Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7155

327/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Lan-aukerak areagotzeko eta Laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuak bilakaera positiboa izan du azken urteotan, eta langabezia-mailak nabarmen behera egin izana eta jarduera-tasek izandako hazkundea (txikia izanda ere) ditugu horren adierazgarri. Lan-merkatuaren adierazleak aztertuz gero, langabeziari dagokionez aldaketa kuantitatiboa ez ezik aldaketa kualitatiboa ere izan dela esan dezakegu; gure Erkidegoko eskualde eta udalerri jakinetan bildu da bereziki hazkunde kuantitatiboa, eta indar handiagoz hartu ditu eraginpean hainbat talde eta kolektibo, langabeziaz gain bestelako zailtasun pertsonal eta sozialak ere izan baititzakete .

Bestalde, ezin dugu ahaztu, adierazitako bilakaera positiboa gorabehera, euskal lan-merkatuak alde nabarmenak dituela adierazle europarrekiko, enplegu eta jarduera tasei zein langabezia-tasei dagokienez. Alde hori indar handiagoz nabarmentzen da gazteen langabezia-tasetan eta luzarorako langabezia-tasetan, baita emakumeen jarduera eta enplegu tasetan ere. Ahaleginak indartzea eta jarduera mugatzea eskatzen du errealitate honek, maila europarrean ezarritako helburuak lortu ahal izateko.

Talde desberdinen lan-aukerak areagotzeko eta laneratzea sustatzeko Enplegu Politika diseinatu eta garatzeak jarduera-neurri malguak eta mugatuak eskatzen ditu, banakako arreta integratua, jarduerak egungo premietara egokitzea ahalbidetuta, sektore anitzeko tratamendurako beste eragile publikoekin koordinazio-mekanismoak ezarrita, tokiko inguruneko berezitasunera egokitu beharra kontuan hartuta, eta aldi berean jarduera publikoaren bide izan behar duten zuzentasun eta homogeneotasun printzipioak bermatuta.

Arau honen xedea Lan-aukerak areagotzeko eta Laneratzea sustatzeko neurriak arautzea da, 2003-2006 Enplegu Planean ezarritako jarduerak artikulatuz eta Plan horretan ezarritako esku-hartze printzipioetatik abiatuz:

– Enplegu-politika pertsonalizatzea

– Lan Orientazioa jardueren artikulazio-ardatz izatea

– Zerbitzuak modu bateratuan baliatzea

– Neurrien integrazioa

– Prebentzio-neurriak lehenestea

– Taldeen premietara egokitzeko eta sartzeko bideak baliatzea inolako oztoporik ez izateko moduan (fisikoak, komunikazio-arlokoak...), guztiek baldintza-berdintasunean parte har dezaten eskainitako Enplegu Baliabideetan.

– Gizonen eta emakumeen arteko desorekak hausteko bultzada ematea

– Tokiko ingurunera egokitzea

– Bestelako eragile publikoekin koordinatzea eta erakunde arteko ahaleginak koordinatzea

– Homogeneotasuna eta zuzentasuna esku-hartzeen garapenean

– Enplegu-politika eta enpresa-politika integratzea

– Enpleguko egonkortasuna eta kalitatea sustatzea

Hortaz, I. Kapituluan arautzen dira entitate laguntzaileei Enplegu Orientazioko ekintzak garatzeko emango zaizkien laguntzak; entitate horiek osatuko dute Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren zerbitzu propioekin batera Enplegu Orientazioko Zerbitzuen Euskal Sarea. Era berean, orientazio-zerbitzuetan artaturiko lagunentzako Enplegurako beste Baliabideen preskripzio-sistema ezartzen da.

II. Kapituluan Laneratzearen Zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoa eratzen da; horien erabiltzaileentzako Enplegu Orientazioko Zerbitzuen Euskal Saretik preskribatu daitezkeen prestakuntza-jarduera guztiak biltzen ditu Katalogoak, eta prestakuntza-ekintza horiek emateko parte hartzen duten entitate laguntzaileentzako laguntzen markoa ere arautzen da.

Azkenik, I eta II. Kapituluentzako Xedapen Komunak biltzen dira III. Kapituluan.

Dekretu honetan ezarritako neurriak 2003-2006 denboraldirako Europako Gizarte Funtsaren 3. Helburuko Egitarau Operatiboan barne hartuta daude.

Orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan garaturiko Enplegu Politika Aktiboek, hainbat arauren bidez erregulaturikoak, eta azken urteotan bilduriko esku-hartze esperientziaren arabera, egitura koherente eta eraginkorragoa ezartzea eskatzen dute, ezarritako oinarrizko esku-hartze printzipioak bete eta gauzatzeko, hau da, jarduerak pertsonalizatzea, orientazioa hainbat neurriren artikulazio-ardatz izatea, zerbitzuak modu bateratuan baliatzea eta enplegu-baliabideen integrazioa.

Enplegu neurri eta baliabideak modu eraginkorragoan antolatu eta egituratzea komeni izateak ere justifikatzen du hori guztia, eskaturiko aldaketa hauek kudeatzeko eta laguntzak esleitzeko prozesuetan islatu beharra dela-eta, Dekretu honen Xedapen Indargabetzaile Bakarrak adierazten duen terminoetan gaia une horretara arte arautzen zuten xedapen arau-emaileen indargabetzea gauzatzeko berehalako ondorioekin.

Horren arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuak proposatuta, Lan Harremanen Kontseilua, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, eta gainerako kontsulta-organo interesatuak entzunda, eta aldez aurretik Gobernu Kontseiluak 2003ko abenduaren 23ko bilkuran eztabaidatu eta onartuta, ondokoa,

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
ENPLEGU-ORIENTAZIOA

1. artikulua.– Xedea.

1.-Enplegu-politika pertsonalizatu eta integralaren markoan, laneratzeko ibilbide bat ezartzeko arreta eta laguntzako hasierako prozesua da Orientazioa. Jendearen lan-aukerak areagotzea da Orientazioaren helburua, enplegu bat eskuratzea edo hari eustea zailtzen duten eragozpenak, objektiboak zein subjektiboak, gainditzeko lagunduko duten erremintak eta baliabideak eskainiz, eta baita integrazio koherentea artikulatzea ere beste neurri eta baliabideen ibilbide banakako eta adostuan, betiere lan bat garatzeko eskaturiko oinarrizko edo lanbide-arloko gaitasuna eskuratu eta garatzeko badira.

2.-Orientazio Zerbitzuen Euskal Sareak garatuko du Enplegu Orientazioa. Egitura propioarekin eratuko da sare hori, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak horretarako sorturikoa, eta zerbitzu laguntzaileen egitura batekin.

3.– Eusko Jaurlaritzak Enplegu Orientazioko ekintzak garatzeko Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bidezko laguntzak arautzea da Kapitulu honen xedea, zerbitzu laguntzaileak osatzen dituzten entitateei dagokienez, eta baita Enplegu Orientazioaz bestelako Enplegurako beste Baliabideak tarteko artaturikoentzako preskripzio-sistema ezartzea ere.

2. artikulua.– Hartzaileak

1.– Ondokoak izango dira Enplegu Orientazioko ekintzen erabiltzaileak:

a) Langabetuak, zentzu zabalean, Gizarte-zerbitzuekin koordinatuta jardungo du bereiziki, laneratzeko hitzarmena sinatuta izaki eta oinarrizko errenta jasotzen dutenak hartzeko.

b) Langabezian geratzeko arriskuan dauden langileak.

c) Aktiboak izan litezkeenak.

2.– Orientazio-ekintzak baliatu nahi dituztenek parte-hartze aktiboko konpromisoa adierazi beharko dute enplegu pertsonalizaturako orientazio-prozesua hasteko.

3.– Euskal Lan Zerbitzuan erregistratuta ez daudenak bertan erregistratuko dira orientazio-prozesua hasten den arte.

3. artikulua.– Entitate onuradunak eta eskakizunak.

1.– 1.2 artikuluan zehaztu den bezala, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak horretarako sorturiko egitura propioak eta zerbitzu laguntzaileen egiturak osatuko dute Enplegu Orientazioko Zerbitzuen Euskal Sarea. Ondokoetan soilik jardungo dute Enplegu Orientazioko Zerbitzu Laguntzaileek:

a) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Enplegu Orientazioko Zerbitzua ez duten enplegu eskualde edo arroetan.

b) esku-hartze espezializatua eskatzen duten gizarteratze eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeentzako arretan (minusbaliotasuna dutenak, gizarte-baztertzea jasateko arriskuan daudenak …)

2.– Ondokoak izan litezke Dekretuaren kapitulu honek biltzen dituen laguntzen entitate onuradun, eta, hortaz, Enplegu Orientazioko Zerbitzu Laguntzaile gisa eratu daitezke, eskualde horiek Orientazio Zerbitzu propiorik ez badute:

a) Udalak edo udalerri-Mankomunitateak.

b) tokiko Garapen Ekonomiko eta Enpleguko Agentziak.

c) sare publikoarekin itunduriko Lanbide Heziketako Ikastetxe publiko edo pribatuak.

d) gizarte-zerbitzuen entitate laguntzaileak, urriaren 18ko Gizarte Zerbitzuei buruzko 5/1996 Legearen 25 eta 26. artikuluetan xedaturikoaren arabera.

e) oro har irabazi-asmorik gabeko entitateak, euren xede sozialean 	langabetuentzako laguntza bilduta badute.

3.– Gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeentzako arreta bereziari dagokionez, gizarte-zerbitzuen entitate laguntzaileak soilik izan ahalko dira Dekretua honetako kapitulu honek biltzen dituen laguntzen onuradun, eta, hortaz, Enplegu Orientazioko Zerbitzu Laguntzaile gisa eratu, urriaren 18ko Gizarte Zerbitzuei buruzko 5/1996 Legearen 25 eta 26. artikuluetan xedaturikoaren arabera.

4.– Entitate onuradunek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

a) EAEn egotea.

b) Euskal Lan Zerbitzuaren zentro laguntzailea izatea.

c) langabetuentzako lanbide-orientazioko ekintzetan aldez aurreko ibilbide sendoa eta egiaztatua izatea, informazio-jarduerak, orientaziokoak, enplegurako motibaziokoak, enpleguak bilatzeko teknikak eta laneratzeari laguntzekoak garatuta. Entitate onuradunek jarduera enplegu-orientazioan espezializaturiko entitateekin lankidetzan egiten badute, entitate laguntzaileak aldez aurreko ibilbide hori egiaztatu beharko du gutxienez.

d) enplegu-orientazioko giza baliabideak eta enplegu-orientazioko jarduerak bana-banaka edo taldeka burutzeko nahikoa lokal eta ekipamenduren azpiegitura edukitzea. Minusbaliatuen arretarako espezializatuak badira, orientazio-materialak minusbaliotasun-motetara egokitzeko espezializaturiko giza baliabideak eduki beharko dituzte, eta zeinuen hizkuntza dakiten profesionalak izaten saiatuko da. Edozein kasutan ere, Enplegu Orientazioko Zerbitzuari dagozkion ekintzak entitate eskatzailearen lokaletan egin beharko dira, salbuespen gisa eta aldez aurreko eskaera tarteko, horietaz kanpoko bestelako espazioak erabiltzea onartu badaiteke ere.

Artikulu honetako 4. paragrafoko d) idatz-zati honen inguruan, ondokoa xedatzen da:

1. -5.1 artikuluaren a) eta i) bitarteko idatz-zatietan tipifikaturiko ekintzak garatzeko, ondokoak eduki beharko ditu gutxienez lokalak:

– Banakako arretako bulego 1.

– talde-arretako gela bat, 10 lagun biltzeko adinakoa.

– orientatzaile bakoitzeko; ordenagailu 1, Pentium 200 motakoa edo goragoko mailakoa, 32 Mb-ko memoria, diskoan 150 Mb gutxienez libre dituela.

– sareko laser-inprimagailu 1 ordenagailu guztiei zerbitzua emateko.

– faxa eta telefonoa.

– goi-mailako teknikari gisa lanaldi osorako kontrataturiko 2 lagun, urte 1etik gorako esperientziarekin, eta curriculum egiaztatua lan-orientazioko eta banakako ibilbideen diseinuko lanetan, eta ezagutzak ofimatikari, interneti eta lan-merkatuari dagokienez. Jarduera enplegu-orientazioko entitate espezializatuekin lankidetzan egiten bada, lagun bat beharko dute gutxienez arestian zehaztutakoari jarraiki, entitate espezializatuaren laguntza lanaldi osoko urtebeteko kontratu 1en baliokidea den dedikazioa dela ere bermatuta.

2.– 5.1 artikuluaren j) idatz-zatian tipifikaturiko ekintzak garatzeko ondokoak beharko ditu eduki lokalak gutxienez:

– gutxi gorabehera 30 metro koadroko aretoa Enplegu Zentro bezala erabiltzeko.

– Enplegu Zentroaren erabiltzaileentzako 3 ordenagailu, Pentium 200 motakoak edo goragoko mailakoak, 32 Mb-ko memoria, diskoan 150 Mb gutxienez libre dituztela.

– sareko laser-inprimagailu 1 ordenagailu guztiei zerbitzu emateko.

– lan-mahaiak, apalak eta 10 plazarako altzari osagarriak.

– EAEko zabalkunde-eremuko prentsa eta estatuko igandeko prentsa; lan-merkatuari buruzko dokumentazioa eta informazioa; lan-arloko biografia, kualifikazioak eta giza baliabideak; enplegu eta prestakuntzako datu-base espezializatuak.

– goi-mailako teknikari gisa lanaldi osorako kontrataturiko lagun 1, urte 1etik gorako esperientziarekin, eta curriculum egiaztatua lan-orientazioko eta banakako ibilbideen diseinuko lanetan, eta ezagutzak ofimatikari, interneti eta lan-merkatuari dagokienez.

4. artikulua.– Enplegu Orientazioko Eredua

Ezarri beharreko Enplegu Orientazioko Ereduak laneratzeko laguntza-prozesu banakakoa bildu beharko du, laneratzean eragina duten pertsonaren alderdiak indartzeko moduan: alderdi pertsonalak, gizarte-mailakoak eta lanbide-mailakoak. Enplegu Orientazioko Zerbitzuak ondoko ikuspegiaren arabera jardun beharko du:

a) Pertsonalizatzailea, integratzailea eta prozesukoa: laguntza pertsonalizatua ematea da kontua, maila kualitatiboan balio erantsia ekartzeko moduan haren lan-aukeretan eragina duten pertsonaren alderdietan, esaterako: gizarte-trebetasunak hobetzea, lan-merkatua hobeto ezagutzea, enplegura hurbiltzeko estrategia bat planifikatzea, lanbide-kualifikazioa hobetzea, enplegua lortzeko motibatzea…

b) Ikuspegi proaktiboa eta prebentiboa: erabiltzaile izan litezkeenak erakarri eta haiei zerbitzua eskaini nahi die esku-hartzeak, eta haiekin jardungo dugu enplegua galdu aurretik edo albait arinen, langabeziaren kronifikazioaren ondorioak aurreikusiz.

c) Borondatezkoa eta konpromisokoa: langabetuak laneratzea errazten duten elementuak identifikatu eta hobetzeko prozesuan modu aktiboan parte hartuko du, prozesuan nahasita eta interesa erakutsita enplegu bat eskuratzeko bere baldintzak hobetzeko.

d) Malgua: erritmoari, ordenari, edukiei, iraupenari eta abar dagokienez, langabetuen premiek bestelako baldintza operatiboen gain lehentasuna izateko moduan.

e) Irisgarria: inolako oztoporik gabekoa (fisikoak, komunikazioak…), minusbaliotasuna dutenek baldintza-berdintasunean parte hartzeko moduan jendeak oro har laguntza nola baliatzen duen kontuan hartuta.

f) Genero-ikuspegia kontuan hartuko du, gizonen eta emakumeen premia, baldintza eta egoera desberdinak kontuan izanda.

g) Jarraitasunekoa: lan-merkatuko aldi baterakotasun eta txandakatze handiak langabezian geratu eta orientazio-zerbitzuetara itzultzen direnak artatzeko premia justifikatzen du, baita euren lanpostua arriskuan ikusten dutenak ere. Hori dela-eta, lan-bizitza guztian jendeari irekita dagoen baliabide gisa pentsatuta dago orientazioa.

h) Irekia: Orientazio Zerbitzua aukeratzeko eta aldatzeko askatasuna dute erabiltzaileek.

i) Sareko funtzionamendua: zerbitzu guztien sareko funtzionamenduak informazioa, kudeaketa-sistema komuna, zerbitzuaren etengabeko hobekuntza eta berrikuntza tekniko eta metodologikoa konpartitzea ahalbidetuko du.

j) Kalitatezkoa: Orientazio Zerbitzu onena eskainita, denboratasunaren, osotasunaren, profesionaltasunaren, enpatiaren, eta baliabide materialak eta antolamendu-arlokoak erabiltzearen dimentsioetatik begiratuta, eta iguripen errealistak eraginez erabiltzaileengan informazio zehatz, egiazko eta egokiturikoaren bidez.

5. artikulua.– Entitate onuradunen eginkizunak eta ekintza subentzionagarriak

1.– Enplegu Orientazioko Zerbitzu Osagarriek egin beharreko ondoko ekintzak izango dira subentzionagarriak:

a) Harrera eta bideratzea. Langabetuarentzako informazio-fasea da; pertsonak egindako eskaera enpatikoa hartu ondoren, enplegu-orientazioko prozesuetarako bideratzea baloratzen da, baita Gizarte Zerbitzuetatik eratorritako bestelako gizarte-baliabideetarakoa edo egokitasun-kontrasterakoa ere, Dekretu honetako II. Kapituluan arautzen diren Enplegu Baliabideen eskaintzako zuzeneko izen-ematerako (prestakuntza, enpresetako praktikak, enplegua eta prestakuntza...), edo Ekiteko Baliabideetarakoa, Kultura Ekintzailea eta Enpresak Sortzeko aukera babesteko Dekretuak bildurikoak.

Ikuspegi proaktibotik jardungo dugu zailtasun handiagoak dituzten taldeak erakarri eta hartzeko: oinarrizko errentaren onuradunak edo familia-unitateko kideak; eskola-porrota duten gazteak, gizarte-baztertzea jasateko arriskuan edo babes bereziko egoeretan daudenak; minusbaliotasuna dutenak; familia-kargak, tratu txarren biktima, lanean ez dauden edo lanean berriz hasitakoak; enplegua galtzeko arriskuan dauden 40 urtetik gorakoak; espetxeetan bizi diren edo erregimen irekiko egoeran daudenak; toxikomano ohiak edo aztura kentzeko prozesuetan daudenak.

b) Diagnostiko profesional eta pertsonala, laneratzeko alderdi lanbide-arlokoak eta pertsonalak identifikatzea eta baloratzea ahalbidetzeko modukoa; alderdi horiek kontuan hartuta kokatuko da langabetua lan-merkatu jakin batekiko hartara hurbiltzeko estrategia finkatu eta adosteko. Hori dela-eta, banakako elkarrizketak eta kalifikazio-probak egingo dira, beharrezkotzat jotzen badituzte.

c) Laneratzeko Plan Pertsonala lantzea. Helburu operatiboak ezarriko dira adostuta epe labur eta ertainean haiei ekiteko, eta jarraipen-modu pertsonalizatua finkatuko da.

d) Enplegu Baliabideen Preskripzioa. Diagnostikoaren eta Laneratzeko Plan Pertsonalaren arabera ondokoak preskribatu ahal izango zaizkie enplegu-orientazioko zerbitzuetan orientaturikoei:

1.– Oro har, Enplegu Baliabideen Katalogoan agertzen direnen arteko lan-aukerak areagotzeko ekintzak, alde batetik Dekretu honen II. Kapituluan arauturiko laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideek eraturikoa, eta, bestetik, Kultura Ekintzailea eta Enpresak Sortzeko aukera babesteko Dekretuan bilduriko Ekiteko Baliabideek.

2.– Salbuespen gisa, Enplegu Baliabideen Katalogoaren zati ez izaki, eta laneratzeko argi eta garbi komenigarriak eta beharrezkoak diren, eta baita langabetuaren ibilbide eta lanbide-helburuarekin koherenteak diren kualifikazioko hobekuntza-ekintzak. Banakako ekintza horiek preskribatu ahal izango dira, aldez aurreko taldeko prestakuntza-prozesu bat ezartzeko bideraezintasun-kontrastea eta proposaturiko prestakuntza-baliabidearen berezitasunaren justifikazioa tarteko; Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren aldez aurreko onarpena beharko du gauzatzeko, dagokion orientazio-zerbitzuak bideraturiko eskaerari jarraiki.

Artikulu honetako 1. paragrafoaren a) idatz-zatian definituriko zailtasun handiagoak dituztenen kasuan, Laneratzeko Plan Pertsonala eta adosturiko Enplegu Baliabideak artikulatzeko aukera sustatuko da, gizarte-zerbitzuek sustaturiko gizarte-mailako bestelako neurriekin batera.

Euren interesa tarteko laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideetara zuzenean jotzen dutenen kasuan, egokitasuneko kontraste-proba egin beharko zaie prestakuntza-baliabidean izena zuzenean emateko edo bere lanbide-helburuarekin hobeto jotzen duen beste baliabide baterantz berriz orientatzeko.

e) Koordinazioa baimenduriko entitateekin Dekretu honetako II. Kapituluan arauturiko Enplegu Baliabideen Katalogoaren ekintzak bideratzeko, helburu hauek kontuan izanda: orientazio-zerbitzuak atzemandako prestakuntza-premiei erantzuteko ekintza berrien eskaera sustatzea; prestakuntza-baliabideetako orientazio-erabiltzaileen aldez aurretiko izen-emateen jarraipena egitea, eta baita alternatibak ezartzea ere aldez aurretiko izen-emate horiek jarduerari hasiera emateko ezarritako beharrezko gutxienekora iristen ez direnean; eta jarduera hasi aurretik entitate horiek bidera ditzaketen lagunen egokitasun-kontrastea egitea.

f) Motibazioa. Premien identifikazioa eta balioak, jarrerak eta interesak garatzea, horien bidez lortzen baita jendeak erabilgarri dituen bitarteko guztiak baliatzea enplegu bat lortzeko.

g) Gizarte eta komunikazio arloko trebetasunak. Gaitasunak garatu eta jarrerak eta trebetasunak lantzea langabezia-egoerari aurre egin eta konpontzeko, enplegua bilatzeko alferrikako jarrerak aldatzeko eta laneko "rol" bat betetzeko.

h) Enplegua bilatzeko teknikak. Lan-merkatua ezagutzea eta langabetuak enplegua bilatzeko teknika eraginkorretan trebatzea.

i) Aldez aurretik ekitea. Norberaren konturako negozio bat sustatzeko aukera egingarria ote den zehazten duten alderdi pertsonalak identifikatu eta piztea, eta hala badagokio, Ekiteko Baliabide batera bideratzea, Kultura Ekintzailea eta Enpresak Sortzeko aukera babesteko Dekretuaren bidez arauturikoa.

j) Enplegu Zentroa. Espazio fisiko egonkorra da; bertan, entitate onuradunak haien eskura jarritako enplegua bilatzeko baliabideei buruzko autokontsulta-tresnak biltzen dituen lekua izango dute erabilgarri langabetuek, eta baita orientatzaile baten babesa ere laneratzeko ibilbidean, eta hura errazten duten erremintak erabiltzeko ere bai. Enplegu Zentro irekia izango da eta ondokoak bertaratu ahal izango dira: Enplegu Orientazioko Zerbitzura sartu eta arreta partzialeko premia dutenak, betiere autonomia eta baliabide pertsonalen maila handia badute; enplegu-orientazioko prozesu orokorra egin eta jada definituriko enplegua bilatzeko estrategian unean uneko errefortzua behar dutenak; eta azkenik, enplegua bilatzeko bereziki motibatuak ez izaki eta Enplegu Zentrora bertaratzen direnak eta profesional orientatzaileak betiere hori harrera-baliabide baliagarritzat baloratzen badu, enplegu-orientazioko beste ekintzetarako bideratu aurretik.

2.– Enplegu Orientazioko Zerbitzu Laguntzaileek aurreko paragrafoan tipifikaturiko ekintza guztiak garatzeko baldintzetan behar dute egon, j) idatz-zatian ezarritakoa izan ezik, eskaera hori hautazkoa izango baita.

3.– Ekintzak bana-banaka edo taldeka egin ahal izango dira, betiere eraginkortasun eta efikazia irizpideak kontuan hartuta, hau da, langabetuarentzako zerbitzurik onena bere premien eta ahalik eta kostu arrazionalaren arabera.

6. artikulua.– Esleipen-irizpideak

1.– Oro har, talde guztiek Enplegu Orientazioko Zerbitzuak baliatzeko aukera bermatuko da, eremu geografiko berean zerbitzuen arteko gainjartzeak ez izateko moduan. Hau da, eremu geografiko berean ez dira ekintzen sustapenerako laguntzak esleituko Enplegu Orientazioko Zerbitzu bat baino gehiagorako, talde hartzailea tipologia erabat desberdinekoa ez bada eta populazio-bolumenak Zerbitzu baterako baino gehiagoko ekintzen eskaintza aholkatzen ez badu. 3.2 artikuluaren a) eta e) idatz-zatien bitartean ezarritako lehentasunezko ordenari jarraiki esleituko dira laguntza horiek horretarako.

2.– 5.1 artikuluan bilduriko ekintzak garatzeko aurreikusitako laguntzak, 2. puntuaren d) idatz-zatian ezarritakoa izan ezik, ondoko irizpideen arabera esleituko dira:

a) Zentro Laguntzaile-Entitate Eskatzailearen tokiko eragin-eremuan izena emandako Euskal Lan Zerbitzuko enplegu-eskatzaileen kopurua, eta, eremu geografiko horretan hainbat eskatzaile izanez gero, Zentro Laguntzailean bertan izena emandako Euskal Lan Zerbitzuko enplegu-eskatzaile kopurua eta bitartekotza-prozesuetan duten ibilbidea, gehienez %10.

b) Enplegu Politika Aktiboekin eta Orientazio Zerbitzuekin loturiko esku-hartzeetan azken 4 urteotan sendoturiko ibilbidea, eta bereziki laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeekin izandako esku-hartzeetan parte hartu duten egitarauei, buruturiko ekintzei eta lorturiko emaitzei dagokienez, orientazio-ekintzak bereziki azpimarratuta, gehienez %40.

c) Lan-merkatuaren azterketari ekin izana eta eginkizun horietan espezializaturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak izatea, gehienez %10.

d) Entitate onuradunera iristeko erraztasunak eta haren kokapena, baita oztopo arkitektonikoak ez egotea ere, eta, oro har, Irisgarritasunaren Sustapenerako abenduaren 4ko 20/1997 Legera egokitzea, gehienez %10.

e) Udalerriaz gaineko eremu geografikoan jardutea, Lurralde Historikoetako 3 Hiriburuetako Orientazio Zerbitzuak jartzeko proiektuak izan ezik, gehienez %15.

f) Lan-merkatuari buruzko baliabide informatibo propioen zuzkidura, eta ekipamenduen eta material-zuzkiduren kalitatea Enplegu Zentro bat jartzeko, 5.1 j) artikuluan ezarritakoaren arabera, gehienez %15.

3.– 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan bilduriko ekintzak garatzeko aurreikusitako laguntzak ondoko irizpideak betetzen badira esleituko dira:

a) Laneratzeko ibilbide pertsonalarekin eta orientaturiko pertsonaren lanbide-helburuarekin batera eskaturiko banakako prestakuntza-baliabidearen koherentzia aztertzea.

b) Pertsona enplegatzeko egiazko aukerak lanbide-kualifikazio horren hazkundea dela-eta.

c) Proposaturiko prestakuntza-baliabidearen berezitasuna eta Enplegu Baliabideen Katalogoan antzeko baliabiderik ez egoteko aukera aztertzea.

7. artikulua.– Entitate onuradunen obligazioak.

Ondoko obligazioak bete beharko dituzte Enplegu Orientazioko Zerbitzuetako diru-laguntzen xede diren ekintzak garatzeko entitate onuradunek:

a) Enplegu Orientazioan espezializaturiko giza baliabideak eta baliabide teknikoak Dekretu honetan ezarritako orientazio-ekintzetarako esklusiboki izango direla formalki bermatu eta hartara konprometitzea.

b) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ematen dizkion Orientazio Zerbitzuaren identifikazio-elementu guztiak behar bezala erabiltzea, erabilerari dagokionez ezartzen diren norabideak beteta.

c) Egitarau hau erabiltzaile izan daitezkeenen artean zabaltzea, Dekretu honen 2. artikuluan definituriko talde hartzailea kontuan izanda. Ahalegin berezia egingo da emandako informazioa minusbaliotasuna dutenek ere balia dezaten.

d) Orientazio-prozesua hasten denean, Euskal Lan Zerbitzuan erregistratzea, bertan erregistratuta ez daudenak.

e) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren menpeko zerbitzuek igorritako erabiltzaile izan litezkeen hautagaiekin harremanetan jartzea, orientazio-prozesuari hasiera emateko.

f) Ekintzen kudeaketari buruzko datuei eta horretarako sorturiko sistema informatikoan artaturikoak laneratzeko ibilbide pertsonalari buruzko informazioa eman eta horiei dagozkien datuak gaineratzea.

g) Zerbitzura bertaratzen den bakoitzak arreta pertsonalizatua, profesionala, osoa eta kalitatezkoa jasoko duela bermatzea, enplegu bat lortzeko aukerak egiaz hobetu eta lan-merkatuan bere trebetasun eta abileziak areagotzeko moduan. Enplegu-orientazioko zerbitzu espezializatura bideratzea edo baliabide arrunten egokitzapena bermatzea minusbaliatuei.

h) Hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta aukera-berdintasuna sustatzea entitate onuradunetik egiten den informazio edo publizitate guztiaren irudietan.

i) Entitate emaileari diru-laguntza emateko kontuan harturiko edozein zirkunstantziaren aldaketa jakinaraztea. Diru-laguntza horrek entitate onuradunaren baldintza galtzeak ez du salbuesten egiteke dauden prozesuak bukatzeko obligazioak enplegu-orientazioko zerbitzua hasi dutenekin, horien interesei kalterik ez eragitearren.

j) Lan-merkatua ikertzeko eginkizunak bere gain hartzea, sistema guztirako zeharkako ekintza gisa, Enplegu Behatoki Publikoen laguntzarekin.

k) Hezkuntza, kultur, gizarte eta osasun arloei, eta beste edozein arlori buruzko informazio-eginkizunak bere gain hartzea, baliabide horietarantz behar bezala bideratzeko moduan. Horri buruzko informazioa bildu beharko dute aldez aurretik horretarako. Ahalegin berezia egin beharko dute minusbaliatuentzako baliagarria izan litekeen informazioa bildu eta egokitzeko.

l) Enplegu Orientazioko Zerbitzurik ez duten eskualdeetatik datozen enplegu-orientazioko jardueretako langabetuak bere gain hartzea, edo Zerbitzua aukeratzeko askatasuna baliatuz zerbitzu horretan artatuak izateko aukera egin dutenak.

8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Fondo galdurako diru-laguntzen bidez finantzatuko dira:

a) Gastu arruntak eta langileenak, eta baita, hala badagokio, 5.1 artikuluaren a) eta i) idatz-zatien bitarteko ekintzei dagozkien Dekretu honen 3.4.c) artikuluak entitate espezializatuaren kontratazioarenak, d) idatz-zatiaren 2. puntuan ezarritakoa izan ezik, ondokoaren arabera:

– 33 euro/orduko banakako prozesuetan eta

– 80 euro/orduko talde-prozesuetan.

b) 5.1 artikuluaren j) idatz-zatiari dagozkion gastu arruntak eta langileenak, ondokoaren arabera:

–9.000 euro gehienez urtean, hainbat kontzeptupean; instalazioa denbora osorako erabiltzea, komunikazioak, ekipamendu informatikoak erabiltzea, bulego-materiala erabiltzea, eta baita erabiltzaileen eskueran jarritako informazio eta prestakuntza baliabide guztiak ere.

– 33.000 euro urtean gehienez ere, Enplegu Zentroaren ekintzak burutzeko beharrezko den orientatzailearen soldata-kostuaren eta Gizarte-Segurantzarako enpresa-kotizazioaren kontzeptupean.

c) Lokalen erabilerari, horien mantentze orokorrari, komunikazioei, eta material suntsikor eta bulegoko materialari dagozkien gastuak hartuko dira gastu arruntzat.

d) 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan ezarritakoari dagozkion gastuak, prestakuntza-baliabide berezi batean orientaturikoen banakako preskripzioari buruzkoak. Kasu honetan, baliabide horretan erregistratzeari buruzko kostua subentzionagarria izango da, pertsona bakoitzeko 2.100.– euro-ko gehienezko mugarekin.

9. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Eskaera, artikulu honen 2, 3 eta 4. paragrafoetan zehazten den dokumentazioarekin batera, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari igorriko zaio, eta Dekretu honen 48.1 artikuluan ezarritako lekuetan aurkeztuko da.

2.– Ondoko administrazio-dokumentazioarekin batera entregatu beharko da eskaera normalizatuaren instantzia:

a) Zinpeko aitorpena, entitate laguntzaile eskatzailearen legezko ordezkariak sinaturikoa, ondokoak bilduta:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo diru-laguntzen markoan hasi eta oraindik izapidean dauden itzultzeko eta zigortzeko prozeduren egoera.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, bestelako herri-administrazioei, edo bestelako ente publiko edo pribatuei, ekintza bera tarteko, eskaturiko beste edozein laguntza edo diru-laguntza zein egoeratan (emandakoa edo izapidean) dagoen; eta hari uko egiteko konpromisoa I. Kapituluan aurreikusitarako ekintzetarako Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntza ematen bada (5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan aurreikusitako ekintzen kasuan izan ezik, ez baitira bateragarriak).

3.– Entitatearen ordezkaritza-ahalmenak izatea erakunde publikoei aurkezteko, gutxienez diru-laguntzak eskatu eta jasotzeko, baita haien beharrezko izapideak egiteko ere.

4.– Dekretu honetan eta, hala badagokio, ematen den onarpen-ebazpenean eskaturiko eskakizun eta baldintza guztiak betetzeko konpromisoak.

5.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2.3 artikuluan aurreikusitako moduren batean egiazko bermea eratzeko konpromisoa, ordainketa aurreratuen kasuetan, ordainketaren zenbatekoak 180.303, 63 (ehun eta laurogei mila hirurehun eta hiru koma hirurogeita hiru) euro gainditzen baditu. Aldez aurretik jaso dezakeen diru-laguntzaren lehenengo ordainketa burutu aurretik formalizatu beharko da berme hori, eta laguntzaren nominala gehi gehienez urtebeteko epeko legezko interesak zein izan litekeen erreklamazio judizial eta estrajudizialaren kostu eta gastuetarako nominalaren gehienez ehuneko hamabost estaliko ditu. Edozein kasutan ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 1.2 artikuluak aipatzen dituen entitateek ez dute konpromiso hau bete beharko.

6.– Dekretu honetan ezarritako ekintzak egiteko Enplegu Orientazioan espezializaturiko giza baliabide eta baliabide teknikoak esklusiban dedikatzeko konpromisoa.

b) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, edota gizarte-aurreikuspeneko dagokion entitatearen ziurtagiri eguneratuak eta bi aletan, entitate horiekin zerga-obligazioak beteta dituela egiaztatzen dutenak, eskaera aurkezteko data baino gehienez hilabete aurreko epearekin. Ez dira aurkeztu beharko entitateak aurreko hurreneko hilabetean aurkeztu badizkio Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari, Dekretu honen kudeaketaren markoan.

c) Pertsona juridikoen eta oro har entitateen txartelaren fotokopia, entitateek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari laguntzak lehen aldiz eskatzen badizkiote soilik.

3.– 5.1 artikuluan deskribaturiko ekintzen kasuan, d) idatz-zatiaren 2. puntuan ezarritakoa alde batera utzita, ondokoa gehitu beharko zaio eskaera normalizatuaren eskaintzari eta aurreko paragrafoan adierazitako administrazio-dokumentazioari:

a) Enplegu Orientazioko Ereduaren deskribapen-memoria, erabili beharreko metodologia eta teknikak, erabilgarri izango dituzten errekurtsoak eta garatu beharreko ekintzak.

b) 3. artikuluaren 4. paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa.

c) Azken 4 urteetan eginiko jarduera xehatuta biltzen duen deskribapen-memoria, Enplegu Politika Aktiboekin eta Orientazio Zerbitzuekin loturiko esku-hartzeetan, batez ere laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeekin, eta lan-merkatuak ikertzeko jardueretan, ondokoak xehetasunez deskribatuta: talde onuradunak, eginiko ekintzak eta lorturiko emaitzak.

d) Entitate onuradunaren kokapenaren eta erabilgarri dauden lokalen ezaugarrien, eta horien irisgarritasun-baldintzen deskribapen-txostena.

e) Dekretu honen xede diren ekintzak egiteko, kontratuetarako eta haren curriculum vitaerako proposaturiko langileen zerrenda.

f) Orientazioan espezializaturiko entitate baten laguntza izan behar badu, kontratatuko dituen ekintzen zerrenda, eta lankidetza hori zein baldintza tekniko eta ekonomikotan egingo duen.

4.– 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan deskribaturiko ekintzen kasuan, ondokoak erantsi beharko zaizkio eskaera normalizatuaren instantziari:

a) Laneratzeko ibilbide pertsonalarekin eta orientaturikoaren lanbide-helburuarekin eskaturiko banakako prestakuntza-baliabidearen koherentziari buruzko justifikazio-txostena, prestakuntza-baliabide horretara jo ondoren pertsona horrentzat zabaltzen den enplegu-aukerei buruzko informazioa, eta baita proposaturiko prestakuntza-baliabidearen berezitasunaren balorazioa ere.

b) Eskaturiko prestakuntza-baliabideari buruzko informazioa: egitaraua, iraupena, datuak, non egingo den, zein entitatek ematen duen, eta matrikulazio-kostuak eta hilerokoak, halakorik badago.

10. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta epeak.

1.– Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak baliatzeko aurkezturiko proiektuen baremoak esleitzeko eta aplikatzeko irizpideen azterketa eta ebaluazioa, eta baita dagokion ebazpen-proposamena ere, Ebaluazio Batzorde teknikoak egingo du: Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzako bi teknikarik osatuko dute gutxienez, eta ebazpen-proposamena aurkeztuko diote Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari, ebazteko organo eskuduna baita.

2.– Kapitulu honetan bilduriko laguntzak emateko edo, hala badagokio, ukatzeko aukera Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren ebazpenaren bidez egingo da. Laguntza ematen den kasuetan, behin ebazpena interesatuari jakinarazi eta hura jaso duenetik 10 laneguneko epea igarota, eta betiere laguntzari espresuki uko egin ez badio, onartutzat joko da emandako diru-laguntza.

3.– Ondoko alderdiak arautuko ditu oinarrian ebazpenak:

a) Diruz lagun daitezkeen ekintzen xedea eta exekuzio-epea.

b) Garatu beharreko ekintzen kopurua, ezaugarriak, edukia eta iraupena.

c) Hartzaileak: kopurua eta ezaugarriak.

d) Erabili beharreko giza baliabideen eta baliabide materialen zehaztapena.

e) Ekintza horiek non burutuko diren.

f) Diru-laguntza emateko baldintzak, subentzionatu beharreko zenbatekoa eta ekintzen finantzaketa.

g) Hala badagokio, harekin lan egiten duen orientazioan espezializaturiko entitatearen izena, kontratatu beharreko aurreikusitako ekintzak, haien kostua eta akordioaren baldintza teknikoak.

h) Gainbegiratzea, jarraipena eta kontrola.

i) Entitate onuradunaren obligazioak Kapitulu honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitakoaren arabera, eta bereziki Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskaturiko informazio guztia emateko obligazioa.

j) Azken Memoriaren edo Dekretu honen 11.1 c) eta 11.2 artikuluek aipatzen duten justifikazio-dokumentazioaren edukia.

4.– Subentzionaturiko ekintzak burutzeko gehienezko epea 12 hilabetekoa izango da diru-laguntza ematen denetik kontatzen hasita, Kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera.

5.– Kapitulu honen babespean formulaturiko diru-laguntzen eskaerak ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea lau hilabetekoa izango da, dagokion diru-laguntzak deitzeko Agindua, Dekretu honetako 49.1 artikuluan aipatzen dena, indarrean sartzen den egunetik kontatzen hasita, 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan aurreikusitako diru-laguntzetarako izan ezik. Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, diru-laguntzaren eskari ezetsitzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoari begira.

6.– 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuaren babespean formulaturiko diru-laguntzen eskaerak ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita. Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, diru-laguntzaren eskari ezetsitzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoari begira.

11. artikulua.– Ordaintzeko modua, diru-laguntzaren justifikazioa eta epeak.

1.– 5.1 artikuluan aurreikusitako ekintzak egiteko emandako laguntzak honela gauzatuko dira, artikulu horretako d) idatz-zatiaren 2. puntuan ezarritakoa izan ezik:

a) Entitateei 5. artikuluaren j) paragrafoan ezarritako ekintzetarako diru-laguntza ematen bazaie, kontzeptu honen pean emandako diru-laguntzaren %15 biltzen duen ordainketa, emandako diru-laguntza onartu ondoren eta aldez aurretik Enplegu Zentroaren arduradunarekin izenpeturiko kontratuaren kopia aurkeztuta.

b) Entitate onuradun guztiei, hilean bi aldiko bost segidako ordainketa, hilabetean bi aldiko denboraldi bakoitzean egiaz eginiko ekintzen baliokoak, kasu bakoitzean, hala badagokio, Enplegu Zentroari dagokion kostuaren %15 barne hartuta ordainketa bakoitzean, entitate onuradunak aldez aurretik jarduera-ziurtagiri bat jasota eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak horretarako ezarritako kudeaketako aplikazio informatikoa egiaz burutzen den egiaztatuta.

c) Azken ordainketa, Dekretu honetako 10.4 artikuluan aurreikusitako burutzapen-epea amaitzean aurretik egindako ordainketetan emandako diru-laguntza agortuta badago, azken bi hilabeteetan egiaz egindako ekintzen baliokoa, Enplegu Zentroari dagokion kostuaren %10 ere barne hartuta, hala badagokio, entitate onuradunak aldez aurretik denboraldi horri dagokion ziurtagiria aurkeztuta, eta baita ondokoak biltzen dituen Azken Memoria ere:

– Orientazio Zerbitzuak eta, hala badagokio, Enplegu Zentroak eginiko jardueraren txosten kualitatiboa eta deskriptiboa, bertan garaturiko jarduerari buruz lorturiko ondorio nagusiak bilduta.

– Euskarri informatikoan mekanizaturiko informazioaren laburpen orokorra, onuradunei, garaturiko orientazio-ekintzei, Enplegu Baliabideen preskripzioari eta Enplegu Orientazioko Zerbitzuak eginiko egokitasun-kontrasteei buruzkoa.

– Gastu orokorraren ziurtagiria, horretarako garaturiko kudeaketako aplikaziotik lorturikoa.

– Langileen eta ekintzak burutzeko erositako materialen kontzeptupean egiaz eginiko gastua ziurtatzen duen zinpeko aitorpena.

– Entitatea Herri Administrazioa bada, organo eskudunaren ziurtagiria izango da aitorpen hori, bertan xedea bete dela, emandako diru-laguntzaren helburua eta horretarako baliaturiko zenbatekoak bilduta.

– Dekretu honen 56 d) artikuluan ezarritako kontu-ikuskaritzako pistaren berme-printzipioa nahitaez betetzea.

– Hala badagokio, Dekretu honen 3.4 c) artikuluak aipatzen duen entitate laguntzailearekin izenpeturiko kontratuaren kopia.

– Orientazio Zerbitzuak ekintzak garatzeko erabilitako dokumentazioaren, euskarri teknikoen eta ikasmaterialen ale osoa.

2.– 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan deskribaturiko ekintzetarako aurreikusitako laguntzak ordainketa bakarrean gauzatu dira, onarturiko prestakuntza-prozesua amaitzean, aldez aurretik ondokoak aurkeztuta:

– Matrikula-gastuen eta hilerokoen ordainketaren jatorrizko ziurtagiria, edo fotokopia konpultsatua, halakorik badago.

– Adierazitako prestakuntza-prozesua egin izanaren jatorrizko ziurtagiria, edo fotokopia konpultsatua, prestakuntzaz arduratzen den 	entitateak emandakoa.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritako Azken Memoria zein justifikazio-dokumentua hiru hilabeteko gehienezko epean aurkeztu beharko dira, ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.

II. KAPITULUA
LANERATZEAREN ZERBITZURAKO PRESTAKUNTZA-BALIABIDEEN KATALOGOA
1. ATALA.– DEFINIZIOA, BALIABIDE-MOTAK, HARTZAILEAK ETA ENTITATE LAGUNTZAILEAK.

12. artikulua.– Definizioa.

1.– Laneratzearen zerbitzurako prestakuntza-baliabideen katalogoak Dekretu honen I. Kapituluan arauturiko Enplegu Orientazioko Zerbitzuen Euskal Sareak enplegu-eskatzaileei une jakin batean esleitu diezazkiekeen mota guztietako prestakuntza-ekintzen zerrenda osoa biltzen du, laneratzeko haren ibilbidera egokitzeagatik edo haren egokitasuna kontrastatzeagatik dagokion ekintza baliatzeko definituriko sarrera-profila betetzean.

2.– Tipologia desberdineko entitateek (aurrerantzean entitate laguntzaileak deiturikoak) proposatuta gaineratu dira katalogora ekintza horiek, euren ekimenez edo Enplegu Orientazioko Zerbitzuan atzemandako premiei erantzuteko.

3.– Entitate laguntzaile horiek, ekintza gauzatzen badute, dagokien diru-laguntza jaso dezakete, Kapitulu honen 4. Atalak arauturikoa.

13. artikulua.– Baliabideen tipologia.

1.– Hainbat baliabide-mota biltzen ditu laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoak. Bi talde nagusi barne hartzen ditu oinarrizko sailkapenak: alde batetik, katalogora gaineratzeko entitate laguntzaileek hartarako aldez aurreko baimena behar duten baliabideak eta, bestetik, katalogora gaineratzeko entitate laguntzaileak hartarako aldez aurreko baimenik behar ez duten baliabideak.

2.– Katalogora gaineratzeko entitate laguntzaileek hartarako aldez aurreko baimena behar duten baliabideen taldean ondoko baliabide-motak ditugu:

a) Lanerako profiletako berariazko prestakuntza: Prestakuntza teorikoa, praktikoa edo teoriko-praktikoa Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-kualifikazioen sistemak bilduriko edozein arlotan, produkzio-egiturak eskaturiko lanak betetzeko gaitzen duela kontuan izanda. Ikasgela arruntean emandakoa da prestakuntza teorikoa, didaktika orokorrari dagozkion teknologien bidez. Prestakuntza praktikoa prestakuntza-zentro batean ematen dute, kualifikazio-arlo jakin bati loturiko berariazko tresna teknikoekin ekipaturiko lantegietan. Horrelako prestakuntza-baliabidea katalogora gaineratzeko entitate laguntzaileentzako aldez aurreko baimena ez da generikoa izango, baizik eta berariazkoa euskal kualifikazio-sistemaren arlo baterako edo hainbatetarako.

b) Lantokiko prestakuntza praktikoa: kualifikazioa lortu nahi den lan-ingurunean bertan jasotako prestakuntza, parte-hartzaileak praktika horiek egiten dituen enpresa edo entitateekin ezein kasutan harreman edo loturarik ez duela; enpresak, bere aldetik, ezin izango dio eskatu lan-kontratu bati dagozkion edo zuzendaritza-ahalmenetik eratorritako betebeharrik edo erantzukizunik. Pertsona horrek ez du ezein kasutan enpresaren langilea ordezkatuko. Lantokiko lanaldiak ez ditu ezein kasutan sei ordu gaindituko. Asteko lanaldiak ez ditu inoiz hogeita hamar ordu gaindituko. Abuztua lanerakotzat hartzen da lantokiko prestakuntza praktikoari begira. Prestakuntzaren edukia dela-eta ezintasun materialaren kasuan izan ezik, betiere behar bezala justifikaturikoa, igandea eta 20:00 eta 8:00 arteko gaueko ordutegia ere ez dira lanerakoak, lantokiko prestakuntza praktikoari begira. Horrelako prestakuntza-baliabidea katalogora gaineratzeko entitate laguntzaileentzako aldez aurreko baimena ez da generikoa izango, baizik eta berariazkoa euskal kualifikazio-sistemaren arlo baterako edo hainbatetarako. Bi azpimota bereizten dira:

– Prestakuntza-zentroan jasotako prestakuntza teoriko-praktikorako prestakuntza osagarria: Aldez aurretik eskuraturiko abileziak praktikan jarri eta lan-ingurune erreala ezagutzeko. Kasu horretan, enpresako egonaldia hamabi hilabetekoa izango da gehienez, motibaturiko eskaeraren ondorengo Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren berariazko baimenik izan ezean. Prestakuntza-praktika hau prestakuntza-zentroko prestakuntza-aldian bertan has daiteke, edo behin hura amaituta, betiere lehenengoa amaitu eta bigarrena hasi aurretik hiru hilabete baino gehiago igarotzen ez badira.

– Lanpostuko banakako eta berariazko prestakuntza: lanpostu batera hobeto egokitzeko beharrezko abileziak eskuratzeko prestakuntza pertsonalizatuko prozesu sistematizatua. Kasu honetan, enpresako egonaldia hogeita lau astekoa izango da gehienez, motibaturiko eskaeraren ondorengo Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren berariazko baimenik izan ezean.

c) Minusbaliotasunera egokituriko prestakuntza: Minusbaliotasun fisiko, psikiko edo sentsorial desberdina edo gaixotasun mentala dutenentzako berariazko arretarako prestakuntza. Ondoko azpimotak bereizten dira:

– Minusbaliatuei laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren prestakuntza-jarduerak baliatzea ahalbidetzen duen banakako egokitzapena. Ikasmaterialen egokitzapena, aldez aurretiko eta prestakuntza-aldiko parte-hartzailearen eta irakasleen tutoretza, ikaskuntzarako irakas-hizkuntzaren egokitzapena eta abar.

– Enplegu-zentro berezietara giza baliabide minusbaliatuak gaineratzeari loturiko talde-prestakuntza.

– Edozein mota ("lan-barnetegiak" ere bai) lan-merkatu arruntean sartzeko talde-prestakuntza.

– Edozein motatako lanpostuko banakako prestakuntza, "babesak dituzten enpleguak" barne hartuta. Artikulu honetako 2. paragrafoaren b) idatz-zatian deskribaturiko prestakuntza banakako eta berariazkoaren baliokidea da, minusbaliatuei egokiturikoa. II. Kapitulu honetako 4. Atalean arauturiko diru-laguntzen kudeaketari begira, oro har lantokiko prestakuntza praktikoari buruzko eta, bereziki, lanpostuko prestakuntza banakako eta berariazkoari buruzko kontsiderazioak minusbaliotasunari egokituriko prestakuntza-azpimota honetarako ere aplikagarriak izango dira (eskaera, zenbatekoa eta laguntzaren kuantifikazio-irizpideak, ordaintzeko epeak eta moduak, justifikazio-memoria).

d) Kualifikazioaren aurreko edo haren osagarri den oinarrizko prestakuntza: enplegua baliatzeko urrunago daudenek behar duten oinarrizko prestakuntza, euren prestakuntza-defizitak edo hasierako egoera psikosoziala direla-eta; propio lanerako profiletako berariazko prestakuntza baino lehen edo aldi berean gainditu behar dira. Ondokoa izan liteke:

– Taldekoa.

– Banakakoa.

e) Prestakuntza horizontala edo zeharkakoa: Prestakuntza laburra, ez profesionalizatzailea, langileen erreklutatzean enpresak atzemandako alderdietan, lanpostuaren profila edo lanbide-maila alde batera utzita. Ondoko azpimotak barne hartzen dira idatz-zati honetan:

– Laneko segurtasuna eta osasuna.

– Ingurumena.

– Lanabes informatikoak.

– Kalitatea.

– Zuzendaritza.

– Giza baliabideak.

– Gizarte-trebetasunak lan-taldeetan integratzeko.

– Beste batzuk.

f) Telelana zabaltzeko prestakuntza: Telelana kalitatezko enplegu gisa sustatu eta bultzatzeko berariazko zentroak atzemandako telelanaren aukera errealei loturiko prestakuntza kualifikatzaile edo horizontala.

g) Erakunde arteko itunetan edo Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko enplegurako proiektu tokiko edo sektorialetatik bideraturiko prestakuntza: Erakunde arteko planek abalaturiko edo Europar Batasunak onarturiko enplegu-proiektuak garatzeko antolaturiko edozein motatako prestakuntza-jarduerak, eremu geografiko jakinean edo talde berezian mugaturikoak. Horrelako baliabideak katalogora gaineratzeko aldez aurreko baimena dagokion enplegu-proiektura mugatuko da. Baimena lortzeko eskakizun jakinak dagokion enplegu-proiektuaren oinarri den erakunde arteko planean zehaztu beharko dira.

h) Irakasle aurrekoa ez den prestakuntza: Produkzio-inguruneetatik edo prestakuntza-zentroetatik kanpo emandako, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriek (autoikaskuntza, on line ikaskuntza eta abar) lagunduriko prestakuntza. Ondoko azpimotak bereizten dira:

– Lanerako profiletarako berariazko prestakuntza. Horrelako prestakuntza-baliabidea katalogora gaineratzeko entitate laguntzaileentzako aldez aurreko baimena berariazkoa izango da euskal kualifikazio-sistemaren arlo baterako edo hainbatetarako.

– Prestakuntza horizontala edo zeharkakoa.

– Prestakuntza-modulu independenteak edo aurreko bi azpimotetako edozeini loturikoak, minusbaliotasun-mota jakinei egokiturikoak: entzunezkoa, bisuala, intelektuala …

3.– Haiek katalogora gaineratzeko entitateek aldez aurreko baimenik behar ez duten baliabideen taldean ondoko baliabide-motak ditugu:

a) Kontratatzeko konpromisoa biltzen duen prestakuntza: Lan-merkatuan eskuragarri ez dauden lanerako profiletako giza baliabideen premiak dituzten enpresek langileak gaineratzeko berariazko prestakuntza, betiere modu efektiboan gaineratzeko berariazko kualifikazioaren osagarria behar badute. Kontratazio-konpromisoaren arabera, parte-hartzaileen %60 gutxienez kontratuko ditu prestakuntzaren enpresa antolatzaileak, bere aurrekontuaren kargura, gutxienez sei hilabeteko denboraldirako lanaldi osoan, edo dagokion baliokidea kontratua denbora partzialekoa denean. Horri begira, lanaldi normalizatua hartuko da kontuan dagokion sektore edo enpresan. Aurreko baimenaren salbuespena kontratazio-konpromisoa betetzera konprometitzen den entitate antolatzailearentzat hartuko da kontuan soilik (enpresa edo enpresa-taldea). Dena den, erabili beharreko prestakuntza-baliabideak entitate laguntzaileak eman beharko ditu betiere aldez aurreko baimenarekin, Dekretu honetan xedaturikoaren arabera.

b) Enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntza: Prestakuntza eta enpleguko esperientzia konbinatuen prestakuntza-fasea edo faseak, tokiko eremuan udalerriek, mankomunitateek, koadrilek, toki-garapeneko agentziek edo horien menpeko sozietate publikoek eta, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeko 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoaren arabera, gizarte zerbitzuen entitate laguntzaileek bultzaturikoak laneratzeko zailtasun handienak dituzten taldeentzat. Parte-hartzaileak hartara prestatzen diren eta haietan kontratatzen diren lanerako sektoreak gizarte-intereseko eta komunitatearentzako zerbitzuko eremuak jorratu behar dituzte. Entitate antolatzaileak parte-hartzaile bakoitza gutxienez sei hilabeterako lanaldi osoan kontratatzeko konpromisoa hartuko du, edo dagokion baliokidea kontratua denbora partzialekoa denean. Horrelako baliabideak Prestakuntza Baliabideen Katalogora gainerako laneratzearen zerbitzura, entitate laguntzaileak horrelako prozesu bat gidatzeko gaitasuna duela egiaztatu beharko du, bere giza baliabideei, eta baliabide material eta antolamenduzkoei jarraiki, eta baita baliabidea bertan biltzen duen jarduera-plan bat ere, jarduera gauzatzeko bestelako entitate laguntzaileak izatea aparte utzi gabe. Enplegurako Laguntzen Dekretuan xedaturiko prozeduraren arabera eman diezaioketen diru-laguntzagatiko bete gabeko gizarte eta soldata kostuen finantzaketa ere bere gain hartu beharko du, bere fondoen kargura. Aldez aurreko baimenaren salbuespena prestakuntzarako kontratazio osagarriak egitera konprometitzen den entitate laguntzailearentzako hartuko da kontuan soilik (udalerria, mankomunitatea, koadrila, toki-garapeneko agentzia edo horien menpeko sozietate publikoa). Dena den, erabili beharreko prestakuntza-baliabideak (kualifikazioaren aldez aurreko edo haren osagarria den oinarrizko prestakuntza; prestakuntza zeharkakoa edo horizontala, lanerako profiletako berariazko prestakuntza, autoenplegurako prestakuntza...) baimenduriko entitateak eman beharko ditu betiere, Dekretu honetan xedaturikoaren arabera, edo, enpresen sustapenerako prestakuntzaren kasuan, proiektu orokor bat eta balizko ekintzen katalogoa onartuta duten entitateek, Kultura Ekintzailea eta Enpresak Sortzeko aukera babesten duen Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.

14. artikulua.– Katalogora gaineraturiko prestakuntza-baliabideen hartzaileak.

Enplegu Orientazioko Zerbitzuen Sarearen zerbitzuren batean artaturiko eskatzaileak izango dira Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineraturiko baliabideen hartzaileak, betiere laneratzeko baliabide jakin bat preskribatu bazaie. Baliabideen preskripzio hori, edo, bestela esanda, haietan aldez aurretik izena ematea, ondoko bi zirkunstantzietatik edozein dela-eta gertatuko da: pertsonaren eta Enplegu Orientazioko Zerbitzuaren artean itunduriko laneratzeko ibilbidean definituriko prestakuntza-premietara egokitu beharko da ekintza, edo Enplegu Orientazioko Zerbitzuak baliabidearen aprobetxamendurako pertsonaren egokitasuna kontrastatzen duelako, hura baliatzeko definituriko sarrera-profila betetzen baitu.

15. artikulua.– Laneratzeko Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren markoan jarduera egiteko laguntza eman dezaketen entitateak.

1.– II. Dekretu honetako II. Kapituluan xedaturikoaren arabera entitate laguntzaile gisa eratu daitezkeen entitateek ondoko jarduerak egin ahal izango dituzte: laneratzeko zerbitzuari prestakuntza-baliabideen eskaintzarako aldez aurreko baimena eskatzea, katalogora prestakuntza-ekintza propioak gaineratzeko aukera eskatzea; enplegu-orientazioko zerbitzutik esleituriko ekintzak burutzea; eta azkenean buruturiko ekintzak direla-eta dagokion diru-laguntza jasotzea.

Ondokoak dira Laneratzeko Prestakuntza Baliabidearen Katalogoaren markoan entitate laguntzaile gisa eratu daitezkeen entitateak:

a) Lanbide-heziketa arautuko zikloak ematen dituzten baimenduriko zentroak.

b) Bestelako prestakuntza-zentroak (lanbide-hastapeneko zentroak, helduen hezkuntza-zentroak, unibertsitate eskolak eta fakultateak, irakaskuntza birtualeko zentroak eta bestelako prestakuntza-zentroak oro har).

c) Enpresak eta enpresa-taldea, kontratazio-konpromisoei loturiko prestakuntza-proiektuak burutzeko soilik.

d) Udalerriak, mankomunitateak, koadrilak, toki-garapeneko agentziak eta horien menpeko sozietate publikoak.

e) Lan-merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeak babesteko elkarteak, fundazioak eta gobernuz kanpoko erakundeak, legez eraturikoak, pertsona horiekin izan beharreko berariazko ekintzetarako soil-soilik.

f) Jarduera-eremu bezala laneratzeko zailtasun bereziak dituzten taldeekiko giza baliabideen arloa duten kontsulta-entitateak.

2.– Edozein kasutan ere, Dekretu honetan ezartzen diren eskakizunak bete beharko dituzte entitate horiek euren gaitasuna bermatzeko termino administratiboetan, pedagogikoetan, humanoetan, teknikoetan eta aldez aurreko esperientziari dagozkionetan.

16. artikulua.– Arriskuak estaltzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere kargura hartuko du berak kontrataturiko aseguruen kostua istripuen eta erantzukizun zibilaren arriskuak betetzeko Baliabideen Katalogoaren prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaile guztien hirugarrenekiko, betiere Dekretu honetan xedaturikoaren arabera gauzatuko direnak.

2. ATALA.- ENTITATEENTZAKO ALDEZ AURREKO BAIMENA.

17. artikulua.– Aldez aurreko baimenerako eskakizunak, entitate laguntzaile motaren eta prestakuntza-baliabide motaren arabera.

=1.– Dekretu honen markoan subentzionagarriak diren laneratzeko zerbitzurako prestakuntza-baliabideak eskaintzeko aldez aurreko baimena eskuratzeko, ondokoak bete beharko dituzte Dekretu honen 15. artikuluan zerrendaturiko entitateek:

a) Bere xede sozialean edo jarduera-marko orokorrean bilduta eduki behar dute Dekretu honen 13. artikuluan zerrendaturiko prestakuntza-baliabideekin zuzenean zerrendaturiko jarduerak egiteko aukera.

b) Hartara jarduten duten esparru geografiko, sozioekonomiko edo sektorialean prestakuntza eskaintzeko baimen-eskaera justifikatzen duen lanerako prestakuntza-proiektu orokorra eduki behar dute.

c) Prozedurak, jarduera-protokoloak, metodologia didaktikoak eta ebaluazio-tresna propioak eduki behar dituzte; baimena hartarako erabiltzen den prestakuntza-mota bakoitzean aplikatuko da, eta, hala badagokio, kualifikazio-eremuan.

d) Hartarako baimena eskatzen duen prestakuntza-baliabideak emateko edo kudeatzeko egiaztaturiko eta kalitatezko gutxienez bi urteko edo 3.000 jarduera-orduko aldez aurreko esperientzia eduki behar dute. Bat-egiteen, erosketen edo edozein titulartasun-aldaketaren prozesuen ondoren, entitateek zinez egiaztatzen badute aurretik zegoen jarduerarekin jarraitzen dutela, aurrekoaren esperientzia kontuan hartu ahal izango da.

e) Zuzendaritza eta irakasle talde egonkorra eduki behar dute; hiru lagunek osatu beharko dute gutxienez, horietako bi goi-mailako tituludunak.

f) Hartarako aldez aurreko baimena eskatzen den prestakuntza-baliabideak emateko parte-hartzeari begira balia daitezkeen laguntzaileen taldea eduki behar dute. Jardueraren bolumenarekin bat etorri beharko du betiere taldearen tamainak. Laguntzaile horiek guztiek ondoko hiru eskakizunetako edozein bete beharko dute, edo bi lehenengoak %50ean:

– Ematen duten gaiari loturiko lanerako sektorean irakaskuntzaz kanpoko 5 urteko lanbide-esperientzia.

– Ematen duten gaiaren antzeko arloetan 1.500 orduko irakaskuntza-esperientzia.

– Ematen duten gaiarekin loturiko goi-mailako, erdi-mailako edo lanbide-heziketako titulazioa.

g) Laneko segurtasun eta osasunaren aurkako delituak egin izanagatik epai irmoa tarteko kondenatua ez izana, eta laneko segurtasun eta osasun arloan administrazio arau-hauste oso larria egin izanagatik irmo zigortua ez izana.

h) Lan-arriskuen ebaluazio bat egin izanaren eskakizuna egiaztatzea, prebentzioaren antolamendua hartuz eta prebentzioko jarduera-plana landuz beharrezkoa bada laneko segurtasun eta osasun arloan indarrean dagoen legeriari jarraiki, eta hori eskatzen duten antolamendu-modalitateetarako ezarritako prebentzio-sistemaren kontu-ikuskapena gauzatu izana ere bai.

i) Kalitatearekin konpromisoa egiaztatzea prestakuntzaren eremuan kalitate-ziurtagiria edukita, edo bestela, horrelako prozesu bati ekin izana; prozesu hori laneratzeko zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren baliabideak eskaintzeko aldez aurreko baimen-eskaeraren datatik kontatzen hasita gehienez hemezortzi hilabeteko epean amaituta izateko konpromisoa hartu beharko dute.

2.– Prestakuntza-zentroko ikasgela edo lantegiko irakasle aurreko edozein prestakuntza-baliabide eskaintzeko aldez aurreko baimenerako propio, proposatzen diren lokal guztiek establezimendua irekitzeko dagokion udal-lizentzia eduki beharko dute, batez ere prestakuntza-arlokoak diren jarduerak egiteko. Eskakizun hori ez dute bete beharko arlo horretan indarrean dagoen araudiak propio salbuesten dituen zentroak. Urriaren 4ko NBE CPI/ 96 eraikuntzarako oinarrizko araua ere, edo hura ordezkatzen duen araua, bete beharko dute lokal horiek, eta indarrean dagoen legeriak adierazten dituen higieneari, akustikari, bizigarritasunari, segurtasunari eta irisgarritasunari buruzko baldintzak.

3.– Dekretu honen 13.2.a) artikuluan deskribaturiko lanerako profiletako berariazko prestakuntza eskaintzeko aldez aurreko baimenerako propio-propio, eta betiere baimena hartarako eskatzen den kualifikazio-eremuaren arabera, entitateak eskainitako lokalek Dekretu honen I. Eranskinean ezartzen diren espazio eta instalazioei buruzko gutxienekoak beteko dituzte, eta bertan zehazturiko espazioak jarduera garatzeko nahikoa ekipamendu didaktiko eta teknikorekin hornituta daudela hartuko da kontuan.

4.– Dekretu honetako 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoa eskaintzeko aldez aurreko baimenerako bereiziki, enpresetako prestakuntza-lanpostuen poltsa eduki beharko dute entitateek. Praktiketako lanpostu-fitxen zerrendak osatuko du poltsa hori, entitateak berak lorturikoa hartan jardun nahi den eskualdeko edo sektoreko produkzio-ingurumenaren bilaketaren ondoren. Baimena hartarako eskatu nahi den jardueraren bolumenarekin bat etorri beharko du poltsak betiere.

5.– Dekretu honen 13.2.h) artikuluan deskribaturiko irakasle aurrekoa ez den prestakuntza eskaintzeko aldez aurreko baimena eskatzen bada, prestakuntza-produktu jakina hartuko du beti horrek kontuan. Ondokoak eduki behar dituzte entitateek: eskaini nahi duten prestakuntza egitarauaren erabilpen-lizentziak banatzeko, eta parte-hartzailearen eta ingurune birtualaren artean bitartekotza-lanak egiteko gaitasuna; baliabidea irakasle aurrean emateko aldez aurreko baimena Dekretu honen 13. artikuluan deskribaturikoei dagokien kategorian; hamabost ordenagailuz eta interneterako konexioaz hornituriko ikasgela, bere etxean horrelako ekipamendurik ez duen jendea artatzeko.

18. artikulua.– Aldez aurreko baimena eskatzeko dokumentazioa.

1.– Oro har, ondoko dokumentazioarekin batera entregatuko da laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren ekintzen eskaintzarako aldez aurreko baimen-eskaera:

a) Fitxa normalizatua eta euskarri informatikoan; baliabide mota edo azpimota (edo motak edo azpimotak) zehaztuko dira, eta, hala badagokio, aldez aurreko baimena zein kualifikazio-arlorako eskatzen den (edo zein arlotarako), prestakuntza-baliabide bakoitzean baimena eskatzen deneko guztizko magnitudeak (orduak, taldeak, lagunak) zehaztuta. Gainerako dokumentazioan egiaztaturiko baliabideekin bat etorri beharko dute eta egokitu beharko dira magnitudeak. Entitate edo pertsona interesatuek erabilgarri izango dute fitxa normalizatuaren eredua Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu-atarian, www.ej-gv.net helbidean.

b) Entitateak Dekretu honen 13. artikuluan zerrendaturiko prestakuntza-baliabideekin zuzenean loturiko jardueren garapenarekin duen sozietate-konpromisoa egiaztatzen duen dokumentua (jarduera ekonomikoen zerga, estatutuak, eraketa-eskriturak...).

c) Jardun nahi duen eremu geografiko, sozioekonomiko edo sektorialeko lanerako prestakuntza-proiektu orokorraren deskripzio-txostena.

d) Prozeduren deskripzio-txostena, jarduera-protokoloak, metodologia didaktikoak eta ebaluatzeko tresna propioak; prestakuntza-mota bakoitzean eta, hala badagokio, kualifikazio-arlo bakoitzean aplikatuko dira, aldez aurreko baimena eskatzen dutenei dagokienez.

e) Ibilbide-memoria edo aldez aurreko esperientzia prestakuntza-baliabide mota emateko eta kudeatzeko, eta, hala badagokio, hartarako aldez aurreko baimena eskatzen den kualifikazio-arloa. Erreferentzia-zerrenda gisa aurkeztuko da. Gauzaturiko proiektuaren deskribapen laburra aurkeztuko da erreferentzia horietako bakoitzari buruz, zein talde artatu zen, zein entitate edo erakundek finantzatu zuen, burutzapen-urtea, gauzatu zutenen zerrenda eta lorturiko emaitzen ebaluazio laburra zehaztuta.

f) Erabilgarri dauden giza baliabideei buruzko txostena, ondokoak bereizita:

– Talde egonkorra, kideak identifikatuta, bakoitzak entitatearekin duen lan-harremana, eta titulazioa, berariazko prestakuntza, irakaskuntza-esperientzia eta lanbide-esperientzia, betiere aldez aurreko baimena eskatzen den baliabide-motarako informazio garrantzitsua jorratuz.

– Entitatearekin lan egiteko prest daudenen plantilla, kide bakoitzarekin izango den lan-harremana adierazita kasu bakoitzean, eta aurreko puntuan zehazturiko titulazioari, prestakuntzari eta esperientziari buruzko datu berak. Kasu guztietan ere, proposaturikoak sinaturiko dokumentua aurkeztuko da; baimena eskatzen den prestakuntza-baliabideak garatu eta emateko entitatearekin lankidetzan aritzea onartuko du bertan.

g) Zinpeko aitorpena, 17.1 artikuluaren g) eta h) idatz-zatietan zehazturiko laneko segurtasun eta osasun arloko baldintzak betetzen ote diren adieraziz.

h) 17.1.i) artikuluan deskribaturiko kalitatearekiko konpromisoa betetzeko aukera egiaztatzea.

i) Pertsona juridikoen eta oro har entitateen txartelaren fotokopia.

2.– Prestakuntza-zentroko ikasgela edo lantegiko irakasle aurreko edozein prestakuntza-baliabide mota eskaintzeko aldez aurreko baimena eskatzen bada, aurreikusitako jarduerak egiteko establezimendua irekitzeko udal-lizentziaren kopia, edo eskakizun hori betetzea eskatu ez dela egiaztatzen duen dokumentua, eta urriaren 4ko NBE CPI/ 96 eraikuntzarako oinarrizko araua, edo hura ordezkatzen duen araua, betetzeko zinpeko aitorpena, baita indarrean dagoen legerian adierazten diren higieneari, akustikari, lan-aukerei, segurtasunari eta irisgarritasunari buruzko baldintzak betetzeko ere.

3.– Dekretu honen 13.2.a) artikuluan deskribaturiko lanerako profiletako berariazko prestakuntza eskaintzeko aldez aurreko baimena eskatuz gero, kudeatu nahi diren baliabideak kudeatzeko erabilgarri dauden lokal, instalazio eta ekipamenduari buruzko informazio xehatua, horien kokapena eta jabetza zehaztuta, baita horien ezaugarriak ere, Dekretu honen I. Eranskinean zehazturikoari dagokionez.

4.– Dekretu honen 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoa eskaintzeko baimen-eskaera izanez gero, prestakuntza-lanpostuen poltsa ondoko zehaztapenekin: lanpostuko prestakuntza-lanpostuen eskaintzarako prest dauden enpresen identifikazioa, horien jarduera eta tipologia, eta prestakuntza praktikoa ahalbidetzen duten antolamenduzko eta produkziozko ezaugarriak identifikatuta; egungo prestakuntza-lanpostuen zerrenda, horien kokapena, ezaugarriak eta deskribapena adierazita.

5.– Dekretu honen 13.2.h) artikuluan deskribaturiko irakasle aurrekoa ez den prestakuntza eskaintzeko aldez aurreko baimena eskatuz gero, entitateak eskaintzen duen prestakuntza-egitarauaren erabilpen-lizentziak banatzeko eta parte-hartzailearen eta ikaskuntzaren ingurune birtualaren artean bitartekotza-lanak egiteko gaitasuna egiaztatzea; aginduzko ikasgela informatikoari buruzko txostena; aldez aurreko baimena eskatzen duen eskaintzarako prestakuntza-produktuaren demo-a, ikaskuntza-ingurune birtualaren deskribapen xehatuarekin (produktuaren izena, egilea, edizioa, ezagutza edo kualifikazio arloa, irakas-hizkuntzak, lizentzia eta prezio sistema, komunikazio asinkronikoko erremintak, komunikazio sinkronikoko erremintak, ikaskuntza-komunitate birtuala sortzeko aukera sustatzen duten bestelako erremintak) eta aldez aurreko baimena eskatzen duen entitatearen baliabide propioen bidez proposatzen den bertaratze-mailaren deskripzio-txostena.

19. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskaerak, aurreko artikuluan zerrendaturiko dokumentazioarekin batera, eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari zuzendutakoak, Dekretu honen 48.1 artikuluan ezarritako lekuetan aurkeztuko dira.

2.– Eskaera aurkezteko unean egiaztatu beharko dute entitate eskatzaileek eskakizunak betetzen dituztela.

20. artikulua.– Ebaluazio-batzordea eta balorazio-irizpideak.

1.– Atal honetan aipatzen diren aldez aurreko baimen-eskaerak ebaluazio-batzorde tekniko batek aztertu eta ebaluatu beharko ditu; Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren prestakuntza-arloko plantilla teknikoko lau kidek osatuko dute gutxienez, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariak hartarako izendatuak; presidentea izendatuko du kide horien artean, eta Ebazpen-proposamena aurkeztuko du horrek, ondoko balorazio-irizpideei jarraiki:

a) 17. artikuluan zehazturiko eskakizun guzti-guztiak bete beharko dira baimena lortzeko.

b) 17. artikuluaren 1. paragrafoaren b), c), d), e) eta f) idatz-zatietan eta 3, 4 eta 5. paragrafoetan bilduriko eskakizunak horien dokumentazio egiaztagarriak balorazio tekniko positiboa jasotzen duenean soilik hartuko dira betetzat.

c) Hartarako baimenduko den jarduera-bolumenak Dekretu honen 18. artikuluan bilduriko dokumentazioan egiaztaturiko bitarteko eta ahalmenarekiko proportzionalak izango dira, zehazki esanda, artikulu horretako 1. paragrafoaren c), d), e) eta f) idatz-zatietan, eta 3, 4 eta 5. paragrafoetan.

d) Hartarako baimena eskatzen den prestakuntza-baliabideen edukia ohiz kanpokoa dela-eta, Dekretu honen I. Eranskinak haiek garatzeko beharrezkoak diren azpiegitura-eskakizunei erantzuten ez diela hartzen bada kontuan, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren berariazko txosten tekniko batek abalatuko du ohiz kanpokoa dela, eta baliozkotuko du edo ez hartarako baimena eskatzen den jarduerarako aurreikusitako azpiegiturara egokitzen ote den.

21. artikulua.– Ebazpena.

1.– Laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren markoan jarduera eskaintzeko aldez aurreko baimena onartzeko edo ukatzeko aukera Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren Ebazpenaren bidez gauzatuko da. Onartzen bada, behin ebazpena entitate eskatzaileari jakinarazi ondoren eta hura jaso den egunetik hamar lanegun igaro ondoren, propio uko egiten ez badio, entitateak baimena onartzen duela hartuko da kontuan, Ebazpenean zehazturiko termino beretan.

2.– Ontzat ematen duten ebazpenek, Dekretu honen Kapitulu honi begira entitate eskatzaileak entitate laguntzaile bihurtzen direla kontuan hartuta, hartarako baimentzen den baliabideen mota edo azpimota bakoitzerako ondoko informazioa barne hartuko dute, eta, hala dagokionean, kalifikazio-arlo bakoitzerako mota eta azpimota bakoitzean:

a) Entitate laguntzailearen izena.

b) Sozietatearen helbidea, jakinarazpenetarako.

c) Zein prestakuntza-baliabide mota eta, hala badagokio, azpimota irakastea baimentzen den.

d) Zein kualifikazio-arlorako baimentzen den, hala dagokionean.

e) Bertan jarduerak garatu ahal izango diren instalazioen kokapena, irakasle aurreko prestakuntza denean.

f) Urtean gehienez zenbat ordu irakastea baimentzen den, honakoak zehaztuz :

– Ikasgelako talde-ordu teorikoak.

– Lantegiko talde-ordu praktikoak.

– Ikasgelako banakako ordu teorikoak.

– Lantegiko banakako ordu praktikoak.

– Lantokiko banakako ordu praktikoak.

g) Talde-ekintzak, edo tutoretza-osagarria edo banakako aholkularitza duten talde-ekintzak badira, urteko gehienezko talde-kopurua.

h) Banakako prestakuntza bada, urteko gehienezko lagun-kopurua.

i) Irakasle aurrekoa ez den prestakuntza bada, urteko gehienezko lizentzia edo plaza kopurua.

j) Entitatearen legezko ordezkariaren izena

k) Administrazioarekin harremanetan jartzeko arduradun operatiboa/k.

l) Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren kudeaketako aplikazio informatikoa baliatzeko gakoak.

m) Baimenaren ondorioz entitate laguntzaileak bere gain hartzen dituen obligazioak.

n) Dekretu honen 13.2.h) artikuluan deskribaturiko irakasle aurrekoa ez den prestakuntza bada, baimena zein prestakuntza-produktu edo ikastaro emateko eskaintzen den, eta baimenduriko bertaratze-maila.

22. artikulua.– Ebazteko epea.

1. – 2. Atal honen babespean formulaturiko baimen-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita.

2.– Epe hori berariazko Ebazpenik gabe igarota, baimentzeko eskaria kontuan harturikotzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoari begira, administrazioak propio ebazteko duen obligazioa aparte utzi gabe.

23. artikulua.– Baimenduriko entitate laguntzaileen obligazioak.

1.– Laneratzeko zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren markoan jarduerak eskaintzeko baimenduriko entitate laguntzaileak behartuta daude baimena eragin zuten edozein baldintzaren aldaketa Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari jakinaraztera, eta batez ere dagokion Ebazpenean agertzen diren datuen aldaketa. Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak espedientean gaineratuko du komunikazio hori, eta Ebazpen berria emango du, 20. artikuluan aipaturiko ebaluazio-batzordearen aldez aurreko proposamena tarteko, baimena berretsiz edo baliogabetuz, 21. artikuluan xedaturiko prozeduraren bidez.

2.– Laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren markoan jarduerak eskaintzeko baimena onartzeko aukerak entitate laguntzaileak Dekretu honetako xedeak zorrotz betetzeko, egiaztatzeko, kontrolatzeko eta jarraitzeko prozeduretan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren jarduera ahalbidetu eta erraztera behartuta daude.

24. artikulua.– Baimena iraungitzea.

1.– Baimen-eskaeran ekarritako baldintzekiko beherantzako aldaketarik ez badago, hiru urteko baliotasuna izango du; igaro ondoren, ofizioz berraztertuko du administrazioak, eta, hortaz, denboraldi bererako berretsi edo baliogabetuko du, eta horrela denboraldi bat bestearen ondoren.

2.– Baimena berretsi edo baliogabetzen den zehazteko, Dekretu honen 17. artikuluan ezarritako baldintzez gain, aurreko hurreneko baimen-aldian entitateak garaturiko burutzapen-ibilbidea ere hartuko da kontuan.

3.– Ebazpen-prozedura, 20. artikuluan arauturiko ebaluazio-batzordearen aginduzko prozedura aurretik duela, Dekretu honen 21. artikuluan deskribaturikoaren berdin-berdina izango da.

25. artikulua.– Entitate laguntzaileak eskatuta baimena aldatzea.

Entitateek euren baimena aldatu, eguneratu edo osatu ahal izango dute egoki irizten diotenean, aurretik lorturikoarekiko beste baimen-prozesu bati hasiera emanda; aldatu, eguneratu edo osatu beharreko alderdiak soilik hartuko ditu eraginpean.

26. artikulua.– Baimena galtzea.

1.– Baimenak eragina galduko du bi urte igaro eta baimenduriko entitate laguntzaileak prestakuntza-ekintzak Baliabideen Katalogora gaineratzeko eskaera-prozedurari ekin ez badio, ondoko hiru datetatik kontatzen hasita: baimenaren Ebazpena, ekintzak katalogora gaineratzeko azken eskaera, edo buruturiko azken jardueraren amaiera.

2.– Ondokoek ere baimena galtzea eragingo dute:

a) Laneratzeko Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineraturiko ekintzen bat justifikaziorik gabe ez hastea edo ez burutzea Dekretu honetan edo hartara prestakuntza-ekintza katalogora gaineratuta jo zuen Ebazpenean xedaturiko epe eta baldintzetan.

b) Baimenerako beharrezkoak diren eskakizunak bete ez direla edo galdu direla egiaztatzea, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren ikuskatze-lana tarteko.

c) Dekretu honek arauturiko edozein diru-laguntza borondatezko denboraldian ez itzultzea.

d) Baimena lortzeko alegaturiko zirkunstantzien beherantzako aldaketa. Kasu honetan, baimena galtzea erabatekoa edo partziala izan liteke, aldaketak baldintza-multzoa, edo prestakuntza-baliabidearen edo, hala badagokio, kualifikazio-arloaren motaren edo azpimotaren berezitasunak eraginpean hartzen dituenaren arabera.

3.– Prozedura bideratuta, eta baimena galtzea ebatzi baino berehalaxe lehenago, hamar eguneko epea emango zaio entitate laguntzaile interesatuari egoki irizten dituen dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkezteko.

4.– Baimena galtzeko prozedurari amaiera ematen dion Ebazpena, Dekretu honen 20. artikuluak aipatzen duen Ebaluazio Batzordearen azterketa eta ebaluazioaren ondoren, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari dagokio; berak erabakiko du entitate laguntzaileak planteaturiko eta horietatik eratorritako gai guztiei buruz.

5.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren goragoko hierarkikoaren aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

3. ATALA- EKINTZAK KATALOGORA GAINERATZEA.

27. artikulua.– Ekintzak Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea eta Prestakuntza entitate laguntzaile gisa jardutea eskatu ahal izango duten entitateak.

1.–2. Atalean aurreikusitakoaren arabera baimenduriko entitate laguntzaileek aurkeztu ahal izango dituzte laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoa hartara sailkatzen den mota, azpimota eta, hala badagokio, kualifikazio-arlotarako ekintzak gaineratzeko proposamenak, betiere terminoen arabera eta kasu bakoitzean emandako ebazpenean ezarritako mugekin.

2.– Bestalde, eta aldez aurreko baimenen beharrik gabe, kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte enpresek eta taldeek, betiere Dekretu honen 17.1 artikuluaren g) eta h) idatz-zatietan aurreikusitako laneko segurtasun eta osasuneko, eta laneko arriskuen prebentzioko arloko eskakizunak betetzen badituzte.

3.– Era berean, eta aldez aurreko baimenen beharrik gabe, udalerriek, mankomunitateek, koadrilek, toki-garapeneko agentziek, horien menpeko sozietate publikoek eta, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeko 25. eta 26. artikuluetan xedatutakoaren arabera, gizarte zerbitzuen entitate laguntzaileek enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntza-proposamenak aurkeztu ahal izan dituzte, betiere horrelako prozesu baten buru izateko gaitasuna egiaztatzen badute euren giza baliabideei, baliabide materialei eta antolamenduzkoei jarraiki, eta proiektu hori biltzen duen jarduera-plan bat badute.

28. artikulua.– Katalogora gainera daitezkeen ekintzak.

Dekretu honen 13. artikuluan zehazturiko baliabide-moten arteko edozeini dagokion edozein prestakuntza-ekintza laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea eskatu ahal izango da, betiere ondoko bi zirkunstantzietatik edozein gertatzen bada:

a) Katalogora gaineratzea eskatzen duen entitate laguntzaileak pentsatu eta sustaturiko laneratzeko estrategiari dagokio ekintza, enplegu-aukerei edo jendearentzako enplegagarritasuna hobetzeari jarraiki.

b) Enplegu Orientazioko Zerbitzuak antzemandako prestakuntza-premiei dagokie ekintza; une jakin batean erabilgarri dagoen eskaintzak ez die haiei erantzun, eta entitate laguntzaileak bere gain hartu ditu.

29. artikulua.– Eskaeraren ondorioa.

3. atal honetan xedaturikoaren markoan transmititzen diren laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora ekintza bat gaineratzeko eskaerek erabateko ondorioak izango dituzte diru-laguntza eskaera bezala 4. Atalean aurreikusitakoari begira, betiere gaineraturiko ekintza Dekretu honetan ezarritako prozeduraren arabera burutzen bada.

30. artikulua.– Eskaerak eta dokumentazioa.

1.– Ekintza bat laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzeko eskaerak prestakuntza-proiektuari buruzko hainbat dokumentu eta administrazio-arloko beste zenbait biltzen ditu.

2.– Gaineratzea eskatzen den prestakuntza-proiektuari buruzko dokumentazioa telematikoki transmitituko zaio Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren informazio-sistema integratuari, 21. artikuluan bilduriko baimen-ebazpenean emandako gakoak erabilita. Aldez aurreko baimenik behar ez duten erakundeek Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari eskatu beharko dizkiote gako horiek, eta hamabost eguneko epean emango zaizkie, eskaria jaso denetik kontatzen hasita. Ondoko elementuak bilduko ditu dokumentazio horrek:

a) Entitate eskatzailearen izena, helbide soziala eta harremanetarako datuak.

b) Prestakuntza ematen duen/duten entitatearen/entitateen izena, helbide soziala eta harremanetarako datuak, entitate eskatzailearen aldez aurreko baimena behar ez duten prestakuntza-baliabideen kasuan soilik.

c) Prestakuntza-baliabidearen mota, eta azpimota, hala badagokio.

d) Ekintza katalogora Euskal Autonomia Erkidegoko zein hizkuntza ofizialetan gaineratzea eskatzen den. Taldekoak huts-hutsik diren prestakuntza-ekintzetan ondoko aukeretatik edozein hartu ahal izango da: euskara, gaztelania edo bi hizkuntzetatik edozein. Banakako prestakuntza-ekintzetan, edo banakako arretako moduluak barne hartzen dituztenetan, ahalegin berezia egingo da zerbitzua parte-hartzaileak aukeraturiko hizkuntzan emateko.

e) Ekintzaren izenburua.

f) Aurreikusitako hasiera eta amaiera datak. Kontratazio-konpromisoa duten ekintzen kasuetan izan ezik, enplegu eta prestakuntzako proiektuetara loturikoak, edo erakunde arteko itunetan edo Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko tokiko enplegu-proiektuetan bildurikoak, data horiek ez dira itxiak izango, irekiak baizik, bakoitza hilabete osorako gutxienez; Orientazio Zerbitzuak gauzaturiko jendeari ikastaroak esleitzeko kudeaketa-prozesuak (aldez aurreko izen-emateak) eskatzen dituen data jakinetan jarduteko konpromisoa hartuko du entitateak denboraldi horretan. Banakako prestakuntza-ekintzei dagokienez, ondoko denboraldietako bat mugatuko da: hilabetea, hiruhilekoa edo urtea. Hasteko data ezin izango da ezein kasutan laneratzearen zerbitzurako baliabideen katalogora prestakuntza-ekintzak gaineratzeko eskaera formalizatzen den hurrengo urtearen data beraren ondorengoa izan.

g) Asteko ordutegia. Talde-prozesuetarako soilik. Banakako prozesuetan ahalegin berezia egingo da ordutegia zerbitzuaren erabiltzailearen premietara egokitzeko.

h) Kudeaketari begira arduradun denaren izena eta harremanetarako datuak.

i) Prestakuntza prozesuan tutoretza-erantzukizuna duenaren izena eta harremanetarako datuak.

j) Irakasleen zerrenda, euren profila eta bakoitzak emango dituen orduak, eta moduluak edo edukiak adierazita. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial batean edo bitan irakaskuntzan aritzeko duten hizkuntza-gaitasuna ere zehaztuko da. Izenaren arabera zerrendatzea ezinezkoa bada, 1. irakasle, 2. irakasle eta abar bezala identifikatuko dira. Dekretu honen 17.1.f) artikuluan ezarritako eskakizunak betetzen dituztenek soilik eman ahal izango dituzte ekintzak.

k) Parte-hartzaile kopurua. Talde-ekintzetan, ondoko urkiletako bat aukeratu ahal izango da: 5 – 8 parte-hartzaile, 9 –12 parte-hartzaile eta 13 –16 parte-hartzaile. Prestakuntzaren eta parte-hartzaileen ezaugarrien arabera aukeratuko da urkila. Alde batetik, hartatik abiatuta entitate laguntzaileak ekintza burutzeko konpromisoa hartzen duen Enplegu Orientazioko Zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoen gutxieneko kopurua adierazten du urkilak, eta, bestetik, parte-hartzaileen gehienezko kopuru posiblea. Aukeraturiko denboraldi jakinean (hilabetea, hiruhilekoa, urtea) haiei zerbitzua eman ahal izango zaienen guztizko kopurua adieraziko da banakako ekintzetan.

l) Entitate laguntzailerako emateko ordu orokorren kopurua, ondokoak xehatuta: talde-ordu teorikoak, prestakuntza-zentroko talde-ordu praktikoak, banakako ordu teorikoak, prestakuntza-zentroko banakako ordu praktikoak eta lantokiko banakako orduak. 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoari begira, tutoretza-orduez gain, harrera-enpresaren kargurako instrukzio-orduak esleituko dira, Dekretu honen 43.6 artikuluaren a) eta d) idatz-zatietan ezarritako mugak errespetatuta.

m) Parte-hartzailearentzako ikaskuntza-orduen guztizko kopura, ondokoak xehatuta: talde-ordu teorikoak, prestakuntza-zentroko talde-ordu praktikoak, banakako ordu teorikoak, prestakuntza-zentroko banakako ordu praktikoak eta lantokiko banakako orduak. Irakasle aurrekoa ez den prestakuntza bada, ikaskuntza-orduen guztizkoa hartuko da kontuan.

n) Prestakuntza-ekintzako parte-hartzaileen sarrera-profila (gaitasunen zein defiziten terminoetan), alderdi akademikoei, prestakuntza-arlokoei, soziopertsonalei edo esperientzia-arlokoei dagokienez.

ñ) Enplegua baliatzeko berariazko zailtasunak izaki eta babeserako gizarte-erakunde propioak dituzten talde jakinei (etorkinak, askatasunik gabeak, kontsumoen menpekoak, gutxiengo etnikoak, indarkeriaren biktimak...) zuzendutako jardueren kasuan, entitate laguntzailea horrelakoa ez bada, babes-elkarteak prestakuntza-ekintzarako zein erakunde baliatuko duen adierazi beharko dio talde horri, behar bezalako eraginkortasuna lortzeko. Horrelako erakunde batekin lankidetzan ez aritzea eskaera ezesteko nahikoa arrazoi izango da.

o) Prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten parte-hartzaileen irteera-profila, lan-bitartekotzarako eskumen esanguratsuetan definiturikoa eta, hala badagokio, Enplegu Orientazioko Zerbitzuaren eta parte-hartzailearen artean aldez aurretik itunduriko ibilbide pertsonalaren jarraipenerako.

p) Baimenduriko entitate laguntzaileak parte-hartzaileen hautaketan parte hartzen duen baliabideen kasuan (Dekretu honen 13. artikuluan honela definiturikoak: kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntza, enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntza eta, hala badagokio, erakunde arteko itunetan edo Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko enplegurako tokiko edo sektoreko proiektuetatik eratorritako prestakuntza), aldez aurretik izena emandako hautagaiak lehenesteko irizpideen definizioa. Definitzen ez badira, entitateak gainerako baliabide-motarako hautaketa-irizpide orokorra onartzen duela hartuko da kontuan, hau da, Enplegu Orientazioko Zerbitzutik aldez aurretik izena emateko ordena.

q) Kualifikazio-arloa, euskal kualifikazio-sistemaren sailkapenaren arabera.

r) Kualifikazio-azpiarloa, euskal kualifikazio-sistemaren sailkapenaren arabera.

s) Hirugarren kualifikazio-maila, euskal kualifikazio-sistemaren lanerako prestakuntzaren azpisistemaren sailkapenen arabera.

t) Edukien egitaraua. Euskal kualifikazio-katalogoari loturiko prestakuntzaren kasuan, maila, kualifikazioa, gaitasun atalak eta esparruak, eta prestakuntza-moduluak identifikatuko dira. Dena dela, lanerako prestakuntzarako prestakuntza-ibilbide garrantzitsuetarako curriculum propioak arauari jarraiki garatzen dituen neurrian, egitarauak haietara egokituko dira, eta aurreikuspen hau ez betetzea eskaera baztertzeko nahikoa arrazoi izango da. Edukien egitarauak ingurumen-sentsibilizazioko berariazko eredua barne hartzea bilduko du; behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Europako Gizarte Funtsaren lankidetzarekin horretarako editaturiko autoprestakuntza-egitarauaren bidez garatuko da. Autoprestakuntza-egitarauaren bidez ematea ez da zenbatuko l) idatz-zatian adierazitako emateko orduak kalkulatzeko, ezta m) idatz-zatian adierazitako ikaskuntza-orduak kalkulatzeko ere. Lehendik ere egina duten parte-hartzaileek ez dute modulua egin beharko. Era berean, zeharka edo berariaz, Dekretu honen 13. artikuluan ondoren adierazten den bezala identifikaturiko baliabide-motei dagozkien prestakuntza-ekintzetako laneko segurtasun eta osasuneko edukiak sistematikoki gaineratu beharko ditu: lanerako profiletako berariazko prestakuntza, lantokiko prestakuntza praktikoa, minusbaliotasunari egokituriko prestakuntza, lanpostuko banakako prestakuntza, lanerako profiletako irakasle aurrekoa ez den berariazko prestakuntza, kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntza, eta enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntza.

u) Erabateko diru-laguntza eskaera, ekintzaren guztizko kostua adierazita, eta, hala badagokio, entitate laguntzaile eskatzaileak berak bere gain harturiko finantzaketa-zenbatekoa. Banakako arretako osagarriak dituzten taldeko prestakuntza-prozesuetan, ekintzaren kostuaren lau hipotesi aurkeztuko dira ikasturtea hasten duten parte-hartzaileen guztizko kopuruaren arabera. Dekretu honen 43. artikuluan finkaturiko gehienezko diru-kopuruak hartuko dira kontuan diru-laguntza kalkulatzeko.

v) Dekretu honen 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoaren kasuetan, entitate laguntzailearen tutoretza-gastuaren kontzeptua soilik barne hartuko du guztizko diru-laguntzak. Era berean, eskatutzat emango da ondoren burutzen den gastu errealaren eta ondoko gastu-kontzeptuak direla-eta zinez justifikatzen den diru-laguntza: tutorearen bidaiak, ikasleen bidaiak eta harrera-enpresaren instrukzioa. Dekretu honen 43. artikuluan ezarritakoari jarraiki kalkulatuko da hori guztia.

w) Aurreikusitako laneratzeari eta parte-hartzaileen enplegagarritasunari begira eskaturiko baliabidearen baliagarritasuna zinez abalatzen duen txostena. Txosten hori ez gaineratzea eskaera baztertzeko nahikoa arrazoi izango da.

x) Enplegu Orientazioko Zerbitzutik aldez aurreko izen-emateak egiteko mugaeguna, entitateak haietarako parte-hartzaileak hautatzeko ahalmena beretzat gordetzen duen baliabideen kasuan soilik, hau da, Dekretu honen 13. artikuluan honela definiturikoak: kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntza, enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntza eta, hala badagokio, erakunde arteko itunetan edo Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko enplegurako tokiko edo sektoreko proiektuetatik eratorritako prestakuntza.

y) Prestakuntza-ekintza garatzeko erabiliko diren lokalak, kokapenaren xehetasun guztiekin.

3.– Administrazio-dokumentua, Dekretu honetako I. Kapituluan aurreikusitako laguntzetarako 9.2 artikuluan ezartzen diren dokumentuez gain -9.2 artikuluaren a) idatz-zatiaren 6. puntuan bildutako dokumentua izan ezik-, ondokoez osatuko da:

a) zinpeko aitorpena, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak sinaturikoa; kontratazio-konpromisoa bildu beharko du 13.3.a) artikuluan kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntza gisa definituriko prestakuntza-baliabidearen ekintza bada, edo 13.3.b) artikuluan enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntza gisa identifikaturikoarena. Konpromiso horrek bildu beharreko parte-hartzaileen guztizko kopurua edo portzentajearen aurreikuspena, kontratazioaren iraupena eta lanaldi-mota eta, aldez aurretik ezagutzen bada, haren modalitatea argitu beharko du.

b) Dekretu honen 13.2.a) artikuluan deskribaturiko lanbide-profiletako berariazko prestakuntzaren kasuan, 13.2.f) artikuluan definituriko telelanaren zabalkundearen prestakuntza eta 13.2.h) artikuluan adierazitako lanbide-profiletako irakasle aurrekoa ez den berariazko prestakuntza, Enplegu Orientazioko Zerbitzuak atzemandako premiei erantzuten badie, artikulu honetako 2. paragrafoan w) idatz-zatiak aipaturiko txostenerako Zerbitzu horren ontzat emanarekin. Kasu horietan, aginduzko ontzat emana ez izatea nahikoa arrazoi izango da eskaera baztertzeko.

c) 13.3.b) artikuluan deskribaturiko enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntzaren kasuan, entitate eskatzailearen txostena, bertan prozesuaren buru izateko giza gaitasuna, eta gaitasun materiala eta antolamendu-arlokoa egiaztatuta.

d) 13.3.a) artikuluan deskribaturiko kontratazio-konpromisoa biltzen duten prestakuntza-ekintzak gaineratzea eskatzen duten enpresen eta enpresa-taldeen kasuan, 17.1 artikuluaren g) eta h) idatz-zatietan zehazturiko laneko segurtasun eta osasun arloko eskakizunak betetzeari buruzko zinpeko aitorpena.

31. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Prestakuntza-proiektuari buruzko dokumentazioa telematikoki Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari igorrita formalizatuko da, ekintzaz ekintza eskaera, eta administrazio-arloko dokumentazioa paper-euskarrian entregatuta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan, zuzenean edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean aurreikusitako bitartekoetako edozeinen bidez. Administrazio-arloari begira, administrazio-dokumentazioaren aurkezpen-data hartuko da eskaeraren sarrera-datatzat, betiere ordurako prestakuntza-proiektuari buruzko datuak telematikoki kargatu badira.

2.– Eskaera aurkeztean egiaztatu beharko dute entitate eskatzaileek eskakizunak betetzen dituztela.

32. artikulua.– Kudeaketa eta Ebazpena.

1.– Laneratzearen zerbitzurako prestakuntza-ekintza bat gaineratzeko aukera onartu edo ukatzea Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren Ebazpena tarteko gauzatuko da, ondokoa egiaztatzen duen txosten teknikoaren ondoren:

a) 3. atalean ezarritako eskakizunak betetzea.

b) Eskaturikoaren antzeko prestakuntza-ekintzen gaineskaintzarik ez izatea, jada katalogora gaineratuta baitago, enplegu-orientazioko zerbitzutik haietarako aldez aurretiko izen-emateen maila argi eta garbi nahikoa ez dela kontuan hartuta.

c) Dekretu honen 33. artikuluan ezarritako jardueraren muga argi eta gabi ez gainditzea.

2.– Ebazpena, eskaera bezala, ekintzaz ekintza emango da. Banakako ekintzak badira, hasierako denboraldi baterako (hilabetea, hiruhilekoa, urtea) onarturiko tutorizazio-multzoa ekintza bakartzat hartuko da kontuan.

3.– Ebazpena positiboa bada 30.2 artikuluan eskaerarako zehazturiko xehetasun-maila bera izango du, eta ondokoak egiteko aukera izango du:

– Ekintza Baliabideen katalogora gaineratzeko aukera onartzea, aurkeztu zen termino beretan.

– Ekintza Baliabideen Katalogora gaineratzeko aukera proposatzea, eskatuarekiko aldaketekin (edukiari edo finantzaketari buruzkoak), Dekretu honetan edo hura garatzen duten ondorengo erregulazioetan ezarritakoari jarraiki.

Bi kasuetan ere, behin Ebazpena entitate eskatzaileari jakinarazi ondoren eta hura jaso den egunetik hamar lanegun igaro ondoren, propio uko egiten ez badio, entitateak baimena onartzen duela hartuko da kontuan, ebazpenean zehazturiko termino beretan.

4.– Ebazpenak erabateko ondorioak izango ditu ekintza Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzeko eskaerarako erantzunari begira; horretaz gainera, informatuko du jarduera benetan gauzatzeak æbetiere hasieratik Enplegu eta Prestakuntza zuzendaritzatik eta ebazpenean bertan eman daitezkeen garapen-arauetan eta Dekretu honetan ezarritakoaren arabera burutzen badaæ diru-laguntza jasotzeko eskubidea sorraraziko duela. Ildo honetan, II. Kapitulu honetako 4. Atalera bidaliko du ebazpenak, eman daitekeen gehienezko diru-laguntzaren zenbatekoari buruz informatuko du parte-hartzaileen kopuru errealaren eta hura ordaintzeko, hala badagokio, moduaren arabera.

5.– Laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora ekintza jakin bat gaineratzea onartzen duen Ebazpenak entitate laguntzaile eskatzaileak bere gain hartzen dituen obligazioen xehetasuna ere bilduko du, ekintza bat katalogora gaineratzea onartzen zaion entitatea denez zein, hala badagokio, hura garatzeko diru-laguntza publikoko entitate jasotzailea denez, aurreko paragrafoan aurreikusitako zirkunstantzia gertatzen denean.

6.– Kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntza bada, enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturikoa edo, hala badagokio, erakunde arteko itunetan do Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko enplegurako tokiko edo sektoreko proiektuetatik eratorritakoa, horien ezaugarriak Dekretu honen 13.3 artikuluan definitzen direla kontuan izanda, aldez aurretik izena emandakoen kopuruak ezarritako plazak gainditzen dituenean egin beharreko hautaketa-prozesuan aplikatuko diren irizpideak bilduko ditu ebazpenak.

33. artikulua.– Jardueraren muga.

Entitate laguntzaile beraren jarduera gaineratzea baimentzeko eman daitekeen (edo daitezkeen) Ebazpena edo segidako Ebazpenak dagokion baimen-ebazpenean esleituriko ordu, talde, lagun edo plazen urteko gehienezko kopuruaren ondoriozko mugak hartu beharko dituzte kontuan, betiere ebazpena Dekretu honen 21. artikuluan xedaturiko terminoetan eman zela kontuan izanda. Muga hori gainditzean, entitate laguntzaileak aldez aurretik alde batera utzi beharko du aurreko eskaeraren bat ekintza berriak gaineratzeko, eta aurretik onarturiko ekintzaren bat laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogotik irtetea eskatu.

34. artikulua.– Ebazteko epea.

1. – 3. Atal honen babesean formulaturiko baimen-eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaeraren aurkezpen-egunetik kontatzen hasita.

2.– Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, eskaera kontuan harturikotzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoari begira, administrazioak propio ebazteko duen obligazioa aparte utzi gabe.

35. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak Katalogoan sartzea.

Ekintza bat laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzeko Ebazpena onartzeak hura bertara berehala eta ofizioz gaineratzea dakar.

36. artikulua.– Enplegu-orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileei Katalogoaren prestakuntza-ekintzak esleitzea.

1.– Unean erabilgarri dagoen baliabideen Katalogoaren multzoa kontuan hartuta, Enplegu Orientazioko Zerbitzuak euren laneratzeko ibilbideari edo profilari gehien egokitzen zaion (edo zaizkion) baliabidea edo baliabideak esleitu ahal izango dizkie, Dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitako bi zirkunstantzietako edozein tarteko.

2.– Kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntzaren kasuan propio, enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturikoa edo, hala badagokio, erakunde arteko itunetan do Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko enplegurako tokiko edo sektoreko proiektuetatik eratorritakoa, horien ezaugarriak Dekretu honen 13.3 b) artikuluan definitzen direla kontuan izanda, entitate laguntzaileek hautagaiak proposatu ahal izango dizkiote dagokion Orientazio Zerbitzuari dagokion egokitasuneko kontraste-proba egiteko.

3.– Talde-prestakuntzak kasu honetan, banakako tutoretza-osagarriekin edo gabe, esleipenak Katalogoaren ekintza jakin bati buruzkoa izango da, bere modulu eta ordu-kreditu guztiak bilduta.

4.– Banakakoa soil-soilik den prestakuntzaren kasuan, baliabidearen esleipena ordu-kredituaz mugatuta egongo da, Enplegu Orientazioko Zerbitzuak baliabide jakin baterako aldez aurretik izena eman duenarekin adosturiko banakako arreta-premien ordu-kredituaz, alegia.

37. artikulua.– Ekintzak hasi eta burutzea.

1.– Laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren taldeko prestakuntza-ekintzak nahitaez hasi beharko dira honakoetan: Katalogora gaineratzea onartzeko Ebazpenean hasierako eguntzat ezarritako denboraldian erabilgarri dauden aldez aurretik izena emandakoak gutxienez jarduerak dituen gehienezko plazen adina izatean.

2.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak taldeko prestakuntza-ekintza bat hastea agindu ahal izango du, betiere Katalogora gaineratzea onartzen zuen Ebazpenean hasteko eguntzat ezarritako denboraldian, egiaz erabilgarri dauden Enplegu Orientazioko Zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoen kopuruak Ebazpenean bertan aurreikusitako gutxieneko plaza-kopurua betetzen badu.

3.– Prestakuntza-ekintzak plaza guztiak bete gabe hasi behar badu, Katalogora gaineratzea eskatu zuen entitate laguntzaileak aldez aurretik izena eman ez dutenak proposatu ahal izango ditu Enplegu Orientazioko Zerbitzutik, Dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitako egokitasun-kontrastea egin diezaieten. Kontraste-probaren arabera pertsona egokia bada, aldez aurretik izena emango du dagokion prestakuntza-ekintzan, ondorio guztietarako.

4.– Banakako arreta biltzen duten prestakuntza-ekintzak automatikoki hasiko dira Enplegu Orientazioko Zerbitzuak bakoitzari ordu-kredituak eskaintzen dizkion neurrian.

38. artikulua.– Katalogoaren ekintzetara izena aldez aurretik emandakoak hartu eta hautatzeko irizpideak.

1.– Katalogora gaineratzea onartzen zuen Ebazpenean hasteko eguntzat ezarritako epean aldez aurretik izena emanda eta erabilgarri daudenak plazak baino gehiago badira, aldez aurretik izena emandako ordena baliatuko da, artikulu honen 2. paragrafoan aurreikusitakoari dagokionez izan ezik.

2.– Kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntzaren kasuan, enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturikoa edo, hala badagokio, erakunde arteko itunetan do Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko enplegurako tokiko edo sektoreko proiektuetatik eratorritakoa, horien ezaugarriak Dekretu honen 13.3 artikuluan definitzen direla kontuan izanda, Orientazio Zerbitzutik aldez aurretik izena emateko mugaeguntzat ezarritako epea bete ondoren, hautagai izaki eta egiaz prest daudenak ekintza laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea onartu zuen Ebazpenean onarturiko hautaketa-prozesura bilduko dira.

3.– Banakako prestakuntzaren kasuan, beste lagun batzuk onartu ahalko eta beharko dira, onarturikoen multzoari esleituriko ordu-kredituen batura laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora prestakuntza-baliabide hura gaineratzea onartu zuen Ebazpenean hartarako onarturiko guztizko orduetara iristen ez bada. Hainbat arrazoi tarteko, hasieran inori esleitu eta erabiliko ez diren kredituak baliogabetu ahal izango dira entitate laguntzaileak ordu-kreditu erabilgarria kalkula dezan lagun berriak onartzeko.

39. artikulua.– Entitate laguntzaileen obligazioak.

1.– Oro har, ekintzaren bat laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea onartzen zaien entitate laguntzaileek ondokoetara behartuta daude:

a) Enplegu Orientazioko Zerbitzuetatik aldez aurretik izena emandakoak hautagai gisa onartzera.

b) Dekretu honen 37. artikuluan aurreikusitako zirkunstantziak gertatzen ez diren artean ekintza ez hastera, edo Prestakuntza eta Enplegu Zuzendaritzak legeari jarraiki zehatz ditzakeenak gertatzen ez diren arte.

c) Talde-prestakuntzan, prestakuntza-ekintza esleitu zaienen prestasuna egiaztatzera behin Orientazio Zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoen kopurua plaza erabilgarrien gehienezkora iristen denean, edo Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak hori eskatzen duenean, behin plaza erabilgarrien gutxienekora iritsi ondoren, eta prestasun hori egiaztatzen bada, jarduerari hasiera ematera.

d) Banakako prestakuntzan, Enplegu Orientazioko Zerbitzutik aldez aurretik izena emandako guztiak onartzea, aldez aurretik izena emandako ordenari jarraiki, eta izena aldez aurretik eman eta berehala, ekintza laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea onartu zuen Ebazpenean entitateari emandako guztizko ordu-kreditua agortu ondoren.

e) Katalogora gaineratuta duten jarduerari dagokionez eskari eta eskaintzaren arteko desegokitzapenei modu aktiboan erantzutera, ondokoei jarraiki: ekintza berriak eskatzea, haietan aurreikusitako plaza-kopurua betetzen ez duten antzeko ekintzetan aldez aurretik izena emandakoak biltzeko moduan; Enplegu Orientazioko Zerbitzuan antzemandako prestakuntza-premiei erantzuteko ekintza berriak eskatzea; soluzio alternatiboak bilatzea hasteko ezarritako plaza-kopurua betetzen ez duten ekintzetara aldez aurretik izena emandakoentzat, Enplegu Orientazioko Zerbitzuekin lankidetzan; balizko parte-hartzaileen erakarpen propioa egitea eta Enplegu Orientazioko Zerbitzuak haiei egokitasun-kontrastea aplikatzea, Enplegu Orientazioko Zerbitzuaren aldez aurretik izena emandakoak gutxienezko plaza erabilgarrietara iritsi baina gehienezkora iristen ez badira; eskari zabaleko prestakuntza-ekintzak berriro editatzeko aukera eskatzea, Enplegu Orientazioko Zerbitzutik eginiko esleipenei jarraiki; euskarazko talde-ekintzak gaineratzeko aukera eskatzea, hari erantzun gabeko eskaria egiaztatzen bada.

f) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzan bilduriko sistema informatikoa elikatzea, prestakuntza-eskaintzari dagokionez.

2.– Dekretu honen 37. artikuluan aurreikusitakoaren arabera ekintzari hasiera eman behar bazaio, ondokoetara behartuta daude entitate laguntzaileak oro har:

a) Prestakuntza-ekintzari hasiera eman eta hura De-kretu honetan, garatu dezaketen arauetan eta ekintza laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea onartu zuen Ebazpenean xedaturikoari jarraiki burutzea.

b) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren informazio-sistema integratua elikatzea, prestakuntza-baliabidea katalogora gaineratzea onartzen duen Ebazpenean zehazten den terminoetan.

c) Informazio-sistema integratu horren bidez, jardueraren hasieraren eta amaieraren berri ematea Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari hura taldekoa bada, banakako tutoretzako osagarriarekin edo gabe, edo banakako prestakuntza bada, parte-hartzaile bakoitzarekin izandako esku-hartzearen hasieraren eta amaieraren berri. Era berean, bide hori baliatuta emango du jardueraren garapenean gertatzen den edozein gorabeheraren berri.

d) Prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileei legeari jarraiki aintzat harturiko hizkuntza-eskubideak errespetatzea, eta, batez ere, horiek harturiko hizkuntza-aukera (euskara/gaztelania) betiere errespetatzea, banakako prestakuntza-faseetako hizkuntzari dagokionez; Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetan komunikatzeko zailtasunak dituzten etorkinei hizkuntza-tratamendu egokia eskaintzeko ahalegintzea.

e) Onarturiko prestakuntza-prozesuaren tutore gisa lagun bat esleitzea, betiere Orientazio Zerbitzuaren hizketakide iraunkor izango dena.

f) Parte-hartzaile bakoitzari buruzko banakako azken ebaluazio-txostena Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzan integraturiko informazio-sisteman propio sartzea; bertan eskuraturiko gaitasunak xehatuko dira, betiere Orientazio Zerbitzutik laneratzeko ibilbidearen jarraipenerako baliagarriak diren terminoetan, eta lan-bitartekotza posiblerako, baita egiaz gauzaturiko ikaskuntza-orduak ere, ordu horien banaketa xehatuta Dekretu honen 30.2.m) artikuluan agertzen den sailkapenaren arabera.

g) Parte-hartzaile bakoitzari eskuraturiko gaitasunen ziurtagiria ematea; interesatuari igorri aurretik Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ontzat eman beharko du, ekintza Katalogora gaineratzea onartzen duen Ebazpenean zehazten den terminoetan.

h) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren ebaluazio-zerbitzuarekin lankidetzan aritzea, prestakuntza-baliabidea Katalogora gaineratzea onartzen duen Ebazpenean zehazten den terminoetan.

i) Diru-laguntzaren onuradun den entitate laguntzaile gisa dituen obligazioak betetzea, II. Kapitulu honen 4. Atalean eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitakoaren arabera, eta bereziki Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskaturiko informazio guztia emateko obligazioa.

j) Behin ekintza amaitu ondoren eta diru-laguntzarako onargarria den gasturako justifikazio gisa, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren informazio-sistema integratuan sartzea talde-ekintza bakoitzean edo banakako ekintzetan parte-hartzaile bakoitzarekin egiaz emandako mota desberdineko orduen egokitzapena, ordu horien banaketa xehatuta Dekretu honen 30.2.l) artikuluan agertzen den sailkapenaren arabera.

k) Prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean jardueraren Azken Memoria aurkeztea, ondokoak bilduta: jardueraren ebaluazio-memoria kualitatibo laburra, ekintzaren garapenean buruturiko gastu errealaren zinpeko aitorpena –irakasleen eta ikasmaterialen, eta lantegien kontzeptupeko kostuak betetzeko gutxieneko portzentajea %70ekoa izango da– eta parte-hartzaileek sinaturiko ziurtagiriak, betiere entitateak Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren informazio-sistema integratuan sarturiko ordu-burutzapeneko datuen egiazkotasuna ziurtatzen badute. 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoaren kasuan, egiaz buruturiko gastuen dokumentu bidezko justifikazioa ere barne hartuko du azken memoria horrek, Dekretu honen 43.6 artikuluaren b), c) eta d) idatz-zatien araberako gastu subentzionagarrien kontzeptuei jarraiki. Kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntzaren eta 13.3 artikuluaren a) eta b) idatz-zatietan deskribaturiko enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntzaren kasuan, eginiko kontratazioen dokumentazio egiaztagarria ere barne hartuko du memoriak: kontratua, lan-bizitzaren ziurtagiriak edo TC-2 dokumentuak. 13.3.a) artikuluan deskribaturiko kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntzaren kasuan, azken memoria aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da kontrazio-konpromisoa betetzen denetik kontatzen hasita. 13.3.a) artikuluan deskribaturiko enplegu eta prestakuntza proiektuei loturiko prestakuntzaren kasuan, kontratazio-fasea prestakuntza-fasearen amaieraren ondorengoa bada, azken memoria aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da lan-kontratuak formalizatzen direnetik.

l) Gordetzea, kontu-ikuskapen edo finantza-kontrol arloko agintari eskudunen arteko edozeinek zehaztu dezakeen ondorengo edozein kontrolerako: prestakuntza-ekintzari dagozkion gastu eta ordainketako frogagiri guztiak -Azken Memorian barne harturiko zinpeko aitorpenarekin bat etorrita- eta Dekretu honen 56 d) artikuluan ezartzen diren terminoetan, baita jardueraren garapenean erabilitako ikasmaterialak ere.

m) 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoaren kasuan, ikasleek egiaz eginiko bidaien eta praktika hartzen duen enpresen kargurako instrukzioaren kontzeptupean 43.6 artikuluko c) eta d) idatz-zatietan aurreikusitakoaren arabera jasotako diru-kopuruak parte-hartzaileei eta prestakuntza praktikoa hartzen duten enpresei ordaintzea.

n) Enplegua baliatzeko berariazko zailtasunak izaki eta babeserako gizarte-erakunde propioak dituzten talde jakinei (etorkinak, askatasunik gabeak, kontsumoen menpekoak, gutxiengo etnikoak, indarkeriaren biktimak...) zuzendutako jardueren kasuan, entitate laguntzaile eskatzailea horrelako erakundea ez bada eta talde horri babesteko erakunde batean lagundu behar badu, lankidetza-kontzeptupean Dekretu honetan aurreikusitakoaren arabera jasotako diru laguntzak azken horri ordaintzea.

ñ) Hizkuntza sexistarik ez erabiltzea eta aukera-berdintasuna sustatzea, eta, hala badagokio, emakumearen aldeko ekintza positiboa, bere jardueraren garapenari dagokionez.

3.– Azkenean burutzen den ekintza kontratazio-prestakuntza biltzen duen prestakuntzari edo enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntzari badagokio, Dekretu honen 13.3.a) eta 13.3.b) artikuluetan aurreikusitakoa bete beharko du hurrenez hurren, eta baita ekintza Katalogoa gaineratzea onartu zuen Ebazpenean ezarritakoa ere, parte-hartzaileen lan-kontratuei dagokienez.

4.– Azkenean gauzaturiko ekintza 13.2.a) artikuluak aipatzen duen lanerako profiletako prestakuntzari badagokio, entitate laguntzailea kualifikazio-arlo berean 13.2.b) artikuluan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoaren eskaintzarako ere baimenduta egonda, ikasturteko prestakuntza teoriko praktikoa osatzeko aukera eskaini beharko du, Enplegu Orientazioko Zerbitzuan prestakuntza-baliabide hori (lantokiko prestakuntza praktikoa) esleitu zaien parte-hartzaile guztientzako enpresako praktika-egonaldia tarteko.

5.– Egiten den jarduera 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan zehazturiko lantokiko prestakuntza praktikoari badagokio, ondokoak egin beharko ditu entitate laguntzaileak, lagun hori enpresaren prestakuntza-lanpostuan sartu aurretik:

– Prestakuntza praktikoko prozesuaren berariazko helburuak ezartzea lortu nahi den lanbide-profilaren eta bakoitzaren hasierako profilaren arabera.

– Lanpostuko prestakuntza praktikoaren bidez lortu nahi diren trebetasun, abilezia eta ezagutzak ezartzea.

– Lanpostuan garatu beharreko jardueren programazio sekuentziatua eratzea, ondokoak definituta: hura egiteko denbora gomendagarriak, erabiliko diren tresnak, materialak, erremintak eta makinak; lan-arriskuen ebaluazioa eta arriskuak prebenitzeko neurrien aurreikuspena; espazioa eta burutzeko jarraibideak; behatu eta biltzeko tresnak, eta informazioa aztertzea; ebaluazioaren xede diren alderdi giltzarriak; alderdi horien balorazio-irizpideak.

– Prestakuntza-plana parte-hartzailearekin eta bertan prestakuntza-lanpostua kokatuko den enpresaren instruktorearekin ituntzea.

– Lantokiko prestakuntza praktikoko hitzarmena sinatzea jarduera laneratzeko zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea eskatu zuen entitate laguntzailearen legezko ordezkariaren, enpresarenaren eta parte-hartzailearen artean. Langileen ordezkaritzak praktiketako hitzarmenaren edukiaren berri izango du.

6.– Bestalde, aurreko paragrafoak eraginpean hartzen dituen entitate laguntzaileek lantokiko prestakuntza praktikoko lanpostuetan parte-hartzaileak hartzen dituzten enpresek ondoko mugak betetzen dituztela bermatu beharko dute, prestakuntza praktikoko prozesuetan aldi berean parte hartzen duten lagunen ratioari dagokionez, unean uneko plantillaren arabera:

– Gehienez 5 laguneko plantilla: gehienez parte-hartzaile 1 lantokiko prestakuntza praktikoan.

– 6 eta 10 lagun bitarteko plantilla: gehienez 2 parte-hartzaile lantokiko prestakuntza praktikoan.

– 11 eta 25 lagun bitarteko plantilla: gehienez 3 parte-hartzaile lantokiko prestakuntza praktikoan.

– 26 eta 50 lagun bitarteko plantilla: gehienez 5 parte-hartzaile lantokiko prestakuntza praktikoan.

– 51 eta 250 lagun bitarteko plantilla: gehienez plantillaren %10 lantokiko prestakuntza praktikoko parte-hartzaile gisa.

– 251 eta 500 lagun bitarteko plantilla: gehienez 25 parte-hartzaile lantokiko prestakuntza praktikoan.

– Gutxienez 501 laguneko plantilla: gehienez plantillaren %5 lantokiko prestakuntza praktikoko parte-hartzaile gisa.

7.– Gauzatzen den ekintza 13.2 artikuluaren h) idatz-zatian aipaturiko irakasle aurrekoa ez den prestakuntzari badagokio, eta prestakuntza hori Internet bidez ematen bada, entitate laguntzaileak berariazko kudeaketa akademikoa ikaskuntza-ingurune birtualarekin batera kudeatu beharko du: erregistroa eta matrikulazioa; ordainketa; erabiltzaile-profilak baliatzea; idazkaritza birtuala; parte-hartzaile bakoitzarekin erlazionaturiko fitxategien kudeaketa integrala; jarraipena eta ebaluazioa.

4. ATALA.– AZKENEAN BURUTURIKO KATALOGOAREN EKINTZEN DIRU-LAGUNTZA.

40. artikulua.– Xedea.

4. atal honen xedea laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoan integraturiko ekintzak ematearen ondoriozko diru-laguntzen prozedura arautzea da, betiere Enplegu Orientazioko Zerbitzuak haren erabiltzaileentzako esleipenei erantzunez (ekintzetarako aldez aurretik izena ematea) burutzen badira, Dekretu honetan xedaturiko terminoetan.

41. artikulua.– Entitate laguntzaile hartzaileak.

Dekretu honetan xedaturikoaren arabera laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoan integraturiko ekintzak burutzen dituzten entitate laguntzaileek jasoko dituzte Atal honetan arauturiko diru-laguntzak.

42. artikulua.– Entitate laguntzaile onuradunen baldintzak.

Diru-laguntzaren onuradun izateko ekintza-prestakuntza hasita eta burututa beharko du izan entitateak, II. Kapitulu honen aurreko ataletan xedaturikoa zorrotz beteta.

43. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta hura kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Oro har, prestakuntza-zentroan buruturiko prestakuntza-ekintzak emateagatiko kostu finantzagarriaren kalkulua, Dekretu honetan ezarritakoa beteta, ondoko irizpideek baldintzatuko dute:

– Banakako prestakuntza teorikoa: 30 euro orduko.

– Banakako prestakuntza praktikoa: 35 euro orduko.

– Talde-prestakuntza teorikoa: 65 euro emandako ordu bakoitzeko.

– 1. mailako ekipamendu-premiak biltzen dituen talde-prestakuntza praktikoa: 65 euro orduko.

– 2. mailako ekipamendu-premiak biltzen dituen talde-prestakuntza praktikoa: 75 euro orduko.

– 3. mailako ekipamendu-premiak biltzen dituen talde-prestakuntza praktikoa: 85 euro orduko.

Ekipamendu mailak Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak zehaztuko ditu legeari jarraiki, Euskadiko Lanbide Kualifikazioen Sistemaren arloen, azpiarloen eta hirugarren mailaren arabera.

Taldeko prestakuntza praktikoari dagozkion diru-kopuruak %10 handituko dira 30. artikuluaren k) idatz-zatien adierazitako parte-hartzaileen urkila 13 eta 16 bitartekoa bada, eta %10 gutxituko da urkila hori 5 eta 8 parte-hartzaile bitartekoa bada.

Diru-laguntzak ez du ezein kasutan baimenduriko entitate laguntzaileak eskaturiko diru-kopurua gaindituko.

2.– Enplegua baliatzeko berariazko zailtasunak izaki eta babeserako gizarte-erakunde propioak dituzten talde jakinei (etorkinak, askatasunik gabeak, kontsumoen menpekoak...) zuzendutako jardueren kasuan, entitate laguntzaile eskatzailea horrelako erakundea ez bada eta talde horri babesteko erakunde batean lagundu behar badu, aurreko paragrafoan ezarritako irizpideak aplikatzearen ondoriozko diru-kopurua %10ean handituko da. Subentzionaturiko entitate laguntzaileak dagokion babeseko gizarte-erakundeari ordaintzeko soilik erabili ahal izango du diru-kopuru hori, lankidetza-zerbitzuen kontzeptupean.

3.– Minusbaliatuek laneratzeko zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogoaren jarduera-prestakuntza arruntak baliatzea ahalbidetzen dien banakako egokitzapenean datzan minusbaliotasunari egokituriko prestakuntza-azpimotaren kasuan, ondoko irizpideak zehaztuko du egokitzapenak finantza dezakeen kostua: 25 euro pertsona eta emandako ordu bakoitzeko. Emateko ordu aplikagarrien kopurua eskainitako egokitzapenaren arabera minusbaliatua hartan barne hartuko den prestakuntza-ekintza arruntari aintzat harturiko emateko orduen guztizko kopuruak zehaztuko du. Kostuak ez du zerikusirik minusbaliatua hartan barne hartzen den baliabide arruntaren entitate laguntzaile kudeatzaileari aintzat hartu dakiokeenarekin, artikulu honetako gainerako paragrafoetan aurreikusitakoak zehaztuko baitu hura.

4. 13.2.h) artikuluan adierazitako irakasle aurrekoa ez den prestakuntzaren kasuan, laneratzearen zerbitzurako ekintza Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzeko Ebazpenean onartzen den erabiltzaile bakoitzeko kostuak zehaztuko du gastu finantzagarria. Gastu hori erabilera-baimenaren benetako kostuaren, plataforma teknologikoaren erabileraren kostuen, lokalaren eta bere etxean ordenagailurik ez dutenen eskura jarritako ordenagailuen erabileratik sortutako gastuen eta tutore birtual gisa lan egiten duten pertsonen gastuen arabera zenbatuko da.

5.– Erakunde arteko itunetan edo Europar Batasunak onarturiko planetan oinarrituriko enplegurako tokiko edo sektoreko proiektuetatik eratorritako prestakuntzan, kostu finantzagarrien kuantifikazioa dagokion hitzarmen, ebazpen, edo itun edo proiektu horiei balio juridikoa emateko erabiltzen den tresnan adosten denak zehaztuko du.

6.– 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan identifikaturiko lantokiko prestakuntza-prozesuetan, ondoko aldagaien arabera azkenean buruturiko ekintzetarako esleitu daitekeen gehienezko laguntzaren zenbatekoaren aurreikuspena:

a) Subentzionaturiko entitateak eginiko pertsonaren tutoretza, diseinuari, pertsonaren eta prestakuntza-lanpostuaren arteko egokitzapenari, eta parte-hartzailearen eta enpresaren instruktorearen prestakuntzari dagozkien jarduerak barne hartuta: 25 euro pertsona eta tutoretza-ordu bakoitzeko. Kostua kalkulatzeko kontuan hartu beharreko tutoretza-orduen gehienezko muga parte-hartzaileak enpresan egiten duen ordu-kopuruaren hamarrena izango da prestakuntza-zentroan jasotako prestakuntza teoriko-praktikoarekiko prestakuntza osagarriaren kasuan, eta bosten bat lanpostuko banakako eta berariazko prestakuntzaren kasuan (arrunta edo minusbaliotasunari egokiturikoa).

b) Tutorearen bidaiak lantokiko prestakuntzan parte hartzen dutenen praktiken jarraipena dela-eta: 0,24 euro kilometro bakoitzeko, gehi bidesari eta aparkaleku gastuak.

c) Ikasleen bidaietarako laguntzak ordaintzeko laguntzak: euro 1 parte-hartzaile eta lagun bakoitzeko, bidaia 4 eta 10 kilometro bitartekoa bada, prestakuntza-zentroaren eta enpresaren arteko joan-etorritzat hartuta, edo haren helbidearen eta enpresaren artekotzat; distantzia hori txikiagoa bada, eta 1,50 euro bidaiak 10 kilometroak gianditzen baditu. Minusbaliotasun fisiko edo psikikoa izaki eta enpresara joateko baldintza bereziak behar dituztenek laguntza gehigarria izango dute praktikaldi osorako, 300 euro artekoa (120 euro prestakuntza-zentroan jasotako prestakuntza teoriko-praktikoarekiko prestakuntza osagarriaren kasuan). Subentzionaturiko entitateak parte-hartzaile bakoitzari dagokion laguntzaren ordainketaren ondoriozko diru-kopurua bideratu ahal izango du soilik.

d) Instrukzio pertsonalizatuaren kontzeptupean praktiketako ikasleen enpresa hartzaileari gastuak ordaintzeko laguntzak: 3 euro pertsona eta instrukzio-ordu bakoitzeko. Kostua kalkulatzeko kontuan hartu beharreko instrukzio-orduen gehienezko muga parte-hartzaileak enpresan egiten duen ordu-kopuruaren hamarrena izango da prestakuntza-zentroan jasotako prestakuntza teoriko-praktikoarekiko prestakuntza osagarriaren kasuan, eta bosten bat lanpostuko banakako eta berariazko prestakuntzaren kasuan (arrunta edo minusbaliotasunari egokiturikoa). Ez da horrelako laguntzarik emango prestakuntza-praktika hartzen duten enpresak herri-administrazioak, instituzioak, erakunde publiko edo ofizialak edo %50ean baino gehiago kapital publikoak partaideturiko enpresak badira. Prestakuntza-praktika hartzen duen enpresari dagokion laguntza ordaintzeko soilik bideratu ahal izango du diru-kopurua subentzionaturiko entitateak.

7.– 13.3.a) artikuluan deskribaturiko kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntzaren kasuan, sei hilabeteko epean ikastaroa amaitzen denetik parte-hartzaileen %60 gutxienez prestakuntza antolatzen duen enpresa antolatzaileak kontratatzen dituenean soilik subentzionatuko da prestakuntza-fasea, gutxienez lanaldi osorako sei hilabeteko gutxieneko denboraldirako edo dagokion baliokidea kontratua denbora partzialerako bada. Kontratazio-portzentajea zenbatzeko parte-hartzaileek kontratuei egien diezaieketen ukoa hartuko da kontuan, betiere eskainitako baldintzak indarrean dagoen lan-antolamenduarekin bat badatoz eta uko-egite horiek zinez egiaztatzen badira.

8.– 13.3.b) artikuluan deskribaturiko enplegu eta prestakuntzako proiektuei loturiko prestakuntzaren kasuan, parte-hartzaileen %100ek proiektuaren kontratazio-fasea betetzen duenean soilik subentzionatuko da prestakuntza-fasean, ez-betetzea parte-hartzailearen erabakiz edo prestakuntza-fasean izaten duen aprobetxamendurik ezagatik denean izan ezik. Ohiz kanpoko egoera horiek subentzionaturiko entitate laguntzaileak justifikatu beharko ditu. Enplegu-faseko kontratazioak formalizatzearen ondoriozko diru-laguntzak Enpleguari Laguntzeko Dekretuan xedaturikoaren prozeduraren arabera emango dira, hala badagokio.

44. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Entitateak 39.2.c) artikuluan ezarritako terminoetan jarduera hasi dela informatzen duen unean hartuko da kontuan diru-laguntzaren eskaera zinez egin dela.

2.– Salbuespen gisa, 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoaren kasuan, 39.2.k) artikuluan adierazitako memorian buruturiko gastuen dokumentu bidezko justifikazioa aurkezten denean hartuko da egindakotzat diru-laguntza eskaera.

45. artikulua.– Kudeaketa eta Ebazpena.

1.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren Ebazpenak emango du diru-laguntza. Ebazpen horrek zehaztuko du azkenean emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, banakako prestakuntzako moduluak biltzen dituen talde-prestakuntzaren kasuan, eta eginiko guztizko kasuaren arabera, 13.2.b) artikuluan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoaren kasuan, edo haren baliokidea 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko minusbaliotasunari egokituta. Behin ebazpena entitate laguntzaile eskatzaileari jakinarazi eta hamar egun balioduneko epea igarota hura jaso zenetik berariazko uko-egiterik gabe, entitateak diru-laguntza ebazpenean onartzen duela hartuko da kontuan, prestakuntza-ekintza bat laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzeko ebazpenean zehazturiko termino beretan.

2.– Obligazioen edozein ez-betetze eta, batez ere, Dekretu honetan bilduriko aurreikuspenak bete gabe jarduerari hasiera ematea, hura garatuko duten arauei edo ekintza Laneratzearen zerbitzurako Prestakuntza Baliabideen Katalogora gaineratzea onartzen duen ebazpenari dagokienez, diru-laguntzaren ebazpena ukatzeko nahikoa arrazoi izango da. Kasu horretan, ebazpenak, kautela dela-eta, prestakuntza-ekintza berehala geraraztea eta etetea aginduko du, 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoari buruzkoa izanagatik prestakuntza-ekintza amaitzearen ondorengoa denean izan ezik.

46. artikulua.– Ebazteko epea.

1. – 4. Atal honen babespean formulaturiko diru-laguntza eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita, Dekretu honen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, diru-laguntza eskaria kontuan harturikotzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoari begira, administrazioak propio ebazteko duen obligazioa aparte utzi gabe.

47. artikulua.– Ordaintzeko moduak eta epeak.

1.– Oro har, Dekretu honen II. Kapituluan bilduriko diru-laguntzak bi ordainketatan egingo dira, honela bideratuta:

a) Diru-laguntzaren %70 lehen ordainketan, emandako diru-laguntza onartu ondoren libraturikoa.

b) Bigarren ordainketan diru-laguntzaren edo egiaz buruturiko gastuarekin bat etorrita egin beharreko diru-kopuruaren %30, aurreikusitako muga kontuan izanda irakasleen eta ikasmaterialaren, eta lantegiaren gastuei aplika dakiekeen gutxieneko kostuari dagokionez. Ekintzak amaitzean emango da bigarren ordainketa hori, behin 39.2.k) artikuluan deskribaturiko jardueraren azken memoria aurkeztu ondoren.

2.– 13.2.b) artikuluan eta 13.2.c) artikuluaren 4. puntuan deskribaturiko lantokiko prestakuntza praktikoaren kasuan propio, ordainketa bakarrean ordainduko da diru-laguntza, buruturiko gastu subentzionagarriaren %100 bilduta. 39.2.k) artikuluan deskribaturiko jardueraren azken memoria aurkeztean libratuko da ordainketa.

III. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

48. artikulua.– Eskaerak aurkeztea: forma eta argitara ematea .

1. – Dekretu honen 31.1 artikuluan ezarritako aurkezpen-erregimena aparte utzi gabe, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dira eskaerak, zuzenean edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean aurreikusitako edozein bitartekoren bidez.

2.– Dekretu honetan aurreikusitako eskaerak ez badaude termino guztietan beteta, edo jarduera subentzionagarri bakoitzerako zerrendaturiko dokumentazioa biltzen ez badute, hamar eguneko epean hutsegitea zuzentzea edo aginduzko dokumentuak biltzea eskatuko zaio pertsona edo entitate interesatuari, hori egiten ez badu eskaria baztertutzat joko dela adierazita, eta Administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du eskaera horri buruz, eta jakinarazi ere egin beharko du, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedaturikoaren arabera.

49. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epeak.

1.– Urtero, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren Aginduaren bidez, Dekretu honetako I. Kapituluan aurreikusitako diru-laguntzetan sartzeko eskaerak aurkezteko epea zehaztuko da, 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan aurreikusitako dirulaguntzetarako izan ezik.

2. – Dekretu honetako II. Kapituluan eta 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan aurreikusitako laguntzen eskaerak aurkezteko epea irekita egongo da urte osoan. Publizitate-printzipioa betetzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ekitaldi ekonomiko bakoitzaren lehen hiruhilekoan argitaratuko den Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordearen Ebazpen bidez emango da, urtero, aipatutako diru-laguntzak finantzatzeko esleitutako zenbateko osoaren berri, edo, hala badagokio, eguneratzetik eratorritako zenbatekoa zein den jakinaraziko da.

50. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena eta errekurtsoak.

1.– Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza izango da Dekretu honetan arauturiko laguntzak kudeatzeko organo eskuduna, eta haren titularraren Ebazpen berariazko eta banakakoak emango edo, hala badagokio, ukatuko du. Modu jarraituan egingo da prozesu hori, Dekretu honetako I. Kapituluaren 5.1 d) artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan eta II. Kapituluan aurreikusitako laguntzetako eskaerak hartzeko ordenaren arabera; eta egintza bakarrean gauzatuko da, agertzeko prozedura denez, I. Kapituluan aurreikusitako gainerako laguntzetan, 11. artikuluak ezartzen duen bezala.

2.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren goragoko hierarkikoari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

3.– Publizitate-printzipioa betetzeko, eta Ebazpen berariazko eta banakakoaren jakinarazpena aparte utzi gabe, Dekretu honetan indarrean sartzen denetik eta urtero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Dekretu honen babespean emandako laguntzen entitate onuradunen zerrenda, eta baita haietan emandako diru-laguntza aldatu denena ere.

51. artikulua.– Beste diru-laguntzekin batera agertzea.

1.– Dekretu honen I. Kapituluaren 5.1 artikuluaren d) idatz-zatiaren 2. puntuan eta II. Kapituluan aurreikusitako laguntzak bateragarriak izango dira edozein motatako diru-laguntza edo laguntza lortzearekin; finantzaketa-iturrien bidez lorturiko diru-laguntzen guztizko zenbatekoak ez du ezein kasutan gaindituko helburu bererako onarturiko guztizko kostua. Kostu hori gainditzeak subentzionatu beharreko zenbatekoa gutxitzea ekarriko du.

2. – Dekretu honen I. Kapituluan aurreikusitako gainerako laguntzak bateraezinak izango dira Herri Administrazioek edo laguntzaren entitate onuradunaz bestelako eite publiko edo pribatuek ezarri dituzten helburu edo xede bereko antzeko edozein laguntza edo diru-laguntza lortzearekin.

52. artikulua.– Babesa.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen entitate onuradunek Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren babesa espresuki agerrarazi beharko dute horiek zabaldu, hedatu edo, hala badagokio, argitaratu behar diren jarduera subentzionatu guztietan. Europako Gizarte Funtsaren babesa ere agerrarazi beharko dute, prestakuntza-jarduerak zabaltzeko eta hedatzeko ekintzetan zein dagozkion bertaratze edo gaitasun ziurtagiriak emateko.

53. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta iraungitzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen edozein aldaketak, betiere haren helburua betetzat jotzen bada, eta, hala badagokio, Herri Administrazio honek edo besteren batek emandako diru-laguntzak eta laguntzak aldi berean lortzeak diru-laguntza emateko Ebazpenaren aldaketa ekarriko du. Horri begira, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak dagokion Likidazio Ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berriz egokituta, horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuz; pertsona eta entitate onuradunek sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.

2.– 13. artikuluaren 3. paragrafoaren a) idatz-zatian ezarritako kontratazio-konpromisoa biltzen duen prestakuntzaren kasuan, ezarritako gutxieneko kontratazio-konpromisoaren betetze partzialak Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak emandako diru-laguntza aldatzea ekarriko du, diru-laguntza proportzionalki gutxitzeko irizpideak onartuta, kontratazioaren emaitzen arabera. Eginiko kontratuak gehienez %20 direnean, emandako laguntza osorik itzultzea eskatuko da.

3.– Laguntza ekonomikoak haiek ematea eragin zuten baldintzak gertatzen ez direnean iraungiko dira, eta edozein kasutan ere hartarako eman zituzten epea betetzen denean.

54. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1. – Dekretu hau betetzeko baliabide ekonomikoak horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan edo aurrekontu-arloko Lege-mailako arauetan ezarritako dagozkion aurrekontu-kredituetatik etorriko dira. Aurrekontu-ekitaldi batean eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du esleipen hori edo dagokion eguneratzearen ondoriozkoa gaindituko, aurrekontu-aldaketak indarrean dagoen legeriaren arabera onartzen badira. Aldaketa horiek badaude, haietarako lehiaketa-prozedura erabiltzen den lerro subentzionagarrietako laguntzen ebazpenaren aldez aurretik egingo direla kontuan hartuta, zirkunstantzia horri publizitatea emango zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordearen ebazpenaren bidez.

2. – Laguntzak ematea ukatu egingo da adierazitako laguntzak hari egotzi behar zaizkion Aurrekontuak kreditu egoki eta nahikoa ez badu bere helbururako, Dekretu honen eta bere garapen-arauen eraginkortasuna etenda, laguntza berriak emateari dagokionez. Hori guzia dela-eta, Dekretu hau indarrean dagoen bitartean diru-laguntzak emateko esleituriko kreditua agortzen bada, eta Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordeak zirkunstantzia hau argitara emateko Administrazio-ebazpena emango da; bertan adieraziko da kreditu hori noiz agertu den, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta.

3. – Aurrekontu-ekitaldian ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin bildu ezin diren jarduera subentzionagarriei buruzko eskaerak badaude, ondorengo ekitaldiaren aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango zaizkie, eskaera berriro zertan aurkeztu gabe, betiere jarduera horiek laguntzak lortzeko Dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

55. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Dekretu honen xedeak betetzeko bermatu beharreko ikuskapen eta kontrol ekintzak egin ahal izango ditu.

56. artikulua.– Entitate onuradunen obligazioak.

Aplikagarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitako obligazioak aparte utzi gabe, baita Dekretu honen 7, 23, 39 eta 45.2 artikuluan berariaz ezarritakoak ere, ondokoak egin beharko dituzte laguntzen pertsona eta entitate onuradunek:

a) Subentzionaturiko jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gorabehera komunikatzea, eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailarekin lankidetzan aritzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

b) Horien destinoa eta aplikazioa harreman-garantien bidez bermatzea, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren Lehen Tituluan aurreikusitakoaren arabera; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako garantien eta itzulketen erregimen orokorra arautzen du Dekretu horrek, eta haren kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileen eskakizunak, erregimena eta obligazioak ezartzen ditu.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta finantza-kontroleko Europar Batasuneko erakundeek eskaturiko informazioa ematea, laguntzen destinoa fiskalizatzeko eginkizunak baliatuta.

d) Dekretu honen bidezko diru-laguntzaren xede diren ekintzak burutzean eginiko gastuak ikustea ahalbidetzen duen kontu-ikuskapeneko pista nahikoa bermatzea. Ondokoa egin beharko dute horretarako entitate onuradunek:

– diru-laguntza horrek eraginpean hartzen dituen mugimendu guztiak kontabilitatean idaztea, eta kontabilitate-material orokorrari eta merkataritza-legeria orokorrari dagokienez indarrean dagoen araudiarekin bat datorren kontabilitate-egozpena bermatzea.

– diru-laguntzak eraginpean hartzen dituen froga-balio baliokidea duten faktura edo kontabilitate-dokumentu guztietan Europako Gizarte Funtsaren lagunduriko finantzaketaren zigilua eta gastu hori hari lotuta dagoen prestakuntza edo orientazioko ekintzaren identifikazio zehatza agerraraztea.

– faktura edo dokumentu baliokide hauekin batera horien ordainagiria entregatzea.

– ekintzaren burutzapena, eragin zuen gastua eta dagozkion ordainketak gauzatzearen dokumentu bidezko egiaztapenerako baliagarria izan litekeen dokumentazio kuantitatibo eta kualitatibo guztia 13 urtez bere egoitzetan gordetzea.

e) Dekretu honek biltzen dituen laguntzetan babesturiko eskatzaileei emandako zerbitzu guztien doakotasuna bermatzea. Prestakuntza edo orientazioko ekintzetan parte hartzen dutenei ezin izango zaie ordainketarik eskatu matrikula-kontzeptupean, ezta itzultzeko bada ere.

f) Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela bermatzea, eta ildo horretan: parte-hartzaileei arau horren edukiaren edozein ekintzaren berri ematea; haien baimena lortzea euren datu pertsonalak Herri Administrazioari jakinarazteko Enplegu Politika Aktiboak kudeatzeari begira; beharrezkoak diren neurri teknikoak eta antolamendu-arlokoak hartzea datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta haiek aldatu, galdu, edo baimenik gabe baliatu edo tratatzea saihesteko, legez ezarritako norabideen arabera; eta lanbideko sekretua gordetzea tratamendu automatizatua izan dezaketen euskarri fisikoan erregistraturiko fitxategi automatizatuetan bilduriko datuei buruz, betiere haietaz prestakuntza-ekintzan jabetzen bada.

57. artikulua.– Zerga-obligazioak, Gizarte Segurantzarenak eta diru-laguntza publikoen arlokoenak betetzea.

1. – Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta ordaintzeko aukera entitate eskatzaileek euren zerga-obligazioak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak beteta dituztela egiaztatzearen menpe egongo da, betiere hartarako Ogasun eta Herri Administrazio Sailak xedatzen duenarekin bat etorrita.

2. – Era berean, laguntzak pertsona eta entitate onuradunei emateko aukera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo diru-laguntzen markoan hasi eta oraindik izapidean dauden itzultzeko eta zigortzeko edozein prozedura amaitzearen menpe egongo da.

58. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen entitate onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluaren kasuren bat biltzen badute, edo Dekretu honetan ezarritako edozein baldintza betetzen badute, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariak, dagokion Ebazpena tarteko, dagozkion diru-kopuruak jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako diru-kopuruak itzultzeko obligazioa, gehi diru-laguntza ordaindu zen unetik dagozkion legezko interesak, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki. Adierazitako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion lege-ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64.ean aurreikusitakoa izango da erantzukizunen erregimena.

59. artikulua.– Itzultzeko prozedura.

Ondokoa izango da aurreko artikuluan aurreikusitako kasuetan jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariak entitate interesatuari jakinaraziko dio prozeduraren hasiera eta hartarako arrazoiak, egokitzat jotzen dituen alegazioak formulatzeko 15 eguneko epea emanda. Prozedurari hasiera emateak egiteke dauden ordainketak etengo ditu, kasuak kasu.

b) Alegazioak jasota edo epea igaro eta formulatu ez badira, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren Ebazpenak amaituko du prozedura, eta sei hilabetekoa izango da ebazteko gehienezko epea.

Ebazpenak bete gabe daudela irizten badio, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzultzeko obligazioa, betiere bi hilabeteko gehienezko epean. Borondatezko denboralditzat hartuko da epe hori.

c) Borondatezko denboraldian ez itzuli izana Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio premiamendu-bideari ekin diezaion, hala badagokio, legezko araudi aplikagarriak xedaturikoaren arabera.

XEDAPEN GEHIAGARRIAK

Lehena.– Europako Gizarte Funtsaren aldi bereko finantzaketa.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko ebazpenean Europako Gizarte Funtsaren aldi bereko finantzaketa aipatuko da.

Bigarrena.– Ebaluazioa eta Jarraipena.

EGAILAN, S.A., Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Sozietate Publikoak maiatzaren 11ko 142/1993 Dekretuak ematen dizkion enplegu eta prestakuntza politikari buruzko eskumenak baliatuta, eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren eta EGAILAN, S.A.-ren Zuzendaritzaren arteko harremanak egituratzen dituen Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren 1994ko uztailaren 7ko Aginduarekin bat etorriz, Dekretu honetan subentzionaturiko ekintzen jarraipen eta ebaluazio jarduerak egin ahal izango ditu, haien eraginkortasuna zehazteko ekintza horiek hobetu eta, hala badagokio, bideratzearren.

Horri begira, Dekretu honetan aurreikusitako entitate edo pertsona onuradunak behartuta daude EGAILAN, S.A.-rekin lankidetzan aritzera adierazitako jarduerak baliatzeko.

Hirugarrena.– Ikastegi publikoak.

Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko organo eskudunaren adostasuna bilduko du haren menpeko Ikastegi Publikoek aurkezturiko eskaerei dagokienez.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Diru-laguntzetarako prozeduren erregimen iragankorra.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako diru-laguntzetarako prozedurek hasi zirenean indarrean zegoen arautegiari jarraituko diote.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ondoko Dekretuak baliogabetuko dira, baita Dekretu honen edukiaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere:

1.– 76/2000 Dekretua, maiatzaren 9koa, langabetuei lana lortzen laguntzeko Lanbide Orientazioko Zerbitzuek jaso ditzaketen laguntzak arautzen dituena.

2.– 304/2000 Dekretua, abenduaren 26koa, Txandakako Heziketa Praktiken egitaraua arautzen duena.

3.– 83/2000 Dekretua, maiatzaren 16koa, Lanerako Prestakuntza egitaraua arautzen duena, Europar Batzordeak onartzen dituen Enplegu eta Giza Baliabideen Batasuneko Ekimenen, eta batez ere Equal Batasuneko Ekimenaren, ondoriozko jarduerei dagokienez izan ezik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Arauzko garapena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburua gaituta dago Dekretu hau garatu eta burutzeko beharrezkoak diren xedapenak hartzeko.

Bigarrena.– Zenbatekoak eguneratzea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburua gaituta dago Dekretu honetan ezarritako laguntzen zenbatekoa eguneratzeko.

Hirugarrena.– Errekurtsoak.

Dekretu honen aurka Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1b) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean Dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

I.ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala