Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

29. zk., 2016ko otsailaren 12a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
635

AGINDUA, 2016ko otsailaren 3koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez iragartzen baita arrantza-sektoreko partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak eta horiek kudeatzeko ardura duten Tokiko Ekintza Taldeak hautatzeko eta onartzeko deialdi publikoa.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1308/2013 (EE) Erregelamenduaren bidez ezartzen dira, batetik, Eskualde Garapeneko Europako Funtsei (EGEF), Europako Gizarte Funtsei (EGIF), Kohesio Funtsei, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsei (LGENF) eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsei (EIAF) buruzko xedapen komunak, eta, bestetik, Eskualde Garapeneko Europako Funtsei, Europako Gizarte Funtsei, Kohesio Funtsei eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsei buruzko xedapen orokorrak, eta indarrik gabe uzten da Kontseiluaren 1083/2006 Erregelamendua. Bada, 1308/2013 (EE) Erregelamenduaren 32. artikuluaren arabera, partaidetzazko toki-garapena LGNEF-ek sostengatuko du, zeina Leader tokiko garapen gisa izendatuko baita eta EGEF-ek, EGIF-ek edo EIAF-ek ere sostengatu ahal izango baitute.

Azpieskualdeko gune jakinetan zentratuko da partaidetzazko toki-garapen hori, tokiko ekintza taldeek gobernatuko dute, eta ongi integratutako toki-garapeneko estrategien eta sektore anitzeko estrategien eta guneetan oinarritu estrategien bidez gauzatuko da; tokiko beharrizanak eta potentziala aintzat hartuz diseinatuko da, eta alderdi berritzaileak barne hartuko ditu tokiko testuinguruan, baita sareak, eta, hala behar denean, lankidetza ezarri ere.

Halaber, partaidetzazko toki-garapenerako estrategiei buruzkoa da aipatu Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 33. artikulua, eta bertan adierazten da helburuok ze elementu izan behar duten gutxienez eta estatukideek definituko dituztela estrategia horiek hautatzeko irizpideak. Kudeaketa-agintaritza arduradunak horretarako sortutako batzorde batek hautatuko ditu estrategiak, eta agintaritza horiek berek onartuko dituzte. Tokiko ekintza taldeek kontzebituko eta praktikan ezarriko dituzte partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak; egin beharreko lanak aipatu erregelamenduaren 34. artikuluan ezartzen dira.

Bestalde, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko maiatzaren 15eko 508/2014 (EE) Erregelamenduaren 6. artikuluan ezartzen da zein diren Europako Batzordearen lehentasunak arrantza eta akuikulturako jardueren eta horiei lotutako jardueren garapen iraunkorrari dagokionez. Era berean, V. tituluaren III. kapitulua eskaintzen dio arrantza-guneen garapen jasangarriari, eta 58. artikuluan adierazten du Europako Itsas eta Arrantza Funtsak laguntza emango duela arrantza eta akuikulturako guneen garapen jasangarrirako, 1303/2013 Erregelamenduaren 32. artikuluan ezarritako partaidetzazko toki-garapenaren araberako planteamenduari jarraikiz.

Bestela esanda, partaidetzazko toki-garapena goranzko ikuspegi bat da, premisa honetan oinarritua: Europako arrantza-guneen aniztasuna dela eta, garapen-estrategiak eraginkorragoak dira baldin eta tokiko eragileek tokian berean diseinatzen, erabakitzen eta egiten badituzte, prozedura argi eta gardenek, dagokien administrazio publikoek eta praktika onen transferentziarako behar den laguntza teknikoak lagunduta. Ikuspegi berri honetan, argi dago prozesu hau gidatzeko trebatuak dauden tokiko eragileek parte hartu behar dutela eta garrantzitsua dela arrantza-komunitateen inplikazioa arrantza-guneen gobernantzan.

Ikuspegi berri honetan, parte-hartzeko prozesu honen lehen mugarria da «Arrantza Komunitatea aldaketan murgilduta» izeneko jardunaldia, 2013ko ekainaren 27an eta 28an iragan zena Jardunaldi hori izan zen tokiko eta sektoreko eragile nagusien topaketa: arrantzaleen kofradiak, elkarte merkaturatzaileak, arrantza-ontzien armadoreen elkarteak, arrantzako produktuen ekoizleen organizazioak, tokiko eta erkidegoko administrazioetako arduradunak eta teknikariak, unibertsitatea, teknologia-zentroak, eta abar. Gai hauei buruzko eztabaida izan zen: arrantza-guneen toki-garapenerako estrategiak, prozesu hau gidatzeko trebatuak dauden tokiko eragileen partaidetzaren beharra eta arrantza-komunitateen inplikazioaren garrantzia arrantza-guneen gobernantzan.

Honela, azpimarratu behar da arrantza-udalerrien lurralde-garapenerako estrategien 2014-2020 aldi berrirako diseinuan, elkarlanean aritzeko eta indarrak batzeko arrantza-komunitateak duen borondatea eta estrategia horiek era deszentralizatuan kudeatzeko beharrizana. Horretarako, arrantzako tokiko ekintza talde bat sortu behar da arrantza-guneetan eta arrantza-sektorean aberastasuna sortzeko tresna dinamizatzaile gisa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantza eta Akuikulturako 2014-2020 Plan Estrategikoak sartzen du arrantza-guneak garatzea estrategiak, proiektuak eta ekimenak garatzeko jarduera-esparru gisa, bai erauzketako arrantza-sektorearekiko arrantza-udalerriek duten mendekotasuna gutxitzera –sektore horren ehun sozioekonomikoaren dibertsifikazio-prozesu bati jarraituz– eta bai itsasoa eta arrantza baliabideekin zerikusia duten jarduerek eragindako sarrera osagarrietan oinarritutako arrantza-sektorearen dibertsifikazioa sustatzera zuzenduak. Ardatz hori izango da oinarria eta lanerako esparrua Euskal Autonomia Erkidegoko Arrantzako Tokiko Ekintza Taldearentzat (ATET). Hori guztia, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa aintzat hartuz.

Bestalde, 2015eko azaroaren 13ko 8118 (2105) C burutzapen-erabakiaren bidez, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren Programa Eragilea onartu zuen Europako Batzordeak. Programa honek barne hartzen du partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak aplikatzeari buruzko eta horiek eta estrategia horien sustatzaile diren Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeak hautatzeko prozedurari buruzko informazioa.

Deialdi honen bidez, baterako arrantza-politikaren ikuspegi berri horretara egokitu nahi du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, eta partaidetzazko toki-garapeneko prozesu hau bultzatu, toki- garapeneko estrategiak eta horiek kudeatzeko ardura duten arrantza-sektoreko tokiko ekintza taldeak hautatzeko prozesua irekiz.

Adierazitakoa kontuan hartuta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Xedea.

Agindu honen xedea da iragartzea partaidetzazko toki-garapenerako estrategiak onartzeko eta 2014-2020 programazio-aldian estrategia horiek kudeatzeko ardura duten arrantza-sektoreko tokiko ekintza taldeak hautatzeko deialdi publikoa, Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 (EE) Erregelamenduan babestua.

Bigarrena.– Aplikazio-eremua.

Arrantza eta Akuikulturako 2014-2020 Plan Estrategikoan bildutako Euskal Autonomia Erkidegoko kosta-guneetan aplikatuko da agindu hau, non jarduketa diruz lagungarriak egin beharko baitira agindu honen babesean onartzen diren planen esparruan.

Hirugarrena.– Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeak.

1.– Estrategiak aurkezteko eta hautatuak gertatzen diren estrategiak gauzatzeko erantzukizuna duten elkarteak izango dira Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeak.

2.– Estrategiak aurkezteko, agindu honen hurrengo artikuluan xedatutako betekizunak gutxienez bete beharko dituzte Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeek.

3.– Arrantza Sektoreko bi Tokiko Ekintza Talde hautatuko dira, gehienez.

4.– Egiteko hauek izango dituzte Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeek:

a) Tokiko eragileen gaitasuna eragitea eragiketak garatzea eta praktikan jartzea, baita proiektuak kudeatzeko gaitasunak sustatzea ere.

b) Eragiketak hautatzeko prozedura ez-diskriminatzaile eta garden bat eta irizpide objektiboak diseinatzea helburu hauetarako: interesen gatazka saihestea; bermatzea, hautaketa-erabakietan, agintaritza publikoak ez diren bazkideenak direla bozen % 50, gutxienez, eta hautaketa idatzizko prozeduraz egitea ahalbidetzea.

c) Eragiketak hautatzean, partaidetzazko toki-garapeneko estrategiarekiko duten koherentzia bermatzea; estrategia horren helburuak eta helmugak lortzeko eskaintzen duten laguntzaren araberako lehentasunak aintzat hartuta ordenatuko dira eragiketok.

d) Deialdiak edo proiektuen aurkezpen-prozedura jarraitua prestatuko dituzte, eta komunikabide egokietan argitaratuko, behar bezala zabal daitezen. Proiektuak hautatzeko irizpideak definitzea. Gobernu arteko erakundeari dagokio deialdiak onartzea eta argitaratzea komunikabide ofizialetan, EAEren eskumen esklusiboa baita.

e) Laguntza-eskabideak jaso eta ebaluatzea.

f) Eragiketak hautatzea, laguntzaren zenbatekoa proposatzea eta onartu aurretik diruz lagungarri den jakiteko azken egiaztatzea egiteko ardura duen gobernu arteko erakundeari proposamenak aurkeztea.

g) Abian jarritako partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren eta diruz lagundutako eragiketen jarraipena eta estrategia horri lotutako berariazko ebaluaziorako jarduerak egitea.

Laugarrena.– Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeen betekizunak eta betebeharrak.

1.– Estrategiak aurkezteko, betekizun hauek gutxienez bildu beharko dituzte Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeek:

a) Legez eratuak izatea edo irabazi-asmorik gabeko elkarte pribatu gisa eratzeko engaiamendu formala izatea, Elkartzeko Eskubidea Arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean, bestelako forma juridiko oro baztertuta, nortasun juridiko propioarekin eta bere kideekiko independentea izanik.

b) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak sortu eta aplikatzeko xedearekin eratuak izatea, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko maiatzaren 15eko 508/2014 (EE) Erregelamenduko baldintzekin.

c) Estatutuetako helburuen artean izatea arrantza-udalerrien partaidetzazko toki-garapena, eta estatutuetan bermatzea irabazi-asmorik gabeko erakundea dela.

d) Partaidetzazko Toki Garapeneko Estrategia bat (PTGE) proposatzea, eta frogatzea estrategia hori definitzeko eta gunean aplikatzeko gaitasuna dutela, partaidetza ikuspegiarekin, goranzkoa, sektore anitzekoa, interaktiboa, berritzailea, laguntzailea eta enplegu-sortzailea.

e) Gardenak izatea eginkizunak eta erantzukizunak esleitzean, eta, gainera, bermatzea agindutako lanak egiteko solaskideen gaitasun osoa, finantza-eginkizunak barne, eta baita funtzionamenduko eta erabakiak hartzeko mekanismoen eraginkortasuna ere.

f) Printzipio hauek bermatzea haren jarduerak: lankidetza, objektibotasuna, inpartzialtasuna, eraginkortasuna, efizientzia, gardentasuna, publizitatea eta lehia librea.

g) Tokiko interes sozioekonomiko publikoen eta pribatuen ordezkariek osatutako tokiko ekintza taldea izatea, eta ez arau nazionalen arabera definitutako agintaritza publikoek, ez bestelako interes-talde jakinek ez izatea erabaki-hartzeetan boto-eskubideen % 49ko ordezkaritza baino handigoa. Era berean, arrantza edo akuikultura sektoreen ordezkaritza esanguratsua bermatu beharko dute.

h) Irabazi-asmorik ez agertzea estatutuetan; nahiz eta merkataritzako jarduerak egin, jarduera horien ondoriozko irabazi guztiak erakundearen helburu ez-merkataritzakoak betetzeko inbertitzen dituzten erakundeak izango dira horiek.

2.– Betebehar hauek izango dituzte hautatutako Arrantza Sektoreko Partaidetzazko Toki Garapenerako Estrategien erantzukizuna duten Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeek:

a) Aplikazio-lurraldean gauzatzea onartutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategia.

b) Europako Erkidegoen Batzordeak eta Europako, Espainiako eta EAEko kontrol-organoek haien jarduna egiaztatu ahal dezaten erraztasunak ezartzea.

c) Kontabilitate beregaina eramatea onartutako estrategien esparruan garatutako ekintzetarako.

3.– Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeak, eurei aplikatzekoak diren arau autonomikoez gain, administrazio-, finantza- eta informazio-betebeharren eta Europako arauditik eratorritako egiaztatze- eta kontrol-betebeharren mende egongo dira, eta, bereziki, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko maiatzaren 15eko 508/2014 (EE) Erregelamenduaren mende.

Bosgarrena.– Partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak.

1.– Deialdi honen I. eranskinean bildutako elementuak izan beharko dituzte, gutxienez.

2.– Estrategiek arreta berezia ezarri beharko diote jarduera ekonomikoa eta enplegu-sorrera eragiten duten proiektuei, baita pertsona ekintzaile gazteek gidatutako proiektuei ere. Helburu hauek lortu nahi dira estrategien bidez:

a) Arrantzako produktuen balioa handitzea, enplegua sortzea, gazteak erakartzea eta berrikuntza sustatzea arrantzaren eta akuikulturaren produktuen hornidura-katearen fase guztietan.

b) Hauetan laguntzea: arrantza-sektorearen dibertsifikazioa merkataritza-arrantzako sektorean edo hortik kanpo, ikaskuntza iraunkorra eta arrantza- eta akuikultura-guneetan enplegua sortzea.

c) Tokiko ekonomiaren dibertsifikazioan laguntzea, lehentasunez arrantza eta itsasoa baliabideei atxikitako jarduera ekonomiko berrietarantz.

d) Arrantza-guneetako arrantza, akuikultura eta itsasoaren kultura-ondarea sustatzea.

e) Arrantza-komunitateen papera tokiko garapenean eta arrantza-baliabideen tokiko itsas-jardueren gobernantza indartzea.

3.– Gunearen eta biztanleriaren definizioa koherentea izan behar da komunitateak aplikatu nahi duen estrategiarekiko. Udalerri osoak edo udalerrien parteak izango dira jarduketa-guneak, jarduketa-guneak geografikoki zedarritu badaitezke, betiere.

Estrategiak estaltzen duen gunean, ez da izango 10.000 biztanle baino gutxiago, ez eta 150.000 baino gehiago ere. Gune zedarrituan bizi diren biztanleak zenbatu ahal izango dira estrategian. Baldin eta 150.000 biztanleko mugatik kanpo gelditzen den biztanleria badute hautatutako udalerriek, arrantza-portua bakarrik sartu ahal izango da arrantza-sektorearen ekimenezko proiektuak gauzatzeko gune hautagarri gisa.

4.– Koherenteak, dagokien gunean aplikatzen diren esku-hartzeekiko osagarriak izango dira, izaera osoa eta transferigarria izango dute, eta potentzial endogenoaren aprobetxamenduan oinarrituko dira. Estrategiak arrantza-sektorean zentratu ahal izango dira, edo zabalagoak izan eta arrantza-guneen dibertsifikaziora bideratu. Estrategiak ez dira mugatuko eragiketen taldekatze soilera edo sektoreko neurriak elkarren ondoan jartzera.

Seigarrena.– Eskabideak eta epea.

1.– Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari helaraziko zaizkio toki-garapenerako estrategiak hautatzeko eskabideak, eta zuzenean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 3. solairua, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako edozein bide erabiliz.

2.– Eskabidearekin batera, hauek aurkeztu beharko dira: entitatearen behin-behineko edo behin betiko Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia konpultsatua, ordezkariaren NAren fotokopia konpultsatua eta toki-garapeneko estrategia, zeinen edukia agindu honen I. eranskinera doituko baita.

3.– Automatikoki, berariazko baimenik gabe, egiaztatuko du organo kudeatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean daudela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

4.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilekoa izango da, agindu honek eragina duen egunetik aurrera.

Zazpigarrena.– Hautaketa-prozedura.

1.– Prozedura garden, ireki eta zehatz baten bidez hautatuko dira estrategiak eta estrategia horiek kudeatzeko ardura duten Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeak, eta hautaketa-batzorde batek burutuko du prozedura hori. Honela osatuko da batzorde hori:

– Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria; lehendakaria izango da.

– Arrantza Egituren Zerbitzuaren arduraduna.

– Aipatu zuzendaritzako teknikari mailako pertsona bat; idazkaria izango da.

2.– Hautaketa-prozesuan, irizpide hauen arabera egingo da balorazioa:

a) Gunearen eta biztanleriaren definizioaren koherentzia taldeak aplikatu nahi duen estrategiarekiko. Koherentzia agirian justifikatu behar da. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

b) AMIA analisien kalitatea: eskualdearen berezitasunetan zentratu beharko da indarrak, ahuleziak, aukerak eta mehatxuak, identifikatzea. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

c) Beharrizanen diagnostikoaren kalitatea eta koherentzia: AMIA analisietan oinarrituko dira gunearen garapeneko beharrizan nagusiak eta potentziala. 4 puntu, gehienez, eta % 10eko haztapena.

d) Estrategiaren helburuekiko kalitatea eta koherentzia. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

e) Ekintza-planaren kalitatea eta koherentzia: ekintza-planak frogatu behar du helburuak nola bilakatzen diren ekintza. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

f) Ikusgaitasun-plan bat egotea eta haren kalitatea. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

g) Finantza-planaren kalitatea eta koherentzia. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

h) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategien sustatzaile diren eta lurraldean existitzen diren beste tokiko talde batzuekin lankidetza-, koordinazio- eta osagarritasun-plan bat egotea eta haren kalitatea, EIAF-en edo bestelako funts estrukturalen esparruan hartuak. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

i) Arrantza-sektoreko toki-garapeneko estrategiak lantzen eta gauzatzen parte hartzea. Horretarako baloratuko da taldean egotea arrantzako edo akuikulturako produktuen ekoizleen erakundeak, eta arrantza- edo akuikultura-jardueretako ekoizpen-kateetako eragileak ordezkatzen dituzten elkarteak, arrantza-sektoreko erauzketa-sektorea, sektore transformatzailea eta sektore merkaturatzailea. 4 puntu, gehienez, eta % 15eko haztapena.

j) Taldearen eragiketa-gaitasuna proposatutako estrategia betetzeko: dauden giza baliabideak eta teknikoak; eta PTGE kudeatzeko eta ebaluatzeko haien mekanismoak definitzea. 4 puntu, gehienez, eta % 15eko haztapena.

k) Emakumeen parte-hartzea arrantza-guneen garapen jasangarrian: arrantza-jarduerari lotutako emakume-taldeek taldean parte hartzea baloratuko da, saregileak, neskatilak eta enpaketatzaileak, kasu. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

l) Arrantza-udalerri gehien duten eta, 3. artikuluan ezarritako mugekin bat, ahalik eta biztanle gehien estaltzen duten guneei aplika dakizkiekeen partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak aurkeztea baloratuko da. 4 puntu, gehienez, eta % 15eko haztapena.

m) Enpleguaren gaineko eragina, emakume eta gazteentzako aukera berriak sortzeari arreta berezia ezarriz. 4 puntu, gehienez, eta % 5eko haztapena.

3.– Aurkeztutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategietatik abiatuz, hobekien baloratutako proposamenak hautatuko dira. Hautaketa-irizpide bakoitza 0 puntutik 4ra bitartean baloratuko da. Era berean, haztapen jakin bat ezarriko zaie hautaketa-irizpideei. Hautaketa-prozesua gainditzeko, irizpide bakoitzean puntu bat gutxienez lortu beharko du partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak, eta, orotara, 26 puntu, gutxienez.

4.– Hautatutako arrantza sektoreko Herri ekimeneko taldeek ahalik eta lurralderik eta biztanleriarik gehiena hartzea saiatu beharko dute. Kanpo geldituko dira lurralde bereko arrantza-sektoreko tokiko ekintza talde baten edo gehiagoren jarduketen gainjartzea eragiten duten estrategiak. Kasu horretan, balorazio-fasean puntu gehien lortu duen proposamena gailenduko da.

5.– Agindu hau argitaratu eta sei hileko gehieneko epean emango eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori igarota, berariazko ebazpenik ez badago, eskabideak ukatu direla ulertu beharko dute erakunde interesdunek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan xedaturikoarekin bat. Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

6.– Ondoren, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Arrantza Sektoreko Tokiko Ekintza Taldeen arteko hitzarmenak sinatuko dira, zortzigarren artikuluan xedatutakoaren arabera.

7.– Hautatutako taldeak, agindu honetan ezarritakoaren arabera, erakunde laguntzaile izendatu ahal izango dira, baina hauek bete beharko dituzte horretarako: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren 52.2 artikuluaren a) hizkitik d) hizkira bitartean ezarritako betebeharren oinarrizko erregimena (1/1997 Legegintzako Errege Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren hirugarren titulua (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko betekizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dituena).

Zortzigarrena.– Kudeaketa-prozedura eta lankidetza-hitzarmenak.

1.– Taldeek kudeaketa-prozedura bat izango dute, zeina eskabidearekin aurkeztu beharreko partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren edukiaren parte izango baita. Kudeaketa-prozedura hori II. eranskinean agertzen diren arau orokorretara doitu beharko da.

2.– Tokiko Ekintza Taldeek eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren helburu izango da Tokiko Ekintza Taldeek kudeatzea estrategiak, III. eranskinean ezarritako ereduaren arabera. Hitzarmen horiek bilduko dute Tokiko Ekintza Taldeek kudeatzea aipatu partaidetzazko toki-garapeneko estrategiak, eta, era berean, laguntzen kudeaketa-, kontrol- eta jarraipen-arauak, finantzazioa eta dagozkien erantzukizunak ezarriko dituzte.

Bederatzigarrena.– Errekurtsoa.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari ahalmena ematen zaio agindu hau gauzatzeko eta garatzeko egoki iritzitako xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 3a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

I. ERANSKINA
PARTAIDETZAZKO TOKI-GARAPENEKO ESTRATEGIAREN EGITURA ETA EDUKIA
TOKIKO EKINTZA TALDEA

Estrategiaren talde sustatzaileari buruzko datuak.

A) Taldearen identifikazioa.

1.– Taldearen izena.

2.– Sozietatearen egoitza. Telefonoa. Faxa. Helbide elektronikoa.

3.– Elkartearen behin-behineko edo behin betiko IFZ.

4.– Eratze-akta eta estatutuen akta, behar bezala erregistratuak, edo, hala dagokionean, Elkarteen erregistroan alta emateko eskabidea.

5.– Erakundearen legezko ordezkariaren izendapena edo, hala dagokionean, ahalduntze-eskritura.

6.– Taldea osatzen duten erakundeen osoko erabakiak, zeinetan taldeari atxikitzeko baimena ematen baita.

7.– Egiaztagiria, partaidetzazko toki-garapeneko estrategia aurkezteko eta EIAF-en 4. lehentasunaren esparruan aplikatzeko erantzukizuna hartzeko erabakiari buruz, aipatu erakundearen dagokion ordezkaritza-organoak hartutako erabakiarena. Arrantza-guneetako Tokiko Ekintza Taldea izatea eskatzen duen erakundean idazkari-lanak egingo dituen pertsonak emango du egiaztagiri hori.

B) Taldearen osaera.

1.– Kide diren pertsonen zerrenda.

2.– Taldean sartutako erakunde publikoak eta pribatuak.

3.– Kide diren pertsonen betekizun, eskubide eta betebeharrak.

4.– Taldearen funtzionamenduaren organo arduradunak.

5.– Lurralde-ezarpena eta kide diren pertsonen ordezkaritza.

6.– Taldearen organo errektorearen jatorrizko akordioa edo haren fotokopia konpultsatua, non ordezkariari baimena ematen baitzaio eskabidea formulatzeko.

C) Estrategiaren kudeaketa- eta jarraipen-xedapenen deskribapena, non frogatzen baita tokiko ekintza taldeak eragiketa-gaitasuna baduela estrategia hori praktikan ezartzeko; informazio hau ere jasoko du:

1.– Dauden giza baliabideen eta baliabide teknikoen deskripzioa.

2.– Haren kudeaketa-mekanismoen definizioa, hauek bereziki:

a) Taldeak bere gain hartzen dituen funtzioen eta erantzukizunen deskripzioa.

b) Antolaketa-egitura, dituen teknikariak eta administrariak, lanen eta egitekoen banaketa, izendatutako pertsonen kopurua eta dedikazio-portzentaia, Taldean inplikatutako erakundeen artean.

c) Berariazko xedapenak ebaluatzeari begira, funtzionatzen duena eta funtzionatzen ez duena ezberdintzeko tresna bat lortzeari eta estrategia aldatzen diren egoeren arabera doitzeari begira.

TOKIKO GARAPENEKO ESTRATEGIA

A) Gunea eta biztanleria definitzea: agindu honen bosgarren artikuluan xedatutakoaren arabera definitu beharko dira estrategiaren xede diren gunea eta biztanleria. Gunearen eta bere ezaugarri bereizle nagusien deskripzio bat barne hartuko du, eta planteatzen den estrategia aplikatzeko gunearen hautaketa justifikatuko da. Arrantza- eta kosta-guneak definitzean, irizpide hauek erabili ahal izango dira:

1.– Ikuspegi fisikotik:

a) Lurraldearen izaera, ahal dela kostako udalerri txikiak, non arrantza-jarduera baitago;

b) Homogeneotasun geografikoa, funtzionala eta arrantza-tipologiaren araberako, kasuaren arabera.

2.– Ekonomiaren ikuspegitik:

a) Arrantza-jardueraren gainbehera, flota eta itsaski-bilketaren gutxitzearen, harrapaketa edo salmenten beherakadaren edo itsasoko langileen langabezia-tasaren emendatzearen arabera neurtua;

b) Sektoreak gunean duen garrantzia ekonomikoa, sektoreko balio erantsi gordinaren arabera neurtua, guneko enplegua, edo sektoreak duen pisua, okupatutako biztanleriari dagokionez;

c) Estrategia martxan jartzeko kostu-aukera:

1) Eragile publiko eta pribatuen inplikazio ekonomikoa estrategia garatzean;

2) Merkatu potentzialak existitzea, udalerriaren errealitatea dela eta, esaterako, turismoaren presioagatik;

3) Arrantza-sektoreak gunean duen presentzia. Ekoizleen erakundeak, arrantzaleen kofradiak eta abar existitzea.

3.– Ikuspegi sozialetik:

a) Biztanleriaren dentsitatea;

b) Zahartze-indizea;

c) Errotze historikoa;

d) Arrantza-sektoreak gunean duen presentzia. Ekoizleen erakundeak, arrantzaleen kofradiak eta abar existitzea.

e) Biztanleriaren garapena: biztanleriaren aldaketak aldi jakin batean;

f) Arrantza-sektorearen pisua: arrantza-sektorean okupatutako biztanleria orotara okupatutako biztanleriarekiko.

B) Indarguneen, ahulguneen, aukeren eta mehatxuen AMIA analisia, hautatutako gunearen ezaugarrietan eta berezitasunetan zentratua.

C) Gunearen garapeneko beharrizan nagusien diagnostikoa eta potentziala, AMIA analisietan oinarrituak.

D) Estrategiaren eta haren helburu nagusien deskribapena. Espezifikoak izango dira helburu horiek, kuantitatiboki edo kualitatiboki neurgarriak, eta denbora-esparru jakin batean lorgarriak. Halaber, helburuen hierarkia bat aurkeztu beharko da.

E) Finantza-plan bat berariazko helburuak betetzera bideratuko diren funtsen esleipen adierazgarriarekin, zeinak bideratuko baitira PTGE-n definitutako berariazko helburuak edo ekintza-kategoria nagusiak gauzatzera.

Finantza-planak jasoko du egingo diren gastuen gutxi gorabeherakoa, honela xehakatuta: estrategia aplikatzeko gastuak, lankidetza-kostuak eta ustiaketa- eta animazio-kostuak.

Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzarekin kontsultatu ondoren, finantza-plana egoera aldakorretara doitzea ahalbidetzen duten jarraipen- eta ebaluazio-xedapenak ere jasoko ditu.

F) Ekintza-plan bat, zeinak barne hartuko baitu, PTGE-n zehaztutako helburuak lortzea ahalbidetuko duten ekintzak bistaratzeko, elementu hauei buruzko informazioa:

1.– Gauzatzeko ekintza-motak.

2.– Horiek gauzatzearen arduraduna.

3.– Ekintzak gauzatzeko kronograma eta denbora-sekuentzia, eta ordena (adb. prestakuntza ekintza abian jarri aurretik).

4.– Ekintzen gutxi gorabeherako kostua.

G) Ikusgarritasun-plana. Haren xedea izango da publiko egitea EBren esku-hartzea, PTGE-ren alderdi esanguratsuenak, ekintza-plana, egutegia eta finantzazioa eta estrategia gauzatzeko prozedurak. Komunitateak, oro har, PTGE-rekiko duen parte-hartzearen eta konpromisoaren mantenua bermatzeko tresna gisa erabili ahal izango da plan hau.

H) Lurraldean existitzen diren beste Tokiko Taldeekiko lankidetza-, koordinazio- eta osagarritasun-plana: Taldeak guneko beste erakundeekin eta ekimenekin (beste PTGE batzuk aplikatzeko ardura duten Leader taldeak edo EIAF-en gainerako lehentasunen kudeaketa-agintaritzak) nola lan egingo duen deskribatzea, bermatzeko aipatu eskumenen osagarritasuna eta zedarritzea errespetatzen direla praktikan.

I) Estrategiaren garapenean komunitateak izandako parte-hartze prozesuaren deskripzio bat, komeni da agiri batean jasota uztea PTGE prestatzean Taldea osatzen duten erakundeek izandako parte-hartzea.

J) Estrategiaren ezaugarri integratu eta berritzaileen deskripzio bat.

PTGE prestatzeko, aholkatzen da «Orientaciones sobre desarrollo local a cargo de las comunidades locales para los agentes locales» argitalpena kontsultatzea. Orri honetan aurki daiteke:

http://ec.europa.eu/regional_policy/es/information/publications/guidelines/2014/guidance-on-community-led-local-development-for-local-actors

II. ERANSKINA
TOKIKO EKINTZA TALDEAK KUDEATZEKO PROZEDURARI BURUZKO ARAU OROKORRAK

1.– Laguntzen deialdia egin eta gero, Tokiko Ekintza Taldeak eskabideak eta eskatutako dokumentazioa aztertuko ditu, egiaztatzeko behar den informazioa jasotzen duten eta diruz lagunduko diren neurrien izaerarekin bat datozen. Alderdi horiek egiaztatuta, diru-laguntzetarako batzorde bat eratuko da, zeinetan ordezkaritza izango baitute Tokiko Ekintza Taldeak eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak; batzorde horrek zehaztuko du proiektuak diruz lagun daitezkeen ala ez. Bi hileko epean emango da diru-laguntzetarako irizpen hori, eta, epe hori igarota, aldekotzat joko da.

2.– Aldeko irizpena eman eta gero, txosten tekniko-ekonomiko bat egingo du Tokiko Ekintza Taldeak, eta laguntzarako ebazpen-proposamen bat aurkeztuko dio Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari. Lehiaketa bidez esleituko dira agindu honetan araututako laguntzak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 51.4 artikuluan ezartzen denez.

3.– Tokiko Ekintza Taldearen proposamena ikusirik eta akta egin eta gero, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, eskabideak eta eskatutako agiriak aztertuta, eskabideak ebatziko eta jakinaraziko ditu. Ebazpen-proposamenarekin bat ez datorren erabakia hartzen badu (proposamen hori ez baita loteslea izango), arrazoiak azalduko ditu.

4.– Halaber, Tokiko Ekintza Taldeak egingo du diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena. Horretarako, behar adina ikuskapen egin ahal izango du egiaztatzeko behar bezala gauzatzen direla diruz lagundutako proiektuak; beraz, eskatzen zaien agiri eta informazio oro eman beharko dute onuradunek.

5.– Diruz lagundutako jardueraren inbertsioak edo gastuak egin ondoren, horren berri eman beharko dio pertsona onuradunak Taldeari, zeinak informazio hori egiaztatu eta lehen aipatu zuzendaritzari bidaliko baitio. Zuzendaritza horrek, berriz, egiaztatuko du hobekuntza edo jarduera burutu dela eta gastua egin dela, bai materialki, bai dokumentuei dagokienez ere.

Egiaztatze materialaren bidez ziurtatuko da dena delako ondasun-objektua benetan badagoela, balioztaturiko proiektu edo memoriari egokitzen zaiola, haren erabilgarritasuna eta funtzionamendua, dokumentuetako justifikazioarekin bat datorrela, eta diru-laguntza jaso duten inbertsio edo gastuen arabera beharrezkoak diren beste egiaztapenak.

6.– Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari dagokio, ordainketa egin baino lehen, diruz lagundutako proiektuak gauzatzen direla ikuskatu eta egiaztatzea, baita diru-laguntza ordaintzea eta Tokiko Ekintza Taldeari eskatu gabeko edo indarreko araudiaren arabera berari dagozkion bestelako jarduketa batzuk ere.

7.– Partaidetzazko toki-garapeneko estrategia behar bezala zabaldu beharko dute Tokiko Ekintza Taldeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eremuko biztanleen artean, baita, laguntzak emateko, erregimen honetan jasotako arauak ere.

8.– Tokiko Ekintza Taldea osatzen duten toki-entitateak eta elkarteek, ordezkaritza izaera dutenak, estrategiaren helburuak pertsona onuradun potentzialei ezagutarazteko behar den informazioa sartuko dute haien iragarki-oholetan eta argitalpenetan.

9.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak behar diren jarraibideak emango ditu Tokiko Ekintza Taldeek eta proiektuen sustatzaileek aplika dezaten Europako Itsas eta Arrantza Funtsari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko maiatzaren 15eko 508/2014 (EE) Erregelamenduan xedatua, informazio- eta publizitate-jarduerei buruzkoa, funts estrukturalen esku-hartzeei dagokienez.

III. ERANSKINA

HITZARMENA, EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILAREN ETA «........................» TOKIKO EKINTZA TALDEAREN ARTEKOA, PARTAIDETZAZKO TOKI-GARAPENEKO ESTRATEGIA APLIKATZEKO

............., .........ko .........ren .........a.

Batetik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila,....................................................-k ordezkaturik, berau izendatzeko......................................... Dekretuaren indarrez eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen............... artikuluak ematen dizkion eskumenak erabiliz.

Bestetik, «..........................................................................» Tokiko Ekintza Taldea (egoitzaren helbidea:....................................................., eta identifikazio fiskaleko kodea:...............................),.................................. bere presidenteak ordezkaturik,.....................................eko erabakiaren bidez izendatua eta........................................ erabakiaren bidez hitzarmen hau sinatzeko ahaldundua.

Bi aldeek aitortzen diote elkarri hitzarmen hau sinatzeko legezko gaitasuna, eta hau

ADIERAZTEN DUTE

Lehenengoa.– Hitzarmen honen xedea da partaidetzazko toki-garapeneko estrategia aplikatzea aurrerago zehazten den jarduketa-gunean, Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 2014-2020 Programa Eragilearen arabera (aurrerantzean EIAF 2014-2020 PE), Europako Batzordeak onartua 2015eko azaroaren 13ko burutzapen-erabakiaren bidez.

Bigarrena.– Maiatzaren 15eko 508/2014 (EE) Erregelamenduaren V. tituluaren III. kapituluan eta Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 2014-2020 Programa Eragilean xedaturikoa aplikatuz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak arautu nahi du partaidetzazko toki-garapena Euskal Autonomia Erkidegoan.

Hirugarrena.– ..........................ko Aginduan iragarritako hautaketa-prozeduraren bidez, partaidetzazko toki-garapeneko estrategia bat aurkeztu zuen «................................................» Tokiko Ekintza Taldeak; estrategia hori Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren............eko..............ren.................ko Ebazpenaren bidez hautatua izan zen (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria,............ zk.).

Laugarrena.– EIAF 2014-2020 PE-n eta aurreko puntuan adierazitako deialdiaren xedapenean aurreikusitakoaren arabera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Tokiko Ekintza Taldearen arteko harremana erregulatzeko arauak ezarri behar dira, hitzarmen bidez, Europako Erkidegoen Batzordeak eta Autonomia Erkidegoak –aipatu sailaren bidez–, eta, zehazki, hautatutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategia gauzatzeko, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak emandako laguntzen erabilera, jarraipena eta kontrolari dagokionez.

Adierazitakoaren arabera eta haien eskumenak baliatuz, bildutako alderdiek erabaki dute hitzarmen hau gauzatzea, hona hemen edukiaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea da Tokiko Ekintza Taldeak Euskal Autonomia Erkidegoan partaidetzazko toki-garapeneko estrategia kudeatzeko arauak ezartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko EIAF 2014-2020 PE-ren esparruan, Batzordearen 2015eko azaroaren 13ko C(2015) 8118 Erabakiaren bidez onartua.

Bigarrena.– Finantza-zuzkidurak.

1.– Europako funtsen eta Administrazioaren finantza-ekarpena, ekarpen pribatuarekin batera, izango da estrategiaren kostu osoa; hasieran,....................... euroan zenbatetsia. Kostu osoa, neurri, finantza-eragile eta urteka zehaztua, hitzarmen honen I. eranskineko finantza-koadroetan jasotzen da.

Halaber, Tokiko Ekintza Taldeak finantza-koadroak sartu ditu bere estrategian.

2.– 2015–2020 programazio-aldi osorako,......................... euro izango da bai Eusko Jaurlaritzaren finantza-ekarpena, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Legeak urtero zehazten duen aurrekontu-zuzkiduraren kargura, bai EIAF-en finantza-ekarpena, Erakunde Ordaintzailearen bidez.

Finantza-ekarpen guztiak gauzatzeko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailekoak zein EIAF-ekoak, aurretik laguntzak arautu beharko dira, eta, hala dagokionean, urteko deialdiak egin.

Hirugarrena.– Eremu geografikoa eta ekimenaren xedea.

1.– Bertan adieraziko da Tokiko Ekintza Taldeak ze jarduketa-gunetan aplikatuko duen hautatutako estrategia. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak baimendu beharko du eremu geografiko horretako aldaketa oro, eta hitzarmen honen klausula aldatzaile bat egingo da.

2.– Estrategiaren helburua izango da gune horretan barne hartutako garapenean laguntzea, estrategian adierazitako jarduketak aplikatuz partaidetzazko toki-garapenaren esparruan; eskematikoki, aipatu I. eranskina osatzen duten finantza-koadroetan zerrendatzen dira.

Laugarrena.– Jarduketa-printzipioak.

1.– Europako Itsas Funtsari buruzko maiatzaren 15eko 508/2014 (EE) Erregelamenduan oinarritutako lankidetza-formula batean oinarritua dagoenez Tokiko Ekintza Taldea, bertan ezarritakoak zuzenduko du haren jarduketa, eta, aurreikusi gabekoetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean Erakunde Laguntzaileentzako ezarritakoari atxikiko zaio.

2.– Estrategiaren helburuak betetzeko eta kudeatzen dituen funtsen publikotasuna dela-eta, lankidetza-, objektibotasun-, inpartzialtasun-, eraginkortasun-, efizientzia-, gardentasun-, publizitate eta lehia-printzipioak bermatu behar ditu Tokiko Ekintza Taldearen jarduketak; inguruabar hauek zehazten dituzte kontzeptuok, besteak beste:

a) Lankidetza, herritarrekin, oro har, eta lurraldeko erakunde publiko edo pribatuekin, Tokiko Ekintza Taldean partaide izan zein ez, baita gainontzeko Tokiko Ekintza Taldeekin ere.

b) Objektibotasuna edo diskrezionaltasun-automugaketa, aurretik kudeaketa-prozedurak eta proiektuen balorazio-irizpideak ezarriz, eta emateko edo ukatzeko ebazpena behar bezala arrazoituz.

c) Inpartzialtasuna, erabaki-organoaren parte diren pertsonek ezin dute proiektuen eztabaidetan eta bozketetan parte hartu, baldin eta horietan interes zuzena edo zeharkakoa badute, titulartasun-arrazoiak, ekonomikoak edo sozietarioak, odol-, ezkontza- edo adopzio-ahaidetasunezko hirugarren gradu zibilera arteko senidetasun-arrazoiak, adiskidetasun handia edo ageriko etsaitasuna.

d) Eraginkortasuna, eskualdeko programaren helburuak zuzenean lortzera bideratu behar dira akordioak, erabakiak kuantifikatuz eta ondorio posibleak aztertuz.

e) Efizientzia, kostu txikienarekin onura sozial handiena lortzen duena, bereziki, emakume gazteen artean, edo ingurumena gehiago babestea, errendimendu, inbertsioen erabilera eta funtzionamendu-gastuen arteko gehieneko proportzioa lortzeko.

f) Gardentasuna, ez egotea ezkutuko akordiorik eta nahitaezko kontabilitateaz bestelakorik: uneoro eguneratutako kontabilitate-sistema; espediente osoak; erabaki-organoaren ordezkaritzan diharduen ordezkariaren sinadura, laguntzaren jasotzaile edo onuradun dena, aldi berean.

g) Proiektuen balorazio-irizpideen publizitatea. Halaber, azken onuradunek behar bezala zabalduko dute lagundutako proiektua, plaka edo kartel egokien bitartez.

h) Lehia, deialditik beretik datozen mugekin bakarrik, bai laguntza emateko zein Tokiko Ekintza Taldeak giza baliabideak edo baliabide materialak kontratatzeko, salbu egunero kopuru txikian erabiltzekoak, zeinak behar baitira beren ekipo teknikoak eta gerentziazkoak eratzeko, horien funtzionamendurako eta azterketa edo laguntza tekniko orotarako.

Horretarako, agiriak, deialdiak edo iragarkiak haien iragarki-oholetan kokatzea eta horien argitalpenetan sartzea ahalbidetuko dute Tokiko Ekintza Taldeak nola toki-erakundeek, enpresa- edo sindikatu-elkarteek eta talde horien parte diren ordezkari izaerako bestelako erakundeek, printzipio hauek betetzen direla bermatzeko.

Bosgarrena.– Jarduketak gauzatzea.

Horiek gauzatzeko, Tokiko Ekintza Taldea doitu beharko zaio bai hautatutako partaidetzazko toki-garapeneko estrategiari, eta bai Europako Itsas eta Arrantza Funtsaren 2014-2020 PE-ri, finantza-aurreikuspenei eta aplikatzekoa den Europako, Erkidegoko eta tokiko araudiari.

Seigarrena.– Kudeaketa-gastuak eta funtzionamendua.

1.– Hauek barne hartuko ditu partaidetzazko toki-garapeneko EIAF Funtsen laguntzak:

a) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategia praktikan ezartzeko kudeaketari lotutako ustiaketa-kostuak: funtzionamendu-kostuak, langile-kostuak, prestakuntza-kostuak, harreman publikoei lotutako kostuak, finantza-kostuak, eta 34. artikuluaren 3 atalaren g) idatzi-zatian aipatu estrategiaren gainbegiraketari eta ebaluazioari buruzko kostuak;

b) Partaidetzazko toki-garapeneko estrategia animatzea alderdi interesdunen arteko trukea errazteko helburuarekin, informazioa eman eta estrategia sustatzeko eta onuradun potentzialei laguntzeko eragiketak garatu eta eskabideak prestatzeko.

2.– 1. atalean aipatu ustiaketa- eta animazio-kostuetarako laguntzak ez du gaindituko partaidetzazko toki-garapeneko estrategian egingo den gastu publiko osoaren % 25.

EIAF 2014-2020 PE-ren programazio-aldiko urtealdi bakoitza diruz laguntzera bideratutako zenbatekoaren ondoriozkoa izango da Tokiko Ekintza Taldeak funtziona dezan bideratutako % 25eko gehieneko muga, hitzarmen honen I. eranskineko finantza-planean ezarritakoaren arabera.

3.– Horrela, urte bakoitzeko lehenengo hiru hileetan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Tokiko Ekintza Taldeari ordainduko dio urte bakoitzerako Taldearen funtzionamendu-gastu gisa I. eranskinean jasotako finantza-planean programatutako % 25eko aurrerapena.

Aurreikusitako ekintzak burutu direla justifikatu eta gero ordainduko da gainontzekoa. Esandakoa frogatzeko, jatorrizko agiriak edo gastua benetan egin dela egiaztatzeko moduko fakturak edo ordainagiriak aurkeztuko dira. Entitate onuradunaren izenean jaulki beharko dira faktura eta egiaztagiri guztiak.

Zazpigarrena.– Proiektuen pertsona titularrei, azken hartzaileei edo sustatzaileei laguntzak ematea.

1.– Tokiko Ekintza Taldeak proposatuko ditu proiektuak, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak emango dizkie proiektu horien pertsona titularrei onartutako estrategiari dagozkion laguntzak, partaidetzazko toki-garapeneko laguntzen araudian xedatutakoaren arabera.

2.– Horretarako ezarritako eskabide-ereduak eta txosten tekniko-ekonomikoko ereduak erabili beharko lirateke proiektuen pertsona titularrei laguntzak emateko prozeduran.

3.– Finantza-funtsen zuzkidurak, Europakoak zein Erkidegokoak, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak gehienez aitor ditzakeen betebeharrak dira, beraz, izaera mugatzailea eta loteslea dute, hargatik eragotzi gabe finantza-plana aldatu ahal izatea.

4.– Data hauen arabera emango zaizkie laguntzak proiektuen pertsona titularrei:

a) Eskabideak onartzeko hasierako eguna: laguntzen urteko deialdiarena, hargatik eragotzi gabe lehenago aurkezten direnak.

b) Eskabideak onartzeko azken eguna: urteko deialdian, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak agindu bidez ezartzen duena.

c) Sustatzaileek inbertsioak edo gastu diruz lagungarriak egiten hasteko eguna: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak agindu bidez ezarria urteroko deialdian.

d) Sustatzaileek haien hornitzaileei inbertsio edo gastu diruz lagungarriak ordaintzeko azken eguna: Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren ebazpenaren bidez ezarria.

Edonola ere, egun hauek aldatu ahal izango dira laguntzaren deialdian urtero ezartzen diren xedapenen arabera.

5.– Laguntzak emateko, proiektua diruz lagundu daitekeela egiaztatuko du Tokiko Ekintza Taldearen ordezkariek eta Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eratutako batzorde batek, espedientearen izapidetzeak aurrera jarrai dezan.

Zortzigarrena.– Kudeaketa-prozedurak.

1.– Partaidetzazko toki-garapeneko estrategian barne hartutako kudeaketa-prozedurara doituko du bere jarduera Tokiko Ekintza Taldeak. Kudeaketa-prozedurako aldaketa oro aurretik baimendu beharko du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzak.

2.– Onartutako proiektuei dagozkien inbertsioak, gastuak eta laguntzak identifikatzeko eskatuko die Tokiko Ekintza Taldeak sustatzaileei; horretarako, haien jarduera dela-eta erabili behar duten kontabilitate-sistemako kodifikazio egoki bat erabiliko dute.

3.– 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 125. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa-erakunde bitartekari gisa jardungo du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak Partaidetzazko Tokiko Garapenaren kudeaketan.

4.– Dena den, Europako Batzordeak onartutako izaera horizontaleko xedapenetan jasotzen dira finantzazioa gauzatzeko eta Europako laguntzak ordaintzeko arauak eta prozedurak.

Bederatzigarrena.– Txostenak lantzeko sistema.

1.– Hitzarmen hau aplikatzean, txosten bat helarazi beharko dio Tokiko Ekintza Taldeak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, azken honek aginduzko agiriak presta ditzan, eta EIAF 2014-2020 PE-ren Jarraipen Batzordera igor diezaion.

Hauek barne hartu beharko du txosten horrek: gauzatutako proiektuen deskribapen bat, onartutako laguntzak eta finantza-iturriek egindako ordainketak, jarduketen garapen-maila eta horien eragina, eta, oro har, programa ebaluatzeko beharrezko adierazle fisiko eta finantzario guztiena.

Hitzarmena aplikatzean sortutako zailtasunak eta eska daitezkeen aldaketak edo doitzeak ere aipatu beharko dira.

2.– Urtea amaitu eta hiru hilera, beranduenez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku egon beharko da aurreko atalean aipatzen den urteko txostena.

3.– Halaber, Tokiko Ekintza Taldeak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari helaraziko dizkio –Sailak egoki irizten dionean, betiere– estrategiaren gauzatze-egoera, sustatzaileen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak, diruz lagungarri den inbertsioa eta emandako laguntzen zenbatekoa, egiaztatuak eta finantza-iturriek ordainduak.

4.– Aurreko ataletan xedaturikoa ez betetzeak azken jasotzaileei oraindik ordaindu ez zaizkien ordainketak behin-behinean bertan behera uztea ekarri ahal izango du, harik eta eskatutako txostenak helarazi arte.

Hamargarrena.– Finantza-kontrola.

1.– 508 eta 1303/2013 (EE) Erregelamenduetan eta arlo horretan ematen diren garapen-arauetan ezarritako kontrolerako Europako xedapenen mende daude bai Tokiko Ekintza Taldea zein azken pertsona jasotzaileak.

2.– Europako Erkidegoetako Batzordearen eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren laguntzen kudeaketari dagokionez, kontrolaren eta egiaztapenaren mende dago Tokiko Ekintza Taldea, baita Ogasun eta Finantza Sailaren finantza-kontrolaren eta kontu-auzitegien mende ere. Laguntzen azken pertsona jasotzaileak ere kontrol bera iragan beharko dute, eta hori jakinarazi beharko die Tokiko Ekintza Taldeak pertsona horiei; laguntza jasotzeko, ezinbestean onartu beharko dute kontrol horiek iragaitean.

3.– Azken ordainketa egin eta hurrengo hiru urteetan, egindako gastuei eta ordainketak egin izanari buruzko kontabilitate-liburuak eta justifikazio-agiri guztiak gorde beharko ditu Tokiko Ekintza Taldeak, eta, hala dagokionean, aurreko atalean adierazitako erakundeen esku utzi beharko ditu. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzaren idazki baten bidez jakinaraziko zaio Tokiko Ekintza Taldeari noiz arte gorde beharko diren agiri horiek, zuhurtzia-printzipioari jarraikiz.

4.– Halaber, diruz lagundutako ekintza osorik egin dela eta ordaindu dela justifikatzeko agiriak aurkeztu beharko diote laguntzen pertsona jasotzaileek Tokiko Ekintza Taldeari, eta azken honek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari. Justifikazio hori oinarri izango da Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak Europako Batzordearen aurrean egiazta ditzan Euskal Autonomia Erkidegoan partaidetzazko toki-garapeneko estrategia-ekintzak eta Europako Batzordeari eska diezaion emandako laguntzen azken saldoa.

Hamaikagarrena.– Irregulartasunak prebenitu, atzeman eta zuzentzea.

1.– 508/2014 eta 1303/2013 (EE) Erregelamenduetan xedatutakoaren arabera, hitzarmen honen alderdi sinatzaileak behartuta daude beharrezko neurriak hartzera esleitutako finantza-zuzkidurak aplikatzean gerta litezkeen irregulartasunak prebenitzeko, atzemateko eta zuzentzeko.

2.– Estrategia aplikatzean atzemandako irregulartasun oro jakinaraziko dio Tokiko Ekintza Taldeak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, horien berri izaten duen unean berean.

3.– Baldin eta proiektu bat egiteak onartutako finantza-kontribuzioa justifikatzen ez badu, osorik edo partez, laguntzaren zenbateko murriztuan edo deuseztatuan sartu ahal izango da jatorrizko finantza-neurri eta zuzkidurara.

4.– Baldin eta proiektuen pertsona titularrei laguntza ordaindu bazaie, irregulartasun-arrazoiengatik itzuli behar den zenbatekoa, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duena) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren AurrekontuOrokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzkoa) xedatutakoaren arabera egingo da berreskuratze-prozedura.

5.– Aurreko atalean xedaturikoa eragotzi gabe, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak murriztu, atxiki edo bertan behera utzi ahal izango du, kautelaz edo behin betirako, estrategia garatzera bideratutako kontribuzioa, baldin eta esku-hartzearen, neurriaren edo proiektuaren izaerari edo baldintzei eragiten dien irregulartasunen bat edo aldaketa nabarmenen bat balego, zeinentzat ez baitzitzaion eskatuko dagokion organoari berau onartzerik.

6.– Irregulartasun larrien kasuan, Tokiko Ekintza Taldeak egoera hori galtzea erabaki ahal izango du Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, eta, kasu horretan, hamalaugarren klausulan xedaturikoa aplikatuko zaio.

Hamabigarrena.– Tokiko Ekintza Taldearen bestelako betebeharrak eta erantzukizunak.

Estrategia aplikatzeko, Tokiko Ekintza Taldeak behar diren baliabide materialak eta giza baliabideak izango ditu dagozkion egitekoak behar bezala egiteko, bai teknikoki zein ekonomikoki.

Hamahirugarrena.– Iraupena.

Sinatzen denetik Europako Batzordeak egindako Programa Eragilea itxi eta hiru urte igaro arteko indarraldia du hitzarmen honek. Ondorioz, Tokiko Ekintza Taldea ezin izango da desegin epe hori igaro arte, non eta ez dizkion aurretik bermatzen hartutako erantzukizunak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.

Hamalaugarrena. – Ebazpena.

Hitzarmen hau alderdi bien adostasunez deuseztatu ahal izango da, edo bietariko baten erabaki arrazoituz; kasu horretan, idatziz jakinarazi beharko zaio beste alderdiari, hiru hilabete lehengotik, gutxienez.

Hitzarmena ezeztatzen bada, tokiko ekintza talde izateari utziko dio Tokiko Ekintza Taldeak, eta jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak zehazten duen kopurua, hain zuzen ere.

Hamabosgarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau aldatu ahal izango da alderdi bien adostasunez, partaidetzazko toki-garapeneko estrategiaren egiazko garapenaren arabera; horretarako, behar den aldaketa-akordioa sinatuko dute alderdiek, zeina iraupen-aldia amaitu baino lehen sinatu beharko baita.

Berrikusketa honek, eta 1303/2013 (EE) Erregelamenduaren 56. artikuluan aipatzen den ebaluazio-planetik erator litezkeenek ere bai, finantza-koadroak aldatzea dakarrenean bestelako neurrien artean, erakunde eskudunak onartu egingo du, zeinek horren berri emango baitio Jarraipen Batzordeari, behin betiko onar dezan.

Hamaseigarrena.– Izaera eta jurisdikzioa.

Azaroaren 14ko 3/2011 Legegintza Dekretuak onartutako Herri Administrazioen Kontratuei buruzko Legearen Testu Bateginaren 4.1.d) artikuluan aurreikusitakoen izaera dauka hitzarmen honek, eta, arau berezirik izan ezean, lege horren printzipioak aplikatu behar zaizkio sor litezkeen dudak eta hutsuneak konpontzeko.

Hitzarmen hau interpretatzea eta betetzea ekar lezaketen dudazko gaietan, administrazio-bidea amaituta, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren mende geratuko dira, horren berri izan eta ebatz ditzan, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen arabera.

Eta, adostasunaren erakusgarri, agiri hau sinatzen da, ondorio bakarrerako eta hirukoiztuta, hasieran adierazitako lekuan eta epean.


Azterketa dokumentala