Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

27. zk., 2016ko otsailaren 10a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
578

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, abenduaren 24ko 312/1996 Dekretuaren eranskinak aldatzen dituena. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortu zen.

Abenduaren 24ko 312/1996 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortu zuen, Osasun Sailaren barruan. Epidemiologiako informazioa biltzeko eta aztertzeko balio du, gaixotasunari aurrea hartu ahal izateko, osasun-kontroleko neurriak hartuz. Horretarako, osasun publikoa zuzen-zuzen ikertuz, planifikatuz eta ebaluatuz, osasun-arazoak eta arazoon faktore eragileak identifikatu beharra izaten da.

Bada, dekretu horrek, 12. artikuluan, gaixotasunen, alerta sanitarioen eta agerraldi epidemikoen aitortza jorratzen duenean, bi eranskin hauek onartzen ditu: I. eranskina, asteroko orri epidemiologikoa; eta II. eranskina, aitorpen indibidualeko orria; biak ere derrigor bete beharrekoak eta sisteman aitortu beharrekoak bai EAEn lan egiten duten sendagileentzat bai gure erkidegoan dauden osasun-zentroentzat.

Hori guztia egiten du, Euskal Autonomia Erkidegoak osasunaren arloan dituen eskumenak bide hartuta, alegia: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 18. artikuluaren arabera, barneko osasun-kontuetan, erkidegoari dagokio estatuko oinarrizko legea lege berriz aurrera eramatea eta betetzea; gizarte-segurantzaren alorrean, Estatuko oinarrizko legea lege berriz aurrera eramatea eta betetzea, eta haren erregimen ekonomikoaren gestioa; eta, farmazi produktuetan, estatuaren legeak betearaztea. Eta hori guztia egiten du orobat Konstituzioak 149.1.16. eta 17. artikuluetan ezartzen duen esparruaren barruan, estatuari aitortzen baitio gai hauen inguruko eskumen esklusiboa: Kanpoko osasuna; Osasunaren oinarriak eta koordinazio orokorra; Farmazi produktuei buruzko legeak egitea, eta Gizarte Segurantzaren oinarrizko legedia eta araubide ekonomikoa, eragotzi gabe zerbitzuok autonomia-erkidegoek gauzatzea.

Azaldutako horrekin bat, abenduaren 28ko 2210/1995 Errege Dekretua ere aipatu beharra dago, haren bidez sortu baitzen Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionala, eta han baitaude onarturik derrigor aitortu beharreko gaixotasunen zerrenda (I. eranskina), gaixotasun-aitorpenaren modalitateak (II. eranskina), eta eskualdekako gaixotasun endemikoak (III. eranskina). Aldatu berri dira eranskin horiek, martxoren 9ko SSI/445/2015 Aginduaren bidez (2015eko martxoaren 17ko BOEn argitaratu zen).

Hori dena kontuan hartuta, orain, estatuko araudiak eragin dituen aldaketa horiek –oinarrizko araudia– araudi autonomikora ekartzea dagokigu, hartara, abenduaren 24ko 312/1996 Dekretuko eranskinetan, zuzen eta egunean jarrita ager daitezen derrigor aitortu beharreko gaixotasunak (dekretu horren bidez sortu zen, gogoan izan dezagun, Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema.

Gainera, abenduaren 24ko 312/1996 Dekretu horretako azken xedapenean irakur daitekeenez, dakartzan xedapenak aldatzeko ahalmena Osasuneko sailburuak dauka. Horretarako, araugintzako tresna bat sortu beharra dago, I. eranskina (asteroko orri epidemiologikoa) eta II. eranskina (aitorpen indibidualeko orria) derrigor aitortu behar diren gaixotasunen zerrenda berrira egokitzeko –horiek betetzea eta sistemari aitortzea nahitaezkoa da EAEn lanean ari diren medikuentzat eta EAEn kokatuta dauden osasun-zentroentzat. Zerrenda berri hori martxoaren 9ko SSI/445/2015 Aginduan dator zehazturik, eta agindu horren bidez aldatu ziren, gogoan izan dezagun, Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionala sortu zuen Errege Dekretuaren I., II. eta III. eranskinak (abenduaren 28ko 2210/1995 Errege Dekretua); eranskin horiek derrigor aitortu beharreko gaixotasunen zerrendari buruzkoa, aitorpen-modalitateei buruzkoa eta eskualdekako gaixotasun endemikoei buruzkoa ziren.

Ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Abenduaren 24ko 312/1996 Dekretuaren I. eta II. eranskinak aldatzea. Dekretu horren bidez sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Zaintza Epidemiologikoko Sistema.

Horrenbestez, EAEko Zaintza Epidemiologikoko Sistema sortzen duen abenduaren 24ko 312/1996 Dekretuaren I. eta II. eranskinak aldatu, eta, aurrerantzean, agindu honetako I. eta II. eranskinetan bezala geratuko dira idatzita. I. eranskina asteroko orri epidemiologikoari buruzkoa da, eta II.a, berriz, aitorpen indibidualeko orriari buruzkoa, zeinak derrigor bete beharrekoak eta sisteman aitortu beharrekoak baitira EAEn lan egiten duten mediku guztientzat eta gure erkidegoan dauden osasun-zentroentzat.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 21a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala