Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2002ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Agintariak eta Langileria

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4108

AGINDUA, 2002ko uztailaren 16koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena; honen bidez iragartzen da zein lekutan egongo diren, interesdunen eskura, 2001eko abenduaren 19ko Ebazpenez deitutako leku-aldatze lehiaketari dagozkion III. Eranskinak. Ebazpen horren xedea Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetan dauden lan-postu hutsak betetzea zen. Hori guztia, 2002ko ekainaren 3ko aginduaren bidez eskabideak aurkezteko epe berri bat irekitzearen ondorioa da.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren 2002ko ekainaren 3ko aginduz ireki zen eskabideak aurkezteko epe berri bat, 2001eko abenduaren 19ko Agindu bidez deitutako Justizia Administrazioko ofizialen, laguntzaileen eta agenteen kidegoetako leku-aldatze lehiaketarako.

Interesdunek III. Eranskinak kontsultatu ahal izan ditzaten, horietan agertzen baitira datu pertsonalak, baremazioak, eskatutako lan-postuak eta behin-behinean esleitutako lan-postuak, jakinarazten da Justizia Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren web orrietan egongo direla, www.mju.es www.justizia.net hurrenez hurren, Agindua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera.

Funtzionario interesdunek, alegia, 2002ko ekainaren 3ko Aginduz irekitako epe berriaren ondorioz izandako lehiaketan parte hartu zutenek, bost egun naturaleko epean (agindu hau argitaratzen den egunetik kontatzen hasita( adieraziko dituzte aipatutako III. Eranskinean dauden datuekiko desadostasunak. Horretarako, datu horien zuzenketa eskatu beharko dute IV. Eranskinaren bitartez (alegazioen eredua, 2001eko abenduaren 28ko EHAAn eta 2001eko abenduaren 29ko BOEn argitaratua). Horretaz gain, dagokion egiaztagiria eta bere egunean aurkeztutako eskabidearen fotokopia zigilatua aurkeztu beharko dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 71.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Alegazio eredua eta, halakorik balego, erantsitako agiriak, honela bidaliko dira:

• V-1 ereduko eskabidea aurkeztu duten funtzionariek fax bidez bidaliko dituzte erreklamazioak, lehiaketan parte-hartzeko eskabidea aurkeztu zuten leku berera. Leku hori Euskal Autonomia Erkidegoa bada, fax zenbakia honakoa izango da: 945-019152.

• V-2 eta V-3 ereduko eskabidea aurkeztu duten funtzionariek Justizia Ministeriora bidaliko dituzte erreklamazioak, honako fax zenbakien bitartez: 91-3904295, 91-3904296 eta 91-3902060.

Ezarritako epean erreklamaziorik aurkeztu ezean, hor agertzen diren datuak, baremazioa eta behin-behinean esleitutako lan-postua onartutzat joko dira.

Halaber, Justizia Ministerioko eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko web orrietan, esleitutako lan-postuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, informazio ondorioetarako.

Hutsik utzitako lan-postuen lehiaketa denez honako hau, behin-behinean esleitutako lan-postuak aldatu ahal izango dira behin-betiko ebazpenaren fasean, eskabideen baremazioan gerta litezkeen akatsen ondorioz. Edonola ere, behin-behinean esleitutako lan-postuengatik ez da inolako eskubiderik edo eskubide aurreikuspenik sortzen lehiaketaren behin-betiko ebazpenari begira.

Behin erreklamazioak aurkeztuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarien eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da behin-betiko ebazpena, eta irailera arte ez dira lan-postuak jabetzan hartuko.

Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzen denetik hilabete pasako balitz horri buruzko inolako ebazpenik eman gabe, errekurtsoa ezetsitzat joko da, eta lehen aipatutako moduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko uztailaren 16a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala