Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2016ko otsailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
552

12/2016 DEKRETUA, otsailaren 2koa. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioek, estatutupeko langileek eta lan-kontratuko langileek 2016. urtean izango duten urteko lanaldia ezartzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko funtzionarioen, estatutupeko langileen eta lan-kontratuko langileen baimenei dagokienez, 2010eko urtarrilaren 19ko Gobernu Kontseiluaren Erabakiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorraren Akordioa onartu zen, 2010eko eta 2011ko ordainsarien igoerari eta enplegu publikorako neurriei buruzkoa. Erabaki horren zortzigarren paragrafoan, 6 eguneko baimena xedatzen da norberaren gauzetarako, Administrazio Orokorraren eta Ertzaintzaren eremuetan. Urteko lanaldiari 45 ordu kenduta zenbatzen da baimen hori, eta denbora horrek osoki hartzen eta konpentsatzen du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1.k) artikuluan xedatutako norberaren gauzak egiteko baimena. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileei dagokienez, 2007., 2008. eta 2009. urteetarako Osakidetzako langileen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzen duen abenduaren 18ko 235/2007 Dekretuko 50. artikuluaren lehen idatzi-zatiak ezartzen du langileek sei lanegun hartzeko eskubidea izango dutela urtean (50. artikulua, norberaren eginkizunetarako lizentziari buruzkoa). Hezkuntzaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen Akordioa onartzen duen uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuaren 35. artikuluak arautzen du norberaren gauzetarako baimena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Negoziazio Mahai Orokorraren aipatu akordioaren aipamena eginez.

Bestetik, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluak, 1. paragrafoan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.1 artikulua aldatzen du, norberaren gauzetarako baimenari dagokionean, zein hiru egunekoa izatera igarotzen baita; orobat, aipatu arauaren 48.2 artikulua ezabatzen du, antzinatasunagatiko baimenari buruzkoa. Halaber, aipatutako artikuluaren hirugarren paragrafoak xedatzen duenaren arabera, Errege Lege Dekretu hori indarrean jartzen denetik, etenda eta ondoriorik gabe geldituko dira herri-administrazioek eta horiei atxikitako edo horien mendeko organismoek eta erakundeek funtzionario eta lan kontratuko langileentzat sinatutako akordioak, itunak eta hitzarmenak, aipatutako artikuluan aurreikusitakoarekin bat ez datozenean, bereziki, norberaren gauzetarako baimenei, oporrei eta norberaren aukerako egun gehigarriei edo antzekoei dagokienez.

Geroago, irailaren 11ko 10/2015 Errege Lege Dekretuak, 2.1 artikuluan, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.k) artikulua aldatzen du (10/2015 Errege Lege Dekretua, Estatuko aurrekontuan aparteko kredituak eta kreditu-gehigarriak emateko eta enplegu publikoaren eta ekonomiaren sustapenaren alorrean beste neurri batzuk hartzekoa), zein, ondorioz, honela idatzita geratzen baita: «Norberaren gauzetarako, sei egun urtean». Bestalde, Lehen Xedapen Gehigarrian, honako hau xedatzen du: «Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluaren 3. paragrafoak herri-administrazioetako eta haiei lotutako edo haien mendeko organismo eta erakundeetako funtzionario eta lan-kontratudun langileentzako hitzarmen, itun eta akordioei dagokienez ezartzen duen muga Errege Lege Dekretu honek funtzionario publikoen baimenei eta oporrei emandako testu berriari dagokiola joko da».

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 48.k) artikuluan xedatutakoa aldatzeak, zeinek norberaren gauzetarako 6 egunetako baimena finkatzen baitu, eta, ondorioz, 20/2012 Errege Lege Dekretuak ezarritako Akordio eta Hitzarmenen etetearen irismena mugatzeak, berekin dakar etetearen amaiera eta, norberaren gauzetarako baimenari dagokionez, honako hauen baliozkotasuna: EAEko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorraren 2010eko eta 2011ko ordainsarien igoerari eta enplegu publikorako neurriei buruzko Akordioaren 8. artikulua, eta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileen eta Hezkuntzaren eremuko langileen lan-baldintzak arautzen dituzten akordioak. Beraz, akordio horiek berriro ere eragin osoa izatera igaro dira.

Orobat, aipatu irailaren 11ko 10/2015 Errege Dekretu Legearen 2.2 artikuluak Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren xedapen gehigarri berri bat –hamalaugarrena– ezartzen du, zeinek honako idazketa hau baitu: «Seigarren hirurtekoa betetakoan, administrazioak gehienez ere bi egun gehigarri eman ahal izango ditu norberaren kontuetarako. Zortzigarrenetik aurrera, betetzen den hirurteko bakoitzeko, gehienez ere beste egun bat gehitu ahal izango da». Bestalde, haren lehen xedapen gehigarriak honako hau ezartzen du: «Aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna bultzatzeko neurriei buruzko uztailaren 13ko 20/2012 Errege Lege Dekretuaren 8. artikuluaren 3. paragrafoak herri-administrazioetako eta haiei lotutako edo haien mendeko organismo eta erakundeetako funtzionario eta lan-kontratudun langileentzako hitzarmen, itun eta akordioei dagokienez ezartzen duen muga Errege Lege Dekretu honek funtzionario publikoen baimenei eta oporrei emandako testu berriari dagokiola joko da».

Beraz, 2016ko urteko lanaldia eta enplegatu publikoen baimenak egokitu egin behar dira aipatutako akordioetara eta Estatuko aurrekontuan aparteko kredituak eta kreditu-gehigarriak eman eta enplegu publikoaren alorrean beste neurri batzuk hartzen dituen irailaren 11ko 10/2015 Errege Dekretu Legearen bidez ezarritako oinarrizko araudira. Helburu horrekin, beraz, negoziazioa hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Negoziazio Mahai Orokorrean. Negoziazioa, ordea, akordiorik lortu gabe bukatu da, eta, beraz, 2016ko urteko lanaldia ezarri behar da aipatutako Mahai Orokorraren negoziazio-esparruan ordezkatuta dauden talde guztientzat. Zehaztapen horrek ahalbidetuko die arloei lanaldiak, ordutegiak eta egutegiak zehaztea.

Aintzat hartzen dira Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1 artikuluko a) eta d) paragrafoak, non ezartzen baita Eusko Jaurlaritzari dagokiola funtzio publikoaren alorrean erregelamenduak egiteko ahalmena baliatzea, eta, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei buruzko politika orokorra ezartzea.

Ondorioz, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2016ko otsailaren 2an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Dekretu hau Euskal Autonomia Erkidegoko Negoziazio Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden langileei aplikatuko zaie; hain zuzen ere, jarraian adierazten diren negoziazioko arlo hauetakoak diren langileei:

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako funtzionarioak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak.

– Ertzaintzako langileak.

– Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko langileak.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioak, betiere, aplikagarri zaien araudiaren esparruan.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratuko langileak.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lan-kontratuko irakasle eta hezitzaileak.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lan-kontratuko langileak.

– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren menpeko erlijioko lan-kontratuko langileak.

– Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako lan-kontratuko langileak.

2. artikulua.– 2016. urterako urteko lanaldia.

1.– Dekretu honen aplikazio-eremuan sartuta dauden langileek 2016an izango duten lanean benetan egon beharreko urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da.

2.– Lanaldia nola banatuko den eta langileek zer ordutegi izango duten arloan arloko mahai sektorialetan zehaztuko da, negoziatu ondoren.

3. artikulua.– Norberaren gauzetarako baimena.

Norberaren gauzetarako baimena aitortzen da, eta 6 egunekoa izango da. 2016. urte osoan lanaldi osoan aritzen diren langileentzako, baimen horren iraupena 45 ordukoa izango da, eta lanean emandako denbora gisa hartzen da.

Baimen horrek, dagozkion arloetan baimenaz gozatzeko hitzartuko diren baldintzetan, osoki hartzen eta konpentsatzen du norberaren gauzak egiteko baimena, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 48.k) artikuluan xedatutakoa.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala