Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2016ko otsailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
554

AGINDUA, 2016ko urtarrilaren 20koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez jakinarazten baita aurrekontuan zenbateko diru-hornidura dagoen Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) letretan aurreikusitako jarduerak diruz laguntzeko.

Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planak, Gobernuaren Kontseiluak 2001eko uztailaren 3ko bilkuran onetsita, lana eta familia bateragarri egiteko zenbait neurri abian jarri zituen, aita edo ama izateak enpleguan eragiten dituen oztopoak kentzeko eta lanak familian sorrarazten dituen mugak urritzeko asmoz. Ekimen horren bidez, bi eremuak bateragarri egin nahi dira, azken batean, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna bultzatzeko, bai lana eskuratzeko eta lanean irauteko arloan, bai seme-alabak zaintzeko buru-belarri aritzeko dituzten posibilitateen arloan. Aipagarriak dira, besteak beste, bi neurri hauek: hiru urtetik beherako haurrentzako ikastetxe-sarea garatzearen aldeko apustua, eta, Langileen Estatutuari jarraikiz, seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi-murrizketak hartzen dituztenentzako diru-laguntzak.

I. Planaren esparruan, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 16ko 177/2002 Dekretua onartu zen, eta gero, Enplegua sustatzeko laguntzak arautzeko abenduaren 23ko 329/2003 Dekretua onartu zen. 329/2003 Dekretuaren VI. kapituluan berriro antolatu ziren lana eta familia bateragarri egiteko neurriak.

Esperientzia on horren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, familia babesteko sistema garatzeko eta hobetzeko asmo sendoa duenez, bateragarritasun-politika indartu nahi izan zuen. Hori dela eta, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean, bateragarritasuna lerro estrategikotzat jo zuen (Gobernuaren Kontseiluak 2006ko irailaren 26ko bilkuran onetsi zuen plan hori). Lerro horren helburu dira, hain zuzen, emakumeei lan munduan sartzen eta beren lanbide-karrera garatzen laguntzea, emakume eta gizonen arteko etxeko ardura-banaketa sustatzea, eta familia- eta lan-ardurak bateragarri egiteko erraztasunak ematea. Helburu horiek lortzen lagundu nahirik, lehenengo, Lana eta familia bateragarri egiteko neurriak arautzeko uztailaren 17ko 118/2007 Dekretua onartu zen, eta gero, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretua onartu zen, azken hau gaur egun indarrean dago eta martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak aldatu du.

Bestetik, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legearen helburua da familiak babestea, arreta ematea eta laguntzea; horretarako, multzo koherente batean antolatzen ditu familiei laguntzeko erkidegoaren mailan indarrean dauden neurri guztiak, eta laguntza horretarako beste neurri batzuk ere arautzen ditu bere II. tituluko II. kapituluan, hain zuzen ere bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala uztartzen laguntzeko neurriak.

EAEko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planak –Gobernu Kontseiluak 2011ko abenduaren 27ko bilkuran onartuta– helburu nagusitzat du zuzenbide subjektiboaren ikuspegitik familiak beren bizitza-ziklo osoan zehar sustatu, osatu eta laguntzeko familia-politika bultzatzea. Plan horren beste helburuetako bat da: familien garapen-aukeretan aurrera egitea, laguntza-eskaintza baten bitartez. Eskaintza horri esker, eragotzi egingo da bizitza familiarra, pertsonala eta lanekoa erantzukidetasunez uztartu ezin dituzten familiak ordezkatzea, zeregin horretarako hirugarrenak eskuordetzea edo familia horiek zeregin horretan amore ematea.

Ikuspegi horretatik, EAEko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planak bere neurrien artean sartzen du familia- eta lan-bizitza bateragarri egiteko laguntza-programa mantentzea, aipatutako ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuan ezarritako moduan.

Herri Administrazioaren printzipioetako bat da diru-laguntzei publikotasuna ematea. Hori dela eta, 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan aurreikusten da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak sailburuaren agindu baten bidez urtero jakinaraziko duela aurrekontuko zenbateko hornidura dagoen dekretu horretan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko, edo, hala badagokio, hornidura horren eguneratzearen ondoriozko diru-kopurua finantzatzeko.

Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera –azaroaren 11ko 1/1979 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori–. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala gertatzen denean, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) letrak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da.

Horregatik, 177/2010 Dekretuan jasotzen den Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari buruzko aipamena Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari egindako erreferentziatzat hartu behar da gaur egun, eta azken sail horretako sailburuari dagokio agindu hori ematea.

Horrenbestez, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek diru-laguntza programa horren berri izango dutela bermatzeko.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49.2 artikuluan eta ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko eta martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak aldatutako ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 1. artikuluaren a), b) eta d) letretan aurreikusitako diru-laguntza lerroak betetzeko, 32.577.100,00 euro bideratuko dira, 2016an, honela banakaturik:

– 31.362.000,00 euro, seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzen duten langileen laguntzetarako.

– 727.100,00 euro, mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia hartu edo lanaldia murriztu duten langileentzako laguntzak.

– 488.000,00 euro, seme-alaba adingabeak zaintzeko langileak kontratatzeagatiko laguntzak.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hasierako aurrekontu-horniduran eguneraketarik gertatzen bada, horren berri emango da Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren agindu bidez.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 20a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala