen eremu nagusia; Euskadiko osasun-sistema osatzen duten egiturak aurreikusten dira horretarako, betiere, honako printzipio hauek guztiak kontuan hartuta: unibertsalitatea, solidaritatea, ekitatea, zerbitzuen kalitatea eta herritarren parte-hartzea.

Hori guztia dela eta, Osasun sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko irailaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Euskadiko Bioetika Batzordea sortu da. Kide anitzekoa, burujabea eta aholku-emailea izango da organo hori.

2. artikulua.– Helburua.

Euskadiko Bioetika Batzordearen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Administrazioari eta komunitate zientifikoari Biomedikuntza eta Osasun Zientzien inplikazio etiko eta sozialekin zerikusia duten gaietan laguntzea eta bioetikaren inguruko eztabaidan erreferentzia-foro izatea.

3. artikulua.– Adskripzioa.

Euskadiko Bioetika Batzordea Ikerlan eta Garapen Sanitarioko Zuzendaritzari edo, Osasun Sailaren egitura organiko edo funtzionalaren arabera, eskumena duen organoari adskribatuko zaio.

4. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Honako hauek dira Euskadiko Bioetika Batzordearen egitekoak:

a) Biomedikuntzaren eta Osasun Zientzien inplikazio etiko eta sozialen inguruan garrantzitsutzat jotzen dituen gaiei buruzko txostenak eta proposamenak egitea, bai eta aholkuak ematea ere.

b) Medikuntzan, bizitzaren zientzietan eta horiei lotutako teknologietan dauden aurrerapenak baloratzea, eta etikaren ikuspegitik dauden arriskuen kudeaketarekin zerikusia duten txostenak egitea eta aholkuak ematea.

c) Euskal gizartean Bioetikaren inguruko eztabaida, heziketa eta sentsibilizazioa garatzen laguntzea, eta euskal gizartearen parte-hartzea sustatzea.

d) Jarduteko aholkuak eta protokoloak ematea. Helburua: Osasun Administrazioari eta osasunaren alorreko profesionalei laguntzea printzipio eta balore etikoak errespetatzen, bai jarduera asistentzialean, bai irakaskuntza- eta ikerketa-jardueran.

e) Aholkuak, irizpideak eta arauak aztertzea, baloratzea eta ematea, inplikazio etiko garrantzitsua duen edo giza-duintasunari —ikuspegi sozial eta juridikotik, eta ingurumenaren ikuspegitik— eragiten dion edozein gairen inguruan.

2.– Euskadiko Bioetika Batzordeak bai bere ekimenez, bai honako hauek guztiek eskatuta jardungo du: Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, Osasun sailburuak, eta Euskadin akreditatutako Ikerketako Etika Batzordeek eta Laguntza Batzorde Etikoek.

3.– Euskadiko Bioetika Batzordearen txosten, proposamen, aholku eta gainerakoak argitaratzea posible izango da, jendeak horien guztien berri izan dezan.

4.– Euskadiko Bioetika Batzordeak elkarlanean jardungo du beste batzorde batzuekin, baldin eta bere jarduera-eremua osatzen duten funtzio aholku-emaile antzekoak badituzte.

5. artikulua.– Osaera.

1.– Batzordeak, gehienez, hamazazpi kide izango ditu; mundu zientifikoan edo juridikoan prestakuntza egiaztatua duten eta bioetikaren inguruko gaietan interesa duten pertsonek aukeratuko dituzte kide horiek guztiak, eta eremuen artean ahalik eta orekarik handiena lortzeko ahalegina egingo da.

2.– Kideak Osasun sailburuak izendatuko ditu; honako irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Kide bat, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak proposatuta.

b) Hiru kide, Euskadiko Osasun Sistemako profesionalen artean aukeratutakoak.

c) Hiru kide, Euskadiko Ikerketako Batzorde Etikoetako kideen artean aukeratutakoak.

d) Hiru kide, Euskadiko Laguntza Etikoko Batzordeetako kideen artean aukeratutakoak.

e) Hiru kide, Unibertsitatekoak.

f) Medikuntzaren arloan diharduen profesional bat, Euskadiko Medikuen Kontseiluak aukeratuta.

g) Erizaintzaren arloan diharduen profesional bat, Euskadiko Erizaintzako Elkargoek aukeratuta.

h) Farmaziaren alorrean diharduen profesional bat, Euskadiko Farmazeutikoen Kontseiluak proposatuta.

i) Legelari bat, Legekarien Euskal Kontseiluak proposatuta.

3.– Batzordearen kideen artean izendatuko da lehendakaria.

4.– Izendapen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

6. artikulua.– Koordinazioa eta idazkaritza.

1.– Batzordea koordinatzeko zeregina Ikerlan eta Garapen Sanitarioko zuzendariari dagokio; laguntza teknikoa eta administratiboa emango dio batzordeari bere egitekoak burutzerakoan.

2.– Ikerlan eta Garapen Sanitarioko zuzendariak izendatuko du Batzordearen idazkaria, pertsonal teknikoaren artetik aukeratuta. Idazkari horrek hitz egiteko eskubidea izango du; ez, ordea, botoa emateko eskubiderik.

7. artikulua.– Kalte-ordainak.

Batzorde batekoa izateagatik ez da inolako ordainsaririk jasoko; baina horrek ez du esan nahi zerbitzua dela-eta indarreko araudian ezarritako kalte-ordainik jasotzerik izango ez denik.

8. artikulua.– Funtzionamendua.

Batzordeak berak onartuko ditu bere barne-funtzionamenduko arauak, kide anitzeko organoen funtzionamendua arautzen duten xedapen orokorretan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko irailaren 11n.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.


Azterketa dokumentala