Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2015eko abenduaren 31, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
5526

AGINDUA, 2015eko abenduaren 23koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, etxebizitzak eta eraikinak era efizientean birgaitzeko Renove Programaren 2016rako laguntzen deialdia arautzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku-hartze proiektuak egin eta haien ondoriozko obrak egikaritzeko.

Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (2012ko abenduaren 31ko 249. zk. EHAA, eta hutsen zuzenketa, 2003ko apirilaren 7ko 69. zk. EHAA) birgaitze-jardunen araubide juridikoa arautzen du, etxebizitza-sektorea bultzatu eta sustatzeko. Dekretu horren garapenean, 2007ko maiatzaren 2ko Agindua eman zen; Agindu horretan Birgaitze Integratuko Eremuetako edo Bizitegi Eremu Narriatu gisa deklaratutako eremuetako ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko diru-laguntzak ezarri ziren.

2012/27/EB Zuzentarauak, energia-efizientziari buruzkoak, 4. artikuluan estatu kideak epe luzerako estrategia bat garatzera behartzen ditu bizitegi-eraikinen berrikuntza zorrotz eta errentagarrian inbertsioak mobilizatzeko, higiezin-parkearen energia-errendimendua hobetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko xedez.

Ildo beretik, hiri-birgaitze, hiri-birsortze eta hiri-berritzeei buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legeak (153. zk. BOE, 2013ko ekainaren 27koa), nahitaezkotzat jotzen du «eraikinen ebaluazio-txosten bat» egitea, eta 241/2012 Dekretuak, azaroaren 21ekoak (241. zk. EHAA, 2012ko abenduaren 16koa), bere ondorengo aldaketarekin batera, hots, 80/2014 Dekretua, maiatzaren 20koa (101. zk. EHAA, 2014ko maiatzaren 30ekoa), Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa erregulatzen dute, zeinaren txostenak eraikinen energia-ziurtapenerako oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak (89. zk. BOE, 2013ko apirilaren 13koa) erregulatzen duen eraikinaren Energia Eraginkortasuneko Ziurtagiria barnean hartu behar duen.

Hiri-birgaitzea, hiri-birsortzea eta hiri-berritzea eta era berean eraikinen energia-ziurtapena eta eraikinen ikuskapen teknikoa sustatzen dituen legeria-esparruaren barruan, eta politikak suspertze ekonomikorantz, higiezinen eta eraikuntzaren sektorearen birmoldaketarantz berrorientatu beharra dagoela kontuan izanik, bidezkotzat jotzen da laguntza ekonomikoko programa espezifiko bat garatzea, energia-efizientzia hobetzeko neurrien betearazpena eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, ingurumen-alorreko nahiz gizarte- eta ekonomia-alorreko eredu jasangarri eta integratzailea bermatuz.

Horretan guztian laguntzeko, diru-laguntzei buruzko Agindu hau garatzen da; etxebizitza-erabilera nagusia duten, blokeak edo etxadiak osatuz taldekatuta dauden, 1980a baino lehenagoko eraikitze-data duten eta hiri- eta egitura-egokitzapena duten eraikinen gainean jarduteko proposamenak aurkezten dituzten Jabeen Erkidego, Udal, Toki Erakunde Txiki, Etxebizitza Sozietate Publiko eta Etxebizitzen sustatzaile Publikoei zuzenduta dago Agindu hau.

Diru-laguntzei buruzko Agindu hori gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzeko erregimenaren mende egongo da.

Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren Lehen Xedapen Gehigarriak Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua gaitzen du, Agindu bidez, birgaitze-programa espezifikoak ezartzeko, betiere birgaitzeko esku-hartze jakin batzuen ezaugarri bereziek edota ezohiko eta ezusteko zirkunstantziek sortutako egoerek hori aholkatzen badute.

Arestian adierazitako Dekretuari jarraiki, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren artikuluak esleitzen didan eskumena gauzatuz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko Legegintza Dekretuaren VI. Tituluarekin eta VII. Tituluaren II. eta III. kapituluekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak diren gainerako xedapenekin lotuta, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da etxebizitzak eta eraikinak era efizientean birgaitzeko Renove Programaren 2016rako laguntzen deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko ondare eraikian esku-hartze proiektuak egin eta haien ondoriozko obrak egikaritzeko.

2.– Etxebizitza-erabilera nagusia izanik blokeak edo eraikuntza-etxadiak osatuz taldekatuta dauden, gutxienez horren alde bat barnean hartzen duten, 1980a baino lehenagoko eraikitze-data duten eta hiri- eta egitura-egokitzapena duten zenbait familiako eraikinetan esku hartzeko jomuga izango dute esku-hartze proiektu horietan proposatutako jardunek, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritako baldintzei jarraiki.

3.– Laguntza-programa horrekin bat egingo duten ondare eraikian esku-hartze proiektuek aurretik existitzen ziren eraikinen irisgarritasuneko, bizigarritasuneko eta energia-eraginkortasuneko baldintzak hobetzeko helburua izan beharko dute, hurrengo artikuluetan adierazitako baldintzak betetzeaz gain.

4.– Diru-laguntzarik ez dute jasoko bizilagunik gabeko eraikinetan, aurri-egoeran daudela deklaratutakoetan edo aurri-egoeran egon litezkeenetan egiten diren jardunek.

5.– Diru-laguntzarik ez dute jasoko jada hasita dauden eta lizentzia emana duten obrek, egitura sendotzeko obrek, fatxaden konponketek, urbanizazioetan irisgarritasuna hobetzeko lanek eta etxebizitza kopurua areagotzeko eraikinen birgaitze integralek.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jardunak.

1.– Laguntza-programa honekin bat egiteko, jarraian zerrendatzen diren jardun guztiak bilduko dituzten esku-hartze proposamenak planteatuko dira, Agindu honetan xehatzen diren baldintzei jarraiki:

a) Eraikinaren energia-portaera hobetzea: eraberritzearen ondoren, gutxienez C energia-ziurtagiria lortu beharko da, apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuak, eraikinen energia-efizientzia ziurtatzeko oinarrizko prozedura onartzen duenak, zehaztutako prozeduraren arabera. Tankera honetako jardunak egin beharko dira:

– Jardun pasiboak eraikinen inguratzailean, berokuntzarako urteko energia-eskaria gutxienez % 30 murriztuz, hornitutako energia alferrik galtzea eragoztearren. Energia-efizientziako gutxieneko eskakizunak memoria teknikoan justifikatuko dira, Eraikuntzarako Kode Teknikoaren Energia Aurrezteko Oinarrizko Dokumentuaren arabera.

– Eraikineko sistema eta instalazioen errendimendua eta eraginkortasuna hobetzeko jardun aktiboak, betiere horiei esker eraikinaren energia primarioaren urteko kontsumoa gutxienez % 30 murrizten bada, kontsumo apalagoaz konfort-maila berberari eutsiz. Instalazio zentralizatuak barnean hartzen dira energia-efizientzia handiko ekipoekin, energia-efizientzia handiko ekipoen zuzkidura, baita eguzki-kolektoreen eta energia berriztagarriko bestelako iturrien inkorporazioa ere. Kanpo geratzen da galdara indibidualak eraikineko sorgailuen % 80tik beherako portzentajean ordeztea, horien potentzia termikoen batura 100Kw-tik beherakoa bada. Instalazio termikoak bete behar dituen energia-efizientziako gutxieneko eskakizunak memoria teknikoan justifikatuko dira, Eraikuntzarako Kode Teknikoaren eta Eraikinen Instalazio termikoen Arautegiaren (RITE) arabera.

b) Eraikinen irisgarritasuna hobetzea, bide publikotik etxebizitza bakoitzera sartzeko aukera bermatuz, garaierak mailekin gainditu behar izan gabe.

c) Segurtasun-baldintzak hobetzea: suteen aurka, suteak detektatzeko, alarma jotzeko eta itzaltzeko ekipamendu eta instalazio orokor egokiak izan beharko ditu eraikinak edo eraikin-multzoak; horrez gain, larrialdiko argiztapena izan beharko du, eraikina hustu behar izanez gero argiztapena bermatzeko eta irteerako seinaleak eta dauden babes-ekipamendu eta -baliabideak ikusi ahal izateko.

d) Bizigarritasun-baldintzen hobekuntza lortzeko jardunak, perimetro eraikia areagotzea dakartenak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduera babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren IV. eranskinari jarraiki.

e) Energia-monitorizazioa. Eraberritutako eraikinaren energia-efizientziaren hobekuntza egiaztatzeko eta kuantifikatzeko, ezinbestean egin beharko dira barneko konfort termikoa eta berokuntzaren energia-kontsumoa neurtzeko jardunak, eraberritutako eraikinaren edo blokearen etxebizitza-lagin adierazgarri batean. Horri dagokionez, monitorizatuko diren etxebizitzak Etxebizitza Zuzendaritzaren irizpideei jarraiki zehaztuko dira, eraikuntza-tipologiaren, kokapen eta orientazioaren, berokuntza-sistemen eta eraikinaren nahiko adierazgarria den lagin bat ateratzen laguntzen duen beste edozein irizpideren arabera. Monitorizatuko diren etxebizitzen gutxieneko kopurua –eskabidearen barnean hartutakoa– 20 etxebizitza edo gutxiagoko eskabideen % 20 eta 20 etxebizitza baino gehiagoko eskabideen % 15 izango da. Esku-hartzean aurreikusitako monitorizazio-instalazioak Agindu honen III. eranskinean zehaztutako ezaugarriak izan beharko ditu.

2.– Aurreko ataletan aipatutako jardunek interes kulturaleko higiezinei edo beste edozein babes-erregimen dutenei eragiten badie, irtenbide berritzaileak bilatuko dira, energia-efizientzia hobetzeko eta irisgarritasuna bermatzeko egokitzapenak eginez, baina, aldi berean, balio babestuak zainduz. Edonola ere, jardun horiek aplikagarria den babes-erregimena kudeatzeko eskumena duen organoaren aldeko txostena edo baimena beharko dute, dagokion organoaren araudiaren arabera.

3.– Higiezinaren egungo egoerak ez badu eskatzen arestian deskribatutako ezein esparrutan jardutea, adierazitako baldintzak bermatuta daudelako, ez da beharrezkoa izango puntu horretan jardunak txertatzea, eta aurkeztutako dokumentazioan justifikatu beharko da arlo hori.

4.– Aurrez deskribatutako esparruetan jardunen bat egitea ezinezkoa gertatzen bada, aurkeztutako dokumentazioan zehatz-mehatz justifikatu beharko da hori. Ezintasun tekniko bat baldin bada, hori egiaztatzen duen txosten tekniko bat gaineratu beharko da.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Laguntzen onuradunak izango dira planteatutako esku-hartze proposamenen esparruko Jabeen Erkidegoak, betiere diru-laguntzaren helburua diren jardunak egiten badituzte.

Horrez gainera, laguntzen onuradunak izan daitezke, baita ere, Udalak, Toki Erakunde Txikiak, Etxebizitza Sozietate Publikoak eta Etxebizitzen sustatzaile Publikoak, betiere jardunen esparruaren barnean hartuta dauden eta errentamendu-helburua duten eraikuntzen jabeak badira, erabat edo partzialki.

2.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta dauden pertsona fisikoek ezin izango dituzte laguntza-deialdi honen xede diren diru-laguntzak lortu, ezta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko Seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

3.– Onuradunek Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Laguntza-eskabideei dagokienez, 1. artikuluan adierazitako multzoak osatzen dituzten Jabeen Erkidegoen ordezkariek aurkeztu beharko dituzte, Jabetza Horizontalari buruzko legean xedatutako baldintzei jarraiki. Hori gorabehera, II. eranskinari jarraiki, eskabideak aurkezteko dagokion baimena eman ahal izango zaio hirugarrenen bati, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 32. artikuluan ezarritakoaren arabera. Udalen, Toki Erakunde Txikien, Etxebizitza Sozietate Publikoen eta Etxebizitzen sustatzaile Publikoen kasuan, eskabidea horien legezko ordezkariak egin beharko du.

2.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Laguntzak eskuratzeko eskabidea, I. eranskinean jasotako formatuaren arabera formalizatua.

b) Jabeen Erkidegoen IFKaren fotokopia konpultsatua.

c) Legezko ordezkaritza egiaztatzen duen Tituluaren kopia konpultsatua.

d) Proposamenaren edukia, honako hauek bilduko dituena:

– Proposamenaren deskribapen-, justifikazio- eta ekonomia-memoria, Agindu honen bigarren artikuluan xehatutako puntuen esanbidezko erantzunarekin, eta eraginpeko eraikinen argazkiekin.

– Eremuaren kokapen-planoa.

– Eskatutako esku-hartzeen jardun-programa.

– Esku-hartzearen xede diren eraikinen ikuskapen teknikoak, Udaleko sarrera-erregistroaren zigiluarekin, azaroaren 21eko 241/2012 Dekretuak (EHAA, 241. zk., 2012ko abenduaren 16koa), Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen ikuskapen teknikoa arautzen duenak, eta haren ondorengo aldaketa egin zuen maiatzaren 20ko 80/2014 Dekretuak (EHAA, 101. zk., 2014ko maiatzaren 30ekoa) ezarritakoaren arabera.

e) Jabeen Bilkuran onetsi izanaren akordio-ziurtagiria, agindu honen II. eranskinari jarraiki (esku-hartze proposamena osatzen duten erkidego bakoitzeko). Akordioaren ziurtagiria aurreko letran aipatutako esku-hartze proposamenari buruzkoa izango da, eta obraren norainokoa eta onartutako zenbatekoa jasoko ditu.

f) Proposamenaren energia-efizientziako ziurtagiria, eraikuntza berriko eraikinen energia-eraginkortasuneko ziurtagiria lortzeko oinarrizko prozedura onartzen duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuari jarraiki.

g) Udal-txostena, esku-hartzearen egokitasunari buruzkoa, IV. eranskinaren arabera.

h) Errentamendu babestuko kontratuak.

i) Organo eskudunak beharrezkotzat jotako bestelako edozein dokumentazio osagarri.

3.– Epea.

Eskabideak hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko dira, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Etxebizitza Zuzendaritzak aurkeztutako eskabidean akatsen bat dagoela edo gaizki adierazita dagoela, edo aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinarazi eta 10 eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko edo falta dena aurkezteko. Halaber, hori egin ezean eskabideari uko egin diola ulertuko dela adieraziko dio, Ebazpena –Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritako moduan idatzi beharrekoa– eman ondoren.

4.– Aurkezteko lekua.

Eskabideak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren edota Lurralde Ordezkaritzen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein modutan.

5. artikulua.– Diru-laguntzetarako aurreikusitako kreditua eta zenbatekoa.

1.– Aurreikusitako kreditua.

Laguntza horiek emateko 5.500.000 euro bideratuko dira guztira, eta honela banakatuko da kopuru hori:

2016. urtean: 100.000 euro / 2017. urtean: 1.800.000 euro / 2018. urtean: 2.250.000 euro / 2019. urtean: 1.350.000 euro.

Programa hau Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatzen du. Horrenbestez, laguntzen programa honetan sartzen diren esku-hartze proiektuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zenbakidun Araudian (EB) ezarritakoaren eraginpean egongo dira (EBAO L347/320ES, 2013-12-20koa). EGEFek jarriko duen zenbatekoa Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako zenbatekoaren % 50 izango da.

2.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1) Txostenak, ziurtagiriak eta proiektuak idazteko.

Dokumentuen idazkuntza-ordainsarien kostu garbiaren (zergak salbu) % 60ko oinarrizko laguntza bat emango da, eta haren gehieneko muga esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua 800 eurorekin biderkatuz zehaztuko da. Birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan, oinarrizko laguntzaren gainean kalkulatutako % 20ko laguntza osagarria emango da.

2) Obrak egikaritzeko, esku-hartze proposamenak biltzen dituen jardunen arabera kalkulatuko dira oinarrizko laguntzak, eta diruz lagundu daitekeen jardun bakoitzerako, diruz lagundutako jardunen kontrata-aurrekontuaren (zergak salbu) % 50 emango da gehienez ere. Birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan egingo diren jardunetarako, gehieneko zenbateko hori diruz lagundutako jardunetarako kontrata-aurrekontuaren % 60 izango da (zergak salbu).

Diruz lagundu daitezkeen ondorengo jardunen oinarrizko laguntzek gehieneko muga bat izango dute, hau da, esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua honako zenbateko hauekin biderkatzearen ondoriozkoa.

a) Energia-portaera hobetzeko, gehienez ere 8.200 euro/etxebizitza emango da:

– Eraikinetako inguratzailearen gaineko jardun pasiboetarako, gehienez ere 6.000 euro/etxebizitza emango da.

– Eraikinaren sistema eta instalazioen errendimenduan eta efikazian eragina duten jardun aktiboetarako, gehienez ere 2.200 euro/etxebizitza emango da.

% 80tik gorako kopurua duten galdara indibidualak instalatzeko, sorgailuen potentzia termikoen (kW) batura 30 eurorekin biderkatzearen ondoriozko gehienekoa emango da.

Eguzki-instalazioetarako, eguzki-instalazio termikoaren potentzia 1.500 eurorekin biderkatzearen ondoriozko gehienekoa emango da, aipatu potentzia honako era honetan kalkulatuta: 0,7kW/m2 kaptadore.

Eraikin baterako, energia geotermikoa erabiltzen duten ur bero sanitarioa sortzeko eta/edo berokuntzako instalazioetarako, sorgailuaren potentzia termikoa (kW) 3.900 eurorekin biderkatzearen ondoriozko gehienekoa emango da.

b) Irisgarritasuna hobetzeko:

– Lehendik igogailurik ez zeukaten eraikinetan igogailua instalatzea barnean hartzen duten jardunetarako honako hau emango da:

Igogailua kanpoaldean instalatzeko, eskailerak aldatuz, gehienez ere 60.000 euro/igogailu.

Igogailua barnealdean instalatzeko, eskailerak aldatuz, gehienez ere 45.000 euro/igogailu.

– Igogailuen egokitzapena barnean hartzen duten jardunetarako, gehienez ere 20.000 euro/igogailu emango da.

– Zero kotarainoko irisgarritasuna gauzatzea dakarten jardunetarako, gehienez ere 12.000 euro emango dira.

c) Energia-monitorizaziorako, gehienez ere 140 euro/etxebizitza emango da.

d) Suteen aurkako segurtasunerako, honako zenbateko hauek emango dira:

– Su-itzalgailuak eta larrialdi-argiak instalatzeko, gehienez ere 50 euro/etxebizitza.

– Tutu lehorra instalatzeko, gehienez ere 100 euro/etxebizitza.

– Detekzioa eta alarma instalatzeko, gehienez ere 150 euro/etxebizitza.

Birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan, oinarrizko laguntza bakoitzaren gainean kalkulatutako % 20ko laguntza osagarria emango da.

Edozein kasutan, 1) eta 2) puntuetan adierazitako oinarrizko laguntzen baturaren gehieneko mugari dagokionez, esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen guztizko kopurua 15.000 eurorekin biderkatuz zehaztuko da muga hori. Birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan bildutako jardunetan, esku-hartze proiektuaren aplikazio-eremuaren barnean hartutako etxebizitzen kopurua 18.000 eurorekin biderkatuz zehaztuko da zenbateko hori.

6. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte, honako lehentasun-ordena honi jarraiki:

1.– Onetsitako proposamenak ordenatuko dira jarraian zerrendatutako diru-laguntzetarako jardunen kopuru handiena biltzen duten esku-hartzeen arabera:

Energia-portaera hobetzea, inguratzailearen gaineko jardun pasiboa lehenetsiz (a); irisgarritasuna hobetzea, igogailuak jartzea lehenetsiz igogailurik gabeko blokeetan, gainerakoen aurretik (b); eta suteen aurkako segurtasuna hobetzea (c). Hori horrela izanik, lehenik eta behin, hiru jardun horiek barnean hartzen dituztenak hautatuko dira, eta talde horren barruan, Aginduaren helburuekin bat datozen irtenbide berritzaileak dituztenak lehenetsiz ordenatuko dira onetsitako proposamenak, eta ondoren, esparruko jabekideen artean lortutako akordio-ehunekoaren eta horiek ordezkatzen dituzten partaidetza-kuoten arabera. Horrela, lehenik eta behin, jabekideen % 100en akordioa eta % 100eko partaidetza-kuota duten proposamenak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan. Partaidetza-kuotaren ehunekoari lehentasuna emango zaio, jabeen akordio-ehunekoaren aurretik.

2.– Partaidetza-kuota eta jabeen arteko akordio-ehuneko berdina duten proposamenen kasuan, etxebizitza-unitateen kopuru handienerako onuraduna den esku-hartze proposamena dutenei lehentasuna emanez egingo da hautaketa.

3.– Loturaren, akordioaren, partaidetzaren eta etxebizitza-unitateen kopuruaren parametro berberak dituzten proposamenak badaude, errentamendu babestuko etxebizitza gehien eraginpean hartzen dituzten jardunak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan.

Hainbat blokez osatutako jabeen erkidegoen multzoen kasuan, akordioak bloke guztien jarduna legalki lotesten badu baino ez da lortuko diru-laguntza, eta hori horrela ez bada, banan-banan aztertuko dira (blokez bloke), eta ez guztiak multzo gisa.

Arestian aipatutako baldintzak betetzen dituzten proposamenen hautaketa amaitu ondoren, saldo soberakina geratzen bada, inguratzailearen (a) eta irisgarritasunaren hobekuntzaren gainean (b) diharduten proposamenekin gauzatuko da deskribatutako prozedura, igogailuen instalazioari gainerakoei baino lehentasun handiagoa emanez, eta lehen kasuan bezala, esparruko jabekideen artean lortutako akordio-ehunekoaren eta horiek ordezkatzen dituzten partaidetza-kuoten arabera ordenatuko dira onetsitako proposamenak. Horrela, lehenik eta behin, jabekideen % 100en akordioa eta % 100eko partaidetza-kuota duten proposamenak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan. Partaidetza-kuotaren ehunekoari lehentasuna emango zaio, jabeen ehunekoaren aurretik.

Jabeen arteko akordio-ehuneko berdina duten proposamenen kasuan, etxebizitza-unitateen kopuru handienerako onuraduna den esku-hartze proposamena dutenei lehentasuna emanez egingo da hautaketa. Loturaren, akordioaren, partaidetzaren eta etxebizitza-unitateen kopuruaren parametro berberak dituzten proposamenak badaude, errentamendu babestuko etxebizitza kopuru handiena eraginpean hartzen dituzten jardunak hautatuko dira, eta horrela, korrelatiboki, goitik beherako ordenan.

Jabeen kopuruari edo partaidetza-kuotei dagokienez lortutako akordioa Jabetza Horizontalari buruzko indarreko Legean zehaztutakoa baino txikiagoa bada, proposamena ez da inolaz ere onartuko, betiere horren eraginez jarduna bideraezina bada.

Proiektuei eman beharreko zenbatekoak esleituko dira hautaketa-fasearen ondorioz ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera, eta 5. artikuluak kasu bakoitzean ahalbidetzen duen gehieneko kopurua emango da, deialdiaren diru-hornidura agortu arte.

7. artikulua.– Eskabideen kudeaketa eta balioespena.

1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-zereginak gauzatzea Etxebizitza zuzendariari dagokio.

2.– Aurkeztutako eskaerak esleipen-irizpideen arabera balioesteko, Balioespen Batzorde bat eratuko da, kide hauek osatua:

Etxebizitzako zuzendariak (edo Etxebizitzako sailburuordeak hura ordezteko izendatzen duen pertsonak), lehendakari gisa.

Proiektu, Obra eta Ikuskapeneko zerbitzuburuak (edo Etxebizitzako sailburuordeak hura ordezteko izendatzen duen pertsonak).

Etxebizitzako zuzendaritzako teknikari batek (edo Etxebizitzako sailburuordeak hura ordezteko izendatzen duen pertsonak), idazkari gisa.

3.– Balioespen-prozesuan, Batzordeak aukera izango du interesdunei horren edukia garatzeko egokitzat jotzen dituen argibide guztiak eskatzeko.

4.– Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Etxebizitza Sailburuordetzari. Proposamen horretan honako hauek bilduko dira: onuradunen zerrenda, lehentasun-ordenaren arabera, laguntzaren xede diren jardunen eta proposatutako diru-laguntzen zenbatekoaren berri emanez, eta hala badagokio, baita atzera bota behar dituen eskabideen zerrendaren eta eskabideak atzera botatzeko arrazoien berri emanez ere.

8. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.

1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskaerak prozedura bakarrean izapidetuko dira. Etxebizitzako sailburuordeari dagokio interesdunek planteatutako gai guztien gainean ebaztea, Balioespen Batzordearen proposamenei jarraituz.

2.– Hartzen den erabakiaren mende egongo da eskatutako diru-laguntzak ematea edo ukatzea. Emanez gero, datu hauek jasoko dira ebazpenetan: erakunde onuradunen izena, diruz lagundutako inbertsio edo gastuaren zenbatekoa, IFK edo NANa, diru-laguntzaren zenbatekoa –diruz lagundutako jardunetan banakatua eta laguntzaren zenbatekoa urterokotan banatua– eta jardunak egikaritzeko epea. Ezetsitako diru-laguntzen kasuan, datu hauek jasoko dira: eskatzaileen izena edo izen soziala, IFK edo NANa eta diru-laguntza ukatzeko arrazoiak.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren egunaren biharamunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei. Dena den, haren ezagutza orokorra bermatzearren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da entitate onuradunen zerrenda, bakoitzari eman zaion diru-laguntza eta diruz lagundutako inbertsio-proiektua adieraziz.

5.– Prozedura ebazteko eta ebazpenak interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, deialdi-agindua argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita. Adierazitako epea igarota ebazpenaren jakinarazpena egin ez bada, egindako eskaera ezetsitzat hartuko da eta horrela ulertu beharko dute interesdunek, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.

6.– Laguntzen emakidak obra birgaitze-jardun babestutzat aitortzea ekarriko du ondorio guztietarako, abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuan ezarritakoari jarraiki.

7.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

9. artikulua.– Jardunen denbora-eremua.

1.– Onuraduna kontratu publikoen araudiaren eraginpeko erakunde publikoren bat bada, laguntzaren xede diren jardunek esku-hartze proiektua kontratatuta edo kontratazio-espedientea hasita eduki beharko dute hilabeteko epean, laguntzen prozeduraren ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

2.– Laguntzaren xede diren jardunak 2016ko ekitaldian hasi beharko dira eta 2019ko uztailaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dute, eta obren onarpen-aktaren edota obra-amaieraren ziurtagiri ofizialaren bitartez ziurtatu beharko da arlo hori.

3.– Diruz lagundutako jarduna egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, eta erakunde onuradunarekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiak tarteko, erakunde horrek epea luzatzea eskatu ahal izango du, ezarritako egikaritze-epea iraungi aurretik. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, eta ezta 2018ko abenduaren 31tik aurrera ere. Luzapena Etxebizitzako sailburuaren ebazpen baten bidez onartu beharko da, Etxebizitza Zuzendaritzak aldeko irizpena eman ondoren.

10. artikulua.– Ordainketa.

1.– Deialdi honen babespean emandako diru-laguntzaren ordainketa honela egingo da:

a) Ordain-agindu partzialen bitartez, Etxebizitza Zuzendaritzak Obra Proiektua onartu ondoren, emandako ebazpenari jarraiki eta udal-zerbitzuek Obren Udal Lizentzia esleitu eta gero, eta egindako gastua egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren.

Ordain-agindu horien zenbatekoa honako hau izango da: zerbitzu profesionalen ordainsari teknikoen gastu justifikatuaren (zergak salbu) % 60 eta obra-ziurtagirietan justifikatutako gastuaren (zergak salbu) % 50 batzearen emaitzako zenbatekoaren % 90. Birgaitze integratuko areetan edo bizitegi-area degradatuetan, oinarrizko laguntza bakoitzaren gainean kalkulatutako % 20ko zenbateko osagarria ordainduko da.

b) Zenbateko osoaren % 10aren baliokidea den azken ordainketa bat egingo da diruz lagundutako birgaitze esku-hartzea amaitu izana dokumentu bidez ziurtatu ondoren. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko da: Obra Amaierako Likidazioa, Obra Zuzendaritzak sinatua, ordainketaren egiaztagiria eta obraren amaierako egoera erakusten duten argazkiak, Obra Amaierako Ziurtagiria, amaitutako eraikinaren energia-efizientziako ziurtagiria, instalazio termikoaren ziurtagiria, instalazioaren zuzendariak edo Autonomia Erkidegoko organo eskudunak baimendutako instalatzaileak sinatua, eta laguntzaren xede izan diren jardunak behar bezala egin direla egiaztatzen duen zuzendaritzaren txostena.

Ekitaldi batean inola ere ezingo da ordaindu esleipen-ebazpenak urteroko horretarako ezartzen duena baino zenbateko handiagoa.

2.– Egindako ordainketa ziurtatzeko beharrezko dokumentuak honako hauek ditugu:

a) Inbertsioaren egiaztagiriak: fakturak, obra-zuzendaritzak sinatutako obra-ziurtagiriak eta ziurtagiria ematean obrak zuen egoera islatzen duten argazkiak.

Diru-laguntzaren likidaziorako: Obra Amaierako Likidazioa, Obra Zuzendaritzak sinatua, ordainketaren egiaztagiria eta obraren amaierako egoera erakusten duten argazkiak, Obra Amaierako Ziurtagiria, amaitutako eraikinaren energia-efizientziako ziurtagiria, instalazio termikoaren ziurtagiria, instalazioaren zuzendariak edo Autonomia Erkidegoko organo eskudunak baimendutako instalatzaileak sinatua, eta laguntzaren xede izan diren jardunak behar bezala egin direla egiaztatzen duen zuzendaritzaren txostena.

b) Egindako ordainketen frogagiriak: banku-transferentzia edo –ziurtagiriak edota ordainketa-laburpenak, bertan adieraziz argi eta garbi identifikatuta ordainketaren hartzailea eta jaulkitzailea, ordainketaren xede den fakturaren zenbakia eta ordainketa-eguna, onuradunak Etxebizitza Zuzendaritzara bidali beharko duena laguntzaren ordainketa jaso eta hilabeteko epearen barruan.

Ez da eskudirutan egindako ordainketarik onartuko. Ordaintzeko modua banku-transferentzia bat baldin bada, haren karguaren frogagiriaren kopiaren bitartez justifikatuko da, transferentziaren kontzeptuan faktura-zenbakia adieraziz, edo, halakorik ezean, ordainketa-kontzeptua. Aurkezten diren ordainagiri guztietan onuradunak ordainketaren jaulkitzaile gisa agertu behar du; ordainagirian ordainketaren jaulkitzailea agertzen bada, banku-erakundearen egiaztagiria aurkeztu beharko da honako hauei buruzko informazioarekin: ordainketa-jaulkitzailea, ordainketaren hartzailea, data eta zenbatekoa.

Oinarrietan aurreikusitako justifikazio-epeen amaiera-dataren ondoren mugaeguneratzen diren ordainketa geroratuen kasuan, laguntza-xede gisa onartuko diren bakarrak honako hauen bitartez egindakoak izango dira:

a) Txeke pertsonala, bere deskontua banku-laburpenean justifikatuz.

b) Banku-txekea, hornitzaileak emandako jaso izanaren agiria gaineratuz, eta agiri horretan ordaintzeko modu gisa onartuz.

c) Ordaindukoa, hornitzaileak emandako jaso izanaren agiria gaineratuz, eta agiri horretan ordaintzeko modu gisa onartuz.

d) Kanbio-letra, onartua.

e) Kreditu-gutun ezeztaezina berretsiz edo dokumentu-kreditu ezeztaezina.

11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolamendu Arauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan zehaztutako lege-betebeharrak bete beharko dituzte ezinbestean onuradunek, honako espezifikotasun hauekin:

a) Etxebizitza-zuzendariari jakinaraztea edozein Administrazio edo Erakunde publiko edo pribatuk xede berbererako emandako beste edozein diru-laguntza edo laguntza lortu duela, eta diru-laguntza edo laguntza horren erakunde emailea eta zenbatekoa. Horrez gain, diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketa jakinarazi beharko dio aipatutako organo horri.

b) Etxebizitza Zuzendaritzari jakinaraztea obren idazkuntza- eta zuzendaritza-zerbitzuen kontratazioa, baita obrak egikaritzeko, haien jarraipena egiteko eta amaitzeko beharrezkoak diren dokumentuak (txostenak, ziurtagiriak, lizentziak eta abar) aurkeztea ere, proiektuaren ale bat Etxebizitza Zuzendaritzari emanez hark onartzeko eta Agindu honetako helburuetara egokitzen dela egiaztatzeko; era berean nahitaez aurkeztu beharko dira obren hasiera-akta eta hileroko txosten bat, bertan argi adieraziz egikaritu den obra-ehunekoa, aurrekontua kapituluka adieraziz eta ehunekoak banakatuz. Etxebizitza Zuzendaritzak proiektua onestea beharrezko eta ezinbesteko baldintza izango da obren lizitazioa egin baino lehen eta obrak hasi baino lehen.

c) Etxebizitza Zuzendaritzako teknikariei obretarako sarbidea erraztea, obrei jarraipena egiteko eta obren azken egiaztapena egiteko.

d) Hirugarrenen alta aurkeztea V. eta VI. eranskinen arabera.

3.– Onuradunak ezinbestean eman beharko du Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, diru-laguntzaren xedea zaintzeko dituzten eginkizunak betez, eskatzen dioten informazio oro.

4.– Onuradunak zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak eguneratuta izan beharko ditu nahitaez, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera. Diru-laguntzarako eskabidea aurkezten denean eskatzaileak baimena ematen du laguntza ematen duen organoak gai horiek guztiak Ziurtagiri Telematikoen bitartez egiaztatzeko, eta kasu horretan eskatzaileak ez du dagokion Ziurtagiria aurkeztu beharko. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak baimen hori esanbidez ukatu ahal izango du I. Eranskinean, eta orduan dagokion Ziurtagiria aurkeztu beharko du.

5.– Onuradunak era berean diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta haren Erregelamenduan aurreikusitako oinarrizko araudia bete beharko du nahitaez, baita kontrolari, erantzukizunari, zigor-erregimenari eta ez-betetzeari buruzko Europako Erkidegoko legeria ere. Laguntzak onartzeak berekin ekarriko du, halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 zenbakidun Araudiak (EB) 115. artikuluaren 2. atalean jasotako eragiketen zerrenda publikoan sartua izatea onartzea. Orobat aintzat hartu behar da EGEFen kofinantzaketa dela-eta nahitaezkoa izango dela gauzatzen diren ekintzei buruzko finantzaketari, administrazioari eta jarraipenari buruzko informazioa artxibatuta edukitzea 3 urte igaro arte, eragiketaren gastuak sartuta dauden kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31n kontatzen hasita. Testuinguru horretan, onuradunaren betebeharra da, era berean, informazio hori erraz eskuratzeko moduan egotea (kontabilitate-sistema bereizia edo kodeketa espezifikoa).

6.– Onuradunek diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bestelako Administrazio Publikoek edota erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten eta helburu berekoak diren edota xede berbera edo osagarria biltzen duten bestelakoekin bateragarriak izango dira, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak jabeen erkidegoen alde eman ditzaketenekin izan ezik. Hala eta guztiz ere, eskubideen banako titularretako bakoitzari bere diru-sarreren arabera dagozkion laguntzekin bateragarriak izango dira, etxebizitzak birgaitzeko finantza-neurriei buruzko Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2006ko abenduaren 29ko Aginduan xedatutakoari jarraiki.

2.– Onuradunak Agindu honek xede dituen laguntzekin batera bestelako laguntzak jasotzen baditu, laguntza guztien zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagundutako jardunen kostua. Horrelako kasuetan, Agindu honen kargurako laguntza murriztuko da lehenik eta behin, muga hori gaindi ez dadin.

13. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, beste edozein administraziotik edo erakunde publiko zein pribatutatik, laguntza edo diru-laguntza gehiago lortzen bada, edota bestelako diru-sarrerak edo baliabideak badaude helburu bera lortzeko, diru-laguntza emateko akordioa alda daiteke, betiere diru-laguntzari buruzko arauan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira; baldintza horiek Agindu honen 2. eta 3. artikuluetan ezarritakoak dira.

2.– Horretarako, Etxebizitza sailburuordeak aldaketa egiteko ebazpena emango du, eta bertan, hala badagokio, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak doituko dira.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Diru-laguntza ematea eragin zuten baldintzetako edozein ez dela bete egiaztatzen bada, edo diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan zerrendatutako itzulketa-arrazoiren bat baldin badago, diru-laguntza galduko da, eta jasotako zenbatekoak eta legez dagozkien interesak itzuli beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian, dagozkion prozedura-izapideak bideratu ondoren, honako arau hauetan ezarritakoaren arabera: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikulua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

15. artikulua.– Publizitatea eta hedatzea.

1.– Agindu honen babesean diruz lagundutako obrek Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa dutela adierazi beharko da.

2.– Obrak egiten diren eraikinetan hori jasota geratu beharko du fisikoki, diru-laguntzaren behin betiko ebazpenarekin batera jakinaraziko den ereduaren araberako iragarkia txertatu beharko duten kartelen bitartez.

3.– Orobat, jarduna beste bitartekoen bidez zabaltzen edo hedatzen bada, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea adieraziko da.

4.– Artikulu honen xedeetarako, Eusko Jaurlaritzaren Korporazio Identifikazioari buruzko Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa beteko da.

5.– Diruz lagundutako obretan jakitera eman beharko da Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF programa eragileak kofinantzatuak direla, 1303/2013 zenbakidun Araudiak (EB) 115. artikuluaren 3. ataleko XII. eranskinean jasotakoaren arabera. 500.000 euro-tik gorako laguntzak dituzten jardunetarako, obra egiten ari den bitartean aldi baterako kartel bat jarriko da, eta, hura amaitzean, plaka edo kartel bat. Batzordeak «egikaritze-egintza» bat ezarriko du gainerako jardunetarako, eta bertan zehaztuko da zer neurri hartu beharko diren proiektuen kofinantzaketaren inguruan informazioa emateko eta hori jakinarazteko. Diruz lagundutako obrei buruzko informazio- eta komunikazio-jardueretan, EGEFen bidez helarazitako komunitatearen kofinantzaketaren berri emango da zabalkunde hori egiteko erabiltzen diren material/euskarri guztietan, eta Batasunaren ikurra txertatu eta Europar Batasunaren aipamena egingo da; bestalde, proiektua gauzatu bitartean haren deskripzio laburra emango da dagokion webgunean, Europar Batasunaren babes ekonomikoa nabarmenduz, eta gutxienez kartel bat jarriko da –A3 neurrikoa, gutxienez– Batasunaren laguntza finantzarioa aipatuz, jendeak ongi ikusteko moduko leku batean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoak, 5.3 artikuluan adierazitako xedeetarako, Agindu honetako laguntzak ebazteko, aurrez kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta aginduaren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa ezarri ahal izango diote Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, agindua aipaturiko aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 23a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

I. ERANSKINA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
JABEKIDEEN BATZARREAN ONARTZEKO HARTUTAKO ERABAKIAREN ZIURTAGIRIA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
MONITORIZAZIO-SISTEMA

Hartutako neurrien funtzionamendua eta eraginkortasuna egiaztatzeko sistemen monitorizazioa, kontsumoari buruzko datuen eta ingurumen-baldintzen teleirakurketa, bilketa eta ustiaketa ahalbidetzen duen sistema bat erabiliz Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak urrutitik egina. Aurreikusitako monitorizazioa jartzeak honako gutxieneko zerbitzu hauek hartuko ditu kontuan:

- Erabilitako monitorizazio-sistema gai izango da jarraian eta hamar minutuko tarteetan barruko ingurune-tenperaturaren, barruko hezetasun erlatiboaren eta berokuntzarako energia-kontsumoaren balioak monitorizatzeko. Tenperatura, hezetasuna eta berokuntzarako energia-kontsumoa etxebizitza bakoitzaren arabera diskretizatuko dira. Nahikoa da tenperatura eta hezetasun erlatiboa noizean behin neurtzea etxebizitzaren barruko baldintzak hobekien adierazten dituen gelan.

- Erabilitako sentsoreek hari gabeko transmisio-sistema izan beharko dute, jartzeko obra handirik behar ez duen sistema; eta berezko energia-elikadura izanez gero, elikadura hori behar adinakoa izango da monitorizazio-kanpaina osoan ibiltzeko.

- Konexio-sistemak sendoa izan behar du, eta korronte elektrikoaren horniduran izan daitezkeen gorabeheren aurrean babesteko sistemaren bat izan behar du. Erregistroa eteten bada, sistemak modu autonomoan jarri behar du martxan berriro.

- Aldagaien neurri-ziurgabetasunak balio hauek baino txikiagoak izango dira: ± 0,5 ºC tenperaturari dagokionez; % ± 5 hezetasun erlatiboari dagokionez; % ± 5 berokuntzarako energia-kontsumoaren neurriari dagokionez.

- Monitorizazio-sareak behar diren baliabideak izango ditu lortutako datuak, aurretik definitutako formatu batean, horretarako erreserbatutako zerbitzari nagusira helarazi ahal izateko.

Tresneriaren instalatzaileak behar diren neurriak hartu beharko ditu neurtzeko ekipamenduak muntatzeko eta ekipamendu horiek funtzionatzeko egindako jardunak eraikinaren segurtasunerako edo eraikin horietako bizilagunen osasunerako arriskutsuak izango ez direla bermatzeko.

IV. ERANSKINA
ESKU-HARTZEA EGOKIA DELA BAIEZTATZEN DUEN UDAL-TXOSTENA
(Ikus .PDF)

HIRUGARRENAREN ALTA

ALTA DE TERCERO

(Ikus .PDF)

HIRUGARRENAREN ALTA

ALTA DE TERCERO

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala