Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

33. zk., 2016ko otsailaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
737

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 20koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Mundukide fundazioaren estatutuetako 5. artikuluan (egoitza) egindako aldaketa onartu eta inskribatzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- 2015eko maiatzaren 19an, sarrera eman zitzaion Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistroan sozietatearen egoitzaren aldaketa inskribatzeko eskaerari, zeina Mundukide fundazioak sinatu baitu.

Eskabidearekin batera, estatutuak aldatzeko erabakiak publiko egiteko eskritura publikoaren kopia baimendua eta kopia soila aurkeztu ziren. Mundukide fundazioak egiletsi zuen eskritura hori, 2013ko urriaren 15ean, Arrasateko notario Iñigo Irache Varona jaunaren aurrean (protokolo zk.: 817).

Aipatutako eskritura publikoan ezartzen da patronatuak, 2013ko martxoaren 22an eginiko batzarrean, aho batez erabaki zuela fundazioaren egoitza lekuz aldatzea eta, ondorioz, fundazioaren estatutuen 5. artikulua aldatzea.

Bigarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua, eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa.

Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta honako arau hauetan aurreikusitako eskakizunak bete dira, batez ere: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduko 44. artikuluan, ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaz onartutakoan. Eta aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.- Mundukide Fundazioaren estatutuen 5. artikuluaren aldaketa onartzea.

Bigarrena.- Fundazioen estatutuen aipatutako aldaketa inskribatzeko agintzea agindu honen datarekin, eta sozietatearen egoitzaren aldaketa eta horren ondoriozko estatutuen aldaketa jasotzen dituen eskritura publikoarekin bat etorriz. Eskritura hori Fundazioak egiletsitakoa da, 2013ko urriaren 15ean, Arrasateko notario Iñigo Irache Varona jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 817).

Inskripzio horren ondorioz, fundazioaren egoitza hemen egongo da aurrerantzean: Zarugalde kalea 30, Arrasate (Gipuzkoa).

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 20a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala