Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2016ko otsailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
535

EBAZPENA, 2016ko otsailaren 1ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko presako deialdia irekitzeko dena.

Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».

Etxepare Euskal Institutuaren antolaketa- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 19. artikuluak xedatzen du Institutuaren helburuen artean dagoela munduan zeharreko unibertsitateetan eta beste zentro batzuetan euskararen presentzia, azterketa eta ikasketak sustatzea, batik bat unibertsitateetan irakurletzak ezartzea bultzatuz.

Ondorioz, Etxepare Euskal Institutuari egoki iruditu zaio Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzeko lehiaketa publikoaren presako deialdia egitea.

Hori dela eta,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

Deialdi honen helburua da Euskara eta Euskal Kulturako irakurle bat hautatzea, ondoko unibertsitateetan eta ikasturteetan aritzeko:

Irakurle bat Berlineko Freie Universität unibertsitaterako, 2015-2016 ikasturterako, 2016-2017 ikasturtetara luzatzeko aukerarekin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan ikasturte bakoitzera bideratutako guztizkoa hogeitasei mila eta ehun (26.100) eurokoa izango da, beti ere Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartu dituen konpromisoei aurre egiteko aurrekontu-baliabiderik badu. Aurreko baliabide ekonomiko guztiak irakurletzak mantentzeko gastuak finantzatzeko erabiliko dira. Beraz, zenbateko hori ez da beti bat etorriko, zehatz-mehatz, irakurleen soldatekin.

3. artikulua.– Hautagaiek bete behar dituzten baldintzak.

Deialdi honetan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete beharko dira:

Unibertsitateko graduko titulua izatea (edo lizentzia). Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) dituztenak lehenetsiko dira; baita euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere.

Aurreko tituluak izan ezean, graduko titulua (edo lizentzia) eta 3. HE edo baliokidea izatea.

4. artikulua.– Bete behar diren baldintza zehatzak tokian tokiko unibertsitatearen eta aurreikusitako zenbatekoaren arabera.

Berlineko Freie Universität unibertsitaterako: alemaneko B2 maila egiaztatua izatea. Gehienez ere bi urterako kontratua egingo zaio, bertako legeak dioenari jarraiki. Lanaldia partziala izango da.

5. artikulua.– Egonaldiaren baldintzak tokian tokiko unibertsitatean.

Hautatuak deialdi honen helburu diren tokian tokiko unibertsitateei atxikiko zaizkie, 4. artikuluan agertzen diren baldintzen arabera. Tokian tokiko unibertsitatearen herrialdean indarrean dagoen legediaren araberako kontratua sinatuko dute eta unibertsitate kontratugilearen klausula zehatzak bete beharko dituzte, bereziki kontratuak irauten duen bitartean aplikagarri zaien ordainsarien eta zergen erregimenari dagokionez.

Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izateak ez dakar inolako lan- edo administrazio-harremanik Etxepare Euskal Institutuarekin eta, ondorioz, Institutu honek ez du bere gain hartuko irakurleak tokian tokiko unibertsitatearekin duen kontratu-harremanetik edo bere ekintzetatik eratorritako erantzukizunik, bereziki bere funtzioak betetzean sor daitezkeen kalteengatik.

Etxepare Euskal Institutuak bere gain hartuko ditu tokian tokiko unibertsitatera lehenengo joan-etorriaren gastuak, irakurlea bere lanpostuan hasten dela bermatzeko.

6. artikulua: Irakurle izateak honako konpromisoak onartzea ekarriko du:

– 2016ko apirilaren 1a baino lehen (edo unibertsitateak zehaztutako datarako) dagokion unibertsitateetan lanean hastea, eta bertan zerbitzua ematea 2015-2016ko ikasturtearen amaierara arte, luzatzeko aukerarekin.

– Emandako ordutegia betetzea.

– Euskara eta Euskal Kulturaren programa didaktikoa egitea ikasturtearen hasieran. Programa hori Etxepare Euskal Institutura bidali beharko da.

– Ikasleen ebaluazioa egitea eta ikastaroa kudeatzea, bai eta ekintza akademikoak antolatzea ere (hitzaldiak, literatura jardunaldiak...) euskara ikertzeko eta euskal kultura sustatzeko asmoz.

– Tokian tokiko irakasleak eta ikertzaileak euskara, euskal kultura eta antzeko gaiekin zerikusia duen guztian lagundu eta orientatzea.

– Etxepare Euskal Institutuak antolatzen dituen prestakuntza ikastaroetan parte hartzea. Bereziki, Euskara Atzerriko hizkuntza gisa irakasteko ikastaroa egitea.

– Etxepare Euskal Institutuari hitzarmenaren jarraipenerako beharrezko dituen agiriak helaraztea (hasierako fitxa, ikasturte amaierako txostena, eta abar), Etxepare Euskal Institutuak hitzarmena behar bezala doan ebaluatzeko.

Goian aipatutako konpromisoak ez betetzeak irakurleak ez jarraitzea ekar dezake.

Irakurleak egindako irakasle-lana ziurtatzen duen egiaztagiri akademikoa jasotzeko eskubidea izango du, bertan ordu guztiak, irakasgaiak, ikastaroak... zehaztuta.

7. artikulua.– Irakurletzei dagozkien zenbatekoak ordaintzea.

Etxepare Euskal Institutuak egingo dizkie tokian tokiko unibertsitateei irakurletzak mantentzetik eratorritako gastuen finantziaziorako zenbatekoen ordainketak.

Tokian tokiko unibertsitateei edo irakurleei dagokie Etxepare Euskal Institutuak egindako diru ekarpenak justifikatzea.

8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

8.1.– Eskabidea (I. eranskina) behar bezala beteta, dagokion dokumentazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari aurkeztu beharko zaio, Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan (Tabakalera Eraikina, Mandasko Dukea 52, 20012 Donostia), goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Eusko Jaurlaritzaren ZUZENEAN bulegoetan. 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik ere aurkeztu ahal izango da eskaera (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

8.2.– Eskabideekin batera (I. eranskina), hautagaiek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

– Pasaportearen fotokopia (edo bestela NANarena edo AIZrena).

– II. Eranskina, behar bezala beteta.

– Proiektu pedagogikoa, euskarako eta euskal kulturako programazioek osatua. Euskarako lehen mailetan irakasteko programazio laburra aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Euskal Kulturako gai ezberdinei (musika, zinea, antzerkia, eskultura...) buruzko programazio laburra ere aurkeztu beharko da, helburuak, edukiak, metodologia, baliabideak eta bibliografia adieraziz. Proiektu pedagogiko guztiaren luzera gehienez ere hiru orrialdekoa izango da (letra Arial 12, lerro artean tarte bikoitza utziz).

Hautagaiek aipatzen dituzten meritu guztiak (hizkuntzak, emandako ikastaroak, jasotako formazioa....) ziurtagirien bidez frogagarriak izan beharko dira. Horretarako, hautagaiek agiri guztien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte eskaera egitean. Bestalde, aukeratutako hautagaiak fotokopia horien jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko ditu. Hala egin ezean, deialditik kanpo geratuko da dagokion hautagaia.

8.3.– Eskabideak aurkezteko hamabost eguneko epea egongo da, deialdi hau EHAAn argitaratzen den biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko I. eta II. eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrian egongo dira eskuragarri word formatuan.

8.4.– Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia fitxategi batean sartuko da. Fitxategi horren erabilera hautapen prozesu honetara eta etorkizunean dagokion unibertsitatean ager daitezkeen irakurle beharrei erantzuteko sortuko diren poltsak kudeatzera mugatuko da. Fitxategi honen erabilera eta funtzionamendua Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoaren, abenduaren 13koa, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko 2/2004 Legearen, otsailaren 25ekoa, aurreikuspenekin bat etorriko da.

9. artikulua.– Hautapen-batzordea.

Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Hautapen Batzordea eratuko da. Batzorde horren osaeran otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa eta 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, hautapen batzordeei buruz esandakoa kontuan hartuko da.

Batzordearen osaketa EHAAn argitaratuko da.

10. artikulua.– Hautapen-irizpideak.

Hautagaien hautapena ondoko baremoaren arabera egingo da, eta guztira gehienez 25 puntu lortu ahal izango dira:

10.1.– Unibertsitateko titulua eta HE. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

Euskal Filologia, Euskal Ikasketak, Itzulpengintza eta Interpretazioa (A hizkuntza euskara): 5 puntu.

Gainerako graduak edo lizentziak, baldin eta 4.HE egiaztatuta badute: 5 puntu.

Giza-zientzien, Gizarte-zientzien eta Artearen gradu edo lizentziak: 2.5 puntu.

10.2.– Eskarmentua euskara eta beste hizkuntzak irakasten. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen eta egiazta daitekeen ordu kopuruen arabera.

Euskara irakatsi izana unibertsitateetan: 3 puntu ikasturteko.

Euskara irakatsi izana euskaltegi eta ikastetxeetan: puntu 2 ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana unibertsitatean: 1 puntu ikasturteko.

Bestelako hizkuntzak irakatsi izana ikastetxeetan: 0.5 puntu ikasturteko.

10.3.– EAEko hizkuntza ofizialak ez diren beste hizkuntzak ezagutzea eta agiri ofizial bidez egiaztatuta izatea. Gehienez ere 5 puntu, hizkuntza bakoitzeko ondoko irizpideen arabera:

A2= 0.25 puntu

B1= 0.50 puntu

B2= 0.75 puntu

C1= puntu 1

C2= 1.5 puntu

10.4.– Bestelako prestakuntza. Gehienez ere 5 puntu, ondoko irizpideen arabera:

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa: 5 puntu.

Euskararekin zuzenean loturiko doktoregoa egiten ari diren ikasleak: 5 puntu.

Bestelako doktoregoa: 1 puntu.

Euskararen arloko masterra: 2 puntu.

Hezkuntzarekin edota hizkuntzekin erlazionaturiko masterra: 1 puntu.

Bestelako masterra: 0.5 puntu.

Atzerriko Unibertsitateetan Euskara Irakasteko prestakuntza ikastaroa: 1 puntu.

IGI-CAP: 0.5 puntu.

Glotodidaktika ikastaroa: 0.5 puntu.

Excellence in Basque Studies ikastaroa: 0.25 puntu.

10.5.– Proiektu pedagogikoa. Gehienez ere 5 puntu.

11. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Hautagaien profila ezarritako baldintzekin bat datorrela egiaztatu ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik gehienez hamabost eguneko epearen barnean, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz. Baztertuek 10 egun naturaleko epea izango dute, hala badagokio, dokumentazioa osatzeko. Egiten ez badute, bere eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Aipatutako epea igaro ondoren, Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da hautapen prozesuan parte hartzeko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, baztertzeko arrazoia berariaz azalduz.

Hautapen Batzordeak behin betiko zerrendako hautagaien merituak 10. artikuluan agertzen diren irizpideen arabera aztertuta, hiru proposatuko ditu unibertsitateko. Hiru horiek aztertuta, Unibertsitateak hautagai egokirik ez dagoela irizten badio, zerrendan hurrengo dauden hautagaien artean aukeratu ahal izango du irakurletzat nahi duena.

Irakurlearen egokitasuna baloratzeko, unibertsitateetako ordezkariek eskubidea izango dute aukeratuak elkarrizketa batera deitzeko.

Deialdi honetan eskainitako plazak esleitu gabe gelditu ahal izango dira ondoko kasuetan:

Eskabide bat ere aurkeztu ez bada.

Deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte hautagaiek.

Deialdi hau argitaratu ondoren, dagokion unibertsitateak Institutuaren eta bien arteko lankidetza hitzarmenetan ezarritako baldintzak aldatzen dituenean edo dela delako arrazoiarengatik hitzarmena gauzatzen ez bada edo bertan behera gelditzen bada.

12. artikulua.– Ebazteko eta izapideak egiteko organo eskuduna.

Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ebatziko du deialdi hau, zioak behar bezala azalduz, hautatutako pertsonak eta plazarik gabeko hautatuak zein diren adieraziz. Azken hauek erreserban egongo dira, hautatuek ukoa aurkeztu edo ordezkatu beharra gertatzen bada ere. Hautatu horiekin lan-poltsa osatuko da, dagokion zazpi unibertsitate hauetako irakurletzen beharrei erantzun ahal izateko.

Ebazpena Etxepare Euskal Institutuaren web-orrian argitaratuko da.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izango da organo eskuduna betearaztean sor daitezkeen zalantzak eta gertaerak kudeatu eta argitzeko.

13. artikulua.– Lanpostua esleitzea.

Hautatuek medikuaren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko dute, beraien esku utzitako funtzioak inolako eragozpenik gabe bete ditzaketela egiaztatzen duena. Gainera, tokian tokiko unibertsitateko Euskara eta Euskal Kulturako irakurle izaera onartu beharko dute, xede horretarako dokumentua sinatuz.

14. artikulua.– Ukoak eta ordezkapenak.

Hautatuek ikasturtea amaitu baino lehenago euren lanpostuari uko egiten badiote, ezingo dute berriz hautagai izan hurrengo deialdietan, behar bezala justifikatutako ezinbesteko arrazoietan beraien ukoa oinarritu ezean.

Aurretik aipatutako ukoa gertatzen bada, unibertsitate horretarako Etxepare Euskal Institutuak duen lan-poltsako lehen hautagaia proposatuko du, ordezkoaren adostasuna lortu ondoren.

15. artikulua.– Errekurtsoak.

Aukeratutako hautagaien zerrenda Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren ebazpen bidez argitaratuko da Institutuaren web orrian. Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen horren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzierrekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Administrazio-bidea amaitzen duen ebazpen honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesatuek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Donostia, 2016ko otsailaren 1a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala