Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2016ko otsailaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
528

239/2015 DEKRETUA, abenduaren 22koa, Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluari dagokion curriculuma ezartzen duena.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 10.1 artikuluak ezartzen duenez, Estatuko Administrazio Orokorrak finkatuko ditu Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean aditzera emandako lanbide-prestakuntzako eskaintzak osatuko dituzten profesionaltasun-ziurtagiriak eta -tituluak, betiere Konstituzioaren 149.1.30 eta 7. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusiari kontsultatu ondoren.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.6 artikuluak xedatzen duenez, Espainiako Gobernuak, autonomia-erkidegoei kontsultatu ostean, Lanbide Heziketako ikasketei dagozkien titulazioak ezarriko ditu, baita titulazio horietako bakoitzaren curriculumaren oinarrizko alderdiak ere.

Ekonomia Jasangarriaren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak eta Ekonomia Jasangarriaren Legea osatzen duen martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak –Lanbide Heziketaren eta kualifikazioen 5/2002 Lege Organikoa eta Hezkuntzaren 2/2006 Lege Organikoa aldatzen dituenak–, hainbat lege-aldaketa adierazgarri eragin dituzte bestelako ekonomia baten garapena sustatzeko eta bizkortzeko, hau da, ekonomia lehiakorragoa eta berritzaileagoa, produkzio-sektore tradizionalak berritzeko gauza izango dena eta kalitateko enplegu egonkorra eskatzen duten beste jarduera batzuetarantz bidea egiteko gauza izango dena, sustatzeko eta bizkortzeko.

Hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 9. artikuluan definitzen da Lanbide Heziketako tituluen egitura. Horretarako, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala, Europar Batasunak finkatutako zuzentarauak, eta gizarte-intereseko beste alderdi batzuk hartu dira kontuan.

7. artikuluak titulu horien lanbide-profila zehazten du. Lanbide-profil horretan sartuko dira konpetentzia orokorra, konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak eta, hala badagokio, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren konpetentzia-atalak. Horrenbestez, titulu bakoitzak lanbide-kualifikazio oso bat, gutxienez, hartuko du barnean, betiere Lanbide Heziketako tituluek produkzio-sistemaren beharrei eta herritartasun demokratikoa gauzatzeko aukera emango duten balio pertsonal eta sozialei eraginkortasunez erantzuteko.

Irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuak Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-titulua ezartzen du, eta haren gutxieneko irakaskuntzak zehazten ditu. Dekretu horrek ordeztu egiten du apirilaren 7ko 543/1995 Errege Dekretua, Osasun-dokumentazioko goi-mailako teknikari-titulua arautzen zuena.

Bestetik, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren 2. atalak xedatzen duenez, hezkuntza-administrazioek ezarriko dituzte Lanbide Heziketako irakaskuntzen curriculumak. Edonola ere, errege dekretu horretan bertan xedatutakoa eta titulu bakoitza erregulatzen duten arauetan xedatutakoa errespetatu beharko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoaren berezko eskumenen esparruari dagokionez, Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan aditzera ematen denez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian ezarritakoa aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Autonomia Erkidegoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritakoari eta hura garatzen duten Lege Organikoei, eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta hori guztia betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egin gabe».

Bestalde, otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuak hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren esparrurako.

Azaldutako aurrekarien arabera, dekretu honen helburua da Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzea Euskal Autonomia Erkidegorako, Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-titulua ezartzen duen eta tituluaren gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituen irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuaren babesean.

Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluaren curriculumean alderdi hauek deskribatzen dira: alde batetik, tituluak adierazten duen lanbide-profila (kualifikazioak eta konpetentzia-atalak zerrendatzen dira, eta konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak deskribatzen dira); eta, bestetik, tituluak biltzen dituen helburu orokorren eta lanbide-moduluen bidez, besteak beste, ezarritako irakaskuntzak (lanbide-modulu bakoitzari dagozkion ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio-irizpideak eta edukiak, eta horiek antolatu eta ezartzeko jarraibideak eta zehaztapenak barnean hartuta).

Helburu orokorrak profilean deskribatzen diren konpetentzia profesional, pertsonal eta sozialetatik atera dira. Haietan, ikasleak heziketa-zikloaren amaieran eskuratu behar dituen gaitasunak eta lorpenak adierazten dira; hortaz, lehen iturria dira heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluetako bakoitzean landu beharreko edukiak eta bereganatu behar dituzten ikaskuntzaren emaitzak lortzeko.

Modulu bakoitzean jasotako edukiak irakatsi eta ikasteko prozesuaren euskarria dira; ikasleak trebetasun eta abilezia teknikoak, etorkizun profesionalean aurrera egiteko kontzeptuzko oinarri zabala eta lortu nahi den kualifikazioarekiko lanbide-nortasun koherentea islatuko duten portaerak eskura ditzan.

Honako dekretu hau bideratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19. artikulutik 22. artikulura bitartean aurreikusten diren izapideak bete dira.

Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluak emandako txostena eta gainerako aginduzko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 22an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRA

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-esparrua.

1.– Dekretu honek Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluari dagozkion Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegorako.

2.– Ikastetxearen pedagogia- eta antolamendu-autonomiaren esparruan, hari dagokio ikastetxeko Ikasketa Proiektua ezartzea eta proiektu horretan landuko ditu bere irakaskuntza-lanaren ezaugarriak eta nortasuna zehazteko eta prestakuntza-moduluen programaziorako irizpideak finkatzeko beharrezko erabakiak.

3.– Ikastetxearen Ikasketa Proiektuaren esparruan, heziketa-zikloaren ardura duen irakasle-taldeari eta, zehazki, irakasle bakoitzari dagokio programazioak prestatzea. Horretarako, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan izan beharko ditu, lanbide-modulu bakoitzean bildutako ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatu beharko ditu, eta irakaskuntzen erreferentziazko lanbide-profila hartu beharko du euskarri.

II. KAPITULUA
TITULUAREN IDENTIFIKAZIOA ETA LANBIDE-PROFILA

2. artikulua.– Tituluaren identifikazioa.

Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-titulua elementu hauek identifikatzen dute:

– Izena: Osasun Dokumentazioa eta Administrazioa.

– Maila: Goi-mailako Lanbide Heziketa.

– Iraupena: 2.000 ordu.

– Lanbide-arloa: Osasuna.

– Irakaskuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko erreferentea: INSN-5b.

– Goi-mailako hezkuntzako kualifikazioen Espainiako esparruan duen maila: 1. maila, goi-mailako teknikaria.

3. artikulua.– Lanbide-profila.

1.– Titulu honen konpetentzia orokorra hau da: informazio eta dokumentazio klinikoa tratatzeko prozesuak zehaztu eta antolatzea, datuak bildu, erregistratu eta kodetzea, informazioa balidatzea, araudiaren betearazpena bermatzea, pazienteen arreta- eta kudeaketa-prozesuetan eta osasun-zentroen administrazio-kudeaketan esku hartzea.

2.– Konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak.

Honako hauek dira titulu honen konpetentzia profesionalak, pertsonalak eta sozialak:

a) Ospitaleratzeak, altak, ohe-esleipena eta pazienteei/erabiltzaileei eskainitako bestelako zerbitzuak kudeatzea, prozesuak eta kalitate-maila betetzen direla bermatuta.

b) Osasun-dokumentazioko terminologia klinikoa ezagutzea, prozesu patologikoei eta osasun-zerbitzuetan horiei arreta emateari dagokienez.

c) Diagnostikoak eta prozedura diagnostikoak zein terapeutikoak hautatzea, eta, orobat, dokumentazio klinikoko datu kliniko interesgarriak.

d) Osasun-zerbitzuei dagozkien dokumentuak eta komunikazioak egin eta izapidetzea, hautemandako beharren eta bere erantzukizun-esparruaren arabera, eta lanbidearen irizpide deontologikoak errespetatuz.

e) Historia klinikoen eta gainerako dokumentazioaren artxiboa kudeatzea, ezarritako irizpideen, prozesuen eta prozeduren arabera.

f) Gaixotasunak sailkatzeko sistemak erabiltzea, indarreko legediaren arabera, diagnostikoak eta prozedurak kodetzeko prozesuetan.

g) Gaixotasunen nazioarteko sailkapenari loturiko diagnostikoak eta prozedurak kodetzeko prozesuak gauzatzea.

h) Datu-baseak ustiatzea eta balidatzea informazio kliniko eta asistentzialeko sistema, kalitaterako eta ikerketarako, datuak babesteko araudia aplikatzea bermatuta.

i) Osasun-dokumentazioa kudeatzea, datuen oinarrizko gutxieneko multzoaren egitura, utilitateak, balidatzeak eta ustiapenak aplikatuta.

j) Pazienteei eta senideei arreta eta orientabideak ematea, komunikazio-teknikak aplikatuta, asistentziaren kalitatea eta horien gogobetetzea hobetzeko.

k) Administrazio-lanak gauzatzea osasun-zentroetako arlo asistentzialen eta ez-asistentzialen kudeaketan.

l) Lan-egoera berrietara egokitzea, dagokion lanbide-inguruneari buruzko ezagupen zientifikoei, teknikoei eta teknologikoei eutsiz, bere prestakuntza eta bizialdi osoko ikaskuntzan dauden baliabideak kudeatuta, eta informazio- eta komunikazio-teknologiak erabilita.

m) Dagokion konpetentziaren esparruan, egoerak, arazoak edo gorabeherak ekimenez eta autonomiaz ebaztea, sormenez, berritasunez, eta norberaren eta gainerako taldekideen lanean hobetzeko espirituaz.

n) Lantaldeak arduraz antolatu eta koordinatzea, eta, horretarako, haien garapena ikuskatzea, harreman arinak izanez, lidergoa bere gain hartuz eta sortzen diren talde-gatazketarako konponbideak ekarriz.

ñ) Maila berekoekin, nagusiekin, bezeroekin eta bere erantzukizunpean dituen pertsonekin komunikatzea, komunikabide eraginkorrak erabilita, informazio edo ezagupen egokiak helaraziz, eta bere lanaren esparruan esku hartzen duten pertsonen autonomia eta konpetentzia errespetatuz.

o) Beraren eta taldearen lana garatzean ingurune seguruak sortzea, laneko eta ingurumenerako arriskuen prebentzio-prozedurak aplikatuta, araudian ezarritakoaren eta enpresaren helburuen arabera.

p) Produkzioko edo zerbitzugintzako prozesuetan bildutako lanbide-jardueretan, kalitate-prozedurak, irisgarritasun unibertsalekoak eta «denontzako diseinukoak» gainbegiratzea eta aplikatzea.

q) Enpresa txiki bat sortu eta abiarazteko oinarrizko kudeaketa egitea, eta dagokion lanbide-jardueran ekimena izatea, gizarte-erantzukizuneko zentzuaz.

r) Dagokion jardueraren ondoriozko eskubideak baliatzea eta betebeharrak betetzea, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera, eta bizitza ekonomikoan, sozialean eta kulturalean aktiboki parte hartuz.

s) Lanbide-konpetentziak gauzatzea, konfidentzialtasun-irizpideen eta izaera pertsonaleko datuen babesa arautzen duen legedian ezarritakoaren arabera.

3.– Titulu honetan biltzen diren Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko kualifikazioen eta konpetentzia-atalen zerrenda:

– Lanbide-prestakuntza osoa:

Osasun arloko dokumentazioa. SAN626_3 (887/2011 Errege Dekretua, ekainaren 24koa, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionala osatzen duena, eta Osasunaren lanbide-arloko hiru lanbide-kualifikazio ezartzen dituena). Honako konpetentzia-atal hauek hartzen ditu barnean:

UC2072_3: dokumentuen eta historia klinikoen artxiboak kudeatzea.

UC2073_3: dokumentu-tratamendua eta informazio kliniko eta asistentzialeko sistema garatzea eta normalizatzea.

UC2074_3: termino klinikoak eta prozedura diagnostikoei eta/edo terapeutikoei buruzkoak dokumentu klinikoetatik erauztea.

UC2075_3: osasun-dokumentaziotik erauzitako datu klinikoak eta ez-klinikoak kodetzea.

UC2076_3: prozedura administratibo-klinikoak egitea lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko pazienteen kudeaketan.

UC2077_3: datu klinikoak eta ez-klinikoak ustiatzea informazio kliniko eta asistentzialeko sistemarako, kalitate-kontrolerako eta ikerketarako.

– Osatu gabeko lanbide-kualifikazioa:

Despatxu eta bulegoetako dokumentu- eta kudeaketa-laguntza. ADG310_3 (107/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, lanbide-kualifikazioen katalogo nazionala osatzen duena, administrazioa eta kudeaketa lanbide-arloko zazpi lanbide-kualifikazio ezartzearen bidez). Konpetentzia-atal hauek barne hartzen ditu:

UC0986_3: hainbat formatutan dokumentazio eta aurkezpen profesionalak prestatzea.

UC0987_3: euskarri konbentzionaleko eta euskarri informatikoko informazio- eta artxibo-sistemak administratzea.

4. artikulua.– Lanbide-ingurunea.

1.– Lanbide-irudi hau duten pertsonek osasun-sektorean egiten dute lan, esparru publikoko organismoetan zein erakundeetan eta enpresa pribatuetan, hala lehen mailako arretan nola arreta espezializatuan, bai eta ospitaletan eta ikerketa-zentroetan ere.

Dagokien medikuak edo kasuko administrazio-kudeatzaileak gainbegiratzen du haien lana.

Estatuko osasun-administrazioak arautzen du haien lanbide-jarduera.

2.– Zeregin eta lanpostu aipagarrienak honako hauek dira:

Osasun-dokumentazioko goi-mailako teknikaria.

Osasun-dokumentazioa kodetzeko arduradun teknikoa.

Historia klinikoen artxiboen arduradun teknikoa.

Osasun-dokumentazioaren tratamenduaren eta diseinuaren arduradun teknikoa.

Osasun-laguntzako informazio-sistemen arduradun teknikoa.

Osasun-zerbitzuaren kalitatea ebaluatzeko eta kontrolatzeko arduradun teknikoa.

Prozesu administratibo-klinikoak kudeatzeko arduradun teknikoa.

Unitateen, sailen edo osasun zentroen administrazio-arduraduna.

Ikerketa biomedikorako taldeen laguntzailea.

Osasun-zerbitzuen idazkaria.

III. KAPITULUA
HEZIKETA ZIKLOAREN IRAKASGAIAK, ESPAZIOAK ETA EKIPAMENDUAK, ETA IRAKASLEAK

5. artikulua.– Heziketa-zikloko irakasgaiak.

1.– Heziketa-zikloaren helburu orokorrak:

a) Osasun-zentroetako bitartekoak, funtzionamendu-politikak eta izapideak aztertzea, ospitaleratzeak, altak, ohe-esleipena eta eskainitako gainerako zerbitzuak kudeatzeko.

b) Anatomofisiologiaren eta patologiaren ezaugarriak hautematea, eta, orobat, azterketa diagnostikoak eta aukera terapeutikoak, osasun-dokumentazioan terminologia klinikoa bereizteko.

c) Askotariko arreta-egoerak aztertzea, dagozkion diagnostikoak eta prozedura hautatzeko.

d) Dokumentuen beharrak eta eginkizunak zehaztea, eta, orobat, eraginkortasunaren, kalitatearen eta konfidentzialtasunaren gaineko ezaugarriak, osasun-dokumentazioa osatzeko eta izapidetzeko.

e) Historia klinikoen eta gainerako dokumentuen antolaketa eta mantentze-lanak aztertzea eta planifikatzea, artxiboa euskarri arruntean eta informatikoak kudeatzeko.

f) Datu klinikoak eta ez-klinikoak arau-irizpideekin lotzea, gaixotasunak sailkatzeko sistemak erabiltzeko.

g) Diagnostikoak eta prozedurak sailkatzea, hala nola horien elementuak eta kodeak, kodetze-prozesuak egin ahal izateko.

h) Tresna estatistikoak aplikatzea, datu-basea ustiatzeko eta balidatzeko.

i) Datuen oinarrizko gutxieneko multzoaren egitura ezagutzea, utilitateak eta ustiapen-modua hautemanda, osasun-dokumentazioa kudeatzeko.

j) Laguntza psikosozialeko eta komunikazioko teknikak hautatzea pazienteei eta senideei arreta eta orientabideak emateko.

k) Kexak eta erreklamazioak ebazteko teknikak aplikatzea, asistentziaren kalitatea eta asistentziaren gaineko gogobetetzea hobetzeko.

l) Antolaketa- eta kudeaketa-irizpideak, -prozesuak eta prozedurak aplikatzea arlo asistentzialetan eta arlo ez-asistentzialetan, administrazio-lanak egiteko.

m) Giza baliabideak, hornikuntza eta proiektuak kudeatzeko aplikazio informatiko orokorrak eta espezifikoak erabiltzea, administrazio-lanak egiteko.

n) Sektoreko bilakaera zientifikoarekin, teknologikoarekin eta antolamendukoarekin lotzen diren ikaskuntza-baliabideak eta -aukerak aztertzea eta erabiltzea, baita informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere, eguneratze-izpirituari eusteko eta laneko egoera berrietara eta egoera pertsonal berrietara egokitzeko.

ñ) Sormena eta berrikuntzako izpiritua garatzea, lanaren eta norberaren bizitzaren prozesuetan eta antolamenduan agertzen diren erronkei erantzuteko.

o) Erabakiak arrazoituta hartzea eta, horretarako, inplikatutako aldagaiak aztertzea, hainbat esparrutako jakintzak integratzea eta arriskuak eta erabaki okerrak hartzeko aukera onartzea, askotariko egoerei, arazoei edo gorabeherei aurre egiteko eta horiek ebazteko.

p) Gidaritza, motibazio, gainbegiratze eta komunikazioko teknikak garatzea talde-laneko testuinguruetan, betiere lantaldeen antolamendua eta koordinazioa errazteko.

q) Komunikazio-estrategiak eta -teknikak aplikatzea eta transmitituko diren edukietara, xedera eta hartzaileen ezaugarrietara egokitzea, komunikazio-prozesuen eraginkortasuna ziurtatzeko.

r) Laneko arriskuen prebentzioko egoerak, laneko jazarpena, sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena barne, eta ingurumen-babeseko egoerak ebaluatzea, norberaren eta taldearen prebentziorako neurriak proposatuz eta aplikatuz, lan-prozesuetan aplikatzekoa den araudiaren arabera, betiere ingurune seguruak bermatzeko.

s) Irisgarritasun unibertsalari eta «guztiontzako diseinua»ri erantzuteko beharrezkoak diren lanbide-ekintzak identifikatzea eta proposatzea.

t) Kalitate-parametroak identifikatzea eta aplikatzea ikaskuntza-prozesuan egindako lanetan eta jardueretan, ebaluazioaren eta kalitatearen kultura baloratzeko eta kalitate-kudeaketako prozedurak gainbegiratzeko eta hobetzeko gai izateko.

u) Kultura ekintzailearekin, enpresakoarekin eta ekimen profesionalekoarekin erlazionatutako prozedurak erabiltzea, enpresa txiki baten oinarrizko kudeaketa egiteko edo lan bati ekiteko.

v) Baldintza sozialak eta lanekoak arautzen dituen lege-esparrua kontuan harturik, gizarteko agente aktibo gisa dituen eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, herritar demokratiko gisa parte hartzeko.

2.– Honakoa da heziketa-zikloa osatzen duten lanbide-moduluen zerrenda:

Pazienteak kudeatzea.

Terminologia klinikoa eta patologia.

Diagnostikoak egitea eta prozedurak.

Osasun-artxiboa eta –dokumentazioa.

Osasun arloko informazio- eta sailkapen-sistemak.

Bulegotika eta informazioaren prozesua.

Osasun-kodetzea.

Laguntza psikosoziala paziente-erabiltzaileari.

Datuak balidatzea eta ustiatzea.

Osasun arloko administrazio-kudeaketa.

Osasun-dokumentazioaren eta -administrazioaren proiektua.

Ingeles teknikoa.

Laneko prestakuntza eta orientabidea.

Enpresa eta ekimen sortzailea.

Lantokiko prestakuntza.

I. eranskinean zehaztu da lanbide-moduluen ordu-esleipena eta lanbide-moduluak zein kurtsotan eman beharko diren.

Hezkuntzaren alorrean eskumena duen Sailak arautu ditzakeen heziketa-eskaintzen arabera egokitu ahal izango da moduluen ordu-esleipena eta moduluak zein kurtsotan emango diren, dekretu honen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat eginik.

3.– Lanbide-modulu bakoitzerako, ikaskuntzaren emaitzak (prestakuntzaldia amaitzean ikasleak jakin, ulertu eta egin dezan espero dena deskribatzen dutenak), eta ebaluazio-irizpideak eta eman beharreko edukiak ezartzen dira. II. eranskinean ezarri da hori guztia.

4.– Lantokiko prestakuntzako modulua, bestalde, bigarren kurtsoko azken 13 asteetan gauzatuko da, eta ikastetxean egindako lanbide-modulu guztien aldeko ebaluazioa lortuta egingo da.

5.– Europako Batzordeak ezarritako oinarrizko konpetentziak garatzeko eta sakontzeko gomendioei jarraituz eta lehentasuneko arloekin lotzen den prestakuntzaren garapenaren indarrez, curriculumean Ingeles teknikoa modulua txertatuta landuko da heziketa-ziklo horretan atzerriko hizkuntza, betiere Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Espazioak eta ekipamenduak.

Prestakuntza garatzeko, eta ezarritako emaitzak eta konpetentziak lortzeko gutxieneko espazioak eta ekipamenduak III. eranskinean zehazten dira.

7. artikulua.– Irakasleak.

1.– Heziketa-ziklo hau osatzen duten lanbide-moduluak honako irakaskuntza-kidegoetako irakasleak emango dituzte: Bigarren Hezkuntzako katedradunak, Bigarren Hezkuntzako irakasleak eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoak, betiere Dekretu honen IV. eranskineko 1. paragrafoan ezarritako espezialitateen arabera.

2.– Aipatu irakaskuntza-kidegoetako irakasleei oro har eskatzen zaizkien titulazioak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira. Izan ere, Errege Dekretu horrek onartzen du Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle-kidegoetako espezialitate berrietan sartzeko eta eskuratzeko araudia, eta arautzen du Lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean adierazten den sarrerako aldi baterako erregimena. Ondorio horietarako, aipatu titulazioen baliokideak –irakaskuntza-espezialitateen arabera– dekretu honen IV. eranskineko 2. paragrafoan jasotakoak dira.

3.– Hezkuntzakoaz bestelako administrazioetan barnean hartuta dauden titulartasun pribatuko nahiz titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasleentzat, titulua osatzen duten lanbide-moduluak emateko beharrezko titulazioak eta eskakizunak Dekretu honen IV. eranskinaren 3. atalean eman dira aditzera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide-moduluen helburuak bete beharko dituzte. Helburu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide-arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan-esperientzia frogatu beharko da «ziurtagiri» bidez –ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio-jarduerak garatzen hiru urteko esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.

4.– Sailaren ardura izango da lanbide-moduluak ematen dituzten irakasleek zehaztutako eskakizunak bete ditzaten, bermatuz horrela irakaskuntza horien kalitatea.

IV. KAPITULUA
BESTE IKASKETA BATZUETARAKO SARBIDEAK ETA LOTURA. BALIOZKOTZEAK, SALBUESPENAK ETA EGOKITASUNAK. BALIOKIDETASUNAK, ETA ONDORIO AKADEMIKOAK ETA PROFESIONALAK. URRUTIKO ESKAINTZA ETA BESTELAKO MODALITATEAK

8. artikulua.– Heziketa-ziklo honetan sartzeko lehentasunak, egindako Batxilergoko modalitateei eta gaiei dagokienez.

Heziketa-ziklo honetara sartzeko lehentasuna izango dute batxilergoan Zientzia eta Teknologiaren modalitatea edo Giza eta Gizarte Zientzien batxilergoa ikasi dutenek.

9. artikulua.– Beste ikasketa batzuetarako sarbideak eta haiekiko lotura.

1.– Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluak aukera ematen du goi-mailako edozein heziketa-ziklotara zuzenean sartzeko, betiere horretan onartzeko ezartzen diren baldintzetan.

2.– Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluak aukera ematen du graduko edozer unibertsitate-titulutara zuzenean sartzeko, betiere horretan onartzeko ezartzen diren baldintzetan.

3.– Hezkuntzaren alorreko eskumendun Sailak zehaztuko du Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluak eta berarekin loturaren bat duten unibertsitate mailako tituluak baliozkotzeko araubidea. Baliozkotzeko erregimena errazteko, 120 ECTS kreditu esleitu dira dekretu honetan ezarritako irakaskuntzetan, heziketa-zikloko lanbide-moduluen artean.

10. artikulua.– Baliozkotzeak, salbuespenak eta korrespondentziak.

1.– Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean Laneko prestakuntza eta orientabideko modulua edo Enpresa eta Ekimeneko modulua gaindituak dituenak modulu horiek baliozkotuak izango ditu lege horren babespeko beste ziklo guztietan.

2.– Hezkuntza-sistemaren antolamendu orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide-moduluen eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritakoen arteko baliozkotzeak V. eranskinean adierazten dira.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen otsailaren 26ko 32/2008 Dekretuaren 27. artikuluan ezarritakoaren arabera, Lantokiko prestakuntza lanbide-modulua osorik edo zati batean salbuestea erabaki ahal izango da, baldin eta heziketa-ziklo honekin lotutako lan-esperientzia egiaztatzen bada, artikulu horretan jasotako baldintzen arabera.

4.– Laneko esperientziaren bidez eskuratutako lanbide-konpetentziak aintzat hartzeko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuan xedatutako prozeduraren bitartez, titulu honetan barnean hartzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Laneko prestakuntza eta orientabidea modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta:

– Urtebeteko lan-esperientzia, gutxienez, egiaztatzen badute.

– Jarduera prebentiboaren oinarrizko funtzioak betetzeko xedatutako prestakuntzaren egiaztagiria badute –Prebentzio-zerbitzuen erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera emandako egiaztagiria izango da–.

5.– Titulu honen profilarekin lotzen diren konpetentzia-atal guztiak egiaztatu dituztenek Ingeles Teknikoko modulua baliozkotzea eskatu ahal izango dute, baldin eta proiektuko lanbide-modulua gainditzen badute. Edonola ere, gutxienez 3 urteko lan-esperientzia egiaztatu beharko dute, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 40.5 artikuluan xedatutakoaren indarrez.

6.– Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluaren irakaskuntzako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek baliozkotzeko edo salbuesteko– eta titulu honetako lanbide-moduluen eta konpetentzia-atalen arteko egokitasuna –horiek egiaztatzeko– VI. eranskinean jaso da.

11. artikulua.– Urrutiko eskaintza eta bestelako modalitateak.

Hezkuntzaren alorrean eskumena duen Sailak ziklo honetako irakaskuntzak araubide orokorrean ezarritakoaz bestelako eskaintza osoaren modalitatean eta urrutiko irakaskuntzan edo beste modalitate batzuetan eskaini ahal izateko baimena eta eskaintza horren oinarrizko alderdiak (hala nola moduluen iraupena eta sekuentziazioa) arautuko ditu, hala badagokio.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Titulazio baliokideak eta lanbide-trebakuntzekiko lotespena

1.– Apirilaren 7ko 543/1995 Errege Dekretuak ezarritako Osasun-dokumentazioko goi-mailako teknikari-tituluak eta irailaren 12ko 768/2014 Errege Dekretuan ezarritako Osasun Dokumentazioko eta Administrazioko goi-mailako teknikari-tituluak ondorio profesional eta akademiko berberak izango dituzte.

2.– Laneko prestakuntza eta orientabidea lanbide-modulurako dekretu honetan xedatutako prestakuntzak trebatu egiten du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako jardueretarako urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan xedatutako lanbide-erantzukizunez arduratzeko, baldin eta gutxienez 45 eskola-ordu ematen badira. Errege-dekretu horrek prebentzio-zerbitzuen araudia onartzen du.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Metodologia berriz egindako proiektuak baimentzea.

Lanbide Heziketaren alorrean eskumena duen Sailburuordetzak aukera izango du dekretu honen I. eranskinean xedatutakoaz bestelako iraupena duten proiektuak baimentzeko, baldin eta moduluen kurtsokako banaketa aldatzen ez bada eta titulua sortzeko errege-dekretuan modulu bakoitzari esleitutako gutxieneko orduak errespetatzen badira.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala